2026-01-12
Blog Page 243

Gureak Nafarroako LABeko delegatuek Gobernuari eskatu diote enpresarekin bitartekari lanak egin ditzan langileek KPIren igoera jaso ahal izan dezaten

Enplegu zentro bereziko Gureak Nafarroa enpresan LAB sindikatuko delegatuak diren bi langile Nafarroako Gobernuko Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñirekin batzartu ziren atzo, haren bulegoan, enpresan izaten ari diren borrokaren berri emateko eta zuzenean eskatzeko Gobernuak lan gatazka horretan bitartekari lanak egin ditzan, langileek KPIren igoerarekin lotutako soldata igoerak bermatze aldera.

Gureak Nafarroa enplegu zentro berezi bat da, eta bertako langileek urte bat baino gehiago daramate haien erosteko ahalmenari eustea bermatuko lukeen soldata batzuk lortzeko. Hainbat greba egun eta mobilizazio egin izan dituzte. Eta borroka horretan, Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute, uste baitute Gobernuak finantzaturiko zentro horietan Gobernuak bermatu behar duela langileek lan baldintza duinak izatea eta gehiago ez pobretzea. Bertze modu batean erranda, prekaritatearen aurrean kalitatezko enplegua bermatu behar du Gobernuak.

LABen ekimenez, Nafar Lansareko politika aktiboen planak enpleguaren kalitate-klausulen beharra jasotzen du. Ondorioz, enpresei ematen zaizkien diru laguntza guztiek kalitatezko enplegua bermatzeko helburuarekin lotuta egon behar dira. Aurten, Nafarroan enplegu zentro bereziak kudeatzen dituzten enpresek 15.139.163 euro jaso dituzte nafar guztion diru publikotik; Gureak Nafarroa enpresak diru horretatik 1.659.436 euro jaso ditu. Hori dela eta, egun enpresan ematen ari den lan gatazkari konponbide bat emateko erantzukizun berezia dauka enpresak zein Nafarroako Gobernuak.

Beraz, LABeko delegatuek Izaskun Goñiri eskatu diote Nafarroako Gobernuak bitartekaritza lanak egitea; langileen, enpresaren eta Gobernuaren arteko bilera baterako deialdia egitea; eta berak Gobernuak bermatzea enpresak KPIren igoerarekin loturiko soldata igoerak aplikatuko dituela.

Euskal Trenbide Sareko beharginak borrokan ari dira, blokeatuta dagoen negoziazioak aurrera egin dezan

Urtebete baino gehiago daramate hitzarmenik gabe, eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailari egozten diote horren gaineko erantzukizuna. Hala, astero mobilizazioak egiten ari diren honetan, erantzuleen jokabidea aldatu arte borrokatzeko asmoa agertu dute.

ETS-Euskal Trenbide Sarearen hitzarmenak urtebete baino gehiago darama iraungita. Gaur egun PSEren esku dago arlo horren plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren menpeko Erakunde Publikoa baita.

Urtebete baino gehiago negoziatzen egon ondoren, zuzendaritzak etengabe blokeatuta, ELA eta LAB sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak protesta eta mobilizazio dinamika bati ekin dio, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko.

2023ko martxotik mobilizazio zaratatsuak egiten ari gara asteartero Bilbon, bai Albian (bertan dago enpresaren egoitza) baita Zazpi Kaleetako geltokian ere. Apirilaren 11n Gasteizera joango dira tranbia Salburura zabaltzeko inaugurazioaren bueltan mobilizatzera.

Hauek dira langileen oinarrizko aldarrikapenak:

– Erosteko ahalmena berreskuratzea eta bermatzea

– Sailen funtzionamendu egokia bermatzeko adina lanpostu sortzea (zirkulazioa, mantentze-lanak, bulegoak…)

– Aukera berdintasunaren bermea hitzarmeneko lanpostuen barne sustapenean

– Kanpo-kontratazioen poltsa publiko eta inklusiboen bermea une-oro

– Kontratu prekarioei betoa jartzea

– Telelana eta abar.

Mugetan gertatzen denari nekropolitika esaten zaio eta erantzuleak ditu

LAB sindikatutik migrazio- eta muga-politikak salatu nahi ditugu, egituran arrazista eta aporofobikoa den sistema baten oinarriak diren aldetik.

Ciudad Juarezen, Mexikon, 40 pertsona hil eta 29 larri zauritu dira martxoaren 28an, Migrazio Institutu Nazionalaren Zentroan izandako sute baten ondorioz. Biktimak Guatemala, Honduras, Venezuela eta El Salvadorretik igarotako migratzaileak ziren. Zentro horretako behin-behineko egonaldian zeuden atxilotuta, Stanton-Lerdo Nazioarteko Zubian, Ciudad Juarez eta El Pasoren (Estatu Batuak) arteko mugetako batean. Dirudienez, pertsona horiek deportatu egingo zituztela jakin zutenean piztu zen sua.

Euskal Herrian, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugak ere bizitzak kentzen ditu. Polizia-kontroleko puntu iraunkorren irizpideak 6 hilean behin zehazten ditu Parisko Gobernuak. 2022ko urrian hainbat arduradun politiko, hala nola Euro-Eskualdeko Exekutiboa, Urkullu eta Etchegaray lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako presidentea, muga hori irekitzearen alde agertu dira. Hala eta guztiz ere, eta LABek hainbat gizarte-erakunderekin batera egoera hori salatzeko antolatu zituen ekintzak gorabehera, 2022ko azaroaren 1ean, Europako legediaren aurka, Frantziako Estatuak muga hori beste 6 hilabetez itxita mantentzeko erabakia hartu zuen. Epemuga hori maiatzaren 1ean beteko da, kasualitatez. Zubiko kontrolak gutxitu egin direla dirudien arren, trenean eta mugako beste espazio publiko batzuetan arraza-profilak areagotu egin dira.

Distantziak distantzia, Mexikoko iparraldeko mugaren eta Bidasoa ibaiaren arteko sakoneko logika bera da. Militarizazioa, kontrol arrazistak, etnia- eta arraza-profilamendua, itzulera beroak, nazioarteko polizia-lankidetza, migrazio-politikak eta oinarrizko eskubideen babesa bermatzen ez duten mugak konbinatzen dira. Helburua bateratua eta gorena da: immigrazioaren gaitzaren Ipar Gotorlekua blindatzea.

Mugetan gertatzen direnak ez dira ezbeharrak. Nekropolitika du izena eta arduradunak ditu. Migrazio legala, segurua eta ordenatua aipatzen dute; patrikak milaka migratzaile eta errefuxiaturen salerosketarekin gizentzen dituzten bitartean, trukerako txanpon gisa tratatzen dituzte gobernuen arteko mesedeak eta prebendak banatzeko. Eta heriotza-politika horiei iskin egiten diten pertsonei, beren helmugetara iristean, sistematikoki urratzen zaizkie langile gisa dituzten eskubideak, eta behartuak daude pobretze, sufrimendu eta lan-esplotazioko kate global gaizto horrek ezarritako lanik prekarizatuenak eta osasunarentzako kaltegarrienak beren gain hartzera.

LAB sindikatuak migrazio- eta muga-politikak salatu nahi ditu, egituran arrazista eta aporofobikoa den sistema baten zutabe diren aldetik. Adierazpen politez gain, Ipar eta Hego Euskal Herriko administrazioetako ordezkariek hainbat neurri eta politikarekin aurrera egitea eskatzen dugu, honako hauek bermatzeko: igarobide seguruak, migraziorako eta asilorako legezko bideak, harrerarako azpiegitura publikoak eta bizitzeko eta enplegatzeko aukerak, justizia-baldintzetan, migratutakoei, trantsizioan daudenei eta/edo errefuxiatuak diren pertsona guztientzat, hau da, Euskal Herrira bizitzera etortzea edo beste noranzko batera bidean bertatik igarotzea erabakitzen dutenentzat.

Migratzaileen bizitzek axola dute. Heriotza gehiagorik ez Ciudad Juarezen. Heriotza gehiagorik ez Bidasoan. Bakar bat gehiago ere ez Melillan, bakar bat gehiago ere ez Tarajalen. Migratzea eskubidea da. Langile bat bera ere ez da legez kanpokoa.

Kapitalak ezarritako mugen aurrean, elkartasun internazionalista eta antiarrazista, herrietatik eta herrien artean. Euskal Herria Harrera Herria. Mugak apurtu, zubiak eraiki. Gora munduko langileen borroka.

LABetik Migratzaileen Plataforma Trasnazionalaren ekimenaren zabalkundea atxiki eta babesten dugu: https://transnationalmigrantplatform.net/es/comunicado-de-melilla-a-ciudad-juarez/

Ostalaritzan gehiegikeriekin amaitzeko beharra plazaratu dugu gaur Donostian egindako elkarretaratzean

Aste santuko oporraldia datorren honetan, LAB sindikatua adi dago, lan kargaren gorakadarekin batera sektorean lan-esplotazio egoerak gertatzeko arriskua ere areagotuko baita. Bada, halakorik gertatuz gero salaketa publikoa sustatuko dugu. Elkarretaratzea egin dugu eguerdian Donostiako Bulebarrean, eta ostalaritzan probintziako hitzarmen duina behar-beharrezkoa dela azpimarratu dugu.

Urtarrila bukaeran ezagututako lan-esplotazio egoeren aurrean kalera irtendako lehen sindikatua izan ginen bezala, oraingoan ere bertan izango gara, ezkutuko ekonomian murgilduta dagoen sektore prekarizatu honetako babesgabeziarekin amaitu beharra baitago.

Ildo horretan, hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziaketa-prozesua martxan jarri dela gogorarazi behar da. Urtarrileko kontzentrazioetan aipatu genuen hitzarmenaren beharra; izan ere, Gipuzkoako Ostalaritzako Hitzarmena 2010. urtean indargabetu zen eta, geroztik, ez da berritu. Gure aldarrikapen horien ostean, sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuak negoziazio-mahaia bildu zedin eskatu zuen, azkenean.

Gaur egun, Ostalaritzako Hitzarmena berritzeko bilerak egiten ari gara, baina hitzarmen duina lortzeko aukera oso urrun omen dago oraindik. Erabat prekarizatua dagoen sektore baten aurrean, asko dira bermatu beharreko gutxiengoak.

Hitzarmenaren bidez, baldintza duinetan lan egiteko eskubidea langile guztiontzat izan dadin bermatu behar dela sinesten dugu, urteetan galdutakoa berreskuratuz, eta, bitartean, oporraldi garai honetan eta aurrerantzean eman daitezken egoera irregular guztien protestan irtengo gara.

Salatu dugu egungo ereduak gaizki tratatzen dituela Bizkaiko adinekoen egoitzetako egoiliarrak eta langileak

5.000 langile baino gehiagoren egoerak okerrera baino ez du egin, Aldundiak ezartzen duen zerbitzuaren pribatizazioak tratu txarrak ematen baitizkie langileei, haien lan-baldintzak prekarizatzen dituztelako, baina baita egoiliarrei ere, ez baita kalitatezko zaintzarik eskaintzen.

Sergio Murillori (Gizarte Ekintzako diputatuari) eta sektoreko enpresei esaten diegu nazkatuta gaudela kalbario horrekin. Nazkatuta adinekoen duintasunarekin eta gure lan-baldintzekin negozioa egiten dela ikusteaz.

Hori dela eta, gure aldarrikapenak lortu arte borrokan jarraituko dugu. Honako hauek dira, besteak beste, eskatzen ditugunak:

– Benetako urratsak soldatak GUFErekin (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) parekatzeko bidean. Izan ere, lan bera egiten duen langile publiko batek baino % 50 gutxiago kobratzen dugu. Gainera, azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dugunez, hilean 300 euro inguru pobreagoak gara.

– Bajen ordezkapenak lehen egunetik.

– Laneko osasunari buruzko benetako neurriak, besteak beste arrisku psikosozialei buruzkoak.

Gainera, egungo ratioa ankerra da, eta egoiliarrei eta langileei etengabe tratu txarrak ematen dizkie. Egoera horren erantzuleak administrazio publikoak dira, bai Eusko Jaurlaritza, bai Bizkaiko Foru Aldundia, eta erantzukizuna beren gain hartzea eta egoera horri irtenbidea ematea eskatzen dugu.

LABek hainbat neurri proposatu ditu egoitzen egoera hobetzeko:

– Gaueko ratioa 2 gerokultore/zaintzaile izatea 15 egoiliarreko

– Eguneko ratioa gerokultore/zaintzaile batekoa (1) izatea lau egoiliarreko

– Erizaintza-zerbitzua 24 orduz egotea, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliarreko

Gaur amaitutzat eman dugu hiru egunez LARES eta GESCA patronalen negoziatzeko borondaterik eza salatzeko egin dugun Kalbarioko martxa. Egungo ereduak aukera ematen du enpresa horiek poltsikoak diru publikoz betetzeko, egoiliarrei eta langileei tratu txarrak ematen dizkieten bitartean.

Maiatzaren 15etik 20ra beste 6 greba-egun deitu ditugu, eta egun horietan egungo ratioak salatuko dituzte. Hala, txandakako baraualdia egingo dugu, ratioei buruzko gure proposamena sozializatzeko asmoz.

Gobernuak benetako negoziazioa ahalbidetzen ez badu, mobilizazioekin jarraituko dugu Nafarroako hezkuntza publikoan

Hezkuntza Departamentuak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri arren, irakasleen % 50ek baino gehiagok egin zuten greba, eta sindikatuok ohartarazi dugu mobilizazioen dinamikarekin jarraituko dugula Nafarroako Gobernuak edukia duen negoziazio-prozesu bat hasten ez badu.

Apirilaren 3an aurrera eramandako greba egunaren erabateko arrakasta azpimarratu nahi dugu sindikatu deitzaileok. Lan uzteak, bere horretan, irakasleen %50 baino gehiagoren jarraipena izan zuen, nahiz eta Hezkuntza Departametuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan. Goizerako deituta zeuden mobilizazio guztiek babesa jaso zuten: Tafallan, Tuteran, Donezteben, Altsasun, Lizarran eta Iruñeko Departamentuaren aurrean.

Azken honi hainbat zentrotatik iritsitako zutabe jendetsuak batu zitzaizkion, eta horietako bakoitzak deialdi honetako aldarrikapen bat zeraman bertara: ratioen jaitsiera, lan-gainkarga, eros ahalmenaren berreskuratzea eta lanpostuen egonkortzea.

Arratsaldean Iruñean deitutako manifestazioak, Nafarroako hiriburuko bi ikastetxe historiko batzen zituenak (Plaza de la Cruz BHI eta San Francisco IP), herritarren babes zabala izan zuen. Agerian geratu zen jendarteak Nafarroako Gobernuari eskatzen diona; Hezkuntza Publikoan neurri zehatzak hartzea eta irakasleentzako lan-hobekuntzak negozia ditzala, eskaintzen den zerbitzu publikoaren onurarako.

Zoritxarrez, grebaren ondorioz Chivite presidenteak egindako adierazpenak gorabehera, oraindik ez dugu hurrengo ikasturtearen hasieran indarrean jar litezkeen neurri zehatzak negoziatzeko ahaleginik ikusten. Exekutiboak benetako borondaterik balu, 2023-2024 ikasturterako plantilletan aldaketak egiteko garaiz egongo litzateke, oraindik ez baitira konfiguratu, eta prozesua
maiatzaren erdialdera arte luzatu ohi delako. Gainera, kasu askotan, 2024rako aurrekontuan jasotako gastuan, partida batzuetan ez da planifikatutakoa agortzen. Beraz, Gobernuak Hezkuntzan euro bakar bat gehiago ez inbertitzeko erabakiarekin tematuta jarraitu arren, hobekuntzak negoziatzeko gutxieneko interes politikoren bat erakusteko aukera izango luke agintaldia amaitu baino lehen, xahutu ez den partidetako diru hori erabiliz.

Beraz, indar sindikalek gure mobilizazio-dinamikarekin jarraituko dugu, irakasleen aldarrikapenak jendarteari helarazten jarraitzeko. 100 ikastetxe baino gehiagoren atxikimenduen eta administrazioko beste edozein sektoretan lortzen ez diren greben jarraipen portzentajeen zilegitasuna daukagu horretarako. Antza denez, hemen, Gobernuak eta Departamentuak berak ere ez diote ematen hezkuntza publikoari jendarteak ematen dion garrantzia. Kalitatezko Hezkuntza Publikoaren alde borrokatzen jarraituko dugu, gure baliabide guztiekin.

Hauteskundeak irabazi ditugu EAEko irakaskuntza publikoko sukalde eta garbiketan

LABek lehenengo indarra izatea lortu du sukalde eta garbiketan eta hezkuntza publikoan ordezkaritzarik handiena izaten jarraitzen du

Gaur zenbatu dira martxoaren 30eko hauteskundeetako sukalde eta garbiketako Bizkaiko botoak. Kontatzeke zeuden, hauteskunde mahaiak posta bidezko gutunekin egondako irregulartasunen aurrean bozka guztiak zaintzapean utzi baitzituen. Gaur, hilak 4, aurrez aurre emandako botoak zenbatu ditu eta posta bidezkoa baliogabetzat jo du.

LAB bozkatzera hurbildutako guztiei zorionak eta eskerrak eman dizkizuegu. Sukalde eta garbiketan ordezkari kopururik handiena lortu dugu, eta lehenengo indarra gara. Araban 2 ordezkariak mantendu ditugu, Gipuzkoan ordezkari bat gehiago dugu eta Bizkaian 2 gehiago lortu ditugu.

Indarkeria matxistaren aurrean jarduteko lehen protokoloa adostu dugu Arabako metalgintzako hitzarmeneko berdintasun batzordean

LAB, CCOO eta UGT sindikatuok (Arabako metalaren azken hitzarmenaren sinatzaileok) Arabako siderometalurgiaren sektorean sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka jarduteko protokoloa adostu dugu SEA patronalarekin.

Arabako metaleko hitzarmena sinatu arteko bidea ez zen batere erraza izan. Sektore horretako langileen kolektiboa modu masiboan atera zen kalera, modu irmoan. Langileek argi zuten beraien lan eta bizi baldintzak aldatuko zituen hitzarmenaren alde borrokan zebiltzala. Horretarako, ezinbestez, hitzarmenak ikuspegi feminista jaso behar zuen, pertsonen bizitza erdigunean jartzeko, eta ez kapitala.

Borrokaren ondorioz enpresetan egindako presioak emaitza izan zuen, eta hitzarmen horretan inork uste ez zituen aurrerapenak lortu genituen negoziazioari ekin genionean. Aurrerapen horiek arlo feministan ere gertatu ziren, eta berdintasun-batzorde bat sortu zen. Batzorde horrek, besteak beste, Arabako siderometalurgiaren sektorean sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako
jazarpenaren aurka jarduteko protokolo bat egitea zuen eginkizun.

2022ko abenduaren 23an Arabako metalgintzaren hitzarmena argitaratu zen Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean. Bada, hiru hilabete geroago, bi aldeen arteko akordio batera heldu gara.

Adostu dugun protokoloak lantokietan gertatzen den indarkeria matxistari aurre egiteko eta amaitzeko lan-tresna izan nahi du. Errealitate hori ezkutuan geratzen da, eta kaleratua izateko mehatxua beti dago horren atzean; horregatik, indarkeria matxista ez da behar bezala salatzen, ezta behar bezala adierazten ere enpresetan, eta are gehiago gehienbat gizonen enpresak badira.

Horregatik, bermeak eta neurriak egon behar dira salaketa jarri ahal izateko, emakumeen hitzak eta salaketak kolokan egon ez daitezen.

Protokolo hori nahitaez aplikatu beharko da Arabako metaleko enpresa guztietan, baldin eta berezko protokolorik ez badute. Hori oso urrats garrantzitsua da sektoreko enpresa txikienetako emakumeentzat, egoera horien aurrean babesgabeenak baitira. Protokoloak argi eta garbi jasotzen ditu sexu-jazarpentzat eta sexuan oinarritutako jazarpentzat hartu beharreko jokabideak, egoera horiek saihesteko prebentzio-neurriak ezartzen ditu, eta sexu-jazarpenagatiko edo sexuan oinarritutako jazarpenagatiko salaketa bat gertatzen denean jarduteko prozedura ezartzen du eta alderdi sozialari aitortzen zaio prozesu osoan parte hartzeko aukera.

Euskal Errepublika posible egin dezagun

2023ko apirilaren 9ko Aberri Egunean errepublika propioa aldarrikatuko dugu, elkartasunerako eta elkar zaintzarako espazio gisa. Kapitalaren mesedetan herriak eta langileak desjabetu, gerra sustatu nahiz ekosistemak hondatzen dituen elitearen ereduaren ordez, “herri guztien eskubideak aintzat hartuko dituen nazioarteko harreman berriak sortzea” da gure hautua.

Halaxe jaso du LABek Aberri Egunaren bueltan plazaratutako adierazpenean:

Bada, ildo horretan, banaketa hirukoitzaren eredua defendatzen du LABek: “Enpleguaren banaketa, zaintza lanen banaketa eta ondasunaren banaketa”.

Euskal Errepublika du ortzimugan LABek, “herri burujabetzarako bermea” eta “bizitza erdigunean jarriko duen eredu berria eraikitzeko aukera” litzatekeelakoan. Hala ere, aldarrikapena ez ezik, egitasmo politiko partekatua behar du izan helburu horrek, LABek eguneroko praktika independentista eta eraldatzailearen bidez sustatuko duena: “Gaurdanik hasita, Madrilen eta Parisen ezinezkoak diren aldaketa sozialak Euskal Herrian posible egiteko ibilbidea egin beharra dago. Politika publikoen norabidea lehiatuz eta burujabetzaren bidean aurrera eginez”.

Nazio eraikuntzaren eta banaketa politiken alde, beraz, LABek babesa adierazi die, besteak beste, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako Greba Orokor Feministari edota Euskal Pentsiodunen Mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko pentsioen alde aurrera daraman borrokari. “Horrelako urratsek eraldatzen dute errealitatea, horrelako urratsak sustatzeko egin behar dugu borroka. Burujabetza aldarrikatu ez ezik, burujabetzarako ibilbidea eginez”, dio LABek.

Aldarrikapen eta mobilizaziorako deia

Aipatutako irakurketan oinarrituz, Aberri Egunaren testuinguruan antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia egiten du LABek.

  • Ernaik Elorrion antolatutako Gazte Topagunearen baitan, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak hitzaldia izango du.
  • Euskal Herria Baterak Donostian antolatu duen ekitaldian Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak parte hartuko dute.
  • Bagira ekimenak Itsasun antolatutako ekitaldietan nahiz EH Bilduk Iruñean antolatutako manifestazioan ere LABeko ordezkaritza bana izango da.