2026-09-26
HomeEkintza Sindikala40 laneko heriotza 8 hilabetetan

40 laneko heriotza 8 hilabetetan

Abuztuaren 25ean, Bermeoko Pesquería Vasco Montañesa SA (PEVASA) enpresarako lanean ari zen P.M.S. arrantzalea hil zen Dakar (Senegal) inguruko uretan. Itsasontzian arrantzan ziharduen langile bermeotarraren heriotza ez traumatikotzat jo da ofizialki. Honekin, 2024an gutxienez 40 langile hil dira lan istripuz, horietatik 6 abuztuan.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta samina adierazi nahi dizkiegu hildakoaren senide, lagun eta lankideei.

Salatu behar dugu mota honetako istripuak aztertzeko eta argitzerako orduan ikaragarrizko trabak eta gardentasun eza aurkitzen ditugula. Era berean, nabarmendu behar da heriotza ez traumatikoen atzean faktore ezberdinak daudela eta lan karga, erritmoak, estresa eta jarduera mota honetan presente dauden faktoreek eragin zuzena dutela.

LABetik irmoki salatu nahi dugu heriotza hau. Arrantza sektorean gertatzen diren diren eskubide urraketak, hitzarmen duinen falta, segurtasun neurririk eza, etenik gabeko lanaldiak edo sektorearen ezaugarri diren lan neurri gogor eta arautu gabeak dira heriotza hauen errudunak.

Heriotza hauek eragiten dituztenak ez dira aurretik aipatutako arrazoiak bakarrik. Euskal Herriko enpresak dira Senegalgo eta beste hainbat lekutako itsasoak ustiatzen eta arpilatzen dituztenak, hemengo agintarien laguntzarekin. Ezaguna da Eusko Jaurlaritzak atunontzi handiak dituzten eta altura handiko flora kudeatzen duten enpresen alde egiten duen apustu irmoa. Baliabideak arrantzaleen segurtasuna bermatzeko erabili beharrean, armak erosteko ematen diete dirua, hauekin piraten erasoetatik babesteko.

Baxurakoa bezalako beste arrantza arteak gutxiesten dituzte, askoz ere jasangarriagoak eta hurbilagoak direnak, eta plan estrategiko baten beharrean itotzen ari direnak.

Arrantza sektore osoak behar du lan baldintzen aldaketa eta arauketa legala. Aski da orain dela urte askotako araudiekin eta ohiturekin lanean aritzeaz. Arautzeak eragina izango luke istripu eta heriotzen tasan.

Eusko Jaurlaritzaren arrantza politikek beste herrialdeetako itsasoak arpilatzea soilik dute helburu. Enpresek bertako herritarrak kontratatzen dituzte baldintza prekarioetan lan egin eta lanean bizia galtzeko. Sasoi bateko sistema kolonialak erabiltzen dituzten enpresak diru publikoz laguntzen dituzte eta gainera, baldintzarik gabeko babesa eskaintzen diete. Politika hauek ere badira itsasoan gertatzen diren arrantzaleen istripuen erantzule.

Horregatik, lan osasuneko baldintza egokiak bermatu ditzaten exijitzen diegu enpresei, eta Eusko Jaurlaritzari, ereduaren inguruko norabide aldaketa eta lan osasuneko neurriak betetzen direla berma dezala.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.