2026-05-01
Blog Page 292

Aniztasun funtzionalaren sektoreko enpresetan hitzarmenak berehala berritzeko eskatu dugu

Gorabide, Gaude, eta Ibarrako (Orozko) Madres Mercedariaseko enpresa batzordeak grebara atera gara eta Bilboko kaleetan zehar mobilizatu gara. Langileok gure hitzarmenak berritzeko eta gure lan-baldintzak hobetzeko borrokan ari gara, atzo bertan Apnabiren kasuan lortu genuen bezala. Apnabik ere aniztasun funtzionalaren sektorean lan egiten du, gainerakoek bezala.

Hain zuzen ere, Apnabikoek gaurko mobilizazioan parte hartzeko asmoa zuten, greba egunak deitu baitzituzten otsailaren 8rako eta 9rako. Hala ere, atzo bertan, otsailak 7, lortu zuten, egindako borrokari esker, hitzarmena sinatzea. Beraz, azkenean greba horiek bertan behera utzi dituzte.

Gaude, Gorabide eta Madres Mercedariasen kasuan, gaur goizean blokeka joan gara Moyua plazaraino, eta han elkartu gara foru jauregiraino manifestazioan joateko.

Gaur egun, gure lan-baldintzak zein gure enpresen hitzarmenak berritzeko ahaleginetan ari gara, egun ditugun lan-baldintzak hobetu daitezen. Hainbat kasutan, 3 urte baino gehiago daramatzate negoziazio hauek blokeatuta.

Horregatik, enpresen negoziazio-borondate eza salatzen dugu. Enpresek, errentagarritasun ekonomikoei begirako neurriak hartuz, zerbitzu publiko eta funtsezkoa dena merkantilizatzen dute.

Gainera, beste alde batera begiratzen duen Bizkaiko Foru Aldundia ere salatu nahi dugu. Izan ere, zerbitzu honen titularra denez gero bere gain hartu behar zuen erantzukizuna beste batzuen gain uzten du. Beraz, Aldundiak inposatu egiten du pribatizazio-sistema hau, zeinetan balio ekonomikoak gailentzen baitzaizkie ematen dugun zerbitzuaren hobekuntzei.

Nafarroako Gobernuari eskatu diogu ez dezala medikuen esklusibotasuna kendu, eta ikuskapen orokor eta sakona egin dezala praktika txarrak desagerrarazteko

Esklusibotasun osagarria kobratu arren klinika pribatu batean ere lan egiten duen osasun publikoko profesional baten lehenbiziko kasu monitorizatua izan daitekeena argitaratu dute gaur Gara eta Diario de Noticias egunkariek. Horren harira, LABek agerraldia egin du Iruñeko bere egoitzan esplikatzeko sindikatu honek berak egin duen salaketa eta Nafarroako Gobernuari eskatzeko ikuskapen orokor eta sakona egin dezala, balizko iruzur normalizatu baten aitzinean egon baikaitezke.

Bertze askoren lehen iruzurra izan daitekeela ikusita, LABek foru Gobernuari eskatu dio atzera egin dezala esklusibotasuna kentzeko asmotan, eta ekin diezaiola zerbitzu publikoak indartzeari eta langile publiko guztien lan-baldintzak hobetzeari. Sindikatu honek Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren esku jarri du osasun publikoko profesional batek esklusibotasun osagarria kobratzen duen arren (800-1.100 €) klinika pribatuetako jarduera profesionala bateragarri egiten duela frogatzen duen lehen kasua izan daitekeenaren dokumentazioa.

LABen iritziz, kasuaren ezaugarriak iruzurra orokorra eta normalizatua izan daitekeen adierazle dira: horrela bakarrik uler daiteke esklusibotasun osagarri bat kobratzen duen profesional batek, inolako lotsarik gabe, Interneten iragartzea klinika pribatuetako bere zerbitzuak eta berarekin kontsulta lotu ahal izatea ondorioen beldurrik gabe.

LAB sindikatuak inpunitate sentimendu horretan jarri nahi du arreta, ohartarazteko hitz egiten ari garela Nafarroako Sindikatu Medikoak (SMN) ordezkatzen dituen zenbait profesional medikok eta foru administrazioak berak onartzen duten jokatzeko modu baten inguruan. Santos Indurain Osasun kontseilariak Parlamentuari jakinarazi zion esklusibotasuna kentzeak 41 profesionali eraginen ziela Nafarroan, guztizkoaren %2ri bakarrik. Hala ere, sindikatu korporatibista, neoliberal eta eskuindar honek esklusibotasunaren gaiari eman dion zentralitatea ikusita, pentsa daiteke sindikatu medikoak segurtasun juridikoa eman nahi diola indarrean dagoen legeriatik kanpo dagoen ohiko praktika bati. Esklusibotasuna kendu nahi du, baina esklusibotasun osagarria mantendu; hau da, kobratzen jarraitu, nahiz eta esklusibotausna ez praktikatu.

Gertaera hauen larritasuna ikusita, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio luzamendutan ibili gabe ikuskapen orokor eta sakona egin dezala, halako kasu kopuru zehatza argitzeko, diru eta zerbitzu publikoaren kontura praktika txarra den ala ez zehazteko, eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko.

Agerian gelditu da SMNren helburu erreal bakarra dela berezko interes ekonomikoak asetzea eta osasun negozio pribatuak bultzatzea, osasun publikoa hobetzeko beharraren gainetik, Osasunbideko langile guztien baldintzak eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko beharraren gainetik.

Horrenbertzez, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio sindikatu medikoarekin duen negoziazioa berehala eta behin betiko uzteko, ezarritako negoziazio esparruetara itzul dadila, ez dezala esklusibotasuna kendu eta zerbitzu publikoak indartzeari, langile publiko guztien lan baldintzak hobetzeari eta Nafarroako gizarte osoari arreta duina bermatzeari ekin diezaiola.

Pentsio erreformak salatu eta sistema propioa aldarrikatu dugu Hendaia eta Irun artean

Hala Frantziako nola Espainiako Gobernuak egin asmo dituzten pentsio erreformak salatu eta euskal langile guztiei pentsio publiko duina bermatuko dien sistema propioa aldarrikatu dugu gaur, Hendaiatik abiatu eta Irunen amaitu den mobilizazioan.

Ipar Euskal Herriko bozeramaile Argitxu Dufauk nabarmendu du Ipar Euskal Herrian Macron gobernuaren erretreta erreformaren aurka egiten ari den borroka: “erreforma honengatik, denbora gehiago lan egin beharko dugu pentsio ttikiagoa lortzeko. Egungo banaketa sistema ere apurtzen du, gure pentsioak indibidualizatzeko eta pribatizatzeko. Azken finean, sistema publikoa ahultzen du kapitala indartzeko”.

Ipar Euskal Herrian, LABek 60 urterekin erretiratzeko adina defendatzen du, eta 37,5 urteko kotizazioa pentsio osoa kobratzeko, gutxienez SMICa aldarrikatzen. Dufauk emakume pentsiodunen egoerari aipamena egin dio: “gu emazte langileok, azken hamarkadetako erretreta erreformen betiko galtzaile gira, noiz arte?! Adinaren pusatzearekin, gu gira gehiago hunkituak izanen garenok, gure karrerak ez baitira gehienetan osoak. Bestalde, soldata arrakalarengatik, guttiago kotizatzen dugu eta askoz guttiago kobratzen erretretan”.

LAB sindikatuko koordinatzaile orokor Igor Arroyoren esanetan, Frantziako Gobernuak ezarri nahi dituen neurrien antzekoak ezarri ditu Espainiako Gobernuak. Erreformaz erreforma, erretiro adina 67 urtera atzeratu, erretiro aurreraturako aukera oztopatu, pentsio bat eskuratzeko aukera zaildu eta pentsioak kalkulatzeko epealdia zabaldu dute. Azken afera honi dagokionez, urrats berri bat eman nahi du orain, pentsioaren kotizazio aldia 25 urtetik 30 urtera zabalduz. Helburua, pentsioen zenbatekoa murriztea da.

Arroyok dei egin die Euskal Herriko alderdi politikoei, lehenik eta behin, murrizketa berririk onar ez ditzaten: “azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzea izan beharko luke eztabaidaren muina, eta ez murrizketa berriak egitea. Pentsio publikoak bideragarriak dira; pentsio, lan eta bizitza duinerako eskubidea urratzen duen sistema ekonomiko eta soziala, hura da bideraezina”.

Bigarrenik, pentsioen gaineko erabakiak Euskal Herrian har daitezen iniziatiba politikoak hartzea eskatu die Arroyok bertako instituzioei, urratsez urrats Euskal Gizarte Segurantza eratzeko ibilbidea eginez. Lehen urratsak, honako hauek: Gizarte Segurantza kudeatzeko transferentzia gauzatzea eta osagarrien bidez euskal pentsiodun guztiei 1260 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea.

Torturaren gaineko ikerketan sakontzearekin batera, aitortza eta erreparaziorako neurriak hartzea eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari

Tortura eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketa Nafarroan 1979tik gaur egun arte txostena aurkeztu du gaur Euskal Kriminologia Institutuak (IVAC-KREI) Nafarroako Parlamentuan eta bertan izan da LAB sindikatuaren ordezkaritza zabal bat, Nafarroako Pertsona Torturatuen Sareak gonbidatuta. Horren karietara, LABek Gobernuari exijitzen dio lan horretan sakon dezan eta aukera aprobetxatzeko torturarekin lotutako bere jarduna zuzentzeko.

1979tik gaur egun arte, irizpide zientifiko, zorrotz eta independenteetan oinarrituta, Nafarroako torturari eta bestelako tratu txarrei buruzko ikerketa txostenak torturaren eta tratu txarren dimentsioak egiaztatzen ditu, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan: 1.068 tortura kasu Nafarroan, 1960-2015 aldian eragindako 891 pertsonari dagokienez.

Bada, ikerketa honetan sakondu eta ikerketaren ondorioetatik abiatuta torturaren aurkako plana egin dezan eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Plan horretan gertatutakoaren aitortza, erantzun politikoen argipena, torturatutako herritarrekiko babesa eta erreparazioa, eta torturaren prebentziorako egiturazko neurriak jaso beharko lirateke.

Tratu txarren eta torturaren errealitatea egiaztatu den arren, nahiz eta giza eskubideen urraketa larritzat jotzen diren delituak izan, helburu politikoekin erabilitako indarkeria izan da, etsaitzat hartutako sektore sozial eta politikoa suntsitzeko, duela gutxi arte iraunarazi dena. Izan ere, indarkeria ukatua, ikertu gabea eta zigortu gabea izan da. Nafarroako erakundeek, haien agintariek eta beste erakunde politiko, sozial eta sindikal batzuek jarrera konplizea hartu dute, eta, hamarkadatan, beste alde batera begiratu dute biktimengandik aldenduz eta haien oinazean inpaktatuz.

LABen ustez, funtsezkoa da proiektu honekin jarraitzea, Nafarroako torturaren errealitatea ulertu eta jorratu ahal izateko. Elkarrekin lan egiten jarraitzea da erronka, modu praktikoan aurrera egin ahal izateko indarkeria hori aitortzeko, prebenitzeko eta ez errepikatzeko bermean, hori ezinbestekoa baita bizikidetza demokratikorako.

Halaber, ezinbestekoa da indarkeria hori erabili zutenek, tratu txarrak eta tortura egin dituztenek hori aitortzea. Ildo horretan, lan honekin Nafarroako Gobernuak aukera eta eginbeharra du torturari buruzko bere jarduna berrikusteko eta zuzentzeko.

APNABIko langileek erosteko ahalmena berreskuratzea bermatzen duen akordioa #LortuDugu enpresako zuzendaritzarekin, eta otsailaren 8ko eta 9ko grebak bertan behera utzi ditugu

APNABIko enpresa-batzordea LABeko 13 ordezkarik osatzen dute. Bada, hainbat mobilizazio eta deialdiren ostean, eros-ahalmena berreskuratzea eta lan baldintzak hobetzea dakarren akordioa erdietsi dugu.

APNABI Autismo Bizkaia erabat finkatuta dagoen elkartea da. 1000 familiak baino gehiagok osatzen dute, eta 300 pertsona inguruk lan egiten du bertan. APNABIk erakunde publikoen eta beste eragile batzuen lankidetza du, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei eta haien familiei zuzendutako zerbitzu eta jarduera sare zabala mantentzeko.

Ematen duten zerbitzu publikoaren titulartasuna, ia osorik, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura da. Azken batean, APNABI diru publikoarekin finantzatzen da gehienbat.

Hainbat lanuzte, mobilizazio eta greba deialdi egin ondoren, akordio bat lortu dugu APNABIko Zuzendaritzarekin, eta langileen batzarrean berretsi dugu. Hori dela eta, bertan behera utziko ditugu otsailaren 8rako eta 9rako aurreikusitako greba egunak.

Akordioa honetan datza:
– Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, oinarrizko soldataren % 16,5eko igoera. Horrez gain, 2020tik aurrerako KPIa berrikustea indarraldia amaitzean.
– Elkargoaren antzinatasunak Gizarte Esku-hartzearen Hitzarmen Sektorialeko taulekin parekatzea
– Hobekuntzak kontziliazio-neurrietan, hala nola zaintzaileentzako baimen-egun bat, kolektibo jakin batzuentzako lanaldiak murrizteko aukera, edo 7 ordu gehiago gurasoei laguntza emateko.
– Laneko arriskuak arintzeko eta Lan Osasunean funtsezkoak diren alderdiak hobetzeko plan eraginkor bat gauzatzeko konpromisoa.
– Etxebizitzetako disponibilitate egunak murrizteko konpromisoa
– Prestakuntza-orduen kupoa berritzea

LABek akordioari buruzko balorazio positiboa egin du, erosteko ahalmena berreskuratzea bermatzen baitu, eta, horrez gain, lan-baldintzak hobetzeko neurriak jasotzen baititu oinarrizko zenbait alderditan, hala nola Kontziliazio neurrietan eta Lan Osasunean.

Akordio honek gure bizitza hobetuko duten akordioak lortzeko bidea erakusten digu. APNABIko langileen borroka kolektiboak, enpresa-batzorde indartsu eta aktibo batek gidatuta, lortu du enpresak duela egun batzuk onartezina zela zioen proposamen bat egitea.

APNABIko langileek planteatutako borrokak, Dibertsitate Funtzionalaren sektoreko beste enpresa batzuek planteatutakoak bezala, agerian uzten du Bizkaian sektore hori osatzen duten 3.000 langile baino gehiagok ematen duten zerbitzu publikoak aintzat hartzeko beharra. Erakunde publikoek ez dute aitorpen hori egin nahi, gizarte-zerbitzuen pribatizazioa inposatzen dutelarik.

Borrokak merezi du.

Beste behin ere kalera atera gara erretreten erreformari ezetz esateko

Ipar Euskal Herriko langileek grebara jo dute gaur, hirugarrenez, Frantziako Gobernuaren pentsio erreformari ezezko borobila emateko asmoz. Baionako manifestazioak jarraipen itzela izan du beste behin ere. Bihar, asteazkena, Euskal Herriak pentsio sistema propioa behar duela aldarrikatzeko mobilizazioa egingo du LABek Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian.

Lapurdiko hiriburuko tren geltokitik abiatu da manifestazioa, eta bertan izan da LAB sindikatuko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu. Gogorarazi nahi izan du erretreten erreformarekin mahaigaineratutako neurriak “atzerakoiak” direla, “pentsio sistema ahultzeko” helburua duten heinean. Beraz, kalera atera eta mobilizatzea behar-beharrezkoa dela azpimarratu du. Bestalde, nabarmendu du pentsioen inguruko gatazkak Bidasoaren alde bietan duela eragina: “Frantziar estatuan bezalaxe, espainiar estatuan ere azken hamarkadetan erreformaz erreforma sistema publikoa sistema pribatuaren mesedetan ahultzen joan da, eta orain beste erreforma baten aukera dago mahai gainean”. Bada, Aranbururen esanetan, erreforma hori zer nolako terminotan datorren ikusi beharko litzateke, eta, horren arabera, Hego Euskal Herrian ere mobilizazioetara jotzeko aukera legoke.

Ildo beretik, sindikatuak mobilizazio berezia egingo du bihar, otsailak 8, Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan, Santiago zubian. Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen erabaki izango da lelo nagusia, eta hain zuzen ere horixe aldarrikatuko dugu, euskal sistema propioaren beharrizana.

BSH Ezkirotzeko langileek negoziatzeko borondatea aldatzea eskatu diote zuzendaritzari

BSH Ezkirotz hozkailuak eta ontzi-garbigailuak fabrikatzen dituen lantegia da, Bosch, Balay, Siemens eta antzeko markekin. Bertako enpresa batzordeak agerraldia egin du lantegiaren aurrean, 2021eko udazkenean hasitako hitzarmen kolektiboaren negoziazioetatik eratorritako egoera azaltzeko.

Iazko ekainean, enpresa batzordearen gehiengoarekin aurreakordio batera iritsi zenetik (langileek erreferendumean baztertu zuten), zuzendaritzak jarrera immobilista izan duela salatu dute, ez bakarrik immobilista, baizik eta inboluzionatu egin du bere proposamenetan.

Hamarkada bat baino gehiago soldatak izoztuta eduki ondoren, ezinbesteko zerga konpentsazio ekonomikorik gabeko COVID19 ABEEE bat, fakturazio historikoen errekor urteak izanik eta langileen ahalegina ikusi ondoren; Batzordeak eskatu ddu soldatak bat etor daitezela enpresaren emaitza onekin, eta hitzarmen kolektibo duin bat gauzatzea.

Gatazka hori areagotu ez dadin, zuzendaritzaren negoziatzeko borondatea aldatzea eskatu dute, guztientzako hain zaila eta korapilatsua den egoera honetan akordio bat lortzeko.

Pribatizaziora 130 milioi euro bideratzeko asmoak geldiarazi ditugu Osakidetzako informatika zerbitzuetan eta elektromedikuntzako mantentze-lanetan

Osakidetzako zuzendaritzak osasun-sistema publikoan zerbitzuak ematen dituzten profesionalak gutxiesten eta osasun publikoa ahultzen jarraitzen du zereginak kanpora ateratzearen bitartez, Osakidetzako profesionalak eginbehar horiek gauzatzeko erabat gaituta egon arren. Pribatizazioaren aurkako LABen estrategiak behin betiko geldiarazi ditu informatika arloko bi kanporatze, hurrenez hurren 11 milioi eta 600.000 euroko prezioa zutenak. Beste bat kautelaz geldiarazi du, Bizkaian, elektromedikuntzako mantentze-lanak arriskuan jartzen zituena eta 120.000.000 euroko kostua zuena.

Sagardui eta Urkullu une-oro ari dira Osakidetzan pribatzizaziorik ez dagoela mila aldiz adierazten. Etengabeko errepikapen horrek herritarren benetako pertzepzioa aldatzea nahiko lukete. Hala ere, Osakidetzako langileok eta erabiltzaileok argi eta garbi daukagu adierazpen horiek Goebblesen estiloko propaganda zakarra baino ez direla.

Sagarduik eta bere kudeaketa-taldeak batzorde militarra dirudite negoziatzeko orduan, eta enpresa pribatuen agente infiltratuak, berriz, zuzentzen duten erakundearen beharrei aurre egiteko orduan.

Oraingoan diruzko zenbateko ezberdinak dituzten hiru plegu ditugu aurrean, baina horiek argi eta garbi islatzen dute Osakidetzako zuzendaritzak egiten duen kudeaketa.

Alde batetik, Bizkaia osoko elektromedikuntzako mantentze-lanak kaltetuko lituzkeen plegu bat daukagu. Izan ere, kanporatze horrek gure profesionalei zeregin horietan jarduteko ateak itxiko lizkieke. Osakidetzako zuzendaritza bere gain hartzeko prest dagoen gastua 100.000.000 eurokoa da (BEZik gabe). Bada, lan horiek gure profesionalek egin ditzakete, Txagorritxu Ospitalean gertatzen den bezala, baina Osakidetzako zuzendaritzak beste behin ere bere benetako asmoa zein den erakutsi du, plantilla mespretxatuz eta interes pribatuei ateak irekiz. Zuzendaritzak zer dauka esateko Elektromedikuntza Teknikarien EPEetara aurkezten direnei?

LABek bultzatutako inpugnazio eta geldiaraztearen ondoren, Osakidetzak plegua kendu du. Atzera egin izana justifikatzeko, akatsak aipatzen ditu. Egia izanez gero, zerbitzu horiek pribatizatzeko borondateaz gain, diru publikoa kudeatzen arduragabekeriaz jokatu duela baino ez luke erakutsiko horrek. Badakigu Osakidetzako zuzendaritza lan horiek berriro lizitatzen eta LABen ekintza sindikala saihesten ahaleginduko dela. Bada, adi jarraituko dugu. Badakigu Osakidetzako kudeatzaile politikoek ez dutela atseden hartzen arlo publikoaren bizkarretik bizi diren enpresak elikatzerakoan. Gainerako prozesuetan aldiz, hala nola EPEetan, kontratazio-zerrendetan, lekualdaketetan eta abarrean, urteak eta urteak igaro ditzazke prozesuak bukatu orduko. Kanporatzeko azkartasun horretan eta erakundearen funtzionamendu egokirako utzikerian ezkutatzen da eraispen-politikaren erroa.

Horrez gain, behin-betiko geldiarazi ditugu informatika-zerbitzuko lan-arloak pribatizatzeko beste bi ahalegin. Osakidetzako zuzendaritzak 11 milioi euro baino gehiago gastatu nahi zituen IKT bulego bat azpikontratatzeko, eta beste 600.000 euro ibilbide profesionalaren eredu berria kudeatzeko aplikazio informatiko bat egiteko. Osakidetzak baditu lan horiek egiteko gaituta dauden profesionalak, eta, beraz, onartezina da zuzendaritzaren jarrera eta gure lankideekiko mespretxua.

Programatutako kolapso baten aurrean gaude eta Osakidetzako zuzendaritzaren eraispen-agendaren lehentasuna Osakidetzan kategoria jakin batzuk desagerrarazi eta, aldi berean, enpresa pribatuak indartzea da. Zerbitzuetako langileak, mantentze-lanetakoak, elektromedikuntzakoak, informatika-zerbitzuetakoak… etengabeko erasoa jasaten ari dira aspalditik, baina eraso hori globala da. Ikusten denez, lehen mailako arreta ere agenda horren biktima da.

Jazarpen egoera hori gure ekintza sindikalaren helburu izaten ari da eta azken urtean plegu ugari baliogabetzea lortu dugu, ez baitute kontratazio publikoaren legea betetzen. Baina aipatutako agenda hori ez da legezko ekintzekin bakarrik geldituko, herritarren eta osasun-arloko langileen mobilizazioa funtsezkoa da.

Eraispen-agenda horren helburua osasun publikoa da, bertako langileak barne. Gero eta ohikoagoa da zuzendaritzak enpresa pribatuekin ados jartzea, legearekin bat ez datozen pleguak idaztea, horiek ez betetzea, kontratuak zatitzea eta abar. Hori dela eta, LAB-ek salaketa gehiago jarriko ditu aurrerantzean.

Informatika Zerbitzua kontratazio berriekin indartu behar izan da, sindikatu honek azken urtean eten dituen kanporatze-espedienteak deuseztatu izanaren ondorioz.

EAJren helburua, kapitalaren ariete gisa, zerbitzu publikoen pribatizazioa da. Bada, hori gelditu egin behar dugu, eta gure sindikatuaren aurrez-aurreko oposizioa izango dute halako asmoek.

Garbiñe Aranburu: “Langile kolektibo osoaren errealitateari erreparatzen diogu eta horretarako eskaintza sindikala daukagu”

LAB sindikatuko koordinatzaile nagusia, Garbiñe Aranburu, Hamaika Telebistako Gurean Gaur saioan egon da eguerdian, Karolina Suarezek gidatutako elkarrizketako galderei erantzuten.

Aktualitatearen agendako gaiak jorratu ditu, hala nola Bizkaiko metalean erdietsitako garaipena edota EAEko hezkuntzaren inguruan gaur bertan egindako agerraldian mahaigaineratutakoak. Bestalde, azken datuen arabera sindikatuak izandako hazkundearen harira, LABen norabide eta erronka orokorrak aletzeko aukera ere izan du, sektore feminizatuekiko konpromisoa edota sindikatu antiarrazista izatea helburu duen prozesua, kasurako.

Elkarrizketa esteka honetan ikus daiteke osorik: https://hamaika.eus/bideo-saioak/gurean-gaur/elkarrizketak/garbine-aranburu-lab-sindikatua-elkarrizketa-otsailak-6.html