2026-01-11
Blog Page 288

BETI ON telelaguntza zerbitzuko grebak 2022ko KPIa onartzera behartu du enpresa #LortuDugu

LABek eta ELAk, gehiengoa dutenak enpresa-batzordean eta lau hilabetetik gorako grebaren
bultzatzaile izan direnek, honako hau adierazi nahi dute:

Telelaguntza zerbitzu publikoak 63.000 erabiltzaile baino gehiago ditu EAEn. LABek eta ELAk
Eusko Jaurlaritzaren pribatizazio politika salatzen dute. Pribatizazioak prekarizatu egiten ditu
plantillaren lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea, enpresa pribatuen esku uzten dutenak.
Hauek, euren irabaziak lehenesten dituzte edozein interesen gainetik.

LABentzat eta ELArentzat, zerbitzua irailaren 30era arte esleitu zaion TUNSTALL enpresak,
negoziatzeko borondaterik ez izateaz gain, gaitasun falta izugarria erakutsi du, ez baitu lizitazio
berrirako lehiaketan parte hartzeko behar den dokumentazioa epe barruan aurkeztu.

TUNSTALLeko Zuzendaritzaren lardaskeriak Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko zuzeneko
interlokuziorik gabe uzten du, zerbitzu publikoaren azken esleipenduna nor den erabakitzen
duen enpresak jarritako errekurtsoa argitu arte. Orain arte aurkeztutako eskaintza bakarra
Ilunionek eta Ibermáticak osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkartearena da.

Enpresak egoera hori baliatu du hitzarmenaren negoziazioa irteerarik gabeko kale itsu batera
eramateko.

Hala ere, grebalarien erabakiak TUNSTALL enpresa, LABek eta ELAk osatutako greba
batzordearekin akordio batera iristera behartu du.

Akordio honek hurrengora behartzen ditu:

• Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa berrestea, enpresa esleipenduna edozein dela ere.
• Oinarrizko soldatan 2022 osoko KPIaren igoera onartzea, hau da, % 6,4koa.
• Soldata-igoera horren erdia linealki aplikatzea. Formula horri esker, kategoria baxuenen eta
altuenen arteko aldeak murriztu egiten dira.
• Hobekuntza hau, zenbatekoa eta aplikatzeko modua, hitzarmenaren kontura mantenduko
da, enpresa esleipenduna nor den argitu eta negoziazioari berriro ekin arte.

LABek eta ELAk BETI ONen greban egon diren langileak zoriontzen dituzte egindako
borrokagatik , eta merezi duten Hitzarmen Kolektiboaren aldeko borrokan jarraitzeko indarrak
berritzera animatzen dituzte, enpresa esleipenduna heltzen denerako.

Nafarroako kirol kudeaketan deitutako grebaren lehen asteak jarraipen handia izan du

LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuon oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Greba mugagabea hasi eta astebetera, etenaldi masiboekin jarraitzen dugu Kirol Kudeaketaren sektorean, Iruñerriko eta Nafarroako herri askotako kirol instalazio gehienak geldiarazten ari dira. Hauek dira: Mendillorriko trinketea, Zizur Nagusia, Uharte, Burlata, Sarrberrioiguren, Perkualta, Caparroso, Jorge Aranzupa, Mutiloa.

Aste honetan zehar patronalak hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, ez baita inoiz sindikatuekin harremanetan jarri. Ez da bilera- edo negoziazio-proposamenik egin mahaiaren gainean, eta horrek agerian uzten du AGEDENAk ez duela inolako borondaterik hitzarmen sektorialaren negoziazioaren aurrean.

Patronalaren immobilismo horren aurrean, mezu argi bat igortzen diegu udalei: kirol instalazioak kudeatzen dituzten enpresen kontratatzaile garen aldetik, enpresei negoziazioa desblokeatzeko jarrera har dezatela eta presioa egin dezatela eskatzen dugu. Eskatzen dugu, halaber, Udalek inflazio-egoerari aurre egiteko aurrekontu-partida handitu duten kasuetan, publiko egitea eta ezagutzea, sektoreko langileen artean ordaindu ez den dirua ordaindu baitiete enpresa kudeatzaileei.

Egun hauetan guztietan greba-eskubidea urratu dela salatu nahi dugu publikoki. Instalazio askok ireki dituzte tornuak eta instalazioak zabalik utzi dituzte langilerik gabe, eta huelgisten lanpostuak aldatu dira. Lan-ikuskaritzari dagozkion salaketak jarri dira, baina jendaurrean jarri nahi dugu hori berriro gerta ez dadin eta grebarako eskubidea errespeta dadin eskatzeko. Gure ustez, grebarako eskubidea urratzea oso enpresapraktika larria da, eta enrpesak zigortu egin behar dira oinarrizko eskubide bat ez errespetatzeagatik.

Kirol instalazioen erabiltzaileei ere dei egiten diegu: zuen kuotak erreklamatu eta udalei eta enpresei presioa egiten lagundu, berriz ere negoziatzera eseri ahal izateko. Proposatu ditugun gutxienekoak bermatuko dituen hitzarmena sinatu nahi dugu: hitzarmeneko urte bakoitzeko KPIaren soldata-igoera, lanaldiaren murrizketa, bajen kasuan soldata hobetzea eta benetako enplegua hobetzeko sistema, kontratazioaren prekarietatea murriztuko duena. Sektore honetan lan-prekarietatea murriztea ezinbestekoa da eta ezin diogu horri uko egin.

Sektoreko langile guztiak grebarekin jarraitzera animatuko ditugu, gure erreklamazioak bidezkoak eta arrazoizkoak baitira. Sektorea geldiarazteko, ahotsa altxatzeko eta entzunarazteko gaitasuna dugula erakutsi dugu. Merezi dugun hitzarmena lortzeko borrokan jarraituko dugu.

Garbiñe Aranburu: “Bere erantzukizuna onartu eta EAEko etxeko langileen hitzarmenaren negoziazio prozesua zabaltzeko exijitzen diogu Confebaski”

Confebaskek EAEko etxeko langileen lehen hitzarmenerako negoziazio mahaia irekitzeari uko egin zionez, LABek demanda jarri zuen eta gaur epaiketa egin da. LABek elkarretaratzea egin du Bilboko epaitegien aurrean, sektoreko milaka langileentzako hitzarmen kolektiboa eskatzeko. Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak “erantzukizuna bere gain hartzeko, distrakzio-teknikak alde batera uzteko eta negoziazio-prozesua zabaltzeko” exijitu dio Confebaski.

Aranburuk adierazi duenez, “eskubideez hitz egiten ari gara, eta Confebaskek, bere jarrerarekin, bere erantzukizunari ihes egiten dio. Milaka emakumeri langile izaera eta lan-baldintzak arautzeko eskubidea ukatzen die. Badirudi Confebaskentzat onargarria dela langile horiek, gehienak emakumeak, migratuak eta arrazializatuak, gainerako langileek baino eskubide gutxiago izatea”.

LABeko koordinatzaile nagusiak gaineratu duenez, “gure ustez, gizarte gisa, ezin dugu onartu zaintza-lana, guztiz beharrezkoa eta ezinbestekoa baita bizitzari eusteko, egungo baldintzetan egitea. Ezin dugu lan-esplotazio hori onartu”.

“Errealitate horrek gizarteko eragile eta estamentu guztiei eragiten digu. LABek bere gain hartzen du dagokion zatia, eta, horregatik, bide guztiak erabiltzen jarraituko dugu, bide penala, ekintza sindikala, interpelazio politikoa eta gainerako sindikatuekiko eta mugimendu feministarekiko aliantzak, etxeko langileen eskubideak bermatzea lortu arte eta beren lana behar bezalako aitorpen politiko, ekonomiko eta sozialarekin garatu ahal izatea lortu arte”, gaineratu du Aranburuk.

Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmenean 2021eko soldata igoerak %0,75 izan behar duela ebatzi du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak #LortuDugu

Jakin berri izan dugunez, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Gipuzkoako Grafikagintzako sektore hitzarmenean 2021eko soldata igoerak %0,75 izan behar duela, KPI negatiboa izateagatik murrizketarik gabe. Gipuzkoako Grafikagintzako sektore hitzarmenean, 2021 urterako hitzartu zen soldata igoera aplikatzerakoan, Adegi patronalak KPI negatiboa zenez, ez zuen adostutako %0’75eko soldata igoera aplikatu nahi izan: KPI -%0’50ekoa izan zela argudiatuta %0’25eko igoera aplikatu nahi zuen. Gipuzkoako Grafikagintza sektorean adostu zena, KPIaren igoeraz gain, %0’75eko soldata igoera izan zen.

Hitzarmenean ordezkaritza dugun sindikatuetatik, soilik LABetik jo genuen epaitegira Adegiren erabakiarekin ados ez geundelako. Orain ebatzi den epaiak argi uzten du grafikagintzako langileek %0’75-eko soldata igoera edukitzeko eskubidea dutela, bere egin baititu aurkeztu genituen argudioak.

Oinarrizko produktuetan gertatzen ari den garestitze izugarriak direla eta, ezinbestekoa deritzogu bai ekintza sindikalean, zein negoziazio kolektiboan nahiz epaitegietan, aberastasunaren banaketaren alde egitea eta langileen eros ahalmena bermatzearen alde borrokatzea. LABek horretan jardungo du.

Enplegu eta soldata publiko duinak negoziatu ahal izatea aldarrikatu dugu

EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera deituta zegoen gaurko, eta LABek beste mobilizazio bat egin du Lakuan. Enplegu publikoa, erosahalmena eta eremu bakoitzean bertan negoziatzeko eskubidea izan dira aldarrikapenak, ikasturte honetan ere borrokatzen ari garen ildoak. Beste behin Eusko Jaurlaritzak negoziaziorako borondate eza argi utzi du edukietan eta formetan.

Edukiei begira, Madrilek agindutako soldata murrizketak zintzo betetzen jarraituko du hemen negoziatzeko duen borondate falta ezkutatuz. Langileok 2021 urtera arte galdu dugun %15eko diru galeraz ez du hitz egin nahi, eta hurrengo urteetarako erosahalmen galera ekarriko duten Madrileko igoera ez nahikoak inposatuko dituzte. Diru-bilketa handia egin dutelako ahoa bete, baina langile publikoon soldata ere bestelako gastuetarako erabiltzen jarraitu nahi dute. Txanda kontratua langile publiko guztiei zabaltzeko aukera ere baztertu egiten du. Enplegu planik ere ez dutela negoziatu nahi argi dago, eta Europako eta Madrilgo aginduak betetzera mugatuko dira, euskal administrazioetan dauden lanpostu gabeziak, prekaritate egoerak eta iruzurrak mantenduz.

Formari begira, bilera bi eguneko aurreabisuarekin egin izana salatu nahi dugu. Berria ez den jokabide honek oinarrizko eskubidea den Negoziazio Kolektiboaren Mahaia aurrekontu autonomikoei begirako tramite huts bihurtu du.

Hauek dira beste behin Eusko Jaurlaritzaren ikasturte honetarako ildoak. Eroso dago errezeta neoliberal zaharkituak ezartzen, negoziazio kolektiboaren ukazioaren ardura gainetik kenduz, baina berak ere ematen ez dituen gezurrezko aurrerapausoekin propaganda egiten.

Pasa den ostiralean eta gaur egindako elkarretaratzeei jarraituz, LABek negoziazio kolektiboa eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko du, Eusko Jaurlaritzak eta beste euskal erakundeek dituzten eskumenei uko eginez duten madrilekiko duten menpekotasun jarrera lotsagarria aldarazteko. Gaurko bilera ere antzerki hutsa izan da, aurkeztutako neurri guztiak dekretuz onartuko dituztela lotsarik gabe onartzen jarraitzen dutelako, eta langile publikoen eros ahalmena urratzen jarraitzen dute. Euskal Herriko administrazio eta enpresa publiko guztietan «Enplegu publiko duina, erosahalmena bermatu, berton erabaki» aldarrikatuko dugu.

Azpikontratazio kateen beste biktima bat

Beste lan ezbehar hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Donostian. Aurtengo 63. hildakoa lan istripuan, hain zuzen. Urriaren19an, 64 urteko langilea istripu ez traumatikoz hil zen lanean ari zen bitartean. Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu senide, lagun eta lankideei.

Gure datuen arabera, pasa den urriaren 19ko goizean, Acuña enpresarentzako lanean ari zen baina autonomo bezala altan emanda zegoen S.A. langilea, gaizki sentitu eta une batetik bestera hil zen tokian bertan. Otxoki pasealekuko lanetan, Donostiako Udala bera da promotorea eta ejekuzioa azpikontratatu egin du. Era berean, badirudi azpikontratak ere azpikontratatutako autonomoak erabiltzen dituela, eta honela ematen da lan osasun ezbeharren kate klasikoa. Kate honen baitan, lan osasun ardura eta betebeharrak azkenean ez dira kontrolatzen, ez dira betetzen.

Modu honetan, LAB sindikatutik irmoki salatu nahi dugu, Donostiako Udalak ez dituela bere promozioko lanetan nahikoa babes eta prebentzio neurri ipintzen eta azpikontrata kate luzeak onartzean, langileen lan baldintzak okertzeaz gain, prekaritatea areagotzeaz gain, lan osasun araudiaren betearaztea oztopatzen duela.

Azken urteetan Euskal Herrian, 5 eguneko langile bat hiltzen da istripuz. Egoera larri honen atzean ez dugu Eusko Jaurlaritzaren inongo adierazpenik eta neurririk ikusten. Pentsa dezakegu zer erantzun emango lukeen Jaurlaritzak 5 egunean behin enpresari bat hilko balitz lanean?

Honela, datorren asteartean, urriaren 25ean, eguerdiko 12:00etan Donostiako Udaleko enpresa-batzordeak, udalaren aurrean deitutako elkarretaratzean parte hartzea dei egiten diogu euskal langileagoari.

Euskal presoen etxeratze prozesua gauza dadin aldarrikatu dugu Bilbon

Kartzela politika aldatu eta salbuespen neurriak bertan behera uzteko helburuarekin 2018ko abenduan hasitako dinamikaren barruan, LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Plaza Eliptikoan, “Etxera bidea gertu” lemarekin.

Hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu Arabako ardogintza sektorerako

Ardogintza sektoreko hitzarmenaren alde egingo ditugun hiru mobilizazio egunetatik lehena egin dugu gaur, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok deituta. Horrela, Bastidako bus geltokitik abiatu den kotxe-karabana bat egin dugu, Garcia Carrion, Baigorri, Izadi eta Luis Cañas upategietatik pasatuz. Era berean, azaroaren 10ean beste martxa bat egingo dugu Laguardiako Huerta Viejatik eta abenduaren 1ean, Cvne aurrean mobilizatuko gara.

2022ko otsailean, Arabako Ardoaren Industria eta Merkataritza Sektorearen hitzarmena negoziatzen hasi zen. Sektore honek mila bat pertsonari eragiten die Araban, eta eragin handiena Arabako Errioxan du. Horrela, bada, hitzarmen horrek inguruko familia askoren lan-baldintzak arautzen ditu.

Bertan behera utzitako bileren ondoren, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok erabaki genuen 2021ean egin zen bezalako negoziazio eta mobilizazio-dinamikari jarraipena ematea. Dinamika horrek gaur egun indarrean dagoen hitzarmena lortu zuen. Formula horrek arrakasta izan duela erakutsi du, sektorean lan egiten duten pertsonek eskatzen dutena izateaz gain. Ezin bestela izan, intersinikal horretan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaion ELA sindikatuari, hasiera-hasieratik, ekainean, baina sindikatu horrek uko egin zion proposamenari. Ez zen eseri ere egin edukiei eta mobilizazioei buruzko balizko akordioez hitz egiteko. Hala ere, berriro ere dei zintzoa egiten diogu ELAri bat egin dezan.

Hala eta guztiz ere, negoziazioa ez da eman beharko lituzkeen fruituak ematen ari, modu artifizialean atzeratuz. SEAk eta ordezkatzen dituen upeltegiek badakite hitzarmen berriaren edukiak non dauden:

• Sektorean lan egiten duten pertsonen erosteko ahalmena bermatuko duten soldata-igoerak.
• Lanaldia jaistea. Urte asko daramatzagu ordu bakar bat ere jaitsi gabe. Ordua da.
• Bajen osagarriak hobetzea.
• Aldizkako kontratu finkoak dituzten pertsonen baldintzak arautzea.
• Berdintasun-planak, lan-osasuna, kontziliazioa, etab.

SEAk aurkeztutako lehenengo proposamenak igoera finkoen eta ez-finkoen formula bat planteatzen zuen, eta erabat baztertua izan zen sindikatuetatik. Upategiek ematen ari diren KPIaren zifrak beren gain hartu ahal izateko, 3 sindikatuek hitzarmena 2 urtetik 3 urtera luzatzea onartu zuten. Baina, horri erantzunez, patronalak formula bat proposatu du, lehenengo proposamenean aurkeztutako igoera berberak banatzeko, KPIa topatuta.

Horregatik, LABek, CCOOk eta UGTk dei egiten diegu sektorean lan egiten duten pertsona guztiei datozen asteetan egingo diren mobilizazioekin bat egin dezaten, bertan lan egiten duten pertsonek merezi eta behar duten hitzarmena lortzeko. Inguruko biztanle guztiei zabaltzen diegu: auzotarrei, ostalariei, beste sektore batzuetako langileei.

Azkenik, jakinarazten dizugu urriaren 28ko bilerak negoziazioa berriro bideratzen ez badu, adostutako mobilizazioen intentsitatea handitzeko aukera aztertuko dugula intersindikaletik. Pilota upategien eta SEA patronalaren teilatuan dago.

Grebak egingo ditugu EAEko hezkuntza publikoan, azaroaren 30 eta abenduaren 14an

Agerraldia egin dugu LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok, EAEko hezkuntza publikoan antolatuko ditugun greba eta mobilizazioen berri emateko. Hain zuzen ere, greba egunak azaroaren 30 eta abenduaren 14an izango dira hezkuntza publikoan.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon adierazpena, gaur egindako agerraldiaren harira:

Gaur, hemen, bildu garen sindikatuak hezkuntza lege aurreproiektu honi EZ esaten diogu. EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela baloratuta, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula adierazten dugu, sare publikoa baita  aukera-berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena. Horregatik, hurrengo aldarrikapenak egin eta legean jasota gera daitezen exijitzen dugu:

Legean espresuki jaso beharreko aldarrikapenak

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu. Egungo hezkuntza-sistema duala gainditu behar da, interes partikularrei planto eginez eta Euskal hezkuntza-sistema publiko eta propio baterako bidea sustatuz. Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz gisa kokatu behar da horretarako, egiturazko aldaketa, neurri zehatz eta inbertsioak jasoz: azpiegiturak hobetu eta berriak sortzea,  soldaten eguneratzea eta soldata arrakalekin bukatzea, publifikazio prozesu sendoak ezartzea, langile guztien lanpostuak bermatzea, edota pribatizaturiko zerbitzuen lehengoratzea -azpikontratako langileak subrogatuz-. Bestetik, Haurreskolak Partzuergo Publikoa Hezkuntza Sailean integratuko dela jaso behar du, hau doakoa izanik eta zerbitzua unibertsalizatuz.

2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu.

Sistema dualak sortzen duen segregazioa ekiditeko egiturazko aldaketak zein neurri zehatz eta eraginkorrak jaso behar ditu lege honek. Besteak beste:

  • Planifikazioan euskal eskola publikoa erdigunean jarri eta lehenetsi.
  • Itundutako sareari betebeharren kontrol mekanismo zorrotzak eta ikusgarriak ezarri.
  • Matrikulazio bulego bakar eta erreal bat bideratu. 
  • Familien eskola erabakitzeko eskubidea ezin da gizarte kohesioaren gainetik ezta aukera berdintasunaren gainetik egon.
  • Planifikazioan eragingo duten neurri zehatzak ere jaso behar dira, euskal eskola publikoa eskola maparen erdigunean jarri eta honen eskaintza lehenetsiz. 
  • Kuotak kobratzeko debekua jasotzeaz gain, doakotasun erreala bermatzeko neurri zehatzak abian jartzea jaso behar da legez; gutxienez ikuskatzaile talde baten sorrera eta auditoritza-unitate sendo batena. Finantzazio publikoa jasotzen duten ikastetxeek bere kontuak publiko egiteko obligazioa izango dute, azpiegituren ordainketa nola egingo den zehaztuz eta eskola guztientzat pareko irizpideak ezarriz. Horretaz gain, sindikatu, guraso elkarte eta alderdi politikoez osatutako gardentasun mahai baten sorrera.

3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu

Titulartasun pribatuko ikastetxeetako hezkuntza-komunitateak sare publikoan integratzeko erabakia gauzatzeko prozedura eta bertako langileak subrogatzeko klausula jasoko du legeak, prozesu hau alde sozialarekin aurretiaz negoziatuta.

4.-Hezkuntza lege propioa nahi dugu.

Horretarako, EAEen hezkuntzan erabateko eskumenak eskuratu behar ditugu, besteak beste, langileria propioa izateko. Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin izango duen harremana egituratuko du legeak. Horretaz gain, euskal curriculuma erabakitzeko eskumena EAEn egongo dela eta curriculum hau hezkuntza-komunitatearen parte hartzearekin garatu eta hezkuntza-sistema osoan aplikatuko dela jaso behar du legeak. Curriculumaren erreferentzia markoa Euskal Herria izango dela jaso beharko du legeak, curriculuma Espainiako Gobernuaren aurrean defendatzeko konpromiso espresoarekin batera.

5.-Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu. Hezkuntzan inbertsioa handitzea legez jaso behar da, BPGren %6ra iristea helburu izanik datozen 3 urtetan eta Europako batez bestekora parekatzea legean jasoz.

6.-Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu. 

Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas-eredu orokortu eta inklusibo bakarra behar da eta hizkuntza ereduak desagerrarazi behar dira; Lanbide Heziketan barne. Euskararen presentzia bermatua egon behar da eskolako jarduera guztietan (jantokian, eskolaz kanpoko ekintzetan, etab). Horretara iristeko trantsizio bat bermatu behar du legeak eta horretarako: langile kolektibo guztiak euskalduntzeko planak ezarri behar ditu legeak. 

7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea nahi dugu. Hezkuntza-sistemaren oinarri gisa honako hauek ezarri behar dira: euskal curriculuma, hezkidetza, laikotasuna, ekitatea, inklusioa, pentsamendu kritikoa eta parte-hartzea. Oinarri hauek bete beharko dituzte diru publikoa jasotzen duten ikastetxe pribatu guztiek, ituntze-sistema unibertsalarekin bukatuz. Gainera, itundutako ikastetxe pribatuen eskola-ordu eskaintza hezkuntza publikoarekin parekatua izango da, ezin izango dute gainditu. Diru publikoaren parte-hartze eta kontrol publikorako auditoria-unitatearen egitura legea indarrean jartzen denerako osatuko da, hala nola, hezkuntza-ikuskaritza indartzeko neurriak jasoko ditu legeak. 

8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu. 

Hezkuntzako langileon lanpostuak mantendu behar dira, baita prestakuntza eta lan-baldintza egokiak ere.

Sare publikoan langileen egonkortasun eta kontsolidaziorako prozesuak alde sozialarekin negoziatzeko betebeharra eta ibilbide zehatz bat jaso behar ditu legeak, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatzeko. Baita %8tik gorako behin-behinekotasuna errepikatzea ekiditeko neurriak ere. 

Itunduetako langileen eta publikokoen lan-baldintzen homologazioa epe jakin batean negoziatzeko betebeharra eta ibilbide zehatza jaso behar ditu legeak.  

Langileak birkokatzeko bermedun akordio iraunkorra jasoko du legeak, hau diru publikoa jasotzeko betebeharra izanik.

Langileen sarbideari dagokionez: batetik, sare publikoan gaitasun memoristikoen gainetik langileen lanerako gaitasuna baloratuko duen EPE eredu berri baterako trantsizioa gauzatzeko betebeharra legez jaso beharko da; eta bestetik, sare itunduan lan-eskaintzen publizitatearen inguruko betebeharra betetzeko prozedura jaso beharko da, aukera berdintasuna, meritu eta gaitasunen araberako sarbide bakarra bermatu bidean.

9.-Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu. Azpikontratazio eta pribatizazio prozesuekin bukatzeko, batetik, langile publikoak dauden heinean ezingo dira zerbitzuak azpikontratatu; eta bestetik, egun pribatizaturiko zerbitzuetan (jangela, garbiketa, eskolaz kanpokoak…) lehengoratze prozesuak gauzatuko direla jaso behar du legeak. Hala eskola publikoetan nola itunduetan, bertako langileen subrogazioa bermatuz.  

Botere-korporatibo digitalei mugak ezartzeko klausula jaso behar du legeak; hala, datuen erabilera debekatuz zein software propioa sustatuz eta honetarako 5 urteko trantsizio epe bat ezarriz.

10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena. Hezkuntza legetik eratortzen diren dekretu eta erregelamendu guztiak alde sozialarekin mahai-negoziatzailean negoziatu behar direla jaso behar du legeak; besteak beste, planifikazio dekretua, ikasleen onarpen dekretua zein ituntzearen dekretua. Ezinbestekoa izango da legearen osaketa prozesuari berari begira langileokin negoziazio markoak ahalbidetzea. 

Horregatik guztiagatik, hezkuntza lege aurreproiektu honi EZ esaten diogu eta hezkuntzako langileok gure hezkuntzaren etorkizunean zer esanik badugulako, antolatu ditugun ondorengo mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.  Mobilizazioak PUBLIKOA, EUSKALDUNA ETA PROPIOA HELBURU lelopean deituko ditugu, “Hezkuntza lege-aurreproiektu honi EZ, legea langileokin eraiki”.

Aldi berean, Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuon aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu.