2026-01-13
Blog Page 249

Osasunbidean hobekuntza laboral eta ekonomikoak sinatzea #LortuDugu, horien artean karrera profesionala garatzea eta langile guztiei jaiegun bereziak ordaintzea

LAB sindikatuak, parte hartzen duen Osasunbideko intersindikalaren barnean, hobekuntza garrantzitsuak sinatu ditu gaur Osasun Departamentuarekin. Hobekuntza horien artean, antolakuntza eta ekonomia eskaerak daude; eta, horrez gain, lan-gainkargaren eta plantillen dimentsionamenduaren arloko ekimenak planteatzen diren mahai guztietan parte hartu ahal izatea, bai Arreta Espezializatuan bai Lehen Arretan. Sinadurarekin, intersindikalak martxoaren 23ko greba bertan behera uzten du. Aurrekontu bat eskatzen dugu orain, hartutako neurri guztiei lehenbailehen aurre egiteko.

Osasun Departamentuak aurreko hilabeteetan izan duen negoziazio tamalgarriak, Osasun aurrekontuaren zati bat hipotekatu baitu, ifrentzua izan du gaurkoan, eta Osasunbideko langile guztien baldintzak hobetuko dituzten proposamenak onartu ditu gaur; ezin zen bertze modu batean izan. Osasun Departamentuak, Funtzio Publikokoak eta, azken finean, Nafarroako Gobernuak sinadura horren bidez aitortu bertzerik ez dute egin legez ezarritako negoziazio bideak ezin direla alde batera utzi. Kontuan hartu behar da neurri horietako batzuek talde parlamentarioen bermea dutela eta hurrengo legegintzaldian neurri horiek gauzatzeko konpromisoa.

Hauek dira onarturiko hobekuntzetako batzuk:

  • Antolakuntza, eta plantillaren tamainaren zein lankargaren egokitzea, Lehen Arretan zein Arreta Espezializatuan: berehala lan-talde bat eratzea erabaki da, irizpide objektiboen arabera plantillaren beharrak aztertzeko 2023. urterako eta hurrengo aurrekontu-ekitaldietarako, bereziki kontuan hartuta ordezkapenak, jarduera maximoak eta lan-gainkargak dituzten zentroak ziurtatzeko beharrak.
  • Jaiegun berezien osagarria: Egun horietan lan egiten duten langile guztiek ordainsari bera jasoko dute, titulazioaren maila edozein dela ere. Ordu bakoitzeko 22 euro ordainduko zaizkie.
  • Esklusibotasuna: Indarrean dagoen araudia mantentzen da, arauak ukitzen dituen profesional guztien baldintzetan aldaketarik egin gabe. Informazio gardena eta eguneratua izateko behar diren baliabideak sortuko dira.
  • Mailen kokapena: Funtzio Publikoaren eta ordezkaritza sindikalaren arteko lan taldea, Osasuneko mahai sektorialean ordezkaturiko sindikatuen eskaerak transmitituko zaizkiona.
  • Karrera profesionala: 2023ko Aurrekontuei buruzko Foru Legearen hogeita laugarren xedapen gehigarrian ezartzen da “osasun arloko langile guztien karrera profesionala arautzeko arau-markoaren proposamena. Eta 2023ko lehen lauhilekoan ekiteko konpromisoa, langileen legezko ordezkaritza aintzat hartuta…”. Osasunbideak hitzematen du arau-testuaren zirriborroa Osasuneko Mahai Sektorialean aurkeztuko duela, legean ezarritako denbora-esparruan eztabaidatzeko, negoziatzeko eta, hala badagokio, onartzeko, hau da, 2023. urteko lauhileko hau bukatu baino lehen.
  • Osasun arlokoak ez diren langileak: 2023. urtean plantillaren legezko ordezkaritzarekin landuko da karrera profesionala gaur egun onartua ez dutenentzako karrera hori arautuko duen eta gutxika-gutxika ezarriko duen arau marko bat. Osasunbideak Osasun Departamentuari, eta oro har Nafarroako Gobernuari, arau marko horri dagokion partida 2024ko aurrekontuen aurreproiektuan esleitzea.
  • Lehen Arretako desafioetan parte hartzea: Osasun Departamentuak konpromisoa hartzen du Osasun Mahai Sektorialaren parte-hartze aktiboa errazteko eta bermatzeko Lehen Arretaren Erronkan eta Lehen Arretako Ekintza Planean, bereziki horiek ezarri eta garatzeko lanetan.
  • Osasuneko Mahai Sektorialaren deialdia: Osasunbideak konpromisoa hartzen du apirilaren bigarren hamaborztaldian osasun mahai sektorial baterako deia egiteko. Behar den aurrerapenarekin, gainontzeko osasun langileen karrera profesionalari buruzko foru legearen zirriborroa igorriko zaie sindikatuei, eztabaidatu, negoziatu eta mahai sektorialean onetsi dezaten.
  • Horri guztiari bertze lorpen batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola: kanosoak, lanaldi-murrizketak, eta promozioa.

LAB sindikatua adi egonen da Osasun Departamentuak ildo horietan adierazitako konpromisoak bete ditzan, luzamendutan ibili gabe, eta ez du onartuko langile guztientzako lan-hobekuntzak eragotziko dituen negoziazio korporatibista gehiagorik. Eta, nola ez, zerbitzu publikoen aldeko ekimen guztietan parte hartzen jarraituko du, eta zerbitzu publikoen pribatizazioa edo langileen arteko bidegabekeria helburu duten azpijoko guztiak salatuko ditu. Argi gera dadila LABek erne jarraituko duela, osasun sistema publikoari egin dakizkiokeen eraso berrien aitzinean.

Kontuan harturik Nafarroako Parlamentua laster deseginen dutela, aurrekontua “bertze” interes batzuekin konprometituta dagoela eta egungo arduradunek negoziatzeko gaitasunik ez dutela, guztiz arduragabetzat jo dugu oraingo mobilizazioekin jarraitzea, mobilizazio horiek langileei kalte ekonomikoa bertzerik ez bailiekete ekarriko. Orain, lan handiko bertze etapa bat hasi da, sinaturikoa ahalik eta berme handienarekin ezar dezaten eta egin gabe gelditu diren hobekuntza berriak aldarrikatzeko. Etapa horretan, Osasunari buruzko Foru Lege berri baten beharra agerian geldituko da, eta, horretan, sindikatu honek parte hartzeko eskatuko du.

LABek berriz frogatu du negoziatzeko eta borrokatzeko duen gaitasunak hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera eman diola. Eta, bide horretan, bereziki eskerrak eman nahi dizkie langileei eta gizarteari hilabete hauetan eman dioten babesagatik.

Bilera egin dugu Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren aurkako Bulegoarekin, eta berriro kritikatu dugu Gobernuaren gelditasuna esklusibotasunaren praxi txarrari dagokionez Osasunbidean

LAB sindikatuko ordezkariek bilera egin dute Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren aurkako Bulegoarekin, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko eta Osasunbidean esklusibotasunaren praxi txarraren aurka egindako salaketaren nondik norakoak argitzeko. Aldi berean, LABek Nafarroako Gobernua kritikatu du, errealitatea ukatzeagatik, bere gelditasuna mantentzeagatik eta a posteriori jokatzen jarraitzeagatik.

Lehen kasua detektatu eta egoera berean egon zitezkeen gutxienez hamar mediku gehiago agertu ondoren, LAB sindikatuak Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako eta Jardunbide Egokien Bulegoaren berehalako esku-hartzea eskatu zuen. Gaur, LAB sindikatuak bilera bat egin du bulego horrekin, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko eta Osasunbidean esklusibotasunaren praxi txarraren aurrean jarritako salaketaren nondik norakoak argitzeko.

LABek positibotzat jo du fase honen hasiera. Publikoaren eta ekimen pribatuaren arteko interes-gatazka nabarmena da. Horrela, argitu egin behar da praktika orokortua den, eta berretsi egin behar da ea Nafarroako Medikuen Sindikatuak ordezkatutako profesional mediko batzuek eta Foru Administrazioak berak onartutako funtzionatzeko modu baten aurrean gauden. Kasu horretan, erantzukizun guztiak argitzea. Egoera horrek publikoa defendatzea eta langile guztientzat baldintza duinak ezartzea eskatzen du.

Gertakarien larritasunaren aurrean, Nafarroako Gobernuak, asteburu honetan Carlos Artundo Osasun zuzendariak egindako adierazpenen bidez, errealitatea ukatzen jarraitzen du, eta gelditasun-egoeran jarraitzen du, a posteriori jarduteko. LAB sindikatuak Artundo jaunari gogorarazi dio lehen kasuaren berri izan ondoren, Remirez sailburuak ere esan zuela kasu bakana zela. Orain, ordea, hamaika dira. Zergatik jarraitzen du Gobernuak ikuskapen orokor bat egiteari eta egoera horri irtenbidea emateari uko egiten? Badirudi bere lehentasun bakarra Medikuen Sindikatua eta horrelako ekintzak egiten dituzten profesionalak ez haserretzea dela.

Artundo jaunak ziurtatu zuen zenbait kasu arauaren barruan daudela. LABek Ataleko Buru gisa dituen pertsonei buruzkoak diren eta jardunean dauden plantilla organikoan izendatuta ez dauden argitzeko eskatu dio. “Kontratazio-ingeniaritza”, burutzaren berezko eginkizunak betetzeko, buruzagitzaren berezko ordainsaria kobratzeko eta klinika pribatuetan lan egiteko aukera emango lukeena. Hala balitz, gertakari horiek are larriagoak izango lirateke, eta, gainera, bere erantzukizuna litzateke.

Hezkuntza publikoan egiazko negoziazioa eskatu dugu Nafarroan

Joan den martxoaren 6an, grebaren iragarpenarekin batera, deialdia egin dugun sindikatuok negoziazio-bilera baterako eskaera egin genion Hezkuntza Departamentuari. Ez genuen erantzunik jaso. Aste bat geroago bigarren deialdi bat egin genuen, eta egun batzuen buruan, bilera bat eduki genuen, joan den ostiralean. Bertan, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia eta Hezkuntza kontseilaria bera falta zirela nabarmendu nahi dugu. Departamentuko ordezkarien jarrera edozein negoziazioren aurkakoa
izan zen.

Sindikatuon eskaeren aurrean, ratioen jaitsiera lineala, lan-gainkarga murriztea, plantilaren egonkortasuna handitzea eta erosahalmena berreskuratzea, Departamentuak ez zuen proposamenik ekarri. Are gehiago, lehenengo premisa izan zen ez dutela inbertsio ekonomikoa dakarren ezer negoziatuko, eta horrek erakusten du edozein negoziazioren aurrean dagoen jarrera itxia; ulertezina, azken hilabete hauetan administrazioko beste talde batzuekin lan-baldintzak eta soldata-igoera negoziatu direnean. Hezkuntza publikoak ez al du inbertsio gehiago merezi?

Bestalde, astebetean 40 irakasle talde batzartu dira aldarrikapen horiek eztabaidatzeko, eta osotara 100 asanblada baino gehiago egitea aurreikusten da. Irakasleak erreibindikazio horiekin guztiz bat datozela egiaztatzen ari gara, klaustro askok bere atxikimendua eman baitute.

Hezkuntza Departamentuaren jarrera arduragabea ikusirik, dei egiten diogu MarĂ­a Chivite lehendakariari sindikatu deitzaileekin zuzenean negoziatzeko, berak, zenbait adierazpenetan, elkarrizketa sozialaren garrantzia nabarmendu baitu eta ildo horretan jarraitzeko konpromisoa hartu baitu.

Sindikatu deitzaileok prest gaude egiazki negoziatzeko. Nolanahi ere, ez dugu amore emango hezkuntza-kalitatea mantendu eta hobetzeko ezinbestekoak diren gutxieneko aldarrikapen hauetan. Hori gertatu arte, aurrera jarraituko dugu aurreikusitako mobilizazio guztiekin, eta hezkuntza-komunitateko gainerako eragileak deitzen ditugu batu daitezen.

Lan esplotazioarekin eta migrazioaren kriminalizazioarekin amaitu beharra dago

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da bihar, martxoak 21. Bada, LAB sindikalismo antiarrazista baterantz doa, lan-esplotazioa eta migrazioaren kriminalizazioa arbuiatzen ditu eta Hego eta Ipar Euskal Herriko gobernuei premiazko justizia eta erreparazio neurriak eskatzen dizkie.

Euskal Herrian migrazioa eta eredu sozioekonomikoaren aldaketak batera joan dira. Azkenaldiko fase historiko bakoitzean ikus daiteke: industria-oparotasuna, krisia, berreskuratzea eta zerbitzu-ereduan sakontzea, eta orain covid-19aren osteko krisia. Beste lurralde batzuetatik iristen diren pertsonen etorrerarekin, harrerarekin eta enplegu bidezko “integrazioarekin” lotuta daude guztiak.

Pertsona horiek, eraikuntzako eta industriako sektoreetako langile aktibo gisa, tokiko lan-merkatuaren beharrak bermatu zituzten, 90eko hamarkadatik 2000ko hasierara bitartean EAEko eta Nafarroako merkatuaren funtzionamenduaren eta hazkundearen logika bermatuta. Halaber, azken hamarkadetan, gero eta nabarmenagoa da langile horien ekarpena funtsezko sektoreetan, hala nola zaintzan, nekazaritzan, arrantzan, baso-ustiapenean, elikadura-industrian, banaketan, logistikan eta ostalaritzan.

Hala ere, langile horietako gero eta gehiago daude lan- eta bizi-baldintza okerretan. Langabezia, prekarizazioa, eskubideen urraketa, irregulartasuna, behin-behinekotasuna eta partzialtasuna, soldata-arrakala, mugagabeak ez diren kontratuak, gizarte-segurantzan kotizaziorik ez izatea eta gizarte-babesik eza dira langile horiek lan-merkatuan duten posizioa markatzen duten elementuetako batzuk. Horrekin batera, indarkeria instituzionalak, normalizatutako arrazakeria polizial eta sozialak, poliziaren gehiegikeriak, estigmatizazioak eta gorroto-diskurtsoek eredu baztertzaile eta segregatzaile honetan sakontzen dute. Hau guztia ez da kasualitatea. Estrategia horiek EAJren, PPren, PSOEren eta UPNren asmoak dituzte atzean; izan ere, langile horiengan eskulan merkea eta esanekoa, krisiaren koltxoia eta gaitz guztien erruduna ikusten dute.

Arrazagatiko Diskriminazioaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren beroan, eskubideen subjektutzat aitortu nahi ditugu kide horiek, eta Euskal Herrian migratu eta arrazializatutako pertsonentzat eskubide eta aukera berdintasuna bermatuko duen erreparazio politiko, sozial eta ekonomikoa premiazkoa dela uste du. Bide horretan ari gara lanean eta neurri zehatzak hartzen erakunde sindikal gisa, LAB guztion etxea izan dadin, baita aipatutako langileentzako tresna erabilgarria ere.

Era berean, Hego eta Ipar Euskal Herriko gobernuei konpromiso zehatzak hartzeko eskatzen diegu. Itunek eta planek ez digute balio, ez dugu ekitaldi ponposorik eta hitz politik nahi, gero ez badago neurri zehatz eta iraunkorrik lurralde honetan bizi garen pertsona guztientzako justizia, erreparazioa eta enplegu- eta bizi-baldintza duinak bermatzeko.

Honako aldarrikapenak plazaratzen ditugu biharko egunaren harira:

> Mugetan heriotza gehiago ez. Azken bi urteetan 19 pertsona hil dira Bidasoa ibaian.
> Esplotazio gehiagorik ez etxeko enpleguan, landa-eremuan, arrantzan edo ostalaritzan.
> Pobreziaren kriminalizazio gehiagorik ez, eta gizarte-prestazioak jasotzen dituzten pertsona migratuen jazarpenik ere ez.

> Gure herri eta auzoetako arraza-profil etnikoaren araberako abusu polizial eta kontrol gehiagorik ez.

Amaitzeko, bihar, asteartea, arrazakeriaren aurkako mugimenduek eta kolektiboek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

Kalera atera gara 1.080 euroko gutxieneko pentsioak aldarrikatzeko, 1260ra iristeko helburua ortzimugan

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta jendetza batu da gaur Bilbon. Pentsiodunek, astebeteko itxialdi eta baraualdiarekin, pentsio duinen alde egin duten aldarrikapena kalean indartu da gaurkoan. LABek bat egin du bost urte baino gehiagoz aurrera eraman duten borroka horrekin, eta horregatik parte hartu du gaur eguerdian Plaza Eliptikotik abiatu den manifestazioan.

Espainiako Gobernuak eta UGT eta CCOO sindikatuek Espainiako Estatuko pentsioen erreformari buruz adostutako akordioa ezagutu eta egun batzuetara egin da manifestazioa. Erreforma hori, gogora dezagun, LABek urriegitzat jotzen du, eta, horregatik, Euskal Herrian pentsio-sistema propioa aldarrikatzen dugula berresten dugu.

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok erreformari buruzko bere ikuspuntua azaldu du Bilboko martxan: “Neurri positibo batzuk ikusten ditugun arren, alarguntza-pentsioak hobetzearena esate baterako, uste dugu ez dela nahikoa herritar guztiei pentsio duina bermatzeko. Pentsioak kalkulatzeko 27 urteko aldiaren atzerapen progresiboak kezkatu egiten gaitu”.

Arroyok gaineratu du sindikatuak ez duela inolako asmorik ikusten Zapateroren eta Rajoyren murrizketak iraultzeko: “Ipar Euskal Herrian erretiro-adina 64 urtera atzeratzearen aurka borrokatzen ari garen bitartean, Hego Euskal Herrian 67 urterekin aplikatzen ari dira erretiroa, UGTren eta CCOOren akordioarekin eta euskal gehiengo sindikalaren aurka”.

Hori guztia dela eta, Arroyoren ustez, Madrilen posible ez den hori Euskal Herrian ahalbidetzea izango litzateke irtenbidea. Gaur egun EAEko eta Nafarroako gobernuek pentsioen gaineko eskumen esklusiboa eskatu behar dutela adierazi du, eta euskal herritar erretiratuen gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatu behar dutela, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen duen bezala. Hori litzateke, eman beharreko lehen urratsa, betiere 1260 euroko helburua ortzimugan izanik.

Murrizketei eta eskubide galerei aurre egiten dabiltza Gasteizko Udaleko langileak

Gasteizko Udaleko Langileen Batzordeak kontzentrazioa egin du gaur goizean Plaza Berrian, osoko bilkura egon den ordu berean, hain zuzen ere. Horrez gain, manifestazioa deitu dute hilaren 23an.

Gobernu-taldeak erretiro-sariak aldebakartasunez kendu zituenetik, behin eta berriro eskatu diogu eskubideak itzultzeko, besteak beste, prima horiek berreskuratzeko edo helburu bera betetzen duten eta udal-plantilla gaztetzen laguntzen duten alternatibak negoziatzeko. Langileen Batzordeari proposamen alternatiboak baino ez dizkiote eskatu, kontuan hartzen ez dituztenak eta deskalifikatzen dituztenak, denbora igaro dadin udal-hauteskundeak egin arte.

Otsailaren 28an egindako batzarrean, proposamen sindikalak azaldu genizkien udaleko langileei, hitzarmenaren plataforman gaikako bost bloketan bilduta daudenak, eta adierazi genuen gobernu-taldearen hitzarmen berri bat negoziatzeko borondate falta. Zoritxarrez, ez dute nahi kontziliazio-neurri berriei, erosteko ahalmena berreskuratzeari eta egindako murrizketak lehengoratzeari buruzko proposamen berriei buruz hitz egin.

Giza Baliabideekin hainbat bilera egin ondoren, ez digute kontraproposamenik, alternatibarik edo benetan negoziatzeko asmoa dutela pentsarazten digun ideiarik aurkeztu. Hori dela eta, Langileen Batzordetik udal langile guztiak deitu ditugu hainbat mobilizaziotara, Gobernu Taldeari eskatzeko eser daitezela egindako proposamenen gaikako bost blokeak negoziatzera; besteak beste, plantilla gaztetzeko formula alternatiboak, aparteko ordainsariak osorik ordaintzea, erosteko ahalmena berreskuratzea, kontziliazio-neurriak, zerbitzu publikoak defendatzeko neurriak eta abar.

Asanbladak izandako parte-hartze arrakastak erakusten digu udal honetako langileek interes handia dutela dagoeneko hamazazpi urte dituen hitzarmena eguneratzeko.

Horregatik guztiagatik elkartu gara gaur Plaza Berriko kontzentrazioan, eta martxoaren 23rako manifestazioa deitu dugu, 08:30ean Plaza Berritik abiatu eta 09:30ean Gasteizko Udaletxean (San Martin) amaituko dena.

Araban ere doktorego aurreko kontratuetan errenta salbuespena egitea #LortuDugu

Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasunean jada onartu zuten 103/2019 dekretupean dauden kontratuei errenta salbuespena ezartzea, EAEko Foru Arauen 9.9 artikuluak garbi azaltzen duen gisara. Baina Araban ez zuten onartzeko prestutasunik erakutsi, eta EHUko doktorego aurreko ikertzaileek komunikatua ere egin behar izan zuten. LAB-ek egin zuen salaketa honi, ordea, baiezkoa eman dio azkenean Arabako Ogasunak, eta Araban ere PFEZ-ren azken hiru urteetako salbuespena onartuko diete 103/2019 dekretuaren araupean kontrataturiko langileei. Gainera, azken hiru urteetako soldatan errenta salbuespena ere erreklamatu liteke.

LABi esker gaur egun UPV/EHUko doktorego aurreko ikertzaileen soldata Estatu espainiarrean baino % 10 altuagoa da, eta % 18 altuagoa izango da 2024 uztaila baino lehen. LABek urteak daramatza ikerlarien mila euroz azpiko soldata prekarioak salatzen. Aurten lortu dugu hilean 1200 euroraino igotzeko akordioa gauzatzea, Europako Karta Soziala Sozialak gomendatzen duen gutxienekoraino, hain zuzen ere. Baina gure helburua da irakasle laguntzaileen soldatarekin parekatzea, salbuespenik gabe.

Formazioko Doktorego Aurreko Ikerlarien Estatutua (EPIPF) indarrean sartu zenean eta UPV/EHUk doktoretza aurreko soldatak estatutuan jasotzen denari egokitu ez zituenean, borroka judizial sutsuari ekin zioten, baita irabazi ere. 2021eko abenduan behin-behineko ikertzaileen soldaten akordioa sinatzea lortu zuten, sindikatuen ordezkaritzaren % 81,5ak babestuta. Bertan, doktorego aurreko eta ondorengo soldatak erregularizatu ziren. Konkretuki, Margarita Salas izeneko post-doc kontratuen kasuan lorpena nabarmentzekoa izan zen, kontratudunek 1721 € ko hileroko soldata garbia izatea lortu baita EHUn (14 ordainsaritan). Estatu espainiarrean LABek aztertu dituen beste unibertsitateak baino %18-% 19 altuagoa da hori.

Lorpen hauek nabariak izan arren, Unibertsitateko Irakasle eta Ikertzaileek duten sarrera bidea oztopoz, prekarizazioz eta diskriminazioz beteta dago. Hori dela eta, jarraituko dugu lanean ondorengo urteetan unibertsitateko irakaskuntza eta ikerkuntza ibilbide osoaren defentsan eta lan-baldintzak hobetzen saiatzen: seiurtekoen aitorpena aldi-baterako irakasleei, bosturtekoen aitorpena kontratu partzialetan, kontratu partzialetan egiten den lan ororen ordainketa (kudeaketa, formakuntza eta klaseen prestatzea), burokratizazioaren murriztea, LOSU legeak irakasle laguntzaileei eragingo dizkien injustiziak konpontzea, eta abar luzea.

Auzitegi Gorenak berretsi egin du SDA Factory-ko lehen Aldi Baterako Erregulazio Espedientea baliogabea izan zela #LortuDugu

Erabaki hau irmoa izateak esan nahi du enpresak hilabete horietako guztietako soldatak ordaindu beharko dizkiela langileei, lanean egon balira bezala, eta aldi horretako langabeziaprestazioen denbora guztia kontsumitu gabekotzat hartuko da, SEPErekin dagokion erregulazioa egin ondoren. Gaur, mobilizazioa egin du enpresa-batzordeak Gasteizko Andra Mari Zurian, enplegu duina eta etorkizuna dituena exijituz.

SDA Factory-ko enpresa-batzordearen oharra:

SDA Factory-ko Langileen Batzordeak jakinarazi nahi du Auzitegi Gorenak berretsi egin duela enpresak 2021eko irailetik abendura bitartean ezarritako lehen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (ABEEE) nulitatea. Urte horren amaieran, Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak, hasiera batean, baliogabetzat jo zuen, enpresaren negoziazio-asmo txarraren aurrean, negoziazioan zehar Langileen Batzordeari informazio garrantzitsua ukatu baitzion, eta horrek, Epaitegiaren arabera, Batzordearen zalantzak elikatzen zituen, etorkizuna izango zuen benetako enpresa-proiektu bat ote zen. Lehen epai baliogabe hori berretsi egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta orain gauza bera egin du Auzitegi Gorenak, zuzenean enpresak aurkeztutako kasazio-errekurtsoa ez baitu izapidetzeko onartu. Langileek mobilizazioa egin dute gaur, Gasteizko Andra Mari Zurian.

ABEEE nulotzat jotzearen erabakia irmoa izateak esan nahi du enpresak hilabete horietako guztietako soldatak ordaindu beharko dizkiela langileei, lanean egon balira bezala, eta aldi horretako langabezia-prestazioen denbora guztia kontsumitu gabekotzat hartuko da, SEPErekin dagokion erregulazioa egin ondoren.

Batzordearen ustez, agerikoa den gai bat berresten da: enpresak fede txarrez jokatu duela negoziazioetan, beharrezko informazioa ezkutatuz. Jarrera hori etengabea izan da enpresak fabrika horren ardura hartu zuenetik, eta hurrengo aldi baterako lan-erregulazioen negoziazio guztietara hedatu da, baita langileen lan-baldintzak eta etorkizuneko bermeak negoziatzean ere.

Gogorarazi nahi dugu salerosketa egin zeneko 232 langiletik gaur egungo 76 langilera igaro dela, eta horien artean enpresan berebiziko erantzukizuna zuten pertsona asko joan direla. “Enpresa mamu” bat sortu zela egoitza sozial berean eta fabrikan garatutako jarduera berarekin, hari buruzko azalpenik eman gabe, eta ondoren desagertu egin zela inolako informaziorik eman gabe. BSHrekin genuen hitzarmena aplikatzeari utzi zitzaiola, Metalaren Estatuko Hitzarmenera eta Arabako Metalaren Hitzarmeneko soldata-tauletara (gaur egun osorik aplikatzen zaigu) igaro ginelarik. Lan-sistema berri bat ezarri ziguten, zeinaren bidez aurreko gehieneko errendimendua egungo gutxienekoa den. Deuseztatutako lehen ABEEEren ondoren, beste 2 ezarri dizkigu, epaitzeke daudenak, eta beste bat gehiago iragartzen zaigu, oraingoa amaitu aurretik ere, langileen langabezia-prestazioak gehiegikeriaz kontsumituz eta baliabide publikoak irregularki eskuratuz, azken epaian ondorioztatu den bezala. Denbora horretan, lan-karga beste leku batzuetara desbideratu da; enpresa-hitzarmenaren negoziazioak geldirik daude, eta PRECOren eta Lan Sailaren esku-hartzeak ez du inolako itxaropenik edo aurrerapenik ekarri.

Garrantzitsua da azpimarratzea B&B TRENDS jabe berriak Gasteizen etekin ikusgarriak lortu dituela aurreko BSH BOSCH jabearekin hornikuntza bermatzeko etapan, eta, zoritxarrez, mozkin horietako bat ere ez dela inbertitu Gasteizko lantegia etorkizunera begira jartzeko. Ali Gobeoko lantegiaren jabe berria langileak zigortzen ari da, ziurgabetasun handiko egoera bati eutsiz eta ZELMER eta UFESA markak lortzeko espekulazio-eragiketa bat gauzatu izanaren susmoa elikatuz, kaudimen handiko enpresa bat desegitearen kontura. Marka horiek arrakasta handia eskaintzen dizkiote gaur egun, baina gure lantegitik urrun.

 Horregatik guztiagatik, langileek mobilizatzen jarraitzen dute, gaur Gasteizko Andre Maria Zurian egin duten bezala, enplegu duina eta etorkizunekoa aldarrikatzeko. Era berean, negoziazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, langileentzako lan-baldintza duinak eta enplegua mantenduko dela eta industria-jarduera hemen egingo dela bermatuko duen akordio bat lortzeko, hau da, ziurtatuko duena ez dela fabrika deslokalizatuko, ezta desegingo ere. Hain zuzen ere, deslokalizazioa saihesteko eta fabrika indartzeko formulak bilatzeko helburuarekin, batzordeak bilera bat eskatu du Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin.

Gipuzkoako transitarioen hitzarmena sinatzea #LortuDugu

2018az geroztik Gipuzkoako Transitarioak, aduana guneetan salgaien nazioarteko garraioan dabiltzan langileok, hitzarmenik gabe egon dira. Lau urtez luzatu den negoziazioaren ondoren, pasa den martxoaren 2an aurreakordioa erdietsi genuen ATEIA patronalarekin. Atzo, 2023ko martxoaren 16an, hitzarmena sinatu genuen. Ia 500 langileri eragiten die hitzarmen honek.

Jarraian, adostutako edukiak:

IRAUNALDIA

2019-2025

SOLDATA IGOERA

Erosahalmena bermatu dugu urtero KPIaren igoera bermatu dugunez gero.

BARNE PROMOZIOAK

Kategoria igoera automatikoa 4 urteko antzinatasuna dutenentzat.

LIZENTZIAK

Araudi berrietara egokitutako xedapenak.

BEHIN BEHINEKOTASUNA

Ezabatzea.

PRESTASUN PLUSA

Sortzea.

INAPLIKAZIO KLAUSULAK

Testuaren berridazketa.

MEDIKU AZTERKETA

Ginekologikoa, zitologikoa, mamografikoa eta tumore-markatzaile orokorrak.