2026-06-05
HomeEkintza SindikalaLABek salatzen du euskara kaltetzeko eta administrazioaren euskalduntzea gelditzeko azpijokoa dagoela Errenteriako...

LABek salatzen du euskara kaltetzeko eta administrazioaren euskalduntzea gelditzeko azpijokoa dagoela Errenteriako Udalaren 25 lanposturen Lan Eskaintza Publikoaren kontrako helegitean

Euskarak berme legalak behar ditu, eta LABek Eusko Legebiltzarra interpelatzen du, bide horretan, erabaki eraginkorrak hartu ditzan.

Atzo jakin genuen Errenteriako Udalak 25 lanposturen Lan Eskaintza Publikoa behin behinean bertan behera uzteko hartutako erabakia. LAB sindikatuak prozesuaren inguruan egin duen jarraipenak eta informazioak erakusten du egoera larri baten aurrean gaudela. Izan ere, baieztatu daiteke euskararen normalizazioaren kontra eremu euskarafoboak duen gurutzadan egindako ekimen planifikatu bat gehiago dela.

Lanpostu publikoa duen eta Errenteriako LEPean interesik ez duen langile bat (ez da azterketara aurkeztu ere) Errenteriako Udaleko Lan Eskaintza Publiko batez baliatu da LEP horren kontrako helegitea aurkezteko. LABek oso larritzat jotzen du kasu hau, erakusten baitu eremu euskarafoboak edozein egoera baliatu nahi duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioetan euskararen normalizazioan atzera egiteko eta, juridikoki, egoera gero eta gehiago okertzeko. Ez da kasualitatea bide honek CCOO elikatzen ari den bidearekin bat egitea, administrazioaren euskalduntzea oztopatzeko helburua partekatzen dutelako. LABen iritziz, helburu bera izateaz gain, estrategia eta plangintza partekatua ere badago azpijokoa aurrera eramateko.

Helegitearen bidez, Errenteriako Udaleko langileek euskararen normalizazioarekin eta Lan Eskaintza Publikoarekin ez daukaten arazo bat, era planifikatuan, arazo bilakatu nahi da, azpijoko zikina erabiliz, bitarteko langileen egoera finkatzeko tresnen kontra eginez eta euskararen normalizazioaren zein langileen kontra arituz. Onartezina den egoera sortzen ari dira.

Hori dela eta, LABek Errenteriako Udalari eskatzen dio, helegiteari errekurtsoa jartzeaz gain, etorkizunera begira 25 lanpostu horien hizkuntza eskakizunari eusteko.

Bide beretik, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten du LABek Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Euskal Enplegu Publikoaren lege moldaketan euskarari berme legalak emango dizkion erabakiak hartzea, administrazioan euskararen normalizazioak aurrera egin dezan. Euskara gaztelaniaren pare jartzeko exijitzen du LABek, ez besterik. Hortaz, LABek EAJ interpelatzen du euskararen kontrako PSE eta CCOO binomioari men egiteari utz diezaion eta euskarari gaztelaniaren pareko eskubideak aitortzeko proposamenarekin bat egin dezan; EH Bilduk egin duen lege proposamenarekin, alegia.

Bi hizkuntzak ofizialak diren heinean, LABek exijitzen du euskara gazteleraren maila berean kokatzeko eta administrazio osoko lanpostu guztiei sarbidean hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun-data ezartzeko. Hori egiaztatzeko denbora tarte bat beharko duten langileentzat EH Bilduk proposaturiko geroratze-indizearekin bat egiten du LABek, eta lanean ari diren langileak euskaldundu daitezen baliabide gehiago eta liberazioak eskatzen ditu, beste hainbat neurriren artean. Hau da, orain dagoen ikuspegia iraultzeko proposamena behar da, administrazio osoa euskalduna izateko, hortik beherako salbuespenak eta luzapenak baloratuz. 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Igor Arroyo: “Euskal Herrian badago agendan eragiteko borrokak antolatzeko ahalmena”

LABeko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan izan da gaur, Oihane Yustosek eginiko elkarrizketari erantzuten.

Udal langileek gaurko greba egunean argi utzi diete alderdi politikoei haien lan baldintzen aldeko borrokan tinko jarraituko dutela

Eudelek pasa den astean helarazitako proposamena ez da nahikoa, aldarrikapen batzuk eta zehaztasunak falta dituelako. LABek eta ELAk positiboki baloratzen dugu sektoreko greben eta mobilizazioen ondorioz eduki batzuk mahaira ekartzea lortu izana. Era berean, adierazten dugu, aurrerapauso gehiago egin ezean, sektoreko greba eta mobilizazio dinamikan sakontzea baloratuko dugula.

LABek salatu du baliabide eta protokolo faltak agerian geratu direla Gardelegiko zabortegian izandako sute berriaren ondoren

Atzo arratsaldean Gardelegiko zabortegian izandako sutearen harira, LABetik publikoki salatu nahi dugu langileek horrelako gertakarietan jasaten duten arrisku egoera. Atzokoa ez da gertakari isolatu bat...