2026-01-01
Blog Page 200

Guardiako alkateak herria erabili nahi du bere interes pertsonalen alde egitekoeta bere jardunbide txarrak ezkutatzeko, langile baten lintxamendua sustatuz

Guardiako alkate Raul García Ezquerrok (EAJ) harritu egin gaitu sare sozialetan eta prentsan Udalaren zigilua daraman “Informazio Ohar” batekin. Ohar hori ez dago sinatuta, eta informazio oker eta interesatuz beteta dago.

Alkateak, ohar horretan, dei egiten dio Guardiako herriari osoko bilkura batean parte har dezan. Bertan, Udaleko langile bati bere ordainsariei dagokienez arrazoia eman zion epai baten aurkako errekurtsoa jarri izana berretsi nahi du.

Langileari arrazoia ematen dion epaiak, LAB sindikatuan aspalditik salatzen ari garen gai bat azpimarratzen du: lanpostuen balorazioak eguneratu ez izana. Hori sistematikoki urratzen da udal askotan, Guardian, besteak beste, eta zuzenean eragiten du langileen ordainsarien eskubideetan.

Hori gutxi balitz, alkateak alde bakarretik jarri zion errekurtsoa epai horri, atzeko atetik, bere aholkulari pertsonalek abalatutako ihesbideekin, eta udalbatzara eraman gabe, legez derrigorrezkoa izan arren. Gainera, alde batera utzi ditu alde sindikaletik eta politikotik arazoa konpontzeko garaian eta moduan egin zitzaizkion errekerimenduak.

Oposizioko zinegotziak ere mehatxatu zituen, esanez beren ondare pertsonalarekin erantzungo zutela udalak errekurtsoa galtzen bazuen eta kostuak ezartzen bazitzaizkion.

Eta, azkenik, gertakaria salatu zuen langilea modu sistematikoan zokoratu eta deseroso sentiarazi dio.

Orain, alkateak Guardiako herria langilearen aurka erabili nahi du, gezurrak eta datu interesatuak zabalduz. Gezurrak, eta gezur gehiago, bere arduragabekeria nabarmena estaltzeko langile batenganako lintxamendu herrikoia bultzatuz, langile horrek egin duen gauza bakarra bere lan eskubideak defendatzea izan denean. 

LABek ez ditu onartuko ordezkari politiko baten horrelako jarrera arduragabeak, mafiosoak eta ez duinak. Eskura ditugun baliabide guztiekin jardungo dugu, egia argitara atera dadin eta norberari dagozkion erantzukizunak argitu daitezen.

Sindikalismo Feministaren aldeko Lehen Topaketa Internazionalistan adostutako manifestua aurkeztu dugu

Joan den ekainean Sindikalismo feminista baterantz“, lehen Topaketa Internazionalista burutu genuen Basoan (Artean, Arratian). LABek bultzatuta eta CUT Galiza, Intersindical Canaria, Intersindical Alternativa de Catalunya, La Intersindical eta Intersindical Valenciana sindikatuetako kideekin modu kolektiboan antolatu genuen bilera, eta Colectivo Unitario de Trabajadoras y Trabajadores (Aragoi), Corriente Sindical de Izquierda (Asturies) eta Sindicato Andaluz de Trabajadores/ek (Andaluzia) ere parte hartu zuten.

Eraikitzen ari garen sindikalismo feministari buruz gogoeta egiteko bildu ginen elkarrekin, bidean aurkitu ditugun zailtasunei eta aukerei buruz hausnartzeko eta definizio partekatu bat adosteko, ikuspegi bateratzaile gisa balioko diguna.

Sindikatu bakoitzean sortzen eta erabiltzen ari garen tresna feministak partekatzeko eta eztabaidatzeko aukera ere izan genuen, kapitalismo heteropatriarkalari ekintza soziosindikal feminista batetik aurre egiteko.

Aukera izan genuen nazioarteko esparruetan emakume* sindikalisten presentzia aktiboa hobetzeko proposamenak kontrastatzeko eta egiteko, nazioarteko harreman horiek eraldatzeko eta despatriarkalizatzeko. Bada garaia esparru internazionalista sindikala gure lurraldeetan lortzen ari garen aurrerapenen isla izan dadin!

Topaketa aberasgarri horren emaitza da gaur, 2023ko urriaren 4an, parte hartu genuen sindikatu guztiok aurkeztu dugun manifestu hau. Asmoen adierazpen bat da, hasteko proposamen zehatz batzuk, eta guztien artean partekatutako ibilbide-orri bat, sindikalismo feminista internazionalista baten bidez mundu mailako emakume* langileen askapenerako bidea egiteko.

Gora sindikalismo feminista internazionalista!

Gora emakume* langileon borroka!

Gora internazionalismoa!

Egoera zaurgarrian dauden kolektiboen bizkar egituratzen ari da langabezia, eta prekaritatea, aldiz, langile klase osoarengan

Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian, iaz baino 6.837 langabe gutxiago daudelarik. Hala ere, horietako gehienak emakumeak* dira, eta nabarmentzekoa da gazteei erreparatuz gero, haien kasuan langabeen kopuruak gora egin duela, baita zerbitzu sektorean diharduten migratuenak ere.

Langabezia datuen azterketa bestelako adierazleekin alderatu beharra dago lan merkatuaren benetako argazkia osatzeko. Herritar gehiago lanean egon arren, hainbat kolektiboren baitan langabeziak gora egiten jarraitzen du, lan merkatuaren egoera hobetu ordez, langabeziaren zama egoera zaurgarriagoa duten langileen bizkar egituratuz. Langabeziak behera egin arren, aurreko enplegurik gabeko herritarren kopuruak 0,9 puntu gora egin du pasa den urtetik. Langabetuen gehiengoak, zehazki %58,85, emakumea* izaten jarraitzen du. Pasa den urtetik hona, 25 urtetik beherakoen langabeziak %4,68 egin du gora, bai eta zerbitzuen sektoreko migratuen langabezia kopuruak ere (%3,09 egin du gora). Pasa den urtean baino 13.653 kontratu gutxiago sinatu dira irailean eta horien artean, %72,61 behin-behinekoak izan dira (pasa den urtean baino 1,85 puntu gehiago).

Afiliazioa aztertuz gero, sortzen den enplegua gero eta prekarioagoa dela ondorioztatzen dugu, argi eta garbi. Afiliatu berrien artean, gizonen %79,4k lanaldi osoa duen bitartean, emakumeen* artean %59,2 dira lanaldi osoa dutenak. Lanaldi partzialean dauden afiliatu berrien egoera, aldiz, kontrakoa da. Modu honetan, gizonen %10,7k lanaldi partziala duen arren, emakumeen* artean %25,4koa da proportzioa. Lanaldi partzialean emakumeak* dira nagusi, lanaldi partziala duten afiliatu berrien artean emakumeak* %66,29 baitira.

Kontratu motak aztertzerakoan, aldizkako prekarioak nabarmendu ditu LABek, enplegu prekario zein ezegonkorra hauspotzen duen kontratu mota baita. Afiliatu berrien artean, irailean egin diren aldizkako finkoen artean %81,78 emakumea* izan da. Gogora ekarri behar da joan den maiatzetik abuztura, emakumeen* artean, batez beste aldizkako kontratu finkoen %66,13 eten zirela. Kontratu mota hau sektore feminizatuetan hedatzen ari da: jantokietako hezitzaileak, ikastetxeetako garbitzaileak….

Lan merkatuan prekaritatea egiturazkoa den bitartean, bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren zaintza lanak ez daude modu orekatuan banatuta eta emakumeengan* erortzen dira gehienbat. Gainera, inongo aitortza sozial, politiko edo ekonomikorik ez duten lanak dira horiek. Era berean, zaintzarako zerbitzuak gero eta pribatizatuago daude. Horregatik ere, lan eta bizi baldintzen azterketa egiterakoan ezin da langabezia datuen azterketa hutsera mugatu, eta ikusmira zabaldu beharra dago langile klasearen errealitatea ezagutzeko.

LAB sindikatua lan zentroetan, kalean eta eraginkorrak diren bitarteko guztiak baliatuz borrokatzen da langile klase osoaren lan eta bizi baldintzak duinak izan daitezen. Hori dela eta, azaroaren 30ean Greba Orokor Feminista egingo du, Zaintzarako Eskubide Kolektiboa aldarrikatu eta urgentziazko aldaketa batzuk exijitze aldera. Inoiz ez delako berandu, baina denboran gehiago atzeratu ezin daitekeelako. Zaintza eskubide kolektiboaren alde ari da sindikatua, eta horretan jarr

Epaitegiek LABi arrazoia eman ostean, hitzartutako soldata igoera osorik ordaindu beharko die patronalak Gipuzkoako papergintzako langileei #LortuDugu

Papergintzako Gipuzkoako Hitzarmenean 2021. urterako hitzartu zen soldata igoera aplikatzean, ADEGIk, KPIa negatiboa izan zenaren aitzakiapean, ez zuen %1,25ko soldata igoera ezarri nahi izan: KPIa -0,5koa izan zela argudiatuta, %0,75eko igoera aplikatu zuen. Bada, LABetik epaitegira jo genuen aldebakarreko erabaki horren aurka, eta guri eman digute arrazoia.

Patronalaren aldebakarreko erabaki honekin erabat aurka agertu ginen hasieratik, eta horregatik epaitegietara jo zuen. Sindikatuak aldeko hainbat sententzia jaso baditu ere, ADEGIk errekurritu egin ditu denak.

Egoera zentzugabe hau gehiegi luzatu bada ere, pozez eta harrotasunez adierazi dezakegu epaitegiek azkenean arrazoia eman digutela eta, oraingoan bai, patronalak bere aldebakarreko erabakia zuzendu beharko duela.

Orain soldata taula berriak osatzea dagokigu; beraz, informatzen jarraituko dugu.

Mutualitateekiko klientelismoa baztertzeko eta publifikazioaren aldeko apustua egiteko ordua da

Joan den ostiralean Gasteizko Legebiltzarrean zein Iruñeko Parlamentuan eztabaida berdina gauzatu zen, EH Bilduk Osasun Sistema Publikoa mutualitateen mesedetan pribatizatzearen aurka aurkeztutako mozioetan. Bertan EAJren zein PSEren kontraesanak azaleratu ziren; izan ere, Gasteizen eta Iruñean guztiz aurkako norabidean bozkatu zuten.

Joan den martxoan LABetik salatu genuen AMAT estatuko mutualitateen asoziazioaren eta Gizarte Segurantzaren artean bideorri bat legokeela, txosten batean jasoa, osasun sistema publikoaren pribatizazioan pauso erraldoiak emateko. Honen aurrean, EAEko gobernua sustengatzen duten bi alderdiek Osakidetzaren izaera publikoa babestu beharrean, begibistan dagoen pribatizazio prozesua ukatu dute. Egunez egun, ikusten da osasun sistema publikoaren gainbehera dagoeneko herritarren kezka nagusien artean dagoela. Urkullu lehendakariak zerbitzu publikoak indartzearen alde egiten duela esan du berriki, baina hitzak ez ezik, ekintzak behar dira. Hala, publikoaren aldeko apustu hori benetakoa izango balitz, balizko pribatizazio berri baten aurrean ezezko borondate argia adieraztea besterik ez zeukaten. Bada, ez zuten halakorik egin. Aldiz, Nafarroako Parlamentuan, bai Geroa Baik eta bai PSNk pribatizazio itun horren aurka bozkatu dute.

Bestalde, LABentzako pozgarria da argitara eman genuen filtrazioaren ondorioz EAEn eta Nafarroan akordio horren ildo nagusiak geldiarazteko gai izan garela. Alabaina, adierazgarria da Urkulluren gobernua sustengatzen duten EAJ eta PSE urduri eta oldarkor ikustea gaia jorratzean; izan ere, EAJren gobernuak filtratutako dokumentu horren 10. puntua abian ipini du eta Osakidetzak mutualitateei historia klinikoak emateko aukera baliatu du. Ez da kasualitatea neurri horren onuradun bakarra Mutualia izatea, EAJren inguruko enpresa asoziazioa. Negozioa eta klientelismoa berriro gailendu dira eta PSE, EAJren makulu gisa jokatzen ari da beste behin ere.

Hala, Osasun Sistema Publiko osasuntsu bat izatearen garrantzian berresten gara. Horretarako greba eta mobilizazioak babesten jarraituko dugu, izan intersindikalen bidez deitzen direnak edo herritar plataformen ekimenez antolatuak. Eta bide horretan, mutualitateen mehatxuaren aurrean, horiek publifikatzea beste irtenbiderik ez dago. Azpimarratzekoa da publifikazio hori aurrera eramateko badela bide juridiko argia, eta alderdi politikoei hori gauzatzeko dei egiten diegu, mutualitateak egun sistema publikoaren arerio nagusia baitira.

Lantziegon gertatutakoarekin, azken hiru urtetan lan prozesu berberean lau heriotza gertatu dira

Babes osoa adierazi nahi diegu atzoko lan istripuan hildako bi langileen senide eta lagunei. Hauekin, aurten lan istripuetan hil diren langile kopurua 41era igo da. Prekaritatea heriotza horien guztien atzean dagoenez, instituzioek behingoz esku har dezatela exijitzen dugu.

Azken kasu honetan, Arabar Errioxako lehen sektoreari bete-betean eragiten dion beste faktore bat gehitu zaio lan heriotzei: Bi senide hauek hil diren upategia upategi txikia da, familiakoa, multinazional eta makro-esplotazioekin lehiatu behar dena. Bizirautean datza, bi eredu produktiboren arteko talkan: jasangarria den eredua, suntsitzailea den eta dena txikitzen duen eredu baten aurka. Lan handiko garaietan, mahats bilketa garaian kasu, pertsona hauek duten lan zama handitu egiten da, presioaren eta neke pilatuaren ondorioz istripuak gertatzeko aukera biderkatzen delarik. Horregatik, instituzioei Arabar Errioxako ardogintza eredua babestu dezatela eskatzen diegu LABetik, berriro ere honelako egoerarik gerta ez dadin. Izan ere, azken hiru urteetan lan langile hil dira Arabako Errioxan arrazoi beragatik. Atzo bertan, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak albistea jakin ondoren adierazi zuen izugarrizko mina eragiten ziola. Bada, hitz hutsak dira neurriekin batera ez badatoz.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak ezinbestean istripu mota honi aurre egiteko neurriak hartu behar dituzte, gas isurien arriskuaren aurrean protokolo bat zehaztu eta betearazi behar dute, Osalan eta Lan Ikuskaritza baliatuz. Ezin dugu gehiago itxaron, eta prozesu hauek barnebiltzen duten gas isurien arriskua saihesteko modua administrazioaren kontrol zorrotza da. Neurririk hartu ezean, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Aldundia izango dira sektoreko hurrengo lan-istripuen erantzule.

Horregatik guztiagatik, Euskal Intersindikalak azken bi lan-heriotza hauek salatzeko deitu duen mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu. Datorren urriaren 4an izango da, 10:00etan Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren aurrean.

Istripu larria Zikuñagan, Hernanin

Bestalde, joan den ostiralean Hernaniko Zikuñaga lantokian istripu larria gertatu zen, makina baten mantentze lanetako prozesuan. Zikuñaga lantokiko langile bat zauritu zen eta Intenance azpikontratako langileak zauri larriak jasan zituen, une hauetan ZIUn dagoelarik.

Ez da onargarria makinek eragindako kolpe eta harrapaketek oraindik ere horrelako tasak uztea. Enpresek neurri prebentiboak eta araudia betetzen ez dutenaren seinale argia da.

Igor Arroyo: “Ikuskari kopurua handitu behar da, ikuskaritza sistema indartu behar da eta legea ez betetzearen aurrean bestelako jarrera bat hartu behar da”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan egon da gaur, urriak 22, Iñaki Guridik elkarrizketatuta. EAEko zerbitzu publikoetan deitutako grebaz, zerga politikaz edota Lan Osasunaren arloan hartu beharreko neurriez aritu da, Lantziegoko upategi batean atzo langile bi hil eta Euskal Herrian aurten hildakoen zerrenda 41era iritsi ostean.

Elkarrizketa esteka honetan entzun daiteke (1:40:00 minututik aurrera): https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/audioak/osoa/9321880/faktoria-20231002/

Ia berrogeita hamar eragile sozial eta sindikalek trantsizio ekosozialerako funtsezko ardatzak adostu eta elkarrekin nola sustatu nahi ditugun eztabaidatu dugu Su Txikien Itsasoa topaketan

Elkarrekin sustatu beharreko lehen erronka komun bezala, azaroaren 30erako deituta dagoen Greba Feminista Orokorrarekin bat egin dugu.

Su Txikien Itsasoa topaketa ospatu dugu irailaren 30ean Ozaetan, GaraiON Sorgingunean. Ia berrogei eta hamar gizarte mugimendu eta eragile sozial eta sindikal ezberdinetako 120 kide inguru elkartu gara sustatu nahi dugun trantsizio ekosozialaz, zoru komun eta adostasunez, eta elkarrekin egin nahi dugunaz aritzeko. Izan ere, bizi dugun sistema bidegabea eta bideraezina da, eta horren aurrean planetaren eta pertsona guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bateranzko trantsizioa, edo hobe esanda eraldaketa sustatzea beharrezko ikusten dugu elkarturikoek.

Eremu ezberdinetan gabiltzan gizarte mugimenduak elkartu gara gaurkoan, su txiki-handi ezberdinetan gabiltzanak. Uste dugu eraldaketa hori sustatzeko gizarte aktibazioa ezinbestekoa dela, bestela elite politiko-ekonomikoek gidaturiko trantsizioz mozorroturiko aurreranzko ihesak itoko gaitu. Horregatik, gaurko ekimenaren helburua gizarte mugimendu ezberdinok ditugun esperientziak eta ikuspuntuak konpartitu, eta komunean duguna eta egin dezakegunaz eztabaidatzea izan da, gizartearen aktibazio hori elkarrekin eta elkarlanean eragiteko eta eraldaketa sozialaren aldeko itsaso bat bultzatzeko.

Goizeko eztabaidan trantsizio ekosozialerako funtsezko ardatzak jorratu dira. Hala, elkarrekin sustatu nahi dugun trantsizioaren funtsezko ardatz bezala kokatu ditugu zazpi hauek: planeta bizigarria guztiontzat, planetaren muga biofisikoak aintzat hartuz eta justizia klimatikoa oinarri; kapitalaren gainetik, bizitzak eta hauen zaintza erdigunean jarriko dituen eredua, ekonomia desmerkantilizatu, despatriarkalizatu eta dekolonializatuz; lanak – guztiak –  duindu eta birbanatzea eta ondasunak birbanatzea; burujabetzen alde egitea, eremu estrategikoetan erabakiak hartu eta gauzatzeko gaitasuna eskuratzeko, iraunkortasunagatik, kontrol demokratikoagatik edota erantzukizun kolektiboagatik; diskriminaziorik gabeko gizarte baten alde, pertsona guzientzat eskubide guztiak bermatu daitezen; Euskal Herriko gehiengo langile eta herritarra protagonista izateko trantsizio demokratiko baten alde, planifikazio publikoa herritarron mesedetan gauzatu dadin; gero eta gatazkatsuagoa den mundu baten aurrean desmilitarizazioaren, bakearen eta burujabetzaren alde.

Hortaz, goizean funtsezko ardatzak identifikatu eta hauek definitzeko ekarpen interesgarriak bildu ditugu. Arratsaldean aldiz elkarrekin egin nahi dugunaz aritu gara, helburua ez delako enegarren manifestua idaztea baizik eta gizarte aktibazio hori gauzatzea. Horrela agendan dauden ekintza eta mobilizazioen mapa egin eta agenda konpartitua marraztu dugu eta elkarlanean sustatu ditzakegun ekimenez aritu gara.

Topaketan dinamika bat hauspotzen saiatu gara, eta beraz, nolabaiteko jarraipena emateko erronka jarri diogu gure buruari. Alde batetik, urriaren 28an Gasteizen Kartaren ikasturteko asanblada nazional irekia egingo dugu, non ekimenaren sustatzaile nagusia izan den Kartaren hurrengo urratsez arituko garen. Bestetik, topaketan askotariko mugimenduak bildu garela ikusita, hala nola Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua edo Mugimendu Feminista, ondorio eta ekintza ahalik eta kolektiboenak sustatze aldera espazio zabalago hauei jarraipena eman eta gaurko topaketen ondorioak kolektiboki lantzeko espazioak irekitzea adostu dugu.

Azkenik, trantsizio ekosoziala sustatzeko zoru komuna eta elkarlan eta sinergietarako aukerak sustatzea ez da filosofia hutsa, ekintzarako proposamen bat da. Ditugun erronka amankomunei loturik, funtsezko elementu bezala zaintzarako eskubide unibertsalaren eta zaintzaileen eskubideen alde ekitea kokatzen dugu. Horregatik, gaur bildu garen gizarte mugimendu ezberdinok bat egiten dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitu duen Greba Feminista Orokorrarekin, eta berau antolatzeko espazio ezberdinetan proaktiboki parte hartzeko konpromisoa hartu eta deialdia luzatu dugu.

Xuti Gazte! antolakundearekin batera ‘Gazte langileon gida’ aurkeztu dugu

Lan munduari lotutako oinarrizko ezagutzen berri modu errazean izatea ahalbidetuko duen tresna izango da, betiere kolektiboaren garrantzian azpimarra jarrita.

Gida ikusteko, sakatu hemen.

Gazteen artean prekaritatea agerikoa da, askok lan-baldintza kaxkarrak baizik ez dituztelako ezagutu; soldata apalak, kaleratzeak edota kontratu gabeko lanak, adibidez. Horrez gain, krisiek zein azken urteotako lan eta erretreta erreformek egoera okertu baino ez dute egin.

Hori dela eta, LAB sindikatuak eta Xuti Gazte!-k elkarlanean sortu dute Gazte langileon gida, ezagutu beharreko oinarrizko informazioa dakarrena; izan ere, jakina da ustez bermatuta dauden hainbat eskubide ez direla errespetatzen, eta gidak horiek borrokatzeko tresna izan nahi du. Hala ere, aurkezpenean azpimarratu dute gutxieneko eskubide horiez haratago prekaritateari eta sistema kapitalistari aurre egitearen beharra. Hala, borroka lantokietara, ikastetxeetara, karriketara eta beste eremu guztietara eramateari garrantzia eman diote.

LABen izenean aritu diren Joana Urrutik (Ipar Euskal Herriko Zerbitzu Pribatuetako arduraduna) eta Heren Muruagak (Ipar Euskal Herriko Industriako arduraduna) nabarmendu dute gazteen lehen kontratuak prekarioak izan ohi direla: ikastaroak, kontratu mugatuak, denbora partzialekoak… hori gutxi ez, eta usutan adin ezberdintasunak nagusiarekiko menpekotasun harremana areagotzen du.

Bada, liburuxka honetan laburbildu dituzte jakin beharreko hainbat kontu. Gainera, zuzenbidea aldakorra denez, gida noizean behin eguneratu egingo dute.

Langile gazteen gida honek bederatzi puntu nagusi biltzen ditu:

1. Lan kontratua: Lan-kontratuaren definizioa eta halakoak irakurri eta ulertzeko gakoak, zehaztuz zein klausulatan arreta eman behar den.

2. Kontratu bereziak: Askotan kontratu bereziak izenpetzera bultzatzen dituztenek gazteak, horien berezitasunak argitarat ateratzen ditu gidak.

3. Lansaria eta paga orria: lansariaren inguruko eskubide zein arauak eta paga fitxak dituen atal ezberdinen azalpena, adibideetan oinarrituta.

4. Lan denborak: Lan denborari buruzko oinarrizko informazioak

5. Atseden denborak: Atseden denborei buruzko arauak, adingabekoen muga bereziak, eta abar.

6. Opor ordainduak: Opor ordainduen oinarrizko printzipioen azalpena.

7. Lan geldialdiak: Lan geldialdiei buruzko informazioa, batez ere lansarian ekartzen dituzten ondorioak kontuan harturik.

8. Kontratu bukaerak: Molde ezberdinen azalpena eta dituzten ondorioena, esate baterako, langabeziari dagokionez.

9. Kolektiboaren garrantzia: Kolektiboki antolatzeko existitzen diren aukerak mahai gainean jarri dira gidan. Izan ere, sindikatuarentzat nahiz gazte antolakundearentzat horixe da eskubideak errespetatu zein berriak irabazteko tresnarik eragintkorrena. Gidan askatasun sindikalari, langile ordezkaritzari nahiz greba eskubideari buruzko azalpenak bildu dira.