2026-08-01
HomeEkintza PolitikoaEusko Jaurlaritza berriari soldatak eta zerbitzu publikoak hobetzeko neurriak eskatu dizkiogu

Eusko Jaurlaritza berriari soldatak eta zerbitzu publikoak hobetzeko neurriak eskatu dizkiogu

Lehendakariak eta Enplegu sailburu berriek iragarritako bilera errondatan eskari zehatzak mahaigaineratuko ditugu.

LABek azpimarratu duenez, aurreko gobernua langileen aldarrikapenei bizkar emanda bizi izan da. Lau urteotan, lantokietan eta kaleetan, borroka sindikal eta sozial ugari egon da. Langileek zerbitzu publiko sendoen beharra, erosahalmenaren galerari aurre egin eta soldatak duintzearen beharra, pentsio duinak edota zaintza sistema publikoa aldarrikatu dituzte.

EAJ eta PSEren gobernu akordioa aztertuta, orain arteko politika publikoetan aldaketa sakonak egiteko borondaterik ez dagoela ondorioztatu du LABek. Areago, azken lau urteetako kudeaketa goraipatu egiten da. Gobernu berriari langileen aldarrikapenei entzungor egiteari uzteko, eta patronalaren mesedetan diren politikak egiteari uzteko eskatu dio sindikatuak.

Langileen soldatak eta bizi baldintzak hobetzeko politikak bultzatzea, langile publikoen eskakizunei erantzun egokia eman eta zerbitzu publikoak indartzea, erronka ekosozialei aurre egingo dien eta enpresek gidatuko ez duten industria birmoldaketa sustatzea eta langileen erabaki ahalmena ziurtatuko duen marko juridiko politiko berri baten alde egin eta burujabetza maila handiagoak eskuratzeko urratsak egitea eskatzen dizkio sindikatuak gobernu berriari. Hala, eskakizunak eta beharrak askotarikoak badira ere, une honetan bi lehentasun nagusi jarri nahi ditu LABek mahai gainean:

1. Aberastasuna birbanatzeko soldatak duintzea

Soldatak duindu behar dira eta KPItik gora eguneratu. Horrela egiten ez bada, ikusten duguna da, urtez urte, laneko errentak kapital errentetara lekualdatzen direla, hau da, aberastasuna gero eta modu bidegabeagoan banatzen dela.

Enpresariei eskatu behar zaie gehiago ordain dezatela, Imanol Pradelesek asteburuan egindako elkarrizketetako batean adierazten zuen bezala. Eta administrazioari eskatu behar zaio honetan eredu izatea. Langile publikoek ikusi dute nola joan diren erosahalmena galduz. Eta zer esan nagusiki azpikontratetako langileez, baldintza duinak bermatuta ez dituztenak.

Soldatak duintzeko ezinbestekoa da gure eremuko errealitate soziekonomikoaren araberakoa izango den Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezartzea. Neurri honek gazteen, emakumeen* eta langile migratu eta arrazializatuen baldintzak hobetuko ditu nagusiki.

Europako Karta Sozialak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata hori lurraldeko bataz besteko soldataren %60 izatea gomendatzen du. Kalkulu horretan oinarrituta, orain arte 1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu izan du LABek Hego Euskal Herrirako. Orain arteko erreferentzia hori eguneratzeko momentua da; izan ere, lau urtero egiten duen bezala, Espainiako Estatuko Estatistika Institutuak soldata egituraren inguruko estatistikak argitaratu berri ditu. Gurean, bizi duina garatzeko gutxieneko soldata Hego Euskal Herriko batezbestekoaren %60 litzateke, 1.600 € 14 pagatan, 2022ko datuetan oinarrituta, prezioek izandako bilakaera kontuan izanda eta erosahalmena bermatuz.

2020ko Greba Orokorrean aldarrikatu zen gutxieneko soldataren gaineko sektorearteko akordio bat egitea. Ordutik hona, LABek hainbat urrats egin ditu eta, laburbilduz, egoera honakoa da gaur egun:

  • Sindikatuen artean, bai formulazioan bai egin beharreko bidean ñabardurak izanik ere, horrelako akordio baten aukera arakatzeko borondatea badago eta bide partekatu bat egiteko aukera badago.
  • Confebaskek ez du borondate eta nahirik honelako akordio baterako. Milaka eta milaka langileren bizi baldintzen duintzeko urrats garrantzitsua izango litzatekeen honelako akordio bat saihesteko arrazoi nagusia ekonomikoa da; hau da, beraiek aberastasuna pilatzen jarraitu ahal izatea.
  • Aurreko Enplegu Sailak, jarrera irekia azalduta ere, parlamentutik eskatzen zitzaienari erantzuteko iniziatibarik ez du izan. Idoia Mendiaren sailak denbora pasatzen utzi du eta dagokion ardura politikoa ez du bereganatu.

    Gobernu akordioan hemengo errealitatearen araberako gutxieneko soldata baten beharra jaso dute EAJ eta PSEk. Gaia agenda politikoan kokatzea langile borrokaren emaitza da, eta honelako akordio bat bultzatzen jarraitzeko baldintzak sortzen ari direla erakusten du. Edonola ere, gai hau Elkarrizketa Sozialeko Mahaira eraman nahi izatea salatu du LABek. Gehiengo sindikala izan da gutxieneko soldataren alde egin duena eta gutxieneko soldataren eztabaida ezin da kontrabotere sindikalgintza asimilatzea helburu duen eta gehiengoak errespetatzen ez dituen mahaira eraman.

    LABek ez du Elkarrizketa Sozialeko Mahai horretan parte hartuko, eta Langileen Estatutuko 83.3 artikuluan jasotako Gaia Zehatzeko Akordioa gauzatzeko mahai espezifiko bat osatzeko beharra planteatzen du. Eta Gobernua da patronala interpelatu eta eztabaida eta akordiorako esparru bat bultzatu behar duena.

    2. Zerbitzu publikoak indartzea

    Gobernu akordioan ez dago horretarako neurri zehatzik. Langile publikoek hainbat greba eta mobilizazio egin dituzte, soldatak hobetu eta egonkortasuna bermatzea zerbitzu publikoak hobetzeko ezinbestekoa baita, eta langile publikoen baldintzak ezin dira Madriletik inposatuak izan; hemen erabaki behar dira, bertako negoziazio kolektiboa indartuz.

    Egoera bereziki da larria Osakidetzan. Lehendakari berriak Herri Akordio baten beharraz hitz egiten du. Bere proposamena entzungo dugu, nola ez. Hala ere, abiapuntu moduan, argi utziko ditugu gure baldintzak, honako biak izango direnak:

    1. Osakidetzan indarrean dauden politika neoliberal eta klientelarren norabide aldaketa sakonerako borondate politikoa. Inbertsioan handitu behar dira osasun zerbitzu publikoan eta pribatizazio eta kontzertazio politikarekin amaitu. Alde batera utzi behar da eredu klientelarra. Lehen mailako arreta indartu behar da. Bereziki larria da dagoen behin-behinekotasun tasa, egonkortze prozesuek zuzenduko ez dutena.

    2. Langileen parte hartze zuzena eta hauekin negoziatzea, aurreko Sailak inposizioz eta negoziatu gabe jokatu baitu.

    Zaintzaren pribatizazio eta merkantilizazio politikei amaiera jartzea eta zaintzako langileen lan baldintzak duintzea ere eskatzen du LABek. Ezinbesteko lana egiten dute prekarietate eta esplotazio egoeran. Zaintza eraldatu gabe, gero eta zaintza behar handiagoak dituen jendarte batean ezinezkoa da zaintza duina bermatzea. Makroerresidentzia pribatuen eraikuntzaren alde egiteak orain arteko ereduan sakondu nahi dutela adierazten du. Zaintzari buruz hala mugimendu feministak nola sindikatuok zaintza sistema publiko komunitario bat eratzeko egindako proposamenek ez dute tokirik gobernu akordioan. LABek zaintzaren eraldaketa sakonaren alde egiten jarraituko du.

      Hauek izango dira datozen asteetan izango dituen bileretara LABek eramango dituen proposamenak, eta jarraituko du lan eta bizi baldintzen alde aktibo bat izaten, lantokietan, kalean eta instituzioetan langileen aldeko politikak borrokatzen.

      AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

      Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

      Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto Martínez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

      Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

      Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

      Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

      Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.