2026-04-17
HomeEkintza SindikalaLABek eta ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitu diote euskal langileon hitza errespetatzeko

LABek eta ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitu diote euskal langileon hitza errespetatzeko

Bi sindikatuek (% 60ko ordezkaritzarekin) Torres lehendakariordeak, Confebaskekein bat eginez, iragarritako eraso antidemokratikoa salatu dute

LABek eta ELAk agerraldia egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak Mikel Torres lehendakariordearen bitartez aste honetan egin dituen adierazpen oso larriei erantzun bateratua emateko. Adierazpen horietan LABen eta ELAren aurkako “ondorioak” iragarri zituen, Imanol Pradalesen Gobernuaren ekimenetan ez badute parte hartzen. Gaurko prentsaurrekoan bi sindikatuetako arduradun nagusiek hartu dute parte: Garbiñe Aranburuk eta Igor Arroyok (LAB) eta Mitxel Lakuntzak eta Amaia Muñoak (ELA).

Garbiñe Aranburuk adierazi du “Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialeko eredu baztertzaile eta antidemokratiko batean sakondu” nahi duela, eta gaineratu du eredu honek “porrot egin duela eta Confebask-i baino ez diola egiten mesede”.

Gogoratu behar da LABek eta ELAk EAEko ordezkaritza sindikalaren % 60 baino gehiago dutela, eta Eusko Jaurlaritzak errealitate hori aldatzeko neurriekin mehatxatu duela. Mikel Torresek, Confebaskekin, CCOOrekin eta UGTrekin bildu ondoren, Parte-hartze Instituzionalari buruzko Legea iragarri zuen. Horrek, ziurrenik, CCOOren eta UGTren sumisio sindikala finantzaketa gehiago emanez sarituko du eta, besteak beste, martxoaren 17ko greba orokorra bultzatu zuten sindikatuak zigortzen saiatuko du.

Milaka eta milaka pertsonek LGS propio baten alde (1.500 eurokoa aurten) greba orokorrarekin bat egin eta hilabetera, eta Confebaskek negoziazioari bizkarra eman eta aste gutxira, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian akordioa lortu omen dute Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk (bi sindikatuek % 28 baino ez dute). Akordio horrek elkarrizketa sozialaren eta sindikalismo otzanaren porrota erakusten du.

Akordio horren helburua Eusko Jaurlaritza eta Confebask zuritzea da, eta CCOO eta UGT horretarako prest agertu dira. Aranburuk adierazi du “tamalgarria” dela “CCOO eta UGTk bat egitea gehiengo sindikala baztertzen duen joko honekin bat egitea. Agortutako eredu sindikal baten fruitua da, oso merke saltzen dena argazkiren batean atera eta finantzazio gehiago lortzearen truke”. Horrek erakusten du, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak izaera autoritario eta esplotatzailea duen patronalaren aldeko politikak egiten jarraitzeko asmoa duela. Eta bestetik, LGS Madrilen zentralizatuta mantentzeko asmoa, Confebaskek nahi duen bezala. Bitartean, gainera, patronalak ez du betetzen euskal langileen ordezkaritza nagusiarekin negoziatzeko ardura. Azkenik, Mikel Torres lehendakariordeak behin eta berriz uko egin dio LABekin eta ELArekin biltzeari LGSri buruz eztabaidatzeko.

LABek eta ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitu diote bere mehatxuak eta bere jarrera autoritarioa bertan behera uzteko. Aranbururen hitzetan, “antidemokratikoa da sindikatuen asimilazioaren aldeko eredu honetan tematzea eredu horrekin bat egingo ez duen gehiengo sindikal bat dagoenean”. Pradalesen Gobernuak justizia sozialaren alde eta prekaritatearen aurkako borrokan duen erantzukizunari erantzun behar dio, Administraziotik bertatik hasita (bere langileei Estatu osoko behin-behinekotasun handiena inposatzen die, % 35), eta benetan eraginkorra den LGS bat ezarri.

Mikel Torres lehendakariordeak iragarritako akordioak eredu erabat antidemokratikoa indartu nahi du. Elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioaren atzean, eta parte-hartzearen izenean, Eusko Jaurlaritzak patronalari langileei baino gehiago mesede egiten dioten politikak inposatu nahi ditu. Hori guztia mugarri bat da Eusko Jaurlaritzaren izaera autoritarioan: langileen aurkako eraso zuzena da. Azpimarratu behar da herri honetako langile-klaseak LABi eta ELAri gehiengo babesa ematea erabaki duela behin eta berriz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Absentismoaren gezurra eta lan eskubideen defentsa uztartuko ditu LABek apirilaren 28an

Apirilaren 28a Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna da. Aurten ere manifestazioa egingo du LABek, lan osasuneko intersindikala osatzen duten beste sindikatuekin batera, hau...

LABek inprobisazioa eta kolapsoa salatu nahi ditu iragarritako erregularizazio prozesuaren aurrean

Atzo, apirilak 15, Bilbon bizi izan dugun egoerak ez luke inor harritu behar, eta, hala ere, sumintzeko modukoa da. Hilabeteetan zehar milaka migratzaileri eragiten...

LABek aurrerapausoak ikusi ditu Nafarroako zahar egoitzen sektorearen hitzarmen-proposamenean, hilabeteetako blokeoaren ondoren

Patronalek aurkeztu duten proposamenak, LABen arabera, elementu garrantzitsuak jasotzen ditu, hala nola lanaldiaren murrizketa, soldaten hobekuntza eta aldi baterako ezintasunen aurrerapenak, eta negoziazioa desblokeatzen...