2026-07-27
HomeEkintza SindikalaMartxoaren 17ko Greba Orokorra erregistratu dute sindikatuek

Martxoaren 17ko Greba Orokorra erregistratu dute sindikatuek

Gaur, ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek martxoaren 17rako Greba Orokorraren deialdia erregistratu dute ofizialki. Deialdia “Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko” lelopean egin dute, lan-baldintzen okertzearen eta bizi-kostuaren etengabeko igoeraren aurrean erantzun kolektiboa emateko helburuarekin.

Sindikatuek salatu dute azken urteotan soldatek ez dutela bizi-kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkunderik izan, eta horrek langileen bizi-baldintzak nabarmen kaskartu dituela. Testuinguru horretan, gutxieneko soldata duin baten beharra premiazkoa dela azpimarratu dute, eta horregatik aldarrikatu dute 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa, hemen erabakitakoa eta bertako errealitate sozioekonomikora egokitua. Proposamen honek zuzenean 167.000 langileren egoera hobetuko luke Hego Euskal Herrian. Eta LGS altuago batek negoziazio kolektiboa baldintzatzen du soldata igoera handiagoak adostu daitezen.

Era berean, sindikatuek gogorarazi dute gutxieneko soldataren inguruko erabakiak Euskal Herritik urrun hartzen direla gaur egun, langileen eguneroko beharretatik eta gure herriaren ezaugarrietatik aldenduta. Horren aurrean, erabakitzeko ahalmena hemen izatea funtsezkoa dela defendatu dute, lan-harremanetan burujabetzaren bidean urratsak emateko helburuz.

Gutxieneko soldata propioa lortzeko bidean, sindikatuek bi bide landu dituzte: Batetik, bertako eskumenen baitan, patronalekin negoziazio-mahaia irekitzeko saiakera eginez. Bestetik, eskumen berriak lortzeko bidean, sindikatuek herri ekimen legegilea bultzatu dute, eta horren alde 138.495 sinadura jaso zituzten, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezarri ahal izateko. Bi bideak blokeatu dituzte patronalak eta euren mesedera lerrokatu diren alderdi politikoek. Era berean, sindikatuen iritziz hirugarren bide bat ireki beharra dago, eta ezinbestekoa da gutxieneko soldataren afera EAEn zein Nafarroan estatus juridiko-politikoaren berrikuntzan ezinbesteko aldarrikapen gisa kokatzea.

Horren aurrean, sindikatuek argi adierazi dute patronalak eta bai Nafarroako Gobernuak zein EAEko Gobernuak erantzukizun zuzena dutela gaur egungo egoeran. Ezin da soldaten galera orokortuaren aurrean neutralitatea mantendu, ezta lan-baldintzen okertzearen aurrean albo batera begiratu ere. Gutxieneko soldata duin baten aldeko neurriak hartzea borondate politiko kontua dela azpimarratu dute.

Martxoaren 17ko greba orokorraren bidez soldatak hobetzea eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa exijituko dituzte sindikatuek, azken urteetan enpresen eta kapitalaren irabaziak handitu diren bitartean langileek galera izan dutela salatuz. Grebak, halaber, lan-harremanen esparruan erabakitzeko ahalmena hemen izateko beharra mahai gainean jarriko du. Eta greba honek ere herritarren parte-hartze demokratikoaren alde jotzen du, pentsiodunen herri-ekimen legegilearekin batera hilabete gutxi batzuetan ia 300.000 pertsonen nahiari muzin egin eta eztabaida irekitzeari uko egin dieten alderdi politikoen autoritarismoa salatzeko.

Greba Orokorra tresna kolektibo eta legitimoa da patronala eta instituzioak interpelatzeko, eta langile guztiei dei egiten diete mobilizazioarekin bat egitera. Datozen asteetan, grebaren arrazoiak eta helburuak azaltzen eta lantzen jarraituko dute, lan zentroz lan zentro eta auzo eta herrietan antolatuko dituzten ekimen eta batzarren bidez. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako pastelgintzaren eta gozogintzaren hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa

2024-2026 iraunaldia izango duen akordioak ez die erantzuten sektoreko langileen benetako beharrei, eta ez ditu behar bezala jasotzen negoziazioan planteatutako aldarrikapenak.