2026-01-14
Blog Page 235

GUFEko lan-baldintzak duintzeko negoziazioetan blokeoa salatu dugu

Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) ehunka langile publiko mobilizatu ginen apirilaren 25ean, akordioaren/hitzarmenaren negoziazioen blokeoa amaitzeko eskatzeko. Gaur, maiatzak 9, Langile Batzordearen eta Enpresa Komitearen ordezkari sindikalok berriro salatu dugu Aldundiko arduradun politikoak inposatzen ari diren blokeoa.

Elixabete Etxanobe EAJren Ahaldun Nagusirako egungo hautagaia da Aldundiko Lan Harremanen arduraduna, eta inposaketa, negoziazioen blokeoa eta langileon ordezkariei gutxietsi izana etengabekoa izan da agintaldi honetan.

Funtzio Publikoa deitu dugu negoziazioei berriro ekiteko, baina sindikatuen ordezkaritza bakarrik eseri da negoziazio-mahaian. Hori al da EAJk eta PSEk BFAko eta GUFEko langile guztientzat duten negoziatzeko borondatea?

Horregatik guztiagatik, BFAko eta GUFEko Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak maiatzaren 23an eguerdiko 12:00etan egingo den mobilizaziora deitu dituzte langileak.

LAB sindikatuak eskatzen du blokeoa amaitu dadila, Aldundiak benetako negoziazioa has dezala aldez aurreko inposaketarik gabe, eta zerbitzu publikoen kalitatean eta langileen eskubideetan aurrera egin dadila.

Kezkatuta gaude Celsa Taldearen berregituraketaren judizializazioarengatik

Celsa Taldeko Nervacero eta Laminaciones Arregui enpresetan ordezkaritza dugun LAB, LEKU, ELA eta ESK-ko atal sindikalek gure kezka adierazi nahi dugu Celsa Taldearen berregituraketaren judizializazioarengatik. Egoera honen aurrean, bilera egin dugu Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailarekin.

Taldearen zorraren negoziazioa hasi zenetik eta, ondoren, funtsek judizializatu zutenetik, albiste asko sortu dira, eta badirudi kontuak ez duela amaiera edo konponbide hurbilik. Egoera horrekin, kaltetu nagusiak langileak dira, ziurgabetasunaren aurrean, Nervacero eta Laminaciones Arreguik arlo industrialean etorkizunik ez izateko arriskua baitute.

Komunikabideen bidez iristen zaigu informazio langileei, eta Celsa Taldeak eta inbertsio-funtsek ez diete hauei berregituraketa planik aurkeztu, ez hauen inguruan informatu.

Badakigu zertara dedikatzen diren putre funtsak eta zein interes dituzten. Horregatik, irtenbide bideragarri bakarra da Celsa Taldea talde industrial baten esku geratzea da, jarduerari eta enpleguari eutsiko diena eta Celsako lantegientzat etorkizuna bermatuko duena, batez ere Nervacero eta Laminaciones Arreguirentzat.

Kezka horrekin, goian aipatutako sindikatuok bilera bat egin dugu Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin, helburu hauekin:

  • Eusko Jaurlaritzak hartzekodunekin eta Celsa Taldearekin izan ahal izan dituen harremanak ezagutzea.
  • Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza eskatzea putre funtsek Nervacero eta Laminaciones Arreguirako dituzten planak zeintzuk diren argitzeko.
  • Prozesu honetan guztian Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzea eta Nervacero eta Laminaciones Arreguiren jardueraren, enpleguaren, etorkizunaren eta potentzialaren aldeko apustu eta defentsa argia egitea.
  • Eusko Jaurlaritzak prozesuaren jarraipen estua egitea.


Atal sindikal hauen lehentasuna, jarduera eta enplegua mantentzea dira eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzari egindako interpelazio honen bidez, hobeto prestatuta egon nahi dugu historia honen amaierarako, berau edozein izanda ere. Erakundeek gure lanpostuen defentsaren bermatzaile izan behar dute, ezin dira ehunka lanpostu zuzen eta zeharkako beste hainbesteren suntsiketarekin amai daitekeen egoera baten ikusle huts gisa mantendu. Jarrera proaktiboa izan behar dute prozesu honetan guztian.

Michelin Lasarteko enpresa batzordeak greba egunak deitu ditu ekainean eta uztailean

Lasarteko Michelingo Enpresa Batzordeak jakinarazi du, hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari diren honetan, Enpresa Batzordea osatzen duten atal sindikalak (LAB, CC.OO, UGT, ELA eta CSI) adostasunera iritsi direla borroka honetan eman beharreko urratsei buruz.

Atal sindikalen arteko akordioak honako 3 puntu edo konpromiso hauek barnebiltzen ditu:

  1. Hitzarmena negoziatzeko mahaian Enpresa Batzordean adosturiko plataforma bateratua defendatzea, bereziki honako gai hauei dagokienez:
  • Soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea.
  • Galduriko eros-ahalmena berreskuratzeko soldata igoerak.
  • Sarrera soldata aldatzea, Enpresa Batzordeko plataforman jasotako baldintzen arabera.
  • Plataformak Hileko Ordainketa Sistemari buruz jasotakoari erreparatzea, bereziki hasierako gutxieneko soldatari dagokionean.
  1. Atal sindikal guztiek enpresa ordezkaritzarekin akordioak lortzeko duten zilegitasuna errespetatuz, akordio horiek langileek berretsiko dituzte erreferendum loteslearen bidez.
  1. Atal sindikalek mobilizazio egutegi bat osatu eta adosteko konpromisoa hartu dute.

Akordio honen esparruan eta enpresako zuzendaritzarekin irekitako Negoziazio Mahaian aldarrikapenak indartzeko beharrari erantzuteko, Enpresa Batzordeak ekainean eta uztailean 4 greba egun barnebiltzen dituen honako mobilizazio egutegi hau adostu du:

  • Negoziazio Mahaiaren elkarretaratzea maiatzaren 17an edo/eta 24an enpresa atarian, gainerako lantegiekin edo Zentroarteko Batzordearekin ekintzaren bat bateratzeko aukera egongo delarik.
  • Ekainak 5 eta 19: Greba eta mobilizazio egunak.
  • Uztailak 10 eta 11: Greba eta mobilizazio egunak.
  • Ekainean eta Uztailean aktiba daitezkeen balizko txandetan prebentziozko grebarako deialdia egitea.

Maiatzaren 11n hitzarmenaren Negoziazio Mahaiaren beste bilera bat deitu da.

ATZEGIko langileek erakundeen inplikazioa eskatu dute hitzarmen duina lortzeko negoziaketetan

Enpresa Hitzarmena negoziatzen ari diren honetan, kontuan izan behar da zerbitzuaren finantzaketa administrazio publikoaren ardura dela. Horregatik egin zuten Aldundiarekin bilera eskaera; eta eskatzen jarraitzen dugu, zerbitzu honen arduraduna den arren, oraindik erantzunik jaso gabe jarraitzen dutelako.

GFAko Gobernuari eta Gizarte Politiketako Sailari eskatzen diegu datozen urteetan ere Aniztasun funtzionaleko sektoreko langile guztien KPIa bermatu dezala; borroka hau ez delako ATZEGIko langileen borroka soilik, Aniztasun Funtzionala duten erabiltzaileen eta haien senideen borroka ere badelako; guztion eskubidea baita kalitatezko zaintza zerbitzua jasotzeko eskubidea, bai eta zaintza lanak baldintzarik onenetan egitekoa ere.

Enpresa Hitzarmenaren negoziaziori dagokionez, ez dugu onartuko langileen lan baldintzen hobekuntza erreala eta eros-ahalmenaren bermea jasotzen ez dituen akordiorik, ez eta dagoeneko hitzarmenean jasotzen diren eskubideen galerarik ere.

Gaur-gaurkoz 24 orduko txandak egin behar izaten dituzte langileek, eta ezinezkoa zaie bizitza familiarrarekin kontziliatzea; nekea nagusitzen ari da eta ez dago egindako lanaren errekonozimendurik sozial, politiko eta ekonomikorik.

Soldata igoerez harago beraz, Hitzarmenaren negoziazioan, beste puntu asko ditugu hobetzeko:

1. Hitzarmen honen erronka nagusia urtean lan egiten ditugun ordu guztiak konputatzea da. Gaur egunean 2000 lan ordu egiten ditugu urtean eta hauetatik 1600 ordu dira lan orduak bezala konputatzen dizkigutenak, beste 400 orduak lan postuan egon arren presentziazkoak bezala kontatzen dizkigute.
2. Ez dago plusik jaiegun eta asteburuengatik.
3. Ez dugu gaueko plusik, oinarrizko soldatatik aterata dago.
4. Urte osoko egutegi bat izatea dagokigu, gaur-gaurkoz errespetatzen ez den arren.
5. Dagozkigun oinarrizko deskantsuak disfrutatzeko aukerarik ere ez dugu izaten.
6. Ratioen hobekuntzarik egon ezean, ezin ditugu erabiltzaileak behar bezala zaindu; ez baita erreala langile bat 16 edota 24 erabiltzaileren zaintzaile moduan lanean edukitzea.

Aldundiaren beharren arabera egun batetik bestera lan egiteko ereduak aldatzen dizkigute, langileak garelarik kaltetuak ateratzen garena; azkeneko lan ereduarekin, etxeko andre figura edo kategoria dutenak bereziki.

Arreta Zuzeneko langileok ez dugu geure burua zaintzaile soiltzat bakarrik hartzen (gure kontratuetan jartzen duen bezala), zerbait gehiago gara, maila pertsonalean eta emozionalean asko inplikatzen garen profesionalak.

Hala ere, eskubideak ditugun langileak izaten jarraitzen dugu eta lan baldintza duinen alde ez ezik, kalitatezko zaintza zerbitzuaren alde borrokan jarraituko dugu.

Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu dugu berriz, oraingoan ezikusiarena egin duelako sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeen kalifikazio puztuekin

Nafarroako Arartekoak berriki salatu du Miravalles-El Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek ikasleen batxilergoko notak puzten dituztela, ez baitatoz bat gero unibertsitatera sartzeko probetan lortzen dituzten emaitzekin. Baina iruzur horren zantzu garbiak dauden arren, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak erabaki du beste alde batera begiratzea eta ikusketarik ez egitea. Hori dela eta, urtebete egin genuen bezalaxe, Gimenoren dimisioa eskatu dugu berriz. Eta ez kontu horregatik bakarrik, baita Departamentuaren kudeaketa negargarriagatik eta sindikatuekin negoziatzeko batere interesik ez agertzeagatik ere.

Arartekoak berak eskatu dio Hezkuntzari ikastetxe horien jarduna ikuskatzeko. Eta txosten baten bidez egin du. Bertan, egiazta daitezkeen datuekin, argudiatzen du ikastetxe horietako ikasleek Batxilergoa amaitzean lortzen dituzten notak ez datozela bat Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan (USE) ateratzen dituztenekin. Arartekoak, ebazpen bidez, ohartarazi du bi zentroek “modu engainagarrian” igotzen dituztela kalifikazioak. Laburbilduz, Selektibitatea egitean ikasleek ateratzen dituzten notak ez datoz bat ikastetxeetan atera dituzten nota puztuekin. Datu hori oso deigarria da, eta, zalantzarik gabe, ikasle horiei mesede egiten die unibertsitateko karrera aukeratu ahal izateko.

Horregatik eskatu du Arartekoak Miravalles-El Redin eta Irabia-Izagako ikastetxeen jarduerak ikuskatzeko. Baina, ustekabean, Gimeno kontseilariak uko egin dio hori egiteari, irakaskuntzaren jarduna gainbegiratzen dela argudiatuz, betiere ikastetxeen autonomia errespetatuz.

Izugarria iruditu zaigu kontseilariaren erantzuna. Parlamentuak izendatutako erakunde baten eskaerari entzungor egiteaz gain, unibertsitaterako sarbidea arautzen duten berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak urratzen ditu, hain gauza serioan ezikusiarena egiten baitu. Azken batean, Gimeno modu kontzientean ari da sexuaren arabera bereizten duten ikastetxe horietako ikasleak laguntzen, unibertsitateko ikasketak egin ahal izan ditzaten.

Horrez gain, kontseilariak errespetu falta erakutsi die langileen ordezkariei. Bi greba egun egin ondoren, Hezkuntza Ituna bete gabe eta oinarrizko gaiak negoziatu gabe jarraitzen du, hala nola, ratioen jaitsiera edo irakasleen karga burokratikoa. Horregatik, eta joan den ikasturtearen amaieran egin bezala, Gimenoren dimisioa eskatu dugu; oraingoan, gainera, Mahai Sektorialeko sindikatu gehienek bat egin dute gure eskaerarekin.

Elkarretaratzea egin dugu garraio sektorean hildako azken langilea gogoan izan eta neurriak har daitezen eskatzeko

Ostiralean zendu zen garraiolaria, Santakaran (Nafarroa). Bada, 2023an Euskal Herrian lanean hildako 19. pertsona litzateke azken hau, eta 4. garraiolaria. Behin eta berriz errepikatu izan dugu lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla, eta sektore honetan oso nabarmena da hori.

Goizean Iruñean egin dugu elkarretaratzea, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT-LKN sindikatuek deituta, eta halakorik gehiago errepika ez dadin beharrezko prebentzio neurriak ezartzeko ordua dela aldarrikatu dugu.

Departamentuak hezkuntza publikoaren hobekuntza eragozten du Nafarroan

Bigarren grebaren ondoren, LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok bilera bat eskatu genion Maria Txibite lehendakariari, hezkuntza publikoa hobetzeko negoziazioa abiarazteko.

Dirudienez, lehendakariak ez zuen bere agendan inolako tarterik hilabete guztian gurekin elkartzeko, ezta Carlos Gimeno kontseilariak ere eta, horren ordez, bi zuzendari nagusi aurkeztu dira maiatzaren 3ko bilerara. Zuzendari nagusi horiek inposizioa eta negoziatzeko ukoa baizik ez dute agertu legegintzaldi guztian.

Bilera hasi bezain laster, oso argi utzi zuten ez zutela aldarrikapen-taulako punturik aztertzeko asmorik, eta eragotzi digute 2023-24 ikasturtean ezar daitezkeen hobekuntza zehatzen proposamena azaltzea. Departamenduak argudiatu zuen negoziazio guneak beste batzuk direla, eta horietako batean ez daudela sindikatu guztiak ordezkatuta, sindikatuetako bat negoziaziotik
kanpo utzita. Jarrera hori ez dator bat Nafarroako Gobernuak lan baldintzak negoziatu eta hobetu diren beste sektore batzuetan agertutakoarekin, langileen kontratazio gehiago eta ordainsari igoerak barne. Beraz, gezurra da hobekuntza horiek ezin direla negoziatu desegindako Parlamentuarekin eta jarduneko Gobernuarekin.

Era berean, kontseilariak hezkuntza-etapetako batez besteko ratioak maltzurkeriaz erabili dituela salatzen dugu, ratio horiek sindikatuen eskaeren azpitik daudela adierazi baitzuen. Ezin dira batez besteko ratioak erabili hiriguneetako ikastetxe askok jasaten duten masifikazioa ezkutatzeko.

Blokeo eta tratu txar horien aurrean, erabat gaitzesten dugu kontseilariaren jokabidea, eta kargutik kentzea exijitzen dugu. Bere burua aurrerakoitzat jotzen duen gobernu batek ezin du Hezkuntza Departamentuaren buru izan irakasleen ordezkariekin negoziatzeari sistematikoki uko egiten dion pertsona bat. Berriro kalera atera behar dugu eta, horregatik, maiatzaren 24rako manifestazio batera deitzen dugu, datorren ikasturtean proposatutako hobekuntzak ezar daitezen.

Hona hemen bilerara eraman ziren aldarrikapen-taularen zehaztapenak:

Ratioen jaitsiera

– Ratioak 20ra murriztea Haur Hezkuntzako maila guztietan (3-6 urte).
– Eskola txikietan, Haur Hezkuntzan, maila anitzeko geletako ratioak murriztea (14tik 12ra, bi maila badaude, eta 12tik 10era, hiru mailatako ikasleak badituzte).
– Egutegi bat ezarriko da ratioen jaitsiera etapa guztietara zabaltzeko (Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa…).

Plantillen egonkortasuna

– Departamentuaren konpromisoa lanaldi osotzat hartzeko Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako gutxienez 15 eskola-orduko kontratuak, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako gutxienez 18 eskola-ordukoak.

Gainzama murriztea

– Adinagatiko ordutegi murrizketa zuzendaritza taldeetan ere aplikatzea, eta ordu horietan ikastetxean egon beharrik ez izatea (benetako murrizketa).
– Ikastetxeetan ezartzen edo garatzen den edozein programarekin batera, ordu zuzkidura eman behar da.
– Prestakuntza instituzionaleko orduak 12 ordura murriztea eta prestakuntza orduak bi ikasturtetan bateragarriak izatea.
– Administrariak ikastetxe guztietan, eskola txikiak barne.

Erosahalmena berreskuratzea

– Soldataren %10eko osagarria eta egutegia jarri datozen urteetan galdutako guztia berreskuratzeko.
– KPIri lotutako soldata igoerak hurrengo urteetan.

Elkarretaratzea egin dugu Erandioko udaltzainen hizkuntza eskakizunen sententziaren aurka

Berbots euskara elkartearekin eta ELArekin batera mobilizatu gara udaletxearen aurrean, Erandioko Udalari eta alkateari eskatu asmoz hizkuntza eskubideak irmoki babesteko, eta erakundeei, berriz, oinarri juridiko sendoagoak lantzeko.

Epaile batek erabaki du Erandioko Udalak 2007an udaltzain lanpostu bati ezarri zion derrigortasun data kendu egin behar diola, udaltzain interino batek ez daukalako lanpostu hori betetzeko eskatutako hizkuntza gaitasunik.

2007an Erandioko udaltzainen plantillan baziren 12 lanpostu hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun barik. Kontuan hartuta udaltzainen lanpostuak jendaurrekoak direla, hizkuntza normalizazioan aurrera egiteko urratsak eman ditu udalak, eta plangintzaldi bakoitzean, apurka-apurka, euskara eskakizuna derrigorrezkoa duten lanpostuak gehitzen joan dira, herritarrak euskaraz zein gaztelaniaz artatuak izateko eskubidea bermatu ahal izateko.

Hizkuntza berdintasuna bermatzeko tresnak eskatzen ditugu, eta jendaurreko lanpostuetan ofizialak diren bi hizkuntzak ezagutzea ezinbesteko baldintza izan behar du eta horretarako beharrezko diren tresnak jarri behar dira, herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko, zerbitzu publikoa behar bezala bermatu ahal izateko.

Gogora dezagun, LABek, ELAk eta Kontseiluak adostuta, EAEko administrazio publikoa euskalduntzeari epe zehatza jarri geniola, 15 urtekoa, auzi honi determinazio osoz eta atzerapenik gabe erantzuteko garaia dela uste dugulako.

Orain, 2023. urtean, epaile batek normalizatu nahi duena da espainolaren nagusitasuna, espainolaren inposaketa. Udal-autonomiaren aurkako eraso judizialei aurre egin behar zaie. Euskararen kontrako oldarraldi hori gelditu egin behar da, eta lan-eskubideak eta euskalduntzea bateragarri egin behar dira.

Horregatik eskatzen diogu Udalari eta alkateari hizkuntza eskubideak irmoki babesteko, eta hizkuntza berdintasunerako lanari ekiteko, asko direlako oraindik Erandioko Udalean eta herrian ditugun oztopoak euskaraz lan egin eta bizi nahi dugunontzat.

Eta, beste maila batean, EAEko instituzioei eskatzen diegu oinarri juridiko sendoagoak lantzeko euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko.

CEOEk, CCOOk eta UGTk soldaten debaluazioa ontzat eman dute estatu mailan

CEOEk, CCOOk eta UGTk negoziazio kolektiborako akordio berri bat iragarri dute estatu mailan. Akordio horrek ez ditu euskal langileak ordezkatzen, CCOO eta UGT gutxiengoa baitira Hego Euskal Herrian. Akordioaren edukiari dagokionez, LABen balorazioa erabat negatiboa da.

Prezioen igoerak soldaten debaluazio orokorra eragiten du Estatu mailan. 2022an prezioak % 8,4 igo ziren, soldatak (% 2,8) baino hiru aldiz gehiago. CEOEk, CCOOk eta UGTk iragarritako akordioak ez du inolako soldata-igoerarik jasotzen 2022rako, eta 2023rako, 2024rako eta 2025erako aurreikusitako soldata-igoeretan ez da KPIa bermatzen. Horrenbestez, CEOEk, CCOOk eta UGTk ontzat eman dute Estatu mailan gertatzen ari den soldata-debaluazioa.

Hala, CCOOk eta UGTk Maiatzaren Lehenean jaurtitako hordagoa ezerezean geratu da. Soldatak igotzen ez baziren konfrontazio-aldi bat izango zela ohartarazi zuten orduko hartan. Bada, ezintasunagatik, borondaterik ezagatik edo arrazoi biengatik, CCOOk eta UGTk berriro ere bake sozialeko akordio baten alde egin dute Patronalarekin, eta horrek dakarrena da langile klaseak eros-ahalmena galtzea.

Zorionez, Euskal Herrian langileen gehiengoak borroka sindikalaren alde egin du aberastasunaren banaketa lehiatu, eros-ahalmena bermatu eta soldata-arrakalari aurre egiteko. Estatu osoko greben erdiak baino gehiago Hego Euskal Herrian egin dira. Bada, sindikatuen apustu hori fruituak ematen ari da: soldata-igoerak handiagoak dira eta Estatu osoan baino lan-hobekuntza gehiago gertatzen ari dira.

LABek antolakuntza eta borroka sindikalaren bidearen aldeko apustua berresten du, Madrilen bideraezinak diren aldaketa laboral, sozial eta politikoak Euskal Herrian posible egiteko.