2026-01-19
Blog Page 304

Nafarroan astebetean hiru lan heriotza gertatu direla salatu dugu Lan Departamentuaren aurrean

“Noiz arte jarraituko du CEN patronalak bere erantzukizuna bere gain hartu gabe? Laneko segurtasun-neurriak bete gabe jarraitu nahi al dute enpresariek, iazko hildako langileen kopurua gainditu arte?”.

Galdera horiek egin ditugu Iruñean, Lan Departamentuaren aurrean egindako mobilizazioan, Nafarroan astebetean gertatutako hiru lan heriotzen harira. Euskal gehiengo sindikaletik deitu dugu elkarretaratzea.

Dagoeneko 57 langile hil dira aurten lan istripuz Euskal Herrian, horietako 14 Nafarroan.

Ikasturte hasiera kaotikoa izaten ari da EAEko Heziketa Berezian

2022/23 ikasturtea hasi zenetik 15 egun pasa direnean, EAEko Hezkuntza Sailak Heziketa Berezian oraindik hutsik dauden hezitzaileen lanpostuen banaketa eta ordezkapenak nola kudeatzen ari den salatzen du LABek. Akats larriak egiten ari dira, ordezkoen araudian eta Ordezkagunea martxan jartzeko akordioan jasotakoak urratzen ari baitira etengabe:

–  Lanpostu hutsen (bakanteen) eta ordezkapenen eskaintza ez da behar bezala egiten ari. Eskaintza egiterako orduan ez da hezitzaileen kolektiboan Ordezkagunea indarrean jartzeko akordioan jaso zena errespetatzen. Langile askori ez zaie lanpostu hutsak eskaintzeko mezurik iristen, eta ondorioz kontratu hobekuntzak lortzeko aukerak galtzen dute.

–  Lanpostu asko daude hutsik ikasturtea hasi zenetik eta aldi berean langile bat baino gehiago lanpostu edota ordezkapen berdinak betetzera bidaltzen ari dira.

–  Langileek ez dute arreta zerbitzu eraginkorrik.

LAB sindikatuak hamaika erreklamazio egin baditu ere, gaur gaurkoz erantzun gabe daude. Egoera honen aurrean, premiazko eskaera egin dugu mahai parekidea biltzeko. Eskoletan dagoen egoera eta langileei ematen ari zaien tratua jasangaitza dela irizten diogu, baita hezkuntza zerbitzuaren kalitatean negatiboki eragiten duela ere. Beraz, Hezkuntza Sailari exijitzen diogu kaos egoera hau lehen bait lehen konpontzeko.

Langileon aldarrikapenak kontuan izan eta hezkuntza-sistema propio bat eraikitzeko eragiten jarraituko dugu

Hurrengo egunetan sakontasun handiagoarekin aztertuko duen arren EAEko hezkuntza legearen aurreproiektua, LABek hezkuntzako langileon aldarrikapenak lortzeko eta egungo hezkuntza-sistema gainditzeko borrokan jarraituko duela dio. Bide batez, lege-proposamenari emendakinak hobetzeko proposamenak egingo dituela iragartzen du eta hurrengoa adierazi.

Lege proiektu batek ondoren garapena behar izaten badu ere, oraingo honetan, atentzioa ematen du, Lege aurreproiektu honetan, ondoren dekretu edo erreglamendu bidez arautzeko, hainbat gauza geratzen direla asmo hutsean, irekian edo zehaztasun maila handiegirik gabe. Hainbat dira, LABen ikuspegitik, argitu edota hobetu beharreko puntuak.

Nazio ikuspegiari dagokionez, autonomia estatutuak ezarritako esparrutik haratago inolako adierazpenik jasotzen ez duen lege-proposamena dela uste du LABek, hezkuntza eskumen osoaren transferentziari uko eginez. Euskal Hezkuntza sistema propioa egituratzea oztopatzen duen marko juridiko politikoa ontzat eman eta Euskal Herrirako hezkuntza-sistema burujabean urratsak emateko planteamendurik ez duena. Ildo horretan faltan botatzen du hezkuntza-sistemarako egiturazko bide-lerroa izan beharko litzatekeen Euskal Curriculumik ez agertzea aurreproiektuan, Jaurlaritzak bere eskumen guztiak baliatuta adituekin eta eragileekin elkarlanean osatu lezakeena.

Hizkuntzari dagokionez, euskaran zentratuko dela dioen arren, zehaztasun falta salatzen dugu. Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas eredu bakarra ezartzeko hizkuntza-ereduak desagertzeko asmorik ez du agertzen.

Hezkuntza-sistemaren antolaketari dagokionez, berriz, Euskal Hezkuntza Zerbitzuari “Publiko” abizena jarri diote, egungo sistema duala betikotu eta mantendu asmoz; titularitate publikoko eskolak eta titularitate pribatuko ikastetxeak, denak, publikotzat tratatuz. LABek uste du izaera edo bokazio publikoko ikastolak eta ikastetxeak badaudela; zerbitzu publikoa eskaintzen duten arren, oraingoz sare publikoan ez daudenak. Eta horietaz gain, oraindik orain irabazi asmoa duten edota doktrinamendu erlijiosoa hezkuntza-proiektuan txertaturik duten ikastetxe itunduak ere.

Gabezia nabarmenena euskal hezkuntza zerbitzua osatuko luketen ikastetxeen betekizunak betearazteko kontrol mekanismoetan dagoela uste du LABek, bereziki, betebeharrak betetzen ez dituzten ikastetxeek izango dituzten ondorioak ez dituelako jasotzen aurreproiektuak; doakotasunari, euskalduntzeari, hezkidetzari edo inklusioari dagokionez, adibidez. Erabat kezkagarria da laikotasunaren afera, oso modu lausoan agertzen da eta ez du bermatzen diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan doktrinamendu erlijiosorik ez dutenik egingo. Bide beretik, jatorri edo maila sozio-ekonomikoagatiko segregazioari aurre egiteko neurri batzuk jaso arren, ez ditu zehazten orain arte halakoak (kuoten kobratzeko debekua, erroldetako iruzurrak…) saihesteko erabili diren trikimailuei aurre egiteko tresnak.

LABek uste du hezkuntza-legea sare publiko bakarrerako trantsizio tresna izan beharko litzatekeela, era deszentralizatuan antolatutako sarea eta partehartze eta autonomian oinarrituriko eskola anitzek osatua. Bide horretan publifikazio aukera eta araudia -alde sozialarekin negoziatu beharrekoa- hala nahi duten ikastetxe guztientzako izatea aldarrikatzen du LABek, ez soilik Hezkuntza Sailak erabakitzen dituen horientzako.

Eskola Publikoa ardatz izan dadin, Eskola Publikoaren Plan estrategikoa berehala aurkeztea eskatzen dugu. Bertan kuantifikatuko diren neurri eta inbertsioak dituela azpiegiturei, lan-baldintzei, laguntza eta berrikuntza arloei, publifikazioari edo azpikontrataturiko zerbitzuen errebertsioari dagokionez.

Bukatzeko, aurreko eskakizunez gain, zuzenean hezkuntza-sistemako langileen kolektibo bakoitzaren lan- baldintzei eragiten dieten aldarrikapenetan jarriko du arreta LABek: langile publikoak kontsolidatu eta egonkortzean, lan-hitzarmenak berritzeko beharrean, soldata arrakalarekin bukatzeko neurrietan, itunpeko langileen lan-baldintzen homologazioan eta horien kontratazioaren kontrol-mekanismoetan, publifikazio araudiaren negoziazioan, azpikontrataturiko langileen homologazioan eta zerbitzu horien errebertsioan, langile guztien euskalduntzean, plantillak gazteberritzeko neurrietan, kontziliaziorako neurrietan eta lan osasunean.

Prekarizazio eta diskriminazioaren aurrean, finantzazio nahikoa eskatu dugu EHUrentzat ikasturte hasierako ekitaldian

Bilboko Bizkaia Aretoan egin da EHUren ikasturte hasierako ekitaldia eta bertan, mobilizazioa egin du LABek, EHUko langileen prekarizazio eta diskriminazioari ezetz eta unibertsitate publikoarentzat finantziazio nahikoa eskatzeko.

Ikasturte berri baten hasieran gauden honetan zaharrak berri EHUn. 2022/2023 ikasturtearen zabaltze ekitaldian, ohi bezala, bai Urkullu Lehendakariak eta bai Ferreira Errektoreak, norberak unibertsitate publikoaren alde egindakoak azpimarratuko ditu, dena ondo bidean dagoelakoan edo.

Baina, zoritxarrez, EHUren egoeran dena ez da urre, eta aspaldian salatzen ari garen egoerak bere horretan mantentzen dira. Esaterako, dagoen behin-behinekotasun tasa onartezina, izan Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) arloan (%69) edo Irakasle eta Ikertzaileen (IRI) eremuan (%58,6).

Ziurrenik ere, ekitaldian datozen urteetan deituko diren AZPkoen Enplegu Publikoaren Eskaintzak (EPE) azpimarratuko dituzte, unibertsitate publikoak egun lanean ari diren hainbat  AZPk plaza eskuratuko dutenik ez duela bermatuko adierazi gabe utziz eta, ondorioz, lanik gabe geratzeko arriskua dutela, EAEko unibertsitate publikoaren AZPko plantilla eskasaren ondorioz (1.715 lanpostu, Estatuko unibertsitate publikoen artean IRI/AZP ratio altuena duena: 2,95). Ez dute azalduko ezta ere promozionatu nahi duten langile finkoek hori lortzea ziurtatuta ez dutenik, egingo den eskaintza eskasaren ondorioz.

Gaur egun EHUn dauden 4.465  irakasle-ikertzailetatik 955ek lanaldi partzialeko kontratua dute (%21,4ak) eta onartezinak dira irakasle-ikertzaile hauetako askoren kasuan dauden lan-baldintzak, prekarizazioan oinarrituta, soldata oso baxuekin (400-800 euro hileko) eta egiten dituzten eginkizun batzuk kontuan hartu gabe: klaseen prestakuntza, kudeaketa, ikerketa, formazio-ikastaroak… Lanaldi partzialeko soldatak duindu egin behar dira (kantitatea nahiz egokitasuna aztertuz). Horretarako 41/2008 Dekretua aldatzea ezinbestekoa da, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoena.

Doktoretza aurreko eta ondoko ikertzaileen soldatek ere guztiz murritzak izaten jarraitzen dute, nahiz eta azken urtean igo egin diren. Doktoretza aurreko kontratuak sinatzen dutenek esklusibotasun-kontratua sinatzen dute 1.100 euroko hileroko soldataren truke. Unibertsitatearen bikaintasuna behin eta berriro aipatzen digute, neurri handi batean ikerketan oinarrituta, baina ikerketa egiten hasten direnentzat lan-baldintzak oso prekarioak dira. Eta doktoretza ondoko ikertzaileei dagokienez, antzeko egoeran daude, batez ere, atzerrian daudenen kasuan.

Aurrekoarekin batera aldi baterako irakasleek jasaten duten diskriminazioa ere salatu behar dugu, ikerketari lotutako seiurtekoak jasotzeko eskubidea ukatzen baitzaie (eta horietako askori irakaskuntza bosturtekoak ere). Bitartean, ustez EHUn ezinezkoa dena Nafarroako Unibertsitate Publikoan lortu da dagoeneko, ANECArekin adenda bat sinatuta irakasle hauek seiurtekoak eskatu ahal izateko. EHUn langile askoren eskubide hau urratzen jarraitzen du zuzendaritza taldeak.

Aipatutako arazo guzti horietan arduradun argiak daude: erakunde publikoetako buruak, ezarritako araudiak ez aldatzeagatik eta, bide batez, unibertsitate publikoak behar dituen baliabide ekonomikoez ez hornitzeagatik. Ekitaldian ordezkaritza zabalarekin ordezkatuta  dagoen Eusko Jaurlaritzak ardura berezia du EHUk duen AZPko plantilla eskasaren aferan, soldata oso baxuak kobratzen dituzten aldi baterako langileengan, langileen arteko diskriminazioetan zein lan baldintza gero eta kaskarragoak dituzten langileengan. Hau guztia unibertsitate pribatu elitistei Jaurlaritzaren aldetik erraztasun guztiak jartzen zaizkien bitartean.

EHUko zuzendaritzak ere badu bere erantzukizuna: unibertsitatearen autonomia eta EHUko plantillaren beharrak eta baliabide ekonomiko nahikoak aldarrikatu ordez, men egiten baitie Eusko Jaurlaritzak EHUri inposatu nahi dizkion neurriei. Bide horretan LAB sindikatuak tinko mantenduko ditu bere aldarrikapenak, aipatutako gabeziak konponduta, EHUk euskal gizartearen zerbitzuan lana modu egokian egin ahal izan dezan.

Navarra Sin Fronteras elkarteko langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, Parlamentuaren aurrean

Gizarte zerbitzuak eskaintzen ditu Navarra Sin Fronteras elkarteak, 150 langile inguru ditu eta zuzendaritzak adierazi du enpresa ixteko erabaki irmoa hartu duela.

LAB sindikatuak jarraitzen du pentsatzen publifikazioaren alde egin behar dela behingoz eta betiko, modu serio, irmo eta ausartean. Funtsezko gizarte-zerbitzuen kudeaketa pribatizatuz horrelako egoerak gerta daitezen laguntzen baita. Gizarteak kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditu, esku eta interes pribatuen kudeaketatik kanpo.

FVEMek gatazkaren aldeko apustua egiten jarraitzen du Bizkaiko metalgintzan

Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako negoziazio-mahaiaren hamaikagarren bilera. Gaurko bileran patronalak aukera bat galdu du berriro ere akordio bat erraztuko duten edukiak mahai gainean jartzeko. Proposamen berri bat egin du soldatari dagokionez, baina horrek ez du inolaz ere KPIarekiko loturarik jasotzen, hau da, oraindik ere ez die sektoreko langileei erosteko ahalmena bermatu nahi hitzarmenean zehar.

Bestalde, atzerapausuak mantentzen jarraitzen du malgutasunari eta lan-istripuengatiko eta gaixotasun arruntengatiko bajei dagokienez.

FVEMk ez du soldaten igoera KPIarekin ez lotzeko argudioak justifikatzen dituen daturik jarri mahai gainean. Bere jarrera, 2022rako bere kudeaketa txostenak jasotzen duenaren aurkakoa da, bertan zehazten baita Bizkaiko metalgintzako enpresen % 80ak bere etekinak mantendu edo handitzea espero dutela urte honetarako. Bestalde, malgutasuna eta bajak bezalako edukietan atzerapausoak planteatzen jarraitzeak patronalaren neurrigabeko diru-gosea eta metalgintzako langileen eta haien familien bizitzek gutxi axola diotela baino ez du erakusten.

Beste bilera bat jarri da irailaren 26rako. FVEMek negoziazioa blokeatzen jarraitzen badu, zalantzarik gabe sektorean greba gehiago egongo dira eta langileek ekainean eta uztailean deitutako 3 greba-egunetan egin zuten bezala erantzungo dute.

SuperBerriak-ek EEEa atzera bota ezean, greba mugagabeari ekingo diote langileek

LAB eta CCOO sindikatuon oharra:

SuperBerriak-ek abiatutako Enplegu Erregulazio Espediente prozedura hasi zen irailaren 7an, eta kontsulta epealdia hasi eta berehala, susmatzen genuena gero eta argiago ikusten dugu: ez dagoela denda hauek itxi eta 70 lanpostu suntsitzea justifikatzen duen arrazoi ekonomikorik. Eta, beraz, EEEa honek ez duela izateko zentzurik.

SuperBerriak enpresak lau BM Shop frankizia ditu, Ugaon, Laudion, Amurrion eta Bilbon. Lauek ondo funtzionatzen dute eta horren erakusgarri da erabaki honek langile, bezero zein auzokideen artean sortu duen harridura. Baina lehen negoziaketa bilera burututa, gero eta argiago dugu EEEa abiatzeko erabakiaren atzean ez daudela negozioaren zifra txarrak: enpresak aurkeztutako dokumentazioa, eskasa izateaz gain, argi-ilunez beteta dago. Edonola ere, ez dituzte EEEa justifikatuko luketen arrazoi ekonomikoak frogatzen.

LABek eta CCOOek, enpresan ordezkaritza dugun sindikatuok, argi dugu SuperBerriak-ek ardura bat daukala bere langileekiko, eta beraz, jarduera utzi nahi baldin badu, dendentzako eroslea bilatu beharko duela, lanpostu horiekiko eta lanpostu horiek sostengatzen dituzten familiekiko erantzukizunez. Gainera, denda hauek BM Shop markapean Uvesco Taldearen frankizia izanik, ekidinezina egiten zaigu enpresa-talde honi ere egoera honen aurrean erantzuteko exijitzea eta haiekin bilduko gara horretarako.

Edonola ere, gaur kontsulta-epealdiaren baitan burututako bileran, LAB eta CCOOek prozesu honetan topatzen ditugun irregulartasun eta hutsuneak aurkeztu dizkiogu enpresari, eta EEEa bertan behera utzi eta beste bide batzuk aztertzeko exijitu. Hurrengo bi egunetan enpresak erantzukizunez jokatu eta EEEa bertan behera uzten ez badu, hurrengo ostiralean, irailaren 16an, greba mugagabeari ekingo diogu lau dendetan.

Enpresak grebari ekitera behartzen bagaitu, ostiralean bi mobilizazio burutuko ditugu: goizean, 12.30etan kontzentrazioa Bilboko Zazpikaleetako dendaren aurrean (Banco de España Kalea, 3), eta arratsaldean, 18.30etan manifestaldia Laudioko dendatik abiatuta (Zumalakarregi Hiribidea, 13). Larunbatean, berriz, 12.00etan kontzentrazioa burutuko dugu Amurrioko denda parean (Intxaurdio Kalea, 2).

Horrez gain, Roxyma enpresako langileekin harremanetan gaude gure borrokak nola uztartu eta elkarrekin indarra egiteko, jabe berberarena baita eta bertan ere EEEa sartu baitute. Roxymako langileek hiru greba egun egingo dituzte, asteazkenetik ostiralera.

Lanalden-eko langileak kalera atera dira lan-baldintza duinen alde

Contac Centerren hitzarmen bati lotuta egotera behartuta, Euskal Herrian bizi dugun errealitate ekonomikoarekin bat datozen soldata-igoerak negoziatzen saiatu gara hainbat hilabetez Lanalden-en. Berriz ere, argi geratzen da beharrezkoa dela marko propio bat izatea Telemarketing- eko langileentzat Euskal Herrian.

1.200 langile baino gehiago dituen enpresa honek, ehuneko handi bat emakumeak izanik, telefono bidezko zerbitzua ematen die Euskaltel, Iberdrola, EDP edo Kutxabank bezalako enpresei, Eusko Jaurlaritzaren edo Bilboko Udalaren zerbitzu publikoak ahaztu gabe.

Enpresak akordio batera iristeari uko egin dionez, LAB eta ESK sindikatuok erabaki dugu badela garaia kalera irteteko, eta, horregatik, lanuzteak egingo ditugu iraileko astearte guztietan, gaurtik abiatuta, eta egun osoko greba irailaren 30ean.

Orain Lanaldeni erakusteko unea da gu gabe deiak ez direla erantzuten. Merezi dugu soldata duinak izatea.

Protestak eta lanuzteak antolatu ditugu Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren aurkako inpugnazioaren epaiketa dela-eta

Heldu den irailaren 28an, asteazkenarekin, hasiko da Iruñean OEIS patronalak [Esku-hartze Sozialeko Estatuko Erakundea] Nafarroako Esku-hartze sozialeko lehenbiziko hitzarmenaren aurka eginiko inpugnatzeari buruzko epaiketa. Sindikatu honen iritziz, hitzarmenaren bultzatzaile nagusia den aldetik, inpugnazioak sektoreko langileen lan baldintzak arrisku larrian jartzea dakar, hainbat hamarkadatan erakundeek abandonuan utzi eta soldatak pobretu ondoren. Horregatik, LABek protestak eta lanuzteak antolatu ditu irailaren 21erako eta 28rako.

LAB sindikatua, Nafarroan sektorearen %70 inguruko ordezkaritza duena, hitzarmenaren negoziazioaren sustatzaile nagusia izan zen, eta bere esku zegoen guztia egin zuen, langileekin batera, lan baldintzak hobetuko zituen eta urteetan zehar hainbertze zigorturiko sektore bati etorkizuna emanen zion hitzarmen baten beharra aldarrikatu eta bultzatzeko. Baina helburu hori lortu ondoren, enpresa batzuek, hitzarmenagatik deus ez egiteaz gain, duela zenbait hilabete epai bidez salatu nahi izan zuten.

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, AcciĂłn contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (OEIS patronaleko kideak) dira erabaki ulertezin honen protagonistak. Bada, enpresa-erabaki lotsagarri horren aitzinean, LABek uste du, lehenbiziko hitzarmena sinatzeko duintasun-lezioa eman zen bezala, orain ere berriz frogatu behar dela langileen borroka eraginkorra eta baliotsua dela lan-eskubideak defendatzeko. Ez da zapaltzen utzi behar.

Rosa Parksek erran zuen “zenbat eta gehiago obeditu, orduan eta okerrago tratatu gintuzten”. Horregatik matxinatu ziren Esku-hartze Sozialeko langileak ezarri nahi zieten prekaritatearen kontra, eta ahalegin handiz lortu zuten lehenbiziko sektore-hitzarmena. Orain tokatzen da defenditzea.

Epaiketaren hasiera dela-eta, LAB sindikatuak protesta-ekintza batzuk antolatu ditu, eta langileak, gertukoak eta herritarrak horietan parte hartzera animatzen ditu:

  • Irailak 21
    • 10:00 elkarretaratze zaratatsua Iruñea, Gurutze Gorriaren aitzinean
  • Irailak 28, epaiketa eguna:
    • Sektoreko greba, lau ordukoa: 10:00etatik 14:00etara
    • 10:00 elkarretaratzea Iruñean, Caritasen aitzinean
    • 11:00-13:00 elkarretaratzea Iruñean, (in)Justizia Jauregiaren aitzinean
    • 12:00 juicio