2025-12-17
Blog Page 19

Ez zen matxinada izan, eskubideen aldarrikapena baizik

Beti Aingeru itsasontzian gertatutakoa ez zen “matxinada” izan, baizik eta arrantzaleek euren eskubideak aldarrikatzeko egindako ekintza legitimoa, arrantza sektorean lan-esplotazio eta arrazismo kasu berri baten aurrean.

Lehen sektorea Euskal Herrian historikoki garrantzitsua izan da. Hala ere, lur zein itsasoko langileek oraindik ere lan-baldintza prekarioak eta diskriminatzaileak dituzte: lanaldi neurrigabeak, lan egindako denborarekin bat ez datozen soldatak, lan-osasunean eragin handia duten klima eta ingurumen-baldintzetako esposizioa, eta patronalari gehiegizko “malgutasuna” eskaintzen dion aldi baterako kontratazio-eredu bat, askotan xantaiarako eta mehatxurako tresna bihurtzen dena.

Baxurako arrantzaren sektoreak ez du oraindik hitzarmen kolektibo propiorik, eta horrek baldintzak arautu gabe uzten ditu. Azken urteotan, patronalak gero eta gehiago “normalizatu” du itsasoan emandako denboraren luzapena, atseden egunen kaltetan. Gainera, ez dago jarraipen eraginkorrik arrantzaleek dituzten benetako baldintzei buruz. Askotan, armadoreen mehatxupean eta eskubideen urraketa egoeretan aurkitzen dira.

Hau ez da kasualitatea. Sektore prekarizatua eta oso arrazializatua da. Gaur egun, euskal arrantzak neurri handi batean jatorri senegaldarreko arrantzaleei esker eusten dio. Badira patronalari mesede egiten dioten egiturazko baldintzak, langile horiek ustiatzen dituztenak. Enpresei ez zaie interesatzen arrantzaleek beren eskubideak ezagutzea, ezta eskubide horiek defendatzeko sindikatuetan antolatzea ere. Langileen ezjakintasunaz, beldurraz eta denboraldien arteko sakabanaketaz baliatzen dira.

Beti Aingeru Pasaiako ontziko armadorearekin gertatu dena ez da matxinada izan. Guardia Zibilaren txostenean ere ez da horrela jaso. Komunikabide batzuen bidez nahita zabaldu den errelato honek patronalari mesede egiten dio eta langile horien aurkako imajinario arrazista eta estigmatizatua elikatzen du.

Beti Aingeru itsasontzian gertatutakoa langileek beren eskubideak aldarrikatu izana izan da, besterik ez. 37 egun eman zituzten etxera itzuli gabe, eta etxean bi eguneko atseden labur baten ondoren, beste 26 egunez egon ziren itsasoan; hori ez da ohikoa baxurako itsasontzietan. Gainera, armadorearen aldetik mehatxuak, irainak eta eraso fisikoak (hala nola objektuen jaurtitzea) pairatu zituzten.

Guzti hau ez da kasualitatea eta izen bat du: lan-esplotazioa eta arrazismoa. LAB sindikatutik salatu egiten dugu, eta berehala eskatzen dugu arrantzale hauen eskubide guztiak errespetatu daitezela.

Horrelako egoerak jasaten dituzten arrantzaleei publikoki salatzeko gomendatzen diegu. LAB sindikatutik argi daukagu: antolakuntza eta borrokaren bitartez soilik lortuko dugu arrantza sektorean ematen diren eskubideen urraketa eta arrazismoari aurre egitea.

Era berean, administrazio publikoei eskatzen diegu ez daitezela konplize bihurtu, eta itsasoan lan egiten duten pertsonen eskubideen betetzea kontrolatu eta eskubide horiek urratzen dituzten armadoreak zigortu ditzatela.

LAN-ESPLOTAZIO ETA ARRAZISMOARI EZ.

EZ ARRANTZAN ETA EZ INON. 

Pasaiako etxez etxeko langileek greban jarraituko dute, lan eta bizi baldintzak prekaritatetik atera arte

Pasaiako Udaleko Etxe Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek agerraldia egin dute gaur, salatzeko udalak, hilabeteetako negoziazioen ondoren, langileen egungo prekaritate egoera betikotzen duen plegua atera duela, langileentzat inolako hobekuntzarik ez dakarrena. Aurki 50 egun egingo dituzte greban langileek, eta hala jarraitzeko borondatea berretsi dute gaur, euren lan eta bizi baldintzak prekaritatetik ateratzea lortzen duten arte.

Hemen, gaur irakurritako oharra:

Hilabeteetako negoziazioaren ondoren, udalak berriro hobekuntzarik gabeko plegua aterako duela esan digu, langileen %50eko soldata arrakala areagotuz. Hainbat hilabetetako elkarrizketa ondoren udalarekin, eta Pasaiako etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten langileak prekarietatetik ateratzeko promesaren ondoren, aurreko asteko udal plenoan udalaren hitzetean, Pasaiako Udalak datorren lehiaketaren plegua argitaratuko duela, inolako hobekuntzarik gabe langileentzat.

Pasaiako Udalak herritarrei eskaintzen dien Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuak zerbitzu publikoa izan beharko luke. Baina, gaur egun, udalak funtsezko zerbitzu hori, enpresa pribatu bati azpikontratatzen dio. Horren ondorioz, emakume langileok oso lan-baldintza eskasak ditugu eta diskriminatuta gaude antzeko zereginak egiten dituzten gainerako langileekin alderatuta. Langilegoaren %75ak lan kontratu partzialak ditugu. Ondorioz, ondoko udalean gure lan berdina egiten duen langile publikoekin alderatuta, soldata-arrakala, %50ekoa da.

Azken hilabeteotan bilerak egin ditugu udalarekin, eta hark, lan-baldintzak duintzeko borondatea duela agindu digu eta bide horretan, gure hitzarmena hobetzeko baliabide ekonomikoak agindu zizkigun. Baina, zoritxarrez, hori gauzatzeko erabaki politikoak hartu behar direnean, dena kea dela egiaztatu ahal izan dugu.

Onartezina da zerbitzu hori emateko ardura duen udalak zerbitzu hori kudeatzeko lehiaketa bat argitaratzea, diskriminazio- eta prekarietate-egoera hori iraunaraziz. Argi dago, zaintza esparrua, enpresa pribatuen eskuetan utzirik, zerbitzuaren kaliteatea kaltetzen dela eta langileen lan baldintzak okertzen direla.

Pasaiako Udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileok salatu nahi dugu erabaki honekin Udalak berriro, prekarietatean jarraitzera eta diskriminazio egoera batean mantentzera kondenatzen gaituela. Udalak erabaki honekin, genero arrakala betikotzen du.

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileok soldata prekarioa kobratzen jarraituko dugu, 2025ean ez dugu ordainsari-igoerarik izango eta ez ditugu gure lan-baldintzak hobetuko. Hori da errealitatea, udalak hartutako erabakiaren ondorio zuzena. Genero arrakala areagotzeko erabakia hartu du.

Udalari eskatzen diogu bere gain har dezala zerbitzu hori ematean dagokion erantzukizuna, eta jar ditzala gure lan-baldintzak duintzeko behar diren bitartekoak. Har ditzala dagozkion erabaki politikoak, enpresen etekinen logikatik ateratzeko eta zaintza erdigunean jarriz, zerbitzuaren publifikazio bidean.

Ez digute balio zainketen sektore feminizatuko langileok pairatzen dugun prekarietate-egoera iragartzeko esloganek. Egoera hau ezabatuko duten erabaki politikoak eskatzen ditugu. Pasaiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileok, laister 50 greba egun batuko ditugu eta greban jarraituko dugu gure aldarrikapenak lortu eta gure lan eta bizi baldintzak prekarietatetik ateratzea lortu arte.

Zaintza esparrua ezinbestekoa delako, zaintzarekin negoziorik ez.

Urriaren 15ean egun osoko lanuztea! Genozidioarekin negoziorik ez! Hezkuntzako langileok Palestinarekin!

LAB eta STEILASek, Hezkuntza komunitatea osatzen duten langile, familia eta ikasleekin Hego Euskal Herriko hezkuntza sistema osoan egun ,osoko lanuztera deituz agerraldia egin dute Gasteizko Foru Enparantzan.

Hezkuntza komunitatea osatzen duten langileen, familien eta ikasleen babesarekin batera agertu dira prentsa aurrera. Urriaren 15erako Hego Euskal Herrian lanuzte orokorrerako deialdia egin zuten LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek, baina, hezkuntzan dauden berezitasunak kontuan hartuta, lanuzte hori egun osokoa bihurtzea erabaki dute LABek eta STEILASek.

Kolektibo guzti hauek deitu dituzte egun osoko lanuztera, haur eskoletatik hasi eta unibertsitateetaraino: hezkuntzan zerbitzua ematen duten eta azpikontratatuak diren garraio eta jantokiko begirale, sukaldari eta garbitzaileak, baita Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileak eta atezainak. Haurreskolak Partzuergo Publikoko langile, Nafar Gobernuko Hezkuntzako langileak eta 0-3ko langileak, Ikastola eta Gizarte ekimeneko langileak eta azpikontratatutako pertsonala. Eskola publikoko zein Gizarte Ekimeneko edota Ikastoletan aritzen diren Heziketa Bereziko hezitzaile, atezain, haur hezitzaile edota irakasleak. EHUko eta NUPeko atezain, administrari, azpikontratatutako garbitzaile, ikerlari edota irakasleak.

Bart, Hamasek eta Israelek su-eten akordioa sinatu berri dutela adierazi dute. Su-etena gauzatuko balitz (aurrez Israelen ez betetzeak hamaika izan baitira), Gazako herritarren sufrimendua arinduko lukeela uste dute bi sindikatuek eta hori berri on bezala baloratu dute. Hala ere, Palestinar Herriaren aurkako genozidio eta kolonizazioarekin behin betiko amaitu arte presio egiten jarraitu beharra azpimarratu dute.

Egoera hau izanik, urriaren 15erako Palestinarekin elkartasunez deitua dagoen lanuzte orokorra mantentzen dute, eta egun osokoa izango da Hego Euskal Herriko hezkuntza sistema osoan.

Hezkuntza komunitateko kideek Israelek Palestinako Herriaren aurka egindako eraso basatia salatu izan dute lehen momentutik, eta horren aurrean hainbatetan mobilizatu dira. Zentzu horretan, urriak 15ean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko kaleak hartzeko deia luzatu dute, 12.30tan hiriburuetan deituta dauden manifestazioen bidez zein herri edo eskualdeetan gauzatuko diren elkarretaratze eta mobilizazioetan ere. Izan ere, gaur egun gertatzen ari dena genozidio bat dela ez du inork zalantzan jartzen, Israelgo Estatuak berak edo hura sostengatzen duten gobernu eta interes ekonomikoek salbu.

Aldarrikapenak:

  • Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriari.
  • Israel, AEBetako Gobernuaren babesarekin, Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea.
  • Palestinako Zisjordania lurraldearen etengabeko kolonizazioa, eta horrek Palestinako langile klasearen lan- eta bizi- baldintzetan dituen ondorio larriak salatzea.
  • Gazan genozidioararen berehalako amaiera ematea eta Palestinaren okupazio nahiz kolonizazioari amaiera emango dion irtenbide integrala aldarrikatzea, palestinar herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuz.
  • Hezkuntzako langileak garen heinean, hildako adin txikikoen basakeria salatzea.
  • Patronalari eta bai bertako nahiz nazioarteko instituzioei Israelgo Estatuarekin merkataritza harreman oro bertan behera utz dezatela exijitzea.
  • Ez da onargarria genozidio baten kontura negozioak egiten jarraitzea. Europar Batasunaren eta Israelgo Estatuaren arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezaten eskatzea.

Amaitzeko, urriaren 25ean “Gure haurrak ere badira” ekimenak Bilbon deitutako manifestazio nazionalean parte hartzera deitzen dute.


Genozidioarekin negoziorik ez! Hezkuntzako langileok Palestinarekin!

Gazako su-etenaz: Israelen erasoak berehala eten eta kolonizazioarekin behin betiko amaitzea eskatzeko, urriaren 15ean kalera

Hamasek eta Israelgo Gobernuak su-eten akordioa sinatu zuten bart. Orain arte bezala, LABek erabateko errespetuz hartzen ditu eta hartuko ditu Palestinar Herria ordezkatzen duten eragileek unean une hartzen dituzten erabakiak. Elkartasun internazionalistaren ikuspegitik bi dira nabarmendu nahi ditugun ideiak:

Lehenik eta behin, su-etena gauzatzeak arindu egingo luke Gazako herritarren sufrimendua eta hori berri ona da, zalantzarik gabe. Hala ere, aurrez egindako akordioak Israelgo Gobernuak nola urratu dituen ikusita, su-etena gauzatu dezan presio egiten jarraitu beharra dago maila guztietan. Exijitzen dugu Gazako herritarren aurkako eraso oro eten, eta, gosete nahiz hondamendi egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren baliabide guztiak berehala bideratzea.

Bigarrenik, behin betiko amaitu behar da Palestinar Herriak hamarkada luzez pairatzen duen kolonizazio eta genozidioa, eta autodeterminazio eskubidea egikaritu, hala eskatze dugu LABetik. Helburu horrekin Israeli ahalik eta presio handiena egiten jarraitu beharra dago, azken urteotan egindako ibilbidean atzerapausorik onartu gabe.

Bi eskari horiei bultzada emateko, alegia, su-etena gauzatu dadin eta Palestinaren kolonizazioarekin amaitu dadin, mobilizatzen jarraitzea ezinbestekoa da. Horregatik, gaurkoan bultzada berri eman nahi diogu urriaren 15eko lanuzte orokorrari. Urriaren 15ean Euskal Herriaren eta euskal langileriaren ahotsa ozen entzungo da nazioartean: Genozidioa eten! Kolonizazioa eten! Autodeterminazioa Palestinar Herriarentzat!

Bigarren istripua Sestaoko Arcelor Mittal-en

Astearteko ezbeharraren ondoren, atzo beste istripu larri bat gertatu zen ArcelorMittal Sestaon.

Garabi autopropultsatu baten laguntzaz pieza handi bat askatzen ari zen langile bat aldakaren parean zanpatu zuen garabiak, egitura finko baten kontra harrapatuta geratu denean pieza gidaritik askatu ostean. Askotan errepikatzen den lana da, baina sekula ez da aztertu eta ez da inoiz planteatu atzo gertatu zena saihesteko arriskurik ez dakarren sistemarik.

Langilea ospitalera eraman zuten, jasandako zauriak zenbaterainokoak izan diren oraindik ez dakiguean.

LAB sindikatutik aspaldi daramagu salatzen enpresak ez duela konpromisorik laneko segurtasunari dagokionez. Horren adibide garbia da produkzio zuzendaritzak makinak martxan jartzeko agindua eman izana langilea eraman behar zuen anbulantzia oraindik instalazio barruan zegoenean.

Berriz ere ikusten dugu patronalaren kezka bakarra ekoizpena dela, dirua egiten jarraitzea, langileen eskubideak alboratu eta langileen segurtasunari dagoklionez, legez betetzera behartuta dauden dokumentuak betetzera mugatzen baitu bere zeregina. 

Greba egin dute Ipar Euskal Herriko funtzio publikoan eta medikuntza sozialean, baliabide eta baldintza duinen alde

Funtzio publikoan eta medikuntza sozialean aritzen diren langileek greba eta mobilizazio eguna izan dute Ipar Euskal Herrian. Oinarrizko eta beharrezko zerbitzu bat emanagatik, azken urteetako politika antisozialek euren lan baldintzak zein zerbitzua bera nabarmen kaltetu dituztela salatu dute.

CGT, FSU, LAB eta Solidaires eta LAB sindikatuek antolatu dute greba ta mobilizazio eguna, eta “mugimendu hori bermatzeko” LABek egindako lana nabarmendu du Xan Briary LABen Baionako ospitaleko ordezkariak eta erizainak. Departamenduko Kontseilua, lizeo bat eta Baionako ospitalean lotu dituzten mobilizazio batean. “Zerbitzu publikoen zutabeak ere sinbolizatu nahi genituen. Izan ere, arazo berberak ditugu hiru zutabe hauetan. Guk defendatzen dugu osasungitza eta medikuntza sozialeko zerbitzu publiko unibertsala eta kalitatezkoa guztientzat, eta horretarako bildu gara gaur”, azaldu du Briaryk..

Urriaren 15eko lanuzte orokorra: ordutegiak eta mobilizazioak

LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek iragan astean LanuzteOrokorrerako deialdia iragarri zuten urriaren 15erako Hego Euskal Herrian. Borroka, mobilizazio eta batzarren eguna izango da 15ekoa, langile klase osoaren parte hartze aktiboa bilatuko duena.

Helburu horrekin, langile guztiei begirako mobilizazio diseinu bat antolatzeko, lanuztearen deialdia egin zenetik hona hainbat aldaketa izan dira ordutegietan, eta honako hauek izango dira lanuztearen behin-betiko ordutegiak:

  • 11:00ak eta 14:00ak artean Hego Euskal Herriko langileek lan egiteari utziko diote, eta 11:00etan mobilizazioak egingo dituzte lantokietan. 12:30ean manifestazio handiak egingo dira Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
  • Txandaka lan egiten dutenen kasuan, lanuzteak urriaren 15eko 03:00-06:00 eta 19:00-22:00 tarteetan izango dira.
  • Goizeko lanaldia 15:00etan amaitzen dutenek 11:00etatik 15:00etara egingo dute lanuztea,
    lau orduz; alegia, lanuztea ordubetez luzatuko dute.

    Urriaren 15erako, Gernika-Palestinak mobilizazioak deituak ditu iluntzean Hego Euskal Herriko herrietan, 19:30ean, eta lanuzte orokorraren deitzaile diren sindikatuek bat egingo dute mobilizazio horiekin eta Palestinarekin elkartasunez antola litezkeen gainerako mobilizazioekin. Iruñeko kasuan, iluntzeko mobilizazioa sindikatuek deitua izango da. Mobilizazio hori 19:00etan abiatuko da Gazteluko plazatik. Tuteran ere mobilizazioak izango dira sindikatuek deituta; 12:00etan eta 20:00etan Foruen plazatik.

    Urriaren 15eko lanuzte eta mobilizazio egunak honako helburuak izango ditu:
  • Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriarekin. 
  • Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea. 
  • Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzea, eta horrek langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak. 
  • Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzea eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzea. 
  • Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzea. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu. 
  • Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzea.

LAB, UGT eta ELA sindikatuek mobilizazioak hasi dituzte Nafarroan kolektibitateen hitzarmen bat negoziatzea eskatzeko

LAB, UGT eta ELA sindikatuek mobilizazio egutegi bat hasi dute patronalari eskatzeko kolektibitateen hitzarmen baten negoziazio mahaia eratzea Nafarroan, sektoreko langileen soldata eta lan baldintzak hobetzeko.

Irailaren 12an, hiru sindikatuetako ordezkariek bilera egin zuten Nafarroan hitzarmen sektorial bat lortzeko egin beharreko ekintzak eta harremanak aztertzeko. Astebete geroago, hiru erakundeek Estatuko kolektibitateen hitzarmenaren patronalari (Food Service España) eta Nafarroako Ostalaritzako patronalari eskatu zieten negoziazio-mahai bat eratzeko, aurreko ikasturtean enpresa-batzordeen bitartez egin zen eskaera bera.

LABek, UGTk eta ELAk gogorarazi dute Euskal Autonomia Erkidegoak, mobilizazioei esker, bere hitzarmen autonomikorako negoziazio mahaia eratzea lortu duela berriki, eta Ausolan patronala izan dela negoziazio hori irekitzeko elkarlanean aritu dena.

Sindikatuek adierazi dutenez, “orain hemen, Nafarroan, lortu behar dugu hau eta, horretarako, mobilizatu egin beharko gara”. “Borrokatzeak merezi du. Nafarroan sektorean buru diren patronalek hemen ere bide hori irekitzea lortu behar dugu, nahiz eta orain arte ikusi dugun ez dela lan erraza”, azpimarratu dute.

Hori dela eta, LAB, UGT eta ELA sindikatuek mobilizazio egutegi bat prestatu dute eta gaur hasiera eman diote Armark enpresaren mobilizazioarekin Zizurren. Mobilizazioak astero egingo dira erkidegoko hainbat lekutan, Nafarroan hitzarmen bat negoziatzea lortu arte.

Egutegia:

  • Urriak 7, 11:30. Zizurreko ikastetxeak (Kiroldea pasealekua, Zizur) – Aramark enpresa
  • Urriak 14, 11:30. Monjardin Lizeoa – Sagrado Corazón (Monjardin biribilgunea, Iruñea) – Ausolan eta Irigoyen Comedor Saludable enpresak
  • Urriak 21, 14:30. Ospitaleak (Ate nagusia, Iruñea) – Eurest enpresa
  • Urriak 28, 11:00. Tutera (Meka – Residencia Misericordia, Tutera) – Aramark enpresa

6 hilabeteko greba gogoangarriaren ostean, ENVISEReko langileek akordio historikoa lortu dute, negoziazio kolektiboa Euskal Herrira ekarriz

Sei hilabete baino gehiagoko borroka gogor eta eskergaitzaren ondoren, langileon aldarrikapenak jasotzen dituen akordio baliotsua lortu dugu, greba mugagabeari amaiera emanez.

Aurreakordioa atzo sinatu zen LHKn eta gaur arratsalderako ESK eta LABek sindikatuok deitu dugun Langileen Batzar Orokorrean berretsi da. Berrespen honekin Greba Batzordeak berehala sinatuko du 6 hilabete baino gehiagoko greba mugagabeari bukaera emango dion akordioa.

LAB sindikatutik plantilak egindako lana balioan jarri eta zorionak eman nahi dizkiogu egindako lan bikainagatik. Grebalariek hilabete hauetan guztietan erakutsi duten antolatzeko gaitasuna eta erabakitasuna azpimarratu behar dira.

LAB sindikatuak, bere afiliazioarekin, lerro argia jarraitu du: plantilaren kohesioa eta batasuna bilatzea eta borroka mantendu eta indartu helburuak lortu arte. Horrekin erakutsi da berriro ere greba lantzen bada babes sozial izugarria lortzen dela, baldintza berriak sortzen direla eta emaitzak lortzen direla. Horregatik, gure afiliazioa bereziki zoriondu nahi dugu, garatu duten esfortzu pertsonal eta militantearengatik.

Akordioaren eduki baliotsuen gainetik, LAB sindikatutik uste dugu balentria horren titular nagusia dela ENVISEReko langileek negoziazio kolektiboa Euskal Herrira ekartzea lortu dutela. Lan-baldintza duinak jasoko dituen Hitzarmen propio batez hornitzea lortu dugu. Euskal langileok erabakitzeko ahalmenik ez dugun Estatuko Hitzarmen baten uztarripean egoteak dakarren prekarietatearen gainetik, hemendik aurrera subiranotasun-ariketa bat eginez Gasteizko parke eta lorategietako kontserbazio-zerbitzuetako eta Eraztun Berdearen mantentze-lanetako langileok gure lan-baldintzen etorkizunaren jabe izango gara.

Lortutako edukiei helduz, 5.000 euroko soldata-igoera linealak lortu ditugu Hitzarmenaren indarraldirako (2025-2028), hau da, % 25 inguruko igoera, 108 orduko murrizketa urteko lanaldian, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala eskuratzea, lizentzia eta baimenak hobetzea eta ogitartekoaren denbora luzatzea.

Akordioa konpromiso kolektiboaren emaitza izan da. Argi eta garbi esan dezakegu: sakrifizio pertsonal handia ekarri duen arren, berriz ere erakutsi da borrokatzeak merezi duela.