2026-05-01
Blog Page 284

Osasunbideko gehiengo sindikala osasun sistema publikoaren alde eta langile guztiontzako lan baldintza duinen alde mobilizatuko da

Nafarroako osasun sistema publikoak (Osasunbidea eta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutua) okerrera egin duenez eta Osasun Departamentuak antolamendu-, lan- eta enplegu-baldintzak hobetzeko bere langileen eskariak ez dituenez aintzat hartzen, Osasunbideko eta NOPLOIko langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek, Nafarroako Osasun Plataformarekin batera, mobilizatzera deitu dute, sistema horren alde, sistema horren desegitea eta pribatizazioa gelditzeko, eta langileen lan baldintzak hobetzearen alde.

Osasun sistema publikoak herritarrei eman behar dien zerbitzuaren kalitatea zein bertako langileen baldintzak okertu dituzten ekintzen eta ez-ekintzen erabaki katea luzea da. Narriadura hori ez zen atzo hasi; 2008an hasitako krisiaren murrizketa-politiketan oinarritzen da. Pandemia, bertan azaleratutako ahuleziei aurre egiteko aprobetxatu beharreko esperientzia izan beharrean, Osasun Departamentuari bere estrategia pribatizatzailean sakontzeko aitzakia gisa balio izaten ari zaio. Pandemia baino lehen, Departamentua zuzentzen duten egungo arduradunek behin eta berriz defendatu zuten lankidetza publiko-pribatuan aurrera egiteko beharra, eta, beti bezala, negozio pribatuaren aldeko apustua bertzerik ez da, baina diru publikoarekin finantzatua.

Zenbakiek erakusten dutenez, populazioaren gehiengoak babesten duen osasun-sistema publikoa indartu beharrean, egungo legegintzaldian, diskurtsoak gorabehera, izoztu eta mantendu du Osasun Departamentuaren infrafinantziazio historikoa.

  • Lehen Arretaren beharrak betetzeko eskaerei entzungor jarraitzen dute, eta Osasunaren aurrekontu osoaren %15arekin segitzen du, nahiz eta %25a behar lukeen.
  • Irtenbide teknokratikoak bilatzen jarraitzen dute, hala nola telelaguntza, arreta presentziala bermatuko duten plantillak handitu beharrean. Eten digitala dela eta, arretaren desberdintasunak areagotzen dituzten irtenbideak dira horiek, biztanleria talde ahulenei negatiboki eragiten dietenak eta desberdintasun argiak sortzen dituztenak.
  • Zentro pribatuetarako deribazio asistentzialen eta proba diagnostikoak sistematikoki kanporatzearen aldeko itunen urteko aurrekontua handitzen jarraitzen dute
  • Osasun mentalaren, lan-osasunaren edo aho-hortzetako osasunaren gabezia historikoez paso egiten jarraitzen dute.
  • Osasun Departamentuak ikerketa-baliabideak ahulak izaten jarraitzen du, baina Gobernuko bertze sail batzuek, hala nola Garapen Ekonomikoak edo Berrikuntzak, negozio pribatuen zerbitzura dauden ikerketa-ildoetarako aurrekontuak handitzen segitzen dute.
  • Zahar egoitzak publifikatzeko eta Osasun Departamentuarekin koordinatzeko neurrien aldeko paralisiak jarraitzen du, inbertsio-funtsen eta enpresa multinazional handien negozioa ezkutuan finantzatuz.
  • Enplegu eta lan baldintzen narriadurak bere hartan jarraitzen du, eta hauek osatzen dute: behin-behinekotasun orokorra, langile-falta desorekatua, plantillaren erosteko ahalmenaren galera, lan-gainkargak, lana eta familia bateratzeko neurririk eza, errotuak eta jada ohikoak diren lanaldi-luzapenak, lan-absentzien ordezkapenik eza… Inguruabar horiek guztiak bidegabeak eta justifikaezinak dira eta modu negatiboan eragiten diete langileen osasunari, eta horrek badakar baja medikoen ugaritzea, langile falta are gehiago larriagotzen duena.

Deskribatutako lan-egoeraren ondorioz, zerbitzuen kalitatea ere okertu egin da, eta horrek ekartzen du ospitaleko itxaron zerrendak handitzea, diagnostikoak atzeratzea, landa-eremuetan profesionalik ez egotea, aurrez aurreko arreta ezin lortzea; azken batean, desberdintasunak areagotzea.

Hainbat gizarte-erakundek eta langileen ordezkaritza sindikalak urteak daramatzate gabezia horiei guztiei aurre egiteko eskatzen. Baina eskaera horren aitzinean, zer aurkitu dugu? Osasun departamentuak gidaturiko izaera korporatibo eta klasista duen negoziazio absurdu bat, behar lituzkeen negoziazio mahaietatik kanpo egina, berresten duena osasun sistema publikoaren narriadura estrategia baten parte dela, hura desegiteko eta pribatizatzeko. Estrategia horri aurre egin behar dio Nafarroako gizarteak bere indar guztiekin, hala kalean, zein lantokietan eta hautetsontzietan.

Hartara, hauxe exijitzen dugu osasun sistema publikoa unibertsala eta bakarra izan dadin, Lehen Arretan oinarritua egon dadin, prebentzio orientaziokoa eta osasunaren sustapenekoa izan dadin, ikerketa publikoa bultza dezan, eta bere langileen enplegu eta lan baldintza duinak berma ditzan:

  • Osasun Departamentuaren finantziazioa handitzea.
  • Lehen Arreta birfundatzea, sistemaren benetako ardatza izan dadin, behar adina baliabide eta finantzazioa emanez, laguntza profil profesional berriak sartuz, laguntza jarduera guztiak garatu ahal izateko: arreta soziosanitarioa, osasunaren sustapena, osasun komunitarioa, irakaskuntza eta ikerketa.
  • Diziplina anitzeko talde lana indartzea, lanbide kategoria guztiak duinduz eta aitortuz.
  • Plantilla guztiaren erosteko ahalmena berreskuratzea eta hobetzea.
  • Enplegu egonkorra, behin-behinekotasuna %8ren azpitik egonda.
  • Guztiontzako karrera profesional justua, helburu kolektiboen alde lan egitea benetan erraztuko duena eta soilik zenbait estamentutarako antzinatasun osagarria izateari utziko diona.

Aurreko arrazoi horiengatik guztiengatik, hemen bildutako sindikatuok eta Nafarroako Osasun Plataformak mobilizazio hauetan parte hartzera dei egiten diegu Nafarroako biztanleei:

  • Batzar sindikalak Osasunbidearen eta NOPLOIren zentroetan.
  • Martxoak 15: elkarretaratzeak Nafarroako osasun etxe, kontsultategi eta ospitale guztietan eta NOPLOIren bi egoitzetan.
  • Martxoak 18: manifestazioa Iruñean, Golem-etatik 17:30ean.
  • Martxoak 23: greba Osasun Departamentuaren zentro guztietan.

Mobilizazio horien arrakastaren baitan dago osasun-sistema publikoa hondatu eta pribatizatzeko estrategiak porrot egitea. Sistema hori galtzeak Nafarroako populazio osoaren bizi-baldintzak eta osasuna nabarmen hondatzea ekarriko luke.

Pambis Kyritsis Munduko Sindikatuen Federazioko idazkari nagusiarekin bilera egin du Igor Arroyok Zipren

Zipren da Igor Arroyo LABeko Koordinatzaile Orokorra, eta gaur bilera egin du Pambis Kyritsis Munduko Sindikatuen Federazioko idazkari nagusiarekin. Kyritsis 2022ko maiatzean eginiko 18. Kongresuan aukeratu zuten Munduko Sindikatuen Federazioko idazkari nagusi.

Hainbat gai izan dituzte mintzagai bileran, Herrien edo estaturik gabeko nazioetako sindikatuen koordinadora nola egonkortu eta indartu,  Munduko Federazio Sindikalak Europan izan beharreko estrategia, ildo feminista nola indartzen dugun eta sindikalgintza feministarako bidean ze ekarpen egiten dugun, Sahararen aldeko borrokari ekarpen kualitatiboa egiteko eskakizuna eta sindikatu berri batzuen afiliazio eskariaren berri ematea.

Bestalde, 2024an LABen 50. urteurrena izango da eta sindikatua Munduko Federazio Sindikalean afiliatu zenaren 20. a denez, Arroyok gonbidapen berezia egin dio Kyritsisi Euskal Herrira etortzeko.

Bihartik aurrera, Munduko Sindikatuen Federazioko Kontseilu Presidentzialean parte hartuko du Arroyok.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu dira Atzegiko langileak, datozen urteetarako KPI bermatzea eskatzeko

Atzegiko hitzarmena negoziatzen aurkitzen dira. Kontuan izan behar dugu administrazio publikotik jasotzen duela dirua 270 langile inguru dituen entitate honek. Ez dute langileen eskubideak okertzea eta eros ahalmena galtzen jarraitzerik nahi. Aldundiari eskatzen diote aniztasun funtzionaleko sektorean eta konkretuki, momentu honetan, Atzegiko langileei KPIa bermatzea datozen urteetarako. Horrela, mobilizazioa egin dute gaur Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Adierazten dute hitzarmenaren negoziazioan beste puntu asko dituztela hobetzeko:

  1. Hitzarmen honen erronka nagusia urtean lan egiten dituzten ordu guztiak konputatzea da. Gaur egun 2.000 lan ordu egiten dituzte urtean eta hauetatik 1.600 ordu dira lan orduak bezala konputatzen dizkietenak, beste 400 orduak lan postuan egon arren presentziazkoak bezala kontatzen dizkiete.
  1. Ez dago plusik jaiegun eta asteburuengatik, berdin da astelehen batez edo Urteberri egunean lan egitea.
  1. Ez dute gaueko plusik, oinarrizko soldatatik aterata dago.

Aldundiaren beharrei jarraituz, egun batetik bestera lan egiteko ereduak aldatzen joan dira urteetan zehar, beti tartean langileak kaltetuak ateraz, azkeneko lan ereduarekin, Mac 365, etxekoandre figura edo kategoria dutenak, adibidez.

Arreta Zuzeneko langileek ez dute euren burua zaintzaile soiltzat bakarrik hartzen (kontratuetan jartzen dien bezala), zerbait gehiago dira, maila pertsonalean eta emozionalean asko inplikatzen baitira. Hala ere, eskubideak dituzten langileak izaten jarraitzen dute, euren lan- eskubideen alde, lan baldintza duinak nahi dituzte.

Arabako esku-hartze sozialeko negoziazioa oztopatzeari uzteko exijitzen dugu

III. Arabako Gizarte Esku-hartzearen Hitzarmen Probintzialaren 35 negoziazio-mahai baino gehiagoren ondoren, aurreakordio ekonomiko bat lortu genuen, 2022ko uztailean sinatua, eta joan den 2023ko urtarrilaren 18an sinatu zen akordio osoa. Arabako Foru Aldundiak blokeatu egin du hitzarmen horren argitalpena, eta, horretarako, Aldundiak eskatu du bigarren xedapen gehigarri bat sartzeko hitzarmenaren behin-betiko testuan.

Bigarren xedapen gehigarri horretan, Aldundiak planteatzen digu 2021eko, 2022ko eta 2023ko soldata-atzerapenak esleipen berriekin lotzea, haien arabera uztailean, abuztuan edo irailean izan baitaitezke. Horregatik, Aldundiak 10 kontratu lizitatu behar ditu aurrekontuak handitzeko. Zergatik ez zen hori egin 2022ko uztailean aurreakordio bat zegoenean? Argi daukagu Aldundia eta enpresak xantaia egiten eta negoziazioa luzatzen aritu direla, beren interesen arabera.

Sindikatuek ez dugu xantaia hori onartu, sektoreko langile guztien soldata-erregularizazioak kobratzeari kalte egiten baitio argi eta garbi, eta hori onartezina da sindikatu guztientzat. Inola ere ezin dugu onartu soldata-erregularizazioak enpresen esleipenekin lotuta izatea; izan ere, 5 hilabetean, 8 hilabetean edo 12 hilabetean izan daitezke, ez dago kobratzeko inolako bermerik.

Egoera desblokeatzen saiatzeko, Aldundiarekin kontratuak dituzten 10 enpresek (horietatik 5 AISArenak eta beste 5 patronalarenak ez direnak) sinatutako dokumentu bat eskatu genien sindikatuek patronalari eta Aldundiari. Dokumentu horretan, aurreko urteetako atzerapen guztiak erregularizatzeko konpromisoa hartzen dute hitzarmena argitaratu eta hurrengo hilabetean, gehienez ere.

Gaur egun, 10 entitatetatik 8k sinatu dute eskatzen dugun idazkia. Dagoeneko bi negoziazio-mahai utzi ditugu bertan behera, azken bi astelehenetan. Sinadurarik ez dagoenez, bertan behera utzi dira bilerak.

Onartezina da azken hilabete hauetan Aldundia zuzenean sartu izana hitzarmen honen negoziazioan, negoziazioan inplikatuta ez dagoenean. Zer balio du sinatutako aurreakordio batek eta sinatuta dagoen hitzarmen batek, Aldundiak edozein unetan blokeatu edo baliogabetu badezake? Non geratzen da delegatuek eta sindikatuek negoziatzeko dugun eskubidea?

Horregatik guztiagatik, sektoreko sindikatuok esan dugu nahikoa dela adarra jotzea, eta, beraz, bihar, martxoak 1, asteazkena, 12:00etan, komunikabide guztiak deituko ditugu probintziako plazan, prentsaurreko bat emateko eta sektoreak datozen asteetan egingo dituen ekintzak azaltzeko.

Prentsaurrekoarekin batera, sektoreko langileen kontzentrazio zaratatsu bat egingo da; izan ere, ordu berean, Emilio Sola diputatuak agerraldia egingo du gai honi buruzko azalpenak emateko.

Lan istripuei erantzuteko akordioak abian jarraitzen du eta bere potentziala aurrera eramateko indar gehiago jarri behar da

2000. urteko hamarkada hasieratik dago abian laneko ezbeharren inguruko akordio intersindikala, LAB, Hiru, EhNE, ESK, STEILAS, Nafarroako CGT eta ELA sindikatuen artekoa. Gaur ELAk bere burua akordiotik kanpo kokatu du, bide berri bat arakatuko duela iragarriz, nahiz eta ez duen adierazi bide hori zein izango den.

Akordiotik aldebakarrez irteteko ELAren argudioa LABen Osalan eta NOPLOIn parte-hartzean oinarritua dagoela dirudi. Afirmazio harrigarria da, 2018ra arte ELAk modu normalizatuan parte hartu baitu NOPLOIn, akordio intersindikalean inolako oztoporik sortu gabe. LABek ere modu ez normalizatuan parte hartzen jarraitu du instituzio horretan gaur arte, protesta gisako etenaldiak tarteko, urteetan akordioan inongo oztoporik eragin gabe. Agian zintzoagoa litzake ELAk aitortzea akordioak nola ulertzen dituen, bere irizpideen 100% aintzat ez hartzekotan akordioak lehertzen saiatzen dela baitirudi.

LAB sindikatutik adierazi nahi dugu akordioa lan istripuei erantzuteko tresna egokia dela eta bere potentziala aurrera eraman behar dugula horretan indar gehiago ipiniz. Lan osasunaren galera hain da nabarmena, elkarlan sindikalaz bestelako eskenatokirik ez dela onargarria; izan ere, adostasunerako jarrera eta ariketa zintzoa da izurrite honen aurrean erakutsi behar duguna, ez besterik. Honela, adierazi nahi dugu akordio intersindikaleko ateak beti zabalik izango direla.

Hau esanda, nahi baino lehen batuko gara, tamalez, patronalak eragindako laneko heriotza baten aurrean elkarrekin erantzuteko.

Euskararen aurkako azken eraso judiziala herritarron kontrako beste eskubide urraketa bat dela salatu nahi dugu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi Fundazioan 34 zaintzaile plaza betetzeko oposizioetan euskara eskatzea zilegi dela zioen Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren ebazpenari jarritako helegite bat onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lehen instantzian Donostiako Epaitegiak ebatzi zuen EAEn euskara hizkuntza koofiziala izanik berau erabiltzeko herritarrek duten eskubidea bermatzeko langile publikoei euskara eskatzea zilegi dela.

Aldiz, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak, Luis Javier Murgoitio Estefaniak sinatuak, dio administrazio publikoak ezin diela aurkeztu diren guztiei baldintza hori eskatu, hizkuntza eskakizun hori frogatzen ez dutenek enplegu publikorako duten eskubidearen kaltetan. Hau da, euskara eskatzeak plaza horiek lortzeko herritarrek duten eskubide oinarrizkoak azpiratu egiten dituela.

Administrazio publikoan euskararen erabileraren normalizazioa oztopatu nahi duen beste eraso larri bat da LABen iritziz. Berriz ere, euskal herritarron oinarrizko eskubideak zapalduak izango dira, hau da, euskaldunok are gehiago diskriminatuak izango gara. Baina horretaz gain, kasu zehatz honetan, oposizio hauekin bete nahi diren lanpostuen izaerak larriagotu egiten du erasoaren tamaina. Bete nahi diren zaintzaileen plaza hauen izaerak zaindua den herritarrarekiko harremanak estua eta konfiantzazkoa izatea eskatzen du, eta horretan erabiliko den hizkuntzak berebiziko garrantzia du. Euskara eskakizuna artatuen eta senideen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko ezinbestekoa da.

Hori gutxi ez eta Uliazpi Fundazioan lan egiten duten gainontzeko langile euskaldunen hizkuntza-eskubideen aurkako eskubide urraketa izango da ere euskara ez dakiten langileak kontratatzea. Euskal administrazioan euskaraz lan egin ahal izatea ere oinarrizko eskubidetzat dugu. Administrazioaren euskalduntzea ez baita herritarrekiko zerbitzua euskaraz ematera mugatu behar, administrazioaren barne-funtzionamendua bera ere euskaldundu beharrekoa da, euskara ofiziala izateak betebehar hori eragiten duen heinean. Hori horrela, azken hamarkadetan administrazioa euskalduntzen aurreratutakoa galzorira eramateko arriskuan jartzen da euskararen gutxieneko ezagutzarik ere ez duten langile berriak kontratatuz gero.

LABen ustez, euskararen normalizazioak herri-akordio zabalak eskatzen ditu. Bada garaia Administrazioa euskalduntzeko hizkuntza-politika ausartak egiteko eta prozesu hau behar bezala blindatzeko eta, horretarako, eragile sindikal, sozial eta politiko ororen ekarpena ezinbestekoa izango da.

Euskararen kontrako erasoen aurrean, euskal langile publikoon mobilizazio eraginkorra antolatzeko eta, Euskalgintzako eragileekin batera, irmoki erantzuteko garaia da.

LAB, ESK, SATSE, ELA, UGT, SME, CCOO, SAE eta UTESE Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko sindikatuen prentsa oharra

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko sindikatuok irmoki salatzen dugu Osakidetzako Zuzendaritzaren jitoa.

Astelehen honetako erantzun bortitza, asteartean Donostia Ospitalean gertatu zen bezala, garbitzaileen aldarrikapen baketsuaren aurrean, edalontzia betetzen duen tanta da.

Osakidetzako Zuzendaritza ez da gai denbora gehiegi daraman gatazka batean negoziazioa errazteko, eta ematen duen irtenbide bakarra indarkeria da. Ertzaintzari aukera ematen dio langileak neurriz kanpoko indarkeriaz erreprimitzeko.

Negoziaziorik eza, erabakiak hartzeko inposaketa, plantillarekiko errespetu falta, lan sindikala oztopatzea, hala nola joan den 25eko manifestazioen propaganda kentzea eta, orain, iraganeko jarrera totalitario eta bortitzetara itzultzea.

Osakidetzako Zuzendaritzak erabateko aldaketa egin behar du eta jarrera demokratikoak berreskuratu. Osakidetzako Zuzendaritzari eskatzen diogu parte har dezala garbiketako kontraten gatazka konpontzen eta gure Osasun Zerbitzu Publikoari eragiten dioten arazoetarako irtenbideak bilatzen.

Azkenik, greban dauden lankideekin eta, bereziki, errepresaliatutako langileekin elkartasuna adierazi nahi diegu. Bat ukituz gero, denak ukitzen gaituzte.

Mobilizazio beharra aldarrikatu dugu Gipuzkoako metalgintzan

Gaur, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia hirugarren aldiz bildu da, eta ADEGI atzera pausoekin etorri da. Zehaztapen handirik ekarri gabe, mugak jarri nahi dizkio negoziaketari. Gure aldetik, kontzentrazioa egin dugu bileraren aurretik Donostian, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, hitzarmen duina eskatuz.

ADEGIk  aurrera egiteko nolabaiteko asmoa baino ez du iradoki, baina patronalaren proposamena asko zehaztu gabe eta LABek lehentasunezkotzat jotzen dituen edukiak jorratu gabe. Ekarritako 4 urteko planteamenduan ez dute KPIa bermatu nahi, lanaldi jaitsiera ukatzen dute, baja-osagarrietaz zein lizentzietaz ez dute hitz egin nahi eta, honetaz gain, malgutasuna handitzea mahaigaineratu dute. Patronala bileraz bilera erakusten ari den jarrera guztiz onartezina da.

LABen ustez, jarrera hori presio bidez mugitzea baino ez dugu lortuko. Horretarako, ADEGI zuzenean interpelatu behar da, ez bakarrik negoziazio-mahaian, baita kalean eta enpresetan ere. LABek bide hori jarraituko eta areagotuko du.

Bide horretan beharrezkotzat jotzen dugu sektore guztia aktibatzea. Sindikatu bakoitzak egin dezakeen lana eta presioarekin batera, indarrak batzeko eta ADEGIren immobilismoari elkarrekin erantzuteko garaia dela uste dugu. Horregatik, gainerako sindikatuei lehenbailehen biltzeko deialdia luzatuko diegu, egoera aztertu ondoren presio neurriak eta mobilizazio bateratuak proposatzeko. Helburu horrekin, ahalik eta azkarren sindikatuen arteko mahaia deituko dugu.

Sindikatuek ortziralean 4 orduko lanuztea deitu dute Nafarroako enpresa publikoetan, hitzarmen propioa eskatzeko

LAB, Lankide, UGT, CCOO, ELA eta CGT sindikatuek heldu den ortziralean, martxoak 3, lau orduko lanuztea egitera deitu dute Nafarroako enpresa publikoetan hitzarmen propioa eskatzeko.

Lanuzteekin batera, enpresa publikoetako langileak 9:00etatik 11:00etara kontzentratuko dira Nafarroako Parlamentuaren aitzinean. Bitartean, ordezkari sindikalek lan saio batean parte hartuko dute talde parlamentarioei beren egoera eta aldarrikapenak ezagutarazteko.

LAB, Lankide, UGT, CCOO, ELA eta CGT sindikatuek Nafarroako enpresa publikoentzat hitzarmen propioa izatearen beharra defendatzen dute, plantillen lan-eskubideak blindatzeko. Enpresa publikoen errealitatera egokitzen den hitzarmena litzateke, egungo Bulego eta Langelen Hitzarmenak hainbat zailtasun sortzen baititu.

“Ez dugu negoziazio esparrurik gure patronalarekin, hau da, CPENekin. Gure patronalak ez baitu parte hartzen Bulego eta Langelen Hitzarmenaren esparruan hartzen diren erabakietan, eta hori ez da batere arduratsua, bertze batzuen esku geratzen baita enpresa publikoei eragiten diena”, salatu dute sindikatuek.

Alde horretatik, erakunde sindikalek badakite legegintzaldian falta diren hilabete gutxi horiek kontuan hartuta zaila dela hitzarmen bat sinatzea, baina negoziazio-mahaia eratzea eskatzen dute gai horretan aurrera egiten hasteko.

“Negoziatzen hasteko, ez dugu arazorik Gobernu berria eratu arte itxaroteko, baina nahitaezkoa da hitzarmena negoziatzeko mahaia sortzea; horretarako borondate politikoa baino ez da behar”, aldarrikatu dute.