2025-12-30
Blog Page 173

ANFASeko langileek greba egingo dute abenduaren 20an hitzarmen duin baten alde

Desgaitasun intelektuala edo garapen-nahasmenduak dituzten pertsonen eta haien familien aldeko Nafarroako elkartea da ANFAS. Bertako enpresa-batzordeak, LABeko lau ordezkarik eta ELAko bostek osatuak, agerraldia egin du Iruñean azaltzeko duela bi urtetik hona zer egoera bizi duten beren enpresa-hitzarmenaren negoziazioan. Anfasek 140 langile inguru ditu, desgaitasun intelektuala duten 1.500 erabiltzaile inguru artatzen dituztenak.

Bi urte daramatzate ANFASen hitzarmen kolektibo berria negoziatzen. Zoritxarrez, denbora horren guztiaren ondoren, ANFASeko zuzendaritzak hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen du. Batzordeak langileen eskaera askori uko egin die akordio bat ahalbidetzeko, baina ANFASek bandan itxita jarraitzen du orain arte.

Azken proposamenean, enpresak % 4,5eko soldata-igoera proposatzen die ia kategoria guztiei 2023rako, baina honek ez du bermatzen Nafarroako KPIa  2022 eta 2023 urteetan.

Zuzendaritzaren partetik borondate falta ikusten dute negoziazioan aurrera egiteko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko orduan. Azaldu dute bidaltzen dizkieten proposamenak gero eta okerragoak direla, eta 2022. urtea hobekuntzarik  gabe sinatzera bultzatzen gaituzte behin eta berriz.

Nafarroako KPIa % 6,6an itxi zen 2021ean, eta % 6,4an 2022an. “Ez gaude prest langileek erosteko ahalmena gal dezaten. Lanera etortzeagatik pobretu beharrik ez izatea exijitzen dugu. ANFASen kontuak positiboan itxi ziren 2022an, horregatik uste dugu profesionaletan inbertitzeko unea dela, hori baita lan eta bizitza duina eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko modua”, adierazi dute.

Batzordeak, oro har, oso eskari argiak eta bidezkoak ditu, langileek hainbat batzarretan berretsiak: Nafarroako KPI langile guztientzat, kilometraia, lanbide-kategoriak parekatzea eta baimenak hobetzea. “Ez dugu amore emango, bidezko akordio bat behar dugu”, gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, abenduaren 20an greba eguna deitu dute ANFASen, egoera salatzeko eta hitzarmen duin bat eskatzeko. Deialdi zuzena egin diete lankideei: “Langile guztiok gara beharrezkoak borroka honetan; horregatik, datorren abenduaren 20an aktiboki parte hartzera animatzen zaituztegu”.

Hezkuntza Laguntzako Espezialisten Talde Eragilearen eta Nukleo Administrazioko Langileen Batzordearen lan saioa Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearekin

Nafarroako hezkuntza-laguntzako langile espezialisten kolektiboa (HLE) erakunde honekin bildu gara berriro, gure lan-egoera hobetu eta HPBak (Hezkuntza Premia Bereziak) dituzten ikasleekiko hezkuntza-arloko esku-hartzea hobetzeko esku-har dezaten eskatzeko.

Parlamentuko batzordeak langile horien aldarrikapenei harrera ona egin izan die aurreko agerraldietan, baina ez da aurrerapausorik eman. Izan ere, sindikatuekin negoziazio-mahaia ez da berriro ireki Hezkuntza departamentuak aldebakarrez hautsi zuenetik aurreko legegintzaldiaren hasieran.

Langileen kolektibo gisa, abandonatuta sentitzen gara. Hezkuntza departamentuak ez gaitu langile propio gisa hartzen, eta Funtzio Publikoak ez daki zein den gure egoera, Santo Domingo kaletik kudeatzen baita gure jarduna.

Ez dago araudi propiorik, eta kudeaketa inprobisatu egiten da. Kasu batzuetan (gure kalterako izaten da) irakasleei aplikatzen zaien araudi bera aplikatzen zaigu, nahiz eta zehaztuta egon ez zaiela beste beste kolektibo batzuei aplikatu behar. Beste batzuetan, aldiz, Funtzio Publikokoa. Esaten dugu inprobisatu egiten dela, telefonoa hartzen duen langilearen arabera, gauza bat edo kontrakoa aplika daitekeelako.

Langileak benetako tratu txar gisa bizitzen ari gara egoera hau. Adibide gisa, hona duela gutxiko bi egoera:

  • 2023an kontratu partzialak sinatu dituzten HLE langileei soldata ehuneko bat inguru jaitsi zaie, 2022ko lanordu kopuru bera egin arren. Horren zergatia da 233/2022 Foru Agindua aplikatu zaiela, nahiz eta 2. artikuluko 5. puntuan argi eta garbi adierazten den ez zaiela aplikatuko Hezkuntza departamentuari atxikitako langileei. Gainera, Foru Agindua 2023ko abenduaren 31ra arte indarrean egotea ez da oztopo izan Departamentuak 2024ko abuztuaren 31ra arteko kontratuei soldata-murrizketa hori ezartzeko. Hezkuntza departamentuari atxikitako HLE eta fisioterapeutak dira egoera hori jasaten ari diren langile publiko bakarrak.
  • Egonkortze-prozesuko lekualdatze-lehiaketarako, destino ezagunik gabeko plaza-zenbaki korrelatiboak dituzten plazak argitaratu dira. Beste diskriminazio bat, kolektibo bakarra baita destinoa ezagutu gabe lekualdatu behar duena.

HLE askok auzitara joan behar izan dute lege-iruzurreko kontratuak (epaileek hala baieztatu dute) izateagatik. 2109/2012 Ebazpena (Hezkuntza departamentuaren menpeko HLE, fisioterapeuta eta erizainen ordutegia arautzen duena) indarrean dago oraindik, baina HLE langileei soilik aplikatzen zaie. Une honetan, gure kolektiboko langile batzuek beste batzuek baino 5 edo 6 ordu gehiagoz egiten dute lan astero, eta berdin kobratzen dute. HLE langile batzuei garraioan laguntzeko agintzen zaie, eta horrek lanaldia egunean 9 ordura eta astean 43,5 ordura arte luza dezake.

Ezin dugu aipatu gabe utzi ebazpen hau 2012ko murrizketen ondorio dela. Gainerako langile publikoentzat orduko murrizketak ezabatu dituzten arren, guretzat oraindik ere indarrean jarraitzen dute.

Gainera, autobus zerbitzua eskaini beharrarena loteria hutsa da: hezkuntza bereziko Andrés Muñoz eta Torre Monreal ikastetxeetan, adibidez, HLE langileek ez dute funtzio hori betetzen; gainerako ikastetxeetan, aldiz, denetarik dago, batzuek garraio zerbitzua egiten dute eta beste askok ez.

Garraio arrunta egitea ez da EAEko langileen zeregina, eta hallaxe zehaten dute Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko Gaitasun Unitateek.

Horretaz gain, HLE langileek tentsio handiko uneak jasaten ditugu gure lanpostuan, etengabeko eraso fisiko eta ahozkoak (Nafarroako langile publikoen artean kolektibo profesional erasotuena gara), estres handia eragiten duten osasun–funtzioak ditugu esleituta (botoi gastrikoak, diabetesa…).

Horren guztiaren ondorioak nabarmenak dira kolektiboarengan:

  • Bajak depresioagatik, antsietateagatik…
  • Oso profesional kualifikatuek lanbidea uzten dute.
  • Esku-hartzearen kalitatea gutxitzen da profesionalen arteko behar bezalako
    koordinaziorik ez dagoelako.
  • Material prestaketa eta bestelako zeharkako funtzioak desagertzen dira.
  • Gure funtzioetako bat izan arren, ez dugu Hezkuntza Laguntzarako
    Unitateetan parte hartzen, eta talde-lana hutsaren hurrengoa da.
    Nafarroako hezkuntza alderraai dabil, eta gu horren lekuko pribilegiatuak gara.
    Etengabe eskola inklusiboaz hitz egiten da, baina kontrako norabidean goaz,
    hau da, asistentzialismorantz zuzenki.
    Kolektiboak pairatzen dituen egoerak zerrendatzen jarrai genezake:
  • Formakuntzarik ez izatea eta INAPek antolatutako prestakuntzetara joateko
    baimenak ukatzea.
  • Eskuhartze koherentea eta kalitatezkoa ahalbideratuko lukeen koordinazio
    egituraturik eza.
  • Talde-lan organoetan ez dugu parte hartzen.
  • Kolektiboa ikastetxeen jardueretatik kanpo uztea.

Eroskik Elorrion duen biltegiko langileak greban ari dira prekaritatearekin behingoz amaitzeko

Astelehenean hasi eta hilaren 16ra arte dago deituta greba Cecosa hipermercados SLk kudeatzen duen lantokian. 130 pertsona inguru daude bertan lanean, gehienak gizon arrazializatuak, eta urteak daramatzate gutxieneko soldata kobratzen, txandaka eta jaiegunetan lan egiten, zama handiak manipulatzen eta atseden-egunetan lan egitera behartuak. Gaur Bilbon egin dugu elkarretaratzea.

Lanagileen baldintza latzak aztertzeko enpresarekin hainbat bilera egin ondoren, eta hobekuntzarik lortu ez zenez, komiteak 5 greba-egun deitzea erabaki zuen (abenduaren 11tik 16ra), gaur egun biltegian lan egiten duten baldintzak duintzeko helburuarekin.

Berriz ere, prekaritate horren guztiaren atzean estatalizazioa dago. Enpresa honetan Biltegi Handien hitzarmena aplikatzen da, CCOOk eta UGTk 2023an sinatutako Estatuko hitzarmena, zeinaren lan-baldintzak EAEko hitzarmenetan jasotakoetatik oso urrun dauden. Deigarria egiten zaigu Eroski bere euskalduntasunarekin harro omen dagoenean.

Gauzak horrela, plantillaren helburuak argiak dira: Bizkaiko Elikaduraren hitzarmena aplikatzea, laneko osasun eta prebentzioan neurri eraginkorrak izatea, ordaindutako atsedenaldiak eta aldaketa arbitrarioekin eta alde bakarreko malgutasunarekin amaituko duen urteko egutegia.

IDEko langileek soldaten izoztearen aurka greba egingo dute bihar

EAEn lantokiak dituzten Accenture taldeko hainbat enpresatako langileak jasaten ari diren bidegabekeria salatzeko mobilizatzen hasi dira IDEko (Informática de Euskadi) beharginak, eta bihar, hilak 14, greba eguna izango dute.

Accenture multinazional amerikarrak, jabeak, taldeko enpresa guztien soldatak izoztea erabaki du, gaur egungo errealitate ekonomiko eta soziala kontuan hartu gabe.

Hartutako erabaki honek, Tecnilogika eta Informatica de Euskadi bezalako enpresei eragiten die, gure herrialdearen garapen teknologikorako eta berrikuntzarako funtsezko lana egiten duten enpresei.

Enpresa-batzordeak osatzen ditugun sindikatuok saiatu gara Accenturerekin negoziatzen, plantilletako soldata gordinen benetako igoera bermatzeko, eta hori, jakina, bizitzaren kostua eta erosteko ahalmenaren igoerak kontutan hartuta.

Accenturen lortutako onurak garrantzitsuak izan dira, baina uko egin dio elkarrizketari eta ateak itxi dizkio negoziazioari. Bere irizpidea ezarri du, etika falta eta taldea osatzen dugun langileenganako errespetu falta erakutsiz.

Ezin dugu onartu egoera hau, gure lan-eskubideak atzeratzea eta bizi-kalitatea galtzea erkatzen dituelako. Horregatik, Accentureri negoziatzea eskatzen diogu eta aldi berean mobilizatzea erabaki dugu, langileei eragiten dieten neurri hauek babesteko.

Greba hau, gure erosteko ahalmena eta soldata duinak berreskuratzeko geratzen zaigun tresna bakarra da.

Accenturen egoitzaren aurrean (Iberdrolako dorrean) elkarretaratzea egin ostean, aste honetako mobilizazio egunik garrantzitsuena biharkoa izango da, abenduak 14. Egun osoko GREBA bat egingo dugu, eta 11:00etan manifestazioan abiatuko gara Plaza Biribiletik, eta bezero ditugun enpresa gehienetatik pasatuko gara (El Corte Inglés, BBVA, Kutxabank, Sabadell, La Caixa, Iberdrola…).

Halaber, gizarte eta ekonomia sektore guztien elkartasunerako deia egin nahi dugu, gure borroka babestu, lan-duintasuna eta gizarte-justizia babes ditzaten.

Ez dugu onartuko Accenturek zenbaki gisa tratatzea eta gure soldata eta etorkizuna lapurtzea.

Esteka honetan entzun daiteke LABen IDEko sail sindikalak eginiko podcasta, greba eta mobilizazio hauen zergatia azaltzen duena: https://open.spotify.com/show/59miaqOJSrHpLtGQfGK2ky

LABek 100 proposamen baino gehiago egin ditu Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena hobetzeko

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmena izan behar duenaren negoziazio mahaia abian da dagoeneko, eta LAB sindikatutik 100 proposamen baino gehiago aurkeztu ditugu, zalantzarik gabe langile guztien lan-baldintzak hobetuko dituztenak.

Gure sindikatuak borroka ibilbide luzea du sektore honetan, eta, horregatik, ongi ezagutzen ditugu sektorearen egoera, arazoak eta beharrak. Horri esker, oraingo hitzarmena hobetzea helburu duten ideia berriekin gatoz: batetik, hitzarmenaren artikulu batzuen erredakzioa aldatzea planteatzen dugu; eta bestetik, hitzarmenaren edukiak hobetzea eta artikulu eta eduki berriak gehitzea. Gainera, gure ekarpen gehienak sektoreko langileek beraiek egin dituzte; izan ere, LABek egindako deialdiari modu eredugarrian erantzunez, proposamen asko eta oso interesgarriak bidali dizkigute langileek.

Horrela, bada, negoziaziorako proposamen bat prestatu dugu, non 100 neurri baino gehiago biltzen diren egungo hitzarmena hobetzeko eta langileen arazoei konponbideak emateko. Hori guztia artatzen ditugun pertsonei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak eta arreta hobetzeko helburuarekin. Azken batean, eskubide gehiago lortu nahi ditugu guztiontzat, eta eskaintzen diren zerbitzu publikoen kalitatea hobetu dadila. Proposamen guztien artetik, hauexek dira aipagarrienak:

  • Urteko soldatak hobetzea talde guztientzat (KPIaren igoera bermatuta)
  • Urteko lanaldia murriztea
  • Opor egun gehiago.
  • Lanaldi bereziak sortzea kolektibo jakin batzuentzat
  • Soldata-plus batzuk ezartzea titulazio betebeharrak eta eginkizun jakin batzuk betetzen dituzten langileentzat
  • Baimen ordainduak aldatzea; kasu batzuetan, izan diren arau-aldaketetara egokitzeko, eta beste batzuetan, behar berriei heltzeko eta testuaren erredakzioa hobetzeko
  • Norberaren aferetarako baimenak ezartzea
  • Lanpostuak betetzeko protokolo objektibo bat sortzea
  • Amatasuna babestea zuzeneko esku-hartzea eskatzen duten lanpostuetan, eta erasoen aurkako erregistro bat sortzea enpresa guztietan
  • Elkargoko bazkidetze-gastuak eta mantenu-gastuak ordaintzea larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan lan egiten duten langileei
  • Aholkularitza juridikoa bandalismoaren ondoriozko kalteak gertatzen diren kasuetan.
  • Datu pertsonalen babesa

Hobekuntza horiek guztiak negoziazio mahaian azalduko ditugu, eta, beharrezkoa bada, mahaian eta kalean defendatu beharko dira. Aurreko negoziazioan bezala, badakigu inork ez digula ezer oparituko, ez Gobernuak, ez patronalak. Horregatik, ezinbestekoa da plantillak aktibatzea, 2025etik aurrera hitzarmen honek arautu ditzan gure lan-baldintzak.

Arabako egoitzetako langileek ikatza eraman diete Urkullu, Gonzalez eta Urtarani

Asteko bigarren greba eguna izan dute gaur Arabako egoitzetako langileek hitzarmen duinaren alde. Gaurko mobilizazioan, ikatza eraman diete Urkullu EAEko Lehendakaria, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusia eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako Foru Diputatuari.

Manifestazioa egin dute, Gasteizko Plaza Berritik abiatuta eta ondoren, instituzioak interpelatu dituzte Arabako Mugimendu Feminista, Zaintza Arabako, Arabako pentsionistak eta Babestu Araba kolektiboekin. Olentzero eta Mari Domingi ere langileekin egon dira Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan greba eskubidea urratzeko ahaleginak salatu ditugu

Lan hitzarmen berriaren alde, bost egunetako greba zikloan murgilduta daude EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak. Gaur, asteko hirugarren greba egunean, baterajotzea egin dute Bilbon, eta Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzatik abiatu dute manifestazioa. 5.000 langile inguru bildu dira bertan, eta greba %65 eta 70 bitarteko babesa izaten ari da orohar.

Salatu nahi dugu Lan Sailak ezarritako zerbitzu minimoen gehiegikeriaz gain, ikastetxe ugari zerbitzu minimo horien iruzurrezko aplikazioa egiteko saikerak egiten ari direla, greba zapuzteko asmoz. Langile askori greba egiteko eskubidea ukatu eta oztopatu zaio.

Hala eta guztiz ere, balorazio positiboa egiten dugu. Grebek babes handia izan dute, eta milaka langile dira hainbat ekintza eta mobilizazioetan parte hartzen ari direnak. Esaterako, gaurko Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru elkartu dira.

Helburua da 2021ako abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea. Aurreko hitzarmenak 10 urte eman zituen berritu gabe, eta 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek hitzarmen berria lortzeko.

Kristau Eskola patronal nagusiari eskatzen diogu publikoki adierazi duen negoziaketerako borondatea isla dadila mahai negoziatzailean, benetako edukiekin. Azken mahaitik 9 hilabete igarota, azaroaren 27rako mahai negoziatzailea deitu zuten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek mobilizazioek behartuta. Baina ez zuten ekarri inolako proposamenik.

Hezkuntza Sailari berriz, gatazka honen irtenbidean parte har dezala eskatzen diogu, beste aldera begiratu ordez. Hezkuntza Saila ez da edozein eragile, eta esparru honetako langileen lan baldintzekiko ardura berea ere bada.

Bihar osteguna, mobilizazio deszentralizatuak

Bilbon, manifestazioa egingo dute 11:30ean Eskolapioen ikastetxetik (kalejira, zutabe eta kontzentrazioez gain), Donostian, ordu berean kontzentrazioa egingo dute Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean eta Gasteizen, beste horrenbeste egingo dute Egibideko Jesus Obrero ikastetxearen aurrean.

Hego Euskal Herrian 263 langileri eragingo dien Telefonicako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurka mobilizatu gara

Hilabete hasieran izan genuen Telefonica de España S.A.U. enpresak Estatu mailan ezarri nahi duen Enplegu-Erregulazioko Espedientearen (EEE) berri. Horren bidez, kaleraketa kolektiborako prozedura bat gauzatu nahi da, zeinak, Hego Euskal Herrian, 541etik 263 langileri eragingo dien; hots, plantillaren %48,61ari. Honen aurrean, mobilizazioa egin dute LABeko kideek Bilbon, enpresak Artxandan duen egoitzaren aurrean.

LAB sindikatutik erabateko arbuioa adierazi nahi dugu Telefonicak abiatu duen prozedurarekiko eta honek suposatuko duen enplegu suntsiketa masiboarekiko. Are gehiago, azken hiru urteetan 11.782 milioi euroko irabaziak lortu dituela jakinda, eta kontuan izanik kaleratu nahi dituen langileak izan direla aipatutako hobariak sortu dituztenak.

Enpresak beharrezkoa ikusten du, “zerbitzua hobetze aldera, hainbat programa eta ekimen modu progresiboan ezartzen joatea, konpainiako esparru ezberdinetako digitalizazioa, automatizazioa eta efizientzia bermatu ahal izateko”. Hitz hauekin justifikatzen du Telefonicak kaleratze kolektiborako prozedura aurrera eraman behar izatea.

LABen ustez, ordea, badaude Telefonicaren zerbitzua egungo beharretara moldatzeko bestelako aukerak; esaterako, lanaldiaren murriztapena edo langileentzako formakuntza aproposa eskaintzea, enpresak erronka berriak gainditu ahal izan ditzan. Aldiz, Telefonicak, irabaziak pilatzen jarraitzeko desio aseezina dauka.

Bestelako aukera horiek jorratu eta plantilla kaltetua modu eraginkorrean babestua izan dadin, Hego Euskal Herrian negoziazio mahai propioa zabaldu dadin exijitzen dugu; izan ere, hemen errealitate sozio-ekonomiko eta sindikal propioa daukagu.

Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu.

Hernaniko SETE enpresako langileek greba egin dute gaur nominak ez dizkietelako ordaintzen

Nominak ez ordaintzeaz gain, 2020-2022 urteetarako sinatutako enpresako hitzarmeneko igoera ez zitzaien aplikatu, eta beraz, 2022ko eta 2023 igoerak zor dizkiete oraindik. Gainera, salatu dute hurrengo urteetarako hitzarmenaren negoziketetan enpresak ez du aurrera pausurik ematen.

Hartzekodunen konkurtso bat pasa ostean, SETE saldu egin zen, baina jabe berriek nominak egunean jarri gabe jarraitzen dute. Hilabetero hilabetero ordainketak atzeratzen dira eta egoera hau urteetan luzatu da. Hori guztia dela eta, langileen bizi baldintzak erabat kaskartu dira eta askotan, hileko nomina kobratu gabe lanera joaten dira dirua noiz jasoko duten jakin gabe.

Egoera hau jasanezina bihurtu da langileentzat eta bere familientzat eta honek greba hau egitera eraman ditu. Aski dela esateko garaia da! Langileok ez dugu onartuko gure diruarekin jolasten jarraitzerik. Enpresak zor dizkien nominak egunean jarri arte, astero greba egingo dutela adierazi dute, euren esanetan “borroka eta elkartasuna baita langileok dugun aukera bakarra”.