2026-07-05
Blog Page 209

Bertako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata lortzeko bidean urrats berriak emango ditugu

LABek iniziatiba berriak hartuko ditu bertako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) lortzeko bidean. Sindikatu eta patronalen adostasuna beharko lukeen Akordio Markoa erdiestea da gure proposamena, lan harreman guztientzat gutxieneko 1.400 euroko soldata ezartzeko helburuz. EAEko parlamentuak Eusko Jaurlaritza interpelatu zuen helburu horren alde urratsak emateko. Bide horretan, gainerako sindikatuei, Confebaski zein Eusko Jaurlaritzari bilkurak eskatuko dizkiegu bide hau egiteko dauden balizko adostasunak arakatu eta urrats berriak emateko helburuarekin.

Madrilen iragarri zuten Estatu mailako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata %5ean igotzea gauzatu berri da. Igoera positiboa bada ere, gutxieneko soldata horrek ez du egungo errealitatean bizitza duina bermatzen, erabat eznahikoa baita. Zer esanik ez Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari erreparatuz gero; izan ere, urrun geratzen da gure egunerokotik gaur Madrildik inposatu nahi diguten gutxieneko soldata, urrun LABek aldarrikatzen duen eta Europako Karta Sozialaren jarraibideen arabera 1.400 eurokoa litzatekeen gutxieneko soldatatik.

Hego Euskal Herriko langileriak bertako LGS bat behar du, premia du horretarako. Milaka dira hileko 1.400 euroko soldatara iristen ez diren langileak, milaka euren oinarrizko beharrizanak bermatuta ez dituzten langileak. Hego Euskal Herriko langileen artean bitik batek ez du bere beharrak asetuko dituen behar besteko diru-sarrerarik: langabezian dagoelako, ez daukalako enplegurik edo 1.400 euro azpiko soldatak dituelako.

LAB premia horri erantzungo dion iniziatibak hartzera doa. EAEko Parlamentuak 2023ko martxoan Eusko Jaurlaritza EAE mailako gutxieneko soldataren akordio bat bultzatzera interpelatu zuen. Ordutik ez da bide hori garatzeko urratsik eman ez Eusko Jaurlaritzaren aldetik eta ezta patronalaren eskutik ere. Hutsune horren aurrean, LAB izango da EAE-n iniziatiba hartuko duena: gainerako sindikatuei bilerak eskatuko dizkiegu gai hori lantzeko, baita Eusko Jaurlaritza eta Confebask-i ere. Nafarroan ere lanean jarraituko dugu gutxieneko hileko 1.400 euroko soldata lortzeko helburuz.

Gure proposamena lan harreman guztiak arautuko dituen Akordio Marko bat egitea da. Bertako sindikatu eta patronal nagusien artean adostu beharko afera litzateke, zuzenean lan-harreman orori aplikagarri izango litzaiokeen gutxieneko soldata propioa lortzea helburu.

LABetik bide horretan jarraituko dugu lanean, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparru propioa xede, pausuak eman ditzagun gutxieneko soldata propioaren erdieste bidean.

Confebask eta Cebek patronalen aurrean mobilizatu gara EAEko kimika sektorean hitzarmen bat negoziatzeko duten borondate eza salatzeko

Gaur, LAB sindikatua CONFEBASK eta CEBEK patronalen aurrean mobilizatu da Bilbon, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kimika sektoreko 20.000 langileen lan baldintzak hemen negoziatzeko borondate eza salatzeko. Patronalek urtarrilaren 10erako sektoreko sindikatu nagusiek egin genuen bilera deialdira joateari uko egin ondoren etorri da mobilizazio hau. Bilera horren helburua kimikaren sektoreko lehen hitzarmen autonomikoaren negoziazio mahaia eratzea zen.

LABentzat, bertako hitzarmenak estatuko hitzarmenetatik blindatzea lehentasunezko borroka izan da beti. Alegia, negoziatzeko eskubidea hemen mantentzeak langileontzat lan baldintzak hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Aldarrikapen horrekin bat datoz EAEko kimika sektoreko langileak, eta hala erakusten dute sektoreko erreferentziazko enpresetan jaso ditugun 100 mozioek eta Bizkaiko ordezkariekin batera gaur egindako mobilizazioak.

LABen prest gaude hitzarmen honen aldeko borroka azken muturreraino eramateko. Helburu hau aliantzen eta sektoreko langile guztien aktibazioaren bidez lortuko da. Ildo horretan, LAB, sektoreko gainerako gehiengo sindikalarekin batera, ADEGI eta SEA patronalen aurrean mobilizatuko da datozen asteetan.

Mecanerreko borroka eta alternatiba ekosozial baten proposamena txanpon beraren bi aldeak dira

Enplegu-Erregulazioko Espedientearen kontsultaldia hasteko hilabete falta dela, fase erabakigarrian gaude, bai Mecanerren etorkizuna, bai eskualdearen eta haren industria-ehuna jokoan daudelako. Horregatik, LABeko eta ESKko Atal Sindikalok (gehiengoa dugu batzordean) egoerari buruzko gure irakurketa plazaratu nahi dugu.

LABek eta ESK-k argi daukagu, amore ez emateko erabakia hartu dugu, oraindik badago partida jokatzeko. Azkeneraino jarraituko dugu borrokan Mecanerren etorkizunagatik eta bere lanpostuengatik. Horregatik, gure estrategia, Mecanerren bideragarritasuna frogatzea, itxierari alternatibak bilatzea, eta langile guztiei mesede egingo dien irtenbide kolektibo baten alde borrokatzea izan da eta izaten jarraitzen du.

Horretan aurrera egin dugu nabarmen azken asteetan; mobilizatu egin gara Stellantis gurekin negoziatzera eser dadin, grebak eta piketeak egin ditugu, udalekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta alderdi politikoekin bildu gara, hitzaldiak eta aurkezpenak antolatu ditugu maila sozialean. Eta aditu batek egindako txosten bat egiten ari gara, teknikoki pisua izango duena kontsulta-aldiari begira eta ikuspegi ekosozialetik alternatibak bilatzeko tresna izango dena. Txosten hau ezinbesteko lan-tresna da lantegiaren bideragarritasuna frogatzeko eta Eusko Jaurlaritzari prozesuan laguntzeko eta inplikatzeko exijitzeko, trantsizioaren aldeko apustua egin dezan eta bere industria-ehuna defendatu dezan. Eta era berean, Stellantis Mecaner irekita mantentzera behartzeko tresna bat da.

LABeko eta ESK-ko Atal Sindikalek Mecaner ixtea saihesteko borrokan jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, Stellantis interpelatzen, alternatibak bilatzen eta Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei erantzukizuna bere gain har dezatela eskatzen. Eta hori langileria batu eta irmo batekin egin nahi dugu, bere etorkizunaren alde borrokatzeko eta bere industria-ehuna defendatzeko prest dagoen eskualde batekin batera.

Horregatik, otsailaren 8an, ostegunean, egingo den langileen asanbladan proposamen hau egingo dugu bi atal sindikaletatik:

  • 2 greba-egun eta asteroko mobilizazioak, kontsulta-aldira arte, irailaren 1ean hasi genuen prozesuari eta borrokari ekarpena egiteko.
  • Urdulizen manifestazio handi bat antolatzea Mecanerren deslokalizazioaren eta itxieraren aurka. Indarrak batzeko unea da, Mecanerren itxiera saihesteko eta alternatibak bilatzeko, ahalik eta babes sozial politiko eta instituzional handiena bilatuz.

  • Erakundeei dei egiten diegu beren esku dagoen guztia egin dezaten, eta herritarrei itxieraren aurkako eta Mecanerrentzat alternatiba ekosozial baten aldeko borrokan parte har dezaten.

LABen akordio laboralak posible egin du Gizarte Ekimeneko mahaian aurkezturiko proposamena baina soldaten ekiparazioa baztertu denez ez du sinatu aurre-akordioa eta bere oinarriekin baloratuko du

Lan-hitzarmen berri baterako aurre-akordioan LABek ekainaren 1eko akordio laboralean adostu zituen enplegua mantentzeko neurriak jaso dira, lan zametan eta birkokapen prozesuetan aurrerapausoak daude, baina ekiparazioari uko egin zaio.

Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamalau greba egun egin ondoren, langileen indarraren ondorioz patronalak mugiarazi ditugu eta azkenik lan-hitzarmen berri baterako oinarriak jartzen dituen proposamena aurkeztu da. Aurrekoakordioan jasotakoen artean dago gizarte ekimeneko langileen soldaten %16ko igoera. Halaber, LABek ez du ulertzen zergatik uko egin zaion mahai gainean zegoen langile publikoekiko soldaten ekiparazioari, %18ko eta %20ko igoerei, hain zuzen ere. LABen ustez langileen borrokaren ondoriozkoa den garaipen nagusienetakoa den honi uko egin diote gainerako sindikatuek patronalek ontzat ematen bazuten ere. Gauzak horrela, LABek aurreko akordioa ez du sinatu eta bere oinarriekin baloratuko du erabaki definitiboa hartzeko.

Horretaz gain, aurre akordioak hurrengoak jasotzen ditu:

  • Administrazio eta Zerbitzuetako langileei 25 orduko lanaldi murrizketa; ez dozente titulatuei, haur hezkuntzako lehen zikloko irakasleei eta hezkuntza laguntza espezialistei 20 orduko lanaldi murrizketak; eta haur hezitzaileei 38 orduko lanaldi murrizketa.
  • Berehalakoak diren lan-zamak arintzeko neurrietan 24-25 ikasturtean etapa guztietan ordu osagarri bat gutxiago hau norberaren lanetarako izanik.
  • Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak.
  • Birkokapen akordioa bermeduna izateko ikastoletan bezalaxe lan-hitzarmenean txertatzeko klausula ezberdinak jaso dira, besteen artean sektorean langilearen antzinatasuna aitortuz.
  • Ikastoletan bezalaxe jaiotze-tasaren jaitsieraren aurrean enplegua mantentzeko prozedura jasotzen du akordioak. Akordioaren ondorioz, ondorengo hilabeteetan negoziatu eta adostuko dira kategoria berriei dagozkien lanpostuak euskara eta hizkuntza gaitasuna indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleei arreta hobetzeko, hezkuntza berrikuntzan sakontzeko, kudeaketa hobetzeko eta langileen lan zamak arintzeko neurri berriak. Eta horrekin batera, 60 urtetik gorako langileen gazte berritze planak gauzatzeko neurri zehatzen azterketa ere.
  • Bukatzeko, LABek greba eta mobilizazioetan parte hartu duten langileak zoriondu nahi ditu eta lan-hitzarmenaren zein enplegua mantentzeko neurrien garapenean orain arte bezala era aktibo batean parte hartuko duela adierazi. Halaber, patronalei adierazten die akordio honen gauzatzean arreta berezia jarriko duela, Gizarte ekimeneko langileek dagokiena lortzeko borrokatuz eta hezkuntzako sare publiko bakar, propio eta deszentralizatua eskuratzeko bidean langile guztiei eskaintza integrala eginez.

Eusko Legebiltzarrak DSBEren bidez pentsio baxuenak ofizioz osagarritzeari uko egin izana salatzen dugu

Otsailaren 1ean, Eusko Legebiltzarrak berriz ere baztertu zuen pentsio baxuenak DSBEren bidez ofizioz osagarritzeko aukera. Hau da, ezarritako baldintzak betetzen dituzten pentsiodunek prestazioa jasotzeko eskaera izapidetu behar izan gabe. LABen defendatzen dugu DSBE ez dela pentsioak osatzeko metodo egokia, enpleguko eta gizarte-segurantzako politikek bermatu behar dituztelako erretiro duinerako baldintzak. Hala ere, Espainiako pentsio-sistemak aurreikusitako murrizketen bidez, premiazkoa iruditzen zaigu Euskal Herriko pentsiodunak ezartzen zaien prekaritatetik ateratzea.

2023an DSBEa jasotzen zuten pertsonen kopuruak gora egin du, 2022ko kopuruarekin alderatuta, eta gaur egun 55 mila pertsonak baino gehiagok kobratzen dute prestazio hori. Hala ere, duela bi urte, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Europako Sareak (EAPN Euskadi) ohartarazi zuen 30 mila pentsiodun izan zitezkeela, pobrezia-egoeran edo pobrezia-arriskuan egoteagatik prestazioa jasotzeko eskubidea izanik, eskatzen ez zutenak; hau da, DSBE jasotzen zutenen erdia baino gehiago.

Datu horiei gehitu behar zaie 1.080 eurotik beherako pentsioa jasotzen dutenen artean % 65 baino gehiago emakumeak* direla. Hala ere, Lanbideren datuen arabera, 2023ko azaroan 14.179 pentsiodunek soilik osagarritzen zituzten pentsioak DSBEarekin (8.628 emakumek* eta 5.551 gizonek).

Hainbat arrazoi daude pentsiodun askok pentsioaren osagarria ez eskuratzeko. Horien artean daude administrazioak eskubide horri buruz emandako informazio eskasa, haren izapidetzearen digitalizazio eta konplexutasun gero eta handiagoa, eta babes eta inklusiorako sistemaren inguruan, bereziki DSBEaren inguruan, eraikitako aurreiritzi aporofobo, xenofobo eta arrazistak. Aurreiritzi horiek indartu egin dituzte EAJk eta PSEk onartutako diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemari buruzko legearen erreformak eta joan den urtarrilean indarrean sartu zen DSBEaren azken erregelamenduak.

Euskal Herrian bizi eta lan baldintzak gogortzen ari diren unean, Eusko Legebiltzarraren erabakia arbuiatzen dugu, EAJ, PSE eta EP-IUren botoekin hartutakoa eta EH Bilduk aurkeztutako proposamena baztertzen zuena, eskubide hori duten pentsiodunei DSBEa ofizioz ordaintzea ukatzeko. Erabaki horrek DSBEaren eraginkortasuna mugatzeaz gain, adinekoei ezarritako kalteberatasuna handitzen du. Bereziki, pentsioetan ere islatzen den soldata-arrakalaren ondorioz, erabaki horrek gehien eragingo dienak emakumeak* izango dira. Erabaki horrek lehentasuna ematen dio “gastuaren” kontrolari, pertsonen babesari baino, eta Eusko Jaurlaritzak pobreziari aurre egin nahi ez izateko, baizik eta ezkutatzeko duen asmo historikoa errepikatzen du.

Ezin dugu ahaztu Espainiako Gobernuak eta sindikatu eta patronalek onartu duten pentsioen azken erreformak aurreikusten duela 2024rako 65 urtetik gorakoentzako kotizaziopeko gutxieneko erretiro-pentsioa hilean 825 eurokoa izango dela, bere kargura bikotekiderik ez badago, eta 1.033 eurokoa, halakorik badu. Kotizazio gabeko gutxieneko pentsioa, gehienbat emakumeek* jasotzen dutena, hilean 517 euro eskasekoa izango da. Pentsio-sistema horrek pobrezia eta desberdinkeriak sortzen ditu, eta, horren ondorioz, gaur egun, Eusko Jaurlaritzak gizarteratzeko tresnen bidez osatzen ditu pentsioak, hala nola DSBEaren bidez.

LABen uste dugu pentsioak eta soldatak bereizi ezin diren eskubideak direla. Horregatik, urteak daramatzagu gutxieneko pentsioaren zenbatekoak LGS erreferentzia izan behar duela aldarrikatzen. Gainera, zenbateko horrek gutxienez 1.080 eurokoa izan beharko luke 14 ordainsaritan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak planteatzen duenaren arabera, betiere euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak defendatutako 1.260 euroen helburua kontuan hartuta.

LABen apustua pentsioen sistema publiko eta propioa bermatzea da, lan-baldintza duinen bidez bidezko pentsioak bermatuko dituena. Bide hori hemen eta orain eraikitzen dugu, Euskal Herriarentzako estatus politiko berri baten eraikuntza eta dauden eskumenetatik abiatuta eskubideen aldarrikapena uztartuz. Horregatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarraren erabakia salatzen dugu; izan ere, sistematikoki, ez ditu aintzat hartzen euskal langileria osoak eta, bereziki, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako aldarrikapenak.

Dualizazio sozialari aurre egiteko, banaketa hirukoitza aldarrikatu dugu

Gaur Bilbon eginiko prentsaurrekoan, euskal langileen inguruko argazkia biltzen duen Ikusmiran informea aurkeztu du LABek. Edurne Larrañaga Ipar Hegoako kideak azterketa horren ondorio nagusiak aurkeztu ditu.

Lehenik eta behin, azterketaren ondorio nagusi gisa, lan eta bizi baldintzen prekarizazio orokortuak, jendartearen dualizazioan sakontzen duela azpimarratu dugu. Lan baldintza duinak edo oso onak dituztenen eta kaskarrak dituztenen arteko aldea gero eta handiagoa da. Afiliazioaren %73,3a prekaritatea nagusi den zerbitzuen sektorekoa den bitartean, 2008. urteko krisialdiaren ondorioz eraikuntza zein industria sektorean suntsitu zen enplegu kopurua berreskuratu gabe jarraitzen dugu.

Bigarrenik, nabarmenduko genuke langabeziak aspaldi utzi ziola lan merkatu zein enpleguaren joera adierazle izateari. Langabeziak behera egin arren, 2 herritarretik 1 prekaritate ekonomiko egoeran dago, bizitza duinerako diru-sarrera nahikorik gabe, enplegua izan arren.

Hirugarrenik, eta azken hilabeteetan behin eta berriro salatzen ari garen moduan, enpleguaren kalitatea lehen mailako kezka iturria bilakatu da. Sortzen den enplegua, lan baldintza prekarioak nagusi diren zerbitzuen sektorean sortzen ari da; langabeziaren beherakadarik nabarmenena egoera zaurgarrian dauden kolektiboetan jazo den bitartean.

Laugarrenik, emakumea* lanaldi bikoitz prekariora behartzen du sistemak. Izan ere, etxeko lanetara emanda dauden gero eta emakume* gehiagok lan merkatu prekarioranzko igarobidea egin dutela ikusten ari gara (21.700 emakume*, hain zuzen ere), bizi unitateen egoera ekonomiko kaskarrak behartuta, zaintza lanen ardura nagusia mantenduz.

Amaitzeko, aberastasunaren banaketaren bidez aukera berdintasuna ez da bermatzen eta herritarren arteko desberdinkeriak handituz doaz. Bizitzaren garestitzearen aurrean, langile zein pentsionisten erosahalmenaren galera izan dugu. Etxeko kontsumoa beherantz doa, oinarrizko produktuetan gehiago gastatzen den bitartean. Etxebizitza gastuen igoera herritarren ongizatea itotzen ari da, bereziki egoera zaurgarrian dauden herritarren artean. Hego Euskal Herrian 439.580 herritar daude pobrezia eta bazterketa sozial arriskuan, emakumeen* arrisku tasa handiagoa izanik eta etengabe handitzen ari delarik.

Banaketa hirukoitza: dualizazioari aurre egin eta zaintza erdigunean jartzen duen proposamen sindikala

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok dualizazio eta pobretze prozesuari aurre egiteko LABen proposamena jarri du mahai gainean: banaketa hirukoitza, hots, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa. Banaketa hirukoitza lanaren berrantolaketarako proposamen bat da, zaintza lanak erdigunean jartzen dituena; eta era berean, baliabideen birbanaketarako proposamena da, planetaren muga biofisikoak agerian geratzen ari diren testuinguru batean. Funtsean, jarduera ekonomikoa gutxi batzuen interesak puztera bideratuta egotetik, herritar guztiei lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko bernorabidetzea da LABek proposatzen duena.

Arroyok nabarmendu duenez, Greba Feminista Orokorrak bi erronka jarri ditu agendaren erdigunean: batetik, bereziki emakumeek* egiten dituzten zaintza lanak ikustarazi ditu, horiek aitortu eta banatzeko premia nabarmenduz; bestetik, zaintzarako eskubide unibertsala bermatuko duen sistema publiko komunitarioaren beharra mahai gaineratu du. Bi erronka horien inguruko akordio soziala egitea da orain Mugimendu Feministaren proposamena. Banaketa hirukoitzaren proposamena bi erronka horiei erantzuten dien proposamen sindikala da. Datorren ostegunean, otsailaren 8an, mintegi sozioekonomikoa antolatu du LABek gai honetan sakontzeko asmoz.

Proposamenaren gakoak

Enplegua eta zaintza lan ez profesionalizatua herritar guztioi dagozkigun bi lan parekidetzat jo behar dira, jendarteari egiten dizkiogun bi ekarpen. Izan ere, enpleguaren bidez, sozialki beharrezkoak diren ondasun (elikagaiak, azpiegiturak, tresneria) eta zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, zaintza profesionalizatua, oinarrizko gaien hornikuntza) sortzen ditugu. Enplegu izaerarik gabeko zaintza lanen bidez, berriz, egunerokoan, gure inguru sozialean, bizitza sostengatzea ahalbidetzen dugu.

Enplegua, administrazioak herritar guztiei bermatu beharreko eskubidea da eta, hala egin ezean, kotizatuko duen gutxieneko soldataren adinako kalteordaina ordaindu beharko du. Honela, langile guztiok 1.400 euroko gutxieneko soldata izan behar dugu bermatua. Honekin batera, 1:3 proportziora mugatutako gehieneko soldata nahiz plusbaliaren mugapena proposatzen du LABek, desberdintasunak murrizteko asmoz.

Zaintza lanek dagokien lekua har dezaten, enpleguari eskainitako denbora murriztu beharra dago (30 orduko lanaldia) eta enplegu izaerarik gabeko zaintza lanaldiaren inguruko eztabaida soziala ireki: zaintza lanetan ere finkatu beharko litzateke gehienezko lanaldirik? Gutxienekorik? Nola egin liteke zaintza lanaldiaren jarraipena?

Honekin batera, bizitzaren une batzuetan, zaintza lanak enpleguarekiko lehentasuna hartzeko aukera arautu beharra dago. Gaur egun soldatarik eta kotizaziorik gabeko eszedentziaren aukera besterik ez dago; LABek egindako Euskal Lan Kodearen proposamenean, berriz, zaintzagatiko etetea hartzeko aukera legoke, osoki edo partzialki, beti ere borondatez eta erantzunkidetasunez. Zaintzagatiko lan hori ordainduko litzateke (eta kotizatu egingo luke), Euskal Herriko soldaten bataz bestekoa adina (2021ean 2330 euro gordin 14 ordainsaritan). Zaintzagatiko etetea finantzatu ahal izateko zaintzarako funts komunitario solidario bat sortuko litzateke (enplegatuen kotizazioak, patronalarenak eta administrazioarenak).

Ondasunaren banaketari dagokionez, lan esparruan soldaten bidez egin beharreko banaketari, politika publikoen bidez egin beharrekoa gehitzen zaio. Zerga politika progresibo baten bidez, herritar guztien osasun, zaintza, hezkuntza edota etxebizitzarako eskubidea bermatuko dituzten politika publikoak ezarri behar dira. Premiazkoa da, ildo honetan, Osakidetzan inbertitzea, eskola publikoan ardatz gisa indartzea eta Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eratzea, azken Greba Feminista Orokorrean aipatu bezala.

Urratsak ematen jarraitzen dugu Nafarroako Hezkuntza Sailarekin negoziazio prozesuan aurrera egiteko

Agerraldia egin dugu Nafarroako hezkuntza publikoko LAB, STEILAS, ANPE, AFAPNA, CCOO eta UGT sindikatuok eta jakinarazi dugu joan den abenduaren 20an, bilera bat eskatu geniola Hezkuntza Departamentuari, aspalditik datozen eta Hezkuntza publikoko irakasleak kezkatzen dituzten planteamenduei modu monografikoan heltzeko. Hitzordua, hala ere, ez zen urtarrilaren 22ra arte iritsi, hau da, urtarrilaren 19an, ostirala, Nafarroako aurrekontu orokorren proiektua Parlamentuan aurkeztu ondoren. Horrenbestez, ezinezkoa izan zen datorren 24-25. ikasturtean irakasleen egoera eta hezkuntzaren kalitatea hobetuko duten aurrekontu-partidak sartzea. Maniobra atzeratzailea?

Bileraren lehen minutuetan, Kontseilariak azaldu zuen planteatutako gaiei heltzeko prest zegoela, baita akordioak lortzeko ere, “letra larriz, errealistaz eta serioz idatzitako negoziazio batean”. Beraz, sindikatuok kezkatzen gaituzten gaien inguruko plataforma bat adostu dugu, eta Departamentuari helarazi diogu, negoziazio horri hasiera emateko eskatuz. Espero dugu Kontseilariak bertan jarraituko duela, afera larriz baita xeheez ere hitz egiteko.

Egia esan, hezkuntza-arloan konplexutasun handiko unean gaude (legegintza- eta curriculum-paradigma berria, ikasgeletako aniztasun nabarmena, matrikula bizia…), eta gero eta erronka handiagoak ditugu, eta, jakina, horretarako, ezinbestekoa da hainbat motatako hobekuntza egitea. Agerikoa da lan-hobekuntzek, Nafarroako Hezkuntzako arduradun nagusiak uste duenaren aurka, kalitatearen igoera ekarriko luketela zuzeneko ondorio gisa; zorioneko kalitatea gaur egun ISO parametroetan eta Excel tauletan baino ez da neurtzen.

Hori dela eta, lehenik eta behin, ratioen murrizketa lineala eskatzen dugu, ikasleei merezi duten arreta eman ahal izateko: eztabaidaezina da talde bakoitzeko ikasle kopuru txikiago batek arreta hobetzen duela eta, beraz, hezkuntza-kalitatean eragin positiboa duela. Hala ere, badakigu zaila dela neurri hori aldi berean hartzea maila eta etapa guztietan, eta, horregatik, ia estreinatu berri den legegintzaldi honetan modu mailakatuan egiteko prest gaudela adierazi dugu – hala adierazi genion Kontselariari bileran –. Departamentuak jaitsieraren kostua etapa guztietan 131 milioitan zenbatu bazuen ere, ez zigun zehaztu nola iristen den arraro egiten zaigun zifra horretara; izan ere, Kontseilariak berak azken urtean errepikatu du Nafarroako batez besteko ratioa ez dela altua. Sinetsi behar badiogu, argi dago kostua ez datorrela bat sindikatuak isilarazteko erabilitako zifra horrekin. Hala ere, urte desberdinetan ratioak murrizteari ekiteko prest gaudela berretsi nahi dugu. Gainera, Kontselariaren iritziarekin bat gatoz, hezkuntza-premia espezifikoak dituzten ikasleak dauden taldeetan ratioak baxuagoa izan behar duelako: bi neurriak – murrizketa lineala eta hezkuntza-premiei lotutako murrizketa – bateragarriak dira eta beste gastu mota batzuk aurreztea ekarriko lukete, hala nola egungo ratioei lotutako kalitate eta errendimendu txikienetik eratorritakoak. Eskaera sindikal hori bat dator hezkuntza-komunitatearen eta adituen eta pedagogoen gehiengoaren adostasunarekin, hots, gela bakoitzeko ikasle-kopurua eskola-errendimenduarekin lotuta dago. Gogoratu behar da egungo ratioak ehuneko hamar ere gehitu daitezkeela. Hau da, 35 ikasleko Batxilergoko talde batek 38 ikasle har ditzake. Horrek bermatzen al du Evaurentzako prestakuntza egokia?

Bestalde, irakasle nafarrek planteatzen dituzten beharrizan profesionalei erantzuteko eskatzen dugu. Ordainsarien hobekuntzaz ari gara, eta hori ere mailaka lortzeko prest gaude. Egia esan, sindikatuok darabilgun kopuruarekin bat ez datorren arren, Hezkuntza Departamentuak berak Mahai Sektorialean onartu zuen irakasleen erosteko ahalmena gutxienez % 15 galdu dela. Horregatik, eta legegintzaldi honetako epean, galdutakoarekin bat datorren errekuperazioa proposatuko dugu -urtebete baino gehixeago izango litzateke kobratu gabea-. Ziur gaude, Departamentuak gure ordainsarietan murrizketa handia egin duela onartu ondoren, datozen hiru urteetan hori berreskuratzeko bidea aurkituko dugula.

Lan-gainkargari eta gehiegizko lan burokratikoei dagokienez, Hezkuntza Sailak lantalde bat sortzeko konpromisoa hartu du, zereginak eta ordutegiak arrazionalizatzeko alderdi zehatzak jorratzeko. Era berean, prest gaude alderdi hori mailaka negoziatzeko, baina ez dugu amore emango 24-25 ikasturterako neurri batzuk sartzeko eskakizunean. Gainera, irakasleen prestakuntza malgutzea eta egiten ditugun lan askoren minutajea aztertzea eskatzen dugu, familia-kontziliazioan ez eragiteko, gure lanorduak arratsalde-gau eta asteburuetan ez luzatzeko. Komunikazio-hizkuntzetan hizkuntza indartzeko orduak ere eskatzen ditugu, gure hizkuntzak ez dakiten ikasleak gero eta gehiago gizarteratzeko eta aniztasunari arreta emateko; hau da, hizkuntzaren ezagutza eskasak ikasgeletan sortzen dituen premiei aurre egin ahal izateko.

Egonkortasunari dagokionez, benetako plantilla funtzionalaren datuak eskatu ditugu, enplegu publikoaren eskaintzak eta lekualdatze-lehiaketak kopuru horretara egokitu ahal izateko.

Azkenik, hezkuntza-itunean oraindik bete ez diren gaiei heltzeko zain gaude.

Espero dugu, beraz, agindu zuen bezala, Hezkuntza Kontseilariak berehala deituko gaituela, ikasturte hau amaitu baino lehen akordioak lortzeko aukera emango digun elkarrizketa bat hasteko, eta berauek, serio eta errealistak izan nahian, legegintzaldi honetan zehar gauzatzeko.

Gabonen ondoren, langabeziak gora egin du bereziki zerbitzuetan, sorturiko enplegu prekario zein ezegonkorraren adibide garbia

141.892 langabe dauden Hego Euskal Herrian, pasa den urtean baino gutxiago, baina azken hilabetearekin alderatuz, 4.125 langabe gehiago. Azken hilabetean langabeziak emakumeen* artean egin du gora, bereziki. Izan ere, langabeziaren tasa orokorra %2,99 igo den bitartean, emakumeen* langabezia tasa %4,32 igo da.

Langabeziak aurreko enplegurik gabekoen artean gora egin duela nabarmenduko genuke. Hau da, urte bete edo gehiago langabezian dauden herritar gehiago daude lanik gabe pasa den hilabetetik (%2,32 gehiago) zein pasa den urtetik (%4,48 gehiago), lan merkatuak langabezian dauden herritarrei lana eskaintzeko dituen zailtasunen adierazle.

Zerbitzuen sektorean igo da langabezia gehien azken hilabetean, 3.803 langabe gehiago baitaude. Afiliazioak izaniko beherakadarik nabarmenena ere sektore honetan izan, abenduan baino 9.644 afiliatu gutxiago baititu. Pasa den urtearekin alderatuz gero, afiliazioaren gorakadarik handiena ere zerbitzuen sektoreak izan da, pasa den urtean baino 22.119 afiliatu gehiago baitaude. Gaur egun, afiliazioaren %73,3a da zerbitzuen sektorekoa.

Datuok eskuartean, hiru ondorio nagusi mahai gaineratu nahi ditugu:

  • Batetik, abenduan langabeziak beherakada izan ondoren, Gabonetako kanpaina amaituta, langabeziak gora egin du urtarrilean, zerbitzuetan modu nabarmenean.
  • Interes ekonomikoen arabera sortu edo suntsitzen den enpleguaren ezaugarri nagusia ezegonkortasuna da. Izan ere, Gabonetako kanpaina amaituta, aldizkako kontratu finko kopurua jaitsi da gehien. Beraz, behin behineko kontratuak aldizkako finkoek ordezkatu dituzte, behin betiko kontratuen ordez, aldizkako prekarioak ugarituz.
  • Bestetik, egiturazko egoerak bere horretan jarraitzen du eta lan baldintza prekarioak nagusi diren zerbitzuak sektorean oinarrituriko ekonomia eredua indartzen ari da. Sektore hauetan ari dira lana topatzen lan merkaturako igarobidea egiten ari diren langileek, emakumeak* nagusiki.

Langabeziaren beherakada zein afiliazioaren gorakada enpleguaren kalitatearekin deslotu dira eta lan merkatuan areagotzen ari den prekarietate egoeraren argazki errealetik urrun kokatzen gaitu. LAB sindikatuak salatu nahi du langabeziaren beherakada marketing kanpaina gisa baliatzen dutenen erantzukizun axolagabea, egiturazko prekaritate egoera ezkutatzeko. Kalitatezko enplegua ezinbestekoa da bizitza duina bermatzeko diru sarrera nahikoak eskuratzeko, zerbitzu publikoak indartzearekin batera. Bada, gaur egun ez bata ezta bestea ere ez dira bermatzen. Hego Euskal Herrian 2 herritarretik bat prekaritate ekonomiko egoeran bizi da, enplegua eduki arren, diru sarrera ez-nahikoekin.

Navarrabiomedeko Enpresa Batzordeak osasun ikerketa publikoaren aldeko apustua egiteko deia egin du, eta Gobernuari eskatu dio bete dezala Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren gomendioa eta bertan behera utz dezala alde pribatuari mesede egiten dion akordioa

Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak urtarrilaren 15eko 1/2024 Ebazpenaren bidez, LAB sindikatuak salatutako egitateak egiazkoak direla adierazten duten arrazoizko zantzuak daudela adierazi zuen, eta ikerketa-prozedura bati ekinen dio, saiakuntza klinikoei buruzko akordioa «argi eta garbi asimetrikoa izan daitekeelako, alde pribatua bere entsegu komertzialen kudeaketa lagatzetik salbuesten duelako, alderdi publikoa horretara behartzen duen bitartean, eta Miguel Servet Fundazioa-Navarrabiomed-en beraren bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jar dezakeelako, eta, beraz, Nafarroako biomedikuntzaren sektoreko ikerketa publikoa ariskuan jar dezakeelako».

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko Enpresa Batzordeak (LAB sindikatuko bederatzi delegatuk osatzen dute) uste du Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren ebazpenak babestu egiten duela iazko ekainaz geroztik salatzen ari dena eta ikerketa sanitario publikoaren aldeko borroka. Hala, azterketak adierazten du IdiSNAren patronatuaren 2022ko ekainaren 28ko akordioak «FMS-Navarrabiomedek kudeatutako entsegu klinikoak eskualdatzea aurreikusten duela, eta ez CUN-enak (Nafarroako Unibertsitate Klinikarenak), eta hori aztertutako dokumentazioan ez da inolako justifikaziorik ageri». Bertzela erranda, «alde pribatua bere entsegu komertzialen kudeaketa lagatzetik salbuesten du, alderdi publikoa horretara behartzen duen bitartean».

Gainera, honako hau ere jasotzen du: «IdiSNA Fundazioaren Patronatuak badaki berak harturiko akordioak Miguel Servet Fundazioa deskapitalizatzeko arriskua dakarrela, eta, beraz, harendako gordetzen du BEZa kendu ahal izateko egin beharreko gutxieneko entsegu klinikoen kudeaketa. Irizpide hori ez da batere zientifikoa, eta zalantzazkoa da ea legezkoa ote den, hartzen den moduan; beraz, akordio hori eta haren aurrekariak aztertu egin behar dira».

Horrela, Navarrabiomed – Miguel Servert Fundazioaren plantilla ordezkatzen duen Batzordeak uste du ebazpen honekin ez zaiola eusten ahal Osasun Departamentuaren eta kontseilariaren bertsioari, tresna publiko bat bertze pribatu baten aitzinean deskapitalizatzeko arriskua ukatzen eta erlatibizatzen baitute: «IdiSNA Fundazioak bideragarritasuna hartzen duen neurri berean, Miguel Servet Fundazioak galtzen du, eta erabakia babesten duen txostenik ez dago», ohartarazi du Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak.

Era berean, Enpresa Batzordeak espero du Nafarroako Gobernuak ez duela inolako azpikeriarik eginen eta Kontuen Ganberak normaltasun osoz egin ahal izanen duela IdiSNAko Patronatuaren akordioaren fiskalizazio-txostena, Miguel Servet Fundazioaren bideragarritasunaren ondorioei dagokiona, Ustelkeriaren aurkako Bulegoak eskatu bezala.

Osasun Departamentuak eta Geroa Baiko kontseilariak ezin dute erabaki hori existituko ez balitz bezala jokatu. Ematen baitu iritzi publikoarekin jolasten ari direla, kalkulu alderdikoietan oinarrituta gauza bat erranez –helburu bakar batekin: bere benetako posizioa Nafarroako gizarteari ez helaraztea– eta bere interesen alde egitea: Opus Deiren mende dagoen eta negozio bihurtu den osasun-ikerketa pribatizatu baten aldeko apustua. PSNk udan egin zuen gauza bera.

Hori dela eta, langileen ordezkariek hura betetzeko eskatzen diote, akordioen exekuzioa etenda utziz, «haiek gauzatzeak Miguel Servet Fundazioan izan ditzakeen ondorio larriak kontuan hartuta». Bada garaia inertzia zaharrak atzean uzteko eta Enpresa Batzordearekin batera Gobernuan dauden Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek hartu zuten konpromiso politikoa garatzeko, Carlos III.ak Nafarroan Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioaren bitartez egiaztatutako institutuaren kudeaketa publikoa bermatzeko eta fundazio publikoan lanpostu galerak eragozteko.

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko Enpresa Batzordeak uste du hau dela irtenbidea IdiSNA kreditatzeko Miguel Servet fundazio publikoa deskapitalizatu gabe eta Nafarroan ikerketa biomediko publiko bat dagoela bermatzeko. Funtsezko eginkizun hori osasun-sistema publikoetatik sustatu behar da.

Eskuinaren bertsio interesdunen aurrean, ebazpenak jasotzen duen bezala, «espedientean ez da jasotzen lankidetza publiko-pribatuaren jarraitutasuna zalantzan jartzen duen inolako dokumentazio edo adierazpenik. Salaketan zalantzan jartzen dena da osasun-ikerketaren zatirik handiena fundazio pribatu bati helaraztea, IdiSNA Fundazioari, orain arte hori egin duen fundazio publikoaren kalterako, Miguel Servert Fundazioari, zeinak beharrezkoak diren egitura, antolaketa eta baliabideak baititu, bai eta kudeaketa horretan egindako lan onaren aitorpena ere».

Aitzitik, Enpresa Batzordeak salatu behar du langileak presionatzen jarraitzen dutela entsegu kliniko horiek bideratzeko, hain zuzen ere, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak zalantzan jarri duen lan-ildo horretara.