2025-12-30
Blog Page 236

Salatu dugu Elgorriagako bainuetxeak sindikatuaren hauteskunde zerrendako lehen hautagaia kaleratu duela, askatasun sindikala urratzeko asmoz

LAB sindikatuak gogor salatu du Elgorriagako bainuetxeko hauteskunde zerrenda aurkeztu eta bi egunera hautagaitzan lehenbiziko zihoan langilea kaleratu duela enpresak, bai eta zerrendako gainontzeko langileak mehatxatu ere. LABek enpresari exijitzen dio berriz har dezala langilea, berehala, eta langile ororen antolatzeko eskubidea errespetatzearen aldeko defentsan tinko jarraituko duela berresten du.

Pasa den apirilaren 24an Elgorriagako bainuetxean hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua sartu zuen LAB sindikatuak. Horretaz gain, hauteskunde sindikaletan aurkeztuko zuen zerrendaren berri eman zion enpresako zuzendaritzari, hautagaitza orria aurkeztuz. Bada, aurreabisua sartu eta hautagaitza orria aurkeztu den momentutik enpresaren jarrera hagitz erasokorra izan da, eta erabaki larriak hartu ditu.

Izan ere, hautagaitza aurkeztu eta bi egunera, zerrendan zihoan lehenengo hautagaia lanetik kaleratu du enpresak. Horretaz gain, Elgorriagako bainuetxeko zuzendaritza zerrendan aurkezturiko langileak deituz joan da, sindikatuarekiko mesfidantza hedatu eta langileak mehatxatzeko asmoz. Horrek guztiak helburu argi bat du: enpresaren begiko ez den edozein hautagaitza oztopatzea, langile ororen askatasun sindikala urratuz.

Honengatik guztiagatik, LAB sindikatuak gogor salatu nahi du Elgorriagako bainuetxearen jarrera. Tamalez, ez da jarrera berria eta garbi frogatzen du bertan ekintza sindikala oso beharrezkoa dela. LABek ez du inolako kaleratze, mehatxu eta jokabide maltzurrik onartuko, eta Elgorriagako bainuetxeari exijitzen dio kaleratutako langilea berehala berriz har dezala eta hauteskunde prozesua normaltasunez eraman dezala.

Iraingarria da Osakidetzak bere langileak hain gaizki tratatzea

Osakidetzako zuzendaritzak 2020-2021-2022 eta egonkortze LEParen azterketen datak argitaratu ditu. Daten aukeratze hau aurreikuspen eta langileekiko errespetu faltaren ondorio da, egungo zuzendaritzak egiten dituen prozesu guztietan erakusten duena. Azterketa ugari uztailean zehar egingo dira. Horrela, milaka pertsonak bi hilabete baino ez dituzte izango hauta probak prestatzeko.

Osakidetzako zuzendaritzari ez zaio nahikoa baldarkeria iruditzen LEP bat deitzea aurrekoaren emaitzak izan gabe. Sagarduik behin-behineko emaitzak argitaratzeko aukera nahikotzat jotzea beste irain bat da langileontzat. Ziurtasunak behar dira erabaki garrantzitsuak hartzeko, hala nola LEP batera aurkeztea edo ez aurkeztea. Behin-behineko zerrendei errekurtsoa jar dakieke eta ez dute ezer konpontzen.

Langileei eta hiritarrei ezartzen zaien eta mespretxu iraunkorreko egoera larriagotzen duen iragarpen propagandistiko baten aurrean gaude berriro ere.

Oporrak apirila amaitu aurretik planifikatzeko exijitu die Osakidetzak langileei. Orain, langileei oporrak planifikatzera behartu ondoren, milaka pertsonaren oporrak (aurretik hartutako hegaldiak eta erreserbak) arriskuan jartzen ari da. Lantokietako zuzendaritzek egunero jasanarazten diguten amesgaiztoa ahazteko eta lana eta gure bizitza pertsonala uztartzeko ditugun aukera guztiak bertan behera uzten dituzte horrelako LEP bat antolatzen dutenean.

Aurreko LEPa filtrazioena izan bazen, oraingoan egon daitezkeenak baztertu gabe, kaosaren LEPa bezala nabarmentzen ari da hau.

Onartezina da Osakidetzan enplegua lortu nahi duten langileen eta gizartearen bizkarretan deskargatzea zuzendaritzaren ezgaitasun eta mespretxu guztia. Maiatzean deitutako grebak gero eta justifikatuagoak daude, eta agerian uzten du Osakidetzan lan egiten dugun pertsonon alternatiba eza, lan harremanei dagokienean, ahal duen guztietan gure aurka egiten duen zuzendaritza baten aurrean.

Arabako etxez etxeko laguntzako zerbitzuaren hitzarmenak prekarizazioan sakontzea baino ez dakar

Gaur ALHAOn argitaratu da Arabako etxez etxeko laguntzako zerbitzuaren eraginkortasun mugatuko hitzarmena, joan den martxoan CCOOk eta AESAD patronalak sinatua. LABek arduragabekeria leporatu die sinatzaileei.

Oso larria da eraginkortasun mugatuko akordio bat sinatzea; izan ere, CCOOk hitzarmenaren indarraldiaren KPIa ziurtatzen ez duen akordioa itxi du patronalarekin. Benetan larria da sindikatu horrek akordio hori bermatzea, baldin eta akordio horren soldata-igoerak ez badu bermatzen sektoreko langileen erosteko ahalmena. Sinadura Arabako etxez etxeko laguntzako zerbitzuko langileen aurkako erasoa da, eta Comisiones Obreras jotzen dugu sektoreko langileen pobretzearen eta prekarizazioaren erantzuletzat.

Hitzarmen honek, erosteko ahalmena ez bermatzeaz gain, ez du jasotzen urteko gehieneko lanaldi murrizketarik hitzarmenaren indarraldiko 5 urteetan, ezta sektoreko langileen lan-baldintzak eta, beraz, bizi-baldintzak hobetuko dituen beste funtsezko gizarte-alderdirik ere.

Azkenik, LABek etxez etxeko laguntzako zerbitzuko langileak langile publikoak direla defendatzen jarraituko du. Horregatik, sektoreko langile guztiei dei egin diegu aktiboki jarrai dezaten sindikatuak zaintza lanen pribatizazioaren aurka eta gizarte-zerbitzu eta zaintza-lan guztien publikotasunaren defentsan hasitako bidean.

Salatu dugu Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak fundazio pribatu baten esku utzi duela osasun ikerketa publikoaren kudeaketa

Sindikatuari bidalitako salaketa anonimo batek azken akordioen berri eman zion LABi. Akordio horren helburua litzateke, Osasun Departamentuaren mendeko Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko (HUN) gerentziak abalatuta, entsegu klinikoak Navarrabiomed – Fundación Miguel Servet ikerketa-tresna publikoak kudeatzeari utz diezaion, eta IdiSNAren esku geratu dadin; IdiSNAk Opus Deiren parte-hartze pribatua du. Salatu dugu erabaki politiko horrek arriskuan jartzen dituela Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa eta ikerketa publikoaren sustapena Nafarroako sektore biomedikoan.

Beraz, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu atzera egin dezala pribatizazio asmoetan, eta konpromisoa har dezala soilik publikoa den ikerketa eta eredu institutu batekin.

LABek gaiari buruz osatu duen txostena hemen irakur daiteke:

Egun, Nafarroan gizakiengan egiten diren sendagaien entsegu klinikoak eta ikerketa proiektuak erakunde publiko baten bidez egiten dira: Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioa. LAB sindikatuaren iritziz, ezin da bestela izan. Entsegu eta ikerketa proiektu horien helburu bakarra pazienteen osasuna da, herritar guztion onura, pertsona batzuen itxaropen bakarra tratamendu esperimentaletan eta osasungintza publikoaren ezagutzak eta gaitasunak hobetzean datzalako.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, ordea, eredu publiko hori hautsi nahi du. Bere helburua da entsegu klinikoak, sendagaien probak eta ikerketa proiektuetarako laguntzak ez bideratzea erakunde publikoen bitartez, baizik eta fundazio pribatu baten bidez, IdiSNAren bidez, non Opus Deiren Klinika Unibertsitarioa sartzen den.

LAB sindikatuak, Klinika Unibertsitarioaren ustezko interes filantropikoak baloratzen hasi gabe, uste du inork ezin duela zalantzan jarri erakunde horrek eredua baldintzatzen duten interes ekonomikoak dituela, eta onartezina dela salatzen ari garen gai delikatu honetan sartzea.

Carlos III.a Osasun Institutuak, estatu mailako osasun ikerketako institutuak egiaztatzen dituenak, LAB sindikatuak bezala pentsatzen du. Izan ere, Nafarroaren akreditazioa etenda dago egun, berregiaztatu gabe, hain zuzen ere arlo publikotik kanpoko erakundeen integrazioagatik.

Nafarroako Gobernuak badaki Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioa erabat gai dela ikerketa institutu publiko gisa akreditatzeko. Hala, salatu dugu du IdiSNAren errehabilitazioa Carlos III.a Osasun Institutuaren begien aurrean bilatzeko lege aldetik zalantzazkoa den plan bat dagoela.

Ildo horretan, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen atarian, alderdi politikoei konpromiso irmoa eskatzen diegu Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioak ikerketa publikoan bere lana egiten jarrai dezan. Ondorioz, fundazio publikoak har dezala bere gain IdiSNAren kudeaketa esklusiboa, ikerketa institutu erabat publikoa izan dadin.

Gainera, sindikatu honek badaki langileei presioa egin zaiela (gure zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira jazarpentzat jo ote daitezkeen) Miguel Servet Fundazioko langile publikoek IdiSNAren izenean lan egin eta fakturatzeko. Ikerketa osoa arlo publikotik egiten bada, ezin da beste modu batera egiten dela itxuratu, fundazio pribatu baten bidez. Jarduteko beste modu bat ez da zuzena, ez ikuspegi etikotik, ez lan-ikuspegitik.

LAB sindikatuak badaki presa dutela, lanen lekualdaketa hori 2023ko ekaina baino lehen egitea nahi dutela. Baina maniobra hau guztiz onartezina da. LABek bere esku duen guztia eginen du osasun publikoa pribatizatzeko estrategian urrats berri hori gelditzeko eta, gizakiengan egiten diren sendagaien entseguak bezain delikatua den horrek guztion osasuna hobetzea ez den beste edozein helburu izan ez dezan bermatzeko.

Osasun Departamentuak bere asmoak burutuz gero, Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioa oso kaltetuta geldituko da, eta zalantzan jarriko du bere bideragarritasuna eta, beraz, Nafarroako sektore biomedikoko ikerketa publikoarena.

Aniztasun funtzionalaren sektoreko hainbat enpresatako beharginek bi greba-egun deitu dituzte, hitzarmenen blokeoa dela-eta

Gaude (LAB), Madres Mercedarias (LAB-ESK), ASPACE (ELA) eta Gorabideko (LAB-ELA-ESK) enpresa batzordeek greba deitu dute eta elkarrekin kalera aterako dira maiatzaren 8an eta 9an, beren enpresa hitzarmenak eguneratzeko negoziazioen desblokeoa eskatzeko asmoz. Gutxienez KPIa eta metatutako atzerapenak aitortu diezaieten exigitzen dute.

Denek eskaintzen diete zerbitzu publikoa aniztasun funtzionala duten pertsonei. Zerbitzu horiek Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legean jasota daude, eta Bizkaiko Foru Aldundia da horien arduraduna. Gaur egun, zerbitzua erakunde pribatuek kudeatzen dute, Bizkaiko Aldundiarekin egindako hitzarmenak eta dirulaguntzak tarteko.

“Pandemian funtsezko langiletzat hartu gintuzten, baina gaur egun Gaude, Gorabide, ASPACE eta Madres Mercedarias erakundeek, Bizkaiko Aldundiarekin batera, gure enpresa-hitzarmenen negoziazioa blokeatu dute eta gure lanpostuak mehatxatu ere egiten dituzte, Madre Mercedariasen kasuan bezala”, azaldu dute.

Tantaz tanta, Gaude, Gorabide, ASPACE eta Madres Mercedarias enpresetako langileek marea bat sortu nahi dute, egoeraren arduradunei honako hau adierazteko:

– Bizkaiko Foru Aldundia eta haren arduradun gorena, Unai Rementeria, gure lan-baldintzen okertzearen erantzule egiten ditugu, eta zuzenean Elixabete Etxanobe ordezkoa eta Sergio Murillo, Gizarte Ekintza Saileko arduradun goren gisa, interpelatzen ditugu.

– Gaude, Gorabide, ASPACE eta Madres Mercedarias enpresei erantzukizuna beren gain hartzeko eta gure enpresa-hitzarmenak desblokeatzeko eskatzen diegu.

Egoera honen aurrean, marea osatzen dutenek beren borrokak batu dituzte eta maiatzaren 8an eta 9an greba deitu dute elkarrekin, eta batuta aterako dira kalera. Hona hemen baterako mobilizazioak:

  • Maiatzaren 8an.
    Bilboko hainbat lekutatiklau bloketan aterako dira, 12:00etan Moyua plazan elkartu eta Bizkaiko Foru Aldundira elkarrekin joateko manifestazioa egiteko.

    Lau blokeak honako hauek dira:
    – GORABIDE 10:00etan EITBren egoitzatik
    – GAUDE 11:00etan Bilboko udaletxetik
    – ASPACE 10:30ean Aspacetik (Julio Urquijo, 17)
    – MESEDEETAKO AMAK 11:00etan EDE Fundaziotik (Simon Bolivar, 8)
  • Maiatzaren 9an
    Elkarretaratzea 10: 00etan Itsas Museoaren aurrean, protesta FEVASera eramateko. Gainera, borroka bateratuko bi egun horiez gain, batzordeen mobilizazio propioak egingo dituzte: – GORABIDEk grebak egingo ditu maiatzaren 6tik 14ra
    – GAUDEk hilaren 22tik aurrera greba mugagabea deitu du.
    – MADRES MERCEDARIASek greba berriak planteatuko ditu itxieraren mehatxuak bere horretan jarraituz gero
    – ASPACEk egungo blokeoaren aurrean greba-egun gehiago egitea ere baloratu du.

    Amaitzeko, mobilizazioak babesteko deia egin nahi izan diote jendarteari, eta argi utzi nahi izan dute borrokan eta mobilizatzen jarraituko dutela hitzarmenak desblokeatu arte.

Inviza ospitaleko langileek lan uzteak eta greba egunak deitu dituzte hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko

Asunción ospitalea izenez ezaguna den zentroko zuzendaritzari eskatu diote jarreraz aldatu eta langileen erosahalmena bermatu eta lan orduak murriztuko dituen hitzarmena negoziatzea

Tolosako Invizako (Asunción ospitala bezala ezaguna dena) hitzarmenak ez aurrera ez atzera jarraitzen du. 2022ko Martxoan eratu zen negoziazio mahaia, denbora aurrera doa eta zuzendaritzak ez ditu murrizketak besterik proposatzen. Horregatik, langileek, lan uzteak eta greba egunak egitea erabaki dute.

Gogoratu dezagun Tolosako Invizako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dutela, beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena. Urteak daramatzate lan baldintza duinak borrokatzen, eta hitzarmenaren kasuan, lan jardunari begira, administrazioko azpikontrata askotan astean 35 ordu lan egiten dutenez, hori da erreferentzia hitzarmen berri honetarako. Soldata igoerari dagokionez, KPIaren erreferentzia duten igoerak eskatzen dituzte, onargaitza baita negoziazio honen ondoren langileak lehen baino pobreago izatea.

Gaur bihar eta etzi egunean bina orduko lanuzteak egingo dituzte. Maiatzaren 8an, 9an, 17an, 18an, 19an, 22an, 23an, 29an, 30ean eta 31n, berriz, egun osoko grebak. Hala, lanuzte eta greba egun bakoitzean elkarretaratzeak egingo dituzte klinikan, 12:00etan.

Atzo arratsaldean kotxe karabana egin zuten herrian eta inguruan beren egoeraren berri emateko, eta hilaren 9an, 17an, 23an eta 31n ere hala egingo dute.

ADEGIk Gipuzkoako metalgintzako negoziazioa hasteko lehen urratsa eman du

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia bildu da gaur 7. aldiz, eta patronalak, behingoz, negoziaziorako proposamen oso bat ekarri du. Urratsa positibotzat jo dugu, egindako presioaren emaitza baita, baina oraindik ere borrokan jarraitu behar da sektoreko langileen beharrak asetuko dituen hitzarmena lortzeko.

Jarraian ageri dira ADEGIk gaurko mahaira eramandako proposamenak jasotzen dituen puntuak:

  • Iraupena: 2023-2026
  • Soldata igoera:
    • Tauletan
      • 2023: %5
      • 2024: Aurreko urteko KPI + %0’7.
      • 2025: Aurreko urteko KPI.
      • 2026: Aurreko urteko KPI.
    • Errealetan
      • Tauletan ezarritako igoeraren %85.
  • Bajen osagarriak: Lan istripu eta gaixotasun profesionaletan soldataren %100 (In Itinere kasuak izan ezik).
  • Jardunaldi murrizketa: 2 orduko jaitsiera 2025ean, hau da, 1.695 orduko lanaldia.
  • Euskararen sustapena: 50 langiletik gorako enpresetan, alde batek hala nahi ezkero, beharrezkoa izango da euskararen sustapena lantzea.
  • Subrogazioa: Azpikontratatutako langile guztiek subrogazioa bermatuta.
  • Lizentziak: Guraso bakarrek 24 orduko mediku baimena eta lizentzien lehen eguna zehazteko proposamena.
  • Jazarpen protokoloa
  • Moldaketa legalak: Aldi baterako kontratuen iraupena 12 hilabetera luzatu.

Neurri batean, LAB sindikatuak egindako presioari esker lortu dugu ADEGIk proposamen bat mahai gainean jartzea, eta urratsa positiboa da. Hala ere, onartezina da ADEGIk mahaira ekarritako lehenengo proposamena behin betikotzat jotzea. Bidea hasi besterik egin ez dela eta bide luzea egiteko aukera dagoela pentsatzen dugu, eta sektoreko langileon beharrak betetzen dituen hitzarmen baten alde borrokan jarraitu behar dugu. Hori dela eta, beste sindikatuei borrokarako deia luzatzen diegu.

Negoziazio mahaiaren hurrengo bilera maiatzaren 11n izango da.

Laminaciones Arreguin lan hitzarmen berria #LortuDugu

14 urtez lan hitzarmenik gabe egon ondoren eta azkena sinatu zenetik 17 urte eta hainbat negoziazio saiakera igarota, enpresak eta batzordeak Laminaciones Arreguiko Arabako lantegietan lan hitzarmen berri bat izateko akordioa lortu dute.

Langileen batzarrak enpresak egindako azken proposamena onartzea erabaki zuen. Akordioaren edukiak hauek dira:

  • 5 urteko indarraldia (2022 – 2026).
  • Hitzarmena blindatzea (inaplikazioa eta ultraaktibitatea).
  • Guztira %12,5eko igoera finkoak, 2 urtean behin metatutako KPIaren berrikuspenarekin, %90a bermatuz.
  • Ekoizpen primen gehikuntza.
  • Lanaldiaren murrizketa.
  • Ordaindutako baimenen egokitzapena eta hobekuntza.
  • Jasotzeke dauden gaietan Arabako Metalaren Hitzarmenari erreferentzia.
  • Eskala bikoitza osatzen zuten kategoriak ezabatzea.
  • Mugikortasun funtzionala arautzea.

LABek azpimarratu nahi du hitzarmena ez dela gustatuko litzaiokeena; izan ere, soldatak eguneratzea ez dago KPIren %100arekin lotuta, eta itundutako mugikortasuna gehiegizkoa iruditzen zaio sindikatuari. Baina enpresan hamarkada bat baino gehiagoz bizi izan den errealitatea kontuan hartu behar dugu. Azken hitzarmena sinatu zutenean 400 langile baino gehiago geunden lanean eta orain 100 pertsonara ez garela iristen gogoratu behar dugu. Horrez gain, azken 14 urteetan kaleratzeak egiteko 3 Enplegu Erregulazio Espediente, banakako kaleratze prozesu bat eta 6 Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente, azkena gaur egun indarrean eta prozesu judizialean dagoena, izan dituztela nabarmendu behar da. Gainera, Celsa taldea konkurtso-prozesuan dagoela gehitu behar dugu, eta horrek negoziazioa ongi burutzeko aukerak zailtzen zituen.

Horregatik, lortutako akordioaren balioa nabarmendu nahi dugu, 14 urteren ondoren, Laminaciones Arreguin lan egiten duten pertsonek soldatak izoztuta izateari utziko baitiote, besteak beste. Era berean, LAB sindikatuak izandako papera nabarmentzekoa da, azken hauteskunde sindikaletan emandako gehiengoa kudeatzen jakin baitu, plantillaren alde, negoziazioen pisua eramanez eta, bai atal sindikalaren aldetik, bai aholkularitzaren aldetik, bai sindikatuaren egituratik bertatik, ahalik eta ondoen erantzunez 14 urteren ondoren izandako egoera larriaren aurrean.

Langileekiko erantzukizunagatik, batzarrarekiko errespetuagatik eta Laminaciones Arreguiren egoeragatik (14 urteko soldata izoztea, Covid-19aren krisia, altzairuaren krisia energia-kostuengatik, Ukrainako gerra, Celsa Taldearen konkurtso-prozesua, etab.), hitzarmena babestu egin behar genuen, Laminaciones Arregui Arabako enpresa handienetako bat izatera itzul dadin.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu langile guztiei, eta bereziki LABeko afiliazioari, prozesu osoan zehar erakutsitako borrokagatik eta konpromisoagatik.

Antolakuntza eta borrokaren aldeko mezua eraman dugu Euskal Herri osoko kaleetara

Maiatzaren Lehena da gaur, eta esparru guztiak lehiatzearen aldeko mezuak ardaztu ditu gaur egin ditugun mobilizazioak; lantokietan, kalean zein erakundeetan borrokatzearen aldeko deia egin dugu. 10.000 lagunek baino gehiagok egin dute bat LAB sindikatuaren deialdiekin.

Baiona, Bilbo, Donostia, Eibar, Gasteiz, Iruñea, Maule eta Tuteran. Milaka langile bildu gara Euskal Herri osoan, ipar zein hego, egindako mobilizazioetan, antolakuntza eta borrokaren aldeko aldarrikapenarekin bat eginez.

“Egiteko beste mundu bat! Repartir para transformar” leloarekin egin ditugu manifestazioak. Eta piztuta dauden sektore eta enpresetako borrokek euren tartea izan dute bertan, eta ugariak izan dira sektore feminizatuetakoei egindakoak keinuak ere, Greba Orokor Feministan parte hartzeko deiarekin batera. Etxebizitza eskubidea eta langile migranteen aldarrikapenak ere oso presente izan dira.

Bilbon egin du bere hitzartzea Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak, sindikatuaren aldarrikapenak agenda politikoaren erdigunean jartzeko deia eginez, hala nola, astean 30 orduko lanaldia eta 1.400 euroko gutxieneko soldata; zaintza-, osasun-, hezkuntza- eta etxebizitza-sistema publikoak; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta erreforma fiskala, kapitalak zergak behingoz ordaintzea. Ipar Euskal Herriaren kasuan, pairatzen dugun bazterketa sindikalaren aurrean gure proiektuaren zilegitasuna eta sendotasuna aldarrikatu ditugu, bertan egon delarik Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra, Ipar Euskal Herrian duela 20 urte baino gehiago hasitako bidea babesteko.

Aldarrikapenaz gain, ospakizunak ere izan du gaurkoan tartea, mobilizazioen ondoren Bilbon, Iruñean edo Baionan antolatu ditugun espazio informaletan. Hauetan, LABen komunitatea indartzeko aukera izan du sindikatuko kidegoak, jan-edanaz eta musikaz gozatu ahal izan duelarik.