2026-07-05
Blog Page 213

Nafarroa hegoaldeko abeltzaintza eta nekazaritza zentroetako langileek atseden hartzeko eskubidea aldarrikatu dute Iruñean

LAB sindikatuak deituta, Nafarroa hegoaldeko landa eremuko langileek manifestazioa egin dute gaur eguerdian Iruñean, Ez gara makinak lelopean, negoziatzen ari den Nekazaritza eta Abeltzaintza lan zentroetako hitzarmenean astean bi eguneko atsedena ezar dezaten aldarrikatzeko. Manifestazioa baino lehen, goizean, ibilgailu karabana batek Tutera, Cadreita, Azkoien eta Tafallako errepideak zeharkatu ditu.

LAB sindikatua, Nafarroako landa eremuko langileekin batera, kalera atera da lan-baldintzak hobetu daitezela aldarrikatzeko. Langile horietako gehienek asteko lanaldiak astelehenetik larunbatera egiten dituzte, astean atseden-egun bakarrarekin, eta hori bukatzea da hitzarmenerako aldarrikapen nagusietako bat.

Azken hilabeteetan, sektore agropekuarioko hitzarmena negoziatzen ari da, non LAB sindikatua bigarren indarra baita. Sindikatu honek proposatu zituen zenbait hobekuntza, hitzarmen berriak bete beharrekoak, Nafarroako landako langileen lan-baldintzak hobeak izan zitezen, eta patronalak batzuk onartu zituen, baina oraindik ere garrantzitsuenetako bertze batzuei ezetz erraten die.

LAB sindikatuak behin baino gehiagoetan salatu ditu sektore honen lan-baldintzak. Funtsezko sektorea da, guztiok Nafarroako barazkiak eta haragia jan ahal izatea bermatzen duena bermea, eta orain aukera paregabea dugu baldintza horiek hobetu daitezen borrokatzeko. Soldatez gain (bizitza igotzen den bezala igo behar dira), landa-eremuan lan egiteko baldintzak oso garrantzitsuak dira; lanaldiak eta atsedenaldiak funtsezkoak dira eta, horregatik, lanaldi jarraitua eta astean bi atseden-egun jarraian izatea eskatzen ditugu.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatua mobilizatu egin da gaur, Nafarroako landa eremuko langileekin batera, Tuteratik Tafallarainoko auto karabana batekin lehenbizi, eta manifestazio batekin gero. Nafarroako landa eremuko lan-baldintzak gizarte osoaren erantzukizuna dira, eta horregatik aldarrikatu dugu jaten ditugun elikagaiek eskubidez beteta egon behar dutela.

Odol isuriak ez du etenik: 9 langile hilik 19 egunetan

Atzo eguerdian, Arabako Urizaharran dagoen Ofitas del Cerro de Santutis enpresan, istripu hilgarri berri bat eragin du kapitalismoak. Oraingoan 53 urteko langilea izan da hildakoa. Lehenik eta behin, LABetik gure samina eta lankide, senide eta lagunekiko elkartasuna adierazi nahiko genituzke. Lanak eragindako heriotz bolada izugarria pairatzen ari gara; 2024 honen lehen 19 egunetan dagoeneko 9 dira hildako langileak:

– Garraiolari bat Santurtzin.
– Industriako langilea ateak jota Trapagaranen.
– Nafarroako Erriberan nekazaria trafiko istripuz.
– Arriben eraikuntzako langilea altueretatik erorita.
– Funesen in-itinere.
– Kadreitan garraiolaria istripuz.
– Oreretan eraikuntzako langilea altueretatik erorita
– Garraiolari gipuzkoarra Zaragozan istripuz (urtarrileko lehen astean, atzo jakin genuen).
– Urizaharran, harrobian, makinak harrapatuta

Zerrenda amaigabe honen atzean lan osasuneko araudiaren ez betetze larriak daude. Patronalak bere kabuz ez du araudia betetzen eta inpunitate osoz jarraitzen du zerrenda hau elikatzen, urtero, batez beste, istripuz soilik 60 hildako eraginez, laneko gaixotasunak zenbatu gabe.

Patronalaren inpunitatea ahalbidetzen duen erabaki politikoa dago. Etengabe salatzen dugun moduan, gobernuek lan osasunerako ipintzen dituzten neurriak borondatezkoak dira, ez derrigorrezkoak. Bizitzaren beste esparruetan jarrera koerzitibo zein punitiboa duten gobernuek ez dute gogortasunik erakusten enpresariak isuntzeko garaian. Iaz EAEn trafiko isunak 293.000 izan ziren. Enpresariei prebentzio araudia ez betetzeagatik 700 isun eskasera ez ziren iritsi. Kontuan izan behar dugu datu ofizialek, errepideko eta laneko heriotza kopuru berbera argitaratu zutela. Adibide honek erakusten du enpresariak ez zigortzeko erabakia harturik dagoela eta hau aldatu ezean inpunitatea betikotuko dela. Langileon bizitza merkea da kapitalismoarentzako.

Argi dago gaitz honen konponbidea langileok egiten dugun presio eta mobilizaziotik etorriko dela. Gure bizitza jokoan dago. Horregatik, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNEk osatzen dugun intersindikaletik datorren ostegunean, urtarrillaren 25ean, mobilizazioa egingo dugu Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan 12:30ean.

Osakidetzaren zuzendaritzak arrazakeria instituzionala berretsi du enplegua lortzeari dagokionez

Osakidetzako zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak urteak daramatzate Osakidetzako langile-defiziten eta beraien diskurtso trinunfalistaren arteako oreka bilatzen. Diskurtso horrek osasun-sistema publikoa etengabe indartzen ari direla dio. Bitartean, ondorioak asko dira, baina ondorio guzti horiek kalitatea galtzearekin eta biztanleria gero eta gehiago nazkatzearekin batera doaz.

Hori gutxi balitz, Osakidetzak berriro ere garbi utzi du ez duela inolako errespeturik plantillarekiko eta bertako langile izan nahi dutenekiko, oraingo honetan, kontratazioan eta jatorriagatiko bazterketetan nagusi den arrazismoan sakontzeko neurriekin.

Ez dugu inolako zalantzarik dekretua sinatu dutenek ez dietela minutu bateko hausnarketa eskaini dekretuaren osagai xenofoboei. Hori oso kezkagarria da 40.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten duten eta azken eskaintza publikoaren arabera 100.000 pertsona baino gehiagok lan egin nahi duten erakundearentzat.

Osakidetzak neurri berritzaile gisa saldu nahi du Europar Batasunetik kanpoko langileak zenbait espezialitatetan sartzea, non Osakidetzak, aurreikuspenik eta giza baliabideen politikarik gabe, profesionalen defizita eragin baituen.

Eusko Jaurlaritzak, horrelako neurriak ezartzen dituenean argi uzten du interesa dagoenean atzerritarrei buruzko legea saihesteko bideak daudela.

Trataera hori onartezina da lankide migratzaileentzat. Izan ere, Osakidetzako lanposturen bat lortu nahi duten gainerako lankideen baldintza berdinetan onartu behar da, baina onartezina da ate hori irekitzea eta ixtea, erakundearen zuzendaritzak interesaren bat badu.

Ez da ulergarria mediku batek, adibidez kardiologo bezala lan egin ahal izatea, Osakidetzari bere kudeaketa txarraren lotsak estaltzeko ondo datorkion bitartean, eta pertsona horrek, bere kontratua amaitzean, ezin izatea zeladore postu bat aukeratu, nahiz eta baldintza guztiak bete, nazionalitatea izan ezik.

Zuzendaritzak jatorriaren arabera diskriminatzen jarraituko du, postu desberdinak betetzeko izan ezik, postu horiek prekarioenak ere baitira. Jatorriagatiko diskriminazio hori bezain xenofoboa da dikriminazio hori erlaxatzea egoeraren araberako premien berotasunean eta aldi baterako. Migratzaileak ez dira erabili eta botatzeko pieza bat.

Bestalde, Osakidetzak ez du ezer berririk planteatzen, gauza asko bizi izan ditugu dagoeneko, munduan zehar barreiatuta brigada kubatarrak ikusi ditugu pandemian, sistema kolapsatuak indartzeko, Osakidetza ez da neurri berritzaile bat hartzen ari , gainera, ahalik eta modu txarrenean hartzen ari da.

Osakidetza ordaintzen ari den inprobisazioaren ondorioz, pertsona horiek prestakuntza-prozesu bat hasteko planik ere ez dute, arreta jasoko duten herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu ahal izateko.

Osakidetzako zuzendaritzak noraezean dabilen itsasontzi bat gidatzen dabil aspalditik, erakundeak bizi dituen gabezia handiak ezkutatzen saiatzen diren neurri guztiz inprobisatuekin.

LABek onartezintzat jotzen du neurri hori hartzean dagoen arrazakeria, eta Osakidetzako zuzendaritzari jarrera horiei uko egiteko eskatzen diogu.

7 lan heriotza Euskal Herrian urte hasieratik

Gaur goizean Oreretan beste langile bat hil da altueretako erorketa baten ondorioz. 2024an dagoeneko 7 langile hil dira lan istripuz, eta bi dira erorketetan hildakoak. Hildako langilea obretako segurtasun elementuak ipintzen dituen enpresa bateko langilea zen eta Oreretako etxebizitza baten eraikuntzan izan du istripua. Lehenik eta behin, LABetik gure samina eta lankide senide eta lagunekiko elkartasuna adierazi nahi genuke.

LABek jasotako lehen datuen arabera, obrako azken solairuko behin-behineko segurtasuneko sarea manipulatzen ari zela erori da langilea. Bistan da langileak ez zeramala segurtasun arnesik eta bitarteko sokarik balizko erorikoen aurrean.

Behin eta berriz salatzen ari gara patronalak ez duela obretako araudi berezitua betetzen eta uneoro fase bakoitza ikuskatu behar duten prebentzio teknikariak ez direla obran egoten. Bereziki larria da altueretako lan edo prozesuetan kontrolik edo errekurtso prebentiborik ez egotea, araudiak eskatzen duen bezala.

Onartezina da, hain maiz gertatzen den lan-istripu mota baten aurrean, beharrezkoak diren bitartekoak ez jartzea. Gogoratu behar dugu eraikuntza dela istripu hilgarrietan liderretakoa. Agerikoa da Lan Ikuskaritzak, Osalanek eta gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Praktikan, patronalari ez zaio araudia betearazten eta horren emaitza agerikoa da: bizitzarekin ordaintzen dugu.

Eraikuntzaren sektorean dauden lan baldintza txarrak salatzen ditugu. Lanaldi luzeak, azpikontratazioa, autonomo faltsuak, prestakuntzarik eza, prebentzio-baliabiderik eza… Prekarietatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktorea da.

Argi dago gaitz honen konponbidea langileok egiten dugun presio eta mobilizaziotik etorriko dela. Gure bizitza jokoan dago. Honela, LAB, STEILAS, ESK, HIRU eta EHNEk osatutako intersindikaletik datorren astelehenean, urtarrilaren 22an, 11:30ean Lezo – Oreretako
Altamirako biribilgunean deitu dugun elkarrateratzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Gizarte Ekimeneko milaka langilek Donostiako kaleak bete dituzte 11. greba egunean

LABek ikastoletan lorturikoa Gizarte Ekimenean posible bilakatzeko eskatzen die Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei eta ekiparazioa langileen garaipena dela adierazten du.

Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamaikagarren eguna egin dute gaur Gizarte Ekimeneko langileek. Gaurkoan ere Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimo gehiegizkoen aurrean milaka langile bildu dira Donostiako kaleetan.

LABek berriro ere adierazi nahi du ikastoletan lorturikoa Gizarte ekimeneko mahaira ekarri behar dela eta bide horretan KE eta AICE-IZEA patronalek eduki gehiago ekarri behar dituztela. Zehazki, hurrengoa eskatu du LABek: 2024rako %15etik gorako soldata igoera, 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urteko hezitzaileekin parekatzea, lan-hitzarmenean bermeduna izango den birkokapen klausula jasotzea eta lan zamak jaisteko neurri konkretuak. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu osagarri batzuk gehiago norberaren lanetarako izan behar dira, DBHn ikastoletako lan-hitzarmenean daukaten ordu-lektibo kopurua ekarri beharko lukete mahaira eta Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak behar dira.

LABek patronalei eskatzen die eskakizun gehigarri horiek mahaira ekartzeko eta bere prestasuna adierazten die negoziazioetan jarraitzeko.

Bestetik, adierazi nahi du soldaten ekiparazioa langileek lortu duten garaipen handia dela eta ezin zaiola duen garrantzia kendu ez eta ezkutatu. Ulergaitza da sindikatu batzuk langileen garaipena den ekiparazioaz hitz egin nahi ez izatea, inkluso ezkutatzea. Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek langile publikoek besteko soldata jasotzeaz ari gara, edo benetan nahi da hezkuntzan sare publiko propio bakar bat lortu bitartean langile hauek gutxiago kobratzea? Langileek beste sektore batzuetan (Osakidetzako garbiketako langileak, kolektibitateetako langileak) langile publikoen soldaten ekiparazioa lortu dugunean garaipentzat hartu dute eta zinez uste dugu gurean ere langileen garaipena dela.

LABek mahaian (2021ean osatu zena) duen ordezkaritza 8,34koa izan arren, 2024an %10etik gertu dagoen ordezkaritza lortu du eta bere arduratik hezkuntzako eremu ezberdinetan borrokatzen ari dena borrokatzen dabil Gizarte ekimenean ere.

Guzti hau esanda, 2027an ekiparazioa eskuratzeko proposamenean 2024rako eros-ahalmena bermatzen duen soldata-igoera behar dugula adierazi nahi dugu eta patronalei hori bermatzeko igoera egin dezaten eskatu.

Bitartean, gainerako sindikatuekin batera greba eta mobilizazio dinamiketan jarraituko dugu, diskurtso propioarekin langileek behar dutena eskuratu arte.

Laudioko herritar baten heriotzak agerian uzten du Osakidetzak arriskuan jartzen gaituela Etengabeko Arretarako Guneak eraisteko politikarekin

Beste behin ere, Osakidetzako zuzendaritzak inposatzen digun osasun-kudeaketaren eredua salatzeko arrazoiak ditugu, honek arriskuan jartzen baitu langileen eta herritarren osasuna, LABen aspalditik ohartarazi eta salatu izan duguna. Oraingoan, albisterik txarrenaren aurrean gaude, ostiralean Laudioko Etengabeko Arretarako Gunean (EAG) bizitza galdu zuen gaztea medikurik gabe artatu behar izan baitzuten. Honela, jendarteari zein Osakidetzako langileei bihar 18:00etan Laudioko Udaletxeko plazatik aterako den manifestaziora joateko gonbidapena luzatzen diegu, osasun sistema publiko eta duin baten alde.

EAGen egoera jasanezina da hainbat arrazoirengatik (langilerik eza, ordutegi-murrizketak, aldi baterako edo behin betiko itxierak, zerbitzu batzuen pribatizazioa…), baina EAGak profesional medikorik gabe irekitzeak egoera hori irmoki salatzera eraman gaitu, pasa den maiatzean Laudioko osasun zentroan bertan egin genuen bezala. LABen ustez, EAGetan medikurik ez egotea pertsonen bizitza arriskuan jartzea da, are gehiago, larrialdietan ere medikurik ez badago.
Gainera, arduraz ikusten dugu zelarien eta erizainen osasuna; izan ere, langile medikorik gabe artatzen ari dira, beren lanari estres handia gehituz, larrialdi-egoeretan profesional mediko baten figura ezinbestekoa baita. Hilabeteak dira EAGetan arrisku psikosozialei buruzko azterlan bat eskatu genuela. Eskaera horrek ez du erantzunik jaso, eta, beraz, Osakidetza da langileon tratu txarren eta gu babes gabe uztearen erantzule.

Osakidetzako zuzendaritzak, pribatizatzeko eta eraisteko ahaleginean, kudeaketa arduragabea egiten du, behar diren profesionalen hornidurarik gabeko zerbitzu batek arriskuan jartzen baitu gure osasuna. LABek askotan salatu du zuzendaritzak egoera hau normaltzeko egiten duten ahalegina. Horregatik, beste askotan bezala, katastrofista izatea leporatu digute, osasun publikoa gutxietsi nahi izatea.

Lan-gainkarga, lan-baldintza prekarioak eta langile-falta ez dira arazo berriak osasun publikoaren eremuan. Zoritxarrez, pertsona baten heriotzak agerian utzi du Osakidetzako giza baliabideen politikak erabateko babes faltan uzten gaituela.

LABek premiazko deia egin dio Osakidetzako Zuzendaritzari, berehalako neurriak har ditzan. Premiazkoa da medikuen kontratazioa handitzea eta lan-baldintzak hobetzea, herritarrek kalitatezko osasun-arreta jasoko dutela bermatzeko.

Guzti honengatik, bai jendarteari, bai Osakidetzako langileei bihar 18:00etan Laudioko Udaletxeko plazatik aterako den manifestaziora joateko gonbidapena luzatzen diegu.

Euskal Herria harrera herria dela adierazi eta irmoki salatu nahi ditugu jarrera esplotatzaileak

Atzoko berriaren harira, zeinaren arabera gizon bat atxilotua izan baitzen 49 migratzaile baldintza osasungaitzetan edukitzeagatik eta miseriazko lan baldintzetan izateagatik, LAB sindikatutik adierazi nahi dugu sistema arrazista eta kapitalista basatiak beste behin ere bere aurpegi gordin eta krudelena erakutsi digula. Sistema hau da lehenengo eta bigarren mailako herritarrak bereizten dituena, eta hau posible izateko Atzerritartasun Legea bezalako tresnak ditu martxan, atzerritarrak egoera irregularrean bizitzea indartzen duen legea, hain zuzen ere.

LABetik irmoki salatu nahi ditugu honelako jarrera esplotatzaileak, eta erabat gaitzetsi nahi ditugu honelako jokabide makur eta ankerrak. Honekin batera, gertakari hau ez dela kasu isolatua esan nahi dugu, gertakari hauek era sistematikoan ematen dira eta sistema kapitalista eta arrazista batek sorturiko egoera bezala ulertu behar ditugu. Izan ere, sistemari langileak muturreko pobrezian egotea interesatzen zaio, zaurgarritasun egoeran dauden langileak esplotatzea oso errentagarria baita esplotatzaileentzat.

Ezin dugu ahaztu patronalak zein Gasteizko gobernuak migrazio politikak beraien beharren arabera moldatzeko adierazpenak egin dituztela, lan sektore zehatzetarako migrazioa beharrezkoa dela uste dutelako, horretarako behar diren baimenak eskatuz (patronalak ostalaritzan eta publikoan medikuak). Honen ondorioz, migrazioa eskubide unibertsal baino, kapitalaren logikaren eta gutxi batzuen etekinei mesede egingo dien erabaki politikoen arabera antolatu nahi dute.

Azkenik, muturreko adierazpen hauek gure herrian ez ezik Europa osoan hedatzen ari den tendentzia baten parte direla aipatu nahiko genuke, alegia, faxismoa eta arrazakeriaren zabalpena. Honen aurrean, LABek sindikalgintza antirrazista eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, eskubide guztiak pertsona guztientzat izatea abiapuntutzat hartuta.

Arabako zurgintzaren industriako taulen eguneratzea sinatu da, %10,8ko berrikuspenarekin

Gainera, otsaila finkatu da gaur egungoa berrituko duen hitzarmena negoziatzen hasteko.

Gaur, 2024ko urtarrilaren 17an, Arabako zurgintzaren industriako soldata-taulak eguneratu dira, 2023ko taulen gaineko %10,8ko berrikuspenarekin. Horrela, 2021-2023 urteetarako hitzarmenean sinatu zen KPIa berrikusteko klausula betetzen da. Bertan erabaki zen indarraldiko urteetako KPIa adostutako igoerak baino handiagoa bazen, hura amaitzean desberdintasunak eguneratuko zirela.

LAB sindikatuak negoziazioan izan zuen paper erabakigarria gogoratu nahi dugu, aurreko hitzarmenean (2016-2018) galdu zen KPIaren erreferentzia berreskuratuz. Aurreko hitzarmen hau ez genuen sinatu. Hitzarmenaren aurreakordioa sinatu zenean, 2021eko uztailean, 2020ko KPIa -%0,5 zen, eta uztaileko metatua %1,8. Ezin zen aurreikusi indize hori urte hartako azken hiruhilekoan eta hurrengoetan gertatu bezala asko igoko zenik; beraz, are garrantzitsuagoa da adierazle hori berreskuratzeko mahaian egin genuen presioa, beste hitzarmen batzuen oinarri ere izan baita.

Gainera, aurreko hitzarmenean San Joseren ordainsaria finkatu zen, 20 egunetik 30era (ordainsari osoa). Horrek guztiak ekarri du Arabako zuraren industriaren hitzarmena aplikatzen zaien pertsonei soldatak %18 igoko zaizkiela, aurreko hitzarmenean argitaratutako azken taularen aldean. LABek negoziazio mahaian egindako lanari esker, Arabako zurgintzan lan egiten duten pertsonek euren erosteko ahalmena bermatuta ikusi dute. Izan ere, LABentzat ez da nahikoa akordioa erdiestea soilik: akordioak ONA izan behar du.

Era berean, eta egungo hitzarmenaren indarraldia amaitu ondoren, bi alderdiek hitzordua jarri dugu otsailerako hitzarmen berria negoziatzen hasteko. LABen argi daukagu nondik pasatzen diren hitzarmen berri baten edukiak, besteak beste:

    • KPIaren erreferentziak dituzten igoerak.

    • Orduen jaitsiera.

    • Hobekuntzak kontziliazioan.

    • Aldi Baterako Ezintasunen osagarriak hobetzea.

    • Sektorearen desberdintasunarekin amaitzea.

Orain borrokatzea tokatzen da. Izan ere, mobilizazioa eta borroka dira sektorearentzako hitzarmen duin baten berme bakarrak. Horregatik, LABek negoziazioaren garapenari buruzko informazioa emango die zurgintzan lan egiten duten pertsonei, eta dinamika ezberdinetan parte hartzera animatzen gaitu, negoziazioa bultzatze aldera. Sektoreko lehen indarra izateak ematen digun aukerarekin, erantzukizunez eta anbizioz.

Jaurlaritzak aurreko grebetako zerbitzu minimoak gainditu dituela salatu dugu, eta hala ere Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek kaleak bete dituztela adierazi

Ikastoletan posible izan dena Gizarte Ekimenean posible bilakatu behar dela diogu eta Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei ekiparazioa eskuratu bitartean 2024rako erosahalmena bermatzea, lan zamak arintzea eta sektore feminizatu eta baldintza prekarizatuenetako langileentzat hobekuntzak eskatu dizkiegu.

Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamargarren eguna egin dute gaur Gizarte Ekimeneko langileek, eta gaurkoan ere milaka lagun atera dira Bilboko, Donostiako eta Gasteizko mobilizazioetan.

LABen ustez patronalek bileretara edukiak ekarri ditu, baina oraingoz ez nahikoak direnak. Norabide horretan 2024rako %15etik gorako soldata igoera eskatu diegu, 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urteko hezitzaileekin parekatzea, lan-hitzarmenean bermeduna izango den birkokapen klausula jasotzea eta lan zamak jaisteko neurri konkretuak. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu osagarri batzuk gehiago norberaren lanetarako izan behar dira, DBHn ikastoletako lan-hitzarmenean daukaten ordu-lektibo kopurua ekarri beharko lukete mahaira eta Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak behar dira.

LABek patronalei eskatzen die edukietan mahaira eskaturiko eskakizun gehigarri horiek ekartzeko eta bere prestasuna adierazi negoziazioetan jarraitzeko. Atzo Ikastoletan sinaturiko akordioa Gizarte Ekimenean lortzeko eta sinatzeko baldintzak jarriz, lan-hitzarmen berria lortzeko norabidean kokatuko gintezke.

Bestetik, salatu nahi dugu Jaurlaritzak atzo aditzera eman zituen gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla eta aurreko grebetako zerbitzu minimoak gainditu dituztela. Honek Hezkuntza Laguntza Espezialistei greba eskubidea ukatu die eta onartezina da. Hori dela eta, bide juridikoari helduko diogula adierazten dugu.

Bukatzeko, adierazten dugu gainerako sindikatuekin batera beste lau greba egun deitu ditugula urtarrilaren 18, 23, 24 eta 25ean. Biharko egunean 11.30etan Donostiako Aldapeta ikastetxean elkartuko gara.