Gaur, hilak 26, sindikatuak Saltoki Logistika Araba enpresan duen ordezkari baten kaleratzearen aurkako epaiketa egin da Gasteizko epaitegietan. Honen aurretik, elkarretaratzea egin dugu jazarpen sindikala salatzeko.
Langileak LAB sindikatuaren eskutik antolatu eta hauteskundeak deitu zirenetik, 2021eko urrian, ikusi dugu enpresak uko egiten diola oinarrizko eskubideak onartzeari, hala nola askatasun sindikala, antolaketa edo lan-baldintza duinak,…
Hauteskunde sindikalen ondoren, enpresak, diziplina araubideaz baliatuta, hainbat langile kaleratu ditu, euren artean, LABeko ordezkaria. Kasu honetan, enpresak, atzerritarren bizileku- eta lan-baimena berritzeko araudiak zehazten dituen epeak urratuz, gure ordezkaria kaleratu zuen, nahiz eta jakinarazi hiru hilabete zituela bere egoera erregularizatzeko lan-errotzea kontuan hartuz. Beraz, lege-trikimailu bat erabili nahi izan zuen berau kaleratzeko.
Dirudienez, Saltoki Logistika Arabak ez du nahi enpresan egunero bizi diren lan-baldintzak zalantzan jartzen edo zabaltzen dituen langilerik, eta, horregatik, eskura dituen tresna guztiak erabiltzen ditu langileen arteko edozein antolaketa-zantzu saihesteko.
Horregatik guztiagatik, dinamika bat garatzen ari gara enpresa honetan, lan-baldintza duinekin batera, askatasun sindikala defendatzeko: salaketak aurkeztu ditugu Lan Ikuskaritzan, mobilizazioak egiten ari gara, propaganda… eta, jakina, arlo judizialean enpresaren gehiegikerien aurka borrokatuko gara.
Gure borrokan berresten gara, Saltoki Logistika Araban eskubideak defendatzeko eta dauden lan-baldintza negargarriak hobetzeko.
Gaur, apirilak 26, Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna dugu. LABek aldarrikapen eta konpromiso zehatzekin heltzen dio sexualitatea eta zehazki lesbiana izateko hautua askatasunez bizitzeko defentsari. Gaiaren inguruan sakondu dugu Izaskun Guarrotxena, Idazkaritza Feministako kidearekin.
-Ikusgarritasun lesbikoaren eguna dugu gaur. Oraindik orain, lantokietan ere badago zer egina, heterosexualak ez diren bestelako hautuak ikusgarri egin eta askatasunez bizi ahal izateko.
Oraindik ere lesbiana asko lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak dira. Lesbiana izateko hautua sexualitatea askatasunez bizitzeko hautu zilegia da, eta hori baino gehiago ere bai, Kapitalismo heteropatriarkalak emakumeoi inposatutako leku eta roletatik askatzen gaituen hautua da. Hori aldarrikatu egin nahi dugu.
Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain emakume askok bizi duten egoera izan arren, sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino gehiago dela aldarrikatu nahi dugu.
-Familiak instituzio izaten jarraitzen du, funtsezkoa, egungo produkzio eta erreprodukzio sistema betikotzeko?
Bikote heterosexualean oinarritzen den familia nuklearrak egiten du posible sexuaren araberako lan banaketa.
Garaiak aldatu ahala familiaren iruditegia ere asko aldatu da, baina familiaren instituzioak bere horretan jarraitzen du, gizon eta emakumeen arteko rol banaketak bere horretan jarraitzen du eta emakumeok lan merkatura inkorporatu garenean ere ez da egoera aldatu, kontrakoa, zaintza lanen zama eta lan merkatuan egiten dugun lana, biekin bete zaigu motxila.
-Sistemak ezartzen duen marko horretatik kanpo bizitzeak zer dakar?
Heteroarauetatik kanpo heterosexualitatea ez den beste hautu bat egitea ezarritako familia eredua ez den bestelako forma eta formulak bilatzea da, elkarbizitzarako sistemak auzitan jarri eta birpentsatzea. Hori guztia da lesbiana izatea.
-Badago oraindik zer aldarrikatu.
Apirilaren 26a guztion sexu askatasuna aldarrikatzeko eguna da. Lesbiana denak bere hautua askatasun osoz bizitzeko eskubidea duela aldarrikatzen dugu LABetik, eta areago, lesbiana izatearen hautuak duen balio eta garrantzi politikoa ikusgarri egiteko eguna ere bada sindikatuarentzat.
-Lantokietan ere jendartean ematen diren egoerak erreproduzitzen dira.
Indarkeria matxista presente dago lantokietan, egiturazkoa da lan munduan, eta gainera, lantokiak indarkerien kontrako politika eta estrategietatik kanpo geratzen dira askotan.
Gaur, bihar, etzi,… ozen salatu eta borrokatzen jarraituko dugu indarkeria matxista dela lesbianen kontrako indarkeria eta lantokietan aske izateko neurri zehatzak eta politika eraginkorrak behar direla.
Aldarrikapen zehatzak egiten ditu LABek.
Aldarrikapenak egin eta konpromisoak hartu. Lehena, lesbiana izateagatik ez dugula ez zigorrik ez diskriminaziorik onartuko. Indarkeria matxistaren kontrako protokoloetan, estrategietan, neurrietan espreski landu beharreko errealitatea da.
Bigarrenik, diskurtso eta politika publiko eraginkorrak eskatzen ditugu sexu askatasuna lantokietan bermatzeko. Neurri zehatzak behar dira, zigortuak diren enpresak edota protokolorik ez dutenak kontratu publikoetatik kanpo uztea etab. Auzia agenda politiko eta laboralean txertatu behar da, lesbiana izateagatik jazarpena eta diskriminazioa ematen dela bistaratu eta arrazoietara jo.
Azkenik, eta konpromisoei dagokienean, lantokietan aske izan eta aritzeko borroka lan munduan zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu. Gure ordezkari sindikalen agendetan dagokion tokia izan behar du, lesbiana dela esan nahi duen orori babesa bermatu, beretzat gorde nahi duenari errespetua adierazi eta diskurtso feministan guzti-guztientzat aitortza jaso. Lesbiana izatea sistema kapitalistari ezetz esateko modu bat da eta horrela defendatuko dugu.
EAJk Osasun Kontseilaritzaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren laguntzaz aurrera daraman pribatizazio estrategiaren baitan eman asmo duten hurrengo urratsa Osakidetzako biltegiak desegitea da
Sagarduik aurrekaririk gabeko erasoa egiten dio osasungintza publikoari. Hala, desegiteko planen garapenaren baitan begiz jotako hurrengo helburua ospitaleentzako horniduren kudeaketa izango litzateke. Hornidurok kudeatzeko zentro logistiko baten sorrerak mahai gainean jarri du sare osoko biltegien desegitea.
Zeregin horien desegiteak ehunka langile publikori eragingo lieke, eta langile guztien erantzun irmoa behar du. Kontseilaritzak osasun publikoa begiz jota duten enpresekin duen harremana ez da duina bere funtzioak egikaritzen diharduen kargu publikodun pertsona batentzat.
Sagarduik herritarrak engainatzen ditu publikoki Osakidetzan pribatizaziorik ez dagoela errepikatzera azaltzen den bakoitzean. LAB sindikatuak azken urtean zerbitzuen pribatizazioetarako bideratutako 180 milioi euro geldiarazi ditu guztira, pleguen idazketan egondako irregulartasunak tarteko. Honako zerbitzu hauei lotutako pleguak daude tartean: joskintzari, elektro-medikuntzari, mantentze-lanei, informatikari, eta abar. Horrez gain, urteak daramatzagu lehen arretarekiko erasoaren atzean dagoen pribatizazioranzko joera salatzen.
Iurretan egin nahi den logistika gunea Osakidetzaren aspaldiko asmoa da, zeinak EAJren osasungintza ereduak bazterrekotzat jotzen dituen profil profesional guztiak desegitea baitu helburu. Urteak daramatzate mantentze-lanen zerbitzuak, osasungintzako garraioa, sukaldeak, garbiketa, informatika eta bestelako zerbitzuak jazartzen. Horrez gain, osasungintzari hertsiki lotutako zerbitzuei ere eragiten die joera honek, larrialdizko gaueko etxez etxeko arretari eta diagnostiko erradiologikoko probei, kasurako, baita ospitale pribatuekin egiten diren bestelako deribazio eta itunak ere.
Erosketak bateratzeko aitzakiarekin biltegi zerbitzuei azken kolpea eman nahi diete, beste behin ere osasungintzaren pastelaren zati bat EAJri lotutako botere ekonomikoen eskutik doazen eta osasungintza publikoa mehatxatzen duten enpresa sateliteei salduta.
Osakidetzak beharrezko azalpen guztiak eman behar ditu, eta obskurantismoa eta inposaketa alboratu bere lan -moldeetan. Hala, herritarrei proiektua bere horretan azaldu behar die.
LAB beharrezko salaketa ekintzak proposatzen hasiko da, Osakidetzan zerbitzua ematen dutenen lanpostu publikoak defendatzen jarraitzeko eta kontseilaritzaren planak geldiarazteko. Kasu honetan, biltegietan lan egiten duten pertsonen gain dagoen pribatizazio mehatxuari jarriko zaio arreta berezia.
EAEn hezkuntza lege berri bat egiteko prozesua martxan jarri zenean, LABek prozesuan eta legean eragin eta hezkuntza eraldatzeko aukera hori baliatzeko apustua egin zuen, jakinda borroka eta presio biderik gabe ezinezkoa izango zela Euskal Eskola Publiko Komunitariorako bidea egitea. Hau da, presiorik gabe nekez lor daitekeela sare publiko bakar deszentralizatu eta burujabean antolaturiko hezkuntza sistemak behar dituen eraldaketa horiek aurrera ateratzea.
LABek hasieratik esan izan du Hezkuntza Lege batek, ezinbestez, eremu politikoan egin beharreko akordioez gain, eremu sindikal eta sozialarekin ere adostasunak eskatzen dituela. Horretarako, LABek eskatu izan duen Mahai Sindikala eratuko da datozen egunetan. Mahai sindikal horretan langileen lan baldintzak eta hezkuntza eraldatzeko beharrezkoak diren edukiak landu behar direla uste dugu.
Hezkuntza Sailarekin izaniko elkarrizketek eman dute beren fruitua. Hezkuntza legea garatzeko, langile guztiak, hau da, langile publikoak (haurreskoletakoak, heziketa berezikoak, sukalde eta garbiketakoak zein irakasleak), itundutako eremuan ari diren ikastoletako eta gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak zein azpikontrataturiko langileak aintzat hartuko dituen akordio laboralerako oinarriak jartzea lortu dugu.
LABek adostu dituen oinarri hauek gainerako sindikatuekin batera mahai sindikalean landu, sakondu eta zabaldu nahi ditugu, ondoren, dagokion negoziazio-mahai bakoitzean garapena izango dutelarik.
Zentzu horretan, mobilizazio eta grebak egiteaz gain, ekarpenak egin genizkion irailean publiko egin zen lege-aurreproiektu zirriborroari. Eta gaur publiko egin den behin-betiko hezkuntza lege aurreproiektua aztertuta, LABek egindako ekarpen batzuk jaso ditu testuak:
Funts publikoak jasoko dituzten ikastetxeei ezarri beharreko betekizunak zehaztu dira.
Doakotasuna bermatzeko, hau da, kuotak ez kobratzea kontrolatzeko, administrazio-unitatea sortzea.
Doktrinamendurik eza legez jaso da funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan.
Udal Hezkuntza Kontseiluek izan beharreko funtzioak gehitu dira, besteak beste, honako gaiei buruzko aholkuak emango dituzte: ikasleen banaketa orekatuari, planifikazioak dakarren eskola-maparen egokitzapenari, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste izaera batekoengatik ez bereizteari edota udal partzuergoak sortzeko aukerei buruzkoak.
Titularitate pribatuko ikastetxeen publifikazio prozesuak ikastetxeekin adostasunez egingo direla jaso du legeak.
Ikastetxeen parte-hartzeari dagokionez, irakasleez gain, gainerako langileen parte-hartzea.
Hizkuntza proiektuak lortzeko eta ikas-eredu orokortuan sakontzeko hezkuntzaren eskumena duen sailak eman beharreko baliabide gehigarriak jaso dira.
Badira, oraindik ere, garapen eta zehaztasun maila handiagoa eskatzen duten gaiak:
Euskalduntzearen atalean, hizkuntza ereduak gainditu eta euskararen ikas-eredu orokortu eta inklusiboa progresiboki ezartzeko planifikazioa.
Eskola publikoa erdigunean jartzeko neurriak, bereziki planifikazioari loturikoak.
Inklusioaren aldeko eta segregazioaren kontrako neurrien inplementazioa eta araubideen berrikusketa, hauek kohesio soziala izanik printzipio nagusitzat. Eskola-segregazioaren kontra egingo den akordioak, akordio soziala barnebiltzea.
Ereduari loturiko beste gai batzuetan, berriz, gabeziak ikusten ditugu. Batetik, Euskal Hezkuntza Zerbitzuari dagokionez, ez dugu partekatzen Euskal Hezkuntza Zerbitzuari publiko abizena jarri izana. Gure ustez, Euskal Hezkuntza Zerbitzua ezin da amaierako geltokia izan, sare publiko, bakar eta deszentralizatu baterako, konfluentziarako tarteko eskenatokia baizik. Ildo horretan, positiboki baloratzen dugu funts publikoak jasotzeko ikastetxeen betebeharrak definitu izana. Aldiz, betebehar horiek betetzen ez direnean, ituna galtzeko aukera esplizituki jaso behar dela uste dugu.
Bestetik, Lege-aurreproiektuaren zioetan ez da jasotzen ez Euskal Herriak bere hezkuntza-sistema burujabe eta propioa eratzeko duen eskubidea, ez Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin egiturazko harremana izateko prestutasunik, ez eta egiturazko neurritzat Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala aintzat hartzen duen Euskal Curriculuma eratzeko prozesurik ere.
Hezkuntza eraldatzeko lege on baten aukera parez pare irekia dago eta jarraituko dugu hori lortzeko eragiten. Hori guztia esanda, datozen egunotan hezkuntza lege-aurreproiektuaren balorazio sakonago bat plazaratuko du sindikatuak.
Hitzarmen honen indarraldia 2019tik bukatuta zegoen eta gaurkoan sektoreko langileei egonkortasuna eman, eros ahalmena bermatu eta lan baldintzak hobetuko dizkien hitzarmenaren iraunaldia luzatzea lortu dugu, eta ultraktibitate mugagabearekin, gainera.
Aurreakordioan jasotako edukiak:
Iraunaldia: 2020-2023, ultraktibitate mugagabearekin, hau da, hitzarmen berri bat adostu bitartean indarrean jarraituko du honek, denbora mugarik gabe.
Lanaldia: 1.731 ordu. 3 orduko murrizketa iraunaldi guztian.
Kategorien azterketarako batzordea: Hitzarmenean jasotzen diren kategoriak aztertzeko batzorde bat sortuko da. Honen garrantzia nabarmendu nahi dugu, hitzarmenean jasotzen diren kategoriak zaharkiturik daudelako eta langileen lan baldintzak prekarizatzeko tresna bezala erabiltzen direlako askotan.
Sexu jazarpenaren aurkako protokoloa adostu dugu.
Oporrak arautzen dituen artikulurako testu argiago bat adostu dugu, sortzen diren arazoak ekiditeko.
LABentzat oso garrantzitsua da aurreakordio hau lortu izana, sektoreko hitzarmena berriro ere indarrean izateak langileen egonkortasuna bermatzen duelako eta ez hori bakarrik, bizitzaren garestitzea inoiz baino altuagoa den momentuan, langileen eros ahalmena bermatu eta lan baldintzetan aurrera pausu nabarmenak ematen dituen aurre akordioa delako.
Hala ere, azpimarratu nahi dugu sektoreko langileekin lanean jarraituko dugula, aurre akordio honekin ez delako dena bukatzen eta hurrengo negoziaketan aurrera pauso berriak txertatu beharko direlako hitzarmenean.
Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oinarrizko aldarrikapenak aintzat hartzen ez badituzte greba eta mobilizazoak indartu beste biderik ez dute izango LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek.
Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako 9.000 langile inguru zeuden gaurko grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen diote hezkuntza.
Kolektibo desberdinetan jarripen zabala izan du grebak: administrazio eta zerbitzuetako langileen artean, Haur hezkuntzako lehen zikloko langileetan, Hezkuntza laguntzako espezialistetan eta etapa guztietako zein lanbide Heziketako irakasleetan, alegia. Lan zuzendaritzak greba egun honetarako gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituen arren, sindikatuek batu ahal izan dituzten datuen arabera, geldialdia %65 ingurukoa izan da, Bizkaian eragin nabarmenagoarekin. Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru batu dira, eta aldarrikapenekin euren atxekimendua agerian utzi dute.
LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek Lan Hitzarmenaren negoziaketak blokeatuta daudela salatu zuten orain hilabete, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako egiten.
Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuek.
Mobilizazioetara jo aurretik, negoziaketa mahaian ordezkaritza daukaten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei idatzi bat aurkeztu zioten. Bertan, negoziaketarako sindikatuen borondatea agertu eta edukiz betetako Lan Hitzarmen baten inguruko proposamena mahai gaineratzeko eskatu zieten.
Gaur gaurkoz ez dute patronalen aldetik inolako erantzunik edo berririk izan. Ezta proposamenik jaso ere.
Patronalen inmobilismo eta balizko proposamenik ezaren aurrean, gaurko deitutako grebarekin aurrera egin dute sindikatuek.
Gaurkoan grebak izan duen jarraipena eta manifestazioak izan duen babesa ikusita, sindikatuek sektoreko patronalei edukiak izango dituen proposamen bat helarazteko eskaera luzatzen diegu. Horrela izan ezean greba eta mobilizazioak indartu beste biderik ez dute izango.
Gipuzkoako Elikagaien Industria eta Merkataritzaren sektoreko hitzarmenaren negoziazioan hamabost bilera egin ondotik, patronalek negoziazio-mahaia blokeatu dute eta gainerako sindikatuak immobilismoan daude, sindikatuak salatu duenez. Hori dela-eta, LABek bi greba egun iragarri ditu, bata apirilaren 29an eta bestea maiatzaren 2an.
Gipuzkoako Elikadura Hitzarmenaren negoziazio mahaiak urtebete baino gehiago negoziatu ondoren, patronalaren jarrera blokeatzailea dela-eta, ezinezkoa da akordio duina lortzea mobilizazioaren bidez ez bada.
Elikagaien Merkataritza eta Industria azken urteotan asko hazi den sektorea da, eta horren adierazle dira kate handiek Gipuzkoan ireki dituzten denda berri guztiak. Horrekin nahikoa ez, eta Covid19-aren izurriteak salmentak denbora oso murritzean biderkatzea ekarri zion sektoreari. Alarma-egoera deklaratu zutenean, supermerkatuak benetako kaos batean murgildu ziren. Ezjakintasunak eta gizartean zabaldutako beldurrak korridoreak hustu eta kutxazainak kolapsatu zituzten. Langileek, aldiz, beldur eta ezjakintasun horrekin, dendak aurrera atera zituzten. Gizarte guztia etxean konfinatuta zegoenean, elikadurako langileak egunero joaten ziren lanera, gainerako funtsezko sektoreekin batera, NBErik (Norbera Babesteko Ekipamendua) gabe, kutsatzeko beldurrez, senideak kutsatzeko beldurrez, egun batetik bestera aldatzen ziren protokolo eta neurriekin. Salmentak, aldiz, etengabeko gorakadan. Bene-benetako antsietatea.
Hilabete eta urte gogor horien ondoren, komunikabideetako lerroburuetan halako X enpresak ehundaka milioi fakturatu duela, irabaziak ehuneko handitan hazi direla edo denda berrien irekiera aurreikuspenak aurki ditzakegu.
Bada, langileek beren eguneroko lanari esker lortutako irabazi horiek beren lan eta ekonomia-baldintzetan isla izatea nahi dute: “Eros-ahalmena urtero bermatzea, urteko lanaldia murriztea, plus berriak sortzea eta lanaldi partzialeko kontratuetan lanaldia luzatzeko bitartekoak jartzea nahi dugu. Gure txanda da!”.
LABek ez du amorerik emango bere aldarrikapenetan, eta mobilizazioaren aldeko hautua egin du: “LABen argi dugu ezin dugula geratu patronalek guk nahi duguna emateko zain. Exijitu egin behar dugu. Gure eskubideen alde borrokatu behar dugu”.
LAB sindikatuak behin baino gehiagotan proposatu die gainerako sindikatuei grebara modu bateratuan ateratzea, baina horiek immobilismoaren alde egin dute. LABentzat besoak gurutzatuta geratzea ez da aukera bat.
Horregatik, nahiz eta hirugarren indarra izan, erantzukizunez dei egiten die sektoreko langile guztiei datorren apirilaren 29an antolatutako grebara batzeko eta maiatzaren 2an antolatutako lan-uzteekin bat egiteko. Gainontzeko sindikatuei ere borrokara batzeko deia luzatu nahi izan die.
Nafarroako bi hitzordu nagusiak Iruñean eta Tuteran izango dira, eta Ipar Euskal Herrikoak, berriz, Baionan eta Maulen. Manifestazio horien helburua izango da langileek pairatzen duten egoera prekarioaren arduradunei seinalatzea, eta aldaketa erradikalean zentratzeko beharra adieraztea, bizitza- eta lan baldintza duinak eskuratzeko. Egiteko beste mundu bat lelopean aterako da kalera LAB.
Nafarroa
Bizi dugun krisia estrukturala da eta langileen bizitza oztopatu besterik ez du egiten. Bitartean, kapitalak aberastasuna pilatzen jarraitzen du.
Duela hilabete batzuk, Ipar Hegoak, LABeko ikasketa sindikalen fundazioak, Nafarroako langileen 2022ko lan eta bizi baldintzen azterketa argitaratu zuen: Nafarroako langileen erdiak prekarietate egoeran bizi dira, lan duinik gabe eta diru sarrera eskasekin.
Hala ere, eliteen eta enpresa handien interesak defendatzen dituztenek BPGren bilakaera soilik aztertzen dute herrialde baten egoera sozioekonomikoa eta osasun ekonomikoa neurtzeko. Ez da nahikoa, ez ditu lan guztiak kontuan hartzen, ez du aztertzen nola banatzen den sortzen den aberastasuna, eta ez du aztertzen aberastasun hori sortzea ekarri duen aztarna ekologikoa.
Errealitateak eta aurrean ditugun erronka handiek indartu egiten dute LAB sindikatuak sistema horri egiten dion kritika: krisia egiturazkoa da, herritar guztien lan eta bizi baldintzen kalitatea okertzen ari da, langileentzako bizitza zailtzen ari da, eta egoera zaurgarrian eta pobrezia egoeran dauden pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Aldi berean, langileak desjabetu egiten dira, eta handitu egiten dira energia enpresen, bankuen, zaintzarekin negozioa egiten dutenen edo elikagaiak banatzeko kate handien irabaziak.
Gobernuaren diskurtso autokonplazienteek eta hartzen ari diren erabaki politikoek ez dute beharrezko norabide-aldaketa errazten: ez dira nahikoak bizi dugun krisi ekosozialari erantzun egokia emateko, eta jasanezina den inpaktua eragiten duen ekoizpen eta kontsumo eredua bere horretan mantentzen da. Gehiago biltzeari uko egiteak eta biltzen denaren banaketa desegokiak zerbitzu publiko duinak garatzeko aukera mugatzen du, osasunean, etxebizitzan edo zaintzan.
Ondorioz, aldaketa erradikala behar da. LAB sindikatuaren ustez, ez dago eraldaketarik patronala eta erakundeak horretara behartu gabe, aktibazio sindikal eta sozialaren bitartez. Nafarroako langileek, LABeko ordezkariek, amore eman gabe, etsipenean erori gabe, hitzarmen duinen alde borrokatzeko eta irakaskuntza eta osasungintza publikoa (Osasunbidea) defendatzeko prestutasuna erakutsiz. Baita bere lanak sortzen duen aberastasunarengatik lehiatzeko erabakitasuna ere. Borroka sindikal eta sozialen emaitza emankorra izaten ari da.
Maiatzaren lehenean, LAB kalera aterako da egoera horren erantzuleak aipatzera, patronalari eta erakundeei dagokien erantzukizuna beren gain har dezaten eskatzera. Bada garaia hitzarmenak berritzeko, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, lanaldi-murrizketari buruzko eztabaidari ekiteko, zerbitzu publikoak hobetzeko eta zaintza-sistema publiko komunitario baten alde egiteko: ez dago aitzakiarik, baditugu eskumenak bestelako zerga-politika bat egiteko eta zerbitzu publiko duinak garatzeko.
Gainera, maiatzean hauteskunde politikoak izango dira eta alderdi politikoei jarrera argiak eskatzeko unea izango da: langileen aldeko aldarrikapenak agenda politikoaren erdigunera ekartzea.
Aurtengo Maiatzaren Lehenean, LABek berretsi egin du antolaketarako eta borrokarako deia, beste herrialde bat eraikitzeko, beste mundu bat dugulako egiteko. Horrela, LABen proiektuarekin bat egiten duen pertsona orori, langile guztiei kalera irteteko deia egiten die, sistemak langileen artean sortu nahi dituen arrakalak gaindituz, pertsona, pentsiodun, emakume, gazte, migratu eta arrazializatuok langile klase berekoak garela senti dezagun eta kaleak elkartasunez eta batera bete ditzagun.
Ipar Euskal Herria
Ipar Euskal Herriari dagokionez, Maulen (11:00etan Herriko Etxean) eta Baionan (10:30ean tren geltokian) hitzordu bana egongo da. Azken horri dagokionez, nabarmentzekoa da joan den urteetako formatua ez dela errepikatuko aurten. LABek indarrak batzearen aldeko apustua egiten badu ere, intersindikalarekiko harremanak gorabeheratsuak izaten ari dira.
Egoeraren aurrekarien berri eman dute Maiatzaren Lehena aurkezteko gaur egindako prentsaurrekoan. Hala, Ipar Euskal Herriko LABen ordezkariek gogora ekarri dute 2022ko sartzean, borroka ziklo berria antizipatuz, irailetik intersindikala gomitatu zutela antolatzeko, hitz egiteko eta ahal ziren aldarrikapenak adosteko. Bada, soilik FSU eta Solidaires hurbildu izan dira. “Eta lan polita eraman dugu, elkarrekin eztabaidatuz, gogoetatuz. Elkarlan horretatik afitxa amankomun bat atera dugu eta mahai-inguru bat antolatu dugu, Attaceko Jean Marie Harribey ekonomista gonbidatuz.
Gerora, jakina denez, urte hasieratik hona (Bornek erreforma berria aurkeztu zuenez geroztik) mobilizazio garai intentsua bizi izan da Ipar Euskal Herrian, eta hala izaten jarraitu du. Azken 30 urteotako mugimendu sozialik garrantzitsuenetakoa bizitzen ari gara, hain zuzen ere, bai frantses estatuan, baita Ipar Euskal Herrian ere.
Aldiz, maleruski, Ipar Euskal Herrian batasunerako garaia ez da oraindik iritsi, eta horixe salatu du LABek gaurko agerraldian.
Hainbatetan interpelatu ditugu intersindikaleko sinditakutak (CGT, FO, CFDT, CFE-CGC, Solidaires, FSU, CFTC eta Unas); izan ere, sindikatu gisa parte hartu nahi dugu antolakuntzan eta borrokaren dinamizazioan, besteek bezala. Aldiz, ez gaituzte onartzen, baztertzen gaituzte, gure sindikatuaren parte hartzeak ez duelako kontsentsua egiten omen. Alta, intersindikaleko aldarrikapen bakarrarekin bat egin dugu: erreformaren kentzea.
Nabarmendu behar da, baztertuak izan arren, LAB sindikatua, bere afiliatuak, biziki mobilizatuak direla. Gure blokea manifestazioetan oso jendetsua da, determinatua eta antolatua.
Bestalde, FSU eta Solidairesekin iniziatibak gauzatu ditugu: asanbladak, blikaketak, mobilizazioak…
23 urtez, LAB Ipar Euskal Herrian sortu zenetik, diskriminazio sindikala pairatzen dugu, eta horren harira azken hilabete hauetan manifen erdian eta hasieran jaso ditugun mehatxuak eta erasoak fermuki salatzen ditugu.
Frantziar estatuak inposatutako pentsioen erreformak egoera larrian utzi gaitu langileok, eta erantzun bateratua inoiz baino beharrezkoagoa da. Argi dago erreforma horrek helburu ideologikoei, kapitalistei erantzuten diela. Langile klasea gehiago lan eginarazi patronalaren eta bankuen onerako.
Ildo horretan, beste urteetan bezala, beste sindikatu eta elkarteei Maiatzaren Lehena elkarrekin antolatzeko deia luzatu dietu. Bada, intersindikalaren erantzuna izan dugu, tartean denbora luzea igaro bada ere: hitzordua “herrikoia eta bateratua” izanen da, baina LAB gabe.
Gure mezua argi da: elkarrekin izan behar gara karrikan. Hala, goizeko 10:30ean Baionako geltokitik abiatuko den manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu, nahiz eta baztertuak garen, batasunean sinisten dugulako.
Gibelean egonen gira, baina intersindikalak erabakitzen duen ibilaldiaren arabera, gure blokea desbideratuko dugu Baionako merkatuan bukatzeko. Han egingo dugu gure ekitaldi propioa.
Nat eta Watson bikotearen kontzertuak goxatuko du giroa, eta taloak eta ostatua ere egongo dira. Horrez gain, haurrentzako txokoa ere egongo da, mural bat egiteko aukera izango dutelarik.
2023ko Maiatzaren Lehena borroka egun potoloa izan behar da, eta harraboslaria. Hala, bateratzearen alde diren langile guztiak gonbidatzen ditugu gure blokean parte hartu eta manifestazioaren ondotik plazara hurbiltzera.
Gazteen egoera prekarioa egiturazkoa da, eta kapitalaren metaketa prozesuari erantzuten dio. Prekarizazio prozesua ezin da ulertu gizarteko beste prozesu batzuetatik aparte, herri langilearen eskubideen murrizketa progresiboari eta krisi sistemikoari lotuta baizik. LABek urteak daramatza egoera horren aurrean gazteen interesak eta klase interesak borrokatzeko beharra mahaigaineratzen. Behar horrek eraman gintuen Ernai gazte antolakundearekin dutenn harremana sendotzera, eta urrats bat gehiago eman nahi izan dugu orain: bi antolakundeen arteko aliantza indartu, eta Gazteon Lan Eskubideen Gida berritu dugu.
“Gazte langileei euren eskubideen jabe egiteko baliabide bat eskaintzen diegu, batetik. Horretarako, eskubideen jakitun izatea da lehen urratsa, eta gidak lehenik eskubide horien kontzientzia hartzen lagunduko die. Bestetik, behin eskubideen kontzientzia hartuta, eskubide horiek borrokatzeko gakoak ere eskaintzen ditu, eskubide horiek zabaldu ahal izateko tresnak. Eta, azkenik, eskubide murriztailea den markoa gainditu, lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propioaren defentsan indarrak batu eta borrokarako deia ere egiten du”; hala azaldu ditu LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduraduna den Oihana Lopetegik eguneratu berri den gidaren nondik norakoak.
Pello Zabarte egon da aurkezpenean Ernai ordezkatzen, eta ekimenaren garrantzia nabarmendu du: “Gazteok belaunaldi krisia bizi dugu. Hau da, gure bizi baldintzak okerrera egin eta bizi eredu kapitalista eta patriarkala inposatzen zaigu, bizi proiektu duin eta egonkorrak garatzeko ezintasuna eraginez”. Hori dela eta, bizi duten zapalkuntza egoera partikularra deskribatu du: “Ikasketak luzatzera behartuta gaude, lana eta ikasketak uztartzea, zabor kontratuak gazteak izate hutsagatik, kontraturik gabe lan egiten, langabezia altuenetakoa dugun sektoreetako bat, lanpostuaren ziurgabetasunak eraginda antolatzeko beldurra…”. Horregatik guztiagatik uste du tresna eraginkorrak behar dituela langile gazteriak.
Honako hauek dira gidaren berritasun nagusiak:
2021eko lan erreformak langileei esleitzen zizkien ustezko onura horiek ez dira onurak, eta lan erreforma horren benetako helburua eta filosofia azaleratu ditugu. Kontratazioan jazo diren aldaketak jaso ditugu, praktiketan eta kontratu ezegonkorretan jarriz arreta nagusia. Behin-behinekotasunarekin amaitzeko erreforma gisa saldu ziguten hark estatistikak nolabait aldatzeko helburu soila zuela salatu dugu, behin-behineko kontratu asko beste modu bateko ezegonkortasunarekin ordeztu baitituzte, estatistikak zertxobait aldatu bai baina gazte eta langileen egunerokotasuna berdin mantenduaz, prekario eta ezegonkor.
Bestetik, lan kontratu bat irakurtzeko gakoak ere jaso ditugu lehen aldiz, gazte batek bere lehen kontratua esku artean duenean arreta non jarri eta nola jokatu erakusten duena. Kontratuak, kasu askotan, iruzurrean egon ohi dira, ahoz esandakoarekiko gauza desberdinak jasotzen dituzte maiz eta gazteek tresna hori izatea eta momentu horietan nola jokatu eta arreta non jarri azalduko dien gida bat izatea gazte langileak ahalduntzeko tresna bat da.
Gidak beste hainbat atal ere jasotzen ditu: langileen eskubideen eta betebeharrak zeintzuk diren, non topatu bakoitzaren hitzarmen kolektiboa, kontraturik gabe lan egiten duten langileen eskubideak, lan kontratuaren amaiera edo kaleratzeetan eskubideak eta abar.
Bizilan.eus webgunearen erreferentziak ditu gidak. Edozein langilek bisitatu eta kontsulta dezakeen web orria da Bizilan, eta gida osoan zehar gai desberdinetan sakontzeko webgunera horretarako lotura zuzenak jaso dituzte.
Gida Ernairen nahiz LABen webguneetan eta bizilan.eus-en irakurri eta eskuratu ahal izango da. Hurrengo urratsa aurkezpenak egitea izango da, gida ahalik eta gehien zabaltzeko gazteen artean. Ernairen eta LABen artean aurkezpenak egingo ditugu fakultateetan, ikastetxeetan, gaztetxeetan zein bestelako eremuetan.