LIDL enpresak Olaberriko dendako langile bat kaleratu du. Kaleratze hau, abenduaren 7 eta 9an langileek aurrera eraman zuten grebaren ondorio gisa kokatzen dugu. Onartezina da hartu duten erabakia, mendekuan oinarritua izan delako eta langileok greba egiteko dugun eskubidea urratzen duelako. Elkartasun osoa adierazi nahi diogu langileari eta horretarako, elkarretaratzea egin dugu Olaberriako saltokiaren aurrean.
Amazoneko furgoneten irteera blokeatu dugu Sestaon, hitzarmen propioaren aldeko greben azken egunean
Hitzarmen propioaren aldeko borrokaldian murgilduta daude Amazonek Trapagaranen duen lan-zentroko langileak. Gaur eman diote amaiera bost egunetako greba zikloari, abenduaren 17, 18 eta urtarrilaren 3, 4 eta 5ean egin baita greba, banaketa enpresako furgonetek erabiltzen duten eta Sestaon kokatuta dagoen aparkaleku baten ekintza eginez. Amazonentzat lanean ari diren ibilgailuen irteera 45 minutuz blokeatu dute, eserialdi bat eginez.
Aipatu furgonetak azpikontratutako langileek erabiltzen dituzte, eta hauek Amazoneko langileak izatea ere izan da grebaren aldarrikapenetako bat.
Greba egunak arrakastatsuak izan dira eta Amazonek 15 hilabetez negoziazioari ezarritako blokeoari bere furgonetak blokeatuz erantzun diote langileek.
LABek Amazoneko langileen erantzuna txalotu nahi du, orain arteko lana ikaragarria izan baita eta bere fruituak eman dituelako, grebaren eraginkortasuna agerian utziz. Enpresak negoziaketarekiko hartzen duen jarreraren arabera erabakiko ditu hurrengo pausuak.


Avanza Movilidad Gipuzkoako enpresa batzordeak autobusen arazoez ohartarazi du
Avanza Movilidad Gipuzkoako enpresa-batzordeak agerraldia egin du gaur Donostian, Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasuneko diputatuak abenduaren 9an egindako adierazpenei erantzuteko. Konpainia horretako autobusek arazo izateari utzi ziotela adierazi zuen orduan.
“Ez dugu utziko horrelako adierazpenekin egun bizi dugun errealitatea zuritzen”, adierazi dute batzordeko ordezkariek, eta nabarmendu dute “autobusen matxurei eta errepideko arrisku-egoerei dagozkien gorabeherak ez direla jaitsi, baizik eta berdin jarraitu edo gora egin dutela”. Hala, egoera tamalgarrian dauden autobusekin zirkulatzen jarraitzen dutela salatu dute.
Adierazi dutenez, Aldundiak dagoeneko erretiratuta egon behar zuten autobus batzuek zirkulatzen jarraitzea ahalbidetu du, eta horrek, enpresaren mantentze-faltarekin batera, gidariak eta erabiltzaileak arrisku-egoerak jasatera behartzen ditu haiekin zirkulatzen duten bitartean.
Aurkitzen dituzten arazoak zerrendatu ostean, “lurruna kentzeko modurik ez duten autobusak, ibilbidean zehar potentzia galtzeak, olioa edo hozteko likidoaren galerak, irekitzen ez diren maletategiak, ezer argitzen ez duten argiak”, salatu dute, “gorabehera horiek guztiak jakinarazi arren, denboran luzatzen dira eta ez dituzte konpontzen”.
Era berean, adierazi dute kanpoko enpresen zerbitzuak azpikontratatzen ari direla berriro, ez dagoelako nahikoa ibilgailurik emakidari irteera emateko, eta zerbitzuak bertan behera uzten ari direla ibilgailurik ez dagoelako.
Zirkulatu dezaketen autobusak arestian aipatutako baldintzetan daude errepidean. Gainera, egoera ez da beste edozein enpresa emakidadunen parekoa, prentsan argitaratutako albistean adierazi den bezala.Jakinarazi dute azaroaren 29an, Azahara Dominguezen adierazpenak argitaratu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundian matxura kopuru handiaren berri ematen zuen dokumentua aurkeztu zutela adierazi dute, bi hilabete baino gehiago zeramatzatenak konpondu gabe.
Azken asteetan jasan behar izan dituzten arrisku-egoerak zehaztu dituzte, hala nola autobus batek gurpil bat galdu izana, martxan zegoela atera zena eta ondorio larriak izan zitzakeena, beste ibilgailure bat jo izango balu. Gainera, adierazi dute gertaera hori ez zela inongo hedabidetan argitaratu, nahiz eta eurek jakinarazi zuten.
Hala, Aldundiko enpresa emakidadun horrren errealitatea ez ezkutatzeko eskatu dute, eta egoera hori hobetzeko lanean jarraitzeko eskatu dute. Horretarako, ibilgailuen eta instalazioen ikuskapen-bitarteko gehiago eskatu dituzte, azken hauek ere egoera penagarrian baitaude, langileen eta zerbitzua erabiltzen duten erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko.
Lan-istripuen kontra mobilizatu dira Correos-eko langileak Usurbilen
Gaur, Usurbilgo Correos-eko pabilioiko langileek elkarretaratzea egin dute, joan den astean orga jasotzaile batek harrapatu zuen behin-behineko lankide bati gertatutako azken istripua eta pabiloi horretako lan-baldintzak salatzeko.
Azken istripu hori orain arte instalazioetan gertatu den larriena izan da. Pabilioiak martxan daraman urtebete pasatxoan ere esku harrapaketa kopuru handia izan da sailkapen-makina batean. Enpresa Batzordeak eta Segurtasun eta Osasun Batzordeak zentro horretan lan egiten duten langileen lan-baldintzak salatu dituzte Gipuzkoako Lan Ikuskaritzaren aurrean.
Greba arrakastatsua Amazonek Trapagaranen duen lan-zentroan
Urtarrilaren 3an Trapagarango Amazonen lantokia itxita egon zen teilatuaren zati bat erori zelako. Gaur, urtarrilaren 4an, enpresak lantokia martxan jarri nahi izan du berriro, langileen segurtasuna arriskuan jarriz eta gainera, greba eskubidea urratuz.
Izan ere, Amazonek berak kontratatutako kanpo ingeniariren txostenaren arabera, haize bolada gogorrak egonez gero, enpresak teilatua konpontzeko egindako lana guztiz eznahikoa izango litzateke. Konponketa plastikozko lonaz, oholez eta hondarrezko zakuz egin dute. Gauza honela, enpresari konponketa duin eta seguru bat exijitzeaz gain, lan ikuskaritza eta Osalanekin jarri gara harremanetan, langileen osasuna bermatzeko.
Bestalde gaur, urtarrilaren 4an, ABLEko langileak bakarrik sartu dira lanera eta beraz, enpresak berriro urratu du langileen greba eskubidea. Hala ere, grebaren eragina agerikoa da oraindik orain. Asteartean ateratzekoak ziren paketeak gaur atera dira teilatuaren apurketagatik baina data hauetan atera ohi diren 30.000 paketeetatik, 12.000 bakarrik banatu dira. Gainera, grebalariek manifestazioa egin dute Trapagaranen, Amazongo lan-zentroaren inguruetan.
Bihar ziklo honetako azken greba eguna izango da. Orain arteko lana ikaragarri izan da eta bere fruituak eman ditu. Grebaren eraginkortasuna agerikoa da. Enpresak negoziaketarekiko hartzen duen jarreraren arabera erabakiko ditugu hurrengo pausuak.
Garbiñe Aranburu: “Jaurlaritza hau gehiegitan ikusi dugu patronalaren ondoan eta inoiz ez langileen ondoan”
LABeko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan izan da gaur aktualitateko gaien inguruan hitz egiten. Kritiko agertu da amaitzear dagoen Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren agintaldiaz: “Berarekin eskuz esku egoteko aukera izan dugunean mezu argia helarazi genion eta iruditzen zaigu mezu horri entzungor egin diola. Jaurlaritza hau, eta bera zehazki, gehiegitan ikusi dugu patronalaren adierazpenak eta aldarrikapenak babesten, inoiz ez langileenak. Eta higadura horren atzean dagoena ikusteko borondaterik ez du izan. Patronalaren lehendakari izateari uzteko esan diogu eta ez dio horri heldu”.
Testuinguru ekonomikoa eta langileen ongizatearen arteko loturaz, gaineratu du “hazkunde ekonomiko garaietan, aberastasunaren banaketa orekatu baterako politikarik ez da egiten eta langileok apenas somatzen dugu onurarik. Aldiz, ekonomiaren moteltze garaietan, langileok izaten gara moteltze horren ondorioak pairatzen ditugunak. Beraz, alde horretatik, ikuskizun ekonomiaren bilakaera hori nolakoa izango den, eta zer-nolako erantzuna eman dezakegun pentsatzen eta hausnartzen ari gara”.
Fiskalitatea ere izan du hizpide LABeko koordinatzaile orokorrak, zergen bidez “gauza asko” sustatu daitezkela nabarmenduz. “Zergen bidez diru gehiago bilduta eta zergapetuta hainbat elementu, lortu daitekeena da bestelako politika publiko batzuk eta bestelako zerbitzu publiko batzuk eskaintzeko diru gehiago, baina horretarako borondate politiko bat behar da eta determinazioa, enpresa handien interesekin talka egiteko eta multinazional horien mehatxuen aurrean amore ez emateko. Eta hori da falta dena”.
Egun bizi dugun langile borroken ugaritzeaz ere aritu da Aranburu: “Pandemia egoeratik atera ondoren guk oso argi ikusten genuen langileen lan eta bizi-baldintzen prekarizazioa eta zerbitz publikoen ahultze eta kaltetze hori ematen ari zela, eta egoera hori iraultzeko oso argi genuen langileek borroketara jo beharko zutela. Langileak gero eta gehiago jabetzen dira egoera horretaz eta gero eta gehiago egiten dute bat horrekin. Eremu ezberdin askotan, izan industrian, izan zerbitzu publikoetan, izan sektore feminizatu eta prekarioetan oso ugariak dira borroka sindikalak”.
Langabeziak aspaldi utzi zion enplegu eta lan merkatuaren joera adierazle izateari
Langabeziak behera egin du, prekaritatea epidemia bilakatzen den bitartean. Hego Euskal Herrian, 137.767 langabe zenbatu ziren 2023ko azken hilabetean. Langabeziak beherakada are eta nabarmenagoa izan du pasa den urteko abenduarekin alderatuta (4.641 langabe gutxiago), pasa den hilabetearekin alderatuta baino (545 langabe gutxiago).
Emakumeen* artean jaitsi da langabezia gehien, azken urte zein hilabetean, nahiz eta langabeen gehiengoak (%57,4a) emakumea* izaten jarraitzen duen. Azkenaldian salatzen ari garen bezala, bizi unitateko egoera kaskarrak emakumea* lanaldi bikoitzera behartu du: etxeko zaintza lanen ardura nagusia mantenduz, prekaritatea zein ezegonkortasuna nagusi den lan merkatuan lan eginez. Esaten duguna baieztatzeko, bi datu: emakumeen* %25,7a jardunaldi partzialean ari da eta abenduko aldizkako kontratu finkoen %64,7a emakumeei* dagokio.
Azken hilabetean, industria eta eraikuntza sektoreetan enpleguak galdu dira, afiliazioan sektore hauek izaniko beherakadak argi erakusten duen bezala (industria sektorean 1.761 afiliatu gutxiago eta eraikuntzan 813 gutxiago). Sektore hauetan nagusiki gizonek lan egiten dutenez, 25 urtetik gorako gizonen langabeziak gora egitearen arrazoia datuotan aurkitzen dugu.
Azken urteko bilakaerari erreparatuz, zerbitzuen sektoreak izan du igoera nabarmena, afiliatu berrien %82,46 zerbitzuak sektoreak afiliatu baita. Afiliazio osoa kontutan hartuz, zerbitzuen sektorean afiliazioa %3,20 igo den bitartean, eraikuntzan zein industrian %1,8 besterik ez da igo azken urtean.
Bestetik, abenduan 6.663 kontratu gutxiago sinatu ziren, pasa den urteko abenduarekin alderatuta. Egin diren kontratu berrien %78,76 behin behinekoak izan dira, azaroan baino 2,7 puntu gehiago.
Beraz, langabeziak orokorrean behera egin badu ere, sortu den enplegua lan baldintza prekario zein ezegonkorrak nagusi diren zerbitzuak sektorean izan da. Zoritxarrez, herri baten garapen estrategikorako zutabe diren sektoreen gainbehera baten aurrean gaude, langile klasearen lan baldintzak kaskartzeaz gain, beste herrialdeekiko menpeko egiten gaituena.
Azken urteetan kateatzen ari diren krisiek egoera sozioekonomikoan zein lan munduan egiturazkoak diren arazoak sortzen ari dira, langile klasearen bizkar gainean zamatzen ari direnak. Zentzu horretan, langabeziak aspaldi utzi zuen enpleguaren eta lan merkatuaren joera adierazle izateari eta langile klasearen errealitatea islatzeko iturri berriak arakatu behar ditugu. Bide horretan, Prekaritate Indizea aztertzeari ekin genion, zeinaren arabera 25 eta 64 urte arteko bi langiletik bat egoera prekarioan bizi da, diru sarrera nahikorik gabe bizitza duina bermatzeko. LAB sindikatuko kideok egiturazkoa den errealitatea eraldatzeko borroka egiten dugu, langile guztiontzat duina eta bizigarria izango den Euskal Herri baten alde.
Amazoneko langileak arriskuan
Atzo, asteartea, urtarrilak 2, Amazonek Trapagarango lantokiko langileak ebakuatu behar izan zituen lantokiko teilatua erori zelako. Beraz, atzo ez zen banaketarik egin ez Bizkaian, ez Araba, Gipuzkoa, Burgos eta Errioxaren zati handi batean, Trapagarango zentro logistikoan gertatutakoagatik.
Enpresak etxean geratzeko agindu zien arratsaldeko eta gaueko txandako langileei. Enpresako zuzendaritzak gaur goizean ekin nahi zion berriro jarduerari, eta informaziopiketeak goizetik egon dira bertan, teilatua konpontzen ari ziren azpikontratatutako enpresetako langileen segurtasun neurriak betetzen ari zirela zaintzeko.
Ez da plantillaren osasuna arriskuan jartzen den lehen aldia, teilatu hori gehiagotan hautsi delako eta behin eta berriz eskatu duglako lanetik onik itzultzea.
Gainera, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Trapagarango instalazioetara joan da grebarako eskubidea urratzeagatik jarritako salaketa ikertzeko. Salaketa hori abenduaren 22an jarri zuten LABek eta ELAk, urtarrilaren 3ko, 4ko eta 5eko greba deitu zuten sindikatuek.
Amazonek 16:00ak arte lantokia itxita jarraitzea erabaki du. Teilatuaren konponketa-lanak hasi dira, eta prebentzio-ordezkariek informaziorik gabe jarraitzen dute, eta orain logistika zentroaren barruan daude.
Greba ez da eten eta informazio piketea Trapagarango lantokiaren sarreran dago oraindik.
Ordubeteko lanuztea deitu dugu Telefonicaren Enplegu-Erregulazio Espedientearen aurrean, enpleguaren eta lan-esparru propioaren alde
Ordubeteko lanuztea deitu dugu, 11:00etatik 12:00etara, urtarrilaren 3rako, hau da biharko, Telefonicaren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lantokietan. Horrez gain, elkarretaratzea egingo dugu 11:00etan Bilbon (Tutulu kalea, 3), telekomunikazio enpresaren Enplegu-Erregulazioko Espedientearen aurrean, honek ekarriko duen enplegu-suntsiketaren aurrean protesta egiteko eta lan-esparru propioaren alde egiteko.
Abenduaren 28an, III. Hitzarmenaren eta kaleratze kolektiboaren negoziazio-mahaian Telefonican bildutako sindikatuek, UGTk eta CCOOk, behin betikotzat jo zuten (urtarrilaren 3ko bileraren faltan) enpresaren azken eskaintza eta, beraz, ontzat eman zuten plantillaren zati bat nahitaez kaleratzea. Plantilla murrizteko plana aurrera eramateko langile boluntario nahikorik lortzen ez bada, langileak nahitaez kaleratzen hasiko dira adinaren arabera, zaharrenetatik hasita.
LABen erabat gaitzesten dugu aipatu enplegu-erregulazio espedientea (Telefonicak, CCOOk eta UGTk aurretik onartutako plan guztien aurrean egin dugun bezala). Telefonica bezalako enpresa batean enplegua suntsitzea arbuiatzen dugu, azken hiru urteetan 11.782 milioi euroko irabaziak izan baititu.
Gainera, CCOOk eta UGTren jarrera amore emaile, zuritzaile, arduragabe eta antisindikala salatzen du, sindikatuok Telefonica bezalako enpresetako enplegu suntsiketa onartzen baitute.
Duela urte askotatik hona (aurreko planetan EEEekin eta Banaketa Plan Indibidualekin…) langileen zati bati sinetsarazi diote “bake sozialaren” gainean finkatutako Estatuko negoziazio-mahaien babespean negoziatuz, enpresaren plan aseezinak mugatuko zituztela, baina Telefonicaren planak eta nahiak onartuz joan dira, langileak inolako defentsa-gaitasunik gabe utziz.
Berriro diogu enpresak enplegua suntsitzeko eta prekarizatzeko azaldutako argudioen aurrean neurri alternatiboak daudela. Neurri horiek lanaldi-murrizketara bideratu behar dira, egungo plantillaren prestakuntza egokira, bai eta kanpora atera den eta kanpora ateratzen jarraitzen den jarduera berreskuratzera ere…
Enplegu-erregulazioko espediente berri hau sinatuko duten sindikatuek, aurreko enplegu-erregulazioko espedienteetan egin duten bezala, konbentzitu nahi digute erantzukizun sindikalagatik eta gaitz txikiena bezala negoziatu behar direla espediente berri honen emaitzak. Era berean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioari batu nahiko diote, etorkizunerako berme gisa.
Baina, zoritxarrez, ikusten dugu sindikatu batzuek beren sinadurarekin eta laguntzeko eta ez borrokatzeko politika sindikalekin bermatzen dituzten mota guztietako erreformek, pribatizazioek eta espedienteek gobernuen eta multinazionalen politika ultraliberalak sendotzera garamatzatela, soldatapekoen egungo eta etorkizuneko gizarte- eta lan-baldintzak okertuz, eta enplegua galtzera eta langile-klasea ahultzera.
Gaur egun, inoiz baino gehiago, uste dugu beharrezkoa dugula Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua izatea, hemen gure gizarte- eta lan-politikak arautu eta erabaki ahal izateko mekanismo eta tresna nahikoak izango dituena, eta orain behar ditugun gizarte-zerbitzuak eta zerbitzu publikoak bermatuko dituena, Madrildik datozen inposaketarik gabe.
Espedienteari ezezko biribila ematea proposatzen dugu LABen, kontzientzia sindikal eta sozialagatik, lan-merkatuan sartu ezin denarekiko elkartasunagatik, milioika langabe eta lan-prekarietaterik ankerrena pairatzen dutenekiko erantzukizunagatik.
Horrela, dei egiten diogu Hego Euskal Herriko Telefonicako plantillari bihar, urtarrilak 3, deitutako ordubeteko lanuztean parte har dezan eta, horrela, EEE berri honi ezezko argia adieraz diezaion, baita enpresa hau desegiteko arriskuari ere.

