2026-09-18
HomeEkintza SozialaAraban kontrol, planifikazio eta herritarron parte hartzerik gabe proiektatzen ari diren berriztagarrien...

Araban kontrol, planifikazio eta herritarron parte hartzerik gabe proiektatzen ari diren berriztagarrien azpiegiturekin oso kritikoak gara

Larrialdi ekologiko betean murgilduta gaude eta abiadura eta sakontasun handiko eraldaketak gauzatu behar dira, betiere interes kolektiboak enpresen etekinen gainetik jarrita. Hala, LABetik aldarrikatzen dugu gure ehun sozioproduktiboan eman beharreko eraldaketetan langileon parte hartzea ezinbestekoa dela, baita gure ekonomiaren deskarbonizazioa gauzatzeko behar den trantsizio energetikoan kontrol publiko eta soziala lehenestea ere.

Gaur egun soilik agenda erreakzionarioa babesten dutenek jartzen dute zalantzan larrialdi ekologiko betean murgilduta gaudela. Hazkunde ekonomiko etengabea lehenetsita, planetaren muga biofisikoekin egin dugu talka eta hamarkadetan zehar ohartarazitako arriskuak nozitzen hasiak gara: aldaketa klimatikoaren eraginak, material eta lehengaien eskasiak, lurzoruaren degradazioa…

Eraldaketa sakona gauzatzea ezinbestekoa den honetan, lurraldearen planifikazioa lehen mailako ardura bihurtu da; baita merkatuaren interesen araberako joerak mugatu eta eskuhartze publikoa indartzea. Trantsizio energetikoa egiteko, planifikazioa, kontrol publikoa eta parte hartze demokratikoa behar-beharrezkoak dira.

Gauzak horrela, LABetik salatzen dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa oraindik ere Lurralde Plan Sektorialik gabe daudela, enpresen araberako kontrolik gabeko azpiegituren asmoari ateak irekitzen zaizkiolako. Hortaz, Araban une honetan nagusitzen ari den eredua ez dugu inolaz ere konpartitzen. Horren adibidea da SOLARIA enpresak Arabatik Zierbanaraino energia eramateko plaka fotoboltaikoekin egin asmo duen proiektua. Trantsizio ekosozial justu baten ikuspegitik nekez ulertu daiteke eta LABen proiektu honen erabat aurka agertzen gara.

Lurraren erabilera arautu behar da eta elikadura sistema ere trantsizio ekosozial justurako eremu gakoa da. Horretarako, elikadura merkatuaren arauak aldatu behar dira, Itun Askeko logikatik atera eta eredu agroekologikoaren alde egin, eta lehen sektorea duindu. Elikadura burujabetzaren bidea urratu eta agroindustria eta ongarri kimikoen eredua baztertuta soilik garatu daiteke herritarrokin, langileekin eta Planetarekin justua den eraldaketa.

LABetik aldarrikapen hauen arabera mobilizatu izan gara eta borrokan jarraituko dugu, ikuspegi honekin bat datozen deialdietan parte hartuz eta lantokietan, kalean eta instituzioetan gure ekarpen propioa eginez. Aldiz, ezinegona bideratu nahiean dabilen agenda erreakzionarioari inolako lekurik ez ematea lehen mailako eginkizuna dela uste dugu. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagotzat jotzen dugu aliantzak eraiki, diskurtsoak findu eta langileak eraldaketa ekosozial justuaren alde lerratu eta mobilizatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.