2025-12-31
Blog Page 243

Gobernuak benetako negoziazioa ahalbidetzen ez badu, mobilizazioekin jarraituko dugu Nafarroako hezkuntza publikoan

Hezkuntza Departamentuak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri arren, irakasleen % 50ek baino gehiagok egin zuten greba, eta sindikatuok ohartarazi dugu mobilizazioen dinamikarekin jarraituko dugula Nafarroako Gobernuak edukia duen negoziazio-prozesu bat hasten ez badu.

Apirilaren 3an aurrera eramandako greba egunaren erabateko arrakasta azpimarratu nahi dugu sindikatu deitzaileok. Lan uzteak, bere horretan, irakasleen %50 baino gehiagoren jarraipena izan zuen, nahiz eta Hezkuntza Departametuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan. Goizerako deituta zeuden mobilizazio guztiek babesa jaso zuten: Tafallan, Tuteran, Donezteben, Altsasun, Lizarran eta Iruñeko Departamentuaren aurrean.

Azken honi hainbat zentrotatik iritsitako zutabe jendetsuak batu zitzaizkion, eta horietako bakoitzak deialdi honetako aldarrikapen bat zeraman bertara: ratioen jaitsiera, lan-gainkarga, eros ahalmenaren berreskuratzea eta lanpostuen egonkortzea.

Arratsaldean Iruñean deitutako manifestazioak, Nafarroako hiriburuko bi ikastetxe historiko batzen zituenak (Plaza de la Cruz BHI eta San Francisco IP), herritarren babes zabala izan zuen. Agerian geratu zen jendarteak Nafarroako Gobernuari eskatzen diona; Hezkuntza Publikoan neurri zehatzak hartzea eta irakasleentzako lan-hobekuntzak negozia ditzala, eskaintzen den zerbitzu publikoaren onurarako.

Zoritxarrez, grebaren ondorioz Chivite presidenteak egindako adierazpenak gorabehera, oraindik ez dugu hurrengo ikasturtearen hasieran indarrean jar litezkeen neurri zehatzak negoziatzeko ahaleginik ikusten. Exekutiboak benetako borondaterik balu, 2023-2024 ikasturterako plantilletan aldaketak egiteko garaiz egongo litzateke, oraindik ez baitira konfiguratu, eta prozesua
maiatzaren erdialdera arte luzatu ohi delako. Gainera, kasu askotan, 2024rako aurrekontuan jasotako gastuan, partida batzuetan ez da planifikatutakoa agortzen. Beraz, Gobernuak Hezkuntzan euro bakar bat gehiago ez inbertitzeko erabakiarekin tematuta jarraitu arren, hobekuntzak negoziatzeko gutxieneko interes politikoren bat erakusteko aukera izango luke agintaldia amaitu baino lehen, xahutu ez den partidetako diru hori erabiliz.

Beraz, indar sindikalek gure mobilizazio-dinamikarekin jarraituko dugu, irakasleen aldarrikapenak jendarteari helarazten jarraitzeko. 100 ikastetxe baino gehiagoren atxikimenduen eta administrazioko beste edozein sektoretan lortzen ez diren greben jarraipen portzentajeen zilegitasuna daukagu horretarako. Antza denez, hemen, Gobernuak eta Departamentuak berak ere ez diote ematen hezkuntza publikoari jendarteak ematen dion garrantzia. Kalitatezko Hezkuntza Publikoaren alde borrokatzen jarraituko dugu, gure baliabide guztiekin.

Hauteskundeak irabazi ditugu EAEko irakaskuntza publikoko sukalde eta garbiketan

LABek lehenengo indarra izatea lortu du sukalde eta garbiketan eta hezkuntza publikoan ordezkaritzarik handiena izaten jarraitzen du

Gaur zenbatu dira martxoaren 30eko hauteskundeetako sukalde eta garbiketako Bizkaiko botoak. Kontatzeke zeuden, hauteskunde mahaiak posta bidezko gutunekin egondako irregulartasunen aurrean bozka guztiak zaintzapean utzi baitzituen. Gaur, hilak 4, aurrez aurre emandako botoak zenbatu ditu eta posta bidezkoa baliogabetzat jo du.

LAB bozkatzera hurbildutako guztiei zorionak eta eskerrak eman dizkizuegu. Sukalde eta garbiketan ordezkari kopururik handiena lortu dugu, eta lehenengo indarra gara. Araban 2 ordezkariak mantendu ditugu, Gipuzkoan ordezkari bat gehiago dugu eta Bizkaian 2 gehiago lortu ditugu.

Indarkeria matxistaren aurrean jarduteko lehen protokoloa adostu dugu Arabako metalgintzako hitzarmeneko berdintasun batzordean

LAB, CCOO eta UGT sindikatuok (Arabako metalaren azken hitzarmenaren sinatzaileok) Arabako siderometalurgiaren sektorean sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka jarduteko protokoloa adostu dugu SEA patronalarekin.

Arabako metaleko hitzarmena sinatu arteko bidea ez zen batere erraza izan. Sektore horretako langileen kolektiboa modu masiboan atera zen kalera, modu irmoan. Langileek argi zuten beraien lan eta bizi baldintzak aldatuko zituen hitzarmenaren alde borrokan zebiltzala. Horretarako, ezinbestez, hitzarmenak ikuspegi feminista jaso behar zuen, pertsonen bizitza erdigunean jartzeko, eta ez kapitala.

Borrokaren ondorioz enpresetan egindako presioak emaitza izan zuen, eta hitzarmen horretan inork uste ez zituen aurrerapenak lortu genituen negoziazioari ekin genionean. Aurrerapen horiek arlo feministan ere gertatu ziren, eta berdintasun-batzorde bat sortu zen. Batzorde horrek, besteak beste, Arabako siderometalurgiaren sektorean sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako
jazarpenaren aurka jarduteko protokolo bat egitea zuen eginkizun.

2022ko abenduaren 23an Arabako metalgintzaren hitzarmena argitaratu zen Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean. Bada, hiru hilabete geroago, bi aldeen arteko akordio batera heldu gara.

Adostu dugun protokoloak lantokietan gertatzen den indarkeria matxistari aurre egiteko eta amaitzeko lan-tresna izan nahi du. Errealitate hori ezkutuan geratzen da, eta kaleratua izateko mehatxua beti dago horren atzean; horregatik, indarkeria matxista ez da behar bezala salatzen, ezta behar bezala adierazten ere enpresetan, eta are gehiago gehienbat gizonen enpresak badira.

Horregatik, bermeak eta neurriak egon behar dira salaketa jarri ahal izateko, emakumeen hitzak eta salaketak kolokan egon ez daitezen.

Protokolo hori nahitaez aplikatu beharko da Arabako metaleko enpresa guztietan, baldin eta berezko protokolorik ez badute. Hori oso urrats garrantzitsua da sektoreko enpresa txikienetako emakumeentzat, egoera horien aurrean babesgabeenak baitira. Protokoloak argi eta garbi jasotzen ditu sexu-jazarpentzat eta sexuan oinarritutako jazarpentzat hartu beharreko jokabideak, egoera horiek saihesteko prebentzio-neurriak ezartzen ditu, eta sexu-jazarpenagatiko edo sexuan oinarritutako jazarpenagatiko salaketa bat gertatzen denean jarduteko prozedura ezartzen du eta alderdi sozialari aitortzen zaio prozesu osoan parte hartzeko aukera.

Euskal Errepublika posible egin dezagun

2023ko apirilaren 9ko Aberri Egunean errepublika propioa aldarrikatuko dugu, elkartasunerako eta elkar zaintzarako espazio gisa. Kapitalaren mesedetan herriak eta langileak desjabetu, gerra sustatu nahiz ekosistemak hondatzen dituen elitearen ereduaren ordez, “herri guztien eskubideak aintzat hartuko dituen nazioarteko harreman berriak sortzea” da gure hautua.

Halaxe jaso du LABek Aberri Egunaren bueltan plazaratutako adierazpenean:

Bada, ildo horretan, banaketa hirukoitzaren eredua defendatzen du LABek: “Enpleguaren banaketa, zaintza lanen banaketa eta ondasunaren banaketa”.

Euskal Errepublika du ortzimugan LABek, “herri burujabetzarako bermea” eta “bizitza erdigunean jarriko duen eredu berria eraikitzeko aukera” litzatekeelakoan. Hala ere, aldarrikapena ez ezik, egitasmo politiko partekatua behar du izan helburu horrek, LABek eguneroko praktika independentista eta eraldatzailearen bidez sustatuko duena: “Gaurdanik hasita, Madrilen eta Parisen ezinezkoak diren aldaketa sozialak Euskal Herrian posible egiteko ibilbidea egin beharra dago. Politika publikoen norabidea lehiatuz eta burujabetzaren bidean aurrera eginez”.

Nazio eraikuntzaren eta banaketa politiken alde, beraz, LABek babesa adierazi die, besteak beste, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako Greba Orokor Feministari edota Euskal Pentsiodunen Mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko pentsioen alde aurrera daraman borrokari. “Horrelako urratsek eraldatzen dute errealitatea, horrelako urratsak sustatzeko egin behar dugu borroka. Burujabetza aldarrikatu ez ezik, burujabetzarako ibilbidea eginez”, dio LABek.

Aldarrikapen eta mobilizaziorako deia

Aipatutako irakurketan oinarrituz, Aberri Egunaren testuinguruan antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia egiten du LABek.

  • Ernaik Elorrion antolatutako Gazte Topagunearen baitan, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak hitzaldia izango du.
  • Euskal Herria Baterak Donostian antolatu duen ekitaldian Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak parte hartuko dute.
  • Bagira ekimenak Itsasun antolatutako ekitaldietan nahiz EH Bilduk Iruñean antolatutako manifestazioan ere LABeko ordezkaritza bana izango da.

Arcelor Mittal: salatu dugu enpresak Euskal Herriko lantegiak baztertzen dituela

LAB eta ELA sindikatuok joan den ostiralean utzi genuen Akordio Markoaren negoziazio mahaiaren bilera

Arcelor Mittaleko zuzendaritzak urteak daramatza Euskal Herriko lantegietan enplegua suntsitzen, eta bitartean ez da inbertsiorik egiten, ezta gutxieneko seriotasuna duten plan industrialak diseinatzen ere.

Gainera, Estatuko esparruan egindako azken negoziazioetan, zuzendaritzak estatuko sindikatuekin bakarrik negoziatzen du. Enpresa Asturiasen ordezkaritza duten UGT, USO eta CCOOekin biltzen da, eta Asturiasko arazoak ditu soilik aztergai.

Azken bileretan, atsedenaldien artean igarotzen da denbora gehiena, eta Euskal Herriko gehiengo sindikala baztertu egiten dute Asturiasko ordezkariekin negoziatzeko. Joan den ostiralean, eta hainbat orduz zain egon ondoren, bi sindikatuetako ordezkariek negoziazioa uztea erabaki zuten, protesta seinale gisa.

Arcelor Mittaleko zuzendaritzari bere jarrera erabat aldatzeko exijitzen diogu. Gure herriko lantegien enplegua, inbertsioak eta etorkizuna bermatzeko ordua da, ez dugu inolako diskriminaziorik onartuko.

Altueratik erorita hildako hirugarren langilea 2023an

Construcciones Resano e hijos S.L. enpresan lan egiten zuen 54 urteko langile bat hil da Andosillan, eraikuntza-lanetan ari zela altuera handi batetik erorita.

LABek jasotako lehen zantzuen arabera, badirudi ez zegoela lotuta erori zenean. Nolanahi ere, heriotza honek erakusten du segurtasun-neurriek huts egin dutela. Gogora ekarri nahi dugu enegarren langilea dela altueratik erorita hil zena, iaz 11 langile hil ziren arrazoi horrengatik, eta, aurten, heriotza honekin dagoeneko 3 langile hil dira.

Onartezina da, hain maiz gertatzen den lan-istripu baten aurrean, berriro gerta ez dadin behar diren bitartekoak ez jartzea. Agerikoa da Lan Ikuskaritzak, Lan Osasunaren Nafarroako Institutuak eta gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Langile baten heriotza merkea da.

Eraikuntzaren sektorean dauden lan baldintza txarrak salatzen ditugu. Lanaldi luzeak, azpikontratazioa, faltsu autonomikoak, prestakuntzarik eza, prebentzio-baliabiderik eza… Prekarietatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktore bat da.

Argi dago gaitz honen konponbidea langileok egiten dugun presio eta mobilizaziotik etorriko dela. Gure bizitza jokoan dago.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok mahai sektorialera joateko eskatu diogu Sagardui Osasun sailburuari

Gaur, eskaera formal bat erregistratu dugu sailburuari eskatzeko Mahai Sektorialeko hurrengo bilerara joan dadila eta erantzun diezaiola pasa den abenduaren 7an egindako bileran egin zizkioten planteamenduei, baita bi greba-egun deitzea eragin duten
aldarrikapenei ere.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok behin eta berriz salatu dugu Mahai Sektoriala erabat blokeatuta dagoela. Azpimarratu behar da, beste behin ere, Osakidetzak izapide huts bihurtu duela foro hori alde bakarreko erabakiak hartzeko: bilerak deitzen ditu, gaiak Mahai Sektorialetik pasatzeko lege-izapidea betetzeko helburu bakarrarekin, alde bakarreko erabakiak hartzen jarraitu ahal izateko. Sindikatuek planteatutako gaiak tratatzeari eta negoziatzeari uko egiten dio sistematikoki.

Langileen ordezkaritza dugunok denbora asko daramagu Euskal Administrazio Publikoko erakunde handienean aitortzarik izan gabe, eta entzunaldia, informazioa eta negoziazio kolektiboa izateko dauzkagun eskubideak errespetatu gabe; eskubideak oinarrizko araudiak eta instantzia goreneko auzitegiek onartzen dituztenak.

Egoera honen aurrean, sindikatuek eskatuta, abenduaren 7an bilera bat izan genuen Osasun Sailarekin. Harrezkero, Osakidetzako Zuzendaritzak behin baino gehiagotan adierazi du orduan planteatutako hainbat gai sailburuaren esku daudela oraindik.

Bilera horretan, sindikatuok gure ezinegona adierazi genuen Osakidetza gurekin erlazionatzen ari den moduagatik, bere erabakien aldebakartasunagatik eta langileen lan-baldintzen murrizketagatik. Era berean, detektatuta ditugun arazoak eta gabeziak jakinarazi genizkion, planteatuta dauzkagun aldarrikapenak eta Mahai Sektorialeko bileretara ez joatea justifikatzen dutenak. Bilera horretan hitz eman zuen sailburuak aztertuko zituela eta erantzuna emango ziela.

Hilabete hauetan egoera ez da aldatu, eta, beraz, bi greba-egun deitu behar izan ditugu sindikatuok maiatzaren 18rako eta 19rako. Sailburuaren azken adierazpenetan negoziaziorako eta elkarrizketarako prest dagoela adierazi du. Erabakiak hartzeko boterea bere eskuetan dagoenez, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok eskaera formal bat erregistratu dugu gaur, sailburuari hurrengo Mahai Sektorialera joan dadila eskatzeko, negoziazio kolektiboari berriro ekiteko, egoera bideratzeko eta irekitako gatazkari irtenbidea emateko.

Ezinbestekoa da sailburuaren parte-hartze horrek bilerari edukia emateko balio izatea. Alferrik izango litzateke bere parte hartzea, forma zaharrak alde batera uzten ez badira. Horregatik, sindikatuok eskatu dugu bilera horretan honako eduki hauek jorratzeko: %4ko osagarria parekatzea; Lanbide Garapena: 2022ko deialdia eta ebaluazio-eredu berria; greba-deialdia eragiten duten aldarrikapenak (besteak beste, hauteskunde esparru berriak).

Gure osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dituzte. Osakidetzari eta Osasun Sailari borondate politikoa eskatzen diegu, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.

ADEGIk langileon beharrei erantzun gabe jarraitzen du

Gaur, apirilak 3, bosgarren aldiz bildu da Gipuzkoako Metaleko Hitzarmeneko negoziazio mahaia. Sindikatuok mobilizazio bateratua egin dugu bilera aurretik eta, ondoren, bileran ADEGIk nahikoak ez diren proposamenak jarri ditu mahai gainean.

Aipatu diren eduki berrien artean soldata igoerak, lan–istripu eta gaixotasun profesionalentzako osagarriak edota lizentziak egon dira, hurrengo zehaztasunekin:

SOLDATA IGOERATauletan 2023rako: %5 2024rako: KPIa 2025erako: KPIa 2026rako KPIa
Errealetan Tauletan aplikatuko den %80ko igoera
LAN – ISTRIPUEN OSAGARRIAKBaja 100% osagarritu In Itinere kasuak izan ezik
LIZENTZIAKHitzarmena familia lege berriari egokitu

LABen iritziz, proposamenak eduki berriak mahai gainean jartzen dituen arren, sektoreko langileen beharrei erantzunik eman gabe jarraitzen du: soldata igoerak ez du KPIa bermatzen tauletan zein errealeatan, ulertezina da In Itinere kasuak osagarrietatik kanpo uztea eta lizentziak legeari egokitzea ez zaigu nahikoa iruditzen. Gainera, lanaldi murrizketa, malgutasuna edo beste zenbait eduki aipatu gabe ere mantentzen dira. Gure apustua, beste behin, batasun sindikalaren bidea indartzen jarraitzea da eta mobilizazioei esker hitzarmen duin bat lortzeko borrokatu.

Metaleko negoziazio mahaiaren hurrengo bilera apirilaren 19an izango da.

Kalitatezko hezkuntza publikoaren alde, negoziazioari bide emateko exijitu diogu Nafarroako Gobernuari gaurko greba egunean

Ehunka irakasle atera gara kalera LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok egindako deialdiari babesa ematera eta Hezkuntza Departamentuari benetako negoziazioa eskatzera. Arratsaldean berriz ere mobilizatuko gara, 18:00etan Gurutze plazatik abiatuko den manifestazioan.

Duela ia hilabete, martxoaren 6an, LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok Nafarroako Hezkuntza Publikoko irakasle guztiak deitu genituen beste greba egun batera, Hezkuntza Departamentuak ez baitzuen inolako erreakziorik izan gure kolektiboak otsailaren 15eko greban planteatutako aldarrikapenen aurrean. Pentsatu genuen Departamentuak azkenean erantzunen zuela eta bilera batera deituko gintuela, benetako negoziazio bati ekiteko, greba saihestearren.

Beste deialdi bat egin ondoren, martxoaren 17ko bilera batera deitu gintuzten. Bilkura hartan ez zuten deus eskaini, eta uko egin zioten berriro negoziatzeari, hezkuntza inbertsioa handitzea ekarriko zuen alderdirik. Itxikeria horrek alde handia dauka administrazioko beste sektore batzuetan erakutsitako jarrerarekin; izan ere, sektore horietan lan eta soldata hobekuntzak lortu dira mobilizatu ondoren, eta 2023ko Aurrekontuen Legea ez aldatuagatik.

Bestalde, martxoaren 27an, Hezkuntza Publikoko hezkuntza itunaren jarraipen batzordea batzartu zen, eta bertan ez daude sindikatu deitzaile guztiak. Bilera horretan, ezin ulertuzko moduan errepikatu zen negoziatzeko prestasunik eza eta, gainera, Departamentuak baliatu zuen manipulatzeko eta hedabideetan negoziatzeko jarrera erakusteko.

Gure aldarrikapenak honako hauek dira:
â—Ź Ratioen jaitsiera lineala hezkuntza etapa guztietan.
â—Ź Erosteko ahalmena berreskuratzea:
– KPIarekiko soldata igoera eta 2010az geroztik galdutako erosahalmena berreskuratzea
(% 20).
– Administrazio-mailak titulazioetara egokitzea, Bolonia Planaren arabera.
â—Ź Egiazkoko behin-behinekotasuna % 8ra murriztea.
â—Ź Lan gainzama murriztea, ikasleen hezkuntza premiei denbora gehiago emateko. Aurreko horrek beste baliabide mota batzuk gehitzea eskatzen du: osasungintzakoak, sozialak, administratiboak eta abar.

Hilabete honetan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan egindako 120 asanblada baino gehiagotan egiaztatu eta eztabaidatu ditugu aldarrikapen horiek, eta 100 klaustrok egin dute bat horiekin. Sektorea mobilizatuta dago, etapa guztietan, eredu guztietan eta Nafarroa osoan. Asko gara, borrokan gaude eta entzun egin behar gaituzte kalitatezko hezkuntza publikorantz abiatzeko.

Oraindik garaiz gabiltza benetako negoziazioari ekiteko, baldin eta borondate politikoa badago, eta proposatutako hobekuntzak datorren ikasturtean islatzen hasteko. Aurrekontu partidak ez dira mugiezinak, handitu egin daitezke eta, gainera, baliabideak partida batetik bestera alda daitezke. Ikastetxeetako plantillak ez dira oraindik osatu eta hobetu egin daitezke. Horregatik guztiagatik, ezin diogu mobilizatzeari eta presioa egiteari utzi;Parlamentua desegiteak eta Gobernua jardunean egoteak ez du eragozten neurri horiek ezartzen hastea.

Era berean, garrantzitsua da presioa egiten jarraitzea, talde politiko guztiek gure eskaerak jaso ditzaten, gobernu berriaren akordio programatikoan ager daitezen eta, hori 2024ko Aurrekontuen Legean jaso dadin. Hezkuntza Departamentua benetan negoziatzen hasi arte jarraituko dugu, eta ez gara geldituko kalitatezko hezkuntza publikoa erdietsi arte.

Gaur arratsaldean aukera berri bat dugu, 18.00etan Iruñeako Gurutze plazatik abiatuko den manifestazioan. Irakasleok zein hezkuntza komunitate osoa eta gizarte osoa animatzen dugu parte hartzera, hezkuntza publikoa denon kontua baita.