2026-01-13
Blog Page 304

Gurekin egitekoa zuen bilerara ez da joan Idoia Mendia

LAB sindikatua, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren eta zuzendaritzako kide Oihana Lopetegi eta Endika Perezen eskutik, alde biko bilera egitekoa zen gaur Idoia Mendia sailburuarekin. Bilera hori ez da gauzatu, Mendia andreak agenda arazoak argudiatuz, parte hartzeari uko egin baitio azken unean.

Enplegu eta Lan Saileko beste ordezkari batzuk izan dira LABeko kideak hartu dituztenak, eta haiek, bileran bertan eman diete huts egitearen berri LABeko ordezkariei, sindikatuaren harridura eta haserrerako.

Seriotasun falta eta arinkeria honen aurrean, gertatuak agerian uzten du Mendia andreak gaurkoan argazki soil bat besterik ez zuela bilatzen. LAB ez dago argazki hutsaletarako, langileok behar ditugun proposamenak eztabaidatu eta borrokatzeko baizik.

Gaurko bilera ez du ontzat ematen sindikatuak eta hitzordu berri bat eskatuko du Mendiarekin. Bilera data berria izango denerako proposamenak prest ditu LABek.

Langile bat hil da karretilaz harrapatuta Olaztin, urteko 55. lan heriotza

Eguerdian Olaztiko Camentos Portland Valderribas enpresan langile bat hil da lan istripu batean. 55 urteko langilea zamak eramateko karretila baten harrapatu du momentuz ezagutzen ez diren baldintzetan. 2022ko 55. hildakoa Euskal Herrian eta Nafarroako 12.a, odol isuriak ez du etenik.

Beste laneko heriotza bat, beste famili bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez itzuli.

Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek ekidingarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.

Ezagunak dira karretilen erabilpenak sortzen dituen arriskuak eta ezagunagoak arrisku hauek saihesteko ezarri beharreko neurriak. Salatu dugu azken asteotan lan osasunerako txostenak egin bai, baina bertan adierazitako neurriak ez direla aplikatzen. Ezaguna da lantokietako pasabideek margoturik egon behar dutela oinezkoen eta ibilgailuen arteko harrapaketak ekiditeko.  

Ezberdindurik al zeuden? Arau berdinak arautzen du ere beharrezko seinalizazioa eta argitasunaren intentsitatea. Ba al zegoen nahikoa argi? Behar bezala mantendurik dago karretila? Jaso al dute langileek beharrezko formakuntza? Ba al dago lantokian, arrisku altuko aktibitatea izanik, errekurtso prebentiboa dena ikuskatzen? Pasa al dute langileek behar den bezalako lan osasun zaintza? Faktore guzti hauen edo batzuen huts egiteak eragin du langilearen heriotza. Guzti horien kontrola enpresariarena da, beti.

Zergatik ematen da egoera hau? Patronalari merkea ateratzen zaiolako langile baten heriotza eta hauek sortzen duten presio eta segurtasun ezez baliatzen da mozkinak handitzeko. Kapitala, produkzioa langileon bizitzaren aurretik. Patronalaren jokaera hau ahalbidetzeko ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuaren onespena. Izan ere, patronala kontrolatzeko eta lan osasunerako araudia betearazteko dituen bitartekoen erabilpen ankerra egitean, betearazpen hori bera desitxuratzen du eta patronalak nahi bezala jokatzen jarraitzen du. Erabaki politiko bat dago honen atzean, azken instantzian Maria Chiviteren erabaki politikoa.

Honela, dei egiten dugu datozen orduetan gehiengo sindikaletik deituko diren mobilizazioetan parte hartzera, bai senide eta lagunei babesa eskaintzeko eta bai behingoz neurriak har daitezen aldarrikatzeko.

SEAk beste aukera bat galdu du negoziazioa bideratzeko; grebara goaz Arabako metalgintzan

Gaur, irailaren 8an, berriro ere Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea batu da, intersindikalak irailaren 21, 22 eta 23 eguntarako deituta dauden greba egunen aurretik.

Mugimenduak egon diren arren, beti bezala txikiak izan dira. Behin eta berriro errepikatuko dugu SEAk sektoreko grebak ekidin nahi baditu, edukiak ekarri beharko dituela mahaira. Gaur gaurkoz, eta bileretan 4 urte badaramazkigu ere, oraindik ere lan orduen jaitsiera ez dago mahai gainean, Hego Euskal Herriko altuena izan arren. KPIa bera ere ez dago bermatuta hitzarmenaren indarraldiaren bitartean.

Horrenbestez LABen borrokari eutsi behar diogula uste dugu. Bai gure kabuz eta baita intersindikaleko gainontzeko sindikatuekin batera ere dinamikak garatzen jarraituko dugu Arabako metalgintzako langileek behar eta merezi duten hitzarmena posible egin arte. Besteak beste, asteleheanean, irailaren 12an, LABen delegatuen asanblada egingo dugu eta gero, gainontzeko sindikatuekin batera Lakuan Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea burutuko dugu 12:00etan, instituzioen ardura handia delako gai honetan, eta asko egin dezaketelako, adibidez, sektore publikoan kontratatuta dauden metaleko langileen subrogazioa bermatzea.

Inoiz baino gehiago, orain borrokarako garaia da. Soilik sektore mobilizatuak lortuko duelako eros ahalmena galduko ez duen, jardunaldia murriztuko duen, bajen osagarriak hobetuko dituen, subrogazioa bermatuko duen edota berdintasunean aurrera egingo duen hitzarmena. Mahai negoziatzailean hurrengo bilera irailaren 19an egingo da, greben bezperetan.

Garbiñe Aranburu: “Langileei ezin zaigu esfortzu gehiago eskatu”

LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu Hamaika Telebistan izan da, aktualitateari buruz hitz egiteko. Hainbat gai izan ditu hizpide elkarrizketan, eta, bertan, besteak beste, berretsi du sindikatua ez dela egongo langileen eros ahalmena bermatuko ez duen inolako errenta itunetan.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “langileei ezin zaigu esfortzu gehiago eskatu. 2011tik langileek eros ahalmenean 6.000 euroko galera izan dugu”. Hala, aberastasunaren bidezko banaketaren eztabaidari ezinbestean ekin behar zaiola nabarmendu du.

Superberriak-eko zuzendaritzak langile guztientzako eta denda guztietarako EEEa jakinarazi du

Joan den abuztuaren 30ean, Superberriak-eko zuzendaritzak premiazko bilera bat egiteko deia egin zigun. Bilera horretan, langile guztientzako Enplegu-Erregulazioko Es- pedientea eta denda guztien itxiera jakinarazi zizkiguten.

Enpresak formalki irailaren 7an kontsulta-aldia hasiko dela jakinarazten digu; izan ere, bere asmoa da Superberriak SLko dendetako langile guztientzat, Amurrioko, Laudioko, Ugaoko eta Bilboko Alde Zaharreko BM Shop dendetako 70 langileentzat enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztea. Lau denda horiez gain, Roxima 2020 S.L. enpresarentzako, hau da, Barakaldoko BM Shop dendarentzako eta Grupo Basele S.L. enpresarentzako enplegu-erregulazioko espedientearen berri ere eman ziguten.

Beraz, gaur hilak 7, hasiko da kontsulta-aldia, eta bertan, Superberriak-eko zuzendaritzak enpresaren egoerari eta Enplegu-Erregulazioko Espedienteari buruzko hainbat agiri eman beharko dizkie langileen ordezkariei.

Ez dugu ulertzen hain oldarkor eta presazko erabaki hau; izan ere, joan den uztailaren bukaeran, bi aldeek bilera eta negoziazioak adostu genituen irailaren erdialderako edo amaierarako; eta bestetik urtebete eta hilabete gutxi pasa dira, Superberriak-eko zu- zendaritzak BM taldera bere denda guztiak frankizia gisa aldatu zituenetik.

LAB Superberriak-eko ordezkari guztiekin eta langile guztiekin lanean hasi da, prozesu honi ahalik eta modu egokienean erantzuteko eta aurre egiteko.

Goiz da xehetasun gehiago emateko, baina argi dago ez dugula etsiko erabaki horren aurrean, eta baliabide, mekanismo eta ekimen sindikal guztiak martxan jarriko ditugu, lanpostuak defendatzeko eta enplegu-erregulazioko espedientea geldiarazteko.

Polonian bidegabe atxilotutako Pablo Gonzalez kazetariari elkartasuna erakutsi diogu hainbat sindikatuk

Sindikatu sinatzaileak:

Alternativa Sindical de Clase, ASC

Central Unitaria de Trabajadoras CUT Galiza

Colectivo Unitario de Trabajadores CUT Aragón

Comisiones Obreras, CCOO

Confederación Intersindical

Confederación Intersindical Galega, CIG

Confederación Nacional del Trabajo CNT

Confederación Sindical Solidaridad Obrera

Coordinadora Obrera Sindical COS Països Catalans

Corrientes Sindical de Izquierda, CSI Asturies

ELA Sindikatua Euskal Herria

ESK Sindikatua Euskal Herria

Intersindical Alternativa de Catalunya, IAC

Intersindical Canaria

Intersindical Catalana

Intersindical Valenciana

LAB Sindikatua Euskal Herria

Organización Sindical de Trabajadores de Aragón OSTA

Plataforma Sindicat EMT

Unión General de Trabajadores UGT

Unión Sindical Obrera, USO

Sindicato 25 De Marzo de Extremadura

Sindicato Andaluz de Trabajadores SAT Andalucia

Sindicato Asambleario de la Sanidad SAS

Sindicato CO.BAS

STEI Balears 

STEILAS Euskal Herria

Sindikatuon adierazpena:

Pablo Gonzalez euskal kazetaria, Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren ondorioen berri ematen ari zela, Polonian atxilotua izan zen otsailaren 28an, Errusiako inteligentzia militarrarentzat jarduerak egitea egotzita. Atxiloketa honen ondorioz, hamar urtetako espetxe zigorra jaso dezake.

Pasa den Abuztuaren 23an, Rzeszówko Apelazio Auzitegiak, Pablo Gonzalezen abokatuak euskal kazetariaren atxiloketa beste hiru hilabetez luzatzeko erabakiaren aurka Polonian jarritako errekurtsoa atzera bota zuen.

Gaur egun praktikan inkomunikatuta jarraitzen du. Familiak kartzelan bisitatzeko baimena eskatu du, baino oraingoz ez du erantzun ofizialik jaso, eta sei hilabete hauetan telefono bidezko kontakturik izateko baimenik ere ez dute izan. Atxilotua izan zenetik, soilik bost eskutitz jaso ahal izan ditu, eta denak atzerapen handiarekin. Oraingoz kontaktu bakarra bere abokatuarekin eta Espainiar Estatuko kontsularekin izan du soilik.

Idatzi hau sinatzen dugun sindikatuok, Europako nahiz Nazioarteko Kazetarien Federazioak eta Nazioarteko Prentsa Institutuak adierazi zuten bezala, Pablo Gonzalez kazetariaren egoerarekin biziki larrituta gaude; egunetik egunera gero eta larriagoa bilakatzen ari den egoera anti-demokratiko eta bidegabe bat dela uste dugulako. 

Aipaturiko guztiagatik, sinatzaile garen sindikatuok, kargu gabe eta berehala Pablo González aska dezatela exijitzen diegu Poloniako agintariei. Inolako frogarik gabe, eta modu hain arbitrarioan estatu batek kazetari bat atxilotzea onartezina dela deritzogu. Prentsa askatasunaren eta demokraziaren kontrako eraso bat da, eta hortaz, Espainiar Estatuari eta Europar Batasunari, bidegabekeria honekin amaitzeko beraien eskuetan dagoen guztia egitea exijitzen diegu. 

Etxeko enpleguaren Errege Dekretuaren erreforma etsigarria da eta berandu dator

Etxeko enplegua eta zaintzaren sektorea arautzen duen indarreko lan-araudiaren alderdi batzuk aldatzen duen Errege Lege Dekretuaren behin betiko testua Ministroen Kontseiluak onartu zuen atzo Madrilen.

LABen ustez Gobernuak erreforma hau etengabe saltzen duen bitartean, hau Europako Justizia Auzitegiaren 2022ko otsaileko epaiaren arabera ezarritako eskubideak nahitaez bete beharreko inplementazioa baino ez da. Epai honek ondorioztatzen zuen sistema diskriminatzailea zela, ez baitzien langabezia-eskubidea aitortzen etxeko langileei. Sektorean ia gehienak emakumeak dira.

Errege Dekretu honek ez du ardura bere gain hartzen eta premiazkoak diren gaiak saihesten ditu: pernoktaren erregimenaren erregulazioa, lan ikuskaritzak etxe barruetan lana ze baldintzetan egiten duen jarraipenaren ardura hartzea, edo asteko legezko lanaldia astean 60 orduz murriztea.

Hurrengoa onartzen du:

1. Langabezia-prestaziorako eskubidea eta horri lotutako laguntza guztiak (araudi hau onartu ondoren kotizazio-urte bat egiaztatuz gero, eskubide hori aitortuta duen beste araubide batean aldez aurreko kotizazioa egiaztatu ezean).

2. Soldatak bermatzeko funtsaren (FOGASA) estaldura, enplegatzaileen kaudimen ezaren aurrean.

3. Kontratuen formalitate guztiak sartzea eta nahitaez idatzizkoak izan beharraren beharra.

4. Bonifikazio sistema berria gizarte segurantzako kuoten igoerak ez dezan ekarri ezkutuko ekonomia zabaltzea ezta langileak gizarte segurantzako kostuak bere gain hartzea.

Gabezi handiak ditu, hala nola:

• Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean sartzea hitzematen du, baina ez du esplizituki azaltzen nola, eta geroko lege-garapena egiteke uzten du, eraginkorra izan dadin.

• Atzera egiteko figura kentzea ezartzen du, kontratuak amaitzeko modu gisa, baina, aldi berean, hiru kasutan onartzen jarraituko du.

Diazen ministerioak, negoziazio kolektiboaren aintzindari dela dioenak, prozesutik kanpo utzi ditu etxeko langileen erakundeak. Izan ere, behin baino gehiagotan eskatu duten arren, ezin izan dute Errege Dekretu honen zirriborroa eskuratu. Gainera, Errege Dekretua denez, legebiltzar-taldeek, sindikatuek eta gizarte zibilak ezingo dute zuzenketarik egin.

Ziur gaude borondate politikoa balego errotik alda litezkeela sektore honek bizi dituen bidegabekeria- eta desberdintasun-baldintzak.

Ildo honetan, LAB lanean ari da sektore honen antolakuntza kolektiboan, eta patronala eta EAEko eta Nafarroako erakundeak interpelatzen, EAEn sektore honetako lehen hitzarmen kolektiboa lortzearen alde. Honek posible egingo ditu Euskal Herrian Madri- len etxeko eta zaintza langileei ukatzen zaizkien eskubideak eta aukerak.

Amaitzeko, jakinda ez dela Lan-Ministerioaren eskumena, gobernu honen hipokresia azpimarratu nahi dugu atzerritar jatorriko pertsonen ezohiko erregularizazioa eragozten jarraitzen duelako. Gure ustez, justizia sozialeko premiazko neurria da hori, batez ere sektore honentzat. Berau milaka emakume migratu eta arrazializatuk osatzen dute, eta funtsezkoa den zaintza lana egiten ari dira.

Irakaskuntzan LEP sistema bidezko eta garden baten alde

Ez da lehen aldia Nafarroa Garaiko LAB Irakaskuntzatik LEP sistema anakroniko hau kritikatu eta alda dezaten aldarrikatu egiten dugula; tamalez, Nafarroako Gobernuak hezkuntzan lehiaketa-oposizioak deitzen dituen guztietan egin behar izaten dugu. 2021-2022 ikasturtekoak izan dira azkenak, ez lehenak, ordea. 10.600 lagun baino gehiagok izena eman zuten hauetan, aldarriak aurreko prozesuetako berberak izanik ere, LEP sisteman aldaketa edo hobekuntzarik gertatzen ez dela ikusita, salaketa egiten jarraitu behar dugu.

Lehenik eta behin, LABek argi utzi nahi du lehiaketa-oposizioaren helburua lanpostu zehatz batzuetarako onenak aukeratzea dela, eta ez irakaslea izateko edota maisu-maistra izateko pertsonen gaitasuna ebaluatzea. Horietako askok ikasturtez ikasturte argi uzten baitute balio handiko profesionalak direla.

Notak ikusita, argi dago lehiaketa-oposizio sistema honek ez duela funtzionatzen. Oro har, aurkeztutakoen %15ak soilik gainditu ditu oposizioak; honek plaza guztiak ez betetzea ekarri du -Lanbide Heziketan %65, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan %79 baino ez-. Honetaz gain, kontuan hartu behar da oposizioetara ateratzen duten plazen kopurua irakaskuntzan dauden beharrak asetzeko ez-nahikoa dela. LABen ustez, egonkortze prozesu baten atarian gauden honetan, hau guztia ulergaitza eta zentzugabea da.

Bestetik, hautagai askok oraindik ez daki bere notaren arrazoia, horregatik LAB sindikatuaren eskaeretako bat da ebaluazio irizpideak gardenak eta egiaztagarriak izatea, emaitzen objektibotasuna bermatuko dutenak. Eta, nola ez, probak baino lehen aurkeztutakoak, denok jokuaren arauak zeintzuk diren argi izateko, bai aurkeztuko direnek, bai epaimahaikideetan arituko direnek. Izan ere, hainbat epaimahaikidek atsekabea adierazi dute azken oposizioetan errubriketan behin eta berriro egindako aldaketak zirela eta beraien lana asko handitu delako.

Arestian esan bezala, hezkuntza LEP hauek zaharkituak daude guztiz: hasteko, gaitegia desfasatua dago oso, eta dagoeneko existitzen ez diren gaiak eta kontzeptuak ikasi behar dira -Informatikako gaitegia ikustea besterik ez dago hau egiaztatzeko, adibidez-. Hori dela eta, LABek bere eskaera berretsi egiten du: gaitegi berrituak, eta ofizialak, garatuak eta Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan, baita atzerriko hizkuntzetan ere, hala ebaluatu behar diren espezialitateetan.

Jarraitzeko, probak. Egun, baztertzailea da zati teorikoa, programazioaren eta unitate didaktikoaren defentsa egitea eragozten diena aurkeztutako askori; LABen ustez, zailtasun hau gehitzeak ez du zentzurik, helburua hautagai kopurua errotik murriztea ez bada; hau dela eta, baldintza hau kendu beharko litzatekeela deritzogu. Gainera, proben diseinua ere aldatu beharko litzateke, berauen ebaluazioaren objektibotasuna bermatzearren, egun gertatzen ez dena. Honen ondorioz, probak errebisatzera joaten den jendearen asetze maila ere igoko litzateke, ziur asko.

Izan ere, asko izan baitira oposizioen emaitzen kontrako helegiteak aurkeztu dituzten hautagaiak, hau egiteko prozesua zaila eta oso konplexua izan arren: epeak laburrak dira; ebazpenak, maiz, berandu iristen dira; eta, akaso okerrena, helegiteak onartuak izatea ia ezinezkoa izaten da.

Honengatik guztiarengatik, Nafarroa Garaiko LAB Irakaskuntzatik Hezkuntzako LEP sistema anakroniko, ilun eta bidegabeko hau aldatzeko exijitzen dugu, eta gure aldetik sistema hobetuko lukeen eta gure esku dagoen guztia egiteko prest jarraituko dugula berresten dugu.

Beste hildako bat estres baldintzetan

Beste lan ezbehar hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Elgoibarren, Gipuzkoan. Aurtengo 54. hildakoa lan istripuan hain zuzen, 17. ez traumatikoa zehazki. Schaeffler Iberiako langilea ondoezik sentitu zen irailaren 2an eta erietxera eraman ostean hil zen asteburuan. Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu senide, lagun eta lankideei.

Nabarmena da eta denbora daramagu salatzen egungo sistema neoliberala, lan karga eta presio gero eta altuagoak laneko arrisku faktore nabarmen bilakatu dituena. Gainera, azken urteotan langilearen enpresan emandako enplegu suntsiketak eta datozen kaleratzeak egoera larriagotu eta langileen ezinegona areagotu ditu. 2022an 17 heriotz ez traumatiko eman dira lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko. Lan osasunerako araudiak mende laurden baino gehiago abian daraman honetan, gehien ugaritzen ari den arrisku faktorea psikosoziala da. Bere indizeek gora egiten dute irakurketa guztietan eta hauek arazo kardiobaskularretan eragin zuzena dute.

Baina zein da patronalak honen aurrean ematen duen erantzuna? Identifikatuta al dago arrisku hau prebentzio txostenetan? Egiten al dira ebaluaketa psikosozialak? Horrela bada, aplikatzen al dira neurri prebentiboak?

Honela, zer paper ari da jokatzen Eusko Jaurlaritza? Lan osasun materian ia eskumen guztiak izanik, egokitu al du Osalan eta Inspekzioaren lana, gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara?

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.