2025-12-27
Blog Page 204

Bilbobuseko murrizketak salatu eta hitzarmena eguneratzeko negoziazioa eskatu dugu

Autobus elektrikoak metroak sortutako energiaz hornitzean datzan Medusa proiektua aurkeztu du gaur Bilboko autobusen hiri-garraio enpresak; bada, langileek elkarretaratzea egin dute txanponaren beste aldea ikusarazteko. Izan ere, 2021eko abenduaren 31z geroztik ultraaktibitatean dago bertako langileen baldintzak arautzen dituen hitzarmena, eta berau eguneratu ahal izateko negoziatzeko eskatzen diote zuzendaritzari. Aintzat hartzekoa da azken soldata eguneratzea 2021ari zegokiona izan dela.

Hala, gaur Bilbobusen kotxeretan aurrera eramandako mobilizazioaren bidez plantilla bizitzen ari den egoera salatu dugu. Izan ere, prekaritatea gero eta handiagoa da, soldatak eguneratzeke izateak eros-ahalmenaren galera ekarri du eta, gainera, alde bakarreko eskubideak ezabatzen dituzte, aitortuak eta finkatuak izateaz gain, hitzarmenean jasota agertzen baitira, hala nola aparteko ordainsarien aldi baterako ezintasun-osagarria.

2024an gutxieneko pentsioa 1.080 euroraino osagarritzea bilatzen duen herri ekimena abiatu dugu Nafarroan

Nafarroa Garaiko hainbat eragile eta kolektibo sozialok 1.080 Orain herri ekimena aurkeztu dugu gaur, Parlamentuko taldeei eskatzeko 2024ko Aurrekontu Legeak barnebil dezan gutxieneko pentsioa kopuru horretara osagarritzeko behar den diru kopurua. Azaroaren 11n manifestazioa eginen dugu Iruñean, 17:30ean Baluartetik abiatuta.

KOMUNIKATUA

Pentsio-sistema publiko batek zahartzaro duina bermatu behar du. Gaur egun, hori gertatuko dela ziurtatzeko modu bakarra da Nafarroako erakundeek konpromisoa hartzea, aurrekontuen bidez, 1.080 eurora iristen ez diren pentsioak osatzeko.

Egungo errealitate sozioekonomikoaren ondorioz, gizarteko sektore gero eta zabalagoek ez dute gutxieneko diru sarrerarik jasotzen duintasunez bizi ahal izateko. Nafarroan 50.949 pertsonak 1.080 eurotik beherako pentsioa jasotzen dute, eta horietatik % 66 emakumeak dira. Beste behin ere, argi geratzen da pentsioetako genero-arrakala egia ukaezina dela, emakumeek bizitzan zehar egin dituzten ordaindu gabeko zaintza lanekin erabat lotuta dagoena.

Ez dugu ezinezkorik ez aparteko ezer eskatzen: 2024rako Nafarroako Aurrekontuetan gutxieneko pentsioaren osagarria 1.080 eurotan 14 ordainsaritan ezartzeko eskariari bultzada bat eman nahi diogu. Horrek pobreziaren atalasearekin gutxieneko pentsioa eguneratzeko bidean jarriko gintuzke, Europako Gutun Sozialak ezartzen dituen diru sarreren nahikotasun irizpideetan. Pobrezia atalase horrek, beste faktore soziosanitario batzuekin batera, zalantzarik gabe eragiten dio pertsonen osasunari.

2022an, Gizarte Segurantzak berak osatu zituen gutxieneko pentsio horiek, ezkontidea ardurapean ez zuten 65 urtetik gorakoentzat, 685 € arte, 14 soldatatan. Nafarroako Gobernuak, zerga kenkarien bidez, zenbateko txikiko alarguntasun eta kontribuzio pentsioak osatzen zituen, 776 euroraino. 12.000 pentsiodun izan ziren, 12 milioi euro inguruko kostuarekin.

2023an, Gizarte Segurantzak gutxieneko pentsioak 743 € arte osatuko ditu, eta Nafarroako Gobernuak gauza bera egingo du 14 ordainsariko 845 eurora iritsi arte.

Gaur egun, Nafarroan, Gizarte Segurantzaren gutxieneko pentsioa 743 eurotik 1.080 euro arte osatzeak 32.000 pentsioduni eragingo lieke; horietako % 66 emakumeak lirateke, eta kostua 60 milioi euro ingurukoa izango litzateke.

Borroka hori errenta bermatua handitzeko eskariarekin lotzen da, zailtasun ekonomikoak dituzten familiei gutxieneko diru sarrerak ziurtatzera bideratua. Horrela, bazterketa arriskuan dauden pertsonei diru sarrera duinak ziurtatuko zaizkie bizitzako etapa guztietan, aberastasuna banatzen lagunduz.

Foru erakundeek eskumen juridiko eta legal nahikoak dituzte osagarri hori ezartzeko. Hori guztiagatik, adierazpen hau sinatzen dugunok erreklamazio justu hori defendatzeko eskatzen diegu Parlamentuko talde politiko guztiei, beharrezkoa izan daitekeen aurrekontu partida onartuz.

Beraz, eskatzen dugu 2024ko Aurrekontu Legeak onar dezala nafar guztien gutxieneko pentsioa kopuru horretara iristeko behar den kopurua. Nafarroako herritar guztientzako bizitza duin baten alde, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, orain.

Ohiko matrikulazio epetik kanpoko eskolatze prozesuetako arazoak konpontzeko exijitu diogu Gimeno kontseilariari

Nafarroako hezkuntza sare guztietako sindikatu guztiok (AFAPNA, ANPE, CCOO, ELA, LAB, SEPNA, STEILAS, UGT) elkarretaratzea egin dugu gaur Iruñean, Hezkuntza kontseilariari eskatzeko berehala konpon ditzan ohiko datatik kanpo matrikulatzen diren ikasleen eskolatze prozesuetan izaten diren arazoak.

Joan den ikasturteko iraileko lehen egunetan bakarrik, Nafarroako hezkuntza-sistemak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko 2.350 ikasle hartu zituen, ikastetxeetan onartzeko ohiko epetik kanpo matrikulatuta.

Gerora etorritako ikasle kopuru izugarri handi hori, ikasturte osoan hazten ari dena eta, gainera, hezkuntza-laguntzako premia espezifiko gehienak dituena, eta dauden baliabideak nahikoak ez direlarik, ikastetxe bati esleitzen diote hainbat ikastetxe dauden herrietako tokiko eskolatze-batzordeek, eta Batzorde Orokorrak beste kasuistika mota batzuk gehitzen direnean.

2021ean, Hezkuntza Departamentuak orain arte ikasleak onartzeko zegoen araudia aldatu zuen, eta batzorde horietan parte hartzen zuten eragileen kopurua murriztu zuen, ordura arte prozesuaren garapena zaintzen zuten irakaskuntzako langileen bi ordezkarietako bat kenduz, eta, beraz, sareetako baten ordezkaritza bakar bat utziz. Horrela, eta orain arte ez bezala, eskolatze-batzordeetara ordezkari bakarra joan daiteke, irakaskuntza publikokoa edo pribatu-itunpekoa.

Gainera, gaur egun, eta azken urteetan gertatutako ikasle-kopuruaren gorakada esponentziala ematen den arren, ikastetxe bati atxikitzea nagusiki zuzena da, dagokion batzordeko kide guztietatik igaro gabe, eta kasu askotan ezin da haien funtzionamenduari buruzko daturik lortu (are gutxiago hurrengo urtean batzordeak esleitutakoaz bestelako ikastetxe batean matrikulatzen diren ikasleena).

Horregatik guztiagatik, Nafarroako hezkuntza-sare guztietako sindikatu guztiok (LAB, AFAPNA, ANPE, CCOO, ELA, SEPNA, STEILAS, UGT) elkarretaratzea egin dugu gaur hemen, Parlamentuaren aurrean, Hezkuntza kontseilaria den Gimenori jarrera aldatzeko eta sindikatuak entzuteko eskatzen diogu, beraz, Hezkuntza Departamentuari honakoa eskatzen diogu:

  • Ikasleen onarpena arautzen duen 33/2021 Foru Dekretuaren 33. artikulua aldatzea, langileen ordezkaritzen osaerari eutsiz, aurreko araudiarekin egin bezala eta ikastetxeetako zuzendaritzen kasuan errespetatu den bezala.
  • Batzorde horiek kide guztiei dei egiten dietela eta informazioa haien artean isurtzen dela ziurtatzea, opakutasun-kasuak eta daturik eza saihesteko.

Hezkuntza lehen eragile sozializatzaileetako bat da, eta herritar informatu, trebatu eta osasuntsu bat lortzeko motorra; beraz, ikastetxe kohesionatuetan, segregaziorik eta masifikaziorik gabekoetan bakarrik bizi ahal izango gara gizarte sendo, batu eta zuzen batean.

Bizkaiko ostalaritzako patronalaren errespetu faltak grebak berrietara bultzatu du sektorea

Bizkaiko ostalaritzako langileok iazko ikasturtea bi greba egunekin amaitu genuen eta uda osoan zehar, defendatzen ditugun argudio guzti-guztiek pisua hartu dutela ikusi dugu. Patronalak irabazi-marjinak handitu nahi ditu gure kontura. INEaren arabera, kontuak argiak dira: Bizkaian 2020ko urtarriletik KPIa % 16,9 igo da; hotel, kafe eta jatetxeetako prezioen igoera % 17,9; aldiz, soldata igoera % 0 izan da.

Horri gehitu behar zaio 2023an bigarren aldiz jarraian hautsi dela gure probintziako gaualdien errekorra, eta salmenten bolumena, aurtengo datuen faltan, errekorra izango dela espero baita, % 33 ‘9 igo da 2021ean eta % 40’ 3 2022an. Soldata, aldiz % 0 igo da.

Negoziazioa erabateko blokeo-fasean dago; patronala oso eroso, eta Gipuzkoan edo Araban ez bezala, ez du plantillen erosteko ahalmenaren galera arintzeko formularik baloratzen. Antolaketa eta borroka sindikala dira alternatiba bakarrak.

Horregatik, eta bereziki zaurgarria den sektore honetan hobetu behar diren kontu guztiengatik, taberna, jatetxe, hotel, kolektibitate eta plataforma bidezko banaketako langileei dei egiten diegu urriaren 4, 11 eta 12an hiru greba-egun berri egitera.

Kale Garbiketa eta Zabor Bilketaren ziklo mobilizatzailea hasi da Gipuzkoan, negoziazioaren paralisia salatzeko

LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok aurrerapausoa emango dugu hitzarmen duin baten alde borrokatzeko.

9 hilabete eta 11 negoziazio-bilera baino gehiagoren ondoren, Gipuzkoako Kale Garbiketa eta Zabor Bilketako sindikatuek patronala blokeatuta dagoela egiaztatu dugu, eta, horrela, negoziazioetan aurrera egitea eragozten ari dira. Oztopo horren ondorioz, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak negoziazio mahaitik altxatu gara.

Ez dugu ahaztu behar sektore honetan 1.500 pertsona baino gehiago ari garela lanean, besteak beste: kale-garbiketa, zabor-bilketa, zabortegiak, erraustegiak, hondartzen garbiketa, gaikako bilketa, birziklatze-plantak, estolderia, etab.

Urtarrilean sindikatuok 28 puntu eta jorratu beharreko gaiak biltzen dituen plataforma aurkeztu genuen, besteak beste, KPI eta erretirorako hobekuntzak, sektoreko lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin. Hala ere, lau hilabete zain egon ondoren, patronalak ia proposamen guztiak baztertu ditu.

Pasa den ikasturtean, ekainaren 17an, manifestazioa egin genuen Donostian. Ehunka langile batu ziren negoziaketaren blokeoa salatzeko. Ikasturte berriaren hasiera honetan, negoziazioaren eta plantillen erosteko ahalmenaren galeraren testuinguruan, sindikatuok intentsitate handiko ziklo mobilizatzaile bat hastea erabaki dugu udazkenean, aste honetan bertan Zinemaldian kontzentratuta hasiko dena.

Horrela, patronalari ez ezik, azpikontratatutako zerbitzu publikoen gatazka honetan eragile nagusiak diren udal eta mankomunitateei ere dei egin nahi diegu. Maiatzean, sindikatuok bilerak eskatu genituen udal eta mankomunitate guztietan, eta inork ez gintuen jaso.

Langile guztiei eskatzen diegu bat egiteko eta prestatutako mobilizazioetan parte hartzeko, gure batasuna eta erabakitasuna erakutsiz bidezko hitzarmen baten aldeko borrokan.

Hurrengo mobilizazioak:

  • Irailak 22, 19:30ean, KONTZENTRAZIOA Donostiako Zinemaldian, Kursaal aurrean
  • Azaroak 11, larunbata, 12:30ean MANIFESTAZIOA Donostiako kaleetan barrena, Alderdi Ederretik hasita

Igor Arroyo: “Zaintzaren erronkan indar berezia jarriko dugu ikasturte honetan”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra, Igor Arroyo, ETB1 telebista kateko Egun on saioan egon da gaur, eta Odei Esnaolak elkarrizketa egin dio. Gaurkotasunari lotutako gaiei heldu die Arroyok, EAEko zerbitzu publikoetan deitutako grebei, kasurako, baita hasi berri dugun ikasturteari begirako erronka eta asmoez ere.

Ildo horretan, nabarmendu du borroka sindikalak aktibatzen eta erosahalmena bermatzeko borroketan buru-belarri jarduteko asmoa, joan den ikasturtekoari jarraipena emanez. Bestalde, eta azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra ortzimugan, zaintzarako eskubide unibertsalerako bidean indar berezia jarriko du LABek.

Elkarrizketa osoa honako esteka honen bidez ikus daiteke (00:46 minututik aurrera): https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/egunon-euskadi/

Anbizio txikiko gobernu eta akordio programatikoaren aurrean, neurri zorrotz eta zehatzak aldarrikatu ditugu Nafarroako zerbitzu publikoak eta lan baldintzak hobetze aldera

Gure ustez, udan negoziatu eta osatu diren Nafarroa Garaiko akordio programatikoa eta gobernua anbizio txikikoak dira eta, horregatik, hasi berria den legegintzaldia ezberdina izan dadin, borroka sindikala eta soziala nahitaezkoa izanen da langileen lan eta bizi baldintzetan hobetzeko urratsak egin daitezen. Zahar egoitzetako Nafarroako lehen lan hitzarmena lortzea, Osasunbideko zein Miguel Servet-Navarrabiomedeko langileek lortu akordioak betetzea, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea izanen dira LABen lehentasunak urte politiko honetan. Halaxe azaldu du Imanol Karrera bozeramaileak gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan.

Bizitzaren garestitzea, enplegua, zerbitzu publikoen egoera eta etxebizitza dira Nafarroako herritarren kezka nagusiak eta, LABen iritziz, kezka eta behar horiei begirako irtenbideak ahalbidetu behar ditu aldaketa sozialak, politika publikoetan aldaketa sakonak eginez eta erabaki propioak hartuz. Ildo horretan, gehiengo sozialaren eskakizunak bermatzeko eta posible egiteko bidean, eredu sozioekonomikoaz erabakitzeko Nafarroak prozedura demokratiko bat eta tresna berriak behar dituela aldarrikatu du LABek.

Baina udako negoziazioetan eta gobernu osaketan alderdikeria nagusitu da, Nafarroa begirako egitasmo baten definizioaz baino karguen banaketaz aritu baitira. Horrek anbizio txikiko gobernua eta akordio programatikoa osatzea ekarri du; anbizio eskasa izan dute langileen bizi eta lan baldintzei eragiten dieten gaietan. Aurreko legealdiarekin alderatuta, kontinuismoa baino ez. Hots, akordioa politika ekonomiko eta sozialetan anbiziorik eta berritasunik gabea da.

Gobernu barneko arduren banaketari dagokionez, aldaketa esanguratsuak gertatu dira; lan harremanen eremuan PSNren kontrola zabaldu baita. Hala, ikuspegi sindikaletik oso deigarria da izandako mugimenduen atzean dagoen jokoa: Geroa Baik ehun produktiboa eta lan harremanak monopolizatu ez ditzan eta horren zati bat bere esku gera dadin, beharrezko organigrama bermatu baitu PSN-k. Eta hori ez da kasualitatea izan.

Banaketa berrian, UGT eta CCOO sindikatuen lehiatila bakarra PSNren ardurapean geldituko da; eta enpresarien lehiatila, aldiz, Geroa Bairenean. Bi alderdi horiek eredu ekonomiko berdina konpartitzen dute, noski, baina zenbait atal Geroa Bairen eskutik PSNren eskura pasatzeak UGT eta CCOO sindikatuen beharrak asetzeko neurri ekonomiko eta politika batzuen itzulera ekar dezake.

«Elkarrizketa sozialaren kultura babestea, lan-baldintzak hobetzeko». Akordio programatikoan jasotako esaldi horrek argi utzi duen moduan, Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua indartzeko asmoa dute, nahiz eta UGT eta CCOO sindikatuek aspaldi galdu zuten Nafarroako gehiengo sindikala. Horrek, aurretik dauden erronka eta materia zehatzen inguruan hitz egitea blokeatzen du. Badirudi Gobernuko hirugarren hankatxoaren parte den Podemos alderdia, tamalez, Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua inpugnatzetik onartzera pasa dela.

Gauzak horrela, legegintzaldi honetan borroka sindikala eta soziala beharrezkoa izanen da langileen aldeko neurriak lortze aldera, bereziki helburu hauetan:

  1. Soldata eta pentsio duinak lortzea.
  2. Zerga politika berria ezartzea.
  3. Finantziazio publikoa jasotzen duten eremuetan Nafarroako hitzarmenak ezartzea.
  4. Zaintza sistema publiko komunitarioa sortzea.
  5. Lan osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak ezartzea.
  6. Etxebizitza eskubidea bermatzea.
  7. Trantsizio energetikoa langileen parte-hartzearekin eta ekosozialismoaren bidetik egitea.

LABek PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiekin partekatu zituen helburu horiek, akordio programatikoan jaso zitezen. Hori bai, batere arrakastarik gabe. Beraz, langileon lehentasunak ez daude Gobernu honen lehentasun politikoen artean, ezta akordioaren beste eremuetan ere.

Azkenik, eredu sozioekonomikoaz nahiz bestelako gaien inguruan erabakitzeko ahalmen handiagoa aldarrikatu du LABek, bere ustez azken berrogei urteetan Foru Hobekuntzak utzi duen saldoa defizitarioa baita. Hala da demokratizazioari dagokionez, esaterako Euskararen Legea, baina baita bizi eta lan baldintzei dagokienez ere. Nafarroak tresna berriak behar ditu, herri gisa, gure lurraldeko gehiengo sozialaren eskakizun sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak bermatzeko eta ahalbidetzeko. Ezinbestekoa da, beraz, prozedura demokratikoa irekitzea, eztabaida prozesu zabal eta mugarik gabea irekitzea Nafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalari buruz, eta Espainiako Estatuarekin eta gainerako euskal lurraldeekin izan nahi ditugun harremanei buruz.

Mecaner itxi eta 148 pertsona kaleratzeko erabakiaren aurka borroka egiteko prest daude langileak

Autogintza industrian diharduen Urdulizko lantokiko beharginek berriki jaso dute enpresaren jakinarazpena. Etekinak puzteko nahia pertsonen bizitzaren gainetik jartzea leporatzen diote enpresari. Hala, zuzendaritzari atzera egiteko exijitu diote, eta alternatibez hitz egiteko beharginekin berehala bildu dadila. Instituzioen inplikazioa ere beharrezkotzat jo dute.

Jarraian, gaur (irailak 15) lantegiko enpresa batzordeak egindako agerraldian plazaratutako komunikatua:

S.O.S MECANER

Pasa den irailaren 1ean, enpresak langile guztiei EEE bat ezartzeko nahia jakinarazi zien, lantokia ixteko helburuarekin. Ondorioz, 148 pertsona lanik gabe utziko lituzke; horietatik 144 MECANEReko langile dira, eta beste lau, berriz, garbiketa azpikontratakoak.

Jakin badakigu erabaki hau ez dutela ez Urdulizen hartu, ezta Euskal Herrian ere. Erabaki hau MECANER barnekoa den STELLANTIS multinazionalean hartu da, zeina Peugeot, Citroen, Opel, Jeep eta beste hainbat marken egilea baita.

MECANER bideragarria eta lehiakorra ez dela izan da eman diguten azalpen bakarra. Hau da, ez dute nahi luketen beste diru irabazten. Beste behin ere zuhurkeri enpresariala da aurrean duguna. Etekinak pertsonen bizitzen aurretik ezartzen dituen enpresa baten jokabidea dugu hau, kontutan izan behar baitugu enpresak azken urteetan etekinak izan dituela. Gertaera hauek argi eta garbi erakusten dute haien helburu bakarra mozkin-marjina handitzea besterik ez dela, langileen eta eskualde osoaren gain erabaki honek izango dituen ondorio latzak kontutan izan gabe. Horrenbeste ez irabaztea aitzakia izan daiteke 148 familia kalean uzteko?

Zoritxarrez, MECANERen itxiera ez da kontu berria. Azken urte hauetan kostuak arintzeko produkzioa planetaren beste zonalde batzuetara bideratu dute, eta gure lurraldean enpresen itxiera etengabeari aurre egin beharrean gaude.

Gainera, gehienetan lekualdaketa hauek langileen esplotazioa dakarte. Erabaki eta jokabide hauek Euskal Herriko industriaren garrantzia gutxiesten dute, eta horren ondorioz zerbitzu eta turismo herri bihurtzen ari gara.

MECANEReko Enpresa Batzordetik gure ezadostasuna adierazi nahi dugu enpresak hartutako erabakiarekiko. Enpresa Batzordeak eta platilla bere osotasunean ez dugu bat egiten enpresak azaldutako arrazoiekin are gutxiago hartutako erabakiarekin. STELLANTISi bere erabakian atzera egiteko eskatzen diogu, eta Enpresa Batzordearekin premiazko bilera bat egin dezala, egoera honi alternatibak bilatzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari ardura hartzea eskatzen diegu eta Urdulizeko MECANERen jarraitutasuna eta 148 lanpostuak mantentzea bermatuko duen konponbidearen alde konprometitzeko deia egiten diegu. Euskal instituzioek ezin dute onartu lantegiak etengabe ixtea, ezta deslokalizazioa eta enpleguen suntsiketa ere.

Bitartean, MECANEReko langileok ez gara geldirik egongo. Guk badakigu gure enpresa bideragarria dela eta etorkizuna baduela. Horregatik antolatuko gara eta borroka egingo dugu. Gaur, gure enpresaren atarian, oso argi adierazi nahi diogu zuzendaritzari aurrean izango gaituztela eta azken momentura arte borrokatuko dugula gure lanpostuak denfendatzeko. MECANER ez da edozein enpresa; gurea enpresa historikoa da, herrialdean erreferentzia. Gure zainetan daramagu eta borroka egingo dugu defendatzeko.

Ildo beretik, gaurko ekitaldia aprobetxatu nahi dugu iragartzeko datorren irailaren 21ean, ostegunarekin, greba eguna egingo dugula ixteko erabakiaren aurrean gure desadostasuna adierazteko.

Era berean, Urdulizko eta inguruko bizilaguneei deia luzatzen diegu gurekin bat egiteko MECANERren eta gure industriaren defentsan, Urdulizen, urriaren 7an antolaturiko manifestaziora batzeko.

GURE INDUSTRIAREN DEFENTSAN ETA MECANERREN ETORKIZUNARENGATIK. URRIAREN 7AN DENOK URDULIZERA.

Gizarte mugimenduen topaleku izango den ‘ Su txikien itsasoa’ ekimena egingo da irailaren 30ean

Irailaren 30an Su Txikien Itsasoa gizarte mugimenduen topaketa burutuko dugu Ozaetako GaraiON Sorgingunean. Erronka handiko garaiak bizi ditugu, bizitzak erasotzen dituen sistema bidegabe eta bideraezin honen aurrean alternatiba eraikitzea beharrezkoa dugu. Horri buruz aritzeko elkartuko gara: nola helduko diogu trantsizio ekosozialari?

Asko gara egun Euskal Herrian borrokan gabiltzanak, krisi ekologikoari, pobretzeari, eskubide sozialen galerari… aurre egiteko, eta feminismotik, ekologismotik, langileen eskubideak eta bizi baldintzak erdigunean jarriz, gerraren aurka eginez, bizitza bizigarrien alde eta abar luze bat. Su txiki horiek aldaketa sozialerako itsaso bihurtzea dugu xede, eta horretarako ditugun adostasunei eta zoru komunari buruz aritu eta elkarrekin egin nahi dugunaz eztabaidatzea beharrezkoa da.

Izan ere gizarte mugimendu ezberdinok lanean ari gara, eremuz eremu, baditugu proposamenak eta badugu zer esana. Ekimen honen helburua guztion arteko harremanak estutzea, sinergiak sortzea eta partekatzen ditugun zoru komun eta erronken inguruan aritzea da. Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen zein herri mugimenduen arteko topaketa-jardunaldia izango da “Su Txikien Itsasoa”.

Egun osoko topaketa izango da irailaren 30ekoa, 10:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00etan bukatuko dena. Trantsizio ekosozialerako edukiez eta aliantzen beharraz hausnartuz ekingo diogu egunari. Goizean, sustatu nahi dugun trantsiziorako funtsezkoak iruditzen zaizkigun ardatzei buruz eztabaidatuko dugu goizean, hala nola, planeta bizigarria guztiontzat, nola ekarri bizitzak erdigunera, lanen eta ondasunaren banaketa, burujabetzak, pertsona guztiak eskubide guztien jabe izatea, trantsizio demokratikoa eta sozialki justua edota gerrari ez-a. Ondoren arratsaldean elkarrekin egin ahal eta nahi dugunaz aritzeko. Eremu ezberdinetako borroken berri izateko tailerrak ere izango ditugu.

Ekimen honetan izena eman eta bertaratzera gonbidatu nahi ditugu eragile sozial, sindikal eta herri mugimendu ezberdinak eta hauen parte diren kideak. Eskubide Sozialen Kartako sare sozialetan zabaldutako linkaren bidez egin daiteke, eta bazkaltzeko zein garraio kolektiborako eskaintza egongo da. Berriro diogu, sinetsita gaude su txikien itsasoa piztu behar dugula, trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatu, eta horren eraikuntzan elkarrekin ekiteko. Irailaren 30ean ikusiko dugu elkar!