2025-12-31
Blog Page 188

Olazabal y Huarten greba mugagabea bertan behera uzteko aurreakordioa #LortuDugu

Aste honetan, Olazabal Y Huarteko enpresako zuzendaritzak eta langileek aurreakordioa lortu dute greba mugagabea, bi hilabetez luzatu dena, bertan behera uzteko. Grebalariei asanbladan kontsulta egin ondoren, proposamena onartu eta greba bertan behera uztea erabaki dute.

72 eguneko grebaren eta bi hilabeteko greba mugagabearen ondoren, ia lantegi osoak babestutakoa eta lantokiko ekoizpena geldiaraztea lortu duena, alderdi sozialak Enpresa Paktuaren urteetarako (2023, 2024 eta 2025) KPIa bermatzea lortu du.

Greba bertan behera utzi aurretik, akordio batera heldu ziren testuaren erredakzioaren abiapuntua aurreko Paktuarena izan zedin. Enpresa lan-baldintzak okertzen saiatu arren, ez dago atzerapenik, eta, gainera, urteko lanaldia 4 orduz murriztea lortu da hitzarmenaren amaierarako, urtean 1710 ordura jaitsi arte.

Olazabal Y Huarteko langileak zoriondu nahi ditugu LAB sindikatutik, haien borrokari eta grebaren arrakastari esker nabarmen hobetu baitituzte lan-baldintzak.

Azkenik, gogorarazi behar da beste behin ere, antolakuntzari eta klase batasunari esker lortu direla langile klasearentzako hobekuntza hauek. Borrokak merezi du!

Mecanerren itxieraren aurka kalera atera gara beste behin ere

Zazpigarren greba eguna izan dute gaurkoa Urdulizko lantegiko beharginek. Hala, Bilbon barrena manifestazioa egin eta jarraian Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin bildu dira, konpromiso zehatzak hartzeko eskatu dietelarik.

Duela aste pare bat pasatxo Eusko Jaurlaritzarekin egin bezala, gaurkoan Mecanerreko ordezkariak Bizkaiko Foru Aldundiarekin bildu dira, eta eskualdean industria-ehuna babesteko nahiz lantegiaren itxiera saihesteko konpromisoak eskatu dituzte.

Gogorarazi behar da enpresaren erabakia plan estrategiko baten barruan dagoela, deslokalizazio-prozesu bat egin eta Urdulizko lantegia ixtearen helburua argia baita: irabazi-marjinak handitu eta kostuak murriztea. Aldiz, irabazi handiak izan ditu azkenaldian lantegiak. Hori dela eta, langileak ez daude amore emateko prest.

Eusko Jaurlaritzak entzungor egiten jarraitzen die urriaren 25ean kaleak bete zituzten milaka langile publikoei

Gaurko Mahai Orokorrean, Eusko Jaurlaritzak baztertu egin ditu sindikatuek egindako eskaerak, nahiz eta urriaren 25eko greban langile publikoek aldarrikapen horiekin bat egin.

Grebaren ostean, Eusko Jaurlaritzak sindikatuekin negoziatzeko borondatea agertu zuen, baina gaur grebaren arrakastak behartuta deitu duen lehen bileran, Eusko Jaurlaritzak, beste behin ere, baztertu ditu, sindikatuen proposamen zehatzak. Gobernuak orokortasunak aipatzen dituen bitartean negoziatzeko ustezko borondate horren aurkako neurriak inposatzen jarraitzen du. Sindikatu guztiek atzera bota zuten Enplegu Publikoaren Legeak ezartzen duen joko eremura mugatu nahi du.

Hala, bileran, Eusko Jaurlaritzak belaunaldi-erreleboko politikak negoziatzeaz hitz egin du, baina langile guztiei erretiro partzial aurreratua ezartzeari uko egiten dio (erretiro-kontratua), hitzarmenetan aurreikusitako erretiro-sariak aplikatu gabe jarraitzen du, eta Itzarriko BGAEaren murrizketari eusten dio.

Lanpostuak hautatze eta betetzeko politikei buruzko negoziazioa abiaraztea planteatu du, behin-behinekotasun tasa % 40tik gora iraunarazten duten erabakiak hartzen dituen bitartean. Madrildik ezarritako birjarpen-tasak onartzen jarraitzen du, eta ez ditu erabili nahi legediak egonkortze-prozesuak egiteko irekitzen dituen muga estuak (Iceta legean, 2023ko Estatuko Aurrekontuen Legean edo 5/ 2023 Errege Dekretu legegilean aurreikusitakoak adibidez).

Soldatari dagokionez, adierazi du ordainsari-sistema aldakor bat garatu nahi duela, plantillaren erdia (behin-behineko langileak, gehienak emakumeak Administrazioan) aplikaziotik kanpo uzteko aukera ematen duena, eta langile publikoak Gobernuaren aurrean men egitea bermatzen duena. Eta hori, helburu bakar batekin: langile publiko guztiei galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea helburu duen soldata-igoerari ez ekitea. Madrilgo aurrekontuen legearen mugen aitzakia erabiltzeak ez du balio: gezurra da, eta interesa duenean autogobernuaren defentsa irmoagoa erakutsi eat muga horiek gainditu dituzte.

Sektore publikoko greba deitu duten sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Lakuan, eta mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute, Eusko Jaurlaritzak, gainerako erakundeek eta alderdi politikoek enplegua, soldata eta lan-baldintzak hemen erabakitzeko beharrezko neurriak hartu arte. Zerbitzu publikoak indartzea eta pribatizazioekin amaitzea ahalbidetuko duten aurrekontuak bermatzea; enplegu publikoa sortzea eta sendotzea, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, plantillen osasuna bermatzea eta sektore publikoa euskalduntzeko beharrezko urratsak ematea eta genero- diskriminazioarekin amaitzea. Abendurako mobilizazioak eta 19 rako greba
prestatzen jarraituko dute beraz.

Atzegiko langileak enpresa hitzarmenaren alde mobilizatu dira

Atzegiko langileek enpresa hitzarmenaren aldeko mobilizazioa egin dute gaur enpresaren bulegoen aurrean, Donostiako Okendo kalean. KPIa bermatzea, 1.600 orduko urteko lanaldia eta ratioak hobetzea dira hitzarmeneko aldarrikapen nagusiak.

Pasa den urriaren 23an egin zuten langileen asanbladan 90 langile elkartu ziren eta gehiengo osoak ezezkoa bozkatu zion enpresaren proposamena onartzeari. Ondorioz, mobilizazioei ekitea erabaki zuten.

LAB sindikatuak eta geure ordezkari sindikalek ez dute inongo harremanik izanen espainiar ultraeskuina ordezkatzen duen VOX alderdiarekin

LAB sindikatuaren ustez, VOX alderdiak «Espainia bat, handia eta librea» birsortzea planteatzen du Estatuan dauden nazioen aurkako eraso politikaren bidez, eta langileriaren zein gehiengo sozialaren aurkako inboluzio sozial batekin mehatxatzen duen neofaxismoa ordezkatzen du.

Ultraeskuinak inoiz ez ditu Nafarroako langileon beharrentzako eta kezkentzako irtenbideak ahalbidetuko. Kontrara, langileriaren tresna eta ordezkari diren sindikatua eta delegatuak erasoko ditu langileon eskubideak urratzeko, enpresariek dena ongi lotuta izan dezaten. Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak eta bere ordezkari guztiek muturreko eskuina bazter utziko dute. Bestela adierazita, VOXi eta ultraeskuinari ezta urik ere, eta egarri badira, polboroiak. Era berean, LAB sindikatuak dei egiten dio eraldaketa soziala bilatzen duen ezein eragileri gauza bera egin dezan.

Zaintza lanetara emanda dauden enplegu eta lan guztiak prekarioak dira

Zaintza eraldatu gabe berdintasuna erretorika hutsa dela eta, langile guztiei Azaroko Greba Feminista Orokorrean parte hartzeko deia luzatu diegu LAB sindikatutik.

14. Ikusmiran txostena jarraian duzue eskuragarri:

Zaintza lan edota etxetik kanpoko enpleguetan dabiltzan langileen errealitatea argitara ekarri du LABek. Zenbait datu eskuratzea zaila edo ezinezkoa izan dela salatu du sindikatuak, zaintza lanen egoera prekarioaren adierazle baita hori. Edonola ere, argiak dira ondorioak: zaintzara emandako enplegua eta lan guztiak prekarioak dira, eta kapitalak zaintza lan eta enplegua baliatzen ditu aberastasuna metatzen jarraitzeko.

Azterketa honetan jasotzen diren datuek azaroaren 30ean kalera ateratzeko arrazoiak agerian jartzen dituzte. Ez dago zalantzarako tarterik, zaintza eredua bidegabea eta bideraezina da.

Guztiok zaintza duina izateko eta zaintzaileen eskubideak errespetatzeko, zaintza eredua eraldatu egin behar da. Zaintza eredu berri baten aldeko borroka sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialaren inpugnazio argia dela ulertu behar dugu eta hau izango da, aberastasunaren banaketarekin eta trantsizio ekosozial justu baten aldeko borrokarekin batera, datozen urteetako borrokaren ardatzetako bat.

Zergatik diogu bidegabea dela?

  • Ez dago bizitzarik zaintzen ez bada, baina zaintza emakumeei* egozten zaie eta horrela, produktibo – erreproduktibo dikotomiaren gain eraikitzen da sistema. Etxean, ezkutuan eta emakumeek* egiten duten zaintza lana ez da aintzat hartzen BPGn, kapitalak berak bizirauteko doan lan egiten duen emakume multzo handia du (164.000). Zaintza lanak ez dira aitortzen, ez zaie duten balio politiko ekonomiko eta soziala ematen.
  • Sistema kapitalista kolonialista eta heteropatriarakalak inposatzen duen sexuaren araberako lan banaketak eta zaintzan emakumeei* esleitzen dien rolak genero arrakalak eragiten ditu eta emakumeak* prekarietatera eta pobreziara eramaten ditu.
  • Kapitalismoa zaintza lanen esplotazioaren gain aberasten da eta sostengatzen da. Generoa, arraza, klase soziala eta jatorriaren ardatzen zeharkatzen dute zaintzen banaketa desorekatua. Sistema, etekina ateratzeko, esplotazioan oinarritzen da eta egoera horien artean muturrekoak ere badaude; asko eta asko emakume* migratuek pairatzen dituzte.
  • Prekaritatea ez da soilik ardatz ekonomikoan oinarritzen den zerbait. Prekaritateak emakumeon bizitzak gurutzatzen ditu. Zaintzaren eremuan prekaritateaz eta pobreziaz hitz egiten dugunean denboraren pobreziaz ere hitz egin behar dugu: denbora librerik ez izatea ere prekaritatea da. Denbora faltak parte hartze politikoan ere eragiten du.
  • Gizon eta emakumeen* arteko berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da, hizpide dugun hau guztia azalarazten eta politizatzen ez badugu. Ez dago berdintasunik zaintza lanak ez badira balioan jartzen, ez badira kolektibizatzen eta banatzen, ez badira duintzen.

Zergatik diogu bideraezina dela?

Errealitate hau ez da kasualitatea, kapitalismoak emakumeei* egozten dien zaintzaile rolak, zaintzari dagokion balioa ez aitortzea dakar. Horregatik, ez da garatu izan zaintza sistema publikorik, instituzioetatik prekarizazioari alfonbra gorria jarri zaio, zaintza lanak pribatizatu eta merkantilizatu dira. Zaintza negozio eta eskubide, zaintza negozio eta ustiaketa bilakatu da.

Muturreraino eraman da eredua eta jada ez da sostengatzen. Zaintzaren gaia, zaintzan ari diren emakumeen* arazo eta kezka izatetik jendarte osoaren kezka eta lehentasun izatera pasatzen ari da. Emakumeak* ahalduntzen eta planto egiten ari dira. Feminismoak eta feminismoa ekintza sindikalera ekarri izanak, lagundu du pedagogia egiten eta hainbat borroka pizten.

Zaintza krisiak gero eta dimentsio handiagoa izango du. Zaintza beharrak gero eta handiagoak dira baina emakumeak* ez daude prest orain arte bezala zaintza lan horiei heltzeko eta instituzioen utzikeriaren aurrean kalean bultzatuko dugu zaintzan eman beharreko eraldaketa.

Orain arteko borrokei beste dimentsio bat eman eta mugarri berri bat jartzera goaz Azaroaren 30eko grebarekin.

Zaintza nola, nondik eraldatu:

  • Urgentziaz zaintzaileen lan baldintzak duindu egin behar dira:
    • Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraziz, etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartuz (Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berretsiz)
    • Etxeko langileei zein zaintza eremuan ari diren beste langile guztiei gutxieneko soldatatik gorako lansariak ezarriz.
    • Ratioak, lanaldiak, lan osasuna… eta bestelako lan eskubideak duinduz.
  • Zaintza lanak banatu eta berrantolatu, kolektibizatu. Pertsona guztiok ditugu zaintza beharrak eta zaintza guztion ardura da. Zaintza lanak aitortu eta banatu egin behar dira eta gizonek dagokien ardura hartu behar dute zaintza lanei denbora gehiago eskaintzeko. Zaintza lanak kolektibizatu eta berrantolatu egin behar dira. Horrek guztiak enpleguaren antolaketan ordutegiak eta baimenak berrikustea dakar.
  • Zaintza sistema publikoa: Aztertutako datuek erakusten dute Zaintza Sistema Publiko Komunitario bat ez garatzeak eta ez indartzeak beti ekarriko duela emakumeak* kontratatzea eta zaintza lanak modu “pribatuagoan” -familian- kudeatzea. Sistemak ez du bermatzen (kontrakoa sustatzen du) baldintza egokietan emango direnik zaintza lanak. Beraz, zaintza sistema publikoaren beharra azpimarratzen dugu.

HAINBAT DATU ESANGURATSU:

  • Etxeko lanetan (lan erreproduktiboa) eta gizarte zerbitzuetan diharduten langileek sortzen duten aberastasuna BPGrekiko %25,75 da: eraikuntzan (%4,20) edota industrian (%17,19) sortzen duena baino handiagoa.
  • 186.800 herritar ari dira etxeko lanetan, horietatik 164.328 emakumeak* (%87,97). Zazpi eguneko lanastea dute, egunean 10 orduko lana, astean 72 ordu, urtean 170 lan egun oso. Ondorioz, urte erdia lanean ematen dute.
  • Etxeko lanetan ari diren emakumeek* gutxieneko soldata jasoko balute (1.570€, 14 pagatan) 3.611.929.440€-ko gastua suposatuko luke: EAEko 2024rako aurrekontu proiektuaren %24.
  • Etxeko langileen legezko oinarrizko soldata 1.080€-koa da, kasu gutxitan bermatzen dena.

Helduen egoitzetako langileen batez besteko soldata 1.444,74€-koa da. Lan Hitzarmen estatala duten emakumeena* 1.061€-koa.

Berretsi egin dugu Nafarroako 0-3 zikloko hitzarmen kolektibo baten aldeko LABen jarrera

CCOOk 0-3 hezkuntza ziklorako Espainiako Estatuan egin duen greba deialdia dela eta, LAB sindikatuak adierazi nahi du ez duela babestuko eta Nafarroan eta Nafarroarendako eginiko bide orri propio baten aldeko bere jarrera berretsi du. LABek hilabete asko daramatza Nafarroarako hitzarmen sektorial baten beharra aldarrikatzen, haur eskoletako langile guztien lan baldintzak duinduko dituena. Ildo horretan, ez du lagunduko Nafarroako langileen errealitatea kontuan hartzen ez duen Estatuko hitzarmena indartzen edo jarraipena ematen dion deialdirik.

LABek argi du negoziazio kolektiboa Nafarroara ekarri behar dela. Nafarroako langileek beren lan baldintzak hemen negoziatu eta adostu behar dituzte, eta ez Madrilen. Beraz, sindikatu hau ez da borrokatuko bere errealitatea eta benetako beharrak kontuan hartzen ez dituen tresna baten alde. Orain Nafarroako hitzarmena lortzeko pausoak ematen jarraitzeko unea da, eta ez Estatuko hitzarmena indartzeko urratsak egiteko unea.

Nafarroan, 0-3 sektorerako hitzarmen propio bati esker, Nafarroako Gobernuak zerbitzu horien finantzaketa bermatuko du, haiek publifikatzeko bidea eta hezkuntza-ziklo horren kudeaketa bateratuaren ideia erraztuz, eta horrek ez die zama gehigarririk ekarriko enpresa edo kooperatiba kudeatzaileei.

Nafarroako hezkuntzan euskara ikasteko baimenen ukazioa dela-eta, elkarretaratzea egin dugu

Euskararen eta langile publikoen hizkuntza-eskubideen aurkako ekintza uholde berri batek piztuta, Nafarroako Foru Administrazioan gehiengoa duen sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur goizean.

Euskarak Nafarroan, oro har, eta administrazio publikoetan bereziki bizi duen egoera oso delikatua dela baieztatu du LABek hasieratik, eta gainera, aspaldidanik oztopo andana jartzen ari zaizkiola: zonifikazioa betikotzea, hizkuntza paisaian gabeziak, euskara eskakizuna duten plazak oso gutxi izatea, euskara merezimendu gisa ia ez baloratzea, eta abar.

Azken asteetan Hezkuntza departamentua euskara ikastaro trinkoetara joateko baimenak ukatzen ari dela eman du jakitera sindikatu abertzaleak, gainera. Hainbat langileri, 195/1993 Foru Dekretuak ezartzen dituen irizpideak bete eta ikastetxeko zuzendaritza-taldearen baimena izanik ere, Santo Domingoko egoitza honetatik parte hartzeko baimenak ukatzen ari zaizkiola azaldu dute. Esan dutenez, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak dira gehienak eta ezezkoa jasotzeko arrazoiak zentzugabeak dira: betetzen duten lanpostuak ez duela hizkuntza-eskakizunik behar, espezialista hauei irakasleen baldintza berberak aplikatu behar zaizkiela (ez da egia, baina), ez dutela behar adinako euskara-mailarik egiaztatzen…

Administrazio publikoen barruko jarrera euskarafobiko horiek ez direla Hezkuntza departamentuan bakarrik gertatzen ari gaineratu dute; izan ere, PAGNAn, NOPLOIn eta udal askotan ere arazoak daudela baieztatu baitute. Horren aurrean, LABek borrokan jarraitzeko asmo irmoa agertu du, jarrera eta gertaera hauei bukaera emateko; izan ere, langile publikoek prestakuntza jasotzeko duten eskubidearen kontra egiten baitute eta, ondorioz, baita Nafarroako herritarron hizkuntza-eskubideen kontra ere.

Bukatzeko, LABek azpimarratu du jarrera euskarafobikoa gero eta zabalduago dagoela, eta administrazio publikoetatik epaitegietara ere zabaldu dela honezkero. Horregatik, babesa eta atxikimendua eskaini dizkio Kontseiluak deitutako manifestazioari, “Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat” leloa duenari, eta nafar guztiei dei egin die bihar, azaroak 4, Bilbora joan daitezen euskara bereziki azken hilabeteetan jasaten ari den eraso uholdeari aurre egiteko.

Hizkuntza eskubideak errespetatu!

Euskarafobiari STOP!

Nuadiko langileak borrokan

Orkoien-Arazuri industrialdeko NUADIko (lehengo NUCAP) langileek mobilizazio-egutegi bat hasi dute, enpresa itunaren eta soldata duinen alde

Joan den urriaren 23tik, NUADIko langileak mobilizatzen ari dira lantegian. Mobilizazioak fabrikaren atean hasi dira atsedenaldien orduan, eta ez da baztertzen gero eta gehiago izatea.

Mobilizazio horien arrazoia da gaur egun negoziatzen ari den enpresa itun duin bat lortzea , hobekuntza sozialak eta egoera ekonomiko globalarekin bat datozen soldata eguneratzeak bilduko dituena.

Historikoki, enpresa honetan soldata igoerak KPIari lotuta egon dira. Adierazle horrek langileoi erosteko ahalmena mantentzen digu. Baina oraingo honetan, enpresako zuzendaritzak soldaten eta KPI igoeraren arteko lotura hautsi nahi du. Enpresak dagoeneko eguneratu ditu bere produktuaren prezioak, bezeroei saltzeko, eta azken urteetan ematen ari den KPIaren inflazioaren arabera eguneratu ditu, baina ez du horrela egin nahi langileekin, eta pobretzera eraman nahi ditu.

Arrazoi horiek direla eta, Enpresa Batzordeak eta langileek mobilizazioei eutsiko dizkiete, eta areagotuko dituzte enpresak erosteko ahalmenari eusten ez badio. Batzordea prest agertu da behar den guztietan biltzeko, baina ez dute onartuko inolako bilera edo proposamenetan lankideen pobretzea.