2026-01-02
Blog Page 206

Garbi daukagu kimikoen sektorean ere lan baldintzak negoziatzeko euskal marko propioa behar dugula

Kimiketako sektorean Hego Euskal Herri osoan gertatzen den estatalizazio eta prekarizazio egoerarekin amaitzeko unea da.

LABetik beti defendatu ditugu euskal eremuetan erabakitzeko markoak, modu kolektiboan hemengo errealitateari hobekiago erantzun ahal izateko eta Euskal Herrian dagoen errealitate sindikalak lan baldintza hobeagoak lortzeko aukera ematen dituelako.

Kimiketako Hitzarmenean dauden langileak, Hego Euskal Herrian 20.000 inguru, Espainar Estatu mailako hitzarmenaren pean daude, eta horrek prekarietate handiagoa dakar berekin. Hitzarmen hau bereziki nahasgarria da, eta beste eremu batzuetan baldintzak erregulatzea zailtzen du.

Hemengo hitzarmen bat egotearen beharra garbia da, eta zailtasunak zailtasun, LAB hitzarmen hori lortzeko borroka azken muturreraino eramateko prest dago. Bide horretan pausuak ematen hasi gara dagoeneko, Madrilgo negoziazio mahaiari asmo hori adierazita, EAE-n ordezkaritza gehien duten sindikatuen artean bilduz eta sektoreko patronalak irailaren 26an egingo den bilera batera deituz. Nafarroan, berriz, gaur sindikatuen arteko lehendabiziko bilera egingo da.

Oraingoa momentu erabakigarria da borroka honetan, estatuko hitzarmena urte bukaeran indargabetzen delako. Aurkezten zaigun aukera eta indar sindikal desberdinen konpromisoa ezinbesteko baldintzak dira borroka honetan, baina are ezinbestekoagoak dira langileon inplikazioa eta aktibazioa. Horregatik, dei egiten diegu Hego Euskal Herriko Kimiketako sektoreko langileei borroka honetara batzeko, ibilbide honetan denok batera aritzeko, asko dugulako irabazteko eta sektoreko langilerik gabe ezinezkoa izango delako.

Basogintzako sektorean dagoen hilkortasun handiaren aurrean, erakundeek duten pasibotasuna salatu dugu eta langileen osasuna bermatzeko neurriak exijitu dizkiegu

LAB sindikatuko kideok, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNEkoekin batera, elkarretaratzea egin dugu, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Elorrion gertatutako azken lan-istripu hilgarria salatzeko. Bertan, administrazioari eta erakundeei eskatu diegu neurriak har ditzatela baso-ustiapeneko lanak egiten dituzten langileen lan-segurtasuna bermatzeko.

Zehazki, baso-ustiapenaren sektorea da, langile kopuruaren arabera, hilkortasun handiena duen sektorea, eraikuntzaren aurretik. Langile gutxi izan arren, lan-istripu asko gertatzen dira basogintzan, eta urtero hiltzen dira langileak.

Plantilla murritzak, basoko bakarkako lana, prebentzio-baliabiderik eza, prestakuntzarik eza, lan-tresna desegokiak, malda handiko eremuetako lanak, lan-erritmo oso altuak horrek eragiten duen nekearekin, oso lanaldi luzeak eta abar daude istripuen atzean. Horiek, jakina, jarduerak berak dituen arriskuei gehitutako faktoreak dira.

Etekinak lan intentsiboaren bidez lortzen diren sektore batean, baliabideetan eta segurtasunean aurrezten da.

Egoera horren aurrean, Foru-Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak bermatu behar dute baso-lanetan ere prebentzio-neurriak betetzen direla, are arreta handiagoz, jardueraren arriskugarritasunagatik eta haren hilkortasun handiagatik.

Nahikoa da pasibotasunaz eta beste alde batera begiratzeaz. Basogintzako langileek ere bizirik iritsi behar dute etxera. Langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko zer neurri hartuko dituzten adierazteko eskatzen diegu administrazioei. Neurririk hartu ezean, sektorean gertatzen diren heriotzen konplize izango dira.

Basoko lanetan heriotza gehiagorik ez!

Hezkuntzak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketarekin bat egin dugu

Euskalgintzaren Kontseiluaren eskutik aurkeztu dugu ekimena ikasturtearen eta urte politikoaren hasieran murgildu berri garen honetan. Gasteizko Legebiltzarrean Hezkuntza Lege berriaren testuari buruzko eztabaidari berrekingo diote aurki, eta LAB sindikatutik argi diogu ezinbestekoa dela euskara ardatz izatea. Hori dela eta, hezkuntza komunitatea osatzen duten guztiei dei egiten diegu esteka honetan beren sinadura utzi eta ekimenarekin bat egiteko.

Hezkuntza funtsezko elementua da geure hizkuntzaren normalizaziorako bidean, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko gakoa ere bada. Hala, hezkuntzak euskara gehiago behar du, eta horixe aldarrikatzeko langileon bultzada ezinbestekoa da. Sinadura bilketa honen bidez, 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiek izango dute aldarri horrekin bat egiteko aukera, epea urriaren 15ean amaituko delarik. Zehazki, hiru puntu hauek lege berrian berariaz jaso daitezen eskatuko zaie Eusko Legebiltzarreko kideei:

1. Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Euskalgintzaren kontseiluaren komunikatua eta sinadura bilketari buruzko informazio zehatza hemen kontsulta daiteke.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren kontinuismo zitala salatu dugu

LAB sindikatuak Nafarroako herritarrei jakinarazi nahi die aurre eginen diola eta salatzen duela Carlos Gimeno buru duen Hezkuntza Departamentuak legegiltzaldi honetan praktikatuko duen politika kontinuista. Behin baino gehiagotan eskatu dugu kontseilari honen kargu-uztea, eta eskatzen jarraituko dugu, eta salatu nahi dugu departamentuaren euskarafobia, negoziaziorik eza, gizarteratzeko baliabide errealik eza, bere engainuak, lege-zabarkeriak… Azken batean, hezkuntza-kalitatea benetan hobetzeko asmorik eza.

Konparazio batera, Lezkairuko ikastetxean gertaturikoa da, zalantza izpirik gabe, Gobernu honek eraman nahi duen politika kontinuista eta penagarriaren isla, zonifikazioa mantenduko duena eta D eredua borondate politikoaren arabera mugatuko duena. Argi ikusi da sinatu berri duten 2023-2027ko akordio programatikoan.

Lezkairu-Paderborn ikastetxe berriak ateak ireki ditu duela gutxi. Ikastetxe berria Iruñeko auzo gazte batean dago, PALE ereduarekin (gaztelaniaz eta alemanez), baina euskarazko eredurik eskaini gabe. Ikastetxeko zuzendaritzak eta Maria Txibite lehendakariak berak eskaera faltagatik dela dioten arren, auzoko familiek argudiatu dute ikastetxe horretan D eredua eskainiko zela ezkutatu dela eta ezin izan dutela haren alde egin. Gainera, informazioa eskatzeko deitu zutenean zuzendaritzak berak esan omen zien haiengatik balitz ez zela D eredua ezarriko; horren ondorioz, auzokide horien seme-alabak D ereduan benetan matrikulatzeko aukerarik gabe gelditu ziren. LABetik salatzen dugu Hezkuntza Departamentuaren zein ikastetxeko zuzendaritzaren okultismoa eta fede txarra zentroaren benetako eskaintza ezagutarazteko garaian, eraso euskarafobo honekin herritarrei iruzur egin baitzaie.

Akordio programatikoarekin jarraituz, eta Gimenok Hezkuntza Departamentuko buru izaten jarraituko duela kontuan hartuz, Hezkuntza kalitatea hobetzeko iragarpenak ez dira onak. Hilabeteak daramatzagu irakasleen lan-baldintzak negoziatzeko premia larria dagoela esaten, baina negoziaziorako ateak itxita izan ditugu dirurik ez dagoela argudiatuta. Gezurra da. Administrazioko beste kolektibo batzuek dirua izan baitute beren baldintzak hobetzeko. Beste adibide bat da ikastetxeetako zuzendarien biziarteko osagarria, IZE elkarteak sustatutakoa eta klaustroei aldez aurretik galdetu gabe emandakoa. Osagarri horrek kolektibo bati bakarrik egiten dio mesede, gainerako hezkuntza-komunitatea alde batera utzita.

Praktika txarren beste adibide bat da Gimenok abuztuan iragarri zuen Inklusiorako Foru Agindua, non, besteak beste, taldekatze malguak, ikaskuntza kooperatiboa eta curriculuma aberastea aipatzen baitira; baina ez du ezer esaten ikastetxeei baliabide erreal, ekonomiko eta pertsonalak emateaz. Kontuan hartuta Nafarroan 36.500 ikaslek baino gehiagok dutela hezkuntza-laguntzaren berariazko premia (ikasleen % 26k), oso larria da behar ekonomiko horiek inon jasota ez egotea. LABek ez du propaganda hutsa onartuko.

Jar dezagun orain arreta Lanbide Heziketan. Nahiz eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak Nafarroa Garaiko Hezkuntzaren harribitxi gisa jarri, irakasleei galdetzen badiegu, oso bestelako errealitatea aurkituko dugu. Kezka handia dago Lanbide Heziketa Duala aplikatzearen inguruan (hala adierazi dute Virgen del Camino IPPko irakasleek prentsari bidalitako gutun baten bidez). Halaber, ez da errespetatzen zuzeneko eskola-orduen ordutegia, ratioak gainezka dituzten ikastetxeak ditugu, bikoizketa saioen falta dago eta irakasleek lan-gainkarga izugarria dute. Nekazaritza eta Basogintza eskolan, esaterako, faktore psikosozialen azken ebaluazioak dio irakasleek lan-gainkarga eta gabezi psikologikoak dituztela, askotan, ikastetxeko zuzendaritzari lotuak.

LABek salatu nahi du, halaber, Lanbide Heziketari buruzko Lege berriaren aplikazioak sortu duen nahaste-borrastea. Soldata-diskriminazioa egiten die unibertsitateko gradurik ez duten irakasle funtzionarioei. Diskriminazio hori sektore berezietako espezialisten kidegoan kontratatutako irakasleek ere bizi dute; izan ere, nahiz eta ikaskide funtzionarioen titulazio bera izan eta lan bera egin, gutxiago kobratzen baitute. Are gehiago, gradua lortu eta Bigarren Hezkuntzako kidegora pasatuko diren pertsonek ez dute atzeraeraginezko hobekuntzarik jasoko. Lardaskeria hutsa, berriz ere

Azken finean, LABek salatzen ditu Departamentu honen euskarafobia, negoziaziorik eza, inklusiorako benetako baliabide falta eta lege-zabarkeriak. Ikusten baitugu legegintzaldi berri honetan Hezkuntza Departamentuak politika kontinuistarekin jarraituko duela, hezkuntza-kalitatea hobetzeko batere asmorik gabe.

El Vivero adingabeen zentroa ixteari ez eta langileen kaleratzeari ez

Beharginek aldundiaren zein Landalan enpresaren jokabide onartezina salatu dute, azpimarraturik ematen duten zerbitzua behar-beharrezkoa dela, kaltebera den kolektibo baten oinarrizko beharrak asetzera bideratuta baitago.

Jarraian, egoera azaltzeko prentsa agerraldian irakurritako komunikatua:

“Komunikatu honen bidez, EL VIVEROko adingabeen zentroko langileok, gure haserrea adierazi nahi dugu azken urteotan administrazio publikoak, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak hain zuzen ere, tratatu gaituen moduagatik. Honekin batera, adingabeen ardura eta langileon kontratazioaren ardura izan duen Landalan elkartearen utzikeria salatu nahi dugu ere. Aldundiak zein Landalanek mespretxatu egin ditu bi hamarkadatan zehar egindako sakrifizio guztiak, eta EEE -Enplegu Erregulazioko Espediente batekin erantzun digute, 19 lagun kalean utziz. Urte hauetan Inoren Kargura ez dauden Adingabe Atzerritarrak (MENAk )deituriko adingabeen kolektiboarekin lan egin dugu, izen horrek dakarren karga negatibo guztiagatik eta gizartearen aldetik pairatzen duen estigmarengatik asko gustatzen ez zaigun izena bada ere. Izan ere, kolektibo kaltebera da, eta arreta eta babes handiagoa eskatzen du. Beraz, gure helburua adingabe horiei harrera-gizartean integratzen laguntzea izan da beti, helburu hori betetzeko beharrezko tresnak ematen saiatu gara alegia. Kolektibo horrekin dugun lan esperientzia 2006 urtean hasi zen Zornotzako Lehen Harrerako Zentroan (CPA), Emankor Sarea taldeko Landalan elkarteak kudeatuta. Adingabe bakoitzaren heziketa-ibilbidean jarraitu beharreko ildo orokorrei buruzko lehen balorazioak egiten genituen zentroa da, beste heziketa baliabide batera bideratu aurretik.


Urte guzti hauetan , adingabe kopuru handi bati lagundu ahal izan diogu beren egunerokotasunari dagokion guztian, betiere harrera-gizarte berrira egokitzeko prozesuan laguntzen saiatuz, haien integrazioa sustatzeko tresnak emanez, bi norabideko prozesuan; hau da, adingabe horiek gizarteratzeko bidean, aurrera egiteko erantzukizuna harrera-gizartearena zein kolektiboarena berarena da ere.


Urte askotan zehar, langileok eta adingabeek egoera nahiko gogorra eta tamalgarria bizi izan dugu, eta nahiz eta Aldundiak; adingabe horien arduraduna eta tutorea, arazo horien berri izan, ikuskapenak ere egin dira, guztia Landalan elkarteari jarritako isun soil batean eta gomendio zerrenda batean geratzen zen, arazoak konpontzeko bidean aurrera egin gabe. Adibidez, harreran hartutako adingabeen kopurua batzuetan baimendutakoa baino bost aldiz handiagoa izan da, eta langileon ratioa ere ez da errespetatu gehienetan, eta horrek, jakina, adingabeen arteko gatazkak sortu izan ditu eta ondorioz hezitzaile taldearen lan osasunari eragin izan dio. Tentsio une horietan, tamalez, kontrola lehenetsi behar izan dugu babes lanaren gainetik, eta asistentzia lana berriz, heziketa lanaren gainetik.


2021eko abenduaren amaieran, EL VIVEROko Galdakako Lehen Harrerako Zentrora lekualdatu behar izan genuen behin-behinean, Zornotzako zentroan eraberritzeko obrak egin zitzaten. Izan ere, zentroaren instalazioak hondatu egin zirenez, lehen harrera egiten jarraitu behar izan genuen EL VIVERO zentroan, 2023ko otsailaren 23ra arte, hau da, Zornotzako Lehen Harrerako Zentroa (orain Elguezabal CPA deritzona) berriro ireki arte, orain Adaka-Agintzari kooperatibaren kudeaketapean. Baina ez da subrogaziorik gauzatu eta kalean utzi nahi gaituzte.


Bai Landalaneko zuzendaritzarekin, bai zerbitzuaren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako arduraduna den Sergio Murillorekin, sindikatuek hainbat bilera egin zituzten batzordeko kideekin batera. Bilera horietan, Landalanek esan zuen ez zuela ikusten zerbitzua emateko aukerarik, eta iragarri zuen utzi egingo ziola zerbitzua emateari Aldundiarekin hitzarmena amaitzean, eta agindu zuen subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola enpresa berriari, Agintzariri, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala. Baina hori ez dute bete, eta subrogazioa ez da gauzatu.

Harrezkero, zerbitzua emateko hitzarmena behin baino gehiagotan luzatu da, eta langileen lan-baldintzak okertu dira; ratiorik eza, itundutako plazak baino erabiltzaile gehiago, etab. Langileen lan-osasuna hilero jokoan jartzeraino. Gogoratu behar da Landalan enpresa urteetan sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hori guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela.

Egoera zaila izango delakoan, ekainean sindikatuek bilera eskatu zioten Amaia Antxustegi Ziardari, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako arduradunari, baina ez dugu erantzunik jaso. Batzordeak gutun bat bidali dio diputatu berriari, gertatutakoaren kronologia azalduz eta horri buruzko erantzun zentzudunak eskatuz. 2023ko abuztuaren 1ean erregistratutako gutun horrek ere ez du erantzunik izan. Baina erantzun bakarra zentroa ixteko iragarkia eta 19 langileri aplikatutako EEEa izan dira.

Bizkaiko Foru Aldundia eta Amaia Antxustegi Ziarda dira horren guztiaren arduradunak, baita Landalan enpresa ere, ia 20 urtez lan baldintza oso gogorretan lan egin duten langileak kalean utzi nahi baitituzte. Egoera ezagutu eta langileei zentroa irekita mantentzeko emandako hitza ez betetzeagatik errudun dira. Errudunak, pixkanaka lantokia desegin dutelako. Eta langileek zein egoiliarrek salatu dituzten bizitza- eta lan-egoera negargarriak, langileen lan- eta bizi-proiektuekin jolastuz, urteetan zehar egoera zein zen jakin arren, beste aldera begiratu izanaren errudunak dira ere.
Beste behin ere argi geratu da publikoak izan beharko luketen eta aldundiaren mende dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela. Horregatik, langileok mobilizazio-ziklo bat hastea erabaki dugu, langileen eta egoiliarren lan- eta bizitza-baldintza duinen alde, lanpostuen alde eta kaleratzeen aurka. Horretarako, greba mugagabea deitu dugu irailaren 12tik aurrera, eta ekintza ezberdinak egingo ditugu gaurtik aurrera”.

Azken bederatzi egunotan lau langile hil dira beren lanpostuetan

LABek jakin du irailaren 8an 54 urteko F.T. langilea hil zela, irailaren 5ean izan zuen lan-istripu oso larri baten ondorioz. Dirudienez, Elorrioko baso-eremu batean lanean ari zela zuhaitz batek buruan jo zion langileari. Beharginak Gueñeseko Explotación Forestal Zaldupe S.L. enpresan egiten zuen lan

Heriotza horrekin, gutxienez 36 dira aurten lan-istripuz hildako langileak. Nabarmentzekoa da oporren ondoren ohiko lan-jarduera berrabiarazita, 9 eguneko epean 4 langile hil direla beren lanpostuetan.

LABetik elkartasun osoa adierazi nahi diegu hildakoaren senideei, lankideei, lagunei eta hurbilekoei.

Era berean, salatzen dugu basogintza sektorea langile gutxi dituen sektorea izanda ere, urtero egoten direla hildakoak sektore honetan. Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuetan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua da, nahiz eta eurentzako ad hoc eginiko foru arauak eduki. Egur ustiapen intentsiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean aritzea, errekurtso prebentiborik eza, formakuntza eza, lan tresna desegokiak, malda handiko eremuetan, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak (honek eragiten duen nekearekin) eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, jarduerak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek.

Jakina da, inspektoreek ere badakitelarik, une honetan bertan Euskal Herrian baso sektorean lanean dirauten enpresa gehienak ez direla lan osasuneko betebeharrak betetzen ari. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiari, Osalani eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako neurri bereziak eskatu dizkiegu, haiek eta lan ikuskaritzak badutelako egoera aldatzen hasteko giltza.

Bizkaiko grafikagintzako patronalaren helburu bakarra negoziazioa blokeatzea dela salatu dugu

Gaur izan da Bizkaiko Grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren laugarren bilera. Azken bileran, uztailaren 27an, patronalak bere plataforma aurkeztu zuen. Plataforma horrek, hitzarmenik gabeko urteetarako soldaten eguneraketarik ez jasotzeaz gain eta proposatutako igoeretan erosahalmena ez bermatzeaz gain, alderdi atzerakoiak baino ez zituen biltzen.

Gaur beste inposaketa bat ekarri du negoziazio mahaira: sindikatuok CEBEKi interesatzen zaizkion gaiei buruz hitz egiteko prest egongo ez bagina, negoziazioak ez lukeela aurrera egingo. Gai horietako bat malgutasuna da. Patronalak hitzarmen berrian malgutasuna % 10etik gora aplikatzea jaso dadin nahi du, hau da, Langileen Estatutuak ezartzen duenaren gainetik.

Horren aurrean, LABek, gainerako sindikatuek bezala, negoziazio honetan patronalak duen jarrera salatu du, eta argi utzi dugu ez dugula planteamendu atzerakoirik onartuko. Halaber, hurrengo bileran LABen plataforma osoari erantzuteko eskatu diogu patronalari, orain arte ez baitu halakorik egin.

Tamalgarria da CEBEKek jarrera hori izatea hitzarmena 12 urtez eguneratzeke daukan sektore baten aurrean, horrek dakarren guztiarekin. Urte hauetan asko izan dira erreformak eta lan-arloko lege-aldaketak, eta grafikagintzakoek uste dute beren lan-baldintzak gero eta urrunago daudela sektorearen errealitatetik, eta horrek langileen prekarizazioa eta pobretzea dakarrela. Errealitate horren aurrean, patronalak erakusten du sektorea sostengatzen duten pertsonen lan- eta bizi-baldintzek bost axola diotela.

Urriaren 4an beste bilera bat deitu dugu, eta LABetik berriro esan nahi dugu patronalak bere asmoei eusten badie, argi dugula gure estrategia zein izango den: negoziazioa, aktibazioa eta mobilizazioa.

Salatzen dugu Nafarroako zahar egoitzetako patronalak immobilismoan finkatua jarraitzen duela

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako patronalari eta Gobernuari benetako inplikazioa eta borondatea eskatu die sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazioek aurrera egin dezaten. LABek salatu du patronalak ez zuela ekainean bere hitza bete, ez baitzuen negoziazio mahaira bere proposamenik eraman, eta ordutik ez duela batere mugimendurik egin.

Ikasturte berrian, zaharrak berri; Nafarroako zahar egoitzetako patronalak, oraingoz, inmobilismo bera erakusten baitu! Iragan ekainean patronalak ez zuen bere hitza bete, ez baitzuen negoziatzeko proposamenik ekarri, udako hilabeteetan zegoen ziurgabetasun politikoa dela-eta ezer proposatzea oso zaila zela argudiatuz. Baina konpromisoa hartu zuten Nafarroako Gobernua eratu ondoren negoziazio-mahaiari berriz deitzeko. Bada, Gobernua abuztuan osatu zen, eta oraindik ez dute deitu.

Jokabide hark interes falta erakutsi zuen, bai patronalaren aldetik, bai Nafarroako Gobernuaren aldetik, zaintza-zerbitzu publiko bat betetzen ari diren langile batzuen gatazkari irtenbidea emateko; badirudi botere ekonomiko eta politikoek ez dutela honetan batere interesik.

Ekainaren bukaerako bilera LAB sindikatuaren ekimenari esker lortu zen, hainbat mugimendu egin baitzituen, erakundeetan zein kalean, jada bi urte martxan zeramatzan ukapena eta borroka berriz aktibatzeko. Hartara, LAB sindikatuak berriz deitu zuen negoziazio-mahaia, horrek egoera desblokeatuko zuelakoan.

LABek negoziazioari bizitasuna ematen jarraitu nahi du. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eta patronalari benetako inplikazioa eta borondatea eskatzen dizkiegu, sektorearen lan eta bizi baldintzak kualitatiboki hobetzeko. Aurten Nafarroako zahar egoitzen lehen hitzarmen kolektiboa sinatzea exijitzen dugu, eta behingoz negoziazio-esparru propioa errealitate bihurtzea. Nafarroako Gobernuari eta patronalari exijitzen diegu hitzarmen duin bat ahalbidetzeko, hau da, KPIari lotutako soldatekin, aldi baterako ezintasunen osagarriekin, eta deskuelgerik gabe.

Horretarako, mobilizazioetan ahalegintzea eskatzen diegu sektoreko langileei, ezer ez baita lortzen kalean presioa egin gabe. Sektoreko langileei dei egiten diegu LABekin antola daitezen, gure lan eta bizi baldintzak hobetzearen alde mobilizatzeko.

Etxeko langileen sail sindikalak 2023-2024 ikasturtean eman beharreko urratsak zehaztu ditu asanbladan

Larunbatean, irailak 9, LABeko etxeko langileen sail sindikalak hileko asanblada egin zuen, hasi berri dugun ikasturtean jorratu beharrekoak elkarrekin prestatzeko.

Oraingo honetan, helburu nagusia izan da kolektiboki adostea azaroaren 30ean egingo den Greba Feminista Orokorreko parte-hartzea eta errepresentazioa; izan ere, “ikusezin izateari uzteko borrokan jarraitzeko” hautua egin dugu. Halaber, zera nabarmenduko dugu: guk, zaintzen dugunok, zainduak izateko eskubidea daukagula.

Jende asko eta askotarikoa bertaratu zen deialdira, eta guztion parte-hartzea izan da aberasgarria. Hitzarmena orain! Etxeko langileak borrokan!