2026-04-28
Blog Page 198

Bilboko Udalean kalitatezko zerbitzu publikoak indartzeko beharrizana nabarmendu dugu, aurrekontuek ez baitute halakorik bermatzen

Erreklamazioak aurkeztu dizkiogu EAJ-PSEk 2024rako proposatutako udal aurrekontuei.

Bilboko Udaleko LABen atal sindikalak urteak daramatza udal-aurrekontuari erreklamazioak egiten. Bada, aurten ere hala egin dugu, inoiz baino zentzu handiagoarekin gainera; izan ere, aldarrikapenak LAB sindikaltuak azken hilabeteotan eginiko mobilizazioekin (zerbitzu publikoetako bi greba egunak barne) lotuta daude.

Kanpaina honetan defendatutako puntuen artean honako hauek daude:

  • Estatuaren mugak ez onartzea
  • Lan-kargak arintzea, lan-osasuna bermatuz
  • %10eko soldata-igoera, aurreko zorra berreskuratzea
  • Enplegua sortzea eta egonkortzea
  • Arlo publikoa indartzea, ez pribatizazioak
  • Zaintza-sistema publikoa, politika feministak

Bilboko Udaleko langileek bi oztopo izaten dituzte nagusiko negoziazio kolektiboan akordioak erdiesteko: batetik, estatuak mugatzen dituen soldata-igoerak; eta, bestetik, Madrilgo gobernuak enplegua sortu eta egonkortzeari jartzen dizkion mugak zein oztopoak.

Gogora ekarri behar da aurtengo azaroaren 10ean udal hau gobernatzen duten alderdiek (EAJ-PSE) Madrilgo gobernuari inbestidurarako egonkortasuna emateko konpromisoa sinatu zutela. Akordio horrek birjarpen-tasak eta enplegatu publikoen ordainsari-masaren gehikuntza aipatzen ditu.

Bada, LABen sail sindikalak aurkezturiko erreklamazioa onartuz eta udal aurrekontua egokituz, orain da unea akordio hori baliatzeko.

LABen erreklamazioa, batez ere, zerbitzu publikoak indartzeko plaza berriak sortzean oinarritzen da. Besteak beste, honako hauek behar dira:

  • Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak indartzeko gizarte-langileak
  • Politika feministetan aurrera egin ahal izateko berdintasun-teknikariak
  • Euskara teknikariak, euskalduntzearen arloan Bilbok merezi duen bultzada emateko

Gainera, dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuen publifikazioa eskatzen dugu, baina, era berean, sortu berriak diren zerbitzuen pribatizazioaren aurkako jarrera daukagu. Horren adibide da laster Esperantza kalean irekiko den ekipamendu berria, gobernu-taldeak enpresa pribatu baten bidez kudeatu nahi duena. Horren aurrean, LABetik argi diogu: udal zerbitzu publikoak udal langileek kudeatu behar dituzte.

Bi arrantzale desagertu dira eta beste bat larri zaurituta ospitalera eraman dute Ziburun itsasontzi bat hondartuta

Gaur, abenduak 22, beste lan istripu bat gertatu da. Arcachondik Euskal Herri aldera zetorren arrantza-ontzi bateko bi arrantzale desagerturik daude eta beste bat oso larri erreskatatu dute, hipotermiak jota, Ziburun, Zokoako diketik gertu hondartuta zegoela.

Lehenik eta behin, une gogor hauetan LAB sindikatuak elkartasuna adierazi die pertsona horien sendiei, lagunei eta lankideei zein itsas eta arrantza munduari, oro har.

Arrantza sektorean bereziki egoten diren baldintza gogorrak azpimarratu ditu sindikatuak, hala nola garai honetan izaten duten lan karga handia eta kuotek ezartzen duten presioa.

Lan baldintzak oso gogorrak dira, goizaldeko lana, lan ordu luzeak eta ia deskantsurik gabeko jardunaldiak tarteko, eta arrazoi hauek aurkitzen dira istripu hauen iturburuan, itsasoan diren baldintzak edonolakoak direla ere lanera atera behar izaten direlarik, besteak beste.

Azkenik, lan- eta klimatologia-baldintza oso gogorretan bilaketa- eta erreskate-lanetan parte hartzen ari diren langile guztiak egiten ari diren lana ere aitortu du LABek, eta babesa adierazi die, askotan ez baitzaie aitortzen, ez sozialki, ez lan aldetik, haien dedikazioa eta lana.

EAEko enplegu lege berriak ez die erantzuten euskal langileriaren beharrei

LABen ustez, atzo Gasteizko legebiltzarrean onartu zen EAE-ko enplegu legea motz jaio da bere sorreratik; izan ere, EAE-k eskumen mugatuak ditu enplegua erregulatzeko garaian, Estatutik datozen arau eta irizpideak ordenatzeko aukera besterik ez baitago. Gainera, Lanbidek izango duen izaera juridikoaren aldaketa salatu du LABek, pribatizazioari eta kontrol publiko ezari ateak irekiko baitizkio.

Euskal Herriak benetako enplegu lege bat behar duela uste du sindikatuak, Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren bidean urratsak emanez. Hala, nabarmendu du atzoko legea aukera galdu bat izan dela bide horretan lanean hasteko.

Enplegu politika diseinatu ahal izateko ezinbestekoa da herri batek eskumen osoak izatea, zer nolako enplegua sortu nahi dugun, nola egingo dugun hori eta nola banatuko dugun erabaki ahal izateko. Atzo onarturiko legeak bere sorreratik du muga hori, gaur egun Autonomia Erkidegoetan egin daitezkeen enplegu politikei, ezin baitzaie horrela deitu. Eskumenen mugak azaleratu nahi genituzke beraz. Izan ere politika aktiboak garatzeko eskumena jasoa dugu EAE-n, ez ordea pasiboena, eta ondorioz, Estatutik datozen arau eta irizpideak ordenatzeko aukera besterik ez daukagu. Enplegua eskubide subjektibo gisa onartua izan da enplegu legean, eta hori aurrerapausoa da gure ustez, baina berau egikaritzeko eta praktikan jartzeko tresnak zehaztea falta zaigu.

Euskal Herrian bertan eta Euskal Herriarentzat diseinatutako enplegu politikak garatu ahal izateko ezinbesteko bitartekoa da lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren eraikuntza. Marko hau gainditzeko proposamenak eginak dauzkagu, esaterako Euskal Herrirako proposatzen dugun lan kodea. EAE-n proposatzen diren lege eta araudiek ere norabide hori jasota behar lukete LABen ustez. EAE-ko enplegu legeari ez diogu ordea markoa gainditzeko, marko propio baterantz urratsak emateko bokaziorik ikusten. Ez du Estatuagandik menpekoa izango ez den elkarrizketarik bultzatzen, edo ez dio legeak berak definitzen duen enplegu duin hori bermatzen lagunduko luketen balizko lanbidearteko akordioei erreferentziarik egiten.

Bestetik, Lanbideren pertsonifikazio juridikoaren berregituraketa salatu du LABek, zuzenbide pribatuko entitate publiko gisa definitzen baita, eta horrek kezkatu egiten du sindikatua, pribatizazioari atea ireki ahal dion aldaketa bat delako.

Zuzenbide pribatuko entitate publiko izatera aldatzeak sakoneko aldaketak ekarriko dizkio Lanbideri. Batetik, Lanbideko langileei dagozkionak. Urte luzez behin-behinekotasun tasa oso altuak jasan ondoren, egonkortasun prozesuei bide eman zitzaien azkenean, eta langileek lasaitasun pixka bat izango zutela uste izan dutenean, pertsonifikazio juridikoaren aldaketak zuzenean eragingo dio euren egoera laboralari, funtzionario postua dagoeneko lortu duen langileak ere bi aukeren artean erabaki beharko duelako: Lanbiden laboral gisa jarraitu edo funtzionario gisa irteera prozesuan. Gainera, erreferentziazko hitzarmen kolektiboa edota langileen hornidura gisako gaiak Administrazio Kontseiluak onartu ahal izango ditu.

Lanbideren izaera juridikoa aldatzeak ez die langileei bakarrik eragingo ordea. Kontrol ekonomikoa eta kudeaketa kontrola galduko dira, Funtzio Publikoak gainbegiratu beharko ez duelako, hori 1000 milioiko aurrekontua eta 1200 langile dituen erakunde batean. Kontrol publiko ezak hamaika eremutan eragin ahal izango du, ekonomikoan, baina baita beste hainbatetan ere: gogoan izan behar dugu gaur egun ere entitate kolaboratzaileen bidez estalitako azpikontratazioa egiten duela Lanbidek, eta orain, azpikontratazio hori gauzatzeko garaian berme are eta gutxiago izango ditugu. Ardura kargu desberdinak sortu ahal izango dituzte, bertarako sarbidea gobernuaren konfidantzazko pertsonetara mugatuz. Euskararen inguruan ere eragin ahal du, Eusko Jaurlaritzaren euskara planetik kanpo geratuko bailitzateke erakundea.

LABen esanetan, Euskal Herriak benetako enplegu lege bat behar du, Euskal Herritar guztiontzat enplegu duina bermatuko duen legea, bizitza bizigarriak garatzea ahalbidetuko duena, zaintza lanak eta euren banaketa orekatua aintzat hartuko dituena. Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraikitzea, eta bide horretan urratsak ematea ezinbestekoa da horretarako, eta sindikatuaren ustez enplegu lege honek ez dio erantzuten Euskal Herriko langileriak duen beharrari.

ABEEEaren aplikazioan genero diskriminazioagatik Tubacex zigortzen duen epaia irmoa deklaratu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak

Zaintzagatiko lanaldi-murrizketan zegoela, enpresak gainerakoei baino eragin handiagoz aplikatu zion enplegu erregulazio espedientea.

Beste behin ere, Tubacexen enpresa-politika zalantzan jarri da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak beste epai bat eman duelako (irmoa dena), Tubacex-en azken ABEE-ren aplikazioan generoagatik diskriminatua izan den langile bati oinarrizko eskubide bat urratu zaiola aitortzen duena.

Langilea seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketan aurkitzen zen, eta koordinatzailearen lanbide-kategoria du, batez ere gizonek betetzen dutena. Tubacex-ek, bere azken Aldi Baterako Enplegu Erregularizazio Espedientearen aplikazioan, pertsona honentzat, ABEEE-ren eragina handiagoa izatea erabaki zuen.  Beraz, horrek kalte ekonomiko erantsia ekarri zion bere egoerari, enpresak aski ezagutzen zuena.

Epaiak berak aitortzen du, azken ABEEE-ren eragina emakume langilearentzat neurrigabea eta diskriminatzailea izan zela generoagatik eta familia-kontziliazioko neurrietara egokitzeagatik.

LABentzat, epai honek urte hauetan zehar Tubacexen ohiko praktika izan diren eta kasu askotan auzitegietan salatu ez diren erabaki diskriminatzaileen aurrean jarri ditugun salaketak aitortzen ditu. Tamalgarria da Tubacex bezalako enpresa bat, Eusko Jaurlaritzaren laguntza mota guztiak dituena, horrelako gertaeren adibide izatea.

Horrek ere agerian uzten du Industrian oso orokorra den errealitate bat, sektoreko emakume langileei zuzenean eragiten diena; izan ere, emakume gehienak dira kontziliazio baimen horiei heltzen dietenak. Baina bizitza eta lana uztartzeko berdintasuna eta babesa bultzatu beharrean, emakumeak, horregatik, diskriminatuak dira.

LABetik epai hau publiko egin nahi dugu eta Tubacex-eko Zuzendaritzaren erabakien larritasuna agerian utzi. Enpresa-abusu eta -diskriminazio oro judizialki eta publikoki salatzen jarraitzeko konpromisoan berresten gara. Era berean, Tubacex-i era honetako edozein jokabide edo ekintza bertan behera uzteko eskatzen diogu irmoki.

Zorionak CECOSAko langileei

Borrokatzeak merezi duela argi utzi dute azken asteotan Elorrioko Eroskiko biltegiko beharginek. Azaldu duten kemena, indarra eta ausardiari esker lortu da inoiz Cecosan gertatu ez dena. Langileak batu, antolatu eta duintasun erakustaldi baten ondoren lan baldintzak hobetuko dituen akordio batera heltzea enpresarekin.

Sinatutako baldintzen artean daude, besteak beste: bi urteko indarraldia, ultraktibitate mugagabea, lanaldiaren 70 orduko murrizketa, atsedenaldietarako eskubidea, gaueko nahiz asteburu eta jai-egunetako plusa igotzea, antzinatasunak aitortzea…

130 langile ingururi eragiten die akordio honek.

30 egunez greba mugagabean egon ostean, akordioa #LortuDugu Loiuko lorezaintza zerbitzuan

Elai Serbitzuak enpresako langileak arduratzen dira Loiuko lorezaintzako mantentze-lanak egiteaz, eta hasieratik argi izan dute borroka dela beren eskubideak defendatzeko daukaten tresna bakarra. Hilabete beranduago, arrazoia zeukatela esan dezakegu.

Soldatak KPIaren arabera eguneratu dituzte, atzerapenak kobratuko dituzte, dagozkien kategorien aitortza lortu dute eta, batez ere, enpresaren errespetua eskuratu dute. Orain enpresak badaki langileak ez direla apurrekin konformatuko.

EAJk PSErekin dituen aliantzei men eginez hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko oztopo den EAEko hezkuntza lege berria onartu du

LABek ezezko borobila ematen dio gaur onartu den Hezkuntza Legeari eta borrokan jarraituko du hezkuntza-sistemak behar dituen eraldaketak gauzatu, burujabetzan sakondu eta eskola publikoa eta euskara ardatz dituen legea eskuratu arte.

Prozesu luzea izan da hezkuntza legea osatzekoa, hezkuntza komunitateko sindikatu eta eragileok 3 urte luzeko borrokan murgildu gaituena. LAB Sindikatuak burujabetzan sakondu lezakeen lege berria erdiesteko aukera baliatu eta eragiteko determinazioa izan du hasieratik eta hori lortzeko ez dira falta izan legeari egindako ekarpen edo alegazioak, mobilizazio eta grebak edota trantsiziorako proposamenak.

Hezkuntza akordioaren aurretik prozesu osoan eragiteko Dekalogoa aurkeztu genuen; batetik, hezkuntza-sistemaren antolaketa eta eredua errotik eraldatzeko, eta bestetik, langilean aintzat hartu eta lan-baldintzak hobetzeko.

Parlamentuan hainbatetan LABen ekarpen eta alegazioak aurkeztu ditugu: hezkuntza akordioari, lege zirriborroari zein lege aurreproiektuari. Mobilizazioak eta grebak burutu ditugu, beste sindikatuekin elkarlanean zein LABek bakarrik ere. Eremu guztietako langileak egon gara borrokan Haurreskola Partzuergo publikoan, eskola publikoetan, ikastoletan, gizarte ekimeneko ikastetxeetan eta jangeletako hezitzaileak ere.

Bada, prozesuaren bukaerara helduta aukera galdu du EAJk eta atea itxi dio hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko behar genuen legeari. PSErekin dituen aliantzei men eginez alderdi politikoen artean sinatu zuten hezkuntza akordioan adostutakoari muzin egin dio eta ituntze-sistema unibertsalean sakonduko duen zein hizkuntza ereduetan oinarrituko den legea onartu du.

Segregazioari aurre egiteko zenbait neurri positibo kenduta, onartu duten Legeak egiturazko aldaketei atea itxi eta egungo hezkuntza ereduaren gabeziak iraunaraziko ditu: hezkuntza eskumen mugatuak, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak, mugarik gabeko ituntze sistema unibertsala, laikotasunik eza eta eskola publikoaren azpigarapena nahiz segregazioa dakarren hezkuntza sistema duala.

LABek urte guzti hauetan egindako determinazio berarekin jarraituko du borrokan onartu berri den lege honek beste 30 urte luzez iraun ez dezan eta hezkuntza sistemak behar dituen eraldaketak lortzeko zein Euskal Herriak bere hezkuntza burujabea antolatzeko duen eskubidea egikaritzeko behar dituen hezkuntza legeak eskuratu ditzan.

Sare publiko bakar deszentralizatuan antolaturiko eta euskararen murgiltze ereduan zein Euskal Curriculumean oinarrituriko hezkuntza sistema propioa behar dugu eta hori gaurdanik eraikitzen hasteko trantsiziorako tresnak. Gaur Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan onartutako legea ez da horretarako tresna, baizik eta kontrako norabidean doan legea. Hortaz, langileok ditugun tresnak eskutan LAB sindikatuak eragiten jarraituko du.

Lortu dugu sindikatuek eta patronalek konpromisoa hartzea Nafarroako esku-hartze sozialeko bigarren hitzarmenaren eremu funtzionalaren inguruan

Estatuko Batzorde Paritarioko Idazkaritzak egindako mehatxuari buruz, azaroaren 8ko bileran, sindikatu guztiek (LAB, CCOO, UGT eta ELA) eta patronalek (ANEIS eta OEIS) aho batez hitz eman genuen eragile bakoitzak bere ikuspegia azalduko zuela Estatuko Batzorde horrek Nafarroako hitzarmenaren eremu funtzionalaren inguruan sortutako zalantzei buruz, bai eta dagozkien argudio juridikoei buruz ere. Hori guztia, azaroaren 23ko bilerarako.

LABen aldetik, lana eginda eraman genuen, eta gure txostenaren kopia bat eman genien gainerako alderdiei. Gainera, kopia hori aktari gehitu zitzaion eranskin gisa. CCOOk eta UGTk ez zuten ezer ekarri; CCOOk ez zuen arazorik ikusten eremu funtzionalarekin eta UGTk, berriz, hasieran adierazi zuen ez zuela %100eko segurtasunik. ELA ez da joan azken bi bileretara. Baina bere jarrera azaltzeko mezu elektronikoa bidali zuen: ez du eragozpen juridikorik ikusten.

Patronalei dagokienez, ANEISek eta OEISek ez zuten eragozpenik edo arrazoi juridikorik ikusi artikulu hori Nafarroan ez negoziatzeko. Iritzi guztiak argitu ondoren, konpromisoa hartu dugu, alde guztiok eta aho batez, inork ez duela hitzarmen berriaren aurka egingo, Estatuko Batzorde Paritarioan alegatutako arrazoiengatik.

LABek ez ditu ulertzen prozesuaren ia hasieratik sindikatu batzuek izan dituzten jarrerak: oinarririk gabeko mehatxuak egitea Madrilen, negoziazio-prozesua alferrik mantentzea, Nafarroako negoziazioan hartutako konpromisoak ez betetzea edo bileretara ez joatea.

Hala eta guztiz ere, LABek poza adierazi du orain arteko aurrerapenengatik, eta berretsi nahi du lanean jarraitzeko prest dagoela gutxietsita dauden langile hauen baldintzak duintzea lortzeko.

Irakaskuntza publikoko sindikatu gehienok Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin negoziazio bideak irekitzeko beharra planteatu dugu, irakasleak kezkatzen dituzten gaiei heltzeko asmoz, eta ez dugu baztertzen mobilizazioetara jotzea

Irakaskuntza publikoko irakasleek urte asko daramatzate erosahalmenaren galera handia jasaten, % 20tik gorakoa kasurik onenean. Oso une konplexuan gaude eta erronka asko ditugu aurre egiteko hezkuntzaren esparruan. Ez da negoziatu ikasleen hezkuntza arreta eta irakasleen lan baldintzak hobetuko dituen aldaketarik. Hobekuntzak aipatzen ditugunean, ratioen, zuzeneko irakaskuntza saioen, burokrazia zein gehiegizko lan zamaren jaitsieraz ari gara, baita soldaten eta plantilen egonkortasunaren igoeraz ere.

Horregatik, LAB, STEILAS, ANPE, AFAPNA, CCOO eta UGT sindikatuek eskaera egin diogu Hezkuntza Departamentuari lehenbailehen has dadin Mahai Sektorialean negoziazio prozesu bat, arrazoizko egutegi bat ezarriz, irakasleak kezkatzen dituzten gai horietan aurrera egin dezagun.

Gogoan izan behar dugu ikasturte honen hasieran, lehenbiziko Mahai Sektorialean, Carlos Gimeno kontseilariak negoziatzen hasteko prest zegoela adierazi ziela sindikatuei. Une honetan, Mahai Sektorialaren zenbait bilera egin ondoren, esperoan jarraitzen dugu.

Abenduaren 20ko Mahai Sektorialean, irakaskuntza publikoko irakasleen sindikatuok, negoziazio-bide berri bati ekiteko nahia adierazi genion Hezkuntza Departamentuari. Lehen bilera lehenbailehen egin beharko litzateke eta, horregatik, urtarrilaren 8 eta 12 bitarteko astean elkartzeko beharra ikusten dugu. Prest gaude helburu horiek lortzeko neurri guztiak hartzeko, eta, beharrezkoa bada, mobilizazioei ekiteko.