2026-11-05
HomeEkintza SindikalaLAB sindikatuak beste hiru greba egun deitu ditu EAEko kudeaketa zuzeneko jangela...

LAB sindikatuak beste hiru greba egun deitu ditu EAEko kudeaketa zuzeneko jangela publikoetan, negoziazioan aurrerapausorik eman ez delako

LAB sindikatuak 2026eko martxoaren 10ean, 11n eta 12an Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe publikoetako kudeaketa zuzeneko jangelean hiru greba egun deitzea erabaki du, gaur egindako negoziazio mahaian aurrerapen esanguratsurik ez dagoela egiaztatu ondoren.

Aurreko greba egunak amaitzean publikoki jakinarazi zen bezala, planteatutako gaietan benetako aurrerapausorik ematen ez bazen, sindikatuak mobilizazioekin jarraituko zuen. Gaur egun, LABek uste du ez zaiela erantzun eraginkorrik eman sektorearen funtsezko aldarrikapenei.

Funtsezko hiru esparrutan ez da aurrerapausorik eman, eta horregatik egin da deialdia:

  • 2025ari dagokion %2,5eko soldata-igoera ordaintzea, indarrean dagoen hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera.
  • Benetako negoziazio bat garatzea, eduki zehatzekin, gaur egun negoziatzen ari den hitzarmen kolektibo berriaren esparruan.
  • Ratioak, funtzioak eta lanaldiak

Soldatei dagokienez, LABek enpresa adjudikaziodunei eskatzen die hitzarmen kolektiboa osorik bete dezatela, hau da, soldaten %2,5eko igoera ordain dezatela, 2025eko urtarriletik aurrerako ondorioekin, eta soldaten taulak eguneratu daitezela, biak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko lan-kontratudun langileekin soldatak parekatzeari lotuak.

LABentzat, Hezkuntza Saileko lan-kontratudun langileekin soldatak parekatzea aldaezina da, aurreko negoziaketetan lortutakoa, kolektiboaren mobilizazio eta borroka egun askoren ondoren.

Era berean, LABek ezinbestekotzat jotzen du hitzarmen berriaren negoziazioan akordiorako benetako borondatearekin lantzea gutxieneko lanaldiak, lanpostu hutsen estaldura, lizentziak eta baimenak, lan osasuna, ordu osagarriak eta formakuntza bezalako gaiak.

Azkenik, LABek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen dio bere gain har dezala bere ardura instituzionala eta har ditzala behar diren neurriak egungo ratioak aldatzeko, funtzioak behar bezala definitzeko eta lan jardunaldi duinak bermatzeko.

Aurrerapauso nabarmenik eta konpromiso zehatzik ez dagoenez, sindikatuak kolektiboaren lan eskubideak defendatzeko konpromisoa berretsi du. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.