2024-12-07
HomeZerbitzu PribatuakBidaiarien garraioaTuvisako langileek nazkatuta daudela erakutsi dute erabateko jarraipena izan duten lanuzte eta...

Tuvisako langileek nazkatuta daudela erakutsi dute erabateko jarraipena izan duten lanuzte eta mobilizazioetan, eta borrokan jarraituko dute datozen asteetan ere

Hilabete hasieran mobilizazioak abiatuta, atzo, hilak 11, deitutako lehenengo lanuzte partziala egin zuten Gasteizko Tuvisa autobus zerbitzuko beharginek, %100eko jarraipena izan zuelarik. Bihar, abenduak 13, mobilizazioa egingo dute Santiago ospitalean, eta egun osoko grebak ere iragarri dituzte.

Tuvisako beharginen gatazka ez da ezer berria; aldiz, luzarotik datorren kontua da, eta langileak kokoteraino daude beren baldintzak gero eta eskasagoak direla, zerbitzuaren kalitatea nabarmen murriztu dela eta zuzendaritzak eskakizunei entzungor egiten diela ikusteaz.

Greba eta mobilizazioetara jotzeko arrazoiak honakoak dira: lanpostuen galera metatua, erabiltzaileentzako zerbitzua prekarizatu izana, flotaren egoera negargarria, alderdi sozialarekiko mespretxuzko jarrera etengabea, lan-baldintzak okertu izana eta Tuvisaren baitako baliabideen pribatizazioa.

Gauzak horrela, langileek eskatzen dute, alde batetik, autobus-lineen galera ekiditea, pandemiaz geroztik galdu diren horiek berreskuratzea eta beharrezko izan daitezkeen linea gehiago ezartzea, lan-baldintzak zein herritarrei ematen dieten zerbitzuaren kalitatea hobetze aldera.

Horrez gain, Tuvisan azkenaldian egin diren pribatizazioak desegitea eta parkineko, gruetako eta garajeetako gauak berreskuratzea, horrek zerbitzua indartuko baitu.

Beste puntu garrantzitsu bat da hitzarmenaren negoziazioa aurrera eraman ahal izateko solaskide egokia izatea aurrean. Izan ere, orain arte langileen ordezkariek zuzendaritzarekin eginiko bilera guztietan erantzun bat eta bakarra jaso izan dute: Ez, ez eta ez. Langileek negoziaziorako eta hitz egiteko prestutasun osoa azaldu duten arren, horma zurrunarekin egin dute topo bestaldean.

Azkenik, lansaioaren erregistro eraginkorra ezartzea ere bada beste eskakizun bat, eta alderdi sozialarekin adostutako akordio guztiak Arabako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela ere bai.

Tuvisako langileen ordezkariek nabarmendu dute borroka hau ez dela plantillarena soilik; aldiz, Gasteiztar guztiei eragiten die, eta lanuzte eta grebek eragozpenak sor baditzateke ere, uler ditzatela eskatu diete herritarrei, guztien onurarako egiten baitute borroka.

Datozen hitzorduak

Hala, Tuvisako langileen borrokaren baitako hurrengo hitzordu nagusiak zerrendatu ditugu jarraian:

  • Abenduak 13: Mobilizazioa Santiago Ospitalean
  • Abenduak 18: Lanuzte partzialak 09:00etara arte
  • Abenduak 19: 24 orduko greba
  • Abenduak 21: 24 orduko greba

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta gorriak eskatzen dituen neurriak hartzeko determinazioa exijitzen du

Pasa den azaroaren 22an LAB sindikatuak jakinarazi zuen zenbatu gabeko beste bost langileren heriotzak gehitu behar zitzaizkiola 2024an lanean edo laneko bidean hildako nafarren...

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.