2026-01-01
Blog Page 201

Diru publikotik 960.000€ inguru banatuko dira Hego Euskal Herrian bake soziala erosteko

Gaur Osalanen Kontseilu Nagusian parte hartu du LABek, eta bertan adierazi da Estatuko Prebentziorako Fundazioak EAEn ere bere finantzaketa lerroa garatuko duela, kasu honetan Osalanen bidez 560.000€-ko diru funtsa abian ipiniz. Joan den ekainean Nafarroan egin bezala, LAB sindikatuak klientelismo-jokabide hori salatu du eta argi adierazi du ez duela banaketa horretan parte hartuko.

Gogoratu beharrekoa da Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikako, Nazioarteko Proiekzioko eta Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñik bilera bat deitu zuela joan den ekainean, Lan Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioaren kargura 2023. urterako Nafarroari esleitutako funtsen kudeaketa antolatze aldera (partida 400.814,41 eurokoa da). Bada, agerian geratu zen UGT eta CCOO parte izan direla aipatutako diru-kopurua kobratzea eta banatzea bermatzen dieten pleguen prestaketan. Funtzionamendu klientelar horren aurrean, LABek langileriaren osasuna defendatzea eskatzen du.

Azken urteotan banaketa horiek blokeatuta egon dira Kontuen Auzitegiak hautemandako irregulartasunen ondorioz, eta 2008tik 2013ra bitarteko deialdiak bide judizialetik baliogabetu izan dira. Estatuko Fundazioak berak sistema aldatu zuen, eta Osalanen Kontseilua eta Nafarroako Lan Osasunaren Kontseilua parte hartzetik kanpo utzi zituen. Ondoren, Kontuen Auzitegiak berak ondorioztatu du finantzaketa-sistema horretan funtsak aldez aurretik CEOEren, UGTren eta CCOOren artean banatzen direla, erakunde horiek epaile izan direla eta emandako laguntzen banaketan parte hartu dutela, eta kasu askotan zalantzan jar daitekeela jasotako funtsak ekintzak gauzatzeko erabili izana.

Estatuko indar sindikalen eta patronalaren aurkako epaiz betetako bide luzearen ondoren, 2022ko irailean, LAPLren V. xedapen gehigarria aldatu egin zen, funtsen kudeaketa Espainiako Lan Ministerioaren gain utzi zelarik. Hala, autonomia-erkidegoei kendu egin diete kanpaina bakoitzaren jarduera-ildoak zehazteko gaitasuna. Aldatu berri den xedapen horrek Madrilen zentralizatzen du ekitaldi bakoitzaren oinarriak diseinatzeko eta argitaratzeko ahalmena, eta beste behin ere Hego Euskal Herriko (EAEko eta Nafarroako) administrazioen kudeaketa-gaitasuna izapide hutsean uzten du. Bestela esanda, lege-aldaketa bat egin dute, lehen modu irregularrean egiten zutena egiten jarraitzeko, eta orain segurtasun juridiko handiagoa eman diote.

Uztailean LABek salatu zuen moduan, Nafarroako prozesuan behintzat UGTko eta CCOOko ordezkariek irizpide argiak zekartzaten idazkietan, zeintzuetan lotsagabe esaten baitzioten Nafarroako Gobernuari nola interpretatu behar zituen oraindik argitaratu ez ziren pleguak. Beste behin ere, jarduteko modu guztiz desegokia: erakunde horiek Fundazioaren funtsen kudeaketan epaile eta parte izan nahi dute, beren beharrak eta interesak asetzeko.

LAB ez da banaketa horretan sartuko. Ez du onartuko funts horiek interes korporatiboekin banatzea UGT eta CCOO sindikatuen eta patronalaren artean. Hori irmoki salatzeaz gain, LABek gai honetan esku hartuko du, eta presio egingo du, ekimen berrien bidez, erabaki eta politika berriak behartzeko. Gerta daitezkeen irregulartasunak gertutik jarraitu eta fiskalizatuko ditu, Aholkularitza Juridikoa jada lantzen ari den bide judiziala baztertu gabe. UGTk eta CCOOk beren pribilegioetan aurrera egiten saiatzeko edozein hutsune aprobetxatzeko estrategiaren aurrean, LABek ez du inolako tarterik utziko.

Nafarroako eta EAEko gobernuek bi aukera dituzte: UGTren, CCOOren eta patronalaren funtzionamendu klientelarra onartzea, zeinak gehiengo soziala kaltetzen baitu interes korporatiboen alde; edo LABek defendatzen duen langile klasearen aldeko alternatiba defendatzea: lan-baldintzak eta langileen eskubideak hobetzearen alde,lan-osasunaren publifikazioa aldarrikatuz (bai prebentzioarena, bai osasun-laguntzarena) eta, egungo esternalizazioaren aurrean, prebentzioa enpresen kudeaketan integratzea defendatuz. Hala, funts horiek kudeaketa publikorako izan daitezen erreklamatuko du, Osalan eta Nafarroako Osasun Publiko eta Laboraleko Institutua indartzeko (NOPLOI) bestelako aurrekontu-lerroak erabilita. Amaitzeko, Nafarroan lan ikuskapen propioa eskatzen du LABek.

Bihar itxiko dute Elorritxueta-Viveroko adingabeen zentroa, 19 langile kaleratuta

Galdakaoko zentroko langileek elkarretaratzea egin dute itxieraren bezperan Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean, instituzio horrek Landalan-Emankor enpresa esleipendunarekin batera afera honetan izan duen ardura azpimarratzeko asmoz. Gizarte hezitzaileen lana eta aldundiak kudeatzen duen zerbitzua bera duintzea premiazkoa dela nabarmendu dute.

Bihar, irailak 30, Galdakaon kokatutako Elorritxueta-Viveroko adingabeen zentroaren behin betiko itxiera gertatuko da, eta horrekin batera, 19 langile kaleratuko dituzte.

2022ko azaroaren amaieran, Landalan enpresak, Bizkaiko Foru Aldundiaren esleipendun izan denak Elorritxueta-Viveroko zentroa kudeatzeko, Gizarte Ekintza Sailari gutuna helarazi zion, zerbitzu horri amaiera emateko nahia adieraziz. Bada, orduan hasi zen prozesu luze eta mingarria, bihar plantillaren gehiengoaren kaleratzearekin amaituko dena. Irtenbide egoki bat bilatze aldera, langileen ordezkariak hainbatetan bildu dira orain arte Gizarte Ekintzako sailburu izan den Sergio Murillorekin, Landalanekin nahiz Agintzari Kooperatibarekin (langile guztiak subrogatu beharko lituzkeenarekin), baina azkenik ez dute lortu.

Langileek nabarmendu dutenez, gainera, zerbitzuaren zein lanaren baldintza eskasak lehenagotik zetozen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak arazoen berri bazuen ere, sekula ere ez du horientzako konponbide eraginkorra bilatzeko benetako apusturik egin. Adingabeen kopuru gehiegizkoak (batzuetan baimendutakoa bost bider gainditzen zutenak), errespetatzen ez ziren ratioak eta beste hainbat oztopo pairatu behar izan dituzte zentro horretan. Horrek guztiak, noski, giroa kaltetzen zuen erabiltzaile nahiz langileen artean, lan-osasunari ere eragiten ziolarik. Kontrola gailentzen zitzaion babesari, eta asistentzialismoa gizarte-heziketako jardunari.

Hala eta guztiz ere, nabarmentzekoa da erabiltzaileen gehiengoak arraskataz egin ahal izan duela aurrera, estigmak estigma eta trabak traba, hein batean bertako langileen borondate onagatik. Beraz, beharrezko ikusten dute sektore horretan diharduten langileen nahiz adituen iritziak kontuan hartzea gizarte politikak lantzean.

Kontuen Ganberak berretsi ditu LABek Osasunbideko itxaron zerrenden kudeaketa negargarriaren inguruan eginiko salaketak

Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideko itxaron zerrenden kudeaketan atzemandako irregulartasunek berriz ere agerian utzi dute nafarrei ematen zaien osasun arretan desparekotasun handia dagoela eta produktibitateen zein deribazioen kudeaketa erabat eztabaidagarria dela. Kontuen Ganberaren txostenak berretsi ditu LAB sindikatuak azken urteetan eginiko salaketak; hau da, nabarmena dela itxaron zerrendak eta produktibitateak beren interesen arabera erabili dituzten zerbitzuburu eta kudeatzaile batzuen utzikeria. Osasun Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak horren guztiaren ardura nork duen erabakitzeko garaia da.

Nafarroako kontu publikoak fiskalizatzen dituen erakundearen txostenaren arabera, 2018-2022 aldian Osasunbideak 21,32 milioi euro gastatu zituen itxaron zerrendak murrizteko; horietatik % 39 aldi baterako kontratazioetara bideratu ziren, % 31 aparteko lanaldiak egitera (“peonada” deituak) eta gainerako % 30 pazienteak itunpeko zentroetara bideratzera.

LABen ustez onartezina da Ganberaren txostenak berriz ere erakutsi duen errealitatea, itxaron zerrenden kudeaketa negargarriak eta jardueraren kontrol eskasak ezberdintasunak sortzen ari baitira pazienteen arretan eta langileen jardueran. 108 orrialdeko txostenetik, sindikatu honek honako gai hauek azpimarratu nahi ditu:

  • itxaron zerrendak kudeatzean, ez dira bete espezialitateetako agendak irekitzearekin lotutako irizpideak, diskrezionalitatez ari baitira hori egiten.
  • Osasunbideak ez ditu betetzen pazientearen arreta bermatzeko ezarritako epeak gainditzearekin zerikusia duten arauak, batez ere kontsultei dagokienez.
  • Kontuen Ganberak uste du ez dela betetzen ari pazienteek osasun barrutien artean daukaten berdintasun printzipioa; izan ere, pazientearen osasun barrutiaren arabera, kasu askotan, espezialitate bererako itxaroteko denbora desberdina da.
  • “Interbentzioetan parte hartu duten langileen erregistro falta eta lanaldi arruntean eginikoa aparteko jarduera gisa erregistraturiko jarduerak” aurkitu dituzte. Akats horiek erakusten dute baliabideen kudeaketa guztiz desegokia izatea ahalbidetzen dela.
  • Egoera onartezin gisa, “egiaztatu da pazienteak zitatzeko irizpideak gehiegi pertsonalizatzen direla tartean den zerbitzu medikoaren arabera. Zerbitzuaren arduradunek eta Zuzendaritza/Zuzendariordetza Medikoko arduradunek ez dute egindako jarduera gainbegiratzen”.
  • Osasunbideak ez du eginiko proba diagnostiko guztien estatistikarik, eta kontrol falta horrek ekarri du 2022an 54.000 proba baino gehiago atera behar izatera kanpora (2019an baino 14.000 gehiago).

Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurrien kontra mobilizatu gara Bilbon

Mobilizazioa egin dugu gaur Bilbon, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean, beste hainbat sindikaturekin batera, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak salatzeko. Bost urte igaro dira Izan Bidea dinamika abiatu genuenetik eta hamaika izan dira sindikatuok egindako mobilizazioak.

Gaur kurtso berri bati hasiera emango diogu, oraindik ere dinamika honetako aldarrikapenak lantokietaraino eramaten jarraitu behar dugulako eta oraindik ere salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzea exijitzen jarraitu behar dugulako.

Garrantzitsua da urte hauetan emandako pausoei balioa ematea, lehen graduaren amaierak, ondoren egindako hurbilketak, urrunketaren amaierak… Aldaketa horiek, ordea, bai jendarte aktibazioari eta baita alderdi, sindikatu eta instituzioen akordio eta batasunari esker gertatu dira. Horregatik ezinbestekoa dela uste dugu akordio eta aktibazio bide hori garatzen jarraitzea salbuespen legediarekin amaitu eta gradu progresioaren blokeoarekin behin betiko amaitzeko.

Eta argi dugu, guri ere dagokigula elkarlan eta aktibazio horrekin jarraitzea salbuespen neurriekin amaitu arte. Elkarbizitzarako eta konponbiderako pausoak ematen jarraitzea guri ere dagokigula. Denok izan behar dugulako bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiekin salbuespena atzean utzi eta etxera bidea gertu izatea delako helmuga.

Abenduaren 20an egingo dugu hurrengo mobilizazioa.

Eratu da azkenean Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenaren negoziazio mahaia, non LABek alderdi sozialaren % 70 izanen baitu

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmena izanen denaren negoziazio mahaia atzo eratu zen, azkenean, OEIS patronal estatalak paraturiko trabak gaindituta -iragan irailaren 13ko bileran mahaia behin-behinean irekitzea behartu baitzuen patronal horrek-. LAB sindikatuak ordezkaritza sindikalaren % 70 dauka mahai horretan, eta azaroaren 8ko hurrengo bilerara joanen da hainbat langilek emandako 80 ideia jasotzen dituen hitzarmen proposamen batekin.

Zenbaki guztiak argitu ondoren, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko negoziazio mahaian dauden sindikatuen ordezkaritza honela gelditu da: LAB % 70,71; CCOO % 16,16; UGT % 6,06; eta ELA % 6,06. Patronalen artean, ANEIS nafarrak % 75,88 izanen du eta OEIS estatalak % 24,12.

LAB hitzarmen proposamen bat prestatzen ari da, langileek helarazitako 80 ideia biltzen dituena eta urrian garatuko duena. Negoziazio-mahaiaren hurrengo bilera azaroaren 8rako ezarri da, eta sindikatu horrek patronalei azalduko dizkie proposatzen dituen edukiak eta aldaketak, helburu argi batekin: hain funtsezkoa eta feminizatua den sektore horretako plantilla guztien lan-baldintzak hobetzen jarraitzea, inor baztertu gabe.

LAB sindikatuak badaki negoziazio honetan bere gain hartzen duen erantzukizuna handia dela, eta espero du orain arte bezala lan egiten jarraitu ahal izatea langileen, ordezkari sindikalen eta afiliatuen eskutik, ilusioz, gardentasunez, ekimenez, konpromisoz, antolamenduz eta borrokaz; lorturikoaren esperientziarekin eta anitzez gehiago lortzeko asmoarekin.

LABek berriz salatu du Estellerriko osasun arreta publikoa desegiten ari direla, ospitaleko gerentziaren eta Gobernuaren beraren utzikeriagatik

Garcia Orcoyen ospitaleko Ginekologia eta Obstretizia zerbitzua ixteak berriz ere agerian utzi du Lizarrako Osasun Barrutiaren kudeaketa oso txarra dela. LAB sindikatuak eskatu du estatistika hotzen aitzinetik herritarren arreta lehenestea, eta salatu du osasun arreta publikoa desegiten ari direla, lehenik eta behin, Osasunbideko gerentziak interesik ez duelako eta, bigarrenik, zenbait fakultatibok zentro pribatuetan egiten duten jarduera bikoitzaren ondorioz langile nahikorik ez dagoelako.

Duela lau hilabete, LABek Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleko gerentea berehala kargutik kentzeko eskatu zuen, pribatizazio interesak sustatzen ari zelako eta Lizarrako Osasun Barrutiak behar bezala ez funtzionatzea zekarren lan giro deserosoa sortzen zuelako. Kudeatzaile horrek bere postua utzi du —ez dute bota—, baina barrutiaren kudeaketa penagarriak bere hartan segitzen du eta inoizko arreta faltarik handiena lortzen ari dira, prozesu asko Iruñera bideratzen ari baitira.

LABek ez du ulertzen zergatik Osasunbideko kudeatzaileek Lizarrako Osasun Barrutiaren osoko arreta desegiten ari diren, zenbait prozesu Iruñera eta bertze batzuk Tuterara eramanez. Agian arreta falta hori gertatzen da —orain Ginekologiarekin gertatu den bezala—, profesionalak NOU Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan batzen dituztelako, baina bertze zerbitzu batzuekin ere ari da gertatzen, hala nola Pediatria, Erradiologia eta Dermatologiarekin.

LAB sindikatuak arazo larria salatu behar izan zuen, Osasunbideko profesional nahikotxok beren jarduera publikoa jarduera pribatuarekin uztartzeak dakarren arazo larria salatu behar izan zuen LAB sindikatuak duela ez asko. Osasunbideak horietako batzuen egoera administratiboa ezkutatzeak arazoa larriagotzen zuen, gainera. Ustelkeriaren aurkako Bulegoak azken hori zuzentzeko eskatu zuen, baina oraindik ez dute egin.

Beharrezkoa da Lizarrako Osasun Barrutiaren aldeko apustu erreala egitea, gaur egun kudeatzaileek pertsonen aurretik jartzen dituzten zenbakietara murriztuta baitute —hori guztia “osasun zerbitzuak humanizatzearen garaian”, gainera—. Baina langileen lan baldintzek arretaren estaldurarik ezagatik erantzunik ez izatearen diskurtsoari jarraitzen diote: azpiegitura zaharkituak (Lizarrako osasun etxea, adibidez) edo jarduera arrunta galarazten duten eta profesionalak betiko Lizarratik kanpo joatera behartzen dituzten lanak. Zalantzarik gabe, halako neurriek eragin zuzena dute hiriguneak eta landa eremuak jendez hustean.

Interes pribatuek, eta gerentziak zein Osasun Departamentuak horiek errazteak, itxaron zerrenda onartezinak sortzen ari dira eta, horren ondorioz, arreta falta aurrez pentsatutako arduragabekeriatik oso hurbil dago. Eta ez ditzagun geure buruak engaina: diagnosi teknologian aurrezten dugunak —NOUko tumoreak detektatzeko ekipo berriaren kasuan bezala— bat etorri behar du geroko arreta publiko batekin.

LAB sindikatuak eskatu nahi dio Osasun kontseilariari enpresa pribatuetan dirua inbertitzeari uzteko eta profesional publiko batzuen jarduera pribatua errazteari uzteko, eta benetan osasun publikoaren alde egiteko. LABek oso argi du funtsezkoa dela Lizarrako Osasun Barrutia zaintzea, erabakitzeko ahalmena indartuz eta Nafarroako osasun laguntzaren funtsezko zati bat ez kentzeko behar den guztia inbertituz. Orain da osasun publikora iristeko baldintzak erraztuko dituzten erabakiak hartzeko unea, osasunarekin zerikusia duten profesional guztien antolamendua eta lan baldintzak hobetuz.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok egiaztatu dugu Osasuneko mahai sektorialak Osakidetzari eragiten dioten funtsezko gaiei heldu gabe jarraitzen duela

Elkarretaratzea egin dugu Mahai Sektorialeko gaurko bileraren aurretik, langileek jasaten duten tratu txar sistematikoa salatzeko.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok gaur egindako Osasuneko Mahai Sektorialaren bileran egiaztatu dugunez, Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dute benetako borondaterik Osakidetzako langileei eragiten dieten gai tronkalak negoziatzeko eta jorratzeko. Sindikatuak ekainean itzuli ziren Mahai Sektorialera, 8 hilabetez kanpoan egon ondoren, eta, zoritxarrez, gaur egiaztatu dute egoera ez dela funtsean aldatu.

Horren adibide gisa, gaurko bileran, sindikatuek Lan Baldintzen Akordio berri baten negoziazioa gai-zerrendan sartzea eskatu zuten. Akordio horrek 14 urte daramatza berritu gabe. Bada, Osakidetzak gai-zerrendan puntu hori ez sartzea erabaki du aldebakarrez, gai hori oso korapilatsua dela aitzakiatzat hartuta eta hurrengo bileretarako utziz.

Beste funtsezko gai batean, behin-behinekotasuna, %50eko tasarekin, Osakidetzak aurrerapenik ez planteatzeaz gain, sindikatuen galderei erantzunez, aurreratu du iraupen luzeko aldi baterako 2.200 kontratu amaitzea planteatzen duela, koderik ez duten egiturazko lanpostuetan. Lanpostu horiek kodetu beharrean, amaitutzat emango ditu kontratuak, hau da, langile horiek kaleratuko ditu, lanpostu horiek ezabatu eta plantilla are txikiagoa egin. Horrek lan gainkarga arazoak sortu ditu iadanik ESI batzuetan.

Bilera aurretik, sindikatuek, sindikatuek elkarretaratzea egin dute salatezko Oakidetzak tratu txar sistematikoa ematen diela langileei, hautaketa eta hornidura-prozesuen kudeaketan izandako hondamendiaren ondorioz.

Abuztuan zehar ospitaleetan dokumentazioa entregatzeko ikusi ditugun ilara luzeek horren erakusle argia dira. Gogoratu behar da Osakidetzak gaur egun martxan daukan LEPa deitu duela aurrekoa ebatzi gabe. Horren ondorioz, aurreko LEPean plaza lor dezaketen izangaiek izena eman behar izan dute LEP berrian, eta denbora eta ahalegina inbertitu behar izan dute egin behar ez zuten LEP bat prestatzeko. Duela hilabete batzuk, Sailburuak adierazi zuen, azterketak egin aurretik, ebatzi gabeko EPEko izangaien behin-behineko zerrendak argitaratuko zituela. Zerrenda horrek plaza lortzeari edo ez lortzeari buruzko ziurtasunik ematen ez badu ere, gutxi gorabeherako ideia eman diezaieke izangaiei. Bada, kategoria batzuetan, azterketak egin dira aldez aurretik behin-behineko zerrenda hori argitaratu gabe, eta beste kasu batzuetan, argitalpena ia azterketaren bezperan egin da, eta, horren ondorioz, izangaiek prestatu behar izan dute LEP berria.

Hori gutxi balitz, kontrolik ezak eta informaziorik ezak, horretarako epeak ireki diren datekin batera, ekarri dute dokumentazioa entregatzeko kudeaketa danteskoa izatea. Osakidetzako Zuzendaritzak uztailean emandako nahasmenduari eta mezu kontraesankorrei (ESI batzuetan dokumentazioa jasotzen zen, beste batzuetan hautagaiei esaten zitzaien ez zela beharrezkoa, eta beste batzuetan, une batzuetan jaso egiten zen eta beste batzuetan ez) abuztuko kaosa gehitu behar zaie.

Gogoan izan behar dugu garai horretan langile asko oporretan daudela, eta, horren ondorioz, izangai askok ez zuten epearen irekieraren berri izan, eta beste batzuek bat-batean itzuli behar izan zuten oporretatik. Horrez gain, dokumentazio hori jasotzeaz arduratzen diren langileek ere murriztu egiten dute beren ohiko langile-kopurua, uda dela-eta. Faktore horiek guztiek irudi lotsagarrien lekuko egin gintuzten ospitaleen atarian: ilara luzeak egunez egun, 5 ordura arteko itxaronaldiak eta hori guztia aro digitalean gaudenean.

Baina, zoritxarrez, hondamendi hori ez da LEPetara bakarrik mugatzen. Interinitateen esleipenak edo lekualdatze-lehiaketak ere arazo bat dira langileentzat: etengabeko akatsak ematen dituzte aplikazio informatikoak; informazio nahasia; agertzen eta desagertzen diren datuak; horretarako eskubidea izan arren, kontratazio-eskaintzarik jasotzen ez duten pertsonak; etab.

Orain arte adierazitako guztia tratu txar etengabea da, ez bakarrik izangaientzat, baita prozesu horiek guztiak kudeatu behar dituzten Osakidetzako langileentzat ere. Hautaketa eta hornitze prozesuak kudeatzeko baliabideak indartu behar dira: ezin dira hainbeste luzatu, eta ezin dira hain kaotikoak izan.

Frantziar Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi Europako Auzitegiak ere berretsi du

Duela gutxi jakin da Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu duela mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bruselako epaiaren bidez, lege-marjinik gabe utzi dira Bidasoaren mugan ohikoak diren praktika horiek, hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak.

Esan behar da EBJAren ekimena ez dela hutsetik sortu, hainbat erakundek eta kolektibok egindako salaketa, ekintza eta kanpainen ondorio dela; hain zuzen ere, aurtengo uztailean mugan droneak erabiltzea debekatu zedin erdietsi zen.

2021eko urtarrilaz geroztik, pandemiaren ezohiko aldia igarota eta Shengen Itunari eta pertsonen zirkulazio askearen printzipio komunitarioari muzin eginda, Frantziako gobernuak Bidasoako muga nahi bezala ixteko ahalmena esleitu dio bere buruari. Dagoeneko bi urte eta erdi dira muga hori itxi zenetik, eta itxiera sei hilean behin berritzen joan da, irizpide arbitrario eta ez oso gardenen arabera. Hemendik gutxira, azaroaren 1ean, mugaren itxiera berriro iraungitzen da. Paristik diotenari adi egongo gara.

LAB sindikatuak, salaketa horiek egiteaz gain, hainbat ekintza eta ekimenetan aktiboki parte hartzen du, Bidasoako muga inposatuan (eta muga guztietan) heriotzaren politika arbuiatzen du, gobernuen zigorgabetasuna salatzen du eta pertsona guztientzako eskubide eta aukera duinak eskatzen ditu, bai bidean daudenentzat, baita Euskal Herrian jarraitzea erabakitzen dutenentzat ere.

Frantziako eta Espainiako estatuen ohiko politika da migrazioaren mehatxua delakoari aurre egitea mugak militarizatzearen eta oinarrizko eskubideak kriminalizatu eta urratzearen bidez. LABek ez du onartuko halakoek gertatzen jarraitzea. Bizitza gehiegi dira inposatutako muga honetan galdu direnak.

Greba Feminista Orokorra prestatzeko martxan gaude

Oiartzungo Landetxe aretoan 200 emakumetik* gora bildu gara, azaroaren 30erako deitutako hitzordua ortzimugan. Zaintza Sistema publiko komunitarioa eratzeko beharrari jarri diogu azpimarra; datorren astetik aurrera eskualde guztietan delegatuen batzarrak  egingo ditu LABek norabide berean.

Goizean bideo emanaldi batekin hasi da batzarra, eta LABek sindikatu feministara bidean orain arte egindakoak errepasatu ostean, zaintza eremuko eta lanbide feminizatuetako hainbat langilek aurrera eramandako borroken testigantzak eta jomugan dituzten aldarrikapen nagusiak partekatu dituzte. “Premiazkoa da egungo zaintza sistema iraultzea”; horixe izan da ondorio nagusietakoa.

Ostean, Oiartzunera bertaratutakook lantaldeetan jorratu ditugu grebara begirako eman beharreko urratsak, eta Zutik emakumeak abestiarekin itxi dugu gaurko hitzordua.

Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorrarekin bat egin eta prestaketa lanetan buru-belarri murgildu gara LAB sindikatuan. Izan ere, zaintzarena sindikatuaren erronka nagusietakoa da, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak nabarmendu duenez: “Zaintza krisia gero eta nabariagoa da. Krisi honen arrazoi nagusi eta bakarra ez da bilakaera demografikoa edo jendartearen zahartzea. Emakumeok* errebelatzen ari gara, ez dugu ontzat ematen zaintza eredu hau, bidegabea eta sostengaezina baita. Egoera jasanezin bilakatzen ari da emakumeontzat* eta bereziki emakume langile migratu eta arrazializatuentzat”.

Hala, Aranburuk nabarmendu du premiazkoa dela zaintza lanak berrantolatu eta modu orekatuagoan banatzea; hain zuzen ere, hori du helburu LABek defendatzen duen zaintza sistema publiko komunitarioak, “zaintza lanak eremu pribatutik atera eta duintzea lortzeko” Aranbururen esanetan.

LAB sindikatuak denbora darama Mugimendu Feministarekin eskuz esku lanean eta aliantzak eraikitzen, eta bete-betean murgilduko da Greba Feminista Orokorraren lanketan.