2026-01-02
Blog Page 270

Eskatu dugu Nafarroako Gobernuak bere gain har dezala maskaren hondamendiaren erantzukizuna eta CENeko enpresaburuek zor dutena ordain dezatela

Gaur, Iruñean, Lan Departamentuaren aitzinean eta CENen egoitzan horma-irudi bana jarrita, salatu dugu “maskaren hondamendia” Nafarroako Gobernuaren kudeaketa klientelarrari zor zaiola, patronalari barra librea ematen baitiote. Enpresaburu horiek beren interes eta onurei bakarrik begiratzen diete, eta horiendako dena da negozioa. LABek uste du gauzen egungo logika hori aldatu beharreko errealitatea dela.

Maskaren hondamendiak —1,7 milioi maskara, 1,8 milioi euroko kostua dutenak, eta kutxa publikoari 1,24 milioi euroko galera ekarriko diotena— Geroa Bai eraman beharko luke, Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuko titularra baita, jarduteko modu horri buruzko hausnarketa sakona egitera.

Honekin dagoeneko bi dira egindakoak —Davalor kasuarekin batera—. Ez da onargarria gauzak egiteko modu hori, beti malgua enpresaburuekin neurri eta eskakizun guztietan. Iraina da Geroa Bai – EAJk orain, edo UPNk lehenago, enpresak erreskatatzea eta gehiengo sozialak erreskate hori ordaintzea. Kontrara, erreskataturiko enpresek etekinak ematen dituztelarik, onura horiek ez zaizkie langileei ailegatzen.

Maskaren hondamendia Sodenako jarduera orokorraren bertze adibide garbi bat da, eta, UPNren gobernupean ere, logika neoliberal bati erantzun izan dio beti: diru publikoa batere lotsarik gabe erabiltzea “enpresa-arriskua” zero kostukoa izan dadin enpresaburuendako, enpresaburuek ez baitute sekula inolako konpromisorik hartzen. Erraza baitirudi dirua arriskatzea diru hori publikoa denean.

Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (CEN) instituzioetan parte hartzen du bere postulatuak sutsuki defendatzen dituzten alderdi eta ordezkari politikoen bidez. Hala, aberastasuna modu bidezkoan banatuko lukeen ezein erreforma fiskal egiteko aukera blokeatzen dute, langile klasearem eskubideak mugatzen dituzten lan-merkatua prekarizatzeko legeak egiten dituzte, eta diru publikoko funtsak enpresaburuak —eta ez langileak— salbatzeko erabiltzen dituzte.

Enpresaburuek gutxi eta gaizki ordaintzen dute. “Enpresa-arriskua” deritzona guztion diru publikoaren bidez kolektibizatzen eta sozializatzen dute, eta ez dute gauza bera egiten etekinekin, beti bezala, esklusiban metatzen baitituzte. Eta, gainera, Gobernuak aldeko tratua eskaintzen die. Eskatu eta dena ematen zaie.

Beharrezkoa da modus operandi hori behingoz aldatzea, diru publikoaren kudeaketa gehiengo sozialaren eskubideak, lana eta bizitza duinak bermatzera bideratzeko. Enplegua eta aberastasunaren banaketa justua bermatzeko tresna eraginkorrak behar dira. Edo bertze era batera erranda: baztertu behar da enpresaburuen mesederako kudeaketa klientelar hori.

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko IV. Hitzarmenaren negoziazio mahaia martxan jarri da

LAB sindikatua lehen indarra da sektorearen ordezkaritzan. Argi dugu sindikatuon elkarlana bultzatu behar dela eta horretan gaude, sektoreko langileen eskubideak defendatzea eta hobetzea baita gure helburu nagusia.

Negoziazio honek, kapitalismo hetero patriarkalak ziklikoki jasaten dituen krisietako baten erdian harrapatzen gaitu, baina hau ez da nahikoa argudio gure aldarrikapenak eta sektorearen duintasuna alde batera uzteko. Azken urteetan gure eros ahalmena galtzen joan gara eta berau berreskuratu behar dugu, bizitzak erdigunean jarriz. Bestetik, gaur arte lortu ditugun eskubideak bermatzea eta berauek hobetzea da gure helburua ere.

Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu sektorearen aktibazioa, eta sektoreko langileak borrokara batzera gonbidatzen ditugu, gure eskubideak denon artean babesteko eta berauek hobetzeko. Gure esku dago azken urteetan lortu ditugun eskubideak hobetu eta gure sektorearen duintasuna babestea.

Azkenik, etor daitezkeen mobilizazio, ekimen eta dena delakoaren aurrean adi egon eta deialdietan parte hartzera gonbidatzen ditugu sektoreko langileak. Denon artean aterako dugu aurrera hitzarmen berria.

Positiboki baloratzen dugu Gipuzkoako ehunaren merkataritzako aurreakordioa

Gipuzkoako ehungintzaren merkataritzaren hitzarmena sinatzeak, zuzenean, sektorean bizi den soldata-eskala hirukoitza desagertzea dakar. LABen iritziz, akordio ona da, ospatzeko akordioa. Soldata-eskalekin amaitzen da, erosteko ahalmena bermatzen du, eta, batez ere, arnasa hartzeko eta gure lan-baldintzak hobetzeko antolatzen jarraitzeko aukera ematen digu.

Lortutako akordioak 2022rako %18,6ko soldata-igoera bermatzen zaie 2009tik soldata izoztuta zuten langileei.

2022rako %33ko igoera izango dute ehungintzako hitzarmena ez izateagatik orain arte LGSa aplikatu zaien langileek.

2022rako %4,5eko igoera izango dute 2018an ehungintzako hitzarmena aplikatu zitzaien langileek.

Eta batez ere, 2022, 2023, 2024 eta 2025 urteetarako eros ahalmena bermatuko zaie langile guztiei.
Baina sinatutako akordioa ez da ekonomikoa bakarrik:


> Ultraaktibitate mugagabea, hitzarmenak ez du indarra galduko.
> Hemendik aurrera, Gipuzkoan lan egiten duten ehungintzako online merkataritzako langileei hitzarmen hau aplikatuko zaie.
> Hitzarmen bidez jasotzen da igande eta jaiegunetan atseden hartu behar dela.
> Larunbat santua eta ihauteritako larunbat arratsaldea. Ez dira lanegunak izango, borondatezkoak baizik, eta orduko prezioaren % 75 gehiago ordainduko da.
> Konpentsazio-plusa. Baldintzatzaileekin, baina eraldaketa digitaleko prozesuengatik aldaketan izan dituzten langileak ekonomikoki konpentsatuko ditu.
> Azken urtean egindako ordu osagarriak kontsolidatzea.
> Lanaldia luzatzeko prozedura, antzinatasunaren arabera.

Nafarroako adineko egoitzetako langileen lan-baldintzak hobetzeko konpromisoa berresten dugu

Nafarroako adinekoen zentroen sektoreko langileek, LAB, ELA, eta UGT sindikatuen bitartez antolatuta, lan-baldintzak hobetzeko konpromisoa berretsi nahi izan dute gaur Iruñean egindako agerraldian. Borroka honetan jarraitzen dute patronalen eta Gobernuaren aurrean, eta bat eginda jarraitzen dute, indartsu.

Oraingo honetan bost greba egun jarraian egitea erabaki dute.

Laster bi urte izango dira sektorerako hitzarmen bat negoziatzeko mahaia eratu zenetik. Baldintza duinak bermatuko dizkien hitzarmen bat behar da, hilaren amaierara iristeko aukera emango diena soldatak igoz, langileen bizi-baldintza materialak hobetuko dituena, eta, horrekin batera, beraien bizitzaren kalitatea ere hobetuko duena.

Langileen ongizaterako oinarrizkoak eta funtsezkoak diren aldarrikapen horien aurrean, zaintza sektorea negozio-nitxo gisa tratatzen duten patronalak ditugu, langileak etekinak optimizatzeko baliabide huts gisa erabiltzen dituztenak. ANEA eta LARESek, sektoreko bi patronalek, lanera gaixorik edo osasun-arazoekin joan behar izatea eragiten dute. Langileen baja medikuak ez daude osatuta, hau da, prestazioari dagokion ehunekoa baino ez dute kobratzen bajan dauden bitartean. Kobratzen dituzten soldata baxuak direla eta, ekonomikoki ezinezkoa da soldataren zati bat soilik jasotzea, eta beraz, osasun-egoera onean egon gabe lanera itzultzera behartua ikusten dute beraien burua.

Nafarroako Gobernuak finantzatzen du sektore hau eta horregatik dauka patronalek bezain besteko
ardura sektoreko baldintza prekarioak mantentzean.

Ez dugu proposamen miserablerik onartuko eta horregatik, LAB, ELA eta UGT sindikatuok, ziur gaude Nafarroako sektoreko langile guztientzako hitzarmen duina hemen eta orain posible dela, elkarrekin lor dezakegula. Ez da gutxi orain arte egindako ahalegina, baina gogor jarraitu behar dugu. Geure burua ikusarazi, eta gure aldarrikapenak entzunarazi. Ahotsa altxatzeko unea da, eta inoiz baino ozenago gure ahotsa entzuteko unea.

Urtarrilaren 16, 17, 18, 19 eta 20an greba egingo dugu, gutxieneko zerbitzu abusiboek ahalbidetzen
duten neurrian, indarrak batu, irten eta kaleak bete. Egun horietako mobilizazioetan parte hartu
behar dugu, urte luze honetako ahaleginak eta borrokak azkenean fruitua ikus dezan. Erakuts
diezaiegun urtarrilaren 20ko manifestazioan, 17: 00etan Misericordiatik aterako dena, merezi dugun
hitzarmena lortu arte ez garela geldituko.

Hau langileon borroka da, baina baita zaintza-lana funtsezkotzat jotzen duten pertsona
horien guztien borroka ere. Bizitza erdigunean jartzea zaintzen dugunon lana aitortzea ere bada.
Kalean ikusiko dugu elkar. Hitzarmena eta baldintza duinak orain!

Bizkaiko metalgintzako langileon borroka babesteko eta deklaratzera deituta dauden 8 pertsonei elkartasuna adierazteko mobilizatu gara

Gaur, eta urtarrilaren 12an eta 18an, 6 langilek deklaratu beharko dute Bilboko, Barakaldoko eta Durangoko epaitegietan, hurrenez hurren, Bizkaiko metalgintzako 11 greba-egunetan egindako piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzeagatik.

Deklarazio berri hauekin, 8 langile izango dira guztira, epaitegietatik pasatu beharko direnak, eta epaiketa bati aurre egin diezaioketenak. Salaketak askotarikoak dira, desordena publikoak zein agintearen aurkako atentatua. Gainera, hamarnaka isun ekonomiko jaso dira, 150 €-tik 900 €-ra bitartekoak. Badakigu ez direla azkenak izango, 2019ko greben esperientzia dugu, non 17 pertsonak epaitegietatik igaro behar izan zuten (batzuek espetxe-eskaerekin) eta isun ekonomikoak ugariak izan ziren.

Horren aurrean, gaur Bilboko epaitegietan, eta urtarrilaren 12an Barakaldoko (11:00) eta 18an Durangoko (10:00) epaitegien aurrean mobilizatuko gara, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin baten aldeko langileon borroka babesteko eta deklaratzera deituta dauden pertsonei elkartasuna adierazteko.

Salaketa guztiak Ertzaintzak egindako muntaietan oinarrituta daudela salatu nahi dugu, Ertzaintza langileak eta sindikatuetako ordezkariak mehatxatzen eta jipoitzen aritu baita, 7 pertsona ospitaletik pasatu behar izan baitira, mobilizazioetan erabilitako basakeria polizialaren ondorioz.

Aldi berean, Ertzaintzak modu horretan jarduteko duen zigorgabetasun hori erabaki politiko batean oinarrituta dagoela salatu nahi dugu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren erabaki bat da. Metaleko milaka langilek grebetan eta mobilizazioetan modu baketsuan parte hartu duten egunetan, atxiloketak, identifikazioak eta kolpeak izan dira Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren estrategia, Bizkaiko metaleko borrokaren arrakasta ezkutatzeko.

Horrek guztiak helburu argia du: lan-baldintza duinen eta enpleguaren defentsan langileon borroka kriminalizatzea, 2019an eta beste gatazka batzuetan gertatu zen bezala, hala nola Tubacex, PCB, Petronor, Artiach…

Beraz, agerian da Eusko Jaurlaritzak, beste behin ere, patronalaren alde egitea erabaki duela. FVEMek urtebete baino gehiago darama hitzarmena blokeatzen, enpresetan sortutako etekinak modu justuan banatzeari uko egiten dio, edozein langilerentzat hilabetearen amaierara iristea gero eta zailago den momentu honetan. Bizkaiko metaleko langileei diruzale deitzeko ausardia izan du FVEMek, 2022an enpresen % 80k baino gehiagok espero irabaziak handituko dituztela ziurtatu duten bitartean.

Negoziazioan erabateko blokeoa eta patronala nagusikeriaz ari den momentuan, Eusko Jaurlaritzak, ekarpen eta inplikazio handiagoa izateari lehentasuna eman beharrean, negoziazio mahaian bi aldeen arteko oreka egon dadin,Bizkaiko metaleko langileen protesta legitimoak zirikatzera bidali du Ertzaintza.

Arrazoi guzti hauengaitik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu utz diezaiola Bizkaiko

metaleko langileon borroka kriminalizatzeari, bertan behera utz ditzala langileen kontrako isunak eta salaketak. 56.000 familiari eragiten dien hitzarmen baten aurrean erantzukizuna bere gain hartzea.
Bizkaiko gizarte osoari dei egiten diogu mobilizazioetan parte har dezan.

LAB, CCOO eta UGTk Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzen dugu Bizkaiko metalgintzako gatazkaren konponbidean

2021eko azaroan Bizkaiko metalaren negoziazio-mahaia eratu zen. Urtebete baino gehiagoko negoziazioaren ondoren, akordiorik gabe jarraitzen dugu, patronalaren etengabeko blokeoa dela eta.

Azken 5 greba egun arrakastatsuen ondoren, berriz ere negoziazioari eskua luzatu genion, eta erantzukizunez jokatuz, abenduaren 21ean egindako azken bileran, gehiengo sindikalak, gure plataforma aldatu genuen, azken hilabetean hirugarrenez. Bilera horretan, akordiorik eza alde batera utzita, arazoak FVEMek negoziazioan erakutsitako borondate falta eta jarrera harroa izan ziren; izan ere, plataforman egindako aldaketak onartezintzat jo zituen eta sindikatuak aseezinak zirela esan zuen. Bilera data berririk gabe amaitu zen.

Joan den abenduaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia prest agertu zen bere Sailak balizko bitartekaritza batean parte har zezan, aldeek hala eskatzen bazuten; bada, Bizkaiko metalaren mahaiko gehiengo sindikalak formalki eskatuko dio Sail horri parte har dezan, metalaren gatazka konpontzeko bidean aurrera egiteko, 11 greba-egun pilatu baititu dagoeneko.

Bizkaiko metalaren hitzarmena , hitzarmenik zabalena da eragiten dien langile kopuruagatik (56.000 inguru). Sektoreko langileak hitzarmen honen alde eta lan-baldintzen alde borrokatzeko prest agertu dira.

Erabateko blokeoa eta negoziazioa mespretxatzen duen eta sektoreko lan-baldintzen erantzule egiten ez den patronalaren jarrera honen aurrean, uste dugu Eusko Jaurlaritzak esku har dezakeela eta eragile aktiboa izan daitekeela gatazka konpontzeko. Negoziazio- mahaiko gehiengo sindikalak (LAB, CCOO eta UGT) Lan eta Enplegu Sailari eskatzen diogu gatazka honetan bitartekari izan dadila, honela, FVEM ukatzen ari den negoziazio bat ahalbidetu ahal izateko. Hortaz, gehiengo sindikalak negoziazioari eskua luzatzen diogu berriro, bidezko akordio batera iristeko helburuarekin, baina FVEMek bitartekaritza hori onartzen ez badu, gatazka izango da jarraitu beharreko bide bakarra.

Amazonek lanaldi partzialeko langileak diskriminatzen ditu

Amazonek lanaldi partzialerako kontratatuta dauden langileak baztertzen ditu. Lanaldi osoan lan egiten duenari 22 laneguneko oporraldia ematen dio, eta lanaldi partzialean ari denari 18 laneguneko oporraldia.

Joan den uztailean, LABek, Amazon Trapagarango Enpresa Batzordean gehiengoa duen sindikatuak, gatazka kolektibo bat hasi behar izan zuen oinarrizko gai hauek argi uzteko:

    • Langileen Estatutuaren 38. artikuluak 30 opor-egun ordaindurako eskubidea ezartzen du urtean, eta ez dago bereizketarik langileak lanaldi osoko edo partzialeko kontratua izateagatik.

    • Estatutuaren 12. artikuluak ezartzen du lanaldi partzialeko plantillak lanaldi osoko langileen eskubide berak dituela.

    • Bizkaiko garraio hitzarmen kolektiboak 22 laneguneko oporraldia ezartzen du, lanaldi osoaren edo partzialaren artean bereizketarik egin gabe.

Gaur, urtarrilak 9, gatazka kolektiboa konpontzeko epaiketa egin da, eta berriro ere berretsi behar izan dugu oporrak kalkulatzeko kontratuaren iraupena dela garrantzitsua, lan egiten den egun edo ordu kopurua edozein dela ere.

Merkataritza elektronikoaren erraldoiak oraindik ez du ulertzen oporren iraupena kalkulatzerakoan ez dela kontuan hartzen egunean lan egiten den ordu kopurua. Hori dela eta, LABek, gaur epaitegian defendatu du opor berberak dituztela lanaldi partzialean edo lanaldi osoan dagoenak. Ordu gutxiago lan egiteak ez ditu oporrak murrizten, opor horiek hartzeko eskubidea dago lan egindako egunengatik.

Hori da Amazon handi egiten duen eta Jeff Bezos aberasten duen prekarietatearen eta lan esplotazioaren eredua. Biktimak baldintza prekarioetan eta abusuzkoetan klik egiten duten langileak dira.

Langileen pobretzeari aurre egiteko, soldaten eguneratzea eta zerga erreforma aldarrikatzen ditugu

Aipatu ohi den “urtarrileko aldapa” aurtengoan handiagoa izaten ari dela salatu dugu gaur Bilbon egindako agerraldian. Bizitzaren garestitzearen aurrean instituzioek neurri partzial eta ez nahikoak besterik ez dituztela salatzearekin batera, soldaten eta pentsioen kontrako erasoa deitoratu du Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak.

Lan baldintzei dagokionez, Estatu mailako gutxieneko soldata igotzeko asmoa adierazi du Gobernuak. Igor Arroyok adierazi duenez, “estatu mailako gutxieneko soldata ez da nahikoa Hego Euskal Herrian bizi baldintza duinak ahalbidetzeko. Europako Gutun Sozialak gutxieneko soldata batazbesteko soldataren %60an kokatzea gomendatzen du eta horri eutsita 1.400 eurokoa izan beharko luke Hego Euskal Herriko gutxieneko soldatak. Hala Chivite nola Urkulluren lehentasunak horixe izan beharko luke: gutxieneko soldata arautzeko ahalmena eskuratzea. Eta hori lortu bitartean, patronalari presio egin beharko liokete akordio intersektorial baten bidez aipatutako neurria aplikatu ahal izateko. Utzikeriaz ari dira Chivite eta Urkullu. Lan baldintzak euskal herritarren kezka nagusietako bat da, eta eurak beste alde batera begiratzen ari dira”.

Bestalde, KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea lehentasunezkoa izan beharko luke; are eta gehiago kontutan hartuta elikagaiek %15eko garestitzea izan dutela. Arroyoren arabera, “KPIaren araberako igoera minimo bat da, horri uko egitea soldaten kontrako erasotzat jo beharra dago. Eta hor daude kokatua hala administrazio publikoak (KPI azpiko igoerak ezarri dizkiete langile publikoei) nola CEN eta Confebask patronalak: soldaten kontrako erasoaldia da eurena. Horren eragina da ikusten ari garen negoziazio kolektiboaren blokeoa, azpikontratutako eta feminizatutako eremuetan are nabarmenagoa dena”.

Blokeo horren aurrean greba eta mobilizazioen aldeko apustua berresten du LABek. Ildo honetan, datorren seihilekoan 30 sektoretan grebak edota mobilizazioak aurreikusten ditu LABek. Greba hauen helburua, KPIa aplikatu eta 1400 euroko gutxieneko soldata bermatzearekin batera, bestelako hobekuntzen beharra jarriko du LABek mahai gainean, hala nola, lanaldiaren murrizketa, malgutasunaren mugapena edota emakumeek pairatzen dituzten diskriminazio egoerak. Herri baten ongizatea ez dute adierazle makroekonomikoek finkatzen, prekarietate eta pobrezia mailak baizik, eta adierazle horietan atzerapausoak eman dira azken urte hauetan, sortzen den aberastasuna geroz eta okerrago banatzen baita. Soldata eta lan baldintza duinak dira ondasunaren banaketa orekatuago baterako hanka, zerga politikarekin batera. “Borroka sindikalen bidez, ondasunaren banaketa lehiatzen ari gara” baieztatu du Arroyok.

Kontratazioari dagokionez, azken egunotan pasa den urteko lan erreforma zuritzeko saiakera deitoratu du LABek. Lan erreformak egonkortasuna ekarriko zela esaten bazuten ere, egiten diren kontratu berrien %76,5 aldi baterakoak izaten ari dira. Gainera, aldizkako kontratuen kopurua %90 hazi da eta frogaldia gainditzen ez duten langileen kopurua hirukoiztu da. Horiexek dira Patronalak erabiltzen ari den trikimailuetako batzuk behin-behinekotasunari eusteko. Honela, behin-behinekotasun tasa era apalean jaitsi bada ere, Europako bataz bestekotik urrun jarraitzen dugu: %14,5 Europan, %21,6 Hego Euskal Herrian.

Langabeziaren datuen inguruan egindako irakurketa baikorrekin ere kritiko azaldu da Arroyo: langabezia datuekin batera, beste bi datu hartu behar dira kontutan: batetik, populazio inaktibo gisa konputatzen diren langileak, nagusiki etxean lan egin bai baina enplegurik ez duten 200.000 bat emakume; eta bestetik, enplegu bat izan arren hilero 1.400 euro gordinen azpitik jasotzen duten 400.000 bat langile. Hiru multzo hauek batuz gero, hauxe da emaitza: 25 eta 64 urte artean 800.000 langilek (alegia, bitik batek) ez du behar besteko diru-sarrerarik.

Pentsioei dagokionez, hala Espainiako nola Frantziako Gobernuek murrizketa berriak aurreikusten dituztela salatu du Arroyok. Pentsio sistema publikoaren ahultzea ekarriko lukeen erreforma aukerak zabalik daude Madril zein Parisen.

Amaitzeko, LABen koordinatzaile orokorrak BEZaren zergaren murrizketa nahiz diru-sarrera baxuko familientzako laguntzak hartu ditu hizpide. Hilabete batzuetarako partxeak baino, egiturazko zerga erreforma eskatu du Arroyok. Gutxienez hiru neurri jaso beharko lituzke erreforma horrek: Kapital errentei %1 eta %10 arteko errekargoa ezartzea; Elkarteen Zergaren kenkariak ezabatu eta %35 tipo nominala ezarri; PFEZn kapitalaren errentei lan errenten trataera bera eman eta gehienezko tipoa %60ra igo.

EAEko eskola-jangela eta garraioan kalitatezko zerbitzua lortzeko, eskaera bat erregistratu dugu elkarrizketa mahaia dei dezaten

Gaur, 2023ko urtarrilaren 9an, eskaera bat erregistratu dugu, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz jaunari eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Xabier Aizpuruari zuzendua, langileen ordezkariekin elkarrizketa mahaia lehenbailehen dei dezaten, gai hauei buruzko negoziazio-prozesua hasteko:

    • Agindua, 2000ko martxoaren 22koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako derrigorrezko irakaskuntzako eta Haur Hezkuntzako jangelak arautzen dituena.

    • Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen zirkularra, kudeaketa zuzeneko jangelen funtzionamenduari buruzkoa.

    • 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak finantzatua.

Jangelak eta eskola-garraioko zerbitzua seguru eta kalitatezkoa nahi ditugu, bai ikasleentzat bai langileentzat, eta, horretarako, ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak baliabide gehiago ematea.