2026-01-18
Blog Page 288

Nafarroako aurrekontuek krisi ekosozialari aurre egiteko neurriak jaso behar dituzte

Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala (KES) gaur batzartu da Iruñean, 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuari ekiteko. LABek gogorarazi nahi du duela ez asko premiazko deialdia egiteko eskatu zuela aberastasuna banatzeko eta Nafarroako langileek behar duten trantsizioa abian jartzeko. Bada, sindikatu honen iritziz, Aurrekontuen Aurreproiektuak ez die erantzuten kapitalismoak eragindako egungo larrialdi eta krisi eko-sozialaren erronkei.

Bizitzaren garestitzea, enpleguaren prekarizazioa, zaintza lanen krisia, klima-aldaketa, migrazioak edo elkarrekin gurutzatzen diren diskriminazioak dira bizi dugun krisi ekosozialaren ondorio batzuk. Beraz, ez gaude bertze aurrekontu batzuen aurrean. LABek premiaz eskatu bezala, gaur egungo egoerak gogoeta eta eztabaida sakona eskatzen du, Nafarroan langileek behar dituzten neurriei buruz. Hala ere, zeregin hori egiteke dugu oraindik. Baina funtsezkoa da politika propioak garatzeko eta Espainiako gobernuaren jarraipen hutsean ez erortzeko.

Nafarroako exekutiboak ez du gastu soziala bere aurrekontu lehentasunen artean kokatu nahi izan, ezta aberastasunaren birbanaketa justua ere.

Aurreproiektuaren arabera, gastu soziala (+% 7,6) ez da handituko aurrekontuek egiten duten neurri berean (+% 10). Gizarte arloen arretan zentratutako departamentuetarako aurreikusitako gastuen baturak pisua galdu du 2023rako aurrekontuan. Izan ere, 2023rako kontuetan jasotako “gastu soziala” aurrekontu operatiboaren %53,1 da, eta aurreko urtean %54,3koa izan zen pisu erlatiboa.

Hezkuntzako aurrekontua %5 baino gehixeago hazi da, eta Osasunekoa %5,6, hau da, gizarte-izaera hori ez duten bertze sail batzuen hazkundea baino anitzez txikiagoa dute igoera. Gobernuak azpimarratu du 2023rako aurreikusitako gastuaren erdia baino gehiago eduki sozialeko arloetan biltzen dela. Hala ere, aurrekontuen benetako birbanatze-eragina ebaluatzeko, nahitaezkoa da zergak nork ordaintzen dituen eta gastu sozial horien (eta gainontzeko gastu guztien) finantzaketaren oinarri diren karga fiskalen garrantzia nola banatzen den aztertzea.

Hala, bada, inolako beldurrik gabe erraten ahal dugu zerga-sistemaren diru-bilketaren pisua bidegabeki eta neurriz kanpo erortzen dela zergen %80 inguru jasaten duten Nafarroako etxeetan. Portzentaje hori nabarmen aldatzen da Sozietateen gaineko Zergaren bidez bildutakoarekin; izan ere, zerga-sarrera guztien %7,8 biltzen du.

LABen neurri-sorta, aberastasuna banatzeko eta eredu sozioekonomiko berrirako trantsizioari ekiteko:

  • Lehenik eta behin, enplegua, zaintza lanak eta aberastasunaren banaketa ekitatiboa, bai enplegu-politikaren bidez (bertzeak bertze, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriz, erosteko ahalmena bermatuz, soldata arrakala guztiak ezabatuz eta 30 orduko lanaldia ezarriz), bai zerga-politikaren bidez (kapital-errenten eta sozietateen gaineko zergak indartuz).
  • Bigarrenik, herritar guztiei zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak, hala, nola osasuna, zaintza, garraioa, etxebizitza, pentsioa edo energia. Horretarako, beharrezkoa da eremu horietan esku-hartze publiko sendoa egitea, eta oligopolioen aldeko pribatizazio-politika guztiak bukatzea.
  • Hirugarrenik, kapitalismo berdearen iruzurraren ordez (horrek negozioa egiteko aukera emanen baitio patronalari), langileen partaidetzara bideraturiko trantsizio ekosozialista jarri behar da martxan; gehien kontsumitzen dutenek kontsumoa gehiago murriztu beharko dute.
  • Azkenik, Nafarroako erakundeei estatu tresna propioak jarri behar zaizkie eskura, hala nola, Gizarte Segurantza eta Lan Kodea.

Greba arrakastatsua Gipuzkoako TAO eta Garabiak zerbitzuetan

LAB, ELA eta CCOO sindikatuok deituta, greba arrakastatsua egiten ari dira gaur Gipuzkoako TAO eta Garabiak zerbitzuetan. Horrela, plantillek berretsi egin dute ASESGA patronalari blokeoa amaitzeko egindako deia. Era berean, udalei inplikatzeko eskaera luzatu diete.

Negoziazio mahaia hamar aldiz baino gehiagotan bildu da urte eta erdiz, aurrerapenik lortu gabe. Era berean, udalek isilik jarraitu dute, eta gatazka langileen eta enplegatzaileen artekotzat jo dute.

TAO zerbitzua diru iturri handia da Gipuzkoako udalentzat, are eta gehiago zerbitzuaren oinarriak guztiz betetzen ez direnean. Gainera, azken urteetan lanpostu asko galdu dira, nahiz eta kotxeen bidez arazo hori ezkutatu nahi den.

Horregatik guztiagatik, langileen ordezkariek berriro eskatu diete ugazabei eta gatazkan parte hartzen duten gainerako eragileei langileen eskaerak beteko dituzten adostasunak lortzeko bideak irekitzea. Bien bitartean, grebekin aurrera jarraituko dute langileek, larunbaterako eta iganderako deialdiei eutsiz.

Pobreago eta prekarioago nahi dituen patronalari erantzun sendoa eman diote berriro Bizkaiko metalgintzako langileek

Bezperan erakutsitako irmotasun berarekin, Bizkaiko metalgintzako langileek asteko bigarren greba eguna egin dute, jarraipen zabalarekin hau ere, hitzarmen duin bat lortzeko bidean gogor borrokatzeko prest daudela argi utzita. Eguerdiko manifestazioa Barakaldon izan da oraingoan, Iurretan ostegunean egindakoa bezain jendetsua. Azaroaren 2rako hirugarren greba egun bat deituta dugu sindikatuok; kasu honetan, manifestazioa Bilbon izango da, 12:00etan ere, Euskadi Plazatik abiatuta.

Goizean goizetik ibili dira piketeak enpresetan, eta Ertzaintzaren jarrera oldarkorra pairatu behar izan dute berriro. Lan baldintzen defentsan irmo ari dira langileak, eta mobilizazioa beste biderik ez diete utzi euren aldarrikapenak lortzeko, patronalaren arduragabekeria dela medio. Izan ere, sindikatuok salatu bezala, FVEMek pobreago, prekarioago eta sumisoago nahi ditun langileak, baina horretarako ez gaude prest, inolaz ere.

Nafarroako metalgintzako hitzarmena borrokatzeari uko egitearen ondorio garbia izan da

Urriaren 25ean, aurreikusten ahal zena gertatu zen. Ohituta gaituzten moduan, UGTek eta CCOOk, erregimenaren sindikatuek, langileen behar eta interesei erantzuten ez dien metalgintzako hitzarmen bat sinatu dute beraien aliatu nagusiarekin, patronalarekin. Gaur LABeko sektoreko delegatuen batzarra egin dugu, akordio honen inguruko azalpenak emateko eta egiten dugun balorazioa partekatzeko.

Erran beharra dugu hagitz garrantzitsua iruditzen zaigula emaitza baloratzeko orduan, gehiengo sindikalaren inongo borrokarako borondaterik gabe negoziatutako hitzarmen bat izatea. Honek zuzenean suposatzen du lortutako edozein emaitza, soldata igoerarena adibidez, hobetzeko aukera zegoela eta horri uko egin zaiola. Beraz, LABetik egiten dugun balorazioa ez da ona izaten ahal.

Edozein kasutan, bereziki larria iruditzen zaigu lorpen moduan saldutako hainbat punturen ordainsaria. Ordainsari horietako bat, garbiena, malgutasunaren erregulazio berria da, hau handituz, bere erabilera erraztuz eta konpentsazioa prekarizatuz. Baina hau ez da bakarra izan, azpimarratu beharra dugu ere bidean gelditu direla hainbat kontu, sektorearen errealitatea kontuan hartuta, funtsezkoak direnak; subrogazioa, ABLEen erabileraren mugatzea, lanaldi murrizketa… Azken hori etorkizunerako ezinbertzeko gaia iruditzen zaiguna, enplegua mantentzeko eta zaintza lanak banatzeko ere.

Argitu behar dugu ere, lorpen moduan azaldu diren hainbat kontu, hitzarmenean gomendio moduan bilduko diren puntuak direla; hau da, ezer ez. Tartean 55 urterekin lanaldia murrizteko aukera, baina soldata murrizketarekin, beraz pentsioa txikituz.

Adostutakoa nahiko genuena ez bada ere, orain aitzinera begiratzeko garaia da, eta horretan bi kontu aipatu behar ditugu, alde batetik hitzarmen sektorialak batasunean oinarritutako hitzarmenak direla eta ahalik eta langile gehien babestu behar dituztenak, horregatik, gure ustez, duela hilabete batzuk aipatzen hasi ginen moduan, Iturgintza eta Konponketa Tailerrak bezala hitzarmenak (bien negoziazioak irekita daude, baina blokeatuta) metalgintzara itzuli beharko ziren, sektore txiki hauei babes handiagoa emateko eta hurrengo hitzarmenean indar gehiago batzeko hitzarmen duin baten alde. Eta, bertze alde batetik, gaur egun, UGTek eta CCOOk Metalean duten gehiengoa (%53), eta langileriaren lan baldintzak hobetze aldera gutxirako balio duela frogatu dena, desagertzeko lanean hasi behar gara, horretarako 2022-2023ko hauteskunde sindikaletako epealdi trinkoa funtsezkoa izanen da.

Urkullu eta Chiviterekin batzartuko gara urriaren 31n eta azaroaren 21ean, hurrenez hurren, Biltzar Nagusiaren ondorengo bilera errondaren baitan

Biltzar Nagusia burutu berritan, Euskal Herriko eragile sindikal, sozial, politiko eta arduradun instituzionalekin aldebiko bilerak egiten ari gara LABetik. Sindikatuaren interlokuzioa indartu eta harremanak normalizatu eta sendotzeko helburua du errondak.

Bilerak baliatu ditugu zuzendaritza berria aurkezteko, datozen bost urteetarako hartu ditugun erabaki nagusiak ezagutarazteko eta, bereziki, testuinguruaz gogoetak eta proposamenak partekatzeko.

Azken hilabeteetan, besteren artean, bizitzaren garestitzeak eta eros ahalmenaren galerak eraginda eta Ukrainako gerra luzatzeko hartu diren erabakiek areagotuta, testuinguru berezia bizi dugu langileok; ondorioz, prekarizazio eta pobretze prozesuak areagotzen ari dira. Krisi sistemikoak bizitza erdigunean jarri eta errotiko aldaketak eskatzen ditu. Kapitalaren eta elite ekomomikoen interesak albo batera utzi eta langile eta herritarrak babestuko dituzten politika eta erabaki politikoen beharraz aritu da LAB aipatu bileretan.

Langileok behar dugun trantsizio ekosozialista eta feministarako eta aberastasunaren banaketarako beharraz hitz egin dugu eta LABek krisiari aterabidea emateko eginiko proposamenen gainean eztabaidatu, sinergiak bilatzeko, adostasunak eraikitzeko eta akordioetarako prestutasuna adierazi dugu. Ez dugu inolako zalantzarik langileok behar ditugun akordio horiek behartu egin beharko ditugula. Horixe da LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berriaren bidea, langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko neurri zehatzak eta eraldatzaileak sustatzea eta langile guztiak ordezkatzeko bokazioz aritzea. Klase sindikalismo feminista eta antirrazista garatzen jarraituko du LABek, eta horrela adierazi diegu batzuei eta besteei.

Bilera errondaren baitan honako eragileekin aritu gara:

Sindikatuen artean ELA, CCOO (EAEkoa eta Nafarroakoa), UGT (EAEkoa eta Nafarroakoa), STEILAS, ESK, Etxalde, Ipar Euskal Herriko CGT, FSU, CFDT eta Solidaires. Sindikatuon artean desberdintasun sakonak dauden arren, LABek balioan jartzen ditu, Hego Euskal Herriko kasuan, sindikatu desberdinen eta eragile sozialen arteko elkarlanaren bidez lantoki eta sektoreetan ematen ari diren borrokak, eta fronte soziosindikalaren aldeko gure apustuan berresten gara. Baikorki baloratzen dugu ere Ipar Euskal Herrian Macronen Gobernuaren neurrien aurkako dinamika intersektorialean LAB hartzen ari den pisua.

Patronalari dagokionean CONFEBASK, CEN, ADEGI, CEBEK eta SEArekin egon gara. Azpimarratzekoa da, halaber, CEN patronalarekin harremanak normalizatu izana. Edozein kasutan ere, elkarte patronalen jarrera langileek behar eta LABek eskatzen dituen neurrietatik urrun dago. Urrun, aberastasunaren banaketarako eskakizunei erantzutetik. Gaur gaurkoz, muzin egiten diote 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeari edota soldata arrakala ezabatzeko neurriak jasoko lituzkeen akordio intersektorialen bidea arakatzeari. Hitzarmenetan eros ahalmena bermatzeko prestutasunik ere ez du LABek ikusi patronalarekin egindako bileretan. Gauzak honela, datozen hilabeteetan lan arloan gatazka ugari egongo direla aurreikusten dugu LABetik.

Alderdi politikoen artean, Podemos Nafarroa eta EH Bildu-rekin batu gara eta EH Bai-rekin ere bilduko gara. Agenda sozialari dagokionean lehentasunezkoak eta partekatuak diren neurri ekonomiko eta sozialak agenda politikoan borrokatu ditzaten eskatu diegu.

Eremu instituzionalari dagokionez, EAEko Lan eta Enplegu Sailarekin, Idoia Mendia Cueva buru, bai Mikel Irujo Amezaga Nafarroako Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilariarekin ere bildu gara. Langileen aldeko politika publikoak egitea eta aberastasuna banatu eta bizi baldintzak duintzeko egiten ditugun proposamenen gaineko akordioak lortze aldera patronala interpelatzeko eskatu diegu.

Era berean, Euskal Herria osatzen duten hiru eremuetako instituzionaletako Lehendakariei ere bilera bana eskatu diegu. Dagoeneko Iñigo Urkullu Lehendakariarekin bilera data finkatua dugu: datorren astelehenean, urriak 31, Lehendakaritzan. Lehen aldia izango da LABek Urkullurekin bilera egiten duena. Halaber, bilera data jarrita dago Nafarroako Lehendakari María Chiviterekin, azaroaren 21ean izango da bilkura. Euskal Elkargoko Lehendakari Jean Rene Etxegarairekin ere biltzeko eskaera egin dugu eta data zehazteke dago. Krisi ekosozialari aurre egin eta aberastasunaren banaketarako proposamena aurkeztuko diegu LABetik hiru ordezkari instituzionalei.

Jarraipen handia izan du Bizkaiko metalgintzako grebak, hitzarmen duin baten defentsan

Goizean goizetik ibili dira piketeak hainbat enpresatan; Durangaldean sektorea itxita eta beste eskualdeetan grebaren jarraipena handia izan da; eta, eguerdian, Iurretako kaleak bete dituzte langileek. Ertzaintzak erakutsitako ohiko jarrera oldarkorra tartean, hauxe izan da Bizkaiko metalgintzan egunotarako deitutako lehen greba egunaren argazkia, hitzarmen duin baten defentsan.

FVEM patronalaren arduragabekeriak mobilizazioa beste biderik ez du utzi, eta, hori dela eta, urriaren 27 eta 28 eta azaroaren 2rako grebak deitu ditugu sindikatuok sektorean.

Tecuni, Arteche, Bombardier, DYF eta Vicinay enpresetan produkzioa gelditu dugu, besteak beste, eta Ormazabal-en beste grebetan baino jarraipen handiagoa izan da.

Iurretako kultur etxetik abiatu dugu gaur manifestazioa; bihar, urriak 28, Barakaldoko Bide Onera plazatik irtengo da, eguerdian ere. Azaroaren 2an, berriz, Bilbon egingo dugu manifestazioan, Euskadi plazatik irtenda, 12:00etan.

Langabezia datuek berretsi dute genero, adina edo jatorriagatik sortzen diren arrakalak egiturazkoak direla

Gaur Biztanleria Aktiboaren Inkestan kaleratu diren datuen arabera, 2022ko 3. hiruhilabetean Hego Euskal Herrian 115.000 langabe daude. Langabezia tasa, aldiz, %8,5koa da.

Nafarroan, jatorriaren araberako arrakala nabarmendu behar dugu. Izan ere, langabezian dauden langile migratuen artean, Europar Batasunetik kanpoko jatorria dutenen langabezia tasa %32,21koa da, Europar Batasuneko jatorria dutenak baino 25,71 puntu gehiago. Herrialde honetan, elikagaien industriari lotuta dagoen prekarizazioaren ondorio garbia, non Europatik kanpoko jatorria duten langileen esplotazioa behin baino gehiago salatu dugun.

Genero arrakala ere mantentzen da, estrukturala da. Zentzu honetan, emakumeen langabezia tasa (%8,9) gizonena (%8) baino altuagoa da. Aurreko hiruhilabetean baino behin behineko kontratu gutxiago egon arren, emakumeen artean sinatu diren kontratuen %25,7a behin behinekoa izan da, gizonezkoen artean, aldiz, %17a. Beraz, kontratuei dagokionean ere, gizon eta emakumeen arteko arrakala estrukturala da.

Gazteen artean langabeziak gora egin du eta aurreko hiruhilabetan baino 16 eta 24 urte bitarteko 3.700 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. Joera hau EAE eta Nafarroa Garaian gertatzen bada ere, Nafarroan azpimarratzekoa da duela urte bete baino 16-24 urte arteko langabe gehiago daudela. Adinean beste aldean kokatzen diren langileen kasuan ere gauza bera gertatzen da eta 55 urte baino gehiago dituzten 3.000 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilabetearekin alderatuz.

Langabezia datuek egungo ereduaren baitan genero, adina edo jatorriagatik sortzen diren arrakalak estrukturalak direla berretsi dituzte, lan bera egiteagatik langileon arteko ezberdintasunak areagotuz. Aniztasuna aitortuz, LAB sindikatuak langile klase osoarentzat eraginkorra izango den eskaintza du helburu eta praktikan gauzatzen ari gara.

Udazken gogorra aurreikusten den honetan, lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka sindikala lan zentro zein kalean hauspotzen ari gara. Lan zentroetan lan baldintzak hobetuko dituzten hitzarmen duinen aldeko borroka ziklo berriak piztu ditugu (helduen egoitzak, Bizkaiko metalgintza edota Osakidetzan). Bestetik, bizitzaren garestitzeari aurre egin, zerbitzu zein eskubide sozialen murrizketa salatu eta eredu burujabea aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu azaroaren 19an.

Lan eta bizi baldintza duinen konkistan aurrera jarraitzen dugu, egoera sozioekonomiko ezegonkor honek ez baitu aterabiderik izango langile klasea pobretu zein prekarizatuz, multinazional handiak zein IBEX35-eko enpresak aberasten jarraitzen duten bitartean. Langile guztiontzat onugarria, sozialki bidezkoa, ekologikoki iraunkorra eta demokratikoa izango den eredua lortzeko, lana, zaintza eta aberastasunaren birbanaketa lehentasun politiko, ekonomiko eta soziala da.

Elikadura osasuntsua eta prezioen kontrolaren alde egin dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok

Eskubide Sozialen Kartak Azoka Gardenak antolatu ditu Bilbo eta Iruñean, bertoko elikagaiak eta tokiko kontsumoa bultzatzeko asmoz. Bertan azaldu dutenez, egoera “jasanezina” da. “Infazioak gora egin du eta egiturazko arazoak gero eta gehiago dira; langileon diru sarrerak eta zerbitzu publikoak, ordea, murrizten ari dira. Elikadura eskubidea ere kolokan dago”, salatu dute. Gaineratu dutenez, erosahalmena murriztu denez, kontsumitzaileak kalitate baxuagoko produktuak -jaki prozesatuak, kasu- kontsumitzen hasi dira, horrek osasunean ondorio kaltegarriak dituen arren. “Sabela betetzea eta osasuntsu elikatzea ez dira gauza bera. Bertoko elikagaiak bihurtu ditzagun elikadura osasuntsu baten berme”, azpimarratu dute.

Zentzu horretan, gaurkoan 10 euroko oinarrizko saskia osatu dute sasoiko barazkiekin (%35), esnekiekin (%25), ogiarekin (%20) eta arrautzekin (%20). Saski honekin, egun baterako bi pertsonentzat oinarrizko elikagaiak bermatzen saiatu dira; aldi berean, tokiko ekoizpenari lehentasuna eman diote.

“Kalitatezko elikagaiak osasuntsuak direla bermatzeko modurik onena baserritarrekin zuzeneko harremana izatea eta tokiko komertzioetan kontsumitzea da. Era berean, prezio egokiena bermatuko dute. Ez da pobreziari aurre egiteko tresna bat, baizik eta kapitalaren interesei alternatiba egoki eta osasuntsu bat garatzeko modua”, azaldu dute.

Baserritarren kolektiboak eta langile kolektiboak elkarren eskutik abiatu behar dutela nabarmendu dute.

“Baserritarrak eta langile klasea txalupa berean gaude arraunean; pobreziari STOP, elikatu baserritik”, nabarmendu dute.

‘Jaiegunetan denok jai’ aldarrikapena eraman dugu Nafarroako Merkataritza Kontseilura

Gaur, urriak 26, Nafarroako Merkataritzako Kontseilua bildu da eta datorren urteko 10 jaiegun irekitzeko egutegia aurkeztu eta onartu du: urtarrilaren 8a, apirilaren 6a, uztailaren 2a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a, urriaren 12a,  azaroaren 1a eta tokiko jaieguna dira irekitzeko hautatu diren jaiegunak. Horien artean, zazpi jaiegun eta hiru igande daude; orain arte bi igande ziren muga eta gaurko honetan murrizteko bidea hautatu beharrean, zabaldu egin dute.

Nafarroako Merkataritzako Kontseilua Nafarroako Gobernuak, udalek, patronalak eta sindikatuek osatua dago, besteak beste, eta urtero egiten duen bezala merkataritza sektoreko langileen gainetik hartu dute erabakia, sektorera prekarizazio handiagoa ekarriko duen erabakia.

LABek urtero salatzen duen moduan, jaiegunetan irekitzea ez da beharrezkoa, nahiko egun baitago erosketak egiteko eta horrelako erabakiak ekartzen dutena da lan baldintzak okertzea, neurrigabeko kontsumoa areagotzea eta langileen kontziliazioari oztopoak jartzea.

Gainera, ezin da aipatu gabe utzi merkataritzako lan hitzarmen asko erorita daudela eta, ondorioz, sektore hauetako langileak orain dela 12-14 urteko soldata berdin-berdinak jasotzen ari direla. Onartezina da. Hitzarmen hauek ez negoziatzeko jartzen den aitzakia da patronala ez dela existitzen, baina irekiko diren jaiegunak adosteko bai, horretarako bai existitzen da.

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du Nafarroako Gobernuaren jarrera, merkataritzako langileen baldintzak ez ikusteko itsuarena egiten baitu baina, aldi berean, 10 jaiegunetan irekitzeko arauak sinatzeko zalantzak jartzen ez dituelako. Bide batez, langile orori dei egiten diegu mobilizazioetan parte har dezaten, bai jaiegunetan denden irekiera salatzeko, bai hitzarmenaren aldeko borrokan.