2025-12-20
Blog Page 24

Correosen marko akordioari EZ

LAB CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek sinatutako “IV. Hitzarmen Kolektibo eta Akordio Orokorrera eraman beharreko oinarrizko ildoei buruzko Correosen Akordio Markoaren” aurka agertzen da. Akordio honek hainbat puntu oso negatibo jasotzen ditu plantillarentzat. Bai soldatei dagokienez, bai familia-kontziliazioari, kontratazioari eta abarri dagokienez. Lortutako eskubideetan atzerakada handia izango da.

Akordio honen edukiak Hitzarmen Kolektibo berri batera eramateak milaka lanpostu suntsitzea ekar dezake, langileen gastuak gaur egungo % 85etik 2 urteko % 70era igaroko baitira; ekoizpenari lotutako banakako ordainsari-araubide bat ezartzea, KPIarekiko igoerarik gabe; lanegutegi bat ezartzea non lanaldi bakoitzeko orduen % 10 aurreikusitako kargaren arabera aldatuko diren; eta bultzada berria ematea mugikortasun funtzionalari, geografikoari eta zentro artekoari, edo Enplegu Poltsekin amaitzea. Horrek guztiak eragin zuzena izango du enpleguaren kantitatean eta kalitatean, baita enpresa publikoak egiten duen komunitatearen aldeko kalitatezko zerbitzu publikoan ere.

LABek kalitatezko posta publiko baten aldeko apustu irmoa eginten duela adierazi nahi du, eta Euskal Herrian gure lan-baldintzak erabakitzearen aldekoa. Horregatik, Correoseko langile publikoen aurkako eraso berri honen aurrean planto egiten dugu.

GUK ERE PLANTO!

Eibarko alkateak SEPEri buruz esandakoari erantzunez

Azken egunetan Eibarko alkateak SEPEren bulegoari buruz esan duenaren arabera, irailaren 4tik aurrera bulego horrek normaltasunez funtzionatzen du Eibarren. Baieztapen hau gezurra da; izan ere, Eibarko SEPEk publikoarentzat itxita darama uda osoa, eta gaur egun ere berdin jarraitzen du: ez dago telefono bidezko hitzordurik, ez dago aurrez aurreko hitzordurik eta, bertan baieztatu digutenaren arabera, ez da horrelakorik egongo oraingoz. 

Honek, noski, ardura eta kezka sortzen digu, lehen ematen zen zerbitzu bat, gaur gaurkoz behintzat ez delako ari ematen, eta etorkizunean zer gertatuko den ere guztiz kolokan dagoelako: baieztatu ahal izan dugunaren arabera, agindu berri bat egon arte ez da publikoarentzat aurrez aurreko zitarik egongo eta, beraz, lehen Eibarko bulegoan egin zitezkeen eta egiten ziren hamaika izapide oraingoz ezingo dira bertan egin. Argi dago, hortaz, SEPEk ez duela normaltasunez funtzionatzen, lehen zegoen egoerarekin alderatuz gero, aldaketak nabarmenak baitira. 

Alkateak zuhurtziaz jokatu eta informazioa egiaztatu behar dela esan du. Bada, informazioa zuzenean kontrastatu dugu bulegoan, lortu ezinezko hitzorduetan, zerbitzu honetara sartzerik izan ez duten langileen ahotsean. Ikusten duguna oso sinplea da: gezurra esaten digute, eta langile klasea bete-betean kolpatzen duen egoera bat ezkutatu nahi digute. Normaltasuna, norentzat? Alkatetzarentzat agian? Dagoen normaltasun bakarra artatu gabeko herritarrena da, oraindik ezagutzen ez ditugun eta instituzioetatik argitu nahi ez duten arrazoiengatik, egun batetik bestera ematen ziren zerbitzu asko emateari utzi baitzaio. 

SEPEa ez da egiten diguten mesede edo fabore bat: langile klasearen eskubidea da. Eta zapaltzen ari dira. Lasaitasun mezua bidaltzen digute zerbitzurik gabe uzten gaituzten bitartean: gaur gaurkoz (eta etorkizun ilunarekin) Eibarko SEPEren bulegoak ez du normaltasunez funtzionatzen. 

Eibarren bizitzen ari garena, ordea, ez da arazo koiuntural bat: publikoa urteetan zehar alde batera uztearen emaitza da, babes gehien behar dutenak defentsarik gabe uzten dituen politika baten emaitza. Erantzukizunak, berehalako irtenbideak eta behar adina langile eskatzen ditugu, Eibarko SEPEa berriro ere izan behar dena izan dadin: langileen eskura dagoen eta egongo den zerbitzua. 

Administrazio publikoaren euskalduntzeak behar duen segurtasun juridikoa bermatzeko exijitu dio LABek Eusko Legebiltzarrari

Euskaraz lan egin ahal izatea Euskal Herrian bizi den eta lan egiten duen langile ororen lan eskubidea dela defendatu du sindikatuak, eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko lege bermeak eskatu ditu. Aldarrikapen berberarekin, mobilizazioak areagotuko ditu sindikatuak datozen aste eta hilabeteetan.

Denbora da eragile euskaltzaleak euskarak bizi duen atzerakadaz eta larrialdi egoeraz ohartarazten ari direla, eta euskararen normalizazioak behar duen jauziaz ari direla, zeinak administrazioaren euskalduntzea azkartzea eskatzen duen. Aldi berean, Hego Euskal Herrian etengabekoak dira euskara eremu judizialetik jasaten ari den erasoak, eta azken lau urteetan ia hilero zapuztu dituzte epaitegiek administrazio publikoak euskalduntzeko ahaleginak. Horren adibide dira EAEko Udal Legearen kontrako epaiak eta aldundi eta udal ugaritako lanpostu deialdietan euskararen eskakizunak jaitsi dituztenak. Testuinguru horretan, LABek hainbatetan adierazi du mobilizazio sozialean eta aktibazio sozialean jauzi bat egiteko beharra, eta, gaur, administrazio publikoko dozenaka ordezkari elkartu ditu Gasteizen. Batzarra egin ostean, mobilizazioa egin dute Eusko Legebiltzarrera, eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko lege bermeak exijitu dituzte, baita datozen hilabeteetan mobilizazioak areagotzeko borondatea adierazi ere. 

LABek zerbitzu publikoak euskalduntzeko lan eta mobilizazio eskerga egin du, bai arreta euskaraz eskaintzeko, eta baita langileok lana euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko ere. Azpikontratetan eta zaintza bezalako pribatizatutako zerbitzuetan ere zerbitzuak eta langileak euskalduntzeko planen alde borrokan ari da etengabe. Era berean, proposamen orokorragoak ere egin ditu. Dagoeneko hiru urte igaro dira, esaterako, LABek, Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta ELArekin batera, administrazio publikoak 15 urteko epean euskalduntzeko proposamena aurkeztu zuenetik. Instituzioen erantzuna hutsala edo okerrera egitea izaten da: hizkuntza-eskakizunak apaltzea eta derrigortasun -indizeak eta -datak atzeratzea. Agerikoa da okerrera goazela, eta honezkero proposamena zaharkituta gelditu dela. Bestelako urratsak eman beharra dago.

Kontrako norabidean, oldarraldi juridiko-politikoa elikatu eta hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak kontrajarri dituzte alderdi politiko eta sindikatu batzuek. Dikotomia hori elikatzeak, baina, erasotu egiten ditu kohesio soziala eta euskara. Eskubide bat defendatzeko ezin da beste bat ukatu; are gehiago, euskaraz lan egin ahal izatea Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun langile guztion lan eskubidea da, gainerako lan eskubideak bezain garrantzitsua eta kalitatezko zerbitzu publiko indartsuak izateko ezinbestekoa. Gainera, euskaraz lan egitea eskubidea dela ere gogorarazi beharra dago oraindik, zoritzarrez; nabarmen urratzen den eskubidea, gainera. 

Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko, epe ertain eta luzeko estrategiekin batera, epe motzeko neurri eta erabakiak behar ditugu, premiaz, euskararen normalizazio-prozesuari segurtasun juridikoa emango diotenak eta epaitegien etengabeko injerentzien aurrean euste-horma izango direnak. Eta horrek euskarari lehentasuna emateko politikei segurtasun juridikoa emateko neurriak hartzea eskatzen du. 

Norabide horretan, administrazio publikoan euskararen eskakizuna orokortzearen aldeko neurriak begi onez ikusten ditu sindikatuak, eta baita EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko egindako proposamena, norabide horretan koka daitekeena. Lege aldaketa horrek jasoko lituzke: euskararen eta gazteleraren eskakizunak parekatzea; kudeaketa malgua ezartzea testuinguru soziolinguistikoaren arabera; eta langile publiko guztien euskalduntzea ahalbidetzeko baliabideak eta liberazioak areagotzea. Aldiz, EAJk egin duen “proportzionaltasun-irizpideen” lege aldaketarako proposamenak arazoa betikotzen duela uste du sindikatuak: zerbitzu publikoak euskalduntzea zaildu egiten du, eta atzera jotzea errazten. 

Horrenbestez, zerbitzu publikoak euskalduntzeko eta administrazio publikoan euskaraz lan egiteko eta artatua izateko bermeak emango dituen aterpe juridikoa eskatu dio LABek Eusko Legebiltzarrari. Era berean, aipatutako berme legalak mobilizazio soziala eta euskal langileon aktibazioa eskatzen dituela uste du LABek, eta, horregatik, mobilizazioak areagotuko ditu. 

LABek enplegu politika oro bertan erabakitzea aldarrikatzen du 

46 urte behar izan dira Gernikako Estatutuak jasotako Langabezi Sariaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku egongo dela iragartzeko. LABentzat positiboa da eskualdaketa, baina langileon aldeko politikak egiteko guztiz ez nahikoa dela salatzen du; beharrezkoa da enplegu politika aktibo eta pasibo guztiak bertan erabakitzea. 

Atzo Jaurlaritzak eta Madrileko Gobernuak iragarritako akordio politikoak ia mende erdiz bete gabeko eskumen transferentzia bati bide emango dio, Langabezi Sariaren kudeaketarena hain zuzen. Horrela, langabezian egoteagatik jasotzen dena eta langabezia bukatzean edo nahikoa kotizatzen ez denean jasotzen diren prestazioak kudeatzeko aukera izango du Gasteizko Gobernuak, baita SEPErenak diren 50 egoitza eta bertan lanean ari diren 600 langile. 

LABek gogorarazi nahi du, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren transferentzia oraindik bete gabe dagoen honetan, akordio honek eskualdaketa partziala dakarrela, langabezia prestazioaren kudeaketa baino ez delako delako eskualdatzen. Hala, oraindik orain prestazioen zenbatekoa, iraupena, jasotzaileen betebeharrak… Madrileko Gobernuak ezarriko ditu. Era berean, ezin dugu ahaztu egungo subsidioa 480 eurotakoa dela eta langabetuen erdiek baino gehiagok ez dutela langabezia prestaziorik jasotzen. 

Bidenabar, aipatu beharra dago akordio honek agerian uzten dituela LANBIDEren gabeziak. Enplegu politiken bitartekaritza aktiboa behako lukeena, prestazioen kudeatzaile soil bilakatu da EAJ-PSEren gobernu desberdinek emandako norabidearen ondorioz. Gaur gaurkoz, epe luzeko langabezia dauden langileen egoera kronifikatua dago eta LANBIDE ez da enplegua lortzeko erreferentea. 

Urte luze guzti hauetan, Euskal Herriko langile sektore zabalek argiki erakutsi dute haien lan eta bizi baldintzak hemen arautzeko nahia eta beharra. Langile publiko eta azpikontratetako langileen borrokak, Greba Orokorrak eta baita legez aurrerapausoak emateko Herri Ekimenak jarri dira martxan. Azkenak, gutxieneko soldata propioa ezartzeko eta gutxieneko pentsioak osagarritzeko ehunka mila sinadurak bildu dituzten Herri Ekimen Legegileak. Horiei bide ematea beste aukerarik ez du langileon aldeko politikak sustatu nahi dituenak. 

LABek berretsi nahi du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren ezinbestekotasuna. Ezin dugu beste lau hamarkada itxaron. Behar beharrezkoak ditugu autogobernuan jauzi berriak eta Madriletik agindutako injerentziei muga jarriko dizkioten berme eraginkorrak. Gaur, Legebiltzarrean autogobernuari buruzko eztabaida ematen ari denean, Euskal Herrian herritar guztientzako lan eta bizitza duinak bermatzeko autogobernu tresna berriak behar ditugula aldarrikatzen du LABek. Guk, orain arteko konpromiso eta erantzukizunarekin egingo dio aurre erronka honi. 

Azkenik, batzuek babes sistemaren transferentzia partzial eta mugatuak ahotan darabiltzaten bitartean, LABek larunbat honetan gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko sistema osagarri baten aldeko Herri Ekimen Legegilea babesteko deia luzatzen du. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko iniziatiba hau, langile klase osoaren aldeko ekimena delako. 

Larunbatean, denok kalera! 

LABek OPE 2016-17ko filtrazioei buruzko epaiaren balorazioa egin du

Gaur LABek jakin du 2016-17 OPEan deitutako mediku kategorietan egondako filtrazioei buruz Arabako Probintzia Auzitegian aurkeztutako helegitearen emaitzaz. Sindikatu honentzat 18 kategorietan filtrazio zantzu ugari badaudela egia den arren, pozik hartzen dugu Kirurgia Plastikoaren kategorian ahozko epaiketa irekiko dela.

Lehenik eta behin, kategoria horretan emandako filtrazioa IVAPeko eta Osakidetzako zuzendaritzak ezagutzen zutela argi geratu baitzen inplikatuen adierazpenetan.

Opositore batek azterketa tribunaleko kide batek, senidetasun-harremana zuelako, eman zion. Egoera horren aurrean eta parte-hartzaile gutxiko kategoria izanik, gainerako oposiziogileek susmoa hartu zuten eta emaitzen zain egon ziren. Datuak argitaratu zirenean, oposiziogilea zerrendetatik desagertu zen, nahiz eta guztiek pertsona hori azterketa egiten ikusi zuten.

Hiru urtez egoera hori ezkutatu ondoren, eta LABek eskaturiko diligentzien eta lekukotasunen ostean, ondorengoak jakin ahal izan ziren:

Pertsona horrek bere aitaginarrebak idatzitako galderen %98 asmatu zituen, eta gainerakoetan emaitza ertainekoa izan zen.

Froga teorikoa eta praktikoa egin artean, pertsona hau azterketak egiten ziren eraikineko gela batera eraman zuten, eta han IVAPeko zuzendaritza batek eta Osakidetzako beste batek, gutxienez, prozesua uztera “gonbidatu” zuten filtrazioa gertatu zela ikusita. Gogoratu behar da funtzionario eta kargu publiko gisa zuten betebeharra egoera hori epaitegietara eramatea zela, aurrean zutenaren zantzu penalak ikusita. Hala ere, oposiziogile bat prozesua uztera behartu eta filtrazioaren froga nagusietako bat, nota, ezkutatzea aukeratu zuten. Sindikatu honek egindako lan ikaragarriari esker, urteetan IVAPek, Osakidetzak, tribunalak eta oposiziogileak berak ezkutatutako bilera horren berri izan zen.

María Jesús Múgica (Osakidetzako zuzendari nagusia) fiskaltzan deklaratu zuen ez zuela 2016-17 OPEaren inguruko irregulartasunik ezagutzen. Hala ere, gertakariak ikusita, gutxienez gai hau ezagutzen zuela eta deklarazio hartan ezkutatu zuela ondorioztatzea zilegi dirudi.

Epaia positibotzat jotzen badugu ere, ez da nahikoa. Sindikatu honek proposatutako diligentzia ugari atzera bota dituzte, adibidez, susmopean dauden kategorietako azterketen azterketa egitea; ez da ikertu oposiziogile eta tribunaleko kideen arteko komunikazio bakar bat ere; ez da onartu garai hartako Osakidetzako zuzendaritzaren deklarazioa argitzeko zer gertatu zen, zalantzarik gabe euskal sistema publikoarentzat eskandalu bat den honetan.

LABek bere konbikzioa mantentzen du eta lanean jarraituko du frogatzeko filtrazioak ez zirela kasu isolatuak izan. Kirurgia Plastikoaren kategorian ikus daitekeen bezala, prozesuaren garbitasuna bermatu behar zutenek filtratzaileekin eta onuradunekin kolaboratu zuten froga guztiak ezkutatzeko.

Autoari dagokionez, Auzitegiaren kontraesan nabarmena adierazi nahi dugu: 

Auzitegiak aurpegiratzen digu “arduradun nagusien ikerketa eskatu ez izana, identifikatzeko eta ikertuen moduan deklaratzeko”.

Hala ere, Auzitegi berak, 2022/11/29ko Autoaren bidez, LABen apelazio-errekurtsoa atzera bota zuen, eta errekurtso horrek berariaz eskatzen zuen delitu hauek egoztea: elkarte ilegala, kontratazioan iruzurra, sekretuen ezagutaraztea, sekretuen ezagutarazpenaren aurkako jazarpena sustatzeari uko egitea eta prebarikazioa. Hauek ziren inputazioan eskatutako pertsonak:

Jon Darpón Sierra (Osasun sailburua)

Mª Jesús Múgica Anduaga (Osakidetzako zuzendari nagusia)

Juan Carlos Soto Pérez (Giza Baliabideen zuzendaria)

Xabier Balerdi Tolosa (Giza Baliabideen zuzendariordea)

Andoni Arcelay Salazar (zuzendari medikoa)

Miriam Aparicio Salazar (Hautaketa eta Hornidura, Osakidetza)

Maite Iruretagoiena Ibarguren (IVAPeko zuzendaria)

Fulgencio Aledo Amorós (IVAPeko zuzendaritzako kidea)

Pertsona horien jarduerari buruzko egia ez bada aireatzen, ez da izango LABen ekintzarik ezagatik, baizik eta behin eta berriz ukatu direlako egia argitzeko proposatutako diligentzia guztiak.

LABek ez du “biktima errudunik” bilatzen, egia jakitea eta plazen banaketaren sistema klientelarra amaitzea baizik. Uste dugu OPEaren sistema garbitzea lortu dugula, eta egia ezagutzeko orduan, prozedurak ematen dizkigun aukera guztiak baliatuko ditugu biztanleriak Osakidetzako langile guztiek dakitena jakin dezan. 

LABek epaitegietara joko du Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek Greba Amaierako Akordioan adostutakoa bete dezaten

Gainerako akordioko edukiak ez badituzte betetzen, epaitegietara jo beharko dute ostera ere

Ikastetxeetako ordezkariek eta langileek hainbat ekintza eta mobilizazio egin dituzte Greba Amaierako Akordioa GAA betearazteko. Izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oztopoak ipini dituzte 2024ko otsailaren 5ean sinatu zuten akordioa betearazteko.

Duela 19 hilabete GAA, Gizarte Ekimeneko Patronalek eta sindikatuek sinatutakoa da, non, konpromisoa hartu zuten 2025-2026 ikasturtean etapa guztietan arreta zuzeneko ordu bat gutxiago ezartzea. Ekainean, afera hau salatzeko mobilizatu zen LAB eta irailaren 1ean ikasturte berria hasi denez eta adostutakoa ez dutenez aplikatu, bide judiziala martxan jarri du. 

Gogoratu behar da, 2024ko otsailaren 5ean sinatu zela GAA Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan. Akordioa 14 greba egun eta hainbat mobilizazioei esker sinatu zen eta hau, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahai negoziatzailean ordezkaritza daukaten patronalek eta sindikatu guztiek sinatu zutela.

Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalen fede txarra argia da, 2024-2025 ikasturte amaieran, akordatutakoa ez betetzeko jarraibideak bidali baitzituzten ikastetxeetara.

LAB Sindikatuak bide judizialari ekitea erabaki du, gatazka kolektiboko demanda aurkeztuz EAEko Auzitegi Nagusian, etapa guztiaetan arreta zuzeneko ordu beteko jeitsiera erreklamatzeko. 

Patronalek borondatea izanez gero, egoera bideratzeko aukera izango dute irailaren 25ean burutuko den negoziazio mahaian, bertan, GAA-an hitzez hitz adostutako eduki guztiak jasoko dituen Lan Hitzarmen proposamena aurkeztuz. 

Hala ez bada, LAB Sindikatuak akordioan jasotako eduki bakoitza betearazteko unean une, bide judizialari ekinez eta mobilizazioak aktibatuz. 

LABek irmoki Hezkuntza Sailaren jarrera salatzen du baita ere, eta behingoz langileen soldata ekiparazioan eta lan baldintzen homologazioan urratsak eman ditzala exigitzen dio. 

LABek Gipuzkoako helduen egoitzetan ELAk deituriko greba deialdiari atxikimendua adierazi nahi dio

LABek greba deialdia egin du irailaren 24, 25 eta 26rako Gipuzkoako helduen egoitzetan.

Langileek hainbatetan hala eskatuta, elkarlanerako deialdia egin diogu ELAri, baina ezezko borobila jaso dugu. Hala ere, LABek borrokarako edozein aukera probestuko du, eta langileek batera jotzeko aukera lehenetsi nahi du.

Izan ere, helduen egoitzetan langileak pairatzen duten egoera larria da:

  • 2008tik ez da sektore guztiarentzat aplikagarria den herrialdeko hitzarmenik sinatu, eta, ondorioz, langileak sektoreko eta herrialdeko hitzarmen batek ematen duen segurtasun eta babesik gabe daude.
  • 2006tik ez dira ratioak aldatu, eta horrek lan karga jasangaitzak ekarri ditu.
  • Jardunaldi partzialak dira nagusi, %60koak, langileak prekaritatean bizi behar izatera eramaten dituena.
  • Lan baldintza horien eraginez, itota, nekatuta eta ezinean daude langileak, eta ondorioz, haietako asko aldi baterako ezintasun egoeran daude. Baina denek ez dituzte bajak 100%ean eta mutuak laneko bajak direla ukatzen dute, nahiz eta lan baldintzen ondorioz izandako lesio eta gaixotasunak izan.

Egoera tamalgarria da Gipuzkoako adineko pertsonak zaintzen dituztenena, eta egoera hau diru publikoarekin sostengatzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu hau pribatizatzeko erabakiak ekarri ditu egoera hau, eta Foru Aldundia da ratioak hobetu ez dituena urte luze hauetan. Muzin egiten die egoera hobetzeko LABek egin dituen proposamenei eta deialdiei, eta zaintza lanetan ari diren langileak mespretxuz hartzen dituzte.

Bestalde, patronalek diru publikoarekin kudeatzen dituzten egoitzen egoera bere horretan mantendu nahi dute, mahai negoziatzailera proposamenik ekarri gabe eta negoziazioak blokeatuta mantenduz. Ez dute borondaterik lan baldintzak hobetzeko eta langileen ordezkariekin akordioak erdiesteko. Lehentasun eta helburu bakarra etekin ekonomikoak lortzea da, denon diru publikoa baliatuz eta langileak esplotatuz.

Langile gehienak emakumeak dira, zaintza lanak oraindik ere emakumeon bizkar gainean erortzen direlako, eta prekaritatea da nagusi, lan feminizatu guztietan bezala.

LABen apustua argia da: zaintzako langileak langile publikoak dira, zerbitzu publiko bat ematen ari dira, diru publikoarekin finantzatua, eta, beraz, zerbitzua publifikatu egin behar da. Hori da gure proposamena, helburua eta iparra: zaintzak erdigunean jartzea. Horregatik, langile publikoekin soldata ekiparatzeko eskatzen dugu hitzarmenaren negoziazio mahaian, eta, horrez gain, aldundiari eskatzen diogu helduen egoitzak publifikatzeko; bere gain hartzeko zerbitzu hau, lan baldintzak duinduz eta, era berean, zaintza duinduz.

Bide horretan aurkituko gaituzte: lantokietan, kaleetan, instituzioetan eta borrokarako aukera ematen duen edozein eremutan.

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 20 eta 25erako deitutako mobilizazioekin, LGS pareko gutxieneko pentsioaren alde

LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk galdegin diete EAJri eta PSEri ez dezatela eragotzi 144.000 herritarrek baino gehiagok sostengatu duten eskaria, eta salatu dute bi alderdi horiek txosten juridiko bat hartu dutela aitzakiatzat 90.000 pentsiodun pobrezian iraunarazteko. Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak hartu du parte gaur goizean egindako agerraldian.

Bost hilabetez Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lanean jardun du babesa biltzeko Herri-Ekimen Legegilearen (HEL) baten alde. HELaren xedea, gutxieneko pentsioa EAEko gutxieneko soldatarekin parekatzea. Ekinbide honek sostengu zabala izan du; hala adierazten dute jasotako 144.000 sinadura baino gehiagok. Euskal gehiengo sindikalak prozesu honekin bat egin du, baita bere ekarpena egin ere.

Milaka sinadura horiek Legebiltzarrera iritsitakoan Eusko Jaurlaritzak HEL hari buruzko txosten tekniko ez-lotesle bat egin behar zuen, eta hau ekinbidearen kontrakoa izan da. Sindikatuok uste dugu txostena ez dela ez teknikoa, ez juridikoa; aldiz, kutsu politikoa duen dokumentu bat da, eta honek islatzen du Eusko Jaurlaritza osaten duten alderdiek ez daukatela inolako asmorik pentsiorik apalenak jasotzen dituen jendeari erantzun bat emateko.

Horrenbestez, EAJk eta PSEk Legebiltzarrean izan beharreko eztabaida galarazi nahi dute, ez baitute borondaterik ekinbidea tramitera onartzeko ere. Berez irailaren 25ean bozkatuko da Gasteizko parlamentuan izapideak hasi ala ez; horregatik, alderdi politikoei eskatzen diegu herritarren halako babes handia izan duen egitasmoaren alde bozka dezaten. Hau kontu demokratiko bat da. Legebiltzarrean ez onartzeak esan nahiko luke euskal jendarteari ukatu egiten zaiola behar duen babes sozialeko ereduaren inguruko eztabaida eta erabakia.

HEL hau tramitera onartu ezean langileria guztiaren kalterako izango da, baina batik bat emakume pentsiodunen kalterako, hauek jasotzen baitituzte zahar-saririk txikienak: Euretako askok, hilean ezta 700 euro ere. Pentsioetan emakume eta gizonen arteko arrakala % 40 ingurukoa da. EAJk eta PSEk txosten honekin agerian utzi dute zaintza-lana ez dutela aintzat hartu nahi: milaka emakumeren pentsioak oso kaskarrak dira ingurukoak zaintzen egin dituzten lanen ondorioz lan-merkatuan ezin izan dutelako aurrera egin.

HEL hau aurrera ateraz gero emakume eta gizon pentsiodunen arteko desberdintasuna leunduko litzateke, pentsiorik apalenak LGSarekin parekatuko bailirateke. Egun 90.000 pentsiodunen sarrerak -gehienak emakumeak- LGStik beherakoak dira. Haatik, kolektibo horretan Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta 15.000 lagunek besterik ez dute jasotzen. Beraz, argi dago DSBE ez dela tresna baliagarria pentsiodunek sarrera nahikoak izan ditzaten.

Hori dela eta, euskal gehiengo sindikalak bat egingo du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitu dituen mobilizazioekin, hilaren 20an Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta 25ean Arabako hiriburuan, euskal alderdiei galdegiteko gutxieneko pentsioen osagarriaren alde bozka dezatela.

LABek salatu du EAEko anbulantzien pribatizazioak enpresa pribatuak baliabide publikoekin aberastea ahalbidetzen duela

Euskal Autonomia Erkidegoko anbulantziak pribatizatuta egotea gizarte osoaren arazoa da, ez bakarrik zerbitzuan eragiten digulako, baizik eta gainera, euskaldun guztiek jartzen dugun diru publikoa enpresa pribatuen esku geratzen delako ia inolako kontrolik gabe. Egunetik egunera beharrezkoagoa da zerbitzua publifikatzea.

Osasun garraio zerbitzua EAEan azpikontratatutako enpresa pribatuek eskaintzen dute, bai larrialdietan bai ez-urgenteko zerbitzuetan, eta horrek arazo ugari sortzen ari da. Azkena: diru publikoa erabiltzea ospitale pribatuetarako egiten diren zerbitzuak mantentzeko, baina zerbitzu horien irabaziak Eusko Jaurlaritzaren lizitazioarekin zerikusirik ez duen hirugarren enpresa batek jasotzen ditu.

Bizkaian, La Pau kooperatiba katalanak zerbitzua emateari utzi behar izan zionean, bi enpresak UTE bat sortu zuten, Eusko Jaurlaritzak esleitutako larrialdietako kontraturako: AMBULANCIAS BAZTAN BIDASOA SL eta SANIR MOVILIDAD SANITARIA SA (ALSA eta TRANSINSA enpresek sortua). Enpresa arteko nahas-mahas horretan zaila da egoeraren hariari jarraitzea, baina azkenean UTE BIZKANB izena hartu zuen.

UTE BIZKANBk, harrigarriki, Eusko Jaurlaritzak kontratua publikoki aurkeztu baino lehen hasi zuen zerbitzua, eta horrek berak ematen digu pistak prozesu horren gardentasunaz. UTE BIZKANBk, bere betebeharra zenez, La Pautik zetorren plantilla osoa subrogatu zuen. Plantilla horretan ez dira soilik gidariak, erizainak edo laguntzaileak, baita logistikan, bulegoetan, deiak jasotzen dituzten telefonista gisa edo zerbitzuak koordinatzen dituzten langileak ere.

Egunerokoan ikusten ez ditugun pertsona horien gain jausten da pribatizazioaren arazoaren zati handi bat.

Norbaitek galdetu al du inoiz noren esku dagoen ospitale pribatuetara doazen anbulantzia-zerbitzuen kudeaketa? Eta horri lotuta, nor jasotzen ditu zerbitzu horien truke ospitale pribatuek eta haien erabiltzaileek ordaintzen duten dirua? Ba, enpresa pribatu bateren mesederako zirkulu perfektua osatzen da: SANIR.

SANIR da gaur egun ospitale pribatu batzuek anbulantzia garraiorako kontratatuta duten enpresa. SANIRi ordaintzen diote zerbitzu horiengatik, baina SANIRrek ez dauka telefonistarik, ez logistikako langilerik, ez koordinatzaile propiorik. Eta nola egiten dute? Magiaz? Ez, baliabide publikoekin.

Eusko Jaurlaritzak UTE BIZKANBi diru kopuru bat ematen dio baliabide guztiak, baita plantilla osoa ordaintzeko ere. Plantilla horren lana sektore publikoko anbulantziak kudeatzera bideratu beharko litzateke, baina behartuta daude SANIRi ere zerbitzuak ematera. Negozio biribila: Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du eta SANIRrek irabaziak eramaten ditu.

Galdera da: noiz arte? Noiz arte onartuko da enpresa pribatuek baliabide publikoak modu okerrean erabiltzea? Nori egiten dio mesede zerbitzu hau enpresa pribatuek kudeatzeak? Kontratua amaitzear dago, eta orain da unea Eusko Jaurlaritzak ulertzeko ez digutela lapurtuko zerbitzu publikoen kudeaketa zuzena eginez bakarrik.