“Zorionak Euskal Herria!” hitz horiexekin hasi dute mugimendu feministako ordezkariek hainbat eta hainbat hiri eta herritan arratsaldean egin diren mobilizazioen osteko manifestua. Goizean goizetik jo eta sua aritu dira milaka grebalari lurralde osoan barrena, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarri eta kaleak astintzen. Oraindik amaitu ez den prozesu baten mugarri historikoa izan da gaurkoa.
Beste behin ere herria egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasun izugarria erakutsi dugu, eta luzaro ezkutuan egon den arren, azalera ekarri dugu zaintzaren auzia, baita lehenengo lerrora ekarri ere: trafikoa geldiarazi dugu, produkzioan eragitea lortu dugu, ehunka ikasketa eta lanzentro hustu ditugu… hala ere, behar-beharrezkoak diren lanetan dihardutelako, emakume askok gaur ezin izan dute grebarekin bat egin. Aitortza berezia merezi dute, eta horrek erakusten du zaintza-jarduna zein puntutaraino den esentziala. Guztiok behar dugu zainduak izan, baina, horrez gain, zaintza guztion ardura da, eta ezin daiteke soilik emakumeen bizkar jarri; izan ere, gaur egun emakumeak eta, bereziki, langile migratu eta arrazializatuak dira lan mota hauen (izan ordainpeko enpleguak edo ordaindu gabeko lanak) zama daramatenak. Gainera, atzerritartasun legeak eta bestelako politika arrazistak egoera hori betikotu baino ez dute egiten.
Hala, gaurko ekimenen bidez enpresariak interpelatu ditugu, baita instituzioak ere. Izan ere, lehenengoek emakumeon doako lanen eta enplegu prekarizatuen bidez, besteak beste, negozioa egin eta poltsikoak betetzen dituzte; bigarrenek, berriz, horretarako alfonbra gorria ezartzen dutela argi dago. Esate baterako, nabarmentzekoa da Euskal Herriko nagusien egoitzen gehien-gehiengoa pribatizatuta dagoela. Horrez gain, baina, gizonei ere exijitu diegu behingoz beren gain har dezaten arlo honetan dagozkien erantzukizunak.
Etorkizunean Euskal Herrian izan nahi dugun Zaintza Sistema Komunitarioa eraikitzen hasteko bultzada ikaragarria izan da gaurko eguna. Eredu berri horrek, hain zuzen ere zaintzarako eskubide kolektiboa bermatu behar luke, gaur egun ez baita horrela gertatzen. Lehen mailako arazo politikoa da, eta hala heldu behar zaio. Horretarako deia luzatu diegu gaur euskal instituzioei.
Aipatu bezala, gaurko Greba Feminista Orokorretik indartsu aterako gara, eta bihartik aurrera ere antolatzen eta sareak ehuntzen jarraitzeko oinarri sendoa ezarri dugu. Euskal Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa dugu irabazteko!
Nahiz eta zerbitzu publikoetan, inposatutako zerbitzu minimoak,langileen greba eskubidea guztiz baldintzatu, sektore publikoan grebaren jarraipena zabala izan dela esan dezakegu.
Horren adibide:
IRAKASKUNTZA
Lehen orduko datuak berretsiz, hezkuntza publikoan ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan, greba egiteko eskubidea dutenen artean jarraipen zabala izango du grebak. Hego Euskal Herriko hezkuntza publikoan jarraipena oso zabala izan da. Eskola publikoetan langileen erdiak baino gehiagok greba egin du, eskolen arabera jarraipena ezberdina izanik eta EAEn %70etik gorakoa izanik. Aipatzekoa da Nafarroan D ereduko eskoletan izan duela jarraipenik handiena.
Haurreskoletan eta 0-3an %75ekoa izan da jarraipena.
Bestetik, sukalde eta garbiketa jarraipena oso zabala izan da eta sukalde asko itxita egon dira. Unibertsitate publikoetan ere babes zabal izan du, kanpusetan jarduera ia geratuta egon da.
Itunduetan berriz, ikastoletan EAEn %75etik gorako jarraipena Nafarroan %90etik gorakoa eta EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan apalagoa izan den arren ikastetxe gehienetan izan du eragina, lurralde eta eskualdeka desberdina izanik.
-Industria: Gipuzkoan bereziki ari da nabaritzen eta Bizkaiko zonalde batzuetan, adibidez Durangaldea. Araban: Gasteizen Laminaciones Arreguiko jarraipen zabala.
Osasungintzan
Azpimarratu behar dugu, beste behin ere, zerbitzu minimoen bitartez Osakidetzako milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiola. Adibidez, gaueko txandetan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. EAG edo emergentzietako langileak ere %100eko zerbitzu minimoak pairatu dituzte.
Lehen Arretan grebak jarraipen zabalagoa izan du; anbulategi batzuk itxita egon dira eta zerbitzu batzuk ere itxita egon dira. Adibidez, Gazteizko Lakuabizkarrako Osasun Zetroan ez da odol-erauzketarik egin.
Ospitaletan jarraipen txikiagoa izan da, gutxieneko zerbitzuek guztiz baldintzatzen bait dute langileen greba eskubidea. Halan eta guztiz ere, Basurtuko Anatomia Patologikoan, teknikari guztiek graba egin dute, baita reteneko zelari guztiak ere.
Beste behin ere, Osakidetzari eskatzen diogu jarraipenari buruzko datu errealak eman ditzala zenbatzeko oinarritzat greba egiten dezaketen langileak kontutan hartuz eta ez plantilla osoa.
-Garraioa: Euskotren inzidentzia handia. MetroBilbao, ez du ohiko jarduera izan, nahiz eta zerbitzu minimoak oso altuak izan diren.
– Zerbitzu publikoak. Udaletan bereziki Gipuzkoan, baina Bizkaiko hainbat udaleta ere, adibidez, Gernika zein Bermeo.
-Merkataritza. Piketeen eragina nabaritu da. Aipatzekoa adibidez Elkarren izan duen inzidentzia.
-Osakidetza.Baina osasungintzan ere zerbitzu minimoen eragina agerikoa.
-Araban: Lautadako kuadrila, instituto foral de la juventud, Arabako suhitzaileak, jarraipen zabala.
Soziokomunitarioan: gehiegizko zerbitzu minimoen eragina agerikoa, edonola ere jarduera ez normalizatua, lanean egon diren emakume asko eta askok grebarekin bat egiteko jarrera adierazi dute, zapiak, besokoak…
Oro har: pikete jendetsuak, errepideetako ekimenak, kotxe-karabanak herrietako mobilizazioak (…), milaka pertsona mobilizatu dira, hiriburuetako sarbideak oztopatuta.
Udaletan:
Udal esparruan ere,Grebaren jarraipena zabala izan da. Batik bat Gipuzkoan non ia udal guztiek oso modu orokortuan bat egin duten grebarekin, bai zuzenean kontratatutako langileak, baita azpikontratatutako langileak ere. Aurreko egunetan egindako bozketetan grebarekin bat egin dute udalei Irura, Anoeta, Mutriku, Aretxabaleta, Azpeitia, ordizia, Oñati , Arrasate , Orio, Urretxu, Tolosa, Bergara eta Beasain beste batzuk gehituz, Errenteria, Hernani, Idiazabal eta Legazpi, Donostian ere greba esanguratsua izan da kiroldegi guztiak itxita egon direlarik.
Bizkaian, Bilbon jarraipen zabala izan du grebak eta eskualde batzuetan lan uztea oso orokortua izan da; adibidez, Busturialdea,Gernika-Lumo, Durangaldea eta Arratian (polikiroldegiak, turismo bulegoak eta kultur etxeak itxita) eta baita ere Barakaldo eta Galdakaoko udaletan.
Arabari dagokionez, jarraipena garrantzitsua izan da, lurralde eta eskualdeka desberdina izanik; azpimarratzeko, Agurain eta Legution nahiz Gasteizeko udalean gizarte ongizate esparruan jarritako zerbitzu minimoak greba egitea asko baldintzatu du.
Gizarte Ongizate zerbitzuetan :
Hemen salatu behar dugu beste behin ere milaka langileri greba eskubidea ukatu egin zaiela, , zerbitzu askotan, zerbitzu minimoak %100ekoak izan bait dira.
Zahar egoitza eta eguneko zentruetan, zerbitzu minimoak guztiz baldintzatuko dute grebaren eragina. Gehiegizkoak izateaz gain, zahar egoitza eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan dauden egoilarrak dependentzia handiko graduak direnez greba egitea ia ezinezko egiten du. Adibidez 55 langileko zahar egoitza batean 5 besterik ezingo dute greba egin.
Hau horrela, greba egin zezaketen langileen artean grebak jarraipen zabala izan du: % 90etik gorakoa.
Gipuzkoan jarraipen oso zabala izaten ari direnen artean aipatzeko batzuk Arrasateko iturbide egoitza, Mutrikuko egoitza, Soraluzeko egoitza, Errenteriko Sanmarkosene egoitza, Zumaiako San jose egoitza, Zumarragako Argixao, Ordiziako San Jose egoitza, Zarautzeko eguneko zentroa, Villa Sacramento, La paz etab .
Bizkaian, grebak eragin handia izan du sektorean present diren patronalentzat: igurco GestiĂłn eta Grupo Caser. Lares taldeko zahar egoitza handietan ( Aspaldiko, Misericordia…) zerbitzu minimoetan lan egin dute baita ere Altos Hornos, Albiz, Vitalitas eta Muskizeko eguneko zentrua eta Socorro.
Araban azpimarratzekoak izan dira Ariznavarra eta Ariñez Villodas.
Iruñerriko egoitzetan, greba egun hau langileen inplikazio handiarekin landu da. Hala ere, gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta, greba egin ezin izan duten langileak asko dira. Zaintzak erdigunean jartzea langile hauen aldarrikapen historiko bat da eta hala ikus dezakegu Nafarroako Erresidentzien lehen hitzarmenaren alde borrokan aritzen diren langileen greba egun guztietan.
Etxez etxeko laguntzan ere greba egiteko eskubidea dutenen artean, jarraipen zabala izan du, besteak beste Zumaian, Urnietan, errenterian, Irunen, Erandio …
Gizarte Esku-hartzean ere greba jarraipena izan du, adibidez Bizkaian Gizarte Eskuhartze enpresa nagusietan ( zaurgarritasun bereziko adin txikikoak, desgaitasun egoeran dauden pertsonak etab) jarraipena handia da, greba egin dezaketen % 60 tik gora. Hauei gehitu behar zaie 6 egun daramatela greba egiten bere hitzarmena berritzeko. Gipuzkoan ere esanguratsua izan da jarraipena.
Komunikabideak :
komunikabideei dagokionez, EITBn (Miramonen zein Bilbon) inzidentzia garrantzitsua. Hala, irrati eta telebista publikoan gutxienezko zerbitzuek ezarritakoa, hau da, albistegiak bakarrik ari dira emititzen. Honetaz gain, Gara, Berria, Hamaika Telebista, Argia aldizkaria, eskualdeetako Hitzak edota Pikara ere greban daude.
Garraio publikoa
Garraio publikoan jarraipena ere esanguratsua izan da. Trenbideko bidaiarien garrraioan, Eusko Tren eta Metron, zerbitzu minimoak bakarrik aritu dira.
Hego Euskal Herriko etxeko eta zaintza langileen elkarteetatik koordinatutako ekimenak egin dira hiriburuetan: etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea exijitu dugu. Eguerdan herri herri zaintza langileen egoera prekarioak salatu dira.
Greba eguna aurrera doa. Goizeko piketeak jendetsuak izan dira eta gogoz gaude egunarekin jarraitzeko. Algortako, Bilboko auzoetako, Zarauzko, Gasteizko zein Errotxapeako zaintza guneak martxan daude jada. Eguerdian ekimenak egin ditugu, zaintza erregimen desorekatu, heteropatriarkal, kolonialista, arrazista eta kapitalista eusten dituzten instituzioak seinalatzeko: Espainiako atzerritartasun legea, zerbitzu publikoak pribatitzatzen ari diren arduradun politikoak, zaintza langileen prekarietatearen kontura negozioa egiten ari diren enpresa pribatuak, gure eskariei entzungor egiten dieten instituzioak…
Hego Euskal Herriko etxeko eta zaintza langileen elkarteetatik koordinatutako ekimenak egin dira hiriburuetan. Jendarte honetako zaintza lanen zati handi bat eusteaz nekatuta eta nazkatuta, diskriminazio egoeran, eskubide asko aitortu gabe, zapalduta daudela esan dute zaintza langileek. Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea exijitu dugu. Greba hau, prozesu honen hasiera besterik ez da eta elkarrekin borrokan jarraituko dugu. Zaintza eta etxeko langileek sujetu politiko bezala ahotsa altxatu nahi dute zaintza sistema injustu honekin amaitzeko eta langile gehiagori borrokara batzeko deia luzatu diegu.
Bestalde, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko arratsaldeko manifestazioetan parte hartzea eskatzen diogu Euskal Herritar orori. Denon bizitzaz ari gara greba honetan, denon bizitzak zaintzeaz. Pertsona guztiontzako zaintza eskubide kolektiboa bermatuko duen herri batean bizi nahi dugulako.
Jarraipenari dagokionez, esteka honetan kontsulta daitezke eguerdiko datu eguneratuak.
Garbiñe Aranburu: “Zaintzaren iraultza dagoeneko martxan da”
LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk Bilboko eguerdiko mobilizazioetan hartu du parte, eta bertan emandako adierazpenetan azaldu du Hego Euskal Herrian lehenengo aldiz deitu den Greba Feminista Orokorraren balorazio “oso positiboa” egin duela: “ Zaintzaren iraultza martxan da; zaintza iraultzeko urrats erraldoia da gaurkoa”.
Eremu guztietan nabaritzen ari da gaurko egunean zehar grebaren eragina; bada, Aranburuk aipamen berezia egin nahi izan die bizitza sostengatzeko ezinbesteko zaintza lanak egiten dituzten emakume guzti horiei: “Sistemak baloratzen ez dituen emakume horiei, baina beraien lana hain da beharrezkoa, hain da ezinbestekoa, gaur askok eta askok ezin izan dutela grebarik egin”. Izan ere, jakina denez, hain justu ere zaintza eremuan diharduten hainbatek gaur ezin izan dute grebarik egin, eta askok besoko laranja jantzi dute grebaren aldarrikapenekin bat egiten dutela adierazteko. Era berean, goizean lapikokada egin dute, bakoitzak bere lantokitik eta baita grebara ateratako jendearen partetik ere, elkartasunez.
Izan ere, gaurko grebaren prestaketa jardunean nabarmendu den bezala, ezohiko greba izango da, beste dimentsio bat eman nahi izan baitzaiol Hala, eremu produktibotik harago, antolakuntza, aktibazioa, politizazioa, saretzea eta harremanak egitea ere bada gaurkoaren helburua, eta halaxe azpimarratu du LABeko koordinatzaile orokorrak, “ greba prozesu baten baitan kokatzen den inflexio puntu garrantzitsua delako eta prozesu hau ez delako gaur amaitzen”.
Hala, amaitu ez den bide horretako mugarri gisa, grebak dagoeneko zertarako balio izan duen nabarmendu du Aranburuk: Batetik, “zaintzaren krisia eta zaintza eraldatzearen beharra mahai gainean jartzeko”; hau da, gaur egun nagusiki emakumeen gain dauden ardura horiek jendarte osora zabaltzeko beharra erakutsi du, datozen urteetako erronkarik handienetakoa izango da eta. Hala, gaia politizatzen eta kontzientziak astintzen lagundu du.
Horrez gain, zaintzaren ardura guztiona dela irudikatzeko balio izan du: “Zaintza lanak aitortu, baloratu egin behar dira. Zaintza lanak banatu, berrantolatu, kolektibizatu egin behar dira”.
Bestalde, zaintzaren negozioa egiten ari direnak seinalatu, salatu eta interpelatzeko balio izan du, hala nola instituzioak (Eusko Jaurlaritza, Nafar Gobernua, aldundiak…) eta patronala. Izan ere, enpresariak lan prekarizatuaren bidez aberasten diren bitartean, administrazioak alfonbra gorria jartzen die horretan jarraitzeko.
Azkenik, eta Garbiñe Aranbururen esanetan garrantzitsuena dena, “emakumeak ahalduntzen” lagundu du: “Egungo zaintzaren antolaketak, emakumeok zigortzen gaitu. Bereziki salagarria delarik emakume migratu eta arrazializatuek duten egoera. Emakumeok errebelatzen ari gara, aski dela esaten, planto egiten, eta horrek ondorioak ditu jendarte osoan. Zaintza eredua eraldatu gabe emakume eta gizonen arteko berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da”.
Hala, gaurkoan bildutako indarrak baliatu eta aurrerantzean ere Zaintza Sistema Publiko Komunitariora bidean urratsak ematen jarraitzeko beharra azpimarratuz amaitu du bere hitzartzea LABeko koordinatzaile orokorrak.
Greba eguna goizetik hasi dugu Euskal Herriko hamaika txokotan. Gauerdian kazeroladak eta txapligoak entzun ditugu, goizaldean dultzaineroak ere ikusi ditugu kaleetan barrena. Ondotik, piketeetan elkartu gara. Greba feminista orokor honetan, lantokiak hustu eta kaleak hartzeko helburua dugu. Herri eta auzoetako Greba Komiteetatik antolatutako ehundaka mobilizazio hasi ditugu jada, errepideak hartuta, bideak itxita, gosariak prestatzen eta pikete informatiboekin.
Aldi berean, lanuzteetatik harago doan deialdia dela azpimarratu nahi dugu. Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitza sostengatzeko, baina ez dute dagokien aitortzarik, ez politikoki, ez ekonomikoki ezta sozialki ere. Grebak izango duen eraginari ikuspegi zabalagoarekin begiratuko diogu gaur, bizitza sostengatzeko lanetan ari diren guzti horietan arreta jarriz. Hemen paradoxa batekin aurkitzen gara, zaintza lanetan ari direlako, greba eskubiderik ez dutelako edo gehiegizko zerbitzuak inposatu zaizkielako, greba egin ezin duten emakume horiek ez direla greba egin dutenen datuetan kontabilizatuko.
Horregatik guztiagatik, eguerdian, beste horrenbeste mobilizazio eta ekimen egingo ditugu herriz herri. Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, etxeko eta zaintza langileen kolektiboetatik koordinatutako ekimenak egingo dira, zaintza langileen aldarrikapenak lehen lerrora ekarriz. Iruñan 12:30ean, Diputazioaren aurrean elkartuko gara, Donostian 12:30ean, udaletxetik mobilizazioa eta ekintza ezberdinak egingo ditugu, Gasteizen 13:00etan mobilizazioa egingo dugu Zumaquera Kaleko Lanbidetik hasita, eta Bilbon goizeko mobilizazio nagusiak, 12.00etan Udaletxearen aurrean eta ondoren 13:00etan Extranjeria aurrean egingo dira.
Egun osoko mobilizazioetara batzeko deia zabaltzen dugu, zaintza zerbitzuen pribatizazioa salatu, zaintza langileen egoera kolapsatuekiko ardura exijitu, sistema publikoaren alde egin eta zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko.
Sektore publikoan
Zerbitzu publikoetan, lehen ordu hauetan ditugun datuak kontutan hartuz, grebaren jarraipena esanguratsua izaten ari da.
Horren adibide:
Komunikabideei dagokionez, EITB taldean grebaren jarraipena zabala izaten ari da, eta honela irrati eta telebista publikoan gutxienezko zerbitzuak baino ez daude martxan; informatiboak bakarrik ari dira emititzen. ETBn ez da programarik grabatuko, eta soilik informatiboak eta grabatutako programazioa dago. Horretaz gain Gara, Berria, Hamaika Telebista, Argia aldizkaria, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazine eta eskualdeetako Hitzak greban daude.
Garraio publiko ez pribatizatuan ere, Eusko Tren eta Metron adibidez grebaren jarraipena, oso zabala izaten ari da, zerbitzu minimoak bakarrik lan egiten ari direlarik.
Hezkuntzan, lehen orduko datuak kontuan hartzen baditugu, hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan, greba egiteko eskubidea dutenen artean grebak jarraipen zabala izango duela dirudi. Hezkuntza publikoan dauden 600 ikastetxeetan izango du lan uzteak eragina.
Sukalde eta garbiketan jarraipena oso zabala izango dela dirudi, eta sukalde asko itxita egongo dira . Haurreskoletan jarraipena ere zabala izango da.
Unibertsitatean ere grebak babes zabala izango du. Kanpusetan jarduera ia geratuta egongo da.
Itundutako ikastetxetan ere jarraipen zabal izango du, ikastola gehienek ateak itxiko dituztelarik , eta gainerako zentroetan jarraipena garrantzitsua izango da, lurralde eta eskualdeka desberdina izanik.
Udal esparruan ere, Grebaren jarraipena zabala izango dela dirudi, batik bat Gipuzkoan, non ia udal guztiek oso modu orokortuan bat egin duten grebarekin, bai zuzenean kontratatutako langileak, baita azpikontratatutako langileak ere. Aurreko egunetan egindako bozketetan greabrekin bat egin baitute, besteak beste, Irura, Anoeta, Mutriku, Aretxabaleta, Azpeitia, Ordizia, Oñati, Arrasate, Orio, Urretxu, Tolosa, Bergara eta Beasaingo udaletako langileak.
Bizkaian eta Araban ere jarraipen zabala espero da.
Gizarte Ongizate zerbitzuetan eta osasungintzan, ezarritako zerbitzu minimoak guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Milaka langileri greba eskubidea ukatu egin zaie, zerbitzu askotan, zerbitzu minimoak %100ekoak direlarik. Adibidez, gaueko txandetan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. EAG edo emergentzitako langileei ere 100 % zerbitzu minimoak ezarri zaizkie.
Osasungintzari dagokionez, lehen arretan grebak jarraipen zabalagoa izango du anbulategi batzuk itxita egongo direlarik.
Zahar egoitza eta eguneko zentroetan, zerbitzu minimoek guztiz baldintzatuko dute grebaren eragina . Gehiegizkoak izateaz gain, zahar egoitza gehienetan dauden egoilarrak dependentzia handiko graduak direnez greba egitea ia ezinezko egiten du, adibidez, 55 langileko zahar egoitza batean bostek besterik ezingo dute greba egin. Hori horrela, greba egin zezaketen langileen artean grebak jarraipen zabala izan du.
Etxez etxeko laguntzan ere greba egiteko eskubidea dutenen artean, jarraipen zabal izango duela dirudi.
Grebak jarraipen handia izan du industrian, batez ere Gipuzkoan.
Herrialde horretan, langile askok greba egitea erabaki dute, batzarretan bozkatu ondoren. Erabat geldirik dago ekoizpena honako enpresa hauetan: Indar (Beasain), Arcelor Mittal (Bergara), CIE Automotive, GKN edo Bellota (hirurak Legazpikoak), Polmetasa (Arrasate), Mondragon Assembly (Arrasate), Natra Zahor (Oñati), SNA Europe (Irun), Sammic (Azpeitia), Jose Maria Mendiola (Andoain), Kelsen (Zizurkil), IAT (Urnieta) eta Niessen (Oiartzun), besteak beste. Jarraipena oso handia izaten ari da Beasaingo eta Irungo CAF enpresetan.
Metroaren eta AHTren lanak ere geldirik daude Gipuzkoan. Errepideen mantentze-lanen plantilletan, gutxieneko zerbitzuen %100a ezartzeak grebaren jarraipen normalizatua eragozten du.
Bizkaian, grebak eragin berezia du Lea Artibaiko eta Durangaldeko industrian. Microdeco edo AKT Plásticos bezalako enpresek jarduera eten dute. Intzidentzia Bizkaia osoan ere nabaritu da, Kadaguako Lucart taldekoak bezalako enpresekin eta Cementos Lemonarekin
Araban ere greba egiten ari dira. Gasteizen, DHL eta Ferrovial bezalako enpresetan izandako eragina nabarmendu behar dugu, geldialdi handiak izanik industria-ingurune osoan. Aiaraldean, grebaren eragina berezia izaten ari da, Amurrio Ferrocarriles, JEZ Sistemas edo Artiach bezalako enpresetan.
Nafarroan, industria-sektoreko grebaren jarraipena desberdina izan da, eta eragin handiagoa izan du Iruñeko industria-ingurabideko enpresetan; izan ere, piketeak egin dira Arazuri Orkoien industrialdean eta Berrikuntzaren Hirian. Iparraldean eta Sakanan jarraipena garrantzitsuagoa izan da, Magotteaux eta Torraspapel bezalako enpresak nabarmenduz.
Sektore pribatuan:
Zerbitzu pribatuen sektorean, greba feminista orokorrak jarraipen desberdina izan du, eta intzidentzia handiagoa izan du Gipuzkoan eta Bizkaian.
Grebaren eragina, batez ere, administrazioaren azpikontratetan nabaritzen ari da, hala nola,
kiroldegietan (Bilboko, Erandioko edo Barakaldoko kiroldegiak), eskola-jantokietan (Berangoko ikastetxea, Atxuriko ikastetxea, Ermuko Anaitasuna, Algortako Zabala ikastetxea, etab.), lorezaintzan (Basauriko lorezaintza), garbiketan (Basauriko udala, Sarrikokoa edo Bilboko Artxandarte ikastola) eta abar.
Nafarroan, grebak jarraipen handia izan du sektore feminizatuetan, hala nola garbiketan eta eskola-jantokietan. Bertan, Ausolagun enpresan izandako eragina nabarmendu dute. Ausolagun sektoreko enpresa handiena da Nafarroan.
Grebak jarraipena izan du merkataritzaren sektorean ere, ehungintzan eta oinetakoetan bereziki, Tendamen eta H & M-ren jarraipena nabarmendu da. Elikagaien merkataritzaren arloan ere, Eroskin eragin nabarmena izan du grebak. Batez bestekotik gorako jarraipena duten beste sektore batzuk kirol- eta kultura-kudeaketakoak eta Iruñeko Udaleko berdeguneak mantentzeko azpikontratatutako enpresak dira.
Azalera handietako zentroetan jarraipena nabarmendu dezakegu (Alcampo eta abar). Gipuzkoan, halaber, grebaren jarraipena altua izaten ari da hotel esanguratsu batzuetan, azpikontratatutako garbikuntzan (Elgoibarreko Meka Lanbide eskolako garbitzaileak, Bergarako Ipintza BHI ikastetxekoak edota Azpeitiako IES Urola ikastetxekoak) edo lorezaintzan (ad: Hondarribikoa) eta polikiroldegietan (Hondarribiko Polikiroldegia ad. Itxita egongo da).
AltsasuIruñerriaIruñerriaIruñerriaLemoaHernaniHernaniGasteizGasteizGasteizGasteizLaudioLaudioBasauriBasauriAlludium (Zornotza)AbadiñoAtxondo-Elorrio piketeaBasauriErmuaIurretaLaudioGoierriZumaiaZumaiaOiartzunOiartzunOiartzunEibarEibarEibarEibarEibarIruraGoierriGoierriAndoainTolosaIrunIrunIrunIrunZumaiaDurangaldeaBilbo (Juan de Garaiko piketea)DurangoDurangoBilbo (Enekuriko piketea)TxorierriGasteiz (Eusko Jaurlaritza)Gasteiz (Eusko Jaurlaritza)ZumaiaArrasateArrasateDonostiaDonostiaAndoainDonostiaDonostiaDonostiaDonostiaAzpeitiaAzpeitiaDonostiaBilbo (Erriberako merkatua)UsansoloGardotza industrialdea (Ondarroa-Berriatua)Bilbo (Abando)Bilbo (Abando)LemoaEzkerraldeaZestoaLasarteDonostiaDonostiaLasarteTuteraLakuntzaIrunberriIruñerriaIruñerriaIruñerriaPortugaletePortugaletePortugaleteSanturtzi (Begoñako Amaren egoitza)Zalla (anbulatorioa)SodupeBarakaldoZalla (Lombarda egoitza)SanturtziAltsasuMungiaIurretaIurretaIurretaBilbo (Kale Nagusia)Barakaldo (San Eloy ospitalea)Barakaldo (San Eloy ospitalea)Portugalete (Udaletxeko plenoan)PlentziaSopelaErandioGüeñesBarakaldo (Eguneko Zentroa)Barakaldo (Emakumeen Etxea)GasteizGasteizGasteizGasteizGasteizAgurainAgurainAmurrioAmurrioLaudioErmuaLekeitioGernikaLekeitioAgurain
Fabrika-batzarrek ELAk eta CCOOk azken bi asteetarako programatutako mobilizazioak eteteko egindako proposamenari uko egin ondoren, gaur, azaroak 29, beste lanuzte egun arrakastatsu bat bizi izan dugu CAFen Beasain, Irunen eta Kastejongo lantegietan. Ondotik, zuzendaritzak negoziazio mahai baterako deia egin dio enpresarteko komiteari ostiralerako.
Azaro hasieran batzarrean adostutako mobilizazioen lehen faseari amaiera eman diogu horrela eta aldi berean, Enpresa Batzordeok mobilizazioen egutegi berri bat adostu dugu, LABen ekimenez aurkeztu zena (lehen indar sindikala Beasaingo eta Irungo batzordeetan). Egutegi horretan, hiru orduko lanuzte partzialak egingo dira abenduaren 11ko astean, egun osoko grebak abenduaren 18, 19 eta 20an eta greba mugagabea urtarrilaren 8tik aurrera. Greba horiek langileen batzarrean bozkatuko dira abenduaren 6an.
LABetik beste interpelazio bat egin diogu Zuzendaritzari, zeinak gaurko mobilizazioen ondoren negoziazio-mahaia deitu baitute abenduaren 1erako. Hala, esan nahi diogu negoziazioan aurrera egiteko eta ez dezala akordioa blokeatzen jarraitu, mobilizazioen eta greben agertoki berri batera eramango gaituena. Zentzu horretan, eskatzen ari garen edukien inguruan negoziatzeko borondatearekin esertzea eskatzen diogu.
Enplegua eta Euskal Herriko lantegien aldeko apustua, ezinbestekoa da LABentzat. CAFek bere eskaera-zorroan dituen 13.000.000.000.000. euro baino gehiago baliagarriak izan behar dira kalitatezko enplegua sortzeko eta langileen baldintzak hobetzeko. Aurre-erretiroak bermatzea, bizi dugun inflazio-garaietara egokitutako soldata-igoera bermatzea, bai eta kolektibo guztientzako urteko lanaldia parekatzeko eta Castejongo lantegiaren hitzarmenean txertatzea ere ezinbesteko gaietako batzuk izango dira akordioaren bidean.
Zaintza eskubide kolektiboaren alde Hego Euskal Herriko kaleak beteko ditugu bihar, azaroak 30.
Azken hilabeteotan hainbat batzar, asanblada eta ekimenetan murgilduta egon ostean, ordu batzuk baino ez dira falta Mugimendu Feministaren Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak deitutako Greba Feminista Orokorrerako. LAB sindikatuan lehenengo unetik bat egin genuen deialdiarekin, eta burubelarri jardun dugu biharko eguna prestatzen; izan ere, jakina da LABen helburu nagusietakoa dela Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzea, eta espero dugu 2023ko azaroaren 30ak mugarria ezartzea bide horretan jarraitzeko.
Izan ere, premiazkoa da zaintza lanak berrantolatu eta modu orekatuagoan banatzea, lanok eremu pribatutik atera eta merezi duten aitortza nahiz baldintza duinak lortzeko. Gaur egun zaintzara emandako enplegu eta lan guztiak prekarioak dira, eta kapitalak horiek baliatzen ditu aberastasuna metatzen jarraitzeko. Hain zuzen ere, zaintza eraldatu gabe, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna erretorika hutsa da, LABen behin eta berriz gogorarazi dugunez. Horregatik guztiagatik, atera gaitezen guztiok kalera, greba egin ezin duten horiengatik atera ere.
Hego Euskal Herri osoan barrena hainbat eta hainbat hitzordu aurreikusi dira biharko, goizean goiz martxan jarriko diren piketeekin hasita. Ipar Euskal Herriaren kasuan, greba bere horretan deitu ez den arren, antolatutako dinamiketan parte hartzeko deia luzatu da.
Bada, jarraian zerrendatu ditugu eguerdian Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo diren manifestazioak, baita eskualdez eskualde arratsaldean izango diren hitzordu nagusiak ere:
GOIZEKO HIRIBURUETAKO MOBILIZAZIO NAGUSIAK
• Iruñean 12:30tan Diputazioaren aurrean elkartuko gara
• Donostian 12:30tan udaletxetik mobilizazioa eta ekintza desberdinak egingo ditugu.
• Gasteizen 13:00etan mobilizazioa egingo dugu Zumaquera Kaleko Lanbidetik hasita.
• Bilbon 12.00tan goizeko mobilizazio nagusia Udaletxearen aurrean egingo da.
Milaka izan dira azaroaren 28an hauteskunde sindikaletan parte hartzeko aukera izan duten langileak. Horrela, argi jaso da zerbitzu publikoen ahultze sistematikoarekin amaitzeko unea heldu dela. Gipuzkoako 3 hautetsontzitako bozken zenbatzearen faltan, LAB sindikatua izan da ordezkaritza eta boto gehien jaso dituena.
Hauteskundeetako emaitzek 2. sindikatuarekiko (ELA) 245 botoko tartea utzi dute. Honek, orain arte bezala, bihartik aurrera ere EAEko Gobernuak ezarritako hitzarmenaren ukapena gainditzeko lanean jarraitzeko indarra ematen dio LAB sindikatuari.
Enplegua sortu eta egonkortzearen aldarriak langileen bultzada izan du. Bai urrian deituriko greban, bai bihar zaintza sistema publikoa defendatzen, bai abenduaren 19an zerbitzu publikoen aldeko greban eta baita gaur hauteskundeetan ere. Hemen lan egiten dugunok, hemen erabaki nahi dugu nola egiten dugun lan.
Aurrerantzean ere, erantzukizunez eta gardentasunez jarraituko dugu lanean. Egonkortze prozesuen amaieran bermeak ezarriz, feminismoa gure lan-baldintzetan ezartzeko eraginez, euskara lanerako tresna izan dadin jardunez eta Jaurlaritza langileon beharrei erantzungo dizkien baldintzak sortzera bultzatuz.
Basauriko Suhiltzaile talde batek sortu duen dinamikari esker, eta honi jarraipena emonez, Palestinako herriari elkartasuna erakutsi diote. Horretarako, aste honetan Artaza, Urioste eta Iurretako parkeetan kontzentrazioak egin dituzte. Sirenekin minutu bateko dolua eta elkartasuna islatu dute suhiltzaileek.
Kontzentrazio hauen bitartez, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako zein Europar Batasuneko agintariek haien ardura politikoari helduz, Israelgo Gobernuari lege internazionalak betearaztea, eta sarraski zoro hau behingoz geldiaraztea da.
Azaroaren 30ean, koordinadora feministak zaintza-eskubideen aldeko greba orokorrerako deia egin du. Grebaren aldarrikapen nagusiak hauexek dira: zaintza-sistema publiko komunitario bat lortzea eta zaintza-sektorearen lan baldintzak duintzea eta babestea, bizitzak erdigunean jarrita.
Iruñeko Udaleko Etxeko Laguntzako Taldeko familia-langileek bere egiten dituzte aldarrikapen horiek, zaintza-sistema publiko batekin bakarrik bermatuko baitira zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintza duinak.
Jakinarazi dutenez, Udalak Auzitegi Gorenean aurkeztu duen errekurtsoa onartu ez denez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia irmoa da eta, beraz, Udalak onartu behar izan du langileak beren lanpostuetara itzultzea.
Hala ere, Udalak, berriz ere, erabaki du epaia bere kasa betearaztea, eta, hala, interpretatu du ezen SAD Pamplona SL enpresa publikoak jarrai dezakeela Udalaren Etxeko Laguntzako Taldeari zerbitzua ematen eta ordezkapenetarako langile guztiak kontratatzen.
Udalaren erabaki horrek ondorio hauek ekarri ditu: kudeaketa bikoiztea eta kostuak handitzea (orain, irudi luke alderdi ekonomikoak ez duela garrantzirik, eta bi egitura paralelo mantentzen dira); emakumezko langileen kontratazioa prekarizatzea (astelehenetik ostiralera, lanaldi osokoak ez diren kontratuekin); eta zerbitzuaren kalitatea galtzea, ez dagoelako inolako harremanik langile finkoen eta behin-behinekoen artean eta ordezkapena errazago eginen lukeen informazio trukerik ez dagoelako, erabiltzailearen eta langilearen kalterako.
Lan kontratudunen komiteko kideak zain aude zer dioen Lan arloko 3. Epaitegiak, hau da, epaiaren “exekuzio” modu horrek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia urratzen duen ala ez. Baina erabakia edozein dela ere, borrokan jarraituko dute Etxeko Laguntza Zerbitzua %100ean munizipala izan dadin.