2026-06-21
Blog Page 30

LAB, ELA, STEILAS, HIRU eta ETXALDEk alderdiei eskatzen diete gutxieneko soldata propioa lortzeko urrats eraginkorrak eman ditzaten

LAB, ELA, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek kritikatu egin dute EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean hartutako jarrera gutxieneko soldata propioaren inguruan, euren ardurari uko egin, eta saihestu nahi dituztelako gaiarekiko benetako urrats eraginkorrak. Era berean, sindikatuek salatu dute eztabaida negoziazio kolektiboaren aipamen orokorretara mugatu nahi dutela, patronala interpelatu gabe, eta beharrezko eskumenak eskuratzeko konpromiso argirik hartu gabe.

Sindikatuek azpimarratu dutenez, azken urteotan nabarmen areagotu dira lan-prekarizazioa eta bizitzaren kostua. Estatutik ezarritako gutxieneko soldatak ez dio erantzuten Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari, eta enplegua dutenen arteko pobrezia gero eta hedatuago dagoela ohartarazi dute. Egoera horren aurrean, funtsezkotzat jo dute hemen erabakiko den gutxieneko soldata propio bat ezartzea.

Testuinguru horretan, EH Bilduren mozioak sindikatuek proposatutako hainbat neurri zehatz jasotzen dituela nabarmendu dute: patronala interpelatzen dute negoziazioari ekiteko deia eginez; Eusko Jaurlaritza ere bai, eskatzen baitiote, batetik, bermatu dezala gutxienez 1.500 euroko soldata diru publikoz finantzatutako enpleguetan, eta, bestetik, konpromisoa har dezala gutxieneko soldata propioa legez ezarri ahal izateko behar diren eskumenak Estatuko Gobernuarekin negoziatzeko.

Sindikatuen esanetan, EAJk eta PSEk, aurkeztutako osoko zuzenketan, azken urtean euskal gehiengo sindikalak egindako lanketa existituko ez balitz bezala jokatu dute. Negoziazio kolektiboari aipamen orokorra egin diote, baina patronala interpelatzea saihestuz.

Gogorarazi dute, gainera, 140.000 sinadurek babestutako Herri Ekimen Legegilearen bidea aztertzea eta, eskumena lortze aldera, sustatzea EAJ-PSEren esku egon dela. Gaurko eztabaidan berriro ere agerian geratu da Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek patronalaren jarrerarekin bat egin dutela, gutxieneko soldata propioaren aldarria errealitate bihurtzea zailduz.

Sumarrek aurkeztutako zuzenketa, egokia zanik ere, mugatua da sindikatuentzat, auzia negoziazio kolektiboaren esparrura mugatzen baitu, eskumenak eskuratzeko lege aldaketaren aferari heldu gabe.

Konpromiso zehatzak alderdiei eta interpelazio zuzena Confebaski

LAB, ELA, STEILAS, HIRU eta ETXALDEren arabera, gutxieneko soldata propioa ez da aldarrikapen sinboliko bat, baizik eta tresna eraginkorra langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko; lan-harremanak bertan erabakitzeko bidea; pobrezia eta prekaritatea mugatzeko bitartekoa, eta soldata-arrakala murrizteko gakoa.

Alderdi politikoei eskatu diete interes alderdikoiak alde batera utzi eta euskal langileriaren mesedetan erabaki politiko ausartak hartzeko, dagokien ardura beren gain hartuz eta patronala modu argian interpelatuz. Zentzu horretan, sindikatuek deialdia helarazi diote Confebaski martxoaren 24rako negoziazio-mahai berrirako, eta bertaratu dadin exijitu diote. 

Azkenik, sindikatuek adierazi dute mobilizatzen eta presionatzen jarraituko dutela, instituzioek eta patronalak euren erantzukizuna har dezaten, eta gutxieneko soldata propioa errealitate bihur dadin. Ildo horretan, martxoaren 17rako deitutako greba orokorrak aldarrikapen horri bultzada erabakigarria emango diola ziurtatu dute, eta Hego Euskal Herriko langileei greba babestu eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete. 

LABek exijitu du Nafarroako zahar egoitzen hitzarmen propioa eta ohartarazi du aurrerapausorik ez badago presioa areagotuko duela

LAB sindikatua Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren (CEN) egoitzaren aurrean mobilizatu da gaur, sektoreko patronalei eskatzeko Nafarroako zahar egoitzetarako hitzarmen propio baten negoziazioan aurrera egin dezaten. Erakunde sindikalak salatu duenez, sektoreko enpresek diru publikoarekin irabaziak lortzen jarraitzen dute, langileak zahar egoitzen estatuko hitzarmenaren menpe mantentzen dituzten bitartean, non soldatak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) azpitik dauden.

LABek gogorarazi du historikoki defendatu duela bereziki prekarizatuta dagoen sektore bateko langileen lan eskubideak babestu eta bermatuko dituen foru hitzarmen bat sortzea. Hala ere, azaldu du LABek, patronalek urteak daramatzate hitzarmen honen negoziazioa luzatzen, eta egoera horrek, Nafarroako errealitate sozioekonomikoarekin bat ez datozen lan-baldintzak dakartza.

Martxoaren 17ko greba orokorrak garrantzi berezia du zahar egoitzen sektorean, langileek estatuko LGSren azpitik dauden soldatak jasotzen jarraitzen baitute. Deialdi honekin, LABek gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen du, langile hauen errealitateari eta sektorea estatalizatuta ez egoteari erantzungo diona.

Sindikatutik ohartarazi dutenez, egoera aldatzen ez bada, mobilizazioekin jarraituko dute eta kaleko presioa areagotuko dute, Nafarroako egoitzetako langileentzat eskubide eta baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen bat lortu arte. “Ez dugu onartuko zaintza negozio bihurtzea; baldintza duinak eskatzen ditugu zaintzen gaituztenentzat”, adierazi dute LABetik.

LAB, ELA, UGT eta CCOOk Administrazioari planto egin diote 2026ko EPEan benetako negoziaziorik ez dagoelako

Urtearen hasieran, 2026ko EPEaren oinarri orokorrak eta espezifikoak negoziatzeari ekin zitzaion. Hala ere, joan den martxoaren 3an zirriborro berria jaso ondoren, Mahai Sektorialean ordezkaritza duten lau sindikatuok salatu nahi dugu Administrazioak ez duela negoziatzeko benetako borondaterik erakusten. Dokumentuak ia ez du gutxieneko aldaketarik sartzen, eta alderdi garrantzitsuenak ukitu gabe uzten ditu. Alderdi horiek “azterketa” soil batera igortzen dira, negoziazio-konpromisorik gabe.

Egoera horren aurrean, EPEaren oinarriak — funtzionarioenak zein lan-kontratuko langileenak —, funtzionarioen lan-baldintzen akordioa eta lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboa berehala benetan negoziatzeko eskatzen dugu.

Hori dela eta, eta inposaketa-dinamika horren aurka gaudela adierazteko, lau sindikatuok planto egitea erabaki dugu, eta ez esertzea gaurko deitutako Mahai Sektorial Berezian. Administrazioak benetako negoziazio-borondatea erakusten duenean, berriro parte hartuko dugu. Ez ditugu onartuko negoziazio formaz mozorrotutako inposaketak. Oinarriek testu irekiak izan behar dute, alderdi guztietan negozia daitezkeenak, eta ez egintza burututzat aurkeztutako dokumentu itxiak.

Gogorarazi nahi dugu negoziatzeak esan nahi duela hitz egitea, proposamenak trukatzea eta konpromisoak hartzea, ez informatzea edo inposatzea. Plantillak prozesu serioa, gardena eta erabat negoziatua merezi du.

Martxoak 8. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, sindikalismo feminista!

Mundua irauli nahi dugu. Dena aldatu nahi dugu. Bizi dugun errealitatea eraldatzeko konpromisoa hartu genuen aspaldi, eta horretan ari gara.

Kapitalismoaren aro basatiena bizitzen ari gara une honetan. Aberastasun handiena munduko esku gutxi batzuetan metatzen ari da, eta geroz eta pertsona gehiago gaude pobrezian eta prekaritatean. Faxismoa, ultraeskuina, ideia erreakzionarioak, arrazistak, antifeministak, trans-baztertzaileak eta abar hedatzen ari diren testuinguru honetan, bizitza duinerako aukera geroz eta pertsona gutxiagoren eskura dago, eta, aldiz, gorrotoak, beldurrak eta kontrolak eztabaida eta agenda politikoak baldintzatzen dituzte.

Baina etsipena eta inmobilismoa eragin nahi dituztenen aurrean, feminismotik mundu honi aurre egiteko antolatzen gara. Aspaldi egin genuen hautua, eta sindikalismoa ere horretarako tresna dela sinesten dugu. Antolatu ginen emakumeok* lan munduan gure borroka propioak artikulatzeko lehenengo emakume* ordezkariak lortu genituenean; antolatu ginen Euskal Herriko herri eta hirietako kaleetan abortu eskubidearen aldeko mobilizazio masiboak egiteko; antolatu ginen merkataritzako langileek igandeetan ere lan egiteko mehatxuaren aurrean; antolatu ginen eta antolatzen ari gara etxeko langileen hitzarmen propioaren alde; eta antolatu ginen mugarri historikoa izan zen lehenengo Greba Feminista Orokorra antolatzeko, kapitalaren aurrean bizitza aldarrikatzeko, zaintzak eta guztion bizitzak erdigunean kokatzeko eta gorrotoa eta nekropolitikak salatzeko.

Ez dira gutxi lortutakoak. Eta gaur egun ere martxan gaude. Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialaren aurrean antolatzeko eta borrokatzeko aldarrikapenarekin aterako gara kalera, eta baita gaur egun sistemak eragiten dituen askotariko zapalkuntzen aurrean antolatzeko deia egitera ere; hala nola, indarkeria matxistaren aurkako estrategia kolektiboak garatzen kaleetan zein lan zentroetan eta, soldata arrakalaren aurkako borrokan urrats bat aurrera egiteko, gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra artikulatuz.

Izan ere, borroka horretan lehen lerroan egon nahi dugu. Guk geuk izan nahi dugu borroka horren protagonista, egoera aldatzeko giltza. Martxoaren 8an eta martxoaren 17an, emakume*, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude!

Sindikalismo feminista aldarrikatzeko eguna ere bada Martxoaren 8a, faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean aliantza feministak eraikitzen jarraitzekoa. Autoritarismoaren eta faxismoaren eskutik datorkigun kapitalismoaren berrantolaketaren aurrean, kontraboterezko sindikalismo feminista da gure errezeta. Feminismotik posible da beste mundu bat.

Borroka feministak merezi du!

LABek salatzen du euskara kaltetzeko eta administrazioaren euskalduntzea gelditzeko azpijokoa dagoela Errenteriako Udalaren 25 lanposturen Lan Eskaintza Publikoaren kontrako helegitean

Euskarak berme legalak behar ditu, eta LABek Eusko Legebiltzarra interpelatzen du, bide horretan, erabaki eraginkorrak hartu ditzan.

Atzo jakin genuen Errenteriako Udalak 25 lanposturen Lan Eskaintza Publikoa behin behinean bertan behera uzteko hartutako erabakia. LAB sindikatuak prozesuaren inguruan egin duen jarraipenak eta informazioak erakusten du egoera larri baten aurrean gaudela. Izan ere, baieztatu daiteke euskararen normalizazioaren kontra eremu euskarafoboak duen gurutzadan egindako ekimen planifikatu bat gehiago dela.

Lanpostu publikoa duen eta Errenteriako LEPean interesik ez duen langile bat (ez da azterketara aurkeztu ere) Errenteriako Udaleko Lan Eskaintza Publiko batez baliatu da LEP horren kontrako helegitea aurkezteko. LABek oso larritzat jotzen du kasu hau, erakusten baitu eremu euskarafoboak edozein egoera baliatu nahi duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioetan euskararen normalizazioan atzera egiteko eta, juridikoki, egoera gero eta gehiago okertzeko. Ez da kasualitatea bide honek CCOO elikatzen ari den bidearekin bat egitea, administrazioaren euskalduntzea oztopatzeko helburua partekatzen dutelako. LABen iritziz, helburu bera izateaz gain, estrategia eta plangintza partekatua ere badago azpijokoa aurrera eramateko.

Helegitearen bidez, Errenteriako Udaleko langileek euskararen normalizazioarekin eta Lan Eskaintza Publikoarekin ez daukaten arazo bat, era planifikatuan, arazo bilakatu nahi da, azpijoko zikina erabiliz, bitarteko langileen egoera finkatzeko tresnen kontra eginez eta euskararen normalizazioaren zein langileen kontra arituz. Onartezina den egoera sortzen ari dira.

Hori dela eta, LABek Errenteriako Udalari eskatzen dio, helegiteari errekurtsoa jartzeaz gain, etorkizunera begira 25 lanpostu horien hizkuntza eskakizunari eusteko.

Bide beretik, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten du LABek Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Euskal Enplegu Publikoaren lege moldaketan euskarari berme legalak emango dizkion erabakiak hartzea, administrazioan euskararen normalizazioak aurrera egin dezan. Euskara gaztelaniaren pare jartzeko exijitzen du LABek, ez besterik. Hortaz, LABek EAJ interpelatzen du euskararen kontrako PSE eta CCOO binomioari men egiteari utz diezaion eta euskarari gaztelaniaren pareko eskubideak aitortzeko proposamenarekin bat egin dezan; EH Bilduk egin duen lege proposamenarekin, alegia.

Bi hizkuntzak ofizialak diren heinean, LABek exijitzen du euskara gazteleraren maila berean kokatzeko eta administrazio osoko lanpostu guztiei sarbidean hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun-data ezartzeko. Hori egiaztatzeko denbora tarte bat beharko duten langileentzat EH Bilduk proposaturiko geroratze-indizearekin bat egiten du LABek, eta lanean ari diren langileak euskaldundu daitezen baliabide gehiago eta liberazioak eskatzen ditu, beste hainbat neurriren artean. Hau da, orain dagoen ikuspegia iraultzeko proposamena behar da, administrazio osoa euskalduna izateko, hortik beherako salbuespenak eta luzapenak baloratuz. 

Akordioa lortu dugu OTISen

Atzo arratsaldean, Langileen Asanbladak Langile Batzordeak lorturiko aurreakordioa bozkatu eta aho batez baiezkoa eman zion. Azken asteetako borroka eta negoziaketa luzeen ostean, denen indarrari esker lortu zen garaipena; harro egoteko modukoa izan da langileen borrokarako grina!

Akordioan; kaleratutako langilearekin eginiko akordio ekonomikoa, enpresak prozesuan izandako jarrera ezegokia aitortzea eta aurrerantzean modu berean ez jokatzeko bermeak ezarri dira. Alabaina, hau ez litzateke posible izango OTISeko langileen indarrik gabe. Garaipen hau, bi egunean produkzioa geratu eta grebaren erabateko jarraipenaren ondorio dela argi dugu. Horregatik, ZORIONAK denoi, eredu zarete!

Amaitzeko, LAB Sindikatutik, balioan jarri nahiko genuke borrokak kolektibizatzearen indarra. Beste behin, argi geratu da langileok indarrak batuta dugun gaitasuna zein den, eta hala jokatzen dugunean geldiezinak garela.

GORA LANGILEON BORROKA! 

1.300 ordezkari mobilizatu ditu LABek Martxoaren 3an

Langileen memoria eta kontraboterezko sindikalismo soziopolitikoak aldaketak eragiteko duen gaitasuna azpimarratu ditu LABek, eta, duela 50 urteko grebetan bezala, bi aste barrukoan ere euskal langileriak aberastasunaren banaketa eta soldata duinak ozen aldarrikatuko dituela gogoratu du.

Ordezkarien batzarra egin du LABek Gasteizko Europa Jauregian, eta bertan hitzartzea egin dute bi koordinatzaile orokorrek. Garbiñe Aranburuk nabarmendu du Martxoaren 3a oroimenerako eguna dela, borroka sindikala balioan jarri eta erronkei begiratzekoa. Gogoratu du 1976ko martxoan euskal langile mugimendua indartsu zegoela. “Eskubide laboralekin batera, aldarrikapen politikoek ere indar handia zuten”, zehaztu du eta honakoa gaineratu: “Ernaltzen ari zen loraldia zapuzteko saiakera argia izan zen martxoaren 3an poliziak egindako sarraskia”.

Horretan sakonduz, aitortu du orduan “mina eragin” zutela, baina huts egin zutela estrategian. “50 urte beranduago hemen gaude, indar handiagoz”. LAB sortu berria zen 1976ko martxoaren 3an, eta Aranburuk azpimarratu du, “bere txikitasunean, buru belarri inplikatu” zela. Aipatu du gauzak asko aldatu direla azken 50 urteetan. Egun, Euskal Herri osoan hedatutako sindikatu nazionala da LAB. Hazi egin da eta funtsezkoa izan da bertako ekosistema sindikala aberasteko. “LABek defendatutako ideiek babes zabala dute egun”, gaineratu du Aranburuk.

Azpimarratu du sindikatua aitzindaria izan dela hainbat arlotan. Duela 30 urte sortu zuen Emakume Idazkaritza, “sindikatua feminizatu eta emakumeei* dagokien tokia eginez lehenik, eta ,ondoren, borroka sindikala gizonen ondarea bakarrik ez dela argi utziz”. 

Egun bizi dugun olatu erreakzionarioa ere hizpide izan du Aranburuk, eta indarra hartzen ari direla antifeminismoa, homofobia, xenofobia eta euskarafobia. Horren aurrean, adierazi du “kontraboterezko sindikalismoa, feminista eta antirrazista” dela antidotoa. Eta gaineratu du “langile guztiak aintzat hartzea balio erreakzionarioei ateak ixtea” dela. “Langile guztiak antolatzen ditugu, ez dugu inor bazterrean utziko”, azpimarratu du 

LAB sindikatu soziopolitikoa dela ere gogoratu du Aranburuk: “Noski politikan eragin nahi dugula; aldaketa politikoak behartu nahi ditugu bizitza erdigunean jartzeko”. Hala ere, gogoratu du, hain testuinguru zailean, estatu egiturak ez izateak eta gure nazioa eta burujabetza aitortua ez izateak zaurgarriago egiten gaituela. “LAB beti izango da eragile aktiboa aldaketarako prozesu politikoa bultzatzeko”.

Igor Arroyok, bere aldetik, adierazi du duela 50 urteko gertakariak “oroitzeko, estatuaren bortizkeria salatzeko eta justizia eskatzeko” eguna dela gaurkoa, eta, era berean, “XX. mendeko grebak gogoan ditugula, XXI. mendeko grebak hauspotzeko eguna”. Horrela, nabarmendu du 1976ko sarraskiak zapuztu nahi izan zuen Gasteizen zabaltzen ari zen grebak orokor hartan aberastasunaren banaketa bidezkoagoa eskatzen zela. “Soldatak eta, oro har, lan baldintzak hobetzea. Denon artean sortutako aberastasuna denon artean banatzea. Eta horixe aldarrikatuko dugu martxoaren 17ko Greba Orokorrean”, zehaztu du. 

Lan sindikala goraipatu du Arroyok: “Zuek guztiok egindako ekarpenari esker, Euskal Herrian badago sindikalismo eraginkorra, patronalari aurre egiteko gaitasunarekin”. Azken urteetako ibilbideari erreparatuz, nabarmendu du gai izan garela pandemiatik hona borroka ziklo berri bat abian jartzeko. “Hamaika greba eta borroken bidez, hitzarmen asko berritzea lortu dugu. Ordezkaritza sindikalik gabeko sektoreak antolatu ditugu”.

Patronalak, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko soldata propioari bidea itxi diotela gogoratu du Arroyok, baina ezezko horren aurrean emandako erantzuna nabarmendu du: “Uste zuten konformatu egingo ginela, besoak gurutzatuta geratuko ginela? Ezta pentsatu ere. Greba Orokorrera goaz”.

Arroyok gaineratu du gehiengo sindikalak Greba Orokorrera deitu zuenetik gauzak mugitzen ari direla. “Harresi bikoitza jarri nahi ziguten, baina pitzadurak eragiten ari gara, bai negoziazio kolektiboan, baita maila politikoan ere”, zehaztu du.

Negoziazio kolektiboari dagokionez, patronala “urduri” dagoela gaineratu du. “Greba Orokorrak sektore askotako borrokak hauspotu ditu. Negoziazio mahaietan patronala bere eskaintza ekonomikoa hobetzen ari da, langileon ofentsibaren beldur delako”, azpimarratu du. Eremu politikoa aipatuz, EAJ eta PSE-PSN ere “urduri” daudela nabarmendu du. “Nafarroan, EH Bildurekin batera, Gero Baik gutxieneko soldata ezartzeko eskumenaren alde egin du. Madrilen inbestidurako blokean ahots ugarik egin dute aldarrikapen honen alde. Eta EAEn, Pradales eta Torres urduri daude, Confebask mugistu nahian dabiltza, presio politikoa euren gainetik kentzeko”, azaldu du Arroyok.

Martxoaren 17ko Greba Orokorrari “azken bultzada” emateko deiarekin amaitu du bere interbentzioa LABeko koordinatzaile orokorrak: “Zabaldu dezagun Greba Orokorra lantokiz lantoki, herriz herri, atez ate”.

“Ordukoa eta gaurkoa borroka beraren parte dira”

Langile borrokaren memoriak eta transmisioak ere leku garrantzitsua izan du ekitaldian. Martxoak 3 elkarteko eta LABeko zenbait kide Justizia idatzita zuen pankarta batekin eta krabelinak eskuetan hartuta oholtzar igo diren momentua izan da ekitaldiko une hunkigarrienetako bat. Santi Díaz de Espadak, duela 50 urteko gertakarien lekuko zuzena izan zenetako batek, hartu du hitza haien guztien izenean:“1976ko martxoaren 3 hartan hemen ginen, lan eta bizi baldintza hobeen alde borrokan”. Langile borrokak eta haren beharrak, 50 urte geroago, bere horretan jarraitzen dutela azpimarratu du Díaz de Espadak: “50 urte geroago, antolakuntza eta langile borroka dira gure bidea, eta LAB gure sindikatua. Hemen gaude, 50 urte geroago, greba orokor baten atarian, soldata hobeen defentsan. Ordukoa eta gaurkoa borroka beraren parte dira”.

Jarraian, Igor Txillon eta Maddalen Dorador LABeko kideak igo dira oholtzara, sindikatuko beste 20 ordezkararekin batera, elkartekoei lekukoa hartuta: “Zuen oinordekoak gara. Ez da haria eten. Borrokan jarraitu dugu eta jarraitzen dugu. Egun bizirik dauden hamaika borrokatan lan eta bizi baldintza duinen alde jarraitzen du LABek, eta horietako hainbatetan sindikatuko kideek egindako lana goratu zuten bi kideek. MICE abeslariak itxi du Martxoaren 3ko gertakariei eskainitako atala, Sugeak gara abestia kantatuz. 

Horrez gain, elkartasun internazionalistak ere izan du bere tokia ekitaldian, eta horren garrantziaz mintzatu zen Miriam Campos LABeko kidea, atzean nazioarteko hainbat sindikatutako kideak zituela; hala nola, Hegoafrika, Italia eta Greziakoak. 

Kantuan amaitu dute ekitaldia bertaratutakoek, eta, ondoren, manifestazioan joan dira Martxoak 3 plazara eta lore eskaintza egin dute bertan kokatuta dagoen monolitoan.

Gipuzkoako Mendizaleen Federazioko lan hitzarmena berritzea lortu dugu!

2025. urte bukaeran erori zen Gipuzkoako Mendizaleen Federazioko hitzarmena berritu dugu hurrengo hiru urteetarako.

Hitzarmen berri honen iraunaldian zehar 60 lan ordu gutxiago egitea adostu dugu: 2025. urteko 1.688 lan orduetatik 2028. urtean egin beharreko 1.628 lan orduetaraino jaistea, hain zuzen.

Soldaten eguneraketa KPI-tik gorakoa izatea ere lortu dugu, jakin badakigulako KPI-ari lotutako soldata igoerekin soilik ezin zaiola bizitzaren garestitzeari aurre egin. EAE-ko KPI + %1-eko soldata eguneraketak izango dituzte, hemen lan egiten baldin badugu hemen erabaki nahi dugulako ere.

Baja medikuen kasuan ere atzerapausorik ez dugu eman patronalak “absentismoaren” aitzakiarekin etengabe egiten duen erasoaren aurrean. Baja epealdian soldata osoa jasotzeko eskubidea bermatu diegu berriz ere langileei.

Familia eredu normatibotik aldentzen gaituen baimena ere lortu dugu eta honi esker, binkulograma ezarri ahal izan dugu, senitarteko harremanetik haragoko lagunak zaintzeko eskubidea bermatzen duena, Langileon Estatutuan zehazten den 2. graduko ahaidetasunaren eskubide berdinekin.

Gora langileon borroka!

Otis Mobility enpresako langileak 5 eguneko grebaren atarian

OTISeko Donostiako plantako langileek gaur izan dute martxoaren 6ra arte luzatuko den greba deialdiaren lehen eguna. Enpresak modu arbitrarioan burutu zuen kaleratzearen ondorioz, eta otsailaren 12ko Langile Asanbladak gehiengo zabalez bide emanda, hasi dute aste honetan zehar luzatuko den borrokaldia.

Bertan, Langile Batzordeak bi aldarrikapen nagusi ditu: alde batetik, enpresak harturiko erabakian atzera egin eta jazarritako langilea berehala onartzea. Bestetik aldiz, enpresak kaleratzean izan duen jarrera salatu eta honelako jarrerarik onartuko ez duela jakinaraztea.

Hau honela, hainbat mobilizazio egingo dituzte langileek aste osoan zehar. Aipatzekoak dira besteak beste; asteazkenean 11:00tan Donostiako Boulevardetik abiatuko den manifestazioa edota ostegunean 12:30 OTIS enpresa bertatik hasita burutuko dutena.