2026-01-12
Blog Page 299

Xedapen gehigarriak proposatuko ditugu, EAEko Hezkuntza Legeak langileen eskubideak berma ditzan

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Irakaskuntzako arduradun Irati Tobarrek agerraldia egin dute,  EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren balorazioa egiteko eta urriaren 6rako, Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren defentsan, egingo dugun mobilizazioa iragartzeko (Gasteiz, Bilbo plaza, 12:00). Izan ere, langileen aldarrikapenak kontuan izan eta Hezkuntza Legean eragiten jarraitzeko mobilizazioaren beharra dagoela azpimarratu dugu.

Hezkuntza Legeak Euskal Eskola Publiko Komunitariorako, sare publiko eta berri baterako, trantsizio bidea izan behar duela uste dugu, eta horretarako Hezkuntza Legearen zirriborroak baduela zer hobetu iritzi dugu.

1. Hezkuntza Sistema Propio bat garatzeko dituen gabeziak zuzendu behar dira

  • Ez du ezer esaten Euskal Herriak bere hezkuntza sistema burujabea eratzeko duen eskubideaz. Indarrean dagoen Autonomia Estatutuak ez du hezkuntza gaietan eskuduntza osorik barnebiltzen; beraz, hezkuntza eskumen osoaren transferentzia eta hezkuntza gaietan erabaki ahalmen osoa beharrezkoa dela jaso behar da.
  • Euskal currriculuma garatu eta hezkuntza-sistema osoan ezarri behar da. Lege-proiektuak jaso beharko luke, epe motzean. Jaurlaritzak bere eskumen guztiak baliatuta, adituekin eta eragileekin elkarlanean, euskal curriculuma osatzea eskatzen dugu.
  • Langileria propioa izan eta arautzeko eskubidea jaso behar da.

2. Langileen eskubideei dagokienez, xedapen gehigarriak proposatuko ditugu. Atal honetan legeak gabezia handiak dituela uste dugu

  • Titularitate publikoko ikastetxeetako langileei dagokienez, Hezkuntza Sailak enpleguari eutsi eta egun dagoen langileen lanpostu zerrenda ezingo du gutxitu lege hau indarrean dagoen bitartean.
  • Itundutako ikastetxeen langileak langile publikoekin homologatzea planteatuko dugu, baita zerbitzuetako langileen lan-baldintzak langile publikoen baldintzekin homologatzekoa ere.
  • Sarbide gardenerako araubidea arautu behar da urtebeteko epean. Prozedura arautu honek, gardena izan dadin, derrigorrez jasoko ditu meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioak bermatu eta eskaintzen publizitatearen inguruko betebeharrak.
  • Pribatizaturiko zerbitzuen errebertsioa eta publifikazio prozesuak. Legea indarrean jarri eta urtebeteko epean, errebertsio prozesuez aritzeko plangintza garatuko du. Lehentasunez, azpikontrataturik dauden garbitzaile, jantokiko hezitzaile eta autobusetako langileen lehengoratzea.

3. Eskola publikoak hezkuntza sisteman ardatz izan behar duela aldarrikatzen dugu

  • Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa berehala aurkeztea eskatzen dugu. Bertan, azpiegituretara edo edo lan baldintzen alorrean dauden beharretara bideratzen den inbertsioa kuantifikatuko da.
  • Publifikazio araudia zehaztu behar da, horrela nahi duten ikastetxeek, beti ere alde sozialarekin negoziatuta, aukera izan dezaten.
  • Haurreskolak Patzuergo Publikoa indartu eta hedatu egingo da. Bertatik bermatuko da eskaintza unibertsal, kalitatezko eta doakoa.

4. Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatzen duten ikastetxeen betebeharrak gehiago zehaztea eskatzen dugu

  • Euskalduntzea: gai honetan zehaztasun falta sumatzen dugu. Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas eredu bakarra ezarri behar da, egungo hizkuntza ereduak gaindituz.
  • Laikotasuna: oso modu lausoan agertzen da. Ez du bermatzen diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan doktrinamendu erlijiosorik ez dutenik egingo.
  • Inklusioa: segregazioari aurre egiteko asmo eta neurri batzuk jaso arren, hemen ere zehaztasuna falta da. Ikasleak onartzeko prozedura bakar bat arautu behar da eta horretan Udal Hezkuntza Kontseiluaren eskumenak zehazteko zuzenketa planteatzen dugu.

Zehazten diren betebeharrak, betearazteko kontrol mekanismoak, ez dira batera argiak. Diru publikoaren erabilera egokia ziurtatzeko, auditoria ekonomiko lanak egingo dituen administrazio unitate berri bat sortzea proposatzen dugu. Era berean, ez du ezer esaten, baina legean jaso behar da betebeharrak betetzen ez dituzten ikastetxeei ituna kendu egingo zaiela.

Neurri hauen guztien gauzapena posible izan dadin, hezkuntzarako inbertsio nahikoa bideratu beharko da. Lege bidez, hezkuntza arloan urtero dagoen aurrekontu-proiektua ezin da BPGren %6a baino gutxiagokoa izan.

Amaitzeko, Euskal Eskola Publiko eta Komunitarioa helburu, Hezkuntza Legea bide horretan trantsiziorako legea izan dadin, eragiten jarraitu beharra dago. Horretako mobilizazioa beharrezkoa dela uste dugu. LABek urriaren 6an Gasteizen mobilizazio propioa deituko du (Bilbo plaza, 12:00), eta jarraituko du bestelako eragile sindikal eta sozialekin ere norabide honetan adostasunak bilatzen.

Arcelorrek langileetaz irri egiten jarraitzen du

Atzo eta gaur egindako negoziaketa bileretan enpresak entzungor egin die sindikatuok egindako dokumentazio eskariari.

Azken bi egunetan burututako kontsulta epeko bileretan alde sozialeko ordezkariok hainbat dokumentazio ekonomiko eskatu egin diogu Arcelorreri. Enpresak dokumentazio hori ez du erraztu eta bere harridura adierazi du bi egunetan, esanez ez duela ulertzen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente (ABEEE) produktibo batean informazio ekonomikoa eskatzea.

LABen garbi dugu Arcelorrek aurkeztutako ABEEE espekulatiboan enpresaren egoera ekonomikoak izugarrizko garrantzia duela, bere planteamendua altzairu eta argindarraren prezioen igoera koiunturaletan oinarritzen delako, eta ziur gaudelako badituzten irabazi ekonomiko basatiak nahikoak direla horiek asumitzeko eta ez dela inongo beharrik langileak prekarizatzeko.

Aipatutako eskaerei ihes egiteko nahian, enpresak aipatu egin du soldatak % 75 bitarte konpentsatzeko prest dagoela. Alde sozialetik argi eta garbi adierazi diogu edozein planteamendu egin baino lehenago eskatutako informazioa ematea ezin bestekoa dela.

Mahaia datorren asteko ostegun eta ostiralean elkartuko da berriro, espero dugu ordurako alde sozialaren eskaerak kontuan hartu izana.

Grebara deitu dugu irailaren 28rako Arabako helduen egoitzetan

LAB eta ELA sindikatuok deituta, Arabako helduen egoitzetako langileek greba eguna egingo dute datorren irailaren 28an, hitzarmen duin baten alde.

Negoziazioa blokeatuta dago otsailetik, eta patronalak ez du proposamenik egin, joan den uztailean agindutakoaren kontra. Hain zuzen ere, Aldundiak bi aldeak elkartzeko deitutako bilera hartan patronalak negoziazio berri baterako deialdia eta proposamen ekonomiko bat egiteko konpromisoa hartu zuen, eta ez du bete.

Hala, mobilizazioa beste biderik ez dugu eta irailaren 28an, greba egunaren baitan, manifestazioa egingo dugu 11:00etan, Gasteizko erdigunetik.

Bi sindikatuon irakurketa:

LABek eta ELAk beste greba-egun bat deitu dute Arabako egoitza pribatuetan, irailaren 28rako. Bertan, manifestazioa egingo da goizeko 11etan Albertia Campus egoitzatik (Nieves Cano), Gasteizko erdigunean dauden egoitzetan barrena, Aldundira iritsi arte.

Negoziazioa blokeatuta dago 2022ko otsailetik, LAB eta ELA, eta negoziazio mahaitik altxatzea erabaki genuen patronalak plataformako edozein artikulu aldatzeari uko egin ondoren. Azken horrek egoitza pribatuen eta hirugarren adinekoen etxebizitza komunitarioen sektoreko langileen prekarietatea betikotzen du, sektoreko langileek 2026an 1200 euro kobratzea nahi baitu, azken bi urte hauetan KPIren % 16ko karga metatuarekin eta 1742 orduko lanaldi nekagarria landuz.

Blokeo horren ondoren, Aldundiak bi aldeak (sindikatuak eta patronala) bilera batera deitu gintuen uztailean, negoziazioaren egungo egoera aztertzeko. Hortik atera zen enpresaren partetik negoziazio mahai berri baterako deialdia lehenbailehen egiteko konpromisoa, eta patronalak sindikatuei proposamen ekonomiko berri bat helarazteko konpromisoa hartu zuen. Gaur egun oraindik ez dugu berririk, eta, beraz, agerian uzten digu patronalak negoziatzeko duen jarrera eskasa.

Patronalaren pasibotasun horren aurrean, LAB eta ELA ez gaude prest sektoreko langileen egoera kaskarra luzatzeko. Hiru urte kalean, asteazkenero, kosta egin zitzaigun negoziazio-mahai bat lortzea, egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen probintziala negoziatzeko; beraz, ez gara geldituko mahaia berpiztu arte, negoziatzen jarraitu arte eta egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak behin betiko duindu arte.

LABek eta ELAk berriz ere aldarrikatzen dugu premiazkoa dela sektore feminizatu honetako langileak saritzea eta balioestea. Sektore hori funtsezkoa da, eta emakume horiek adinekoen bizitzari eusten diote. Eskatzen dugu behingoz behar bezala arautzea zainketa-sektore honen lana egiteko baldintzak, Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langileek betetzen duten funtsezko funtzioa duinduz.

Horregatik guztiagatik, beste greba-egun bat deitu dugu asteazkenerako, irailaren 28rako, eta horri hainbat dinamika, mobilizazio eta greba-egun gehituko zaizkio datozen hilabeteetan, patronalak negoziazioak aurrera egiteko konpromisorik hartzen ez badu. badu.

Correoseko enplegu finkapenaren testuinguruan ematen diren iruzurrak salatu ditugu

Correoseko enplegu finkapena iragartzen den bakoitzean ematen diren engainu ugarien berri eman nahi du bertako LABen atal sindikalak. Akademiek salerosketari ekiten diote gai-zerrendak eta ikastaroekin, eta herritarren beharraz eta prekaritateaz baliatzen dira dirua egiteko, datuak eta abar lortzeko. Askotan, enpresaren argazkiak edo logotipoak erabiltzen dituzte. Era berean, Correoseko sindikatu batzuek gai- zerrendak saltzeko eta afiliazioak eskatzeko izena eman dute, azterketaren aitzakiarekin.

Batzuek ikusarazten dute oposizioa dela, baina ez da horrela, eta jendeak pentsa dezake funtzionario-plaza baterako dela. Deituko diren plazak lan-kontratudun finkoak izango dira. Erretiro-adinen, soldaten, ordutegien eta lanaldien inguruko egia erdiak. Ez dute zalantzarik edozer esaten jendeak izena eman dezan.

Orain arte egia izan den gauza bakarra da Estatuan 7.757 plaza deituko direla. Gauza asko falta dira argitaratzeko, hala nola probintzia bakoitzean ateratzen diren plazak eta mota (oinez egindako banaketa, motordun banaketa, bezeroarentzako arreta, agentea/sailkapena, lanaldi partziala edo lanaldi osoa), azterketari emango zaion puntuazioa, mozketa-nota, merezimenduen araberako puntuazioa, azterketa-data edo azterketan sartuko diren gaiak.

Correosek 2022ko maiatzaren 27an argitaratutako oinarrietan honako hau irakur daiteke: “Correosek eduki propio eta ofizialak prestatu eta argitaratuko ditu oinarri hauen arabera, eta horiek merkaturatu eta publiko orokorraren esku jarriko ditu sarrera-prozesu honen lehen fasean”.

“Correosek ez du bere gain hartzen gaur egun editatuta dauden eduki edo gaien gaineko erantzukizunik edo espezializatutako liburu-dendetan, oposizio-akademietan edo antzekoetan merkaturatuak”.

LABek Correosen webgune ofizialean argitaratuko diren oinarri ofizialei itxarotea gomendatzen du, eta ez ematea datu pertsonalik, dirurik, etab. enpresei eta sindikatuei, putreak bezala beren egoera hobetu nahi duten lan-prekaritate handiko pertsonez baliatzen baitira.

Antolatzeko eta borrokara batzeko deia luzatzen diegu Gipuzkoako helduen egoitzetako langileei

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek urteak daramatzate hitzarmen baten alde grebak egiten eta negoziazio kolektiboaren baitan borrokan bi helburu argirekin: batetik, lan baldintza duinak lortzea gipuzkoarroi eskaintzen diguten zerbitzua kalitatezkoa eta goxoa izan dadin, eta bestetik, sektore feminizatu eta prekarizatu honi gizartean behar duen lekua eta aintzatespena ematea.

Borroka luze honen bidean, langileon negoziazio kolektiborako gaitasuna nabarmen murriztu zuen grebarako eskubidea urratuz, %100 zerbitzu minimoen inposatzeak. Eta orain, % 7ko ordezkaritza duen UGTk hitzarmena gutxiengoan sinatzeak egoera hori areagotu du, negoziazio kolektiboa izan beharko lukeena guztiz desitxuratuz.

Langileriaren gehiengoaren aurka sinatu dute eta gehienen baldintzak ez ditu hobetuko. Gainera, langileen arteko ezberdintasunetan sakonduko du. Sektore guztiarentzat lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat behar dugu, bai langileok bai gipuzkoarrok ere.

Honen guztiaren aurrean, LAB sindikatuak adierazi nahi du Patronalak eta Diputazioak erantzukizun zuzena dutela langileen prekarizazioan, hauek zerbitzu publikoen pribatizazioaren mesedetan, lotsarik gabe ari direlako langileen lan baldintzak okertzen eta langileen eskubideak urratzen. Oraingoan ere, UGT izan dute ezinbesteko aliatu sektore honetako langileenganako enegarren traizioa burutzeko.

Bestalde, LAB sindikatutik gure babesa adierazten diogu ELAk hasitako bide judizialari.

Gure indarrak eta baliabideak, langileen eskubideak zentroz zentro eta herriz herri defendatuz eta borrokatuz jarriko ditugu; eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak bilatzen duen pribatizazioaren aurka tinko borrokatuko dugu.

Langile hauek Gipuzkoako helduen zaintza kalitatezkoa eta duina izateko borrokan ari dira, gipuzkoar guztion eskubideen alde, eta merezi dute errekonozimendua eta lan baldintza duinak bermatuta izatea.

Deialdia egin nahi dugu, herri bakoitzean kokatzen diren zentroetako langile, egoilar, senide eta gizarte mugimenduak batu eta antolatu gaitezen zaintza lanak erdigunean jarriz gure eskubideen alde eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurka.

“Ez gara egongo erosteko ahalmena galtzea dakarten itunetan”

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak elkarrizketatu dituzte Radio Popular eta Radio Vitorian, hurrenez hurren, eta lorpenak erdiesteko mobilizazioa dela bidea berretsi dute, hainbat lan gatazka adibide.

Sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute ez dugula onartuko langileek eros-ahalmenik galtzea: “Sindikatuak onartuko ez duen marra gorri bat da”. Izan ere, koordinatzaile orokorren hitzetan, “ez gara egongo langileek erosteko ahalmena galtzea dakarten itunetan”.

Gipuzkoako elikagaigintza sektoreko langileek Adegira eraman dituzte euren aldarriak

LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok deituta, elkarretaratzea egin dugu Donostian, Adegi patronalaren aurrean, Gipuzkoako elikagaigintzako hitzarmenaren defentsan. Langileek funtsezkoak direla aldarrikatu eta hitzarmen duin baten alde mobilizatzen jarraituko dutela jakinarazi dute.

Sindikatuon oharra, gaurko protestaren harira:

Azken bilera joan den irailaren 16ean egin zen, eta bertan ere ez genuen ADEGIren proposamenik izan, bere ezezko mugiezina edukirik gabe dago eta betoak soilik jaso ditugu: ez lanaldi-murrizketari, ez igoerak soldata errealean jasotzeari eta ez dute kpi-a ere jartzen mahai gainean. Beraz, negoziazioa (nahiz eta hasi berria den) blokeatuta dago jada.

Dakizuenez, martxoaren 17an Gipuzkoako elikagaien industria eta merkataritzako hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zen, eta apirilaren 29an lehenengo bilera egin zen. Bertan, sindikatuek egindako plataforma bateratua aurkeztu genion patronalari, sektoreko langileen eskaera guztiak jasotzen zituena. Hona hemen plataforman aurkeztutako aldarrikapenetako batzuk:

• KPI + % 3ko soldata-igoera eta gutxieneko soldataren igoera

• Lanaldi-murrizketak (urteko lanaldia murriztea, atsedenaldia benetako lan-denbora izatea…)

• Gauean lan egiteagatik plusa, lanaldi zatitua izateagatik plusa, kilomentrajea, etab.

• Sailkapen profesionalak birplanteatzea

• Partzialtasunaren aurreko neurriak (ordu gehiago finkatzea eta lanaldia luzatzeko prozedura)

• Hobekuntzak lizentzietan eta eszedentzietan

• Eta askoz eskaera eta aldarrikapen gehiago

Badakigu aurkeztu dugun eta defendatuko dugun plataforma anbiziotsua dela, baina gelditu ez den sektore bateko langile guztien errealitatea islatzen du, pandemiaren garaian eta gaur egun bizi dugun abagunean lehen lerroan egon dena. Egiaztatu dugu, beste behin ere, enpresak aberastu egin direla zuetako bakoitzaren lanaren eta ahaleginaren kontura.


Ekainaren 8an berriro elkartu ginen patronalaren erantzuna jasotzeko, eta ADEGIk ordubete eman zuen kalifikazioak entzuten, hala nola: «Neurrigabeko proposamena», «Plataforma irreala eta abusuzkoa» edo «hau ez da negoziatzen hasteko oinarri bat». FEDERACION MERCANTIL da alderdi sozialak egindako proposamenari erantzuna eman zion bakarra. Eta, hala ere, ezer gutxi baloratu dezakegu kontuan hartuta ptronal honek ez duela gehiengorik eraginkortasun orokorreko hitzarmen bat sinatzeko.

Datorren urriaren 20ean beste bilera bat dugu. Sindikatuok eduki proposamen bat ekartzeko eskatu diogu patronalari. Baina argi dugu erosteko ahalmena bermatzeko, hala nola beste arlo batzuetako lan-hobekuntzak eskuratzeko, beharrezkoa dela kaletik presioa egitea.

Horren aurrean, sindikatuok langileen alde defendatzen eta negoziatzen jarraituko dugu. Hobekuntzak soilik onartuko ditugu, atzerapausorik ez!

Bigarrenez geldiarazi dugu informatika zerbitzuak pribatizatzeko Osakidetzaren saiakera

Osakidetzan Informazio eta Komunikazio Teknologietarako (IKT) proiektuetarako bulego bat sortzeko pleguan jasotzen den informatikako lanak kanpora ateratzeko bigarren saiakera kautelaz gelditu du LABek.

Joan den ekainean, LAB sindikatuak Osakidetzan IKT proiektuetarako bulego bat sortzeari lotutako lanen kanporatzea geldiaraztea lortu zuen. Kanporatze horrek gutxienez 22 lan-kontratu dakartza eta 11.000.000 eurotako kostua.

Orduan salatu genuen bezala, kanporatze hori, bere lehen saiakeran, ez zegoen kontratazio publikoaren legeak ezartzen duen moduan justifikatuta LABen zerbitzu juridikoentzat. Eta hori izan zen, hain zuzen ere, kautelazko geldiaraztearen aurrean eta gure salaketa ezagututa, Osakidetzak prozedura bertan behera uztearen arrazoia. Lan horiek 11.000.000 euroko balioa zuten.

Abuztu betean, bigarren saiakera bat egin zuten, eta plegua ia berdina dela egia den arren, aldaketak plegu horren lehen mailako eta jatorrizko gaietan eman dira batez ere: justifikazioan.

Bigarren ahalegin honetan, Osakidetza, lan horiek kanpora ateratzea euren “konplexutasunagatik” dela arrazoitzen saiatu da. Arrazoi hori hutsaren hurrengoa da, Osakidetzak badituelako espedientean eskatzen diren lanak egiteko gaitutako lanbide-profilak. Osakidetza, gainera, haratago doa konplexutasun handiko lan horiek zehaztuz: datu handien ezagutza, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, cloud, etab.

Ezagutza horiek guztiak ingeniari informatiko bati dagozkionak dira, Osakidetzako plantillaren parte den profil- profesionala hain zuzen ere. Baina hori gutxi izango balitz, konplexutasun handiko lan horiek, kategoria horretarako lan-eskaintza publikoetan eskatzen diren gaitegietako parte diren ezagutzak dira. Beraz, eskaintza horiek bulegoa sortzeak eskatzen dituen trebetasunekin bat datorren jendea hautatzeko moduan diseinatuta daude.

LABek ez du zalantzan jartzen lan horien konplexutasuna. Izan ere, kualifikazio handiko lanak dira, baina Osakidetzak, hain zuzen ere, ezin du justifikatu lanak kanpora ateratzea konplexuak direlako, erakundeko profesionalok konplexutasun handiko lanak egiten baititugu egunero. Justifikazio hori baliozkoa balitz, Osakidetzako plantillak gaur egun egindako edozein lan kanporatu liteke, horretarako gaitutako langileak izan arren.

Plegu hori bigarrenez gelditzea lortu dugu, oraingoz kautelaz, harik eta organo eskudunak egoera zehatza aztertu arte. Egoera honek Osakidetzak egitura nahikoa duten lanak kanpora ateratzeko egin duen apustu irmoa agerian uzten du. Gogorarazi behar dugu Osakidetzan informatikako zuzendariordetza bat dagoela, eta horri dagokiola lan horiek koordinatzea, dagozkion kontratazioak egitea eta enpresa pribatuak diru publikoarekin aberasteko agiriak ez idaztea, oraingo honetan Europako “Next Generation” funtsetatik datorren diru publikoa.

Idatzitako pleguen arabera, lan horiek 23 lanpostu sortuko lituzkete Osakidetzan, baina nahiago dute kanpoko enpresei 11.000.000 euro ordaindu.

Osakidetzako kategoria batzuk Jaurlaritzaren pribatizazio-ekintza eta estrategiaren erdigunean daude duela urte asko, eta helburua da horiek Osakidetzaren ekosistematik desagerraraztea: mantentze-lanak, informatika, sukaldeak, garbitegiak, anbulantziak etab.

LABek ez du onartuko hori gertatzen jarraitzea halako inpunitate mailarekin, profesionalekiko mespretxuarekin eta maltzurkeriarekin. Horregatik, langile guztiei dei egiten diegu apurka-apurka eraispen-estrategia etengabe eta planifikatu horren aurrean erantzuteko.

PAI Dekretua, hezkuntza ereduz mozorratutako euskararen aurkako atentatua Nafarroan

Hezkuntza Departamentuak bilera bat deitu du bertaratutako eragileek PAI programa hezkuntza-eredu bihurtzeko ekarpenak egin ditzaten. LABek, mahaitik altxatuta, alde egin du. Guk eleaniztasuna babesten dugu, baina betiere berezko hizkuntzen aurka egiten ez badu, hau da, euskararen aurka.

Hezkuntza Departamentuak abian jarri du PAI programa (Hizkuntzen Ikaskuntzarako Programa) Hezkuntza Eredu gisa arautuko duen foru dekretua lantzeko egitasmoa. Nafarroako herritarrengan interes pedagogiko handia sortzen duela, eskaera ere aparta duela eta  Foru Komunitatean esperientzia zabal bezain positiboa duela argudiatuz, hainbat hezkuntza-eragile deitu ditu –LAB sindikatua besteak beste– hauek beren ekarpenak egin ditzaten. Azaldu dutenez, jarraian, kanpoko aholkularitza-enpresa batek aztertuko ditu, eta horrela, hizkuntzak ikasteko programetarako arau bat sortuko dute.

LABen ordezkariek bileratik alde egin dugu, ez baitugu babesten orain arte programak zirenak gure berezko hizkuntzetako baten kalterako diren eredu bihurtzen dituzten proiektuak (ez dugu ahaztu behar PAI programa D ereduari eraso egiteko asmo nagusiarekin sortu zutela). Hau da, lege horren bitartez, atzerriko hizkuntzen programa horiek D, G eta A ereduekin parekatu nahi ditu Hezkuntzak; aldi berean euskara erasotuz, Nafarroako berezko hizkuntza dena.

LABen eleaniztasunaren eta hizkuntza-murgiltzearen aldeko apustua egiten dugu, baina atzerriko hizkuntzak modu orekatu eta koherentean landu behar direla uste dugu, gainerako gaitasunak eskuratzeari eta berezko hizkuntzak menderatzeari kalterik eragin gabe; eta horixe da gaur-gaurkoz programa horiek egiten dutena.

Horrez gain, LABetik Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu eman diezazkigula behin eta berriz aipatzen dituzten datu objektibo horiek, zeinek ziurtatzen omen duten PAI programa hain pedagogikoa dela, halako eskaera handia duela –gogoratu, Kastejoneko ikastetxeak egin zuen bezala, azken urteotan beste zenbait zentruk ere programatik ateratzeko eskatu dutela– eta halako esperientzia positiboa duela. Non daude hezkuntza-eredu bat sortzeko lege-aldaketa bermatzen duten txosten horiek? Are gehiago; Madrilgo hezkuntza-sistemaren txosten batzuek horrelako programen aurka egiten dute zuzen-zuzenki, ematen zaizkien bertute pedagogiko horiek ez direlako inondik inora ere frogatutzat eman.

Azkenik, LABek gogor kritikatu du Departamentuak proiektu hau garatzeko kanpoko aholkularitza kontratatzea erabaki izana. Ez al du Departamentuak kanpoko gasturik egin beharrik gabe lan hori egin dezakeen langilerik?

LABen izugarria eta onartezina iruditzen zaigu PAI hezkuntza-eredu bihurtzea; batetik, gure nortasunaren aurka egiten duelako, eta bestetik, frogatutako onura pedagogikorik gabeko programa delako. Horregatik, gure haserrea eta gaitzespena erakusten jarraituko dugu, eta EZ esango diogu PAI Dekretuari, eta BAI, aldiz, hizkuntza-murgiltze eredu bati, Nafarroako ikasle guztiek beren hizkuntzan ikasi ahal izan dezaten.