2026-01-02
Blog Page 274

DSBEren egungo erreformak pobrezia desagerrarazteko gai ez den eredu asistentzialista betikotzen duela salatu dugu

Datozen egunetan, Gasteizko Parlamentuak diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema arautzen duen lege berria bozkatuko du. Urteak iraun dituen legegintza-prozesu horren fruitua prekaritatea eta gizarte-bazterketa areagotzeaz gain, errealitate hori errotik eteteko gai ez den eredu bat ezartzen duen erreforma bat da.

Euskal langileen bizi- eta lan-baldintzak gogortzen ari diren testuinguruan, asko dira lege berriak aurreikusitako eskubide-murrizketak. Horien artean, DSBEagatik jaso beharreko zenbatekoak kalkulatzeko konplexutasun berria, datorren urterako, 2022ko datuekin alderatuta, 10 eurokoa baino ez den igoera ekarriko duena. Igoera horrek aurtengo KPIa konpentsatzea ere ez du ahalbidetuko, % 7 ingurukoa baita, eta ez du aintzat hartzen Hego Euskal Herrian 25 eta 64 urte bitarteko biztanleen % 53 baino gehiago bizi dela egoera prekarioan, lan duinik gabe eta diru-sarrera eskasekin, Ipar Hegoa Fundazioak berriki zabaldu duenez.

Lege berri honekin, Urkullu eta Mendia buru dituen Gasteizko exekutiboak ez die erantzuten kale mobilizazioetan adierazitako eta herri-ekimen legegileetan edo legebiltzarreko agerraldietan jasotako gizarte- eskaerei. Kontrara, beste behin ere, pobrezia estigmatizatzen duen eta berau jasangarri bihurtzea beste helbururik ez duen sistema asistentzialista eraldatzeko aukera galtzen du.

Pentsiodunek jasoko duten zenbatekoa, egungo 834 euroetik 934 euroetara igaroko litzateke, baina erreforma honek indargabetuko duen 2008ko Legearen arabera, pertsona horiek 1.166 euro kobratu beharko lituzkete. Kontuan hartuta gaur egun pentsiodunen ia % 35ek 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dutela, eta horien artean, 3 pertsonatik 2 emakumeak direla, DSBEren lege berriak ez dio aurre egiten emakume pentsiodunekiko zor historiko sakonari. Horretaz gain, 232 eurotan murrizten du hilean jasotako zenbatekoa.

Bestalde, lege berriak, etxebizitza berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago daudenean, % 15eko beheranzko indize zuzentzaile bat aplikatzea aurreikusten du, DSBEren onuradunak izan ala ez. Eskubideen urraketa larria da hau, nagusiki etxebizitza partekatzen duten pertsonen aurka egiten duena. EAEko errealitate gorakorra, non Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako datuen arabera, hiri handietan alokairuaren hileko batez bestekoa ia 800 eurotakoa baita.

Gazteen kasuan ere agerikoa da erreforma horrek bultzatutako eskubide-murrizketa. Gazteen Euskal Behatokiak berak adierazten duenez, EAEn bizi diren 18 eta 34 urte bitarteko pertsonen % 60 baino gehiago ez dira emantzipatzen, eta, beraz, larria da lege berriak baldintza gehigarriak eskatzea gazteek DSBE jaso ahal izateko.

Erreformaren arabera, 18 eta 29 urte bitarteko gazteek, baldintza orokor guztiez gain, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez, modu independentean bizi direla egiaztatu beharko dute. 18 eta 23 urte bitarteko pertsonen kasuan, aurrekoaz gain, azken 2 urteetan gutxienez 240 egun kotizatu izanaren baldintza ere gehitu da, edo horren ordez, DSBEa eskatu aurreko urtean Lanbiden alta emanda egotearena.

Erroldari dagokionez, lege berriak, oro har, 3 urteko gutxieneko epeari eusten dio, migratutako pertsonei sarbidea mugatzeko helburu argiarekin. Gainera, atzerritar jatorriko pertsonei DSBE jasotzeko kontrol espezifikoak egitea aurreikusten du, hala nola mugako mugimenduak kontrolatzea behar bezalako oinarri juridikorik gabe, eta agerian uzten du migrazioaren kriminalizazioa lege berri honetan errepikatzen den joera dela.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bihar, abenduaren 16an, 11:00etan Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, bultzatu duen mobilizazioan parte hartzera animatzen ditugu langileak, erreforma hau salatzeko eta 2023rako aurreikusitako aurrekontuak Euskal Herrian langile-klasea eta herri- sektoreak pairatzen ari diren pobretze-prozesuari aurre egiteko nahikoak ez direla salatzeko.

FVEMek Bizkaiko metalgintzako sektoreko 56000 langileei hitzarmenaren negoziazioa ukatzen jarraitzen die

Bizkaiko metalaren hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren hogeigarren bilera, sektoreko grebaren azken astearen osteko lehena, akordiorik gabe amaitu da.

Greba garaian mobilizazio handiak izan diren arren, patronala esku hutsik etorri da, proposamen berririk gabe. Sindikatuek etengabe deitu diote negoziazioarekiko erantzukizunari, baina FVEMek ihes egin dio.
Hala eta guztiz ere, gehiengo sindikalak abenduaren 21erako beste bilera batera behartu du patronala, eta proposamen berri bat egiteko konpromisoa hartu dugu, negoziatzailea izaten jarraituko duena. Ildo horretan, patronalak ez du berariazko konpromisorik hartu proposamen berri bat ekartzeko.
Gehiengo sindikaletik argi daukagu mobilizazioak eragina izan duela eta, hala badagokio, greben bidetik jarraitu beharko dugula, baina adierazi beharra dago gaur greba berriak aipatu dituen alde bakarra FVEM izan dela, hau da, sindikatuei erronka botaz, “nahi dituzuen greba bezain beste egin” esanez. CONFEBASKek eta klase politikoak negoziazioaren aldeei erantzukizunez jokatzeko deia egiten dietenean, gogora dezatela FVEMek esandakoa.

EAEko KESen agerraldia egin dugu, trantsizio ekosozialista eta feminsitarako neurriak aurkezteko

Krisi ekosozialak eragindako testuinguruari aurre egiteko trantsizio ekosozialista eta feminsitarako neurriak aurkeztu genituen iraila hasieran baita besteren artean KESen premiazko agerraldia eskatu. Gaur egin dute Ekintza Sindikaleko eta Ekintza Sozialeko arduradun Oihana Lopetegi eta Endika Perezek agerraldia Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko batzorde sozioekonomikoan.

Agerraldian, bizitzaren garestitzea, enpleguaren prekarizazioa, zaintza krisia, klima aldaketa, migrazioak edota elkar gurutzatzen diren diskriminazio desberdinak Kapitalismoak eragindako krisi ekosozialaren aurpegi desberdinak direla azaldu eta krisioi aterabidea emateko sindikatuaren proposamenak xehetu dituzte.

Lau ardatzetan kokatu dute sindikatuko ordezkariek lehentasunezko ekinbideak:

Lehenik eta behin, enplegu, zaintza lanak eta aberastasunaren bidezko banaketa gauzatzeko neurriak, hala enplegu politikaren bidez (besteak beste, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriz, erosmen ahalmena bermatuz, arrakala ororekin amaitu eta 30 orduko lanaldiaren alde eginez) nola zerga politikaren bidez (Kapital errenten eta Elkarteen gaineko zergak indartuz).

Bigarrenik, herritar orori zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak, hala nola, osasuna, zaintza, garraioa, etxebizitza, pentsioa edota energia. Eremu hauetan esku hartze publiko sendoa eskatu dugu, oligopolioen mesederako pribatizazio politika ororekin amaituz.

Hirugarrenik, Patronalari negozioa egiten ahalbidetuko dion “kapitalismo berdea”ren iruzurraren ordez, langileon parte hartzeaz bideratutako trantsizio ekosozialista abian jartzea eskatu dugu. “Gehien kontsumitzen dutenek gehiago murriztu beharko dute euren kontsumoa”.

Azkenik, euskal instituzioek dituzten eskumenak erabiltzearekin batera, estatu tresnak eskuratzeko premia nabarmendu dugu, hala nola, Euskal Gizarte Segurantza edota Euskal Lan Kodea.

Jarraipen zabala Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek homologazioaren defentsan egindako lehen greba egunean

Hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, homologazio printzipioaren aldeko hiru greba egunetako lehena egin dute gaur Osakidetza garbiketa azpikontratetako langileek. Araban, Gasteizen mobilizatu dira, Unibertsitate Ospitaleko kanpo kontsultetan. Gipuzkoan, Donostia ospitalean. Eta Bizkaian, Barakaldon, eta martxa bat egin dute San Eloy ospitaletik Gurutzetakora. Bihar ere, abenduaren 15ean, greba egingo dute eta martxa bat egingo dute, 11:00etan abiatuta, Barakaldoko Gurutzetako ospitaletik Basurtokoraino, Bilbon.
Kolektibo honetako langileek 5 urte inguru daramatzate hitzarmenik gabe, eta enpresekin 50 bilera inguru egin dituzte arren, ez da aurrera pausorik eta negoziazioaren blokeo egoera nabaria da.
Langile hauen lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea jasotzen du euren hitzarmenak. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten joku-araua, eta horren arabera jardun dute urteetan.
Orain, bai enpresak, bai bezeroa (Osakidetza) homologazio-printzipioa urratzen ari dira; are gehiago, sektorean gehiengoa duen Garbialdi enpresak jakinarazi die Osakidetzako zuzendaritzak ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, garapen profesionalaren osagarria, alegia.
Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari. Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, errelebo-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.
Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan, ez dute sindikatuekin ezer adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.
Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko. Bi urte daramatzagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez digula ezta erantzun.
Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez du egin. Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileak ez dira besoak gurutzatuta geratu eta grebara atera dira gaur, hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatukoz. Erakutsi dute ez daudela prest bere garaian lortutakoa orain galtzeko eta horrela, erantzun zabala izan du gaurko grebak, eta bihar eta ostiralerako deitutako deialdiek ere erantzun zabala izango dutela espero dute.

Ezinbestekoa da Bizkaiko egoitzetako langileen lan-baldintzak duinak izatea

Bizkaiko egoitzetako langileen egoera salatzeko hiru egunetako itxialdiari hasiera eman dio LABek Bilboko Atxuri auzoko Enkarnazioaren elizan, “Funtsezkoak gara” lemapean egingo dena. Honekin batera, greba ere deitu du sektorean abenduaren 14, 15 eta 16rako, urrian hasitako zazpi greba egunen zikloari amaiera emanez. Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak zaintza arloko langileak egiten ari diren borroken testuinguruan kokatu du ekimena: “Bizkaiko egoitzetako langileek urteak daramatzate lan baldintzak duintzeko eta kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko borrokan. Eurekin batera, azken hilabeteetan Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako egoitzetakoak ere borrokan dira, eta baita zaintza eremuan lan egiten duten hainbat langile ere”.


“Langile borroka guzti hauek agerian uzten dute zaintzaren inguruko gogoeta sakon bat egin behar dela. Herritar guztiok dugu, gure bizitzako uneren batean, zainduak izateko beharra. Zaintza duina jasotzea eskubide bat da, baina egun ez dago bermatua”, gaineratu du Aranburuk. “Zaintza lanak, bizitzari eusteko ezinbestekoak dira. Zaintza lanik gabe, jendarteak ezin dezake aurrera egin. Baina zaintza lan horiek ze baldintzetan egiten diren aztertuz, zein da ondorioa?”

Zaintzaren izaera feminizatuan jarri du arreta LABeko ordezkariak: “Eremu pribatuan geratzen diren zaintza lan ez ordainduak izan edo lan eremuan egiten ditugunak izan, nagusiki emakumeok sostengatzen ditugu zaintza lan horiek eta oso modu prekarioan egiten dira. Zaintza sektoreetan emakume migratu eta arrazializatuen presentzia handia da. Zapalkuntza ugari eta anitzak eta indarkeria mota desberdinak jasaten dituzte emakume horiek”.


Zaintzaren izaera funtsezkoa eta aitortza beharra ere hizpide izan ditu Aranburuk: “Zaintza lanei duten balio soziala eta ekonomikoa aitortu behar zaie. Ez da onargarria, bizitza sostengatzeko funtsezko langileak izanik, egoera prekarioetan prekarioenean egotea. Langile hauen soldatak duindu egin behar dira, ratioak murriztu edota publifikazio prozesuak bultzatu behar dira”.
Era berean, adierazi du instituzio publikoak direla egoera honen erantzule nagusiak. “Arduradun politikoak dira emakumeen zapalkuntza hau ontzat ematen ari direnak. Instituzioen jarrera salatzekoa eta gaitzestekoa da. EAJ eta PSEren Jaurlaritzak eta EAJ buru duen Bizkaiko Foru Aldundiak ardura zuzena dute gaur hemen itxialdian sartu diren langileekiko”.


Eta konponbideak nondik etorri behar duen ere aipatu du Garbiñe Aranburuk: “Zaintza erdigunean jarri eta daukan garrantzia eman behar zaio, zaintza beharrak eta eskubidea, zein langileen lan baldintza duinak erdigunean jarri behar dira. Zaintza sistema publiko bat eratzeko urratsak beharrezkoak dira”. Eta pribatizazioak dakartzan arriskuez ere ohartarazi du LABeko ordezkariak: “Baina kontrako norabidean ari dira. Zaintza negozio bilakatu eta pribatizazioa eta merkantilizazioa sustatzen ari dira. Bizkaiko egoitzetako hitzarmenaren blokeoaren aurrean, ardura politikoak saihestu eta beste aldera begiratzen dute. Instituzio publikoen utzikeria honek, diru gosea duten enpresari pribatuei, negozioa egiteko aterak parez pare irekitzen dizkie”.


Langileen lekukotza
Nekane Olalde Ermuako Abeletxe egoitzako langileak ere hartu du hitza itxialdiaren hasieran egindako mobilizazioan eta adierazi du inork ezin duela zalantzan jarri zerbitzu publikoa ematen dutela eta funtsezko langileak direla. Patronalak eta Aldundiak negoziatzeari uko egin diotela eta sektoreko hitzarmenaren mahaia blokeatu dutela gaineratu du. Grebalarien aldarrikapen zehatzak ere zerrendatu ditu:


• Benetako urratsak soldatak Gizarte Urgazpenek Foru Erakundearekin parekatzeko. Euren lan bera egiten duen langile publiko batek baino % 50 inguru gutxiago kobratzen dute. Horrez gain, azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dutenez, hilean 300 euro inguru pobreagoak direla salatu du.
• Euren lan-bizitzako azken urteei aurre egiteko neurriak 55 urtetik aurrera: murrizketa konpentsatuak, erretiroen alde egitea, ordaindutako baimenak, lanpostuaren egokitzapenak…
• % 100eko baja-osagarria.
• Bajak lehen egunetik ordezkatzea.
• Lan-osasunari buruzko neurri errealak, arrisku psikosozialei buruzkoak, besteak beste.


Langileen egunerokotasuna erabat baldintzatzen duten ratio ankerrak ere izan ditu hizpide, eta hauek dakartzaten ondorio larriak: pertsona bat 10 minututan garbitu, jantzi eta dutxatzea, gauean 30 edo 35 egoiliarren ardurapean egotea, 15 pertsona oinarrizko jardueretan zaintzen saiatzea (langile bakar bat). Egiten ez diren edo berandu egiten diren pardel-aldaketak aipatu ditu, lesioak eta zauriak saihesteko jarrera-aldaketak. Langileen lana ondo egiteko aukera ematea eskatu du eta salatu du egoitzetako eguneroko egoera oso gogorra dela, Administrazio Publikoak gaur egun ezartzen dituen ratioek eta enpresek poltsikoak betetzeko erabiltzen dituztenek oso larriki hondatzen baitute egoiliarren eta langileen bizitzaren duintasuna.

LABen ustez, egoera horren erantzuleak administrazio publikoak dira, bai Eusko Jaurlaritza bai Bizkaiko Foru Aldundia, eta erantzukizuna beren gain hartzea eta egoera horri irtenbidea ematea eskatzen dugu.


Egungo ratioen aurrean, LABek gutxieneko ratioen proposamena egin du, egoitzen egoera gizatiartu dadin. Besteak beste, neurri hauek proposatzen ditu sindikatuak:

  • gaueko ratioa 2 gerokultore/zaintzaile izatea 15 egoiliarreko.
  • eguneko ratioa gerokultore/zaintzaile batena izatea 4 egoiliarreko.
  • erizaintza-zerbitzua 24 orduz egotea, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliar bakoitzeko.

Proposamen hau egia bihurtzeko Aldundiaren eta enpresen borondatea baino ez da behar. Adibidez, lau egoiliarreko zaintzaile bat izateak 3.300 lanpostu berri sortuko lituzke, eta Aldundiak 24 euro inbertituko lituzke eguneko egoiliar bakoitzeko.

Hitzarmen duina aldarrikatu dugu Gipuzkoako metalgintzarako

Gaurkoan, Beasaingo CAF enpresa aurrean elkartu gara, eta bertan egindako protesta ekimenarekin patronalari 2023an negoziatuko den Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren inguruan mezu argi bat bidaltzea izan dugu helburu: hitzarmen duina nahi dugu!
Bada garaia Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena edukiz betetzeko: lanaldia jaitsi, KPIa bermatu, malgutasunari mugak, aldi baterako ezintasun osagarriak, baimen eta lizentziak… LABek argi dauka eta hitzarmen duina lortzeko borrokarako prest dago!

EAEko Hezkuntzako langileen %60k bat egin du sindikatuok deitutako grebarekin

Haurreskoletan eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan bereziki izan du eragina grebak. Manifestazioa egin dute gaur Gasteizen, eta mobilizazioak egingo dituzte arratsaldeko 18:00etan EAEko hiriburuetan.
“PUBLIKOA, EUSKALDUNA eta PROPIOA helburu” lelopean LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok hezkuntza legea langileekin eraikitzeko eskatuz deitu dugun bigarren greba eta mobilizazio egunean jarraipena oso zabala izan dela adierazten dugu. Gaur, azaroak 30eko greba egunean bezala, 30.000tik gora dira EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan grebara deituriko langileak: irakasleak, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketako langileak, eskoletako heziketa bereziko hezitzaileak eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak. Bataz beste langileen % 60ak bat egin du grebarekin eta azpimarratu nahi dugu Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan jarraipena nabarmen handiagoa izan dela. Bestetik, azaroak 30ean bezalaxe Gasteizen ere milaka izan dira deitu dugun manifestaziora gerturatu diren langileak. Arratsaldeko hiriburuetako mobilizazioetara ere, aurrekoan bezala horrelako erantzuna espero dugu.
Gaurkoan Legebiltzar aurretik pasa eta Jaurlaritzari ozen adierazi diogu:
• Plazaratu duten Hezkuntza Lege aurreproiektuari EZ esaten diogula.
• Hezkuntza Legean eta Hezkuntza sistemaren aldaketetan eragin nahi dugula.
• Balizko hezkuntza legerik izango bada langileokin eraikitakoa izango dela.
• Eta Publikoa, euskalduna eta propioa izango den hezkuntza sistema bat helburu izanik mobilizatzen jarraituko dugula gure Hezkuntza sistemak beharrezko dituen aldaketak bultzatzeko. Egungo sistema betikotzeko lege, dekretu edo aginduak ez ditugu behar, eredu duala gainditze bidean jarri behar da eta langileon lan baldintzak eta lanpostuak aintzat hartu.
Beste behin ere argi geratu da hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroak ez dituela langileak asetzen eta ez duela egungo hezkuntza-eredu duala gainditze bidean jartzen. Beraz, eskoletatik eta kaletik borrokatzen jarraituko dugu sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko. Horregatik, arratsaldeko 18:00etan ere Gasteiz, Donostia eta Bilbon deitu ditugu hezkuntza sistemako langile guztiak.
Hauek dira gure aldarrikapenak:

  1. Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
  2. Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu.
  3. Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
  4. Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
  5. Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
  6. Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
  7. Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea nahi dugu.
  8. Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
  9. Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.
  10. Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.
    Gauzak horrela, behin betiko aurreproiektuan sindikatuon aldarrikapenak jasoko ez balira, egin ditugun greba eta mobilizazioak baloratuko ditugu eta etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu.

Schneiderreko langileek lanuzteak hasi dituzte baldintza justuagoak aldarrikatzeko

Schneider Garesko lantegiko langile gehienek babestu dute gaur LAB eta ELA sindikatuek eginiko lanuzteen deialdia, bertzeak bertze, enpresak bere langileak pobretzeari utz diezaion eskatzeko. Gaur, abenduaren 13an, bi orduko geldialdia egin dute txanda bakoitzean, eta hala eginen dute astebetean; heldu den astean, berriz, lau orduko geldialdia eginen dute txanda bakoitzeko.
Enpresarekin hainbat hilabetez negoziatzen aritu ondoren, eta enpresak eragindako blokeo-egoerak bultzatuta, Schneiderreko langile gehienek aurrerapauso bat ematea eta LAB eta ELAren deia babestea erabaki dute.
Schneiderrek irabaziak ditu urtez urte, eta, hain zuzen ere, bere langileak pobretzeari uzteko eskatzen dio plantillak enpresari. Soldatak duintzeko garaia da. Alde horretatik, plantillak ez du onartuko Nafarroako KPIari lotuta ez dagoen igoerarik, ez eta legez aitortua dagoen atsedenaldia ez deskontatzea ere.
Era berean, plantillak negoziazio-mahaitik malgutasun planteamendua kentzeko eskatzen dio enpresari. Ez da ulergarria merkatu seguru eta egonkorra duen enpresa batek UGTk eta CCOOk sinatutako hitzarmenak ematen dizkion tresnak modu interesatuan erabiltzen jarraitzea, langile klasearen kontura irabaziak handitzen jarraitzeko helburu bakarrarekin.
Beraz, Schneiderreko langileek, bai eta LAB eta ELA sindikatuek ere, dei egiten diote enpresari negoziazioa blokeatzeari utz diezaion eta ordezkari sindikalekin hitz egitera eser dadin, guztiok bidean elkar topatuko duten terminoetan betiere.

Borrokan ari gara aniztasun funtzionaleko Bizkaiko hitzarmenaren alde

3.000 langile ari dira lanean Bizkaiko aniztasun funtzionalaren sektorean eta LABentzat, ukaezina da herrialde mailako aniztasun funtzionalaren sektoreko negoziazio-esparru bat sortzeko beharra. Bizkaiko hitzarmen sektoriala lortzea Aldundiari eta erakundeei konfrontazio-gune bat irabaztea da, sektoreko langile guztien baldintzak hobetzeko eta guztiek era batera edo bestera jasaten ditugun egiturazko arazoei aurre egiteko aukera emango digun konfrontazio-gune bat. Horrela, sektoreko langileak herrialdeko hitzarmenaren aldeko borrokan murgilduta daude, eta atzo bertan, mobilizazioa egin zuten Bilbon.

Jakin badakigu hitzarmen sektorial baterako aukerak deseroso jartzen dituela erakundeak eta Foru Aldundia. Beharrezko urratsak egiten ari gara Hitzarmen Sektoriala negoziatzeko Negoziazio Batzordea osatzeko. Entitateek ez dute mahaia eratu nahi, beren borondate eza hitzarmen hori negoziatzeko legitimatuta ez egotearen aitzakiapean mozorrotuz. Denok dakigu benetan gertatzen dena dela sektoreko hitzarmen bat beren interesen aurka doala, langileen zerbitzua eta lan-baldintzak prekarizatzen jarraitu nahi baitute.

LABek beharrezko urratsak ematen jarraituko du, Langileen Estatutuak ezartzen dien negoziatzeko betebeharra saihestu ez dezaten. Gure ekimenarekin, baloia enpresen teilatuan jarri dugu. Horiek beren artean antolatu eta ados jarri behar dira Hitzarmen Sektorialaren negoziazioari ekiteko. Confebaskek eta Cebekek dagoeneko adierazi dute Bizkaiko enpresek uko egiten badiote, eurei dagokiela negoziazioa beren gain hartzea. AEDISek, bere bazkideen artean APNABI, GORABIDE edo ASPACE, besteak beste, hartzen dituen estatuko enpresa- elkarteak, dagoeneko adierazi du beraiek hartu beharko luketela beren gain negoziazioa. Soilik falta da Bizkaiko elkarteek izkutatzeari uztea eta Bizkaiko Hitzarmen Sektorial baterako Negoziazio Batzordea osatzeko ardura beren gain hartzea.