2025-12-30
Blog Page 174

Hernaniko SETE enpresako langileek greba egin dute gaur nominak ez dizkietelako ordaintzen

Nominak ez ordaintzeaz gain, 2020-2022 urteetarako sinatutako enpresako hitzarmeneko igoera ez zitzaien aplikatu, eta beraz, 2022ko eta 2023 igoerak zor dizkiete oraindik. Gainera, salatu dute hurrengo urteetarako hitzarmenaren negoziketetan enpresak ez du aurrera pausurik ematen.

Hartzekodunen konkurtso bat pasa ostean, SETE saldu egin zen, baina jabe berriek nominak egunean jarri gabe jarraitzen dute. Hilabetero hilabetero ordainketak atzeratzen dira eta egoera hau urteetan luzatu da. Hori guztia dela eta, langileen bizi baldintzak erabat kaskartu dira eta askotan, hileko nomina kobratu gabe lanera joaten dira dirua noiz jasoko duten jakin gabe.

Egoera hau jasanezina bihurtu da langileentzat eta bere familientzat eta honek greba hau egitera eraman ditu. Aski dela esateko garaia da! Langileok ez dugu onartuko gure diruarekin jolasten jarraitzerik. Enpresak zor dizkien nominak egunean jarri arte, astero greba egingo dutela adierazi dute, euren esanetan “borroka eta elkartasuna baita langileok dugun aukera bakarra”.

Garraio sektorean heriotza gehiagorik ez

Gaur goizean Tuterako la Serna industriagunean beste garraiolari bat azaldu da hilik bere kamioan. 55 langilek galdu dute bizia 2023an dagoeneko, eta garraiolarien artean bederatzigarrena da hau.

Ikerketak zabaldu duenaren arabera, istripu ez traumatikoa izan da heriotza eragin diona. Aurtengo ezbeharren txostenean LABetik salatu dugu orokorrean istripuz hildakoen %33 direla “ez traumatiko” gisa tipifikatuak. Garraiolarien artean, aldiz, 2022an %75 izan ziren “ez traumatikoak”. Honek argi erakusten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko.

Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 11 garraiolari hil ziren lan-istripuz. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, eta abar. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta borondate politikoa baino ez dela behar garraiolarien lan-eskubideak bermatu eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute segi bete aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango baitira.

Arabako egoitzetan hitzarmena beharrezkoa dela oihukatu dugu gaurko greba egunean

Bihar eta etzi (abenduak 13 eta 14) ere grebara deituta daude nagusien egoitzetako langileak.

Ia hiru urte eman ondoren patronalarekin negoziatzen sektoreko langileentzako baldintzen hobekuntzak, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen probintzialean jasoko direnak, joan den martxoaz geroztik negoziazioen blokeo egoera baten aurrean gaude.

Arabako egoitzak eta etxebizitza komunitarioak bezalako funtsezko sektore baten prekarietate nabarmena jasanezina da, ACRA, GESCA eta LARES patronalek ezin dute alde batera utzi sektoreko lan-baldintzak hobetzeko premia nabarmena, negoziazio-proposamen bat berretsiz, langileen aldarrikapenetatik oso urrun dagoena eta gatazka honen alde sozialetik ezin duguna onartu, horrek prekarietate-egoera hori betikotzea ekarriko lukeelako.

Adierazi dugun bezala, Arabako egoitzen eta etxebizitza komunitarioen sektoreko I. hitzarmena negoziatzen hasi zenetik, premiazkoa da sektoreko langileen eskaeretara hurbiltzea; soldatak nabarmen hobetzea; erosteko ahalmena bermatzea; lanaldia nabarmen murriztea, egungoa erabat jasanezina eta bizitzarekin bateraezina delako; baita sektoreko langileen funtsezko lana duintzen duten beste hobekuntza sozial batzuk ere.

Gatazka honen alderdi sozialetik, LAB eta ELA sindikatuok negoziazioei berriro ekiteko prest gaudela adierazi nahi dugu, negoziaketetan aurrera egiteko bide eta formula berriak bilatzeko, eta ACRA, GESCA eta LARES patronalei zentzuz jokatzeko eta gaur egun mahai gainean dauden baldintzak berriro kontuan hartzeko eskatzen diegu.

Sektoreko langileek argi eta garbi adierazi dute 30 greba-egunetan, eta herritarrek argi utzi zuten joan den azaroaren 30ean ere, greba feminista orokorrean, zaintza bizitzaren, gizartearen eta erakundeen erdigunean jarri behar dugula. Honek ezin du horrela jarraitu. Horregatik, sektoreko langile guztiek egiten duten lan izugarri eta baliotsua balioetsi nahi dugu, lan-baldintza duinen oinarri izango den lehen hitzarmen probintzial baten bidez.

Langileek argi utzi dute, ez dute kategoria baxuenetako lanbide arteko gutxieneko soldataren inguruko proposamenik nahi, ez dute 2028an 1742 orduz lan egin nahi, ez dute 2028an gerokultoreek 1340 euro gordin kobratzeko proposamenik nahi. Ez dugu aitzakiarik nahi eta borondate ona nahi dugu, orain arte falta izan zaiguna.

Azkenik, Foru Aldundia ere interpelatu nahi dugu, beste alde batera begiratzeari utz diezaion eta gatazka honetan bitartekari lanak egin ditzan. Foru Aldundiak, aitortu ez arren, erantzukizun zuzena du gatazka honetan. Urtaran, bada garaia zure hitzak egintzetan gauzatzeko, hitzak galeriari begira ez esateko, enpresak sektoreko langileen baldintzak nabarmen hobetzera behartzeko, eta egoitzetako laguntza integraleko proiekturako 2024ko aurrekontuetan dituzun 8,2 milioi euroak sektoreko langileen baldintzak hobetzen inbertitzeko.

Ez dugu komunikatu hau itxi nahi sindikatuok negoziazioekin jarraitzeko prest gaudela berriro azpimarratu gabe.

Abenduaren 19an ere sektore publikoko lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu

Urriaren 25erako LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuok bat egin, eta «zerbitzu publikoak indartzeko soldata eta enplegua hemen adostu» lelopean eta aldarrikapenak adostuta, milaka langile lan zentroak hustu eta hiru hiriburuetako kaleak bete genituen. Datorren asteartean, 19an, berriro egingo dugula adierazteko mobilizazioak egin ditugu gaur EAEko administrazio eta enpresa publikoetako lantokietan: haurreskolak, eskolak, institutuak, unibertsitatean, ospitaleak, osasun zentroak, udalak, aldundiak, Jaurlaritza, enpresa publikoak…

Arduradun instituzional eta politiko batzuk, lehendakaria buru, greba zapuzten eta egoeraren erantzukizuna gainetik kentzen saiatu ziren, eta halaxe jarraitzen dute. Urriaren 25eko grebaren arrakastak, eta sektore publikoan etengabe dauden mobilizazioek EAJ mugimenduak egitera eraman dute. Mugimenduetako bat Madrilen PSOErekin langileon baldintzez negoziatzera behartuta ikusi duela bere burua izan da, mugimendu eskasa, baina mugitu behar izan da. Honek argi uzten du grebek eta mobilizazioek borondate politikoak aldatzeko gai direla. Horregatik jarraitu behar dugu mobilizatzen, eta datorren 19an berriro lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu.

Greba berriro ere arrakastatsua izango da, alderdiak eta instituzioak astindu behar ditugulako langile publikoon beharrak kontuan har daitezen: erakundeen aurrekontuetan lehenik, bestela negoziazio mahaietan ez da egongo zer negoziatu, inposizioak izango dira. Eta hau da aldarrikatzen jarraitzen duguna:

  • Estatutik datozen mugak ez onartzea, ez inposiziorik, ez betorik
  • %10eko soldata igoera dagoeneko jasotzea, eta aurreko zorra berreskuratzea
  • Enplegua sortzea eta egonkortzea, eta behin-behinekotasuna %8tik behera jaistea
  • Publikoa indartzea, pribatizaziorik ez, publifikatzeko planak adostea
  • Lan kargak arindu eta langileon osasuna bermatzea
  • Politika feministak, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak adostea
  • Administrazioak eta langileak euskaraz aritzea, iruzurrik ez
  • Jardunaldiaren murrizketa, 32 orduko lan astearen norabidean

Berriro diogu, borrokatzeko garaia da, eta datorren asteartea 19an berriro egingo dugu sektore publiko osoan!

Amazonen immobilismoaren aurrean, 5 eguneko greba deitu dugu Gabonetan Trapagarango lan-zentroan

2022ko Ciber Monday egunean (azaroaren 28an) lehen greba egin eta hamahiru hilabetera, Trapagarango Amazonen logistika zentroko 125 langileak nazkatuta daude, eta erabaki dute 5 eguneko greba deitzea, 2023ko abenduaren 17an eta 18an eta 2024ko urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean, zentroko hitzarmen bat negoziatzeko eta prekaritatearen aurka.

2022ko abenduan, merkataritza elektronikoaren erraldoiaren zuzendaritzak mobilizazioei uztea eskatu zien langileei, elkarrizketari ekiteko eta enpresa batzordearekin esertzeko, zentroko hitzarmen bat negoziatzeko. Langileek 2022ko amaieran erabaki zuten mobilizazioak etetea, baina azken urtean, enpresa batzordearen eta Amazonen arteko hamar bilera baino gehiagoren ondoren, ez da aurrerapausorik eman.

Amazonen indarra laneko prekaritatetik dator; lanaldi luzeak, ordu gehigarrien gehiegizko erabilera, lan erritmo oso altuak, APPen etengabeko kontrola, plantillaren osasun fisiko edo/eta psikologikoari eragiten diona, eta ABLEen kontratazioen ondoriozko ezegonkortasun handia, banatzaileek subrogazio eskubiderik ez izatea, Garraioko Hitzarmena banatzaileen kolektiboari ez aplikatzea… gai horiek guztiak ez dira konpondu 2022ko urritik abendura bitartean egindako 4 greba egunen ondoren.

Amazonek lan prekaritatearen esker finantza egoera oso ona izaten jarraitzen du. 2023ko lehen hiruhilekoan, Amazonek 3.200 milioi dolarreko mozkin garbiak izan zituen mundu mailan, eta bigarren hiruhilekoan, % 11 hazi ziren bere diru-sarrerak. Irabazi garbia 6.700 milioi dolarrekoa izan zen. 2023ko laugarren hiruhilekorako, 160.000 milioi eta 167.000 milioi dolar arteko diru sarrerak aurreikusten ditu, 7.000 milioi eta 11.000 milioi dolar arteko mozkinekin zergen aurretik. Egoera ekonomiko horrekin, Trapagarango langileen lan-baldintzak hobetu gabe jarraitzen du Amazonek.

Egoera horren aurrean, Trapagarango Amazongo langileen batzarrak, LAB eta ELA sindikatuekin batera, erabaki du 5 eguneko greba deitzea, abenduaren 17an eta 18an eta urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean.

Trapagarango Amazon zentro logistikoak, non 125 langile inguru ari baitiren, Bizkaia osoko merkataritza elektronikoaren erraldoiaren bezeroei banatzen dizkie paketeak, baita Araba, Gipuzkoa, Burgos eta Kantabriako zati handi bati ere.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako bigarren greba eguna ere milaka langilek babestu dute

Bihar Bilboko kaleetan bilduko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileak manifestazio zentralizatu batean.

Gaur Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako bigarren greba eguna izan da. Gaur ere milaka langilek hartu dute parte LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek EAEko hiru hiriburuetan antolatutako kotxe karabana, ekintza eta mobilizazioetan. Grebaren jarraipena ere atzokoaren oso antzekoa izan da, %65 eta %70 bitartekoa.

Sindikatuok arduraz jokatzeko eta Hitzarmena sinatzea ahalbideratuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatzen diegu Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei. Eta Hezkuntza Sailari gatazka bideratzeko esku har dezala, beste aldera begiratu ordez.

Bihar hiru lurraldeetako langileak Bilbon egingo den manifestazio zentralizatu batean batuko dira. Manifestazioa goizeko 11:30ean hasiko da Eusko Jaurlaritzaren aurrean (Kale Nagusia, 85).

Tuvisako langileek nazkatuta daudela erakutsi dute erabateko jarraipena izan duten lanuzte eta mobilizazioetan, eta borrokan jarraituko dute datozen asteetan ere

Hilabete hasieran mobilizazioak abiatuta, atzo, hilak 11, deitutako lehenengo lanuzte partziala egin zuten Gasteizko Tuvisa autobus zerbitzuko beharginek, %100eko jarraipena izan zuelarik. Bihar, abenduak 13, mobilizazioa egingo dute Santiago ospitalean, eta egun osoko grebak ere iragarri dituzte.

Tuvisako beharginen gatazka ez da ezer berria; aldiz, luzarotik datorren kontua da, eta langileak kokoteraino daude beren baldintzak gero eta eskasagoak direla, zerbitzuaren kalitatea nabarmen murriztu dela eta zuzendaritzak eskakizunei entzungor egiten diela ikusteaz.

Greba eta mobilizazioetara jotzeko arrazoiak honakoak dira: lanpostuen galera metatua, erabiltzaileentzako zerbitzua prekarizatu izana, flotaren egoera negargarria, alderdi sozialarekiko mespretxuzko jarrera etengabea, lan-baldintzak okertu izana eta Tuvisaren baitako baliabideen pribatizazioa.

Gauzak horrela, langileek eskatzen dute, alde batetik, autobus-lineen galera ekiditea, pandemiaz geroztik galdu diren horiek berreskuratzea eta beharrezko izan daitezkeen linea gehiago ezartzea, lan-baldintzak zein herritarrei ematen dieten zerbitzuaren kalitatea hobetze aldera.

Horrez gain, Tuvisan azkenaldian egin diren pribatizazioak desegitea eta parkineko, gruetako eta garajeetako gauak berreskuratzea, horrek zerbitzua indartuko baitu.

Beste puntu garrantzitsu bat da hitzarmenaren negoziazioa aurrera eraman ahal izateko solaskide egokia izatea aurrean. Izan ere, orain arte langileen ordezkariek zuzendaritzarekin eginiko bilera guztietan erantzun bat eta bakarra jaso izan dute: Ez, ez eta ez. Langileek negoziaziorako eta hitz egiteko prestutasun osoa azaldu duten arren, horma zurrunarekin egin dute topo bestaldean.

Azkenik, lansaioaren erregistro eraginkorra ezartzea ere bada beste eskakizun bat, eta alderdi sozialarekin adostutako akordio guztiak Arabako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela ere bai.

Tuvisako langileen ordezkariek nabarmendu dute borroka hau ez dela plantillarena soilik; aldiz, Gasteiztar guztiei eragiten die, eta lanuzte eta grebek eragozpenak sor baditzateke ere, uler ditzatela eskatu diete herritarrei, guztien onurarako egiten baitute borroka.

Datozen hitzorduak

Hala, Tuvisako langileen borrokaren baitako hurrengo hitzordu nagusiak zerrendatu ditugu jarraian:

  • Abenduak 13: Mobilizazioa Santiago Ospitalean
  • Abenduak 18: Lanuzte partzialak 09:00etara arte
  • Abenduak 19: 24 orduko greba
  • Abenduak 21: 24 orduko greba

Mecanerreko enpresa-batzordeak EAEko Legebiltzarrean mahaigaineratu du eskualderako trantsizio ekologiko eta justuko plan bat abian jartzeko beharrizana

Saio horretan, bizi dugun egoera eta Euskal Herritik milaka kilometrora dagoen multinazional batek hartutako erabakia azaldu ditugu berriro, deslokalizazio prozesu bat gauzatzeko plan estrategiko baten barruan kokatzen dena eta helburu argia duena: mozkin-marjinak handitzea, kostuak murriztuz.

Hori dela eta, gobernuei, eta kasu honetan erakunde publikoei, bereziki Eusko Jaurlaritzari, eskatu diegu horrelako kasuetan jarduteko tresnak izan eta erabili behar dituztela.

Premiazkoa da mekanismoak aktibatzea, halakoak gertatzen direnean enpresek nahitaez itzuli behar izateko baliatu duten diru publikoa, eta, aldi berean, industria-birmoldaketa bati ekin ahal izateko, jasangarritasun ekologiko eta sozialeko irizpideen arabera, lanpostuak mantentzen direla bermatuz.

Era berean, adierazi dugu Mecanerreko langileok etorkizunerako aukera bat sortu nahi dugula itxiera-proposamenetik.

Horregatik, plantillak hasi duen trantsizio-planaren prozesua azaldu dugu. Trantsizio-planaren helburu nagusia Mecanerren industria-jardueraren jarraitutasunerako alternatiba bat bilatzea da.

Azken batean, prozesu hau industriaren, eskualdearen eta herrialdearen orainaren eta etorkizunaren aldeko apustu garbia da.

Baina ezin dugu aurrera eraman administrazioen eta gizartearen ekarpenik eta parte-hartzerik gabe. Horregatik, fabrika berreskuratzeko, alternatiba bideragarri bat proposatzeko eta eskualdearentzat trantsizio ekologiko eta sozial justua lortzen laguntzeko, ezinbestekoa da alde guztien borondatea eta konpromisoa.

Horrela, Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei honakoak eskatu dizkiegu:

  • Bideragarritasun-plan hau egiten aktiboki laguntzea, dituzten baliabide guztiak eskainiz, bai teknikoak, bai politikoak.
  • Uribe Kostako eskualdean eta lurraldean dauden mugikortasun-beharren (eskualdeko autobusak, metroa) inguruko aukerak aztertzea eta partekatzea.
  • Lantegiaren egungo ekoizpenari alternatibak bilatzeko konpromisoa hartzea, eskualdeko eta inguruetako behar sozialei erantzuteko; lehenbailehen esku-hartze publikoa behar duen industria baten birmoldaketaren alde egitea.
  • Era berean, galdegin diegu konpromiso aktiboa hartzeko Mecanerren jabetzari nahiz kudeaketari loturiko irtenbideak bilatzeko. Stellantisek fabrika uztea erabakitzen badu, Urdulizetik Stellantis bakarrik joan dadila: instalazioak (sobera amortizatuta) eta langileek bertan geratu behar dute. Izan ere, instalazio eta langile horiek dira produktiboak direnak eta industria-jarduera garatzeko gai direnak.

Horregatik, erakunde publikoek babesa eman behar dute hori guztia desegin ez dadin, kaleratzeak eta itxiera gerta ez daitezen.

Jabetzan eta kudeaketan parte hartzea da plantaren etorkizunerako bermerik handiena.

Bederatzi dendatik sei itxita, Gipuzkoako Lidleko langileak indartsu daude borrokan jarraitzeko

Abenduaren 7an eta 9an egindako grebak jarraipen handia izan du. Ostegunean zein larunbatean egindako mobilizazioetan parte hartze handia izan zen eta langileak prest daude borrokarekin segitzeko.

Ostegunean, goizeko piketeen ostean, Donostiako erdigunea zeharkatu zuen manifestazio bat egin zuten langileek, eta larunbatean berriz, Arrasate, Eibar eta Azkoitiko dendetan piketeak egin zituzten Gipuzkoa zeharkatu zuen kotxe karabana batekin.

LAB sindikatutik salatu behar dugu enpresak langileen greba eskubidea urratu zuenaren zantzuak ditugula eta, horregatik, Lan Ikuskaritzan salaketa bat jarriko duela. Izan ere, Groseko eta Hernaniko dendetako langileen gehiengoak greba egin bazuen ere, enpresak zentro horretako plantillaren parte ez den jendea eraman zuen, txandak aldatu edo lanaldiak luzatu zituelarik, goizez behintzat, denda ireki ahal izateko.

Aipagarria da, halaber, greba egunetan inoiz ez bezalako segurtasun neurriak izan zirela dendetan. Jarrera erabat hipokrita da, langileek etengabe segurtasun gehiago eskatzen dutenean eta enpresak aurrekonturik ez dagoela adierazten duenean, baina bai antza langileen aurka egiteko.

Jarrera hauek ondo islatzen dute enpresari greba egun hauek min handia egin diotela; izan ere, urteko salmenta handienak egiten dituen garaia da, aste santuarekin batera. Horregatik, greba aurreko asteetan ere, plantilla zatitzen saiatu dira.

LAB sindikatutik zinez txalotzen dugu grebalarien jarrera. Denbora asko, gehiegi, daramate iristen ez diren ekintzen esperoan eta beraz, grebara jo eta kaleak hartzeko langileen erabakia sindikatu bezala babestu eta hauspotu behar dugu.

Larunbatean grebalariekin egindako asanbladan argi adierazi zuten borrokan jarraitzeko konpromisoa. Haiekin egongo gara eta bidelagun izango gaituzte. Zentzu honetan, Lidleko gainerako langileei borrokara batzeko deia luzatzen diegu, batasunean baitago indarra eta guztion soldata eta baldintza duinen alde ari baikara lanean.