2026-01-01
Blog Page 252

Mohamed Kichouren heriotzaren lehenengo urteurrenean lan-istripuak saihesteko neurri eraginkorrak premiazkoak direla azpimarratu dugu

LAB, FSU, CGT Eraikuntza eta Solidaires Euskal Herria sindikatuek eta 22 Bergeret Biztanleen kolektiboak deituta, Baionan omenaldia egin diogu gaur eguerdian duela urtebete lanean zendutako Mohamed Kichouiri. Kidea gogoan izateaz gain, halako ezbeharrekin behin betiko bukatzeko ordua dela azpimarratu dugu ekitaldian.

Jarraian irakur daiteke osorik Kichouiren heriotzaren urteurrenaren harira omenaldiaren deitzaileek osatutako testua:

“Agur deneri, kamaradak agur.

Gaur duela urtebete, Mohamed Kichoui lan-istripu larri baten biktima izan zen, Lapix enpresaren obralekuko garabiarekin erori zen. Haren omenentzeko bildu gira gaur, baita horrelako dramak sekula berriz gerta ez daitezen aldarrikatzeko ere.

Mohamed, garabi hau martxan jartzeko igo zarelarik, ez zenekien ainguratokian arazo bat zegoela. Familia biziarazteko lan egiten zenuen, dena bortizki gelditu zaizu.

Behin-behineko langilea zinen, eraikuntzan beste milaka langile prekario bezala. Zure bitarteko langile estatutu prekarioak, eraikuntzako langileek jasaten duten prekaritatea gogora ekartzen digu. Aldi baterako langileak dira maizenik obretako lan istripuen biktimak diren langileak. Obra honetan Mohamedek izan duen istripuak eraikuntza-obretako lan-istripuen egiaztapen izugarria ekarri digu: non egunean langile bat baino gehiago hiltzen den; non 18 langiletik batek urtero lan-istripu bat izaten duen geldialdirik gabe; non langile batek istripu bat izaten du bi minuturo.

EZ, Mohameden heriotza ez da zortearen errua.

EZ, ez da egia ez dugula ezer egiten ahal.

EZ, ez dugu onartzen lankideak, lagunak eta lankideak lanean hiltzea.

Gure babes osoa eman nahi diegu Cindy bere bizi-kideari eta haren seme-alabei, bai eta bere lagun eta lankideei ere. Nola ez pentsatu garabiaren gezia gainera erori zitzaien eraikineko bizilagunei, eta gaur jasan behar dituzten kalteei eta ondorioei. Justizia agintaritzak arduradunak izendatu beharko ditu, gaur egun bi haur aitarik gabe daudelako, emazte batek bakarrik hazi behar dituelako.

Gure sindikatuek, FSU, LAB, Solidaires eta FNSCBA CGT, instantzietan parte hartuko dute justizia egina izan dadin.

Eraikuntzan eta Obra Publikoko langileok herritar guztientzat egiten dugu lan, etxebizitzak, hiriak eta biharko hiria eraikitzeko. Segurtasun-baldintza onenetan egin behar dugu.

Eskatzen dugu:

– Lan-istripu guztietarako enplegatzaileak kondenatzea, langileen aurkako kalteen erantzuleak direnean.

– Laneko alargun eta umezurtz estatutu bat sortzea.

– Familiendako laguntza berezia plantan ematea: laguntza administratiboa, juridikoa eta, jakina, psikologikoa.

– Eraikuntzako lanbide guztietarako arriskugarritasuna eta nekagarritasuna aitortzea.

Lan-istripuak denon ardura bihurtu behar dira. Eta presakoa da! Frantzia Europako Batasuneko txarrena da lanean hildako kopuruari dagokionez.

Gaur Mohameden omenez biltzen garen unean, Ipar Euskal Herrian beste hiru pertsona hil dira lanean: Agnès Lassalle, Donibane Lohizuneko irakaslea, joan den ostiralean Baionako garaje batean lan egiten zuen enpresa italiar bateko langilea eta duela soilik 2 egun, martxoaren 7an, Mikel Duhalde Tartasen interim gisa acrocéan-entzat aritzen zen ziburuko langilea.

Hemen gauden sindikatuok konpromisoa hartzen dugu oroimen-leku baten sortzeko hemen, Mohamed hil den tokian: haren oroimenez, gogoan atxikitzeko, eta lanean inor hil behar ez dela gogoratzeko”.

Hitzarmen berriaren bidez Envases-eko antzinatasunaren soldata-eskala bikoitza ezabatzea #LortuDugu

Envases-eko (Laudio) langileek bi greba-egun egin zituzten, eta ekoizpena gelditzea eta fabrika ixtea lortu zuten. Horren bidez, aurrerapauso handiak lortu ahal izan dituzte hitzarmen berri honetan.

Negoziazioak hasi zirenean, plantillak gutxieneko batzuk finkatu zituen. Horien artean, batez ere, antzinatasunari irtenbidea ematea, langile guztientzako bosturtekoak modu berean eta mugarik gabe sortzea onartuz. Duela 10 urte, ELAk osatutako batzordeak bosturtekoen izoztea sinatu zuen 4 bosturteko baino gutxiago zituzten langileentzat, eta antzinatasunaren kobrantza kendu zuen kontratazio berrietarako. Bitartean, 4 bosturteko baino gehiago zituzten langileek mugarik gabe bosturtekoak sortzen jarraitzen zuten.

Aste hauetako borroka-prozesuaren eta negoziazioaren ondoren, plantilla osoarentzat mugarik gabeko bosturtekoen sorrera berreskuratzea lortu dugu, diskriminazioarekin eta soldata-eskala bikoitzarekin amaituz. Oso urrats garrantzitsua da gaurko, biharko eta etorkizuneko Envases-eko langileentzat. Antzinatasunaz gain, soldata-bermea lortu da KPIaren gainetik, eta hobekuntzak eskuratu dira eskubide sozialetan, hitzarmen honetan inolako atzerapenik egon ez delarik.

Beste aurrerapen garrantzitsu bat kontratatutako langile berriei kategoria baxuagoa ez ezartzea izan da, horrek are gehiago prekarizatzen baitzituen Envases-eko baldintzak. Langileek indar-posizio argia mantendu izan dute puntu honi dagokionez.

Horrekin guztiarekin, borroka gure lan-baldintzak defendatzeko bidea dela nabarmendu nahi dugu. LABek langileen determinazioa eskertzen du, haien borroka izan baita aurrerapen eta hobekuntza guztiak lortzeko indarra.

Mahai sektoriala haren aldebakarreko erabakien izapide formal hutsa bihurtu nahi du Osakidetzak

LABek, SATSEk, ELAk, SMEk, CCOOk eta UGTk uste dute adarjotzea dela gaurko Mahai Sektorialaren deialdia.

Duela 7 egun eskas, Osasuneko Mahai Sektorialeko kide ziren sindikatu guztiek martxoaren 1erako deitutako bilerara ez joatea erabaki zuten, Osakidetzak haien aldarrikapenei eta eskaerei jaramonik egiten ez ziela ikusita.

Bada, astebete geroago, Osakidetzak beste bilera bat deitu du, eta, gai-zerrendako puntu bakar gisa, aurreko bileran aztertu beharreko gaien zerrendan sartu zituen 6 puntuetako bat sartu du; gainerakoak ezabatu ditu (eta azken orduan bigarren bat sartu du, zerikusirik ez duena langileen eskaerekin).

Gogora dezagun, aurreko bileraren edukia ikusita, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek erabaki zutela bilerara ez joatea. Horregatik, Mahai Sektorialeko sindikatuek adarjotzetzat dute gaurko jasotako deialdia. Osakidetzak badaki, aurreko bilerako gai-zerrendako 6 puntuak ikusita, sindikatuek mahaira ez joatea erabaki bazuten, deialdi berriak, zeinak horietako bakar bat soilik hartzen duen barne, emaitza bera izango duela. Planteamendu zentzugabe hori ulertzeko modu bakarra da Mahai Sektoriala Osasun Sailaren aldebakarreko erabakietarako izapide huts bihurtu nahi izatea: bilerarako deialdia egiten du, gaia Mahai Sektorialetik igarotzeko legezko izapidea betetzeko helburu bakarrarekin, aldebakarreko erabakiekin aurrera jarraitu ahal izateko.

Osakidetzako Zuzendaritzak eta sailburuak ondo baino hobeto dakite zergatik ez diren joan mahai sektorialaren bileretara, hau da, benetako negoziaziorik ez dagoelako eta existitzen ez den negoziazioa antzeztu nahi dutelako. Ildo beretik, foroan berriz ere sindikatuak egoteko bete behar diren baldintzak ezagutzen dituzte.

Hala ere, eta hilabete askotan egin duen bezala, Osakidetzak errealitateari bizkarra ematen jarraitzen du, eta gaurko beste bilera baterako deialdia egin du. Bilera horren edukia, beste behin ere, ez da sindikatuen eskaeren araberakoa. Kasu honetan, buelta bat gehiago ematen du eta duela astebeteko gertakaria existitu ez balitz bezala egiten du.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek uste dute une honetan ez dagoela Mahai Sektorialaren bilerara joateko beharrezko baldintzarik, Osakidetzak bizkarra ematen baitio benetako negoziazioari, akordioak lortzeko inolako borondaterik erakutsi gabe.

Baionako Herriko Etxeak berdintasuna oztopatzen duela salatu dugu gaur, martxoaren 8an

Estatuak Baionako Herriko Etxeari 50.000 euroko isuna jarri zion 2022ko abenduan, bere zerbitzuetako zuzendaritza-postuetan emazterik ez egoteagatik. Erakunde publiko honek, emazteak erantzukizuneko postuetan integratzeko egiazko giza baliabideen politika egin beharrean, nahiago du isuna ordaindu. Egoera onartezin hori salatzeaz gain, desberdintasunekin eta soldata arrakalarekin behin betiko amaitzeko neurri eraginkorrak aldarrikatu ditu LABek.

René Etchegaray, Baionako Renaissance alderdiko auzapeza, honela defendatu zen: “Oso emakume gutik postulatzen dute eta hautagaiek ez dituzte irizpideak betetzen eta ez dituzte eskatutako gaitasunak”. Bada, azpimarratu nahi dugu ez dela kasu bakan bat, azken kontratazio- prozesuarekin lotua, baizik eta Herriko Etxean ongi errotutako ohitura bat.

Zer egiten du herriko etxeak emazteak hautagaitza pausatzera bultzatzeko? Zalantzan jartzen ote du kontratazio-politika? Ez. Aldiz, postu horietan emazterik ez baldin badago, emazteen errua dela dio.

Hiru funtzionarioetatik bi emazteak dira; alta, erantzukizuneko postuak eskuratu ahala, haien kopurua nabarmenki jausten da. Kontratazio-prozesu guztiek kontuan hartu behar dituzte kudeaketa eta zuzendaritza-postuek dakartzaten zailtasunak, emazteek jasaten dituzten oztopo bereziak. Kontratazioan diskriminazio positiboa deritzona transizio konponbide bat da, bai, baina beharrezkoa.

Oro har, martxoaren 8an, oraindik ere jasaten ditugun soldata-desberdintasunak salatu nahi ditugu. Batez beste, postu berarentzat eta edozein sektoretan, emazte batek gizon batek baino %20 gutxiago irabazten du. Eta hori, hein handi batean, bereizketa profesionalaren ondorioz.

Erretretan, pentsioen arteko aldea %40koa da. Eta Macron-en erretreten erreforma berriak emazteei gogorki eraginen die, egoera okertu eta desberdintasunak areagotu besterik ez du eginen.

Bereizketa profesionala eta soldata-arrakala dira Renaissance alderdiaren zutabeak. Guk, emazte langileok, asteak daramatzagu erreforma bidegabe eta bortitz horren aurka borrokatzen, eta kendu arte jarraituko dugu.

Mugimendu feministak greba orokor feministarako eginiko borroka-planteamenduarekin bat egiten du LABek

Greba Orokor Feministarekin bat egiteko proposamena eramango du LABeko zuzendaritzak martxoaren 23ko Nazio Biltzarrera.

Aurtengo martxoaren 8an bizitza sostengarri egiten duten emakumeak ditugu gogoan eta bereziki, zaintza dugu hizpide. Izaki interdependienteak, ekodependienteak gara. Pertsona guztiok ditugu zaintza beharrak, zaintza duina jasotzea oinarrizko eskubide soziala da.

Egun, zaintza duinerako eskubidea ez dago bermatua eta zaintzaileen egunerokoa latza da: soldata baxuak, lan zama jasanezinak, karga emozional handia, lan osasunaren urraketa, azken batean prekarietatea eta esplotazioa.

Egoera guztiak izanik ere bidegabeak, are muturrekoagoan daude etxeko langileak, emakume migratu eta arrazializatuen presentzia handiarekin. Erregimen berezia dute, eta horren ondorioz, gainerako langileek baino eskubide gutxiago. Negoziazio kolektiborako eskubidea urratua dute, Atzerritar Lege arrazisten eraginpean daude.

Gure jendartean dugun arazorik larrienetakoa da zaintza krisiarena. Zaintzarako sistema publikorik ez da inoiz garatu. Sistema kapitalista cis hetero patriarkalak ez du horretarako beharrik izan, lan hauek emakumeen bizkar gainean utzi izan dira, eremu pribatuan eta familia nuklearrean sustengatuak.

Zaintza krisiak erantzunak eskatzen ditu. Zaintzaren errealitatea iraultzeko borrokan ari gara eta badira premiazko aldarrikapenak: borrokan dauden zaintzako langileen lan hitzarmenak eguneratzea, zaintzarekin negoziorik ez egitea eta pribatizaturiko zerbitzu publikoak publifikatzeko plana, etxeko langileen egoera erregularizatu eta negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzea.

Neurri guzti hauekin batera, Zaintza Sistema Sistema Publiko Komunitarioa ezinbestekoa da; zaintza lanak demokratizatu eta duindu egin behar dira, eskubide unibertsal gisa aitortu. Bide horretan, borroka sindikalak hauspotzen jarraituko dugu, eta adostasunak zein aliantzak sustatzen, izan sindikatuen artean, izan Mugimendu Feministarekin.

Zaintzaren inguruan eztabaida politiko eta soziala sustatu eta kontsentsu sozialak lortzeko garaia da. Horregatik, bat egiten dugu, Mugimendu Feministak, Greba Orokor Feministarako bidean egindako borroka planteamenduarekin.

Datorren, Martxoaren 23an, Nazio Biltzarrera —Biltzar Nagusien artean, LABen zuzendaritza organo gorena— Greba Orokor Feministarekin bat egiteko proposamena eramango dugu.

11 dira dagoeneko 2023an lanean hildakoak

Ipar Euskal Herrian ere, odol isuriak ez du etenik. Larunbatean langile bat hil zen Baionan eta beste bat zauritu zen altuerako erorketa baten ondorioz. Atzo, berriz, Ziburuko 27 urteko M.D. langilea Landetan hil zen enpresa batean azpikontrata bezala lanean ziharduela, arrisku handikojarduera batean. 2023 honetan Ipar Euskal Herrian lan istripuz gertatutako 3. heriotza da azken hori, eta 11. nazio mailan.

LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi die langilearen senideei, hurbilekoei eta lankideei zein Euskal Herriko langileria guztiari.

Ipar Euskal Herrian oso modu nabarmenean ari da areagotzen lan istripu hilkorren kopurua. Azaleratzen ari diren istripuak guztiz klasikoak dira, kontrolagarriak diren altueretako erorketak zein aldez aurretik ezagunak diren produktu toxikoekin gertatutako intoxikazioak, azken kasu honetan gertatu den modura. Istripu hauek guztiz ekidingarriak ziren eta beharrezko neurriak hartuta langile hauek gaur bizirik leudeke. Guzti hau, Frantziako estatuaren murrizketa prozesu basati baten baitan gertatzen ari da, ez dago kasualitaterik, langileriaren lan osasunak eskubideekin zerikusi zuzena du.

Gogorarazi nahi dugu enpresariek dutela lan osasunaren bermearen ardura osoa eta administrazioak egikaritu eta betearazi behar duela berme hori. Enpresarien jarrera eta utzikeria bizitzarekin ordaintzen ari gara. Lan osasunaren galera nabarmen honen aurrean, patronalari aurre egiteko LABek fronte sindikal batu baten alde dihardu lanean Iparraldean ere, eta mobilizazioak bultzatuko ditu.

Zaintza publiko eta komunitarioaren aldeko mezua zabaldu du LABek Emakume Langileen Nazioarteko Egunean

Sindikatuak mobilizazio ez-mistoa egin du goizean, zeinetan lanbide feminizatuetako langileak izan baitira protagonista. Zaintzarekin negozioa egiteari uzteko ordua dela azpimarratuta, kapitalismoaren logikaren mesedetan jarduten duten instituzioak izan dituzte jopuntuan Gasteizen (Diputazioan), Bilbon (Udaletxetik Diputaziora), Donostian (Bulebarrean), Baionan (tren geltokian) eta Iruñean (Parlamentuan) izandako hitzorduetan.

Zaintzaren krisiak ondorio asko eta asko uzten ditu oraindik, eta argi geratu da sistemak zer nolako mugak dituen inor esplotatu gabe bizitza sostengatu ahal izateko. Hortaz, zerbitzuaren kalitatea eta erabiltzaileen zein langileon baldintza duinak lehenetsi beharrean, kalteak herritarron bizkar utzi nahi dituzte beste behin ere.

Egoera horren aurrean, baina, asko dira sektorez sektore borrokan ari diren emakumeak, eta beren aldarrikapenak erdigunera ekarri nahi izan ditu LABek. Hala, etxez etxeko arreta zerbitzuko beharginek, erresidentzietakoek, etxeko langileek nahiz esku-hartze sozialekoek hartu dute Bilboko agertokia. Pribatizaziorako joera geldiarazi eta zaintza kapitalista eta patriarkalaren eraldatzeko asmoz egin dute bat martxoaren 8ko mobilizazioarekin.

Garbiñe Aranbururen irakurketa

LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk ere parte hartu du manifestazioaren amaieran Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren ondoan egindako hitzartzean. Hark ere zaintza lanen egoeraren gain jarri du arreta: “Emakumeok, nazkatu gara. Ez dugu aitortu eta ordaindu gabeko etxeko lan eta zaintza lanei kateaturik bizi nahi. Ez dugu lanaren banaketa sexistak sortzen duen prekarietaterik onartzen”. Horren aurrean, dagoeneko “iraungita eta agortuta” dagoen egungo zaintza eredua goitik behera aldatu beharra nabarmendu du, baita aliantza feministak bultzatu eta zaintza lanetan diharduten emakumeek modu prekarioan jardutea galaraztearena ere.

Ildo beretik, gizonei dagokien erantzukizuna beren gain hartzeko ere exijitu nahi izan die Aranburuk: “Sistemak arrakalak sorrarazten ditu plusbalioa ateratzeko eta gizon eta emakumeen arteko edota langile migratu eta autoktonoen arteko dominazio forma gisa. Sistema bera da langile klasearen artean maila ezberdinak egotea eragiten duena, eta hori begibistakoa da zaintzen esparruan”.

Bada, sindikalgintza feminista indartzen ari dela gogorarazi du Garbiñe Aranburuk, eta LABek horren aldeko apustua egin zuen aspaldi. “Zaintza eremuan, sektore feminizatuetan, milaka zarete borroka sindikala zabalik duzuenak, komunikabide nagusien titularrik ez da izango zuentzat, baina sekulako garrantzia du egiten ari zareten borrokak, historiara pasako zarete”, adierazi die sindikatuko koordinatzaile orokorrak emakume langileei.

LABen aldarrikapenak

Emakumeok kalitatezko lan eta zerbitzu publikoak defendatzeko egiten ari garen borrokaren bidez, borroka sindikal feminista indartzen ari da. Borrokatzen jarraituko dugu, orain arte bezala, negoziazio kolektiboan, interpelazio politiko instituzionala egiten eta Mugimendu Feministarekin aliantzak eraikitzen.

LABek eskatzen du:

> Debekatu dadila zaintza zerbitzuak pribatizatzea; lehentasunez, adineko pertsonen egoitzak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak.

> Adineko pertsonen egoitzen eta etxez etxeko zerbitzuen kudeaketa zuzena izan dadila, instituzioek euren gain hartuta, eta etxeko lanak erregulatu daitezela lan baldintzak ziurtatuko dituen hitzarmen kolektiboaren bidez.

> Zerbitzu hauek kudeatzen dituzten enpresak kontrolatu daitezela eta derrigorrezkoa izan dadila hitzarmenak negoziatzea eta zuzenean kudeatzen diren zerbitzuetan dauden lan baldintzak parekatzen direla ziurtatzea, publifikaziorako bidea egin bitartean.

> Zor patriarkala aitortzea eta ordaintzea zaintza lanetan aritu diren emakume guztiei, haiek egindako lana ordaindua edo ordaindu gabekoa izan.

> Egoera ez erregularrean dauden etxeko langile guztiak erregulatu daitezela.

Donostiako DHL Parceleko langileak borrokan ari dira erosahalmena bermatuko duen hitzarmenaren alde

DHL PARCEL GIPUZKOA SPAIN S.L. enpresan sinatutako azken Hitzarmen Kolektiboa 2018ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, lau urterako; hau da, 2021eko abenduaren 31ra arte

Geroztik, hainbat bilera gauzatu dira enpresa batzordearen eta enpresaren artean, hitzarmena berritzeko helburuarekin.

Aldiz, bi aldeak adostasunetik oso urrun gaudela dirudi. Berez, alderdi sozialaren aldarrikapen nagusia langileen eros-ahalmena bermatzea da, egunerokoan egon daitezken kontu batzuk hobetzearekin batera.

LAB sindikatuarentzat KPIa marra gorri bat da. Kontuan izanik bizitzaren garestitzea islatzen duen adierazlea dela, garbi ikusten dugu DHL Parcel Gipuzkoako langileen soldatak KPIarekin bat etorri behar izatea.

Adierazle hori bermatzeko helburuz, enpresak KPIa bermatzeko modu errazago bat eskaintzen duen formula jarri du mahai gainean LAB sindikatuak. Dena den, enpresak termino horietan hitz egin nahi izan gabe jarraitzen du.

Hortaz, gurea den horren alde borrokatzea dagokigu. Gaur, martxoaren 7an, Fernando Mugika kaleko 1. zenbakian elkartu gara (Belartzako Mercadona parean), 12:45etatik 13:30era bitartean, gure eskubideak aldarrikatzeko.

Erretreta erreforma bertan behera utzi behar dela adierazi diogu ozenki Macronen gobernuari

Ipar Euskal Herriko langileok nekaezin jarraitzen dugu Macronen gobernuaren erretreta erreformaren aurka mobilizatzen, bidegabea dela eta kapitalisten interes politiko eta finantzarioei baino erantzuten ez diela iritzita. Gaur, greba eguna izanik, goizean goizetik blokeoak egon dira, eta Baionan egindako manifestazioak jende andana batu du. Arratsaldez Donapaleuko Herriko Etxean beste hitzordu bat egongo da.

Guztiontzako bizitza duina bermatuko duen euskal sistema publiko propioa aldarrikatzen du LAB sindikatuak, eta, ildo horretatik, frantziar gobernuak ezarritako neurria, besteak beste erretreta adina atzeratzea dakarrena, bidegabea dela uste dugu. Hori dela eta, gainerako sindikatuekin batera mobilizatu gara beste behin ere Baionako karriketan.

Gaurko manifestazioa seigarrena izan da, eta, LABeko ordezkari Eñaut Aramendik nabarmendu duenez, “abiapuntu berri bat” markatu behar du: “Gaurtik goiti sindikatu gehienok eta sektoreek diote indartu behar dutela eta bozkatu behar dela bihar, etzi eta ondoko egunetan greban jartzeko. Jendea ikusita, gaurko helburua izan behar da ekonomia blokatzea eta horretarako indar guztiak honi begira kokatzea, erreforma atzera botatzeko”. Ipar Euskal Herriko LABeko koordinatzaile Argitxu Dufauk ere parte hartu du manifestazioan, eta bat egin du Aramendik adierazitakoekin, borrokan jarraitzeko beharra nabarmendu duelarik: “Azken finean ez gara entzunak, baina gure aldarrikapena ez da aldatu: erretreta erreforma bertan behera utzi behar du Macronek”.

Arratsaldean, berriz, Donapaleuko Herriko Etxean elkartuko gara, 18:30ean.