2026-09-26
HomeEkintza PolitikoaEAEko udal legearen kontrako epaia jauzi kualitatibo larria da

EAEko udal legearen kontrako epaia jauzi kualitatibo larria da

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du EAEko Udal Legearen atal bat, udalei euskara hutsez jarduteko aukera ematen ziena eta Eusko Legebiltzarrak onartutakoa. Euskaldunok pairatzen dugun mendekotasun eta bigarren mailako hiritar izatearen estatusa irauli eta menderatzaile gisa aurkezten gaitu Konstituzionalak. Euskaldunok ezin dugu euskaraz bizi eta lan egin, gure hizkuntza-eskubideak ez daude aintzat hartuta, baina, errealitate hori irauliz, gu ez-euskaldunen hizkuntza-eskubideen urratzaile garela diote.

Epai hau ez da edonolako epaia. Azkenaldian euskararen aurka izaten ari diren epaien segidan jauzi kualitatibo larria dela salatu beharra dugu. Auzitegi Konstituzionalak eta Espainiako Estatuko legediak, oro har, euskal herritarroi eta euskal instituzioei euskaraz neurri batean egin ahal izateko aukera ematen digute, baldin eta euskaraz osoki eta normaltasunez bizi eta jardutera iristen ez bagara. Herri gisa pairatzen dugun zapalkuntzaren oinarrietako bat da hori. Epai honek argi erakusten du euskaldunok ezin dugula modu burujabean euskararen egoerak eta euskaldunon hizkuntza-eskubideek behar duten hizkuntza-politika egokia aplikatu; gure araubidea estatuen borondatearen menpekoa dela.

LAB sindikatuak euskalgintzak zein gainontzeko eragile sozial eta sindikalok batera deituko ditugun erantzun ekimenetan parte hartzera dei egiten die euskal langileei eta euskal herritarrei, oro har. Horrekin batera, dei egiten dugu aspaldian euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurka ezagutzen ari garen segidaren aurka, eta azken epai hau segida horretan azkena da oraingoz, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitu duen manifestaziora ere. Azaroaren 4ko manifestazioa euskal herritarrok euskaraz lan egin eta bizitzeko dugun desio irmoaren erakusle izan behar da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.