2026-10-23
HomeEkintza SindikalaSindikatuak Rokopolisen mobilizatu dira istripu hilgarria salatzeko eta Chiviteri eskatzeko Lan Ikuskaritza...

Sindikatuak Rokopolisen mobilizatu dira istripu hilgarria salatzeko eta Chiviteri eskatzeko Lan Ikuskaritza Nafarroatik kudeatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT-LKN sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, asteartean Berriobeitiko Rocópolis rokodromoan izandako lan istripuan hildako 51 urteko langilearen heriotza salatzeko. 34 pertsona bildu dira ezbeharra gertatu den instalazioen aurrean, istripua ikusarazi eta erantzukizunak eskatzeko.

Langilea instalazioko teilatuan mantentze lanak egiten ari zela gertatu zen istripua. Antza denez, ez zituen beharrezko babes neurriak eta, nabearen estalkitik ibiltzean, nabea hautsi egin zen, eta, ondorioz, langilea erori eta hil egin zen.

Mobilizazioan, Joseba Pagola LABeko ordezkariak hitza hartu du eta adierazi du mota honetako ezbeharrak enpresek lan osasunaren inguruko araudia ez betetzearen ondorio direla, Nafarroako Gobernuak argitaratutako ikerketa txostenak datu hori berresten duelarik, ez-betetze maila enpresen %80an kokatuz.

Era berean, kontrol eraginkorrik eza eta lan arriskuen prebentzioan izandako hutsegiteen aurrean instituzioen pasibotasuna kritikatu ditu. “Berriro ere langile hildako bat enpresetan ez delako Lan Osasunaren araudia betetzen. Enpresariek ez dutelako legea betetzen. Eta noski, instituzioek ez-ikusiarena egiten dutelako.”

Pagolak Maria Chivite Nafarroako presidenteari eskatu dio Lan Ikuskaritza Nafarroatik kudeatu dezala eta beharrezko neurriak har ditzala horrelako istripu hilgarriak berriro gerta ez daitezen.

Heriotza honekin dagoeneko bi dira 2026an Nafarroan lan-istripuan bizia galdu duten langileak, deialdia egin duten sindikatuek gogorarazi dutenez. Plantillen segurtasuna eta osasuna bermatzea enpresen betebeharra dela azpimarratu dute. Are gehiago, altuerako lanetan, non banakako babes-ekipoen erabilera erraztu eta gainbegiratu behar dute eta dagozkien prebentzio-baliabideak izan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Miguel Servet Fundazioko langileek hitzarmena aplikatzeko finantziazio falta salatu dute, eta Nafarroako ikerketa biomediko publikoaren etorkizunaz ohartarazi dute

Langileek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, eta lanuzteak iragarri dituzte astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara, datorren astetik aurrera.

LABen Bilboko Udaleko atal sindikalak babesa adierazten dio eraikin publikoetako garbiketako langileen grebari

LABek, ELArekin eta CCOOrekin batera, Bilboko Udalari eskatu diogu kontratuaren esleitzaile gisa duen erantzukizuna bere gain hartzeko eta premiazko elkarrizketa-mahai bat abian jartzeko, akordio duin bat bermatze aldera. Gure aldarrikapen nagusietako bat soldatetan dagoen genero-arrakala nabarmena desagerraraztea eta kale-garbiketa bezalako sektore maskulinizatuekin alderatuta pairatzen duten prekarietate-egoera jasanezinari amaiera ematea da.

Nafarroako Metalaren negoziazio mahaiaren presazko osaketa salatzen dugu

UGT eta CCOO sindikatuek eskatuta, Nafarroako Metalaren Hitzarmenaren negoziazio mahaia asteartean osatu zuten, indarrean dagoen hitzarmena bukatu baino bi hilabete lehenago. LABen ustez, aurrerapen hori justifikatzeko erabilitako argudioak ez dira nahikoak, eta bi sindikatuek mahaian duten gehiengoari eusteko balizko saiakera bati erantzuten dio.