2026-05-02
Blog Page 17

LAB sindikatuak beste hiru greba egun deitu ditu EAEko kudeaketa zuzeneko jangela publikoetan, negoziazioan aurrerapausorik eman ez delako

LAB sindikatuak 2026eko martxoaren 10ean, 11n eta 12an Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe publikoetako kudeaketa zuzeneko jangelean hiru greba egun deitzea erabaki du, gaur egindako negoziazio mahaian aurrerapen esanguratsurik ez dagoela egiaztatu ondoren.

Aurreko greba egunak amaitzean publikoki jakinarazi zen bezala, planteatutako gaietan benetako aurrerapausorik ematen ez bazen, sindikatuak mobilizazioekin jarraituko zuen. Gaur egun, LABek uste du ez zaiela erantzun eraginkorrik eman sektorearen funtsezko aldarrikapenei.

Funtsezko hiru esparrutan ez da aurrerapausorik eman, eta horregatik egin da deialdia:

  • 2025ari dagokion %2,5eko soldata-igoera ordaintzea, indarrean dagoen hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera.
  • Benetako negoziazio bat garatzea, eduki zehatzekin, gaur egun negoziatzen ari den hitzarmen kolektibo berriaren esparruan.
  • Ratioak, funtzioak eta lanaldiak

Soldatei dagokienez, LABek enpresa adjudikaziodunei eskatzen die hitzarmen kolektiboa osorik bete dezatela, hau da, soldaten %2,5eko igoera ordain dezatela, 2025eko urtarriletik aurrerako ondorioekin, eta soldaten taulak eguneratu daitezela, biak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko lan-kontratudun langileekin soldatak parekatzeari lotuak.

LABentzat, Hezkuntza Saileko lan-kontratudun langileekin soldatak parekatzea aldaezina da, aurreko negoziaketetan lortutakoa, kolektiboaren mobilizazio eta borroka egun askoren ondoren.

Era berean, LABek ezinbestekotzat jotzen du hitzarmen berriaren negoziazioan akordiorako benetako borondatearekin lantzea gutxieneko lanaldiak, lanpostu hutsen estaldura, lizentziak eta baimenak, lan osasuna, ordu osagarriak eta formakuntza bezalako gaiak.

Azkenik, LABek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen dio bere gain har dezala bere ardura instituzionala eta har ditzala behar diren neurriak egungo ratioak aldatzeko, funtzioak behar bezala definitzeko eta lan jardunaldi duinak bermatzeko.

Aurrerapauso nabarmenik eta konpromiso zehatzik ez dagoenez, sindikatuak kolektiboaren lan eskubideak defendatzeko konpromisoa berretsi du. 

Estatuak martxoak 3ko sarraskiagatiko erantzukizunak har ditzan exijitzen dugu eta herritarrei dei egiten diegu oroitzapen ekitaldietan parte har dezaten

LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuentzat eta Martxoak 3 elkartearentzat 1976ko martxoaren 3an egindako sarraskia ez zen izan Polizia Armatuak asanblada batean eta haren inguruan egindako neurriz kanpoko ekintza bat, baizik eta Estatuak Gasteizko eta Arabako langile klasearen aurka hartutako erabaki politiko kontziente bat, jendartea askatasun eta eskubideak konkistatzeko grina handiz zegoen une batean. Izan ere, Estatuaren asmoak argi geratu ziren goizetik jada Gasteiz (orduan “Generalísimo”) Hiribidearen inguruan kargak, tiroak eta balaz zauritutako pertsonak izan zirela, iazko manifestazioan gogoratu genuen bezala.

Onartezina da Estatuari exijentziak murriztea eta garrantzia kentzea langileak hiltzeko eta zauritzeko hartu zuen erabaki politiko argiari. Egia da zigorgabetasuna erabatekoa izan dela sarraskian parte hartu zuten estamentu guztientzat, baina Estatuaren erantzukizuna agerikoa da eta bere gain hartu behar du, Gobernuaren bitartez.

Horregatik guztiagatik, herritarrei martxoaren 3an deitu ditugun ekitaldietan masiboki parte hartzera deialdia egiten diegu. Lehenik eta behin, 17:00etan, Polizia Armatuak lehertu zuen Asanblada hasi zen ordu berean, hori gogoratzeaz gain, omenaldi bat egingo diegu monolitoa eta plaka jarri zuten pertsonei, behin baino gehiagotan bere instalazioa erreprimituta izan baitzen eta orain bere ondoan argazkia ateratzen duten alderdi eta erakunde askok ahaztuta zeukaten.

Ondoren, 18:30ean, Katedral Berriaren eta Andre Maria Zuriaren plazaren arteko espazioa okupatzeko deia egiten dugu. Horrela, 1976ko martxoaren 5ean eraildako pertsonen aldeko hileta jendetsua egin zen lekua eta hiriko gunerik zentrikoena eta enblematikoena batuko ditugu. Herri-mobilizazio handi hori modu solemnean hasiko da eta Ekitaldi handi batekin amaituko da. Ekitaldi horretan hainbat diziplinatako artisten emanaldiak, pantaila erraldoiak eta zenbait sorpresa egongo dira, martxoaren 3ko 50. urteurrenaren ospakizun hau ahaztezina egingo dutenak.

[IRITZIA]: Martxoaren 17an, Greba Orokorra

Hemen duzue Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren iritzi-artikulua.

LAB, ELA, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok Greba Orokorrera deitu dugu, 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabaki nahi dugula eta soldatak hobetu eta aberastasuna banatu behar dugula eskatzeko.

Ipar Hegoa Fundazioak egindako txosten batean aztertu berri ditugu gutxieneko soldata propioa ez ezartzearen ondorioak. Datuak oso argiak dira, Estatuko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) ez da nahikoa Hego Euskal Herrian. Bost langiletik batek —240.000 pertsonak— 1.500 eurotik beherako soldata du. Argazkiak kolektibo bereziki zaurgarriak erakusten dizkigu; gero eta handiagoak dira arrakala matxistak, arrazistak edo adinagatikoak.

Soldata-arrakala ez da ez desagertzen, ez txikitzen. Lanaren banaketa sexuala bere horretan mantentzen da, 1.500 eurotik beherako soldata duten hiru langiletik bi emakumeak* dira. Soldatapeko emakume* guztien herena soldata-maila horren azpitik dago (eta horiei ordaindu gabeko zaintza-lanetan aritzen diren emakume* guztiak gehitu behar zaizkie, kontraturik ez dutenak). Lana antolatzeko modu diskriminatzaile horren ondorioak soldatetatik harago doaz, kontratu partzial gehienak emakumeentzat* dira, zaintza-lanak nagusiki emakumeentzat* dira, eta ordaindu gabeko zaintza-lanak ez dira sortutako aberastasunean kontabilizatzen.

Lan-harremanen zentralizazioak beherantz berdintzen ditu soldatak, eta erraztu egiten du aberastasunaren banaketa desegoki eta bidegabea. Gutxieneko soldata Espainiako Estatukoa baino handiagoa ez izateak ekarri du soldatek BPGrekiko gero eta pisu txikiagoa izatea, hiru puntu txikiagoa azken hamabost urteetan. Espainiako Estatuan eta Europako beste herrialde batzuetan joera kontrakoa da. Errealitate horren onuradunak enpresa industrialak izan dira batez ere, azken urteotan, beren irabaziak inflazioa baino askoz gehiago hazi dira. Soldatek, aldiz, erosahalmena galdu dute, eta borroka sindikal luze eta gogorren ondoren eguneratzen dira.

Aldarrikapen estrategikoa da gure gutxieneko soldata erabakitzeko gaitasuna izatea, are gehiago krisi sistemikoaren testuinguruan. Munduko ordena aldatzen ari da eta geopolitikaren joko-arauak hautsi dira, langile-klasearen eta herrien burujabetzaren kaltetan.

Olatu erreakzionario batek zeharkatzen du mundua. Langileria espoliatzen jarraitzen du, emakumeen* eta pertsona migratuen eskubideak urratzen ditu eta krisi klimatikoa ukatzen du. Sistema gero eta prekarizazio handiagoa eragiten ari da, eta horren ondorioekin ere badu lotura faxismoaren gorakadak. Hainbat errealitate sozial elkarren aurka jartzetik elikatzen da faxismoa, zaurgarria are zaurgarriagoaren kontra jarrita.

Horregatik, gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da bokazio eraldatzaile argia duen klase-sindikalismoari ekitea, langile-klase osoaren beharrei erantzungo dien sindikalismo feminista eta antirrazista bultzatzea. Klaseen arteko borroka inoiz baino biziagoa da. Klase-kontzientzia eta klase-elkartasuna indartzeko unea da. Hori da, hain zuzen ere, grebaren ekarpen nagusietako bat: pobretzea, prekarizazioa eta faxismoaren gorakada gelditzeko modua da greba orokorra.

Greba Orokorrera deitu dugun sindikatuok hainbat bidetatik saiatu gara gutxieneko soldata propioa ezartzen. Patronala eta gobernuak eskutik helduta joan dira. EAJk, PSEk eta PSNk, Confebaskekin eta CENekin batuta, harresi bikoitza eraiki dute negoziazio kolektiboaren bidea eta bide instituzionala ixteko. Greba Orokorra nahitaezko erantzuna izan da itxikeria horren aurrean.

Deialdia bera pitzadurak sortzen hasi da harresi bikoitz horretan. Patronalak Gobernuaren teilatura botatzen du pilota, «LGSa gai politikoa da» dio. Aldi berean, Gobernuak bueltatu egiten dio: «negoziazio kolektiboa da bidea». Hori bai, betiere ekidistantziari eusten saiatuz, justifikaezina dena, negoziazioari uko egin dion patronala eta negoziatzeko prest agertu garen sindikatua neurri berean interpelatu baikaitu.

Pitzadura horiek Greba Orokorraren deialdiari esker izan dira posible. Zer eragin izango du Greba Orokor sendo eta arrakastatsu batek? Egun horretan langile bakoitzak egiten duen ahaleginak gauzak aldatzen lagunduko du.

Hemen ez da ezer bukatu. Patronal esplotatzaile eta harroputz bat dugu aurrean, baina lehenago edo geroago negoziazio-mahai batean esertzera behartuko dugu. Posible da Gai Zehatzeko Akordio Marko bat negoziatzea lan-harremanetarako gutxieneko soldata bat ezartzeko EAEn, eta beste bat Nafarroan. Hori ondorioztatzen dugu Confebasken aurka jarri genuen demandari erantzunez EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaitik.

Posible da eskuduntzak eskuratzea legezko estaldura emateko eta hemen LGS propioa erabaki ahal izateko, Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatuz LGS propio bat erabaki ahal izateko gaitasunak lor daitezke. Parlamentuetan, EAJ eta PSE-PSNk eztabaida ukatu nahi izan dute, eta herri ekimen legegilearen aurrean jarrera antidemokratikoa erakutsi badute ere, beste talde batzuek lege proposamenak egin ditzakete. Nafarroan dagoeneko erregistratu dute EH Bilduk eta Geroa Baik. EAEn aukera hori mahai gainean dago. Madrilera egindako bidaiatik ondoriozta dezakegu gai hori Espainiako Diputatuen Kongresura iristeko benetako aukerak daudela.

Martxoaren 17an hitzordu garrantzitsua dugu. Lan-zentroak hustuko ditugu eta kaleak beteko ditugu. M17a izango da Patronalak eta Gobernuak altxatutako harresiak botako dituen olatua. Lortuko dugu.

Sindikatuak Rokopolisen mobilizatu dira istripu hilgarria salatzeko eta Chiviteri eskatzeko Lan Ikuskaritza Nafarroatik kudeatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT-LKN sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, asteartean Berriobeitiko RocĂłpolis rokodromoan izandako lan istripuan hildako 51 urteko langilearen heriotza salatzeko. 34 pertsona bildu dira ezbeharra gertatu den instalazioen aurrean, istripua ikusarazi eta erantzukizunak eskatzeko.

Langilea instalazioko teilatuan mantentze lanak egiten ari zela gertatu zen istripua. Antza denez, ez zituen beharrezko babes neurriak eta, nabearen estalkitik ibiltzean, nabea hautsi egin zen, eta, ondorioz, langilea erori eta hil egin zen.

Mobilizazioan, Joseba Pagola LABeko ordezkariak hitza hartu du eta adierazi du mota honetako ezbeharrak enpresek lan osasunaren inguruko araudia ez betetzearen ondorio direla, Nafarroako Gobernuak argitaratutako ikerketa txostenak datu hori berresten duelarik, ez-betetze maila enpresen %80an kokatuz.

Era berean, kontrol eraginkorrik eza eta lan arriskuen prebentzioan izandako hutsegiteen aurrean instituzioen pasibotasuna kritikatu ditu. “Berriro ere langile hildako bat enpresetan ez delako Lan Osasunaren araudia betetzen. Enpresariek ez dutelako legea betetzen. Eta noski, instituzioek ez-ikusiarena egiten dutelako.”

Pagolak Maria Chivite Nafarroako presidenteari eskatu dio Lan Ikuskaritza Nafarroatik kudeatu dezala eta beharrezko neurriak har ditzala horrelako istripu hilgarriak berriro gerta ez daitezen.

Heriotza honekin dagoeneko bi dira 2026an Nafarroan lan-istripuan bizia galdu duten langileak, deialdia egin duten sindikatuek gogorarazi dutenez. Plantillen segurtasuna eta osasuna bermatzea enpresen betebeharra dela azpimarratu dute. Are gehiago, altuerako lanetan, non banakako babes-ekipoen erabilera erraztu eta gainbegiratu behar dute eta dagozkien prebentzio-baliabideak izan.

Enplegu Zentro Berezietako langileek salatu dute Confebaskek uko egin diola LGS propio bat negoziatzeari

Enplegu Zentro Berezietako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Confebasken aurrean, azken honek Hego Euskal Herrirako LGS propio bat negoziatzeko sektorearteko mahai bat eratzeari uko egiteak prekarizatutako langile izatera kondenatzen dituela salatzeko.

Adierazi dute sektore honetan miseriazko soldatak direla nagusi, langileen %80k hilean 1.500 € baino gutxiago kobratzen baitu, eta %50ek baino gehiagok Espainiako Estatuko gutxieneko soldata baitu. Azken hau ez da nahikoa gure herrian bizi ahal izateko.

Horrela, martxoaren 17ko Greba Orokorrarekin bat egiten dute, sortzen duten aberastasunaren banaketaz hitz egiteari uko egiten dion patronala mugiarazteko. Sektoreko patronala ere mugiarazi nahi dute, behin eta berriz entzungor egiten baitio gehiengoak egiten duen EAErako eta Nafarroarako hitzarmen sektorial baten aldarrikapenari. Erakundeei dagokienez, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, adierazi dute entzungor egiten dietela euskal langile klasearen aldarrikapenei, eta eskrupulurik gabeko patronal baten interesak defendatzen dituztela.

“Horregatik guztiagatik, martxoaren 17an denok grebara!”, gaineratu dute. 

LABek Petronorren jarduera gelditzea eskatu du Muskizko bentzeno-ihesaren ondorioz

Muskizko Petronorren instalazioan bentzenoak izandako ihesa dela eta, LAB sindikatuak bere kezka eta haserrea adierazi nahi ditu, Petronorrek findegiaren inguruan bizi diren pertsona guztiei eragindako arriskuengatik.

Era berean, salatzen du langileak atzotik egon direla esposizioan, kontraten eta Petronorren aldetik inolako informaziorik jaso gabe, eta gaur ere lanera joan direla normaltasunez.

Une honetan ez dago informaziorik langileek jasaten dituzten arriskuei buruz, eta kasu batzuetan normaltasunez ari dira lanean, inolako babes-neurririk hartu gabe.

Petronorri eskatzen diogu langile guztiei jakinaraz diezaiela bentzenoarekiko esposizio-maila, substantzia kantzerigenoa baita, eta instalazioko jarduera gelditu dadila. Salbuespen gisa, instalazioa mantentzeko ezinbestekoak diren lanak soilik egingo dira.

Lan-ikuskaritzari eskatzen diogu bertaratu dadila eta ofizioz jardun dezala, jarduera geldiarazteko eta beharrezko neurriak abian jartzeko, langileen esposizio-maila zein den eta substantzia kimiko kantzerigeno horren eraginpean egoteak haien osasunean izan ditzakeen ondorioak argitzeko. 

EAEko kudeaketa zuzeneko jangela publikoetako hiru greba egunetako jarraipena masiboa izan da

LAB sindikatuak oso positibotzat jo du EAEko eskola publikoetako kudeaketa zuzeneko jangeletan deitutako hiru greba egunetan izandako jarraipena. Hiru jardunaldietan zehar, parte-hartzea gehiengoa izan da zentro gehienetan, eta agerian utzi du kolektiboak babes zabala eman diela planteatutako aldarrikapenei.

LAB sindikatuak nabarmendu du ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan direla argi eta garbi, eta grebarako oinarrizko eskubidea edukiz husten saiatu direla. Ez zieten proportzionaltasun irizpideei erantzuten, baizik eta mobilizazioaren eragina murriztera eta ikusgarritasuna mugatzera bideratutako estrategia bati. Hala ere, baldintza horietan ere, langileek erabakitasunez, arduraz eta parte-hartze zabalarekin erantzun dute.

Hiru jardunaldi hauetan, kolektiboak antolaketa, batasun eta klase kontzientzia maila altua erakutsi du. Grebak egungo lan gatazka agerian uzteko ez ezik, euskal hezkuntza sistema publikoan funtsezko papera betetzen duten langileen batasuna indartzeko ere balio izan du.

Gatazkaren jatorria hitzarmen kolektiboa ez betetzea, hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatzea eta egungo ratioak direla eta langileek jasaten duten lan gainkarga dira, ez baitira nahikoak kalitatezko zerbitzua bermatzeko. Azken mahai paritarioan, patronalak soldaten igoera %0,5era mugatzea proposatu zuen, eta 2025eko urtarriletik %2,5 aplikatzea baztertu zuen. LABen ustez, jarrera honek argi eta garbi urratzen du hitzarmenean jasotzen den soldata parekatzeko akordioa, Eusko Jaurlaritzako langileen aldean. Parekatzea termino eta baldintza berdinetan aplikatu behar da, interpretazio murriztailerik eta ezkutuko murrizketarik gabe.

LAB sindikatuak gogorarazi duenez, langile horietako askok lanaldi partzialak eta kontratu prekarioak dituzte, eta ez dute egiten duten hezkuntza-lanagatik errekonozimendurik, oso sektore feminizatuan. Bizitzaren kostuak gora egiten jarraitzen duen bitartean, onartezina da enpresak dagoeneko hitzartuta dauden soldata igoerak mugatzen edo atzeratzen saiatzea.

Hauek dira kolektiboaren aldarrikapen nagusiak:

  • Indarrean dagoen hitzarmenean jasotzen diren soldata-igoerak aplikatzea eta berehala ordaintzea.
  • Eusko Jaurlaritzako langileekin soldata-parekatzea erabat errespetatzea.
  • Benetako negoziazioa, eduki zehatzekin eta akordiorako borondate eraginkorrarekin.

Hezkuntza Sailak benetako prozesu bat ireki du eskoletako jantokien araudia aldatzeko, ratioak, funtzioak eta lanaldiak landuz, eta langileen zuzeneko parte-hartzearekin.

LABek azpimarratu du jangela ez dela zerbitzu osagarri hutsa, baizik eta hezkuntza, sozializazio, berdintasun eta kontziliazio-gunea. Funtsezko zerbitzu publikoa da, eta haren kalitatea zuzenean dago egunero zerbitzua ematen dutenen lan-baldintzen mende. Langileen prekarizazioak, ezinbestean, zerbitzuaren prekarizazioa dakar. 

LAB sindikatuak bereziki eskertu nahi du hezkuntza komunitate osoaren aldetik jaso duen gehiengoaren babesa, planteatutako aldarrikapenekiko ulermena eta elkartasuna adierazi baitute. Ikastetxe batzuetan, modu minoritarioan, boikot saiakerak edo presioak izan badira ere, hauek ez dute mobilizazioa ahultzea lortu, ezta kolektiboaren batasuna apurtzea ere.

Greba fase hau amaitu arren, gatazkak irekita jarraitzen du. Negoziazioan benetako aurrerapausorik ematen ez bada eta hitzarmena osorik beteko dela bermatzen ez bada, LAB sindikatuak ez ditu datozen asteetan mobilizazio gehiago baztertzen. Era berean, LABek Hezkuntza Sailari eskatzen dio bere erantzukizuna bere gain har dezala eta berehala benetako negoziazio prozesu bat ireki dezala eskola jantokien araudia aldatzeko, ratioak, funtzioak eta lanaldiak jorratzeko. 

7. lanuzte eguna Hazten eta Sortulekuko zerbitzuetan

Hazten eta Sortulekuko langileek zazpigarren lanuzte eguna egin dute ostegun honetan, hilak 26, duela bi hilabete hasitako mobilizazio-egutegiaren barruan. 11:30ean Arabako Foru Aldundiaren aurrean egin dute elkarretaratzea; bertan, Batzar Nagusietako agerraldiaren ostean, adierazpenak egin dituzte.

Gatazka Gizarte Politiketako diputatu Gorka Urtaranekin eta GOFEko talde teknikoarekin dutela adierazi dute. Bi hilabeteko mobilizazioen ondoren, honako aldarrikapen hauek mantentzen dituzte: Sortulekuko hezitzaileak Ondoan zerbitzuan subrogatzea, egoera zaurgarrian dauden emakumeei* eta haien seme-alabei arreta ematen jarraitzeko eta beste baliabide batzuetara lekualdatzea saihesteko, talde finkatua eta espezializatua direlako; Hazten 7 eta 14 urte bitarteko haurrentzako egoitza gisa mantentzea eta 14 eta 17 urte bitarteko adingabeentzako baliabide berri bat irekitzea, egungo harrera-sarearen errealitatearen aurrean beharrezkoa dena; eta Arabako gizarte-baliabideak ez ahultzea arretaren kalitateari zuzenean eragiten dioten erabaki politikoen bidez.

Azpimarratu dute jokoan dagoena ez dela lan arloko auzi hutsa, baizik eta Arabako egoera ahulean dauden pertsonei zuzendutako gizarte-baliabideen kalitatea eta egonkortasuna.

EUDELen eta EAJren egoitzen aurrean mobilizatu da LAB, Udalhitz hitzarmenaren mahaira edukiak ekarri ditzaten eskatzeko

LABek EUDELi eta bere lehendakaritza duen EAJri eskatu dio azaroaren 7tik bizi dugun blokeoarekin hausteko eta mahaietara negoziatzeko eduki nahikoak ekartzeko.

LAB sindikatuak Udalhitzen negoziazioak bizi duen blokeo egoeraren aurrean abiatu duen mobilizazio dinamikaren lehen urratsa izan da gaurkoa. Izan ere, azaroaren 7an EUDELek eta bere lehendakaritza duen EAJ alderdiak mahaia blokeatu zutenetik aurrerapausorik ez delako eman erabaki zuen LABek mobilizazioekin hastea, negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi igaro delako eta luzamenduetan ari direlako. Gogora dezagun 16 urte beteko direla Udalhitzen lan-hitzarmena sinatu zenetik eta geroztik ez da lan-hitzarmena berritu.

Esan bezala, urte eta erdi luze honetan gutxi izan dira egon diren aurrerapenak, mahai negoziatzailearen eraketa 2025eko apirilean izan zen eta bost bilera burutu ondoren, azaroaren 7tik mahai negoziatzailea blokeaturik egon da. Ez deialdirik ez proposamenik gabe.

Hori horrela, azken bilera horretan LABek EUDELi eskatu zion langileekiko arduraz eta begirunez joka zezala eta Udalhitz berrirako akordio-zirriborro integrala lehen bai lehen bidaltzeko eta mahaira eramateko. 

Azkenean, biharko egunerako, otsailaren 27rako heldu da Udalhitzen mahai-negoziatzailearen hurrengo deialdia. Mahai horretarako EUDELek aurkeztu dituen proposamenak LABen aburuz oso orokorrak dira, eta ikusteke dago ia alderdi politikoek negoziatzeko benetako borondatea aurkezten duten edo ez. Borondate hori exijitzeko mobilizazioa ere da gaurkoa, bileretan denbora galtze gehiago gertatu ez dadin.

Beraz, LABek mahaia edukiz bete dezaten exijitzen du eta negoziatzeko borondaterik eta eduki zehatzik ez badago ez du baztertuko mobilizazioak areagotu eta grebetara joatea. Luzamendu gehiagorik ez dugu onartuko, 4 hilabete pasa baitira ez aurrera ez atzera.

Hauek dira LAB sindikatuak Udalhitz berrirako borrokatuko dituen lehentasunezko edukiak:

  • Negoziazio-marko propioa. Hemen erabakitzearen premia, Estatuko inposizioak gaindituz. 
  • Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak. Udalek berezko dituzten zerbitzuen kudeaketa publikoa garatzea eta publifikazioak sustatzea.
  • Enpleguaren loturiko neurriak. Behin-behinekotasuna jaistea, enplegua sortzea, %100eko jardunaldiak ezartzea sektore feminizatuetan eta hautaketa deialdi propioak eta lekualdatzeak egitea.
  • Gazteberritze-planak. Udal guztiek gazteberritze-planak jasoko dituzten giza-baliabide planak izateko derrigortasuna. Adinaren araberako lanaldi murrizketak adostea, soldata eta kotizazioan galerarik izan gabe eta lanaldi murrizketa horiek metatuak izateko eskubidea jasotzea. Errelebo kontratuak bermatzea lan-kontratuko langileentzat.
  • Jardunaldi jaitsiera: Lan astea 30 ordutara jaistea. Udal musika eskoletako eta Euskaltegietako jardunaldi eta irakastorduen murrizketa.
  • Lanpostu balorazioak egitea: Lanpostuen balorazioak egitea lan-kategorien arteko arrakala murrizteko.
  • Soldata-igoerak. Bizitzaren garestitzearen aurrean galdutako eros-ahalmena berreskuratzea. Soldata igoerak berme juridikoekin egiteko formulak adostea. Soldata-igoerak lineak izatea. Eta azpikontrataturiko langilerik ez egotea 14 pagatako 1.500 €ko gutxieneko soldataren azpitik.
  • Klausula feministak. Berdintasun planak indarberritzeko neurriak. Soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak. Jazarpen protokoloak eraginkorrak izatea. LGTBIfobiaren kontrako protokoloak adostea. Kolektibo maskulinizatuetan egoerari buelta emateko neurri zehatzak ezartzea, emakumeen* kontratazioa burutzeko. Kontziliazio baimenak zabaltzea familia lotura gaindituko duten binkulogramen bidez eta zaintzari loturiko baimen gehiago. 
  • Euskararen normalizaziorako neurriak. Lanpostuetan euskara eta gaztelania parekatzeko segurtasun juridikoa duten tresnak adostea, lanpostu guztiak elebidunak izateko betekizuna ezarriz. Euskara lan-hizkuntza eta arreta-hizkuntza izateko eskubideak bermatuz. Lehen aldiz sarbidean, bi hizkuntza ofizialak derrigorrezkoak. Euskalduntzeko planak egun lanean ari diren langileentzat, epe zehatz eta baliabideekin. 12 urteetan lanpostu guztiek hizkuntza-eskakizuna izatea.
  • Lan osasunerako neurriak. Kontingentzia profesionalak Gizarte Segurantzak kudeatzea. Bajak %100 ordaintzea baja amaitu arte. Arrisku psiokosozialen azterketak egitea eta hauek ekiditeko neurriak. Lan kargak arintzeko neurriak adostea.
  • Trantsizio ekosozialerako neurriak. Lehentasunez mugikortasun plan adostuak ezartzea.
  • Kolektibo espezifikoetan neurri konkretuak adostea. Euskaltegi, musika eskola zein oinarrizko lanbide heziketako zentroetarako lan-baldintzak hobetzeko neurriak ezartzea, lanaldia eta lan zamak jaistekoak. 

Hortaz, mahai-negoziatzailean negoziatzeko borondatea izateko eta aipaturiko edukien baitan adostasunak lantzeko eskakizuna egiten du LABek gaur. Eta bihar gertatuko denaren arabera, eta mahaian dauden edukien arabera mobilizazio horiek areagotuko ditugula iragartzen du.Â