2025-12-20
Blog Page 23

WatchGuard Technologies-ek (Panda Security) hiru langile kaleratu ditu Bilbon, kalitatezko eta esperientziazko enplegua suntsituz

WatchGuard Technologies (Panda Security) enpresako Bilboko langileok gogor salatu eta protesta egin nahi dugu hiru lankide kaleratu berri dituztelako. Enpresak arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak argudiatuz justifikatu ditu erabaki horiek.

WatchGuard Technologies (Panda Security) enpresako Bilboko langileok ez ditugu justifikazio horiek onartzen. Langileak hainbeste zaintzen dituela dioen enpresa batek pertsonak zifren aurretik jarri beharko lituzke, batez ere galera ekonomikoen egoera bati buruz hitz egiten ari ez garenean, kaleratzeak enpresako zuzendaritzak aurrez zehaztutako irabazi-marjina batera hurbiltzeko gertatu baitira.

Enpresak, bere langileen ezagutza eta dedikazioa baloratu beharrean, ibilbide luzea duten langileak kaleratzea erabaki du, horietako batek 20 urteko esperientzia izanik, Bilbon enplegu kualifikatua suntsituz, egunero Indian kontratazio ugari egiten diren bitartean eta postuen deslokalizazioak ematen diren bitartean. Gainera, kaleratutako lankideek egiten zuten lana gainerako langileen artean banatuko da, eta lan-karga handituko da azterketa egokirik gabe. 

Ondorio hauek pairatu behar dituztenak, helburu eskuraezinak jartzen dituztenak dira eta ez egunero ahalegintzen direnak. Eta ez da gertatzen den lehen aldia; izan ere, aurten bertan lankide gehiago kaleratu zituzten Bilbon eta konpainiaren beste bulego batzuetan, kaleratzeak langile guztien % 4ra iritsi arte.

Baliteke zuhurkeria mugarik ez izatea, baina langileen pazientziak bai. Eta nahikoa dela esateko unea iritsi da. Herritarrei eta komunikabideei dei egiten diegu elkartasuna adierazteko, gure kausaren berri emateko eta lanpostuen defentsarekin bat egiteko. Enpresa Batzordeak gure lankideak berriro hartzea eta konpainian politika aldatzea eskatzen du, langileak eta tokiko enplegua errespeta daitezen.

Kontzentrazioa, irailaren 26an, ostirala, 10:30etik 11:00etara. Kale Nagusia 1, Bilbo (Bizkaia Dorrearen sarrera). 

LABek gogor salatzen du EAJren eta PSEren jarrera antidemokatikoa

Gaur Eusko Legebiltzarrean gertatutakoa eskandalu antidemokratikoa da. EAJk eta PSEk 145.000 sinadura jaso dituen Herri Ekimen Legegilearen inguruan eztabaidatzeari uko egin izana langileon aurkako erabakitzat jotzen du LABek. 

Marketing kanpainen bidez, Urkullu lehendakariaren formak eta garaiak atzean utzi nahi dituen gobernu gisa aurkeztu du bere burua Pradalesen gobernuak. LABek hainbatetan salatu izan du, ordea, formetan itxura berrituta ere, sakonean orain arteko politika neoliberal berdinak aplikatzen jarraitu dutela. Alta, gaurkoan Jaurlaritzak bere jarrera autoritarioa estaltzeko imintziorik gabe, herritarrei funtsezkoa den eztabaida soziala lapurtu die.

Irail hasieran, oinarri sendorik gabeko txosten tekniko-politiko batekin euskal jendarteak modu zabalean sustatuko eztabaida zakarrontzira bota nahi izan dute; argudiorik eman gabe, aurpegia eman gabe, haien jarrera publikoki azaldu gabe, modu lotsagabean. 

Gaurkoan, LABek hiru ideia nabarmendu nahi ditu.

Lehena: iruzur demokratikoa. Hau da, Jaularitzaren gobernantza eredua, herritarrei gobernu honek eskaintzen dien parte hartzea eta politika egiteko tartea. Oldarraldi erreakzionario betean, jarrera autoritario hauek politika insituzionalaren erabilgarritasuna eta atxikimendua lausotzen dute, eta eskuin muturraren balioak elikatzen dituzte. 

Ehunka plazatan milaka sinadura bildu dituzte Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Herritar gisa, lege berri bat proposatzeko bidea egin dute. Ez da nolanahikoa ahalegina, ez baita erraza. Oztopo guztiak gainditu eta baldintza guztiak bete ondoren, ordea, oraindik ere modu publikoan kontsultatu ezin daitekeen txosten labur, eta eznahiko baten bidez eztabaidatzeari uko egin diote Aitor Estebanek eta Eneko Anduezak gidatutako alderdiek. 

Bigarrena: gutxieneko pentsioak osagarritu behar dira, milaka direlako bizi duina izateko eskubidea ukatua duten pertsonak. Eusko Jaularitzak etengabe murriztu duen DSBEarekin osagarritzen ditu egun pentsio gutxi batzuk. Prestazio hori jasotzen duen talderik handiena da pentsiodunena, eta, hala ere, 15.000 dira osagarria jasotzen dutenak, baldintzak betetzen dituztenen %7. Aldiz, haien pentsioa gutxieneko soldataren azpitik duten 100.000 pertsona bizi dira EAEn; gehienak, emakumeak eta haien ezkonkidearen diru sarrerekiko menpekoak direnak. Hau da EAJrentzat eta PSErentzat funtzionatzen duen eredua, eta eskaintzen duena. Hau da sozialki porrot egin duena eta parlamentura modu zabalean eztabaidatu eta eraldatzeko eskaria eragin duena. 

Hirugarrena: egungo eskumenekin pentsio sistema osagarri duinagoa eratu daiteke., baina egungo eskumenak eta kontzertu ekonomikoa patronalaren mesederako diren zerga politika eta politika ekonomikoak egiteko baliatzen ditu Jaurlaritzak. Deigarria da politikari abertzale batzuek Eusko Legebiltzarreko teknikariek baino interpretazio murritzagoa egin izana autogobernuari buruz. Edozein kasutan, autogobernu maila handiagoa izateko estatus politikoaren eztabaida zabalik dagoenean, eskumenena ezin da izan HELaren tramitazioa eragozteko arrazoia. Alderantziz, pentsio sistema propioa eratzeko eskumenak zabaltzeko aukera jarri beharko litzateke eztabaida politikoaren erdigunean.

LABek gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko borrokan tinko jarraituko du. Jaurlaritzak langileen aurka hartutako erabakia aldatu eta pentsioak osagarritzeko bidea ireki dezala presio egiten jarraituko du. Zalantzarik gabe, babes sozial eredu berri, zabalago eta propioaren bidean urrats esanguratsuak emateko unea heldu da, eta estatus berria eztabaidagai dagoen honetan, ezinbestekoa izango da hain modu argian adierazitako herri borondateari bide ematea. 

Amaitzeko, EHPMaren lan nekaezin eta eredugarria txalotu eta zoriondu nahi du LABek. Zazpi urteetako borrokak eman ditu bere fruituak, eta oraingoan bidea itxi nahi badute ere, aldarrikapen justuak garaile aterako dira. Mezu bat bidali nahi dio LABek mugimenduari: “Ez etsi, zuekin gaude. Lan, pentsio eta bizitza duinen alde jarrai dezagun borrokan. Pentsiodunak aurrera!” 

1975-2025. Dena aldatu nahi genuen. Dena aldatu nahi dugu.

Sindikalismoa ulertzeko bi modu daude. Kontzertazioaren aldeko apustua egin eta konfrontazioa bigarren mailan uzten dutenena, batetik, eta kontrabotere sindikalismoaren alde egiten dugunona, bestetik, langileen indarra antolaketan eta borroka gaitasunean kokatzen dugunona. Sindikatu batzuk, unean uneko legediak langileei aitortzen dizkien eskubideak babestera mugatzen dira. Gu, aldiz, ez gara horrekin konformatzen; euskal sindikalismo eraldatzailea da gurea. Guk indarrean dagoen legedia, indarrean dagoen antolamendu ekonomiko eta soziala, aldatu nahi dugu. Lehenik eta behin, ez delako bidezkoa; langileen, emakumeen eta herrien zanpaketan oinarritzen delako. Eta bigarrenik, gero eta bideraezinagoa delako, planetaren bizitza kolokan jartzen ari delako.

Sindikatu soziopolitikoa da, hortaz, gurea. Hala izan da bere sorreratik, orain bost hamarkada. Garai horretan, euskal langile mugimenduak indar handia zuen. Eskubide laboralak ez ezik, eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzen zituen; besteak beste, sindikatu autonomoak eratzeko eta ordezkaritza sindikala hautatzeko eskubidea. Berrogei urtez indarrean egondako diktaduraren amaiera aldarrikatzen zuen; errepresialiatutako guztientzako amnistia; Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea.

Garaiko langile mugimenduaren konpromiso politikoa adierazten duen gertakari historikoen artean mugarri izan zen honako hau: hilzorian zen Francok bere azken heriotza zigorrak sinatu zituenean, hiru egunetako Greba Orokorra egin zen Hego Euskal Herrian. 1975eko irailaren 27an Txiki eta Otaegi fusilatu zituen erregimenak, Euskal Herriaren askapen nazionalaren aldeko borroka zapuzteko asmoz. Handik sei hilabetera, 1976ko martxoaren 3an, Gasteizko sarraskia izan zen: hobekuntza laboralak eskatzen zituzten milaka langileren aurka tiro egin zuen poliziak, eta bost langile erahil.

Martxoaren 3ko gertakariak salatzeko eta ardurak eskatzeko ibilbidea luzea izan da. Unean uneko Espainiako gobernuek uko egin diote estatuari dagokion erantzunkizuna hartzeari. Zorionez, herri ekimenez egindako lanak fruituak eman ditu, eta, besteak beste, Gasteizko sarraskiaren lekuko izan zen eliza memoria gune ofizial bilakatuko da. 50. urteurrena abagune ona da oroitzapen eta aitortza historikoari bultzada emateko eta, batez ere, euskal langileriaren borrokari bultzada emateko.  

Izan ere, mota honetako errepresio ekintzen bidez, elite frankistak “espainiar trantsizioa” izenez ezagutu zenaren mugak argi ezarri nahi zituen: ez autodeterminazio eskubiderik ezta eraldaketa sozialik ere. Horixe izan zen LAB jaio berriak garaian egindako salaketa. Eta horixe izan da 50 urte hauetan aurrera eraman dugun borrokaren funtsa: Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialari atea irekitzea. Eta eremu soziolaboralari dagokionez, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzea.

Langile borrokari esker, 1975-76tik aurrerapausoak egin ditugu eskubide laboraletan, sindikatuen aitortzan, langile auzoetako azpiegituretan, zerbitzu publikoetan, instituzio propioen eraikuntzan. Aurrerantzean ere borroka beharrezkoa izango da irabazitako eskubideak defendatzeko eta eskubide berriak eskuratzeko, besteak beste, gutxieneko soldata eta pentsio propioaren ezarpena edota zaintza sistema publiko komunitarioaren sorrera. Borroka beharrezkoa izango da Euskal Herriaren askapen nazionalean eta sozialean urratsak emateko.

Oldarraldi neoliberalaren aurrean, faxismo zaharberrituen aurrean, logika aldaketa sakona da guk defendatzen duguna. Gutxi batzuen etekinak erdigunean dituen eredutik denon bizitza erdigunean izango duen eredura igarotzea. Euskal Herrian badaude aukerak norabide horretan aurrera egiteko. Ahalik eta burujabetza handiena eskuratu behar dugu, euskal langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, emakumeenganako* bortizkeria eta diskriminazioekin amaitzeko, harrera herri izateko, euskaraz bizi eta lan egin ahal izateko.

Duela 50 urte bezala, orain ere, argi eta garbi diogu: ez gara mugatuko egungo orden ekonomiko eta sozialak aitortzen digun funtzioa betetzera. Orduko langileek bezala, guk ere, dena aldatu nahi dugu, dena aldatzera goaz!

LAB Tuteran mobilizatuko da enpleguaren eta zerbitzu publikoen defentsarako politika publikoak, gutxieneko soldata propioa eta aberastasunaren banaketa eskatzeko

LAB sindikatuak 40 urte egiten ditu Erriberan lanean bizi eta lan baldintza duinen alde eta, horregatik, Nafarroako Delegatuen Batzarra eta manifestazioa egingo ditu urriaren 2an Erriberako hiriburuan. Gainera, Nafarroako Parlamentuan izandako arrakastaren ondoren, “1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen” erakusketa Tuterara iritsiko da.

LABek ikasturte politiko berrirako sindikatuaren lehentasunak eta ekintza-ildoak aurkeztu ditu: enplegua eta zerbitzu publikoak defendatzeko politika publikoen aldeko borroka, gutxieneko soldata propioa eta aberastasunaren banaketa. Zentzu horretan, gerra militar eta komertzialen testuinguru irekiak ez du beste urrats bat izan behar Nafarroako langileen bizi eta lan baldintzen prekarizazioan. Bestela esanda, ziurgabetasunaren izenean ez dira kapitalaren interesak nagusitu behar. Horrela, gaur egun, Nafarroako Gobernuak dena enpresa-ekimenaren eta transnazionalen esku ez uztea eskatzen du: industria-politika berreskuratu behar du, enplegua, gehiengo sozialaren interesa, erdigunean jartzeko.  

Zentzu horretan, aberastasuna banatzea eta zerbitzu publikoak indartzea antidotorik onena dira eskuineko eta eskuin muturreko politikariek gure lurraldean pizten dituzten diskurtso klasistei eta arrazistei aurre egiteko. Langileen baldintza materialak eta bizi-baldintzak zuzenean kaltetzen dituzten konponbiderik gabeko diskurtsoak.

Maria Chivite presidentearen gobernuari irmotasuna falta zaio negoziatzen ari direna eta bere ardurapeko langileei eragiten diena aurrera eramateko. Izan ere, kontseilarietako batzuek soberan dute harrokeria, eta langileen bidezko aldarrikapenei erantzungo dieten akordioak lortzeko borondaterik ez dute. Bada garaia Hezkuntzaren eta Osasunbidearen egoera modu faltsuan itxiko ez duten eta Nafarroako gizartearen beharrei irtenbidea emango dieten politiken alde egiteko.

Horrela, erabat arbuiagarria da Gobernuak CENeko enpresaburuen eta UGT eta CCOO sindikatuen interesak defendatzeko hartutako jarrera alderdikoia, gutxieneko soldata propioaren eztabaidaren aurrean, eta gai hori agenda politikoaren erdigunera itzuliko da. Nafarroako langileek premiaz behar dute gutxieneko soldata bat, gure errealitate sozioekonomikoarekin bat datorrena, soldatak nabarmen igotzea, oro har, langileak babesteko bizitzaren garestitasunetik eta oinarrizko beharretatik. Hala gertatzen da, adibidez, etxebizitzarekin, non azken urtean Nafarroako etxebizitzen prezioa soldaten bikoitza igo den.

Nafarroan, lanaren eta kapitalaren errenten arteko aldeak hazi egin dira, eta horrek eragin zuzena du gure lurraldeko eremu guztietan. Desberdintasun-adierazleak historiako baliorik altuenetan daude. Enplegu-suntsiketak eragin zuzena du parametro horietan, eta egungo politika publikoek ez dute lortu enpresaburuek bultzatzen duten desberdintasun eta prekarizazio egoera eraldatzea.

Beraz, desberdintasunak areagotzen badira, beharrezkoa da zerga sistema bidezkoagoa eta gehien dutenen pribilegioekin amaitzea, eta, horretarako, beharrezkoa da Nafarroako zerga erreforma hozte-fasetik ateratzea.

Bizi eta lan baldintzak hobetuz, LAB Erriberan zabaltzen

LABen sindikalismo eraldatzailea inoiz baino beharrezkoagoa da Nafarroan. Eskualdean batez besteko soldatak Nafarroako baxuenak dira eta enplegua mehatxatzen duten EEEak dira nagusi. Euskararen garapenari ere oztopoak jartzen zaizkio, alemana bezalako beste hizkuntza batzuei garrantzi handiagoa ematen zaien bitartean, euskara Nafarroako ondarearen parte denean.

Testuinguru honetan, LABek 40 urteko ibilbidea ospatuko du aurten Erriberan. Azken kongresuaren ondoren, arrazakeriaren aurkako sindikatu bihurtzeko bideari ekin zion. Harro egoteko modukoa da Erriberan, hain zuzen ere, LAB erreferentziazko sindikatua izatea langile migratuentzat.

Ramon Lacalzadak, LAB Riberako sindikalistak, erakundeak eskualdean izan duen hazkunde iraunkorra azpimarratu du, %2tik %8ra pasa baita ordezkaritza eta dagoeneko 100 delegatu ditu. “LAB sartzen den tokian, finkatu egiten da”, dio.

Lau hamarkada Erriberan bizi eta lan baldintza duinen alde lanean. Hori dela eta, urriaren 2an LABek Delegatuen Batzarra egingo du Tuteran, eta, ondoren, manifestazioa egingo du zonaldean bizi eta lan baldintza duinak eskatzeko.

Gainera, Nafarroako Parlamentuan izandako arrakastaren ondoren, “1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen” erakusketa Erriberako hiriburura iritsiko da, eta urriaren 1etik 9ra egongo da zabalik Rua Gizarte Etxean. Inaugurazioa urriaren 2an izango da, 19:00etan. Erakusketak LABek Erriberan dituen sustrai sakonak, enbor sendoa eta zabaltzen ari diren adarrak islatuko ditu.

Azkenik, urriaren 10ean, 19:00etan, “Muga guztien gainetik, borroka sindikalerako aliantza internazionalistak”  hitzaldia izango da Lestonnac Gizarte Etxean.

Juaristi eta Aitek-eko langileek egoera jasanezina salatu dute

Juaristi eta Aitek enpresetako langileek azken urtean jasaten ari diren egoera jasanezina salatu dute gaur goizean egindako agerraldian. Zuzendaritzaren aldetik proposamen zehatzik eta plan bideragarri argirik ez izateak eta ordainketetan eta informazioan agertzen diren desberdintasunek, lanpostuen etorkizuna eta langileen duintasuna arriskuan jarri dituzte.

Langileek azpimarratu dute egoera honen aurrean ezin direla isilik egon. “Nahikoa da. Ez gara isilduko; langileon duintasuna ez dago salgai”, adierazi dute.

Salaketa nagusien artean daude ordaindu gabe dauden 4 nomina, 5 hilabeteko paga extra partziala eta 16 hilabeteko Geroa (pentsioak), zuzendaritzaren aldetik enpresa eta lanpostuak bermatuko lituzkeen plan sinesgarri baten falta, maiatzaz geroztik indarrean dagoen ERTEaren baldintzak ez betetzea eta langileei informazioa ezkutatzea, besteak beste pabiloiaren salmentaren inguruan. Halaber, ordainketetan sailkapen arbitrario eta bidegabeak ezarri izan dituzte, langileen batasuna apurtu eta indar kolektiboa ahultzeko helburuarekin.

Langileek azaldu dutenez, zuzendaritza ezkutuko itxiera bat prestatzen ari da, eta dagoeneko langileen %40 alde egitera behartua izan da, inolako kalte-ordainik gabe. Horren aurrean, LABek berehalako aldaketa sakona exijitzen du zuzendaritzan, gardentasunean eta profesionaltasunean oinarritua, eta enpresaren eta lanpostuen etorkizuna bermatuko duen plan serio eta bideragarria aurkeztea. Aldi berean, instituzioei ere eskatzen die ez daitezela albo batean geratu eta langileen eskubideak eta lanpostuak defendatzeko inplikatu daitezela.

Bukatzeko, LABek herritarrei dei egin die datorren ostiralean, irailaren 26an, egingo den manifestazioan parte hartzera, langileen borrokari babesa emateko.

Gora langileen borroka! 

SCPSAko batzordeak lanuzteak iragarri ditu Global Sumud ontzidiari eraso egiten badiote

Era horretan, LABek proposatuta, “flotilla ukitzen badute mundua geldituko dugu” ekimenarekin bat egiten du.

Joan den ostegunean, irailaren 18an, SCPSAko (Iruñerriko Zerbitzuak SA) enpresa batzordeak “flotilla ukitzen badute, mundua geldituko dugu” ekimenarekin bat egitea onartu zuen. Hala, LABek landutako proposamenari jarraituz, ontzidiak eraso bat jasaten duen bakoitzean geldialdia egitea eta Salesasko eraikinaren aurrean (enpresaren egoitza nagusia) elkarretaratzea egitea erabaki zen.

Horrela, besteak beste uren tratamenduan aritzen den enpresa honetako batzordeak testu bat onartu zuen, non palestinar herriari erabateko elkartasuna adierazten zion, honek ur hornikuntza eza jasatearen larritasuna salatzen zuen eta Israel Gazan burutzen ari den genozidioa gogor kritikatzen zuen. Atxikita doa onartutako testua.

PDF SCPSAko batzordearen komunikatua

Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Enpresa Batzordeari, eta CAF langile tituludunei antzinatasuna ordaintzera behartu du

Unibertsitate-ikasketak dituzten eta CAFen lan egiten duten langileek ez zuten enpresako antzinatasunari lotutako inolako plus ekonomikorik. LABek hamarkadak zeramatzan irregulartasun hori konpondu nahian. Izan ere, Gipuzkoako siderometalurgia-hitzarmenak eta CAFen hitzarmenak antzinatasun-kontzeptu hori jasotzen zuten arren, enpresako zuzendaritzak ez zion enpresan metatutako bosturteko bakoitzari zegokion zenbatekoa ordaindu nahi langile kolektibo honi.

Horregatik, 2023ko apirilean, enpresa-batzordeak, LABen ekimenez, prozesu judizial bat hasi zuen kontzeptu horren aplikazioa eskatzeko. Hainbat epai eta helegiteren ondoren, azkenean, Auzitegi Goreneko lan-arloko salak auzia ebatzi du, eta arrazoia eman dio enpresa-batzordeari. Gainera, ezin da errekurtsorik jarri azken ebazpen horren aurka, eta, beraz, amaitutzat ematen da ibilbide judiziala.

Hala, aurrerantzean, CAFek antzinatasun plusari dagozkion bosturtekoak ordaindu beharko dizkie tituludunen kolektiboko 1.500 langile baino gehiagori.

Digiko lan baldintzen prekarizazioari EZ

Arabako eta Bizkaiko DIGIko langileek borroka ziklo bati hasiera eman diote, eskubide eta lan baldintzen defentsan eta DIGIk ezarri nahi duen prekarizazioaren aurka

Gaur, Arabako eta Bizkaiko DIGIko langileek borroka ziklo bati hasiera eman diote, irailaren 23, 24 eta 25erako 3 eguneko grebarekin, lan eskubide eta baldintzen defentsan eta DIGIk inposatu nahi duen prekarizazioa geldiarazteko.

Enpresak eta CCOO/UGT sindikatuek estatu mailan enpresa talde hitzarmen bat inposatzeko lortutako negoziazio eta akordioaren ondoren, gelditzea eta kalera ateratzea besterik ez dago Bizkaiko metalaren hitzarmenean borroka egunekin eta EHko borroka sozialarekin lortutako lan eskubideak eta baldintzak defendatzeko.

LAB sindikatutik, CCOOk, UGTk eta DIGI enpresa taldeak sinatu berri duten hitzarmen kolektiboa salatu nahi dugu, Euskal Herri mailan DIGIko langileen lan baldintzak denboran okertzea eta arriskua ekarriko duena, langileak erabateko prekarietate egoerara bultzatuz.

CCOOk eta UGTk ia ez dute ordezkaritzarik Euskal Herrian, eta, hala ere, Estatuko hitzarmen bat inposatu nahi dute, euskal langileen borondatearen gainetik igaroko dena. Lan baldintzak “homogeneizatu” nahi dituztela saldu nahi dute, desberdintasunak saihesteko. Baina ondo dakigu horrek zer esan nahi duen: gehien konkistatu diren eskubideak murriztea.

Hitzarmen horrek, baldintzak hobetu beharrean, soldata txikiak iraunarazten ditu, lanaldia luzatzen du eta funtsezko bermeak murrizten ditu, jada ezegonkortasunak eta presio etengabeak markatutako sektore batean.

LABek ez du ez atzerapausorik ez apurrik onartuko. Agurtzen ditugu Gipuzkoako gure lankideak, bai eta A Coruñako eta Kantabriako lankideak ere, inposizioaren/prekarizazioaren aurrean fronte batean batzea.

Bada garaia antolatzeko, mobilizatzeko eta borrokarekin bat egiteko, eraso hau iraultzeko eta baldintza justu eta duinak konkistatzeko.

LABetik, errespetua eskatzen diogu negoziazio kolektiboari bere eremu naturalean: Euskal Herrian, eta gure eskubidea aldarrikatzen dugu hemen gure baldintzei buruz erabaki ahal izatea. LABek lanean jarraituko du langileen borondatea errespetatua izan dadin.

Euskal Herrian, bizi, lan eta erabaki! 

LABek elkartasuna eta laguntza eskaini dizkio Salam Gaza erakundeari

Imanol Karrera LABen Nafaroako bozeramailea eta Koldo Saenz Nazioarteko Harremanetarako idazkaria Salam Gaza erakundeko Ola Arafat eta Txemi X-rekin bildu dira gaur LABek Iruñean duen egoitzan, Gazan bizi den egoeraren berri lehen eskutik jasotzeko eta, aldi berean ,elkarlanean sakontzeko.

LABeko kideek Palestinarekin elkartasunez egiten duen lanaren berri eman diete Salam Gazako kideei, eta sindikatuaren ateak zabaldu dizkie. Gobernuz kanpoko erakunde horrek Gazan zuzenean lan egiten du, lurraldearen eta pertsonen gaineko ezagutzan oinarrituta eta Gazak bizi duen genozidioaren aurrean hain beharrezkoa den laguntza humanitarioa eskainiz.

Salam Gazako kideek, egiten duten lana azaldu dute eta egiten dituzten hainbat dinamikei begira laguntza eskatu diote LABi, eta sindikatuak elkarlanerako prestasun osoa helarazi die.

Salam Gaza lagundu nahi duen edonork https://salamgaza.org/ webgunean egin dezake ekarpena, egindako ekarpena oso-osorik Gazara iritsiko den konbentzimendu osoarekin.