2026-01-13
Blog Page 305

Ezegonkortasuna nagusi enpleguan eta lan baldintzetan

Hego Euskal Herrian pasa den hilabetean baino 2.085 langabe gehiago daude, hau da, uztailetik %1,46 igo da langabezia. Langabezian dauden herritarren %41,6 gizonak dira eta %58,4a emakumeak, pasa den hilabeteko proportzio bera.

Datuok herrialdeka aztertuz gero, Bizkaian igo da gehien langabe kopurua, uztailean baino 1.225 langabe gehiago baitaude. Jarraian Gipuzkoa dugu 763 langabe gehia- gorekin eta Araban 576 langabe gehiago zenbatu dira. Nafarroan, aldiz, langabeziak behera egin du eta 479 langabe gutxiago daude. Kasu honetan, gogoratu behar dugu %0,3 jaitsi dela Gizarte Segurantzara afiliazioa, eta honek adierazten duela enplegu galera egon dela.

Abuztuan sinatu diren lan kontratuei dagokionean, mugagabeak %23,3a izan dira, aldi baterakoak %76,7a izan diren bitartean. Beraz, orain arteko joera hautsi da eta aldi ba- terako kontratazioak gora egin du.

Gazteen artean ere langabeziak gora egin du. Kasu honetan, azpimarratzekoa da 25 urtetik beherako emakumeen artean igo dela batik bat langabezia, %4,3 hain zuzen ere; adin tarte berdineko gizonezkoen artean %1,5eko igoera izan duen bitartean.

Langabeziak industria eta zerbitzu sektoreetan izan du gorakadarik handiena pasa den hilabetearekiko, %3,2a industrian eta %2,5a zerbitzu sektorean. Langileak pobretzen dituen eredua estrukturala da eta norabide horretan ulertzen ditugu datuok. Batetik, udan ohikoa den bezala, ostalaritza zein turismoari loturiko kontratazioak gora egiten du eta amaieran behera. Enplegu prekario eta ezegonkorra, non bereziki gazteak kon- tratatzen diren, bizi proiektu prekario eta ezegonkorra eskainiz. Bestetik, industrian izaniko beherakadak, sektore honek gure herrian pisua galtzen jarraitzen duela adie- razten digu.

Esan genezake aurreko hilabeteetan ohartarazten genuena ari dela gertatzen. Langabeziak behera egin zuenean enpleguaren kalitatean jarri behar genuela arreta esan genuen, kontratu mugagabeen igoerak ez zeukala egonkortasun adierazle bat izan beharrik, ezegonkortasuna estaltzeko bide izan zitekeela. Gazteen langabeziaren jaitsierak kezkatzen gintuela, sortzen ari zen enpleguaren prekaritatearen isla izan zitekeela. Gaurko datuek gure susmoak berresten dituzte.

Ezegonkortasuna beraz, ezegonkortasuna enpleguan eta lan baldintzetan, horixe da egungo errealitatea. 2.085 langile gehiago daude egun langabezian, bizitzaren gares- titzea izugarria izaten ari den garai batean diru-sarrera apalagoak jasoz edota inolako prestaziorik jaso gabe (gogoan izan behar dugu langabezian dauden pertsonen 2/3k ez duela inolako prestaziorik jasotzen).

Bien bitartean, patronalak bere irabaziak mantentzeko edo areagotzeko estrategia martxan jarria du, instituzioetako ordezkarien ulermen eta babesarekin gainera. Langileok sortu ez dugun agertokiaren ondorioak berriz geure gain uzteko asmo osoa azaldu dute, aberastasuna banatu ordez esku gutxietan pilatzen jarraitzeko asmoa. Horrela bakarrik uler daiteke patronalak soldatak KPIaren arabera ez igotzeko duen tema, baita elektriken gaineko zergak eragin duen zalaparta eta kontraerasoa ere.

Enplegu politika eraginkorrak nahi baditugu, ezinbestekoa izango da enplegua banatzeko mekanismoak ezarri eta sortzen den enpleguaren kalitatea bermatzea, eta horrek nahitaez, aberastasunaren banaketaren eztabaidari heltzea ekarri behar du.

Arabako metalgintzan beste hiru greba egun iragarri ditugu irailaren 21, 22 eta 23rako

LAB, ELA, CCOO, ESK, USO eta UGT sindikatuon oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Maiatzean eta ekainean 4 greba egun egin ondoren, beste 3 egun deitu ditugu irailaren 21, 22 eta 23rako.

Ekainean iragarri bezala, Arabako metalaren sektorea maiatzean hasi ziren greba-dinamikekin jarraitzera deituta dago, sektorean lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat lortze aldera.

Ekainean, SEAk bertan behera utzi zuen hilaren 30eko grebaren aurreko bilera, eta Negoziazio Mahaiaren hurrengo bileran, bere jarrera immobilista eta arduragabea mantendu zuen, negoziazioa blokeatuz eta gehiengo sindikalaren proposamena gutxietsiz.

Hala eta guztiz ere, gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok negoziazioari irailean berriro ekitea proposatu genuen, egoera desblokeatzen saiatzeko, Negoziazio Mahaiaren beste bilera batzuk deituta, eta, horren ondorioz, irailaren 8an bilduko gara.

Sektorearen aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: KPIari lotutako soldatak, lanaldiaren jaitsiera, behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea, laneko osasuna, benetako berdintasuna, aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak hobetzea, eta abar. Eta prezioen igoera orokor baten testuinguruan, non bizitza etengabe handitzen den, garrantzi handia hartzen du erosteko ahalmenari eusteak, langileok gero eta pobreagoak izan ez gaitezen.

Horregatik guztiagatik, espero dugu SEAk gogoeta egitea eta hilaren 8ko negoziazio-mahaira joatea, akordioa erraztuko duen jarrerarekin. Espero dugu sektorean eta maila globalean bizitzen ari garen une historikoaren parean egotea, eta erantzukizunez jokatu dezan. Haien esku dago sektorea geldiaraziko duten beste hiru greba egun saihestea.

Azkenik, Arabako metaleko langileei dei egiten diegu, tailer txikietatik hasi eta enpresa handietaraino, parte har dezaten, greba egin dezaten eta babesa eman diezaieten helburu hori gauzatzeko egingo ditugun ekimenei, hau da, sektoreak behar duen hitzarmena lortze aldera. Antolakuntza eta borroka dira langileriaren tresnarik boteretsuenak, eta gure eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeko erabiltzea dagokigu.

Lantokietan borondate eta determinazio handia dagoela nabarmendu du Igor Arroyok, langileoi dagokiguna eskatzeko

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan izan da, aktualitateko gaiei buruz hitz egiteko. Sindikatuak kurtso berrirako dituen lehentasunen berri emateaz gain, berretsi du iraunaldiaren amaieran eros-ahalmena bermatzen ez duen hitzarmenik ez dugula sinatuko.

Zentzu honetan, bizitzaren garestitzearen aurrean, kezka nabari dela nabarmendu du, baina, zorionez, lantokietan borondate eta determinazio handia dagoela adierazi du, langileoi dagokiguna eskatzeko: “Momentu honetan ikusten ari gara aspaldi ez bezalako mobilizazo eta antolaketa maila bat lantokietan”.

Bizitza duinaren alde, aberastasunaren bidezko banaketa lortzeko borroka indartuko dugu

Ikasturteko lehen agerraldia egin dugu, eta, bertan, egungo testuinguruaz egiten dugun gogoeta eta sindikatuaren lehentasunak partekatu ditugu, sindikatuko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu eta Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezen eskutik.

Luze aritu gaitezke testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoaz, baina hiru ideia nagusi azpimarratu ditugu:

1. Langileon bizitzak prekarizatu eta pobretzen ari dira eta egoera hau ez da ez koiunturala ez eta fenomeno metereologikoa.

  • Ematen ari den bizitzaren garestitzea soilik Ukrainako gatazka belikoaren justifikatzea herritarroi aurpegira barre egitea da.
  • Planetaren muga biofisikoekin talka egiten duen hazkunde etengabearen paradigmak ekarri gaitu hona. Aberastasuna geroz eta esku gutxiagotan metatzea helburu, langileriaren eta bereziki emakume eta pertsona migratu eta arrazializatuen bizitzak erasotzen ari diren erabaki politiko ekonomikoak hartzen ari dira.
  • Esana dugu,bizitzen ari garena elkar zeharkatzen duten krisi anitzak dira.Zaintza lanen aitortza eta banaketa faltak eragindakoa, irabazi tasa handitzeko ahaleginek berezkoa duten ekonomikoa, inperialismoren gerra eta pobreziak eragindako migrazioarena. Egungo jendarte antolaketa ez da bidezkoa eta azkenaldian indarrez agerian geratzen ari den bezala, ez da jasangarria.

2. Diagnostikoa argia da beraz. Elite ekonomiko, finantzario eta politikoek diseinaturiko tratamenduetan norabide oker bereko bi proposamen ikusi ditugu:

  • Batzuek, lotsarik gabe, eliteen trantsizio bideorria bere horretan inposatzeari ekin diote. AEBen interes inperialistekin lerratu eta bakea sustatu baino gerra eszenatokian sakondu dute, erregai fosiletan oinarrituriko ekoizpen eredua azken unera arte mantentzeko erabakiak hartu dituzte (energia nuklearra berdez tindatuz besteak beste) eta oro har langile eta herri sektoreon aurkako neurriak garatzen ari dira.
  • Besteak, eliteen aldeko trantsizioaren helburua zalantzan jarri gabe, adabakiak diren politikak inplementatzeko saiakeran dabiltza. Gasolinaren prezioa subentzionatzea, gasaren prezioa mugatu eta berau konpentsatzea edo bestelako politika sozialen bidez, agerikoa den langileriaren aurkako erasoaldia arintzeko neurri apalak onartu dituzte.
  • Hor kokatzen dira Macronen oparotasunaren amaieraren iragarpena, Sanchezen salbuespen iberikoa eta Sahararekiko traizioa edota lehenik Galanek modu zuzenean zein duela gutxi Josu Jon Imaz, EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidente ohiak eta egun Repsoleko CEOak egindako adierazpen eta mehatxuak.
    • Guztiek dute komunean krisialdiaren aterabidea haien pribilegio eta irabaziak handituz egin nahi dutela.

3. Lasaigarriekin edo lasaigarririk gabeerrezeta neoliberal zein sozialdemokratek krisiaren irteera gehiengo sozialaren aurkako trantsizio gisa bideratzea dute helburu.

  • Lan errentek pisua galtzen ari dira etengabe kapital errenten mesedetan. Alegia, aberastasuna geroz eta esku gutxiagotan pilatzen ari da eta pobretze eta prekarizazioa hedatzen.
  • Elikagaien prezioa handitzen doa (2022ko martxoko urte arteko igoera %6,5ekoa izan da ogiari dagokionez, %11 arraultzetan edota %32,1ekoa olio eta koipeetan), Euriborrak eragin zuzena du hipoteketan eta etxebizitza alokairuen prezioa ere izugarri garestitu da.
  • Argindarraren prezioarekin gertatzen ari denak ere ez du izenik. Sistema marginalista bidegabearen ondorioz, gasaren prezioaren arabera ordaintzen dugu gure faktura. Gasaren prezioa mugatzea ez da nahikoa, are gutxiago gainera oligopolio energetikoa neurriagatik konpentsatu egiten bada. Sistema marginalistari amaiera eman, fakturaren azken prezioan muga ezarri eta herritarroi etenaldirik egingo ez zaigula bermatu beharra dago. Bada garaia sektore estrategikoak, energetikoa ere, kontrol publiko eta sozialean jartzeko. Eta bada nondik hasi, adibidez enpresa publikoak sortuz.
  • Zerbitzu publikoen eraispena etengabea da, osasungintza publikoarekin egiten ari diren sarraskia erabatekoa da eta erreformaz erreforma- ikasturte honetan besteren artean pentsioen azken zatia- langileon lan eta bizi baldintzak okertzen ari dira.
  • Ezin dugu ahaztu, dagoeneko 52 langile hil direla haien lanpostuetan,  urte eskasean gutxienez 7 herritar hil direla Bidasoako muga zeharkatzeko ahaleginetan eta etxerik gabeko geroz eta herritar gehiago ditugula gure kaleetan. Ez dira datu soilak, ez dira sistemaren akatsak. Gaixotu eta hiltzen gaituen sistema hau mantentzeko erabaki politiken ondorio diren hilketak baizik.

Hiru izango dira kurtso honetako lehentasun nagusiak. Lehenik eta behin, bizitza duinaren alde, aberastasunaren bidezko banaketa lortzeko borroka indartzera goaz. Bigarrenik, Biltzar Nagusiko erabakiak inplementatzen hasi eta Euskal sindikalismo berrian sakontzen jarraitzea. Eta hirugarrenik, hauteskunde sindikalak.

Udazken – negurako aurreikuspenak ez dira onak. Langileontzat azken urteak izaten ari dira zailak. LABek aurtengo udaberrian aurkezturiko informe batean jasotzen zen moduan, 2011. urtetik, langileok bataz beste 6.000 eurotako eros ahalmenaren galera izan dugu. Bizitzaren garestitzearekin eta KPIaren gorakadarekin egoera hau gordindu egin da.

Sortzen den aberastasunaren geroz eta zati txikiagorekin geratzen gara langileok eta oraindik ere esfortzu gehiago eskatzen zaizkigu. Horixe da, Iñigo Urkulluk errenta ituna berreskuratzeaz hitz egiten duenean adierazi nahi duena.

Errenta itunerako deien aurrean, orain arte esan dugun horretan berresten gara. Gu ez gara langileei eros ahalmenaren galera suposatuko dien akordioetan egongo.

Soldatak duindu eta zergen bidez aberastasunaren bidezko banaketaren alde egiten dugu, hori da herri honetan ireki behar den eztabaida. Eta hori soldatak duinduz eta zerga erreformarekin egin behar da. Baditugu proposamenak eztabaida hori egiteko eta horietako batzuk gaur aurkeztuko ditugu.

Berriro diogu, guk ez dugu parte hartuko, ez dugu elikatuko, ez dugu babestuko, aberastasunaren bidezko banaketarik ekarriko ez duen inolako itunik.

Testuingurua zaila denik ez dugu ukatuko, irtenbidea ez da erraza. Baina norabidea da ondo finkatu behar dena, autopistan irteera egokia hartu behar da. Norabide batek kolapsora garamatza, besteak bizitza erdigunean jartzea esan nahi du.

Elite ekonomikoak ari dira trantsizioa gidatzen eta kapitalismoan sakontzen, eta kapitalismoak kolapsora garamatza. Desberdintasun sozialak areagotzera. Kapitalismoa eta bizitza duina ez dira bateragarriak.

Planeta mezu argiak bidaltzen ari zaigu. Planeta finitua da, erregai fosilak eskuratu, eraldatu eta garraiatzea geroz eta zailagoa, garestiagoa da. Eta horrek, lehengaiak eskuratzeko lehia areagotzea dakar. Eredu agortua da, BPGaren etengabeko hazkundea ameskeria delako.

Egoerak, norabide aldaketa eskatzen du. Gure ustez,trantsizio ekosozialista eta feminista bati ekin behar zaio. Lanaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiten dugu.

Horretarako, Krisi ekologikoaren aldagai guztiei erreparatu behar zaie. Enpleguaren eta sektore produktiboen gaineko azterketa egin behar da. Nagusiki emakumeok betetzen ditugun eta bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren lanak birbalorizatu eta birbanatuz eta ordezkatu beharrekoak zehaztuz.

1. Bizitza duinerako, aberastasunaren bidezko banaketa lortzeko borroka indartzea.

Eta bizitza duinerako aberastasunaren bidezko banaketa beharrezkoa da. Soldatak hobetu eta gehien duena gehiago zergapetuz, zerga bidez diru gehiago bildu eta zerbitzu publikoak hobetzea da aberastasuna birbanatzeko bidea.

a) Soldatak:

– Soldateneros ahalmena bermatzea. Soldatak KPIaren arabera igotzea. Hau izaten ari da momentu honetan negoziazio kolektiboan eta zabalik dauden lan gatazka horietan blokeorako arrazoi nagusietako bat.

– Soldata arrakalarekinamaitzeko neurri errealak behar dira. Sexuen araberako lan banaketarekin amaitu eta emakumeon lanari dagokion balio politiko, ekonomiko eta soziala emanez.

– Gutxieneko soldata1.400 eurotan ezartzea.

– Gehienezko soldatakfinkatzea eta koiuntura berezi honek irauten duen bitartean  dibidendo banaketadebekatzea.

b) Zerga erreforma:erreforma integrala behar da. Zerga politika, Josu Jon Imaz bezalako euskal oligarken mesedetan egina da eta hori aldatu behar da. Tarte handia dago hobetzeko, enpresa energetikoen irabaziak mugatu egin behar dira, kapital errenta handiak gehiago zergapetu behar dira eta enpresa irabazien gaineko zergak handitu egin behar dira.

Patronala ez noski, baina ez dago Gobernurik ere eztabaida honi heldu nahi dionik. Gakoa langileen antolakuntzan, langileon borrokarako gaitasunean dago

Gure egitekoa, aberastasunaren bidezko banaketaren aldeko borrokak indartzen jarraitzea izango da. Hainbat borroka daude zabalik lantokietan eta sektoreetan eta hainbat tokitan akordioak ixten ari gara. Eta borroka sindikal eta sozialak ugaritu egingo dira ikasturte berri honetan. 

2) Biltzar Nagusiko erabakien inplementazioa. Sindikalismo berria garatzen jarraitzea: perspektiba feminista eredu sindikalean txertatuz, gazte prekaritatea borrokatzeko konpromisoa gureganatuz eta batez ere, ikasturte honetan bi arlotan eman nahi ditugu urrats berriak:

–  LAB sindikatu antirrazistabilakatu eta langile migrante eta arrazializatuen egoerari erantzungo dion sindikalismo antirrazista garatzeko erabakia hartu dugu Biltzar Nagusian. Erabaki hori gauzatzeko, kurtso honetan emango dugun lehen urratsa Idazkaritza Antirrazista antolatu eta martxan jartzea izango da.

– Lan osasuna: lanean osasun galerak ekiditea, hildakoak egoten direnean salatzen jarraitzearekin batera lan istripuak gutxitzeko prebentzioan arreta jartzea, laneko gaixotasunak ikusgarri egin eta neurriak eskatzea… Arreta berezia jarriko dugu gai honetan.

3) Hauteskunde sindikalak: LAB aitzindari izaten ari da sindikalismoak, egin behar duen etengabeko birmoldaketan. Beraz, langilegoaren errealitateari ahalik eta erantzun egokiena emateko LABek bere hedapenarekin jarraitzea garrantzitsua dela uste dugu.

“Erabateko eskandalua da Glovok duen zigorgabetasuna”

Gizarte Segurantza eta Glovo-ren arteko epaiketa hasi da Iruñean. Bertan, 80 langile deituta daude eta Glovo-ko langileak autonomo diren edo ez diren erabakiko dute. Epaiketa honetan ere Glovok Gizarte Segurantzarekin duen zorraz erabakiak hartu beharko dira.

LAB sindikatuak epaiketara joan diren langileekin bat egin du, eta elkarretaratzea egin dugu Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean, Glovok legeak bete ditzan eta kontratuak, kotizazioak eta hitzarmeneko baldintzak ezar ditzan aldarrikatzeko.

Izan ere, epaitegietan salatu dugun bezala, “erabateko eskandalua da Glovok duen zigorgabetasuna. Legea 4 urtez saltatu dezakete eta hemen ez da ezer gertatzen. Kalean zein epaitegietan jarraituko dugu borrokan”.

Joan den urtean Glovoko langile Klemen elkarrizketatu genuen, eta honek agerian utzi zuen zein baldintza prekarioetan egiten duten lan.

Horrela ez, Chivite anderea

Nafarroako Gobernuko lehendakariak Diario de Noticias egunkariari eskainitako elkarrizketa ikusita, LAB sindikatua erantzun beharrean sentitu da. Izan ere, elkarrizketa horretan, lehendakariak ezarritzat jotzen du osasun arretarako sistema berri bat, profesionalek eta erabiltzaileek onartzen ez dutena, haiekin ez baita ez adostu, ez negoziatu.

Nola da posible zerbitzu publikoetan gero eta gehiago inbertitzea eta gero eta eskasagoak izatea?
Pandemiaz baliatu dira osasun arretarako sistema berri bat ezartzeko, Ayusok Madrilen eta Sagarduik Osakidetzan ezarritako ereduarekin antz handia duena. Horrek erakusten du Osasun Departamentuak ez duela gaitasun handirik gauzak planifikatzeko eta konponbideak bilatzeko: bateko eta besteko ideiak hedatzen ditu inolako abalik gabe, ebidentziarik gabe eta adostasunik gabe.
Horrez gainera, diru-funtsak ezin okerrago erabili dira (ikusi bestela produktibitateekin egin dutena, konponbide bat izan behar zena arazo bat bihurtu baitute), eta lankidetza publiko-pribatuaren gaineko kontrola oso txikia izan da. Erabaki horiek profesionalen arteko soldata-arrakala handitzeko eta osasungintza pribatua aberasteko besterik ez dute balio izan.

Zergatik dira hain luzeak itxaron-zerrendak?
Formula magikorik ez dagoela eta dena diruarekin konpontzen dela esatea oso diskurtso sinplista da. Itxaron-zerrendak luzeak izatea gaitz endemiko bat da, ziklikoki gertatzen dena, sistema tentsionatzen denean (Covid pandemia batean edo gripe izurrite batean, esate baterako). Faktore askok eragiten duten arazoa da, Oinarrizko Osasun Laguntza sendotuz eta erabakiak hartzeko ahalmena emanez konpon litekeena, espezialisten eta Oinarrizko Osasun Laguntzako medikuen arteko komunikazio sistemak indartuz, eta adierazle argi batzuk ezarriz erabiltzaileen beharrak eta profesionalen eskaria ezagutzeko, planifikatzeko eta konpondu ahal izateko.

Oinarrizko Osasun Laguntzan gaur egun dagoen eredu hori da ezarri nahi dutena?
LAB sindikatuaren iritziz, Oinarrizko Osasun Laguntzan ezarri duten eredua kaltegarria da nafar guztien osasunerako, eta galera handia da, bai arretaren kalitatearen aldetik, bai prozesuen diagnostikoaren eta segimenduaren aldetik. Horregatik ugaldu dira aseguru pribatuak. Administrariak zaldien oinetan jarri dituzte, iritzi publikoak eta gainerako profesionalek larrutu ditzaten. Horri dagokionez, Chivite andrea oso gaizki informatua dago: administrariei ez zaie prestakuntzarik eman, ez zaie lan berezi hori errekonozitu, eta gaur egun ez daukate horrelako eginkizunak beren gain hartzeko prestakuntza eta gaikuntza nahikorik. Telemedikuntza sistema bat ezartzeak heziketa handia behar du, batez ere osasun arloan.

SMN-Nafarroako Sindikatu Medikoa ez da mediku guztien ordezkaria
Medikuei buruz hitz egiten denean, irudi luke Osasun Departamentuak eta Chivite andreak SMN sindikatuaren iritzia besterik ez dutela kontuan hartzen. Baina SMN ez da mediku guztien ordezkaria, eta haiek planteatzen dituzten konponbide guztiak ekonomizistak dira. LAB sindikatutik uste dugu beharrezkoa dela medikuekin eta erizainekin eztabaida prozesu sakon bat irekitzea, konponbide eraginkorrak ezartzeko asmoz. Gaur egungo egoerara eraman gaituzten kausak ekonomikoak eta laboralak dira, baina arrazoi nagusietako bat izan da, baita ere, ez dela batere baloratu eta aitortu langileek oro har egin duten lana. Pandemia bukatuta, ez lehendakariak, ez Osasun Departamentuak ez dute inolako hobekuntzarik ezarri profesionalentzat.

Benetako planik ez duen plana
Ikusirik Chivite andrea eta Osasun Departamentua erakusten ari diren zehaztapen falta, beldur gara haien benetako asmoa ez ote den arlo publikoaren defentsarekin batere zerikusirik ez duten estrategia jakin batzuk inposatzea. Bruselako eskakizunak betetzen dira Europako diru-funtsak lortzeko, bakar-bakarrik. Eskakizun horien artean, osasun arloa teknifikatzea eta plantillak egonkortzea dago, baina, LABen iritziz, arlo horietan motz gelditzen ari dira, eta interes pribatuen arriskua hor dabil beti bueltaka. Planen bat baldin badute, zabal dezatela, behar diren mahaietan eztabaida dezatela eta lortu nahi dituzten emaitzak jakitera eman ditzatela.

Nafar guztien lehendakariak eta Osasun Departamentuak ongi neurtu beharko lukete zer esaten duten. Izan ere, horrelako diskurtsoekin lortzen duten gauza bakarra da ongieza zabaltzea osasun profesionalen eta nafar herritarren artean, arreta-eredu honen erantzule gisa aurkezten dituztelako eta mentalitatea aldatzea exijitzen dietelako, baina trukean osasun sistema publikoan inolako hobekuntzarik eskaini gabe.

LABek ez du onartuko agintariek hartu dituzten erabaki horien erantzukizuna, berriz ere, herritarren esku uztea, iradokitzen dutelarik herritarrek bi aldiz pentsatu beharko luketela medikuarengana joan aurretik. Herritarrek osasun arreta publiko duina, presentziala eta kalitatezkoa hartzeko eskubidea dute, eta horri ez diogu inoiz ere uko eginen.

BetiON, EAEko telelaguntza-zerbitzuko langileek hilabeteko greba egingo dute irailean, hitzarmen duinaren alde

Eusko Jaurlaritzaren BetiON telelaguntza zerbitzu publikoko langileak grebak eta mobilizazioak egiten hasi ziren martxoan euren hitzarmena berritzeko. Uztaila eta abuztuan greban egon dira, eta Bilboko Aste Nagusian ere mobilizatu dira. Irailean ere hilabete osoko greba egingo dute, euren egoera hobetzeko helburuarekin.

Greba batzordearen oharra (LAB, ELA eta ESKren sail sindikala)

Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza zerbitzu publikoko langileok grebak eta mobilizazioak egiten hasi ginen martxoan gure hitzarmena berrizteko. Eusko Jaurlaritza da zerbitzua pribatizatzea erabaki duen erakunde publikoa, eta ondorioz lizitazioaren bidetik besterentzen du bere ardura.

Uztailean amaitu zen enpresek lehiaketara aurkezteko daukaten epea eta patronala den Tunstall-GSR-IMQ enpresa azpijokotan dabil geroztik. Eusko Jaurlaritzak badaki langileok enpresa hitzarmena defendatzen ari garela eta sektoreko beste lan batzuekin parekatu nahi ditugula gure lan baldintzak. Bada, erakunde publiko horrek aurtengo zerbitzua emateko 71 milioi euroko aurrekontuarekin atera du lehiaketa merkatura, gutizia hutsa.

BetiONeko Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako telelaguntza zerbitzuko langileok greban jarraitzen dugu, eta Bilboko Aste Nagusian ere elkarretaratzea egin genuen gure egoera salatu eta irailerako hilabete osoko greba deialdia zabaltzeko. Langileon helburua gure egoera hobetzea da: KPIa bermatzea soldata oinarrietan, lanorduak murriztea… etab.

Arreta iraunkorreko zerbitzua da BetiOn, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan martxan dagoena, eta larrialdi egoerei edo premia sozialei erantzun egokia emateko berariaz prestatuta gauen pertsonok eskaintzen dugu. Uda osoan zehar grebak egiten ibili gara, eta irailerako ere 24 orduko hilabeteko greba deialdia deitu dugu.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu patronala eserarazi dezan. Izan ere, greben jarraipena ona izaten ari denez, eta enpresak Jaurlaritzarekin batera ardurari ihes egiten dionez, EZ DIRA GUTXIENEKO ZERBITZUAK BETETZEN ARI, eta grebalariak aldi baterako kontratu bidez ordezkatzen ari dira. Bitartean langileok zerbitzuaren eta gure lan baldintzen alde borrokan jarraituko dugu.

Greba arrakastatsua Nafarroako kirol kudeaketan KPIaren adinako soldata-igoerararen alde

Borrokan ari dira Nafarroako kirol kudeaketako langileak, KPIaren adinakoa izango den soldata-igoera lortzeko helburuarekin. Greba arrakastatsua egin dute. Goizean goiz pikete informatiboa lanean egon da Artikako Kirol Hirian eta hainbat izan dira itxita egon diren igerilekuan, hala nola, Trinkete Mendillorri, Cascante, Capararroso, Azkoien, Burlata, Lagunak, Orkoien, Gelbenzu, Spa Sport Itaroa, Tutera, Aranzadi, San Adrian, San Jorge edo Anaitasuna. Arratsaldean, langileek kontzentrazioa egin dute Iruñeko Udaletxeko plazan.

Aipatutakoez gain, beste igerileku batzutan ere izan du eragin grebak. Horrela, Artikan, sarbideak itxita egon dira eta tornua zabalik; Arangurenen, sarbideak itxita; Zizurren, langile batzuk egin dute greba; Club Natacionen, goizean itxita egon da; Berriobeitin, goizean itxita; Huarten, arratsaldean itxita; eta Sarrigurenen, sarbidea itxita eta tornuak zabalik. Salatu behar dugu Aranguren Ibarrean udaltzaingoa aritu dela greban dauden langileen funtzioak ordezkatzen.

Inolako mugimendurik egin nahi ez duen patronalaren aurrean, sektoreko langileek borrokan jarraituko dute KPIaren araberako izango den soldata-igoera lortu arte eta eros-ahalmenaren galeraren kontra.

Bizi dugun egoerari aurre egiteko, egiturazko neurrien alde egiteko unea dela aldarrikatzen dugu

Madrilen krisi energetikoari aurre egiteko lege dekretu berria onartu den honetan, adabakiak albo batera utzi eta langileon bizi baldintzak duintzeko erroko aldaketen beharra azpimarratu dugu.

Hilabeteak dira langileok krisi hotsak geroz eta ozenago entzun eta ondorioak bizitzen ari garela. Sinetsarazi nahi digutenaren aurka, argindarraren prezioaren igoera zein oro har energia krisiaren arrazoiak ez dira Ukrainan jasotzen ari den gatazka belikoan hasi eta bukatzen. Egungoa ez da, gainera, koiunturazko eta beraz salbuespen neurri mugatuekin erantzuteko momentua.

Energia krisiaren oinarrian egungo ekoizpen eta banaketa sistema bidegabea da. Sistema kapitalistak, besteren artean langileon bizitzak prekarizatu eta pobretu, nagusiki emakumeok egitera behartutako zaintza lanak ikusezin bilakatu eta planetaren bioaniztasuna suntsitzen ditu.

Lehengaiak geroz eta zailago eta garestiago eskuratu, eraldatu eta garraiatu daitezkeen testuinguru honetan, Europar Funtsekin sustatu nahi zen trantsizio energetikoaren asmoak lausotzen ari dira, gerraren ondorioen aitzakipean erregai fosilei zigilu berdea emanez.

Gauzak horrela, hasiak gara entzuten trantsizio energetikoa baino, segurtasun energetikoa bermatu behar dela dioten adierazpenak. Horretarako, elektriken irabazi handiak mugatu eta sektore estrategiko gisa kontrol publiko eta sozialean berenganatzeko bideorria baino; langile eta herri sektoreen pobretzearekin aberasten ari direnen aurkako neurri sakonak hartu baino, aurreko krisietan bezala agintari politikoek gerrikoa langileok estutu eta ahalegin berriak egin ditzagun eskatzen digute.

LABen iritziz, datorren udazkenean larriagotu daitekeen egoerari erantzuteko, beharrezkoa da neurri politikoak oinarri sinple bezain erradikalean egitea: langile eta herritarron bizi baldintzak eta planetaren bioaniztasuna ziurtatzea.

Horrek esan nahi du argindarraren prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu beharra dagoela, erreforma fiskal eta neurri zehatzen bidez, oligopolio energetikoak irabazitako mozkinetan eskua sartu behar dela eta energia bezalako sektore estrategikoetan kontrol publiko eta soziala bermatu behar dela.

Norabide horretan, Sanchezen gobernutik zein Urkullu-Tapia tandemak edo Chiviteren gobernuen neurri epelak guztiz eznahikoak direla salatzen dugu, baita interes enpresarialen menpe daudela ere. Noski planetaren muga biofisikoak kontuan izan eta jarrera indibidualetan aldaketa eman behar dela, baina gaitasunen araberako ahalegina da arautu beharrekoa.

Gauzatu beharreko trantsizioa ezin da herri sektoreon jarrera indibidualetan oinarritu soilik eta horretarako lurraldearen planifikazio eraginkor eta ekoizpen eredua berraztertzearekin batera urgentziaz energia xahutze erraldoiak egiten dituztenei eta prezioen igoerekin aberasten direnei gehiago murriztera derrigortu, zerga gehiago ordainarazi eta haien espekulazio eta esplotazio asmoei muga jarri behar zaie

Beraz, larrialdi ekosozialari errotik erantzuteko proposamenak eta neurriak behar ditugu. LABek bere Programa Sozioekonomikoan bildu ditu hamaika proposamen eta hurrengo hilotan langileok bizi dugun bizitzaren garestitzearen aurka borrokatu eta zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko indarrak biderkatuko ditu.