2026-10-02
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaATZEGIko langileek erakundeen inplikazioa eskatu dute hitzarmen duina lortzeko negoziaketetan

ATZEGIko langileek erakundeen inplikazioa eskatu dute hitzarmen duina lortzeko negoziaketetan

Enpresa Hitzarmena negoziatzen ari diren honetan, kontuan izan behar da zerbitzuaren finantzaketa administrazio publikoaren ardura dela. Horregatik egin zuten Aldundiarekin bilera eskaera; eta eskatzen jarraitzen dugu, zerbitzu honen arduraduna den arren, oraindik erantzunik jaso gabe jarraitzen dutelako.

GFAko Gobernuari eta Gizarte Politiketako Sailari eskatzen diegu datozen urteetan ere Aniztasun funtzionaleko sektoreko langile guztien KPIa bermatu dezala; borroka hau ez delako ATZEGIko langileen borroka soilik, Aniztasun Funtzionala duten erabiltzaileen eta haien senideen borroka ere badelako; guztion eskubidea baita kalitatezko zaintza zerbitzua jasotzeko eskubidea, bai eta zaintza lanak baldintzarik onenetan egitekoa ere.

Enpresa Hitzarmenaren negoziaziori dagokionez, ez dugu onartuko langileen lan baldintzen hobekuntza erreala eta eros-ahalmenaren bermea jasotzen ez dituen akordiorik, ez eta dagoeneko hitzarmenean jasotzen diren eskubideen galerarik ere.

Gaur-gaurkoz 24 orduko txandak egin behar izaten dituzte langileek, eta ezinezkoa zaie bizitza familiarrarekin kontziliatzea; nekea nagusitzen ari da eta ez dago egindako lanaren errekonozimendurik sozial, politiko eta ekonomikorik.

Soldata igoerez harago beraz, Hitzarmenaren negoziazioan, beste puntu asko ditugu hobetzeko:

1. Hitzarmen honen erronka nagusia urtean lan egiten ditugun ordu guztiak konputatzea da. Gaur egunean 2000 lan ordu egiten ditugu urtean eta hauetatik 1600 ordu dira lan orduak bezala konputatzen dizkigutenak, beste 400 orduak lan postuan egon arren presentziazkoak bezala kontatzen dizkigute.
2. Ez dago plusik jaiegun eta asteburuengatik.
3. Ez dugu gaueko plusik, oinarrizko soldatatik aterata dago.
4. Urte osoko egutegi bat izatea dagokigu, gaur-gaurkoz errespetatzen ez den arren.
5. Dagozkigun oinarrizko deskantsuak disfrutatzeko aukerarik ere ez dugu izaten.
6. Ratioen hobekuntzarik egon ezean, ezin ditugu erabiltzaileak behar bezala zaindu; ez baita erreala langile bat 16 edota 24 erabiltzaileren zaintzaile moduan lanean edukitzea.

Aldundiaren beharren arabera egun batetik bestera lan egiteko ereduak aldatzen dizkigute, langileak garelarik kaltetuak ateratzen garena; azkeneko lan ereduarekin, etxeko andre figura edo kategoria dutenak bereziki.

Arreta Zuzeneko langileok ez dugu geure burua zaintzaile soiltzat bakarrik hartzen (gure kontratuetan jartzen duen bezala), zerbait gehiago gara, maila pertsonalean eta emozionalean asko inplikatzen garen profesionalak.

Hala ere, eskubideak ditugun langileak izaten jarraitzen dugu eta lan baldintza duinen alde ez ezik, kalitatezko zaintza zerbitzuaren alde borrokan jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.