2026-01-13
Blog Page 303

FVEMek gatazkaren aldeko apustua egiten jarraitzen du Bizkaiko metalgintzan

Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako negoziazio-mahaiaren hamaikagarren bilera. Gaurko bileran patronalak aukera bat galdu du berriro ere akordio bat erraztuko duten edukiak mahai gainean jartzeko. Proposamen berri bat egin du soldatari dagokionez, baina horrek ez du inolaz ere KPIarekiko loturarik jasotzen, hau da, oraindik ere ez die sektoreko langileei erosteko ahalmena bermatu nahi hitzarmenean zehar.

Bestalde, atzerapausuak mantentzen jarraitzen du malgutasunari eta lan-istripuengatiko eta gaixotasun arruntengatiko bajei dagokienez.

FVEMk ez du soldaten igoera KPIarekin ez lotzeko argudioak justifikatzen dituen daturik jarri mahai gainean. Bere jarrera, 2022rako bere kudeaketa txostenak jasotzen duenaren aurkakoa da, bertan zehazten baita Bizkaiko metalgintzako enpresen % 80ak bere etekinak mantendu edo handitzea espero dutela urte honetarako. Bestalde, malgutasuna eta bajak bezalako edukietan atzerapausoak planteatzen jarraitzeak patronalaren neurrigabeko diru-gosea eta metalgintzako langileen eta haien familien bizitzek gutxi axola diotela baino ez du erakusten.

Beste bilera bat jarri da irailaren 26rako. FVEMek negoziazioa blokeatzen jarraitzen badu, zalantzarik gabe sektorean greba gehiago egongo dira eta langileek ekainean eta uztailean deitutako 3 greba-egunetan egin zuten bezala erantzungo dute.

SuperBerriak-ek EEEa atzera bota ezean, greba mugagabeari ekingo diote langileek

LAB eta CCOO sindikatuon oharra:

SuperBerriak-ek abiatutako Enplegu Erregulazio Espediente prozedura hasi zen irailaren 7an, eta kontsulta epealdia hasi eta berehala, susmatzen genuena gero eta argiago ikusten dugu: ez dagoela denda hauek itxi eta 70 lanpostu suntsitzea justifikatzen duen arrazoi ekonomikorik. Eta, beraz, EEEa honek ez duela izateko zentzurik.

SuperBerriak enpresak lau BM Shop frankizia ditu, Ugaon, Laudion, Amurrion eta Bilbon. Lauek ondo funtzionatzen dute eta horren erakusgarri da erabaki honek langile, bezero zein auzokideen artean sortu duen harridura. Baina lehen negoziaketa bilera burututa, gero eta argiago dugu EEEa abiatzeko erabakiaren atzean ez daudela negozioaren zifra txarrak: enpresak aurkeztutako dokumentazioa, eskasa izateaz gain, argi-ilunez beteta dago. Edonola ere, ez dituzte EEEa justifikatuko luketen arrazoi ekonomikoak frogatzen.

LABek eta CCOOek, enpresan ordezkaritza dugun sindikatuok, argi dugu SuperBerriak-ek ardura bat daukala bere langileekiko, eta beraz, jarduera utzi nahi baldin badu, dendentzako eroslea bilatu beharko duela, lanpostu horiekiko eta lanpostu horiek sostengatzen dituzten familiekiko erantzukizunez. Gainera, denda hauek BM Shop markapean Uvesco Taldearen frankizia izanik, ekidinezina egiten zaigu enpresa-talde honi ere egoera honen aurrean erantzuteko exijitzea eta haiekin bilduko gara horretarako.

Edonola ere, gaur kontsulta-epealdiaren baitan burututako bileran, LAB eta CCOOek prozesu honetan topatzen ditugun irregulartasun eta hutsuneak aurkeztu dizkiogu enpresari, eta EEEa bertan behera utzi eta beste bide batzuk aztertzeko exijitu. Hurrengo bi egunetan enpresak erantzukizunez jokatu eta EEEa bertan behera uzten ez badu, hurrengo ostiralean, irailaren 16an, greba mugagabeari ekingo diogu lau dendetan.

Enpresak grebari ekitera behartzen bagaitu, ostiralean bi mobilizazio burutuko ditugu: goizean, 12.30etan kontzentrazioa Bilboko Zazpikaleetako dendaren aurrean (Banco de España Kalea, 3), eta arratsaldean, 18.30etan manifestaldia Laudioko dendatik abiatuta (Zumalakarregi Hiribidea, 13). Larunbatean, berriz, 12.00etan kontzentrazioa burutuko dugu Amurrioko denda parean (Intxaurdio Kalea, 2).

Horrez gain, Roxyma enpresako langileekin harremanetan gaude gure borrokak nola uztartu eta elkarrekin indarra egiteko, jabe berberarena baita eta bertan ere EEEa sartu baitute. Roxymako langileek hiru greba egun egingo dituzte, asteazkenetik ostiralera.

Lanalden-eko langileak kalera atera dira lan-baldintza duinen alde

Contac Centerren hitzarmen bati lotuta egotera behartuta, Euskal Herrian bizi dugun errealitate ekonomikoarekin bat datozen soldata-igoerak negoziatzen saiatu gara hainbat hilabetez Lanalden-en. Berriz ere, argi geratzen da beharrezkoa dela marko propio bat izatea Telemarketing- eko langileentzat Euskal Herrian.

1.200 langile baino gehiago dituen enpresa honek, ehuneko handi bat emakumeak izanik, telefono bidezko zerbitzua ematen die Euskaltel, Iberdrola, EDP edo Kutxabank bezalako enpresei, Eusko Jaurlaritzaren edo Bilboko Udalaren zerbitzu publikoak ahaztu gabe.

Enpresak akordio batera iristeari uko egin dionez, LAB eta ESK sindikatuok erabaki dugu badela garaia kalera irteteko, eta, horregatik, lanuzteak egingo ditugu iraileko astearte guztietan, gaurtik abiatuta, eta egun osoko greba irailaren 30ean.

Orain Lanaldeni erakusteko unea da gu gabe deiak ez direla erantzuten. Merezi dugu soldata duinak izatea.

Protestak eta lanuzteak antolatu ditugu Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren aurkako inpugnazioaren epaiketa dela-eta

Heldu den irailaren 28an, asteazkenarekin, hasiko da Iruñean OEIS patronalak [Esku-hartze Sozialeko Estatuko Erakundea] Nafarroako Esku-hartze sozialeko lehenbiziko hitzarmenaren aurka eginiko inpugnatzeari buruzko epaiketa. Sindikatu honen iritziz, hitzarmenaren bultzatzaile nagusia den aldetik, inpugnazioak sektoreko langileen lan baldintzak arrisku larrian jartzea dakar, hainbat hamarkadatan erakundeek abandonuan utzi eta soldatak pobretu ondoren. Horregatik, LABek protestak eta lanuzteak antolatu ditu irailaren 21erako eta 28rako.

LAB sindikatua, Nafarroan sektorearen %70 inguruko ordezkaritza duena, hitzarmenaren negoziazioaren sustatzaile nagusia izan zen, eta bere esku zegoen guztia egin zuen, langileekin batera, lan baldintzak hobetuko zituen eta urteetan zehar hainbertze zigorturiko sektore bati etorkizuna emanen zion hitzarmen baten beharra aldarrikatu eta bultzatzeko. Baina helburu hori lortu ondoren, enpresa batzuek, hitzarmenagatik deus ez egiteaz gain, duela zenbait hilabete epai bidez salatu nahi izan zuten.

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, AcciĂłn contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (OEIS patronaleko kideak) dira erabaki ulertezin honen protagonistak. Bada, enpresa-erabaki lotsagarri horren aitzinean, LABek uste du, lehenbiziko hitzarmena sinatzeko duintasun-lezioa eman zen bezala, orain ere berriz frogatu behar dela langileen borroka eraginkorra eta baliotsua dela lan-eskubideak defendatzeko. Ez da zapaltzen utzi behar.

Rosa Parksek erran zuen “zenbat eta gehiago obeditu, orduan eta okerrago tratatu gintuzten”. Horregatik matxinatu ziren Esku-hartze Sozialeko langileak ezarri nahi zieten prekaritatearen kontra, eta ahalegin handiz lortu zuten lehenbiziko sektore-hitzarmena. Orain tokatzen da defenditzea.

Epaiketaren hasiera dela-eta, LAB sindikatuak protesta-ekintza batzuk antolatu ditu, eta langileak, gertukoak eta herritarrak horietan parte hartzera animatzen ditu:

  • Irailak 21
    • 10:00 elkarretaratze zaratatsua Iruñea, Gurutze Gorriaren aitzinean
  • Irailak 28, epaiketa eguna:
    • Sektoreko greba, lau ordukoa: 10:00etatik 14:00etara
    • 10:00 elkarretaratzea Iruñean, Caritasen aitzinean
    • 11:00-13:00 elkarretaratzea Iruñean, (in)Justizia Jauregiaren aitzinean
    • 12:00 juicio

Lau greba egun deituko ditugu Gipuzkoako grafikagintzan, ADEGIk blokeatuta duelako negoziazio mahaia

ADEGIk blokeatuta du grafikagintza sektoreko negoziazio-mahaia. Honen aurrean, sektoreko langileok mobilizazioetara eta grebara joatea beste erremediorik ez dugu. Horrela, sektoreko lehen indarra den LABek, lau greba deituko ditu Gipuzkoako grafikagintzan: irailaren 27an eta 29an eta urriaren 4an eta 6an. Era berean, irailaren 16ean elkarretaratzea egingo du 11:00etan, Tolosako SAM enpresaren aurrean eta 20an Elduaienen, 11:00etan, CORENSOren aurrean.

Azken bilera maiatzean izan zen eta hartan patronalak soldata igoera oso eskasak proposatu zizkigun, eta gainerako edukien inguruan ere, inolako aurrerapenik eskaini gabe.

Hauxe da ADEGIren azken proposamena: 4 urtetako iraupena eta soldatei dagokienez, % 3ko igoera 2022rako; KPIaren igoera 2023rako, % 2ko mugarekin; KPIaren igoera 2024rako, % 1eko mugarekin eta KPIaren igoera 2025erako, % 1eko mugarekin.

Soldata hauek ez dute inondik inora sektoreko langileen erosteko ahalmena bermatzen, are gehiago langileon poltsikoetan bizitzaren garestitzea nabaritzen ari garen honetan.

Horregatik, argi dugu patronala mugitu nahi badugu eta gure hitzarmenean hobekuntzak lortu nahi baditugu, hau da sektore osoa kalera irten eta bizi dugun egoera salatu behar dugun unea. Bestela, inolako hobekuntzarik gabe jarraituko dugu, eta hitzarmena erabat blokeatuta.

Borrokatzeak beti merezi duelako, dei egiten diegu sektoreko langileei greba eta mobilizazioetan parte hartzera.

Jaurlaritza eta Administrazio Publikoak interpelatu ditugu Arabako metalgintzak bizi duen prekaritatearekin amaitzeko

LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean, bere erantzukizuna bere gain har dezan eskatzeko, bai bere kontratazio-eremuan, bai Arabako metalgintzaren prekaritate-egoeraren aurrean.

Sindikatuok hiru greba egun deitu ditugu Arabako metalgintzan irailaren 21, 22 eta 23rako, sektorea duintzeko eta hitzarmena desblokeatzeko. SEAk urrats ausartak eman behar ditu akordio batera iritsi ahal izateko. Prekaritate-egoera jasanezina da, eta inflazioaren gorakada egoera hori sakontzen ari da.

Horren aurrean, sindikatuon arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Administrazio Publikoek posizionatu behar dute, Arabako metalgintzak diruen lan baldintzak kontutan hartuta: hileko 1400 eurotik beherako soldatak, inguruko metal-lanaldi altuena, subrogazio-eskubiderik gabe, malgutasun handiarekin. Hori guztia 25.000 pertsonari eragiten dien hitzarmen batean.

KPIren araberako igoerak jaso behar dira tauletan zein soldata errealetan, lanaldia nabarmen jaitsi behar da, baja medikoen osagarriak hobetu behar dira, subrogazioa jaso behar da, malgutasuna mugatu behar da eta bizitza erdigunean jarriko duten neurriak hartu behar dira, laneko osasunean eta berdintasunean hobekuntzak egitearekin batera.

Administrazio publikoek hitzarmen hau hobetu dezakete eta hobetu behar dute. Gaur egun, Administrazioek kontratatzen edo azpikontratatzen dituzten lan asko Arabako metalgintzaren baldintzen babespean daude, eta horrek esan nahi du Administrazioak berak, enpresaburu eta patronala den aldetik, baldintza prekarioez baliatzen dela.

Bideragarritasun plan bat eta enpleguari eustea eskatu dugu Navarra sin Fronteras enpresako langile guztientzat

Navarra Sin Fronteras elkarteko zuzendaritzak Enpresa Batzordeari jakinarazi dio enpresaren berehalako itxiera. Horretarako, ehunka mila euro alegatzen ditu 2020tik aurrerako galeretan. LAB sindikatuak 9 ordezkaritik 7 ditu Batzordean, eta enpresari bideragarritasun-plana eskatu dio, baina ixteko erabakia irmoa dela jakinarazi zaio. LABek gizarte-zerbitzuak publifikatzearen alde egiten jarraitzen du, ez dago prest enplegua suntsitzeko, eta, lehen protesta gisa, bihar 12:30ean kontzentratuko da Nafarroako Parlamentuaren aitzinean.

Navarra Sin Fronteras elkartea enpresa pribatu bat da, 150 pertsona inguru enplegatzen ditu eta, bertzeak bertze, egoera zaurgarrian dauden pertsonei arreta emateko Administrazioak azpikontrataturiko funtsezko gizarte-zerbitzuak kudeatzen ditu, baita Albernia Enplegu Zentro Berezia ere, desgaitasunen bat duten pertsonei lana ematen diena.

Zuzendaritzak itxieraren berri eman dio Enpresa Batzordeari, eta adierazi du azken urteotan galera ekonomikoak izan dituela. Zehazki, 237.000 € 2021ean eta bertze 216.000 € 2020an; 2022rako, berriz, 500.000 €-ko galera aurreikusi du. LAB sindikatuak ez du ulertzen ahal nola iritsi den enpresa puntu horretara; izan ere, zuzendaritzak ez daki azaltzen arazoaren arrazoi zehatzak. Alegatu dute Administrazioak ez duela nahikoa finantzatu, baina hori ulertzen zaila da, batik bat bertze enpresa batzuk antzeko zerbitzuak inolako arazorik gabe kudeatzen ari direlako.

Milioi askoko galerak izan dira urtetik urtera, eta ez da ikusi egiazko kezkarik edo jarrera proaktiborik, ezta erabaki horren berri emateko eta plantillari aurpegia emateko ere; komunikazioaren erantzukizuna baliabideak kudeatzen dituzten koordinatzaile eta arduradunen esku utzi dute. Ulertezina da.

LABek bideragarritasun-plan bat eskatu du, eta zuzendaritzak erantzun du erabakia irmo hartua dela: enpresak ateak itxiko ditu, baina ez dakite noiz. Administrazio kontratatzaileei jakinarazi diete uko egiten diotela kudeatzen jarraitzeari, eta zerbitzuen kudeaketan eskualdaketa egitea planteatzen dutela.

Nafarroako Gobernuak LAB sindikatuari jakinarazi dio bere asmoa dela kudeaketa ahalik eta azkarren eskualdatzea eta plantilla subrogatzea. Arazoa da plantilla osoa ez dagoela baldintza-agirietara atxikita eta, beraz, langile guztiak ezin direla subrogatu; horregatik, baliteke angile batzuek lana galtzea. Horren aurrean, sindikatu honen aldarrikapena argia da: langileek ez dute arazo hau sortu eta ez dute egoera honen galtzaile izan behar; horregatik, ez dugu onartuko enplegua suntsitzea.

LAB sindikatuak jarraitzen du pentsatzen publifikazioaren alde egin behar dela behingoz eta betiko, modu serio, irmo eta ausartean. Funtsezko gizarte-zerbitzuen kudeaketa pribatizatuz horrelako egoerak gerta daitezen laguntzen baita. Gizarteak kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditu, esku eta interes pribatuen kudeaketatik kanpo. Alde horretatik, LABek bihar, irailaren 13an, elkarretaratzea eginen du 12:30ean, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, pribatizazio horiek guztiak bukatzeko eskatzeko.

Autonomoak ezin dira babesik gabe utzi

Irailaren 10ean altueretatik eroritako 44 urteko langilea hil da, zauri larrien ondorioz. LAB sindikatutik gure samina eta gertutasuna eskeini nahi diegu senide, lagun eta gertukoei.

Iturengo etxe bateko horman toldo bat jartzen ari zen langile autonomoa, eta baimendutako altuera bikoiztuz eskuko eskilara bat erabiliaz ari zelarik erorita gertatu zen ezbeharra. Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.   

57 langile hil dira Euskal Herrian 2022an lan istripuz dagoeneko, 14 Nafarroan. 8. hildakoa altueretatik erorita. Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo. Kasu honetan, gainera, langilea autonomoa izanda, lan osasuneko araudiak ez du babesten. Nola liteke autonomoek babes hori ez izatea? Zerk bultzatzen du langile bat beharrezkoak ez diren arriskuak hartu behar izatea, hauek ezagututa ere?

Honekin dei egiten diogu Nafarroako Gobernuari autonomoak ere babesteko beharrezkoak diren neurriak har ditzan, lan osasuneko protokoloetan langile hauek ere barnebildu ditzan. Autonomoak ezin dira babesik gabe utzi. Lan osasuna bermatzeko, har daitezen neurriak behingoz!

Nafarroako Gobernuari exijitu diogu behar diren neurri guztiak ezartzeko emakume langileen aurkako arrisku-egoera oro saihesteko

Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Vianako Printzea kontsulten zentroan egindako elkarretaratzean parte hartu dugu gaur, Osasunbidean gertatutako azken eraso matxista salatzeko.

Joan den astean, Osasunbideko langile batek (Arcasa enpresaren bidez kontratatua zegoen) sexu erasoa jasan zuen. Hori dela eta, dozenaka lagun bildu dira gaur langileari elkartasuna adierazteko eta, aldi berean, indarkeria matxistak berekin dakarren giza eskubideen zapalketa larria salatzeko.

Elkarretaratzea Vianako Printzea kontsulten zentroaren aurrean izan da, eta bertan LABeko ordezkari askok parte hartu dute. LAB sindikatuak emakumeen eta langileen aurkako indarkeria-ekintza guztiak irmoki gaitzesteaz gain, azpimarratu du kasu honetan erasoa are larriagoa dela, “plantillako langile gehienak emakumezkoak direlako”. Horregatik, LABeko ordezkariek Nafarroako Gobernuari exijitu diote “behar diren neurri guztiak ezar ditzala Nafarroako emakume langileen aurkako arrisku-egoera oro saihesteko”.