2026-07-03
Blog Page 166

Hezkuntza Sail berriari eskatzen diogu kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta akordio laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

Duela urtebeteko ekainaren 1ean LABek akordio laborala sinatu genuen Interinok sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.

Bada, hezkuntza publikoko kolektibo prekarizatu eta feminizatuetan, Sukalde eta Garbiketan, Haurreskolak Partzuergoan eta Heziketa Berezian, Hezkuntza Saila luzamenduetan ibili zen eta legegintzaldia bere konpromisoak bete gabe amaitu zituen. Hori dela eta, ekainaren 17an mobilizazioa egin genuen eta sortuko zen Jaurlaritzako gobernu berriari zein Hezkuntza Sailari eskatu genien akordio laboralean jasotako eta negoziazio mahaietan landu eta aurreratu ziren edukietan sakontzen jarraitzeko eta eremu bakoitzeko hitzarmenen negoziazioaren alde egiteko.

Ekainaren 25ean Hezkuntza Sailburu berriak bere kargua hartu zuen eta saila martxan da. Beraz, gaur Donostian eginiko mobilizazioaren bitartez, eskatu diogu lehenbailehen eta ikasturtea bukatu aurretik deitu ditzala ahaztuenak diren Sukalde eta Garbiketako lan-hitzarmen mahaia eta Haurreskolak Partzuergokoa. Heziketa Berezian, azkenik, atzo bidali ziguten sindikatuei lan-hitzarmenaren azken proposamena, eta datozen egunetan lan-hitzarmena ixteko mahaia deituko da.

Haurreskolak Partzuergoaren kasuan, urtarriletik maiatza bitarte negoziatzen ibili ondoren, maiatzaren 8an burutu zen azken negoziazio mahaia. Bertan aurkeztu zen azken zirriborro proposamenari sindikatuok gure iritzia helarazi eta azken ekarpenak egiteko data finkatu zen. Maiatzaren 22an bidali genizkion erantzunak gerenteari, eta geroztik ez dugu erantzunik jaso. Orduz geroztik hilabete eta aste bat daramaguHezkuntza Sailaren erantzunaren zain eta prozesua bukatzeko mahai-negoziatzailea deitzea eta sindikatuekin azken ekarpenak adostea besterik ez da falta.

Sukalde eta Garbiketako negoziazioak, berriz, irailean hasi ziren, eta hainbat geldialdi izan dituzte; besteak beste, estabilizazio prozesuak tarteko. Oraindik orain, mahai-negoziatzaile honetan lan-hitzarmen berriaren proposamen integrala aurkeztu gabe dauka administrazioak. LABetik askotan adierazi diogu sailari langile kolektibo ezberdinetan batera egin beharreko negoziazioak zirela akordio laboralean adostutakoak, edo, bestela, kolektibo honen proposamenak lehenago izan behar genituela. Izan ere, lan-baldintza prekarioagoak dituzten langileak dira eta, gainera, ikusezin bihurtuak.

Hortaz, askotariko mobilizazio eta ekimenen bidez esan izan dugun bezala, osatu berri den Hezkuntza Sail berriari eta bertako sailburu den Begoña Pedrosari zera eskatzen diogu LABetik: ikasturtea bukatu aurretik, akordio laboralean jaso zuten eta orain arte mahai negoziatzaileetan aurreratu diren edukietan sakontzen jarraitu eta eremu bakoitzeko hitzarmenen negoziazioaren alde egin dezala.

EAEko osasun garraioa publifikatu behar dela aldarrikatu dugu

Araban eta Bizkaian diharduen La Pau enpresak indarrean dagoen hitzarmena betetzeari utziko diola iragarri duenetik ziurgabetasuna da nagusi langileen artean. Gasteizen mobilizazioa egin dugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean.

Joan den ekainaren 11n anbulantzien sektoreko hitzarmen berria sinatu zuten patronalak eta ELA, CCOO eta UGT sindikatuek. LABen ustez, hitzarmen hau sinatzeak etorkizuneko negoziazioak betikotzen ditu irabazia helburu bakarra duten enpresekin, anbulantzien zerbitzuaren kudeaketa publikoa lortzearen garrantzia alde batera utzita. Gainera, hitzarmen hau nahikoa ez dela uste dugu, aurrekoarekiko izan dituen aldaketak oso txikiak baitira. Izan ere, eros-ahalmenaren galera berreskuratzen ez duen soldata igoera batera eta ordu murrizketa batera mugatzen da gehienbat. Ez da ia hobekuntzarik egin baimenei eta lizentziei dagokienez, Estatuko familien lege berriarekin indarrean daudenetatik haratago. Gainera, aurreakordioa EAEko hauteskundeak baino bi egun lehenago sinatu zen, agerian geratu zelarik sindikatu sinatzaileek Eusko Jaurlaritzarekin mahai ofizialetik aparteko negoziazioa izan zutela.

Bada, hitzarmena sinatu eta berehala, Arabako eta Bizkaiko anbulantzien enpresa kudeatzailea den La Pauk iragarri zuen oraindik indarrean dagoen aurreko hitzarmena ez aplikatzeko prozesua hasteko asmoa zuela, uztaileko aparteko ordainsaria kentzea eta %12,5eko soldata murrizketa bat egiteko asmoa zuelarik. Ekintza horiek legezko prozedurak errespetatu gabe egin ziren, enpresak EAJko kargudun ohi bat gerente izendatzen zuen eta ikuskatzaile eta bitarteko karguen kopurua handitzen zuen bitartean. Izan ere, La Pau sartu zenetik salaketa ugari jaso ditu enpresa horrek, hainbat kontu ezberdinengatik: deskonexio digitala ez betetzea, egutegietan irregulartasunak, ordainketetan atzerapenak, lan arriskuen arloko zehapenak…

Horren guztiaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratu du, langileengan eta erabiltzaileengan eragina duen arazoari heldu gabe.

Zerbitzuaren pribatizazioak horrelako egoerak dakartza: langileak erretzea, baliabideak gero eta eskasagoak izatea eta zerbitzua behar bezala beteko dela bermatzeko arazoak izatea. Hori dela eta, LABen zerbitzuaren kudeaketa publikoa defendatzen eta aldarrikatzen jarraituko dugu.

Amurrio Ferrocarril y Equipos-en ez dugu kaleratzerik onartzen

Ekainaren 5ean, 57 urteko langile bat kaleratu zuten Amurrio Ferrocarril y Equipos-en. Enpresa Batzordetik kaleratzea publikoki salatu nahi dugu eta baita aurretik gertaturiko egoera ere, erabat hausten baitituzte batzordearen eta enpresaren arteko harremanean ulertzen diren protokoloak.

Enpresa Batzordetik hainbat alditan saiatu gara elkarrizketa eta negoziazioa izan daitezen hainbat langileri eragin dieten egoerak konpontzeko eta gainditzeko bide egokiak, neurri traumatiko eta atzeraezinetara iritsi beharrik izan gabe. Gure aldetik, jardun horretan mantendu gara, baita kasu honetan ere, non ezinezkoa izan den bide hau jorratzea. Are gehiago, bitartekaritza antzua izan da, aldez aurretik hartutako neurria baitzen.

Enpresan, azken hilabeteotan, langile guztiengan haserrea eta mesfidantza sortzen ari diren hainbat praktika ikuste ari gara. Tramiteak oztopatzetik, AFEko langileek eskuratutako eta onartutako eskubidearekiko izaera atzerakorra duten lege-alderdiak berrinterpretatzeraino. Baita mutualitatetik jasotzen ari diren tratuagatik ere, langileengan nahigabea oso handia delarik.
Salatzen ari garen kaleratze honetan, ez dakigu berez edo enpresak eskatuta, baina, kaleratutako langilearekin, historia luzea eta oso desatsegina gertatu izan da enpresaren eta mutualitatearen partetik.

Gure ustez, mutualitatearen eta enpresaren arteko praktika honek oso arrazoizko zalantzak sortzen ditu enpresako langileek osasunaren eta segurtasunaren arloko protokoloak ulertu eta zentzuz aplikatu ahal izateko. Batzordetik Laneko segurtasuna sustatzeko arauak eta ekintzak ezartzea bermatzen du, baina, era berean, eskatzen dugu enpresan egunez egun lanean dauden langileei edozein gertakizun edo istripuren aurrean baliabideak ematea, modu ireki eta argian.

Enpresa Batzordeak behin baino gehiagotan helarazi izan du zein arazo sortzen ari diren enpresan ezarritako praktika hauen ondorioz. Kasu honetan, beste kontu batzuekin batera, lankide bat kaleratu izan da, adinagatik eta baldintzagatik oso egoera ahulean geratzen dena. Eta egoera honen jakitun da enpresa.

Orain arte egin dugun bezala, kaleratutako langilea berriz onartzeko eskatzen dugu, eta enpresak dinamika murriztaile eta ez oso bideratzaileak bertan behera uztea; dinamika horrek arazoak eta gatazkak besterik ez ditu sortuko, alderdi guztientzat batere onuragarriak izango ez direnak.

Gure ustez, enpresak bere erabakia zuzendu beharko luke, eta elkarrizketa-bideak ireki, azken boladan gertatzen ari den ezinegon orokortu hori konpontzeko, egoera eraikitzaileago batera itzuli ahal izateko.

Nafarroako Garbiketa sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu, bizitzaren kostuaren gaineko soldata igoerak jasotzen dituena

LAB eta CCOO sindikatuok –ordezkaritzaren %60 baino gehiago osatzen baitugu– Nafarroako Garbiketako hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dugu sektoreko patronalekin. LABen hitzarmen hori sinatuko dugu, azken 11 urteetako dinamika atzerakoiari buelta ematea lortu delako: hitzarmen berriak soldaten igoeretarako KPIaren erreferentzia berreskuratzen du (gehi puntu bateko diferentziala), urteko lanaldian orduen jaitsiera barne hartzen du, eta lanaldiak luzatzeko irizpide argi eta objektibo bat ezartzen du.

2024-2027 urteetan Nafarroako Garbiketako langileen lan baldintzak arautuko dituen hitzarmena aurretik sinaturikoen ezberdina da. Gogoratu behar da, krisi eta murrizketa testuinguru batean, CCOOk eta UGTk 2012-2014 hitzarmen negargarria sinatu zutela, KPIaren erreferentzia galtzen zuena, lanaldia murrizteari uzten ziona, desplazamendu plusa kentzen zuena, antzinatasun sistema aldatzen zuena (hirurtekoetatik bortzurtekoetara eta antzinatasun finkatua izozten zuena) eta bajen osagarria okertzen zuena. Hurrengo hitzarmenek (2015-2018 eta 2018-2023) ildo berari jarraitu zioten: soldatak bizitza-kostuaren azpitik igotzea, lanaldia mantentzea eta eskubideetan aurrerapen gutxi izatea.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuan tematu gara hitzarmen berria aurrekoen kontrako noranzkoan joan zedin, eta gure determinazioari esker hala izatea lortu dugu, lorpen nagusietan islatzen den bezala:

  • – Patronalak erretiratu egin du antzinatasuna kentzeko proposamena.
  • – Soldata igoerak aurreko urteko KPIa gehi puntu bateko diferentziala izanen dira; lehen bi urteetan oinarrizko soldatan eta hitzarmenaren plusean aplikatuko dira, eta bertze bi urteetan kontzeptu guztietan].
  • – Urteko lanaldia 4 ordu murriztuko da 2027rako.
  • – Irizpide argi eta objektibo bat ezarriko da lanaldiak luzatzeko, hala nola lanaldi partziala duten eta lantokian lanaldi txikien duten langileek lehentasuna izanen dutela lanpostu hutsak betetzeko.
  • – Baja onkologikoetan %100 kobratuko da 91. egunetik, eta ez 181.etik, orain arte bezala.

LABen begi onez ikusten dugu Garbiketako hitzarmen berriak eskubideen berreskurapenean dakarren aurrerapausoa, eta horregatik sinatuko dugu. Baina, jakina, lanean hasiko gara jada, hurrengoa harago joan dadin, soldata igoera handiagoarekin, lanaldi murrizketa handiagoarekin… Horretarako, mobilizatu eta borrokatu beharra dago. Eta, ahal bada, ekintza batasunetik, zeinari mesede eskasa egiten baitiote zenbait jarrerak, zilegi den kritika sindikalaren mugak aise gainditzen dituztenak. Lau urte daude aurretik indar korrelazioa hobetzeko, indibidualismoa apurtzeko, sektoreari buruz sakon hausnartzeko, eta kolektiboan antolatzeko, langile guztien lan baldintzak hobetzea aldera.

Deskarbonizazioa enplegua suntsitzeko aitzakia gisa erabiltzen ari den honetan, benetako trantsizio ekosozialaren alde egiten dugu

Greba mugagabean hainbat egun daramaten Cementos Rezolako langileen mobilizazioetan parte hartu du sindikatuko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk, eta azpimarratu du industriaren birmoldaketak langileen parte-hartzea izan behar duela oinarri. Bihar, osteguna, Cementos Rezolaren Arrigorriagako lantegira eramango dute protesta Añorgako langileek.

“Krisi klimatiko larria bizi dugu, trantsizio ekosoziala beharrezkoa da. Industrian birmoldaketa sakon bat egin behar da eta birmoldaketa horien barruan deskarbonizazio prozesu bat eman beharko da”, adierazi du Aranburuk eta gaineratu du LAB sindikatua deskarbonizazioaren alde dagoela, noski. Aldiz, uste du Cementos Rezola moduko enpresentzat, “deskarbonizazioa enplegua suntsitzeko argudio eta aitzakia bilakatzen ari dela”.

Hala, Rezolaren kasuan, gardentasun falta salatu eta langileen parte-hartzea aldarrikatu du LABeko koordinatzaile orokorrak: “Langileoi informazioa falta zaigu eta oso argi dugu, deskarbonizazioz kamuflatu nahi dena, enpresaren produkzioaren berrantolaketa bat dela, planta honen tamaina txikitu eta langile kopurua murriztu nahi du enpresak. Produkzioa beste lantoki batzuetara lekualdatu, irabazi mailari eutsi edo irabaziak handitu nahi ditu enpresak”. Bada, argi utzi du LAB ez dela tranpa horretan eroriko eta enplegua defendatzen jarraituko duela.

Hala, Aranburuk berretsi du LABek trantsizio ekosozial baten beharra aldarrikatzen duela: “Industrian eraldaketa sakonak egin beharko dira, eta birmoldaketa hori planifikatua, ordenatua, izan behar da. Trantsizio prozesu hori ezin dute enpresek gidatu eta ezin daiteke lekuan leku modu isolatuan gauzatu”.

Ildo horretan, plan integralaren beharra azpimarratu du, eta esku-hartze publiko sendoa izango duen industria politika eskatu dio Eusko Jaurlaritza berriari. Hala, enpleguan ondorio traumatikoak ekiditeko planak exijitu ditu, baita lanaldi murrizketaren eztabaidari serio heltzea ere. “Eta eraldaketa prozesu hori ezin da ulertu eta ezin da gauzatu langileen parte hartze eta adostasunik gabe”, gaineratu du.

Amaitzeko, Aranburuk gogorarazi du Cementos Rezolakoak ez direla greba mugagabean dauden langile bakarrak; izan ere, LABek gehiengoa duen beste enpresa batzuetan ere egoera horretan daude beharginak; Gipuzkoan bertan, Arrasateko Microliquiden, kasurako, enpleguaren defentsan, edota Nafarroako Mondelezen, hitzarmen duin baten alde. Azken urteotan borroken goraldia gertatu dela eta LAB guzti horietan protagonista garrantzitsua izan dela gogora ekarri du koordinatzaile orokorrak. Hala, guztiei babesa adierazi die sindikatuaren izenean: “ Langile eskubideak defendatzeko langile antolakuntza eta borroka dira gure erregaia. Ez da gozoa greba mugagabean egotea, baina ez izan zalantzarik borrokak beti merezi du”.

Etzegaraten hildako garraiolariaren heriotza eta errepideko lan istripuak salatu ditugu Iruñean

LAB, Hiru, LAB, CGT-LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Iruñeko San Ignazio kalean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, aurreko astean Etzegarateko istripu larrian hildako garraiolaria gogoratzeko eta Nafarroako errepideetako lan ezbehar kopuru handia salatzeko, “Lan istripu gehiagorik ez; prekarietateak hil egiten du” lelopean.

Olaztiko Sergio Gastaminza 44 urteko garraiolaria aurreko astean hil zen Idiazabalen, Etzegarateko mendatean, N1 errepidean, jasan zuen zirkulazio- istripu larriaren ondorioz. Nafarroan gertatu dira aurten garraiolarien istripurik larrienak. Errepidean urtarriletik lan-istripuz hildako 9 garraiolarietatik 5 nafarrak ziren.

  1. 2024. urtea bereziki tragikoa izaten ari da Euskal Herrian errepidean hil diren garraiolarien kopuruari dagokienez. Hilero hildako garraiolarien batez besteko dramatikoa gainditzen ari da aurten. Azken urteotan hilero bat hil da. Aurten, ekainerako 9 ziren, ohi baino % 50 gehiago, horietatik bost nafarrak. Urtarrilaren 17an garraiolari bat hil zen Cadreitan; apirilean bi, Lleidan, 14an eta Arren, 22an; maiatzaren 13an, beste bat, Ejea de los Caballerosen; eta azkena, joan den astean, asteazkenean Etzegaraten izandako istripuaren ondorioz.

  2. Deigarria da Nafarroako lan-ezbeharren estatistika: hildako hamar langileetatik zortzi errepidean gertatu dira, eta bost garraiolariak izan dira.
  3. Behin eta berriz salatu dugu lan-baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean. Ordutegi estuek, estresak, gehiegizko pisua duten kargak, sektoreko prezio baxuak, lanaldi luzeak, ez dagozkien zamalanak eta, azken batean, atseden hartzeko zailtasunek arriskuan jartzen dute garraiolarien duintasuna eta segurtasuna, baita haien bizitza bera ere, kasurik okerrenetan. Azken finean, prekaritatea, lan baldintza gogorrak, daude heriotza horien atzean. Lotura zuzena dago lan istripuen eta sektoreak oro har bizi duen egoera txarrarekin.
  4. Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiak betetzen: irabazi eta etekinak lehenesten dituzte, langileen bizitza eta osasunaren gainetik. Bestalde, Administrazioaren utzikeria dago, ez ditu enpresek prebentzio- arau horiek bete ditzaten beharrezko neurririk hartzen. Ondorio behar-beharrezko baliabiderik ez da: ez dago ikuskatzaile nahikorik, eta arau-hausteak ez dira zigortzen.
  5. Administrazioak beste era batera aurre egin beharko lioke garraioaren sektoreko ezbehar-tasa handiaren arazoari: Alde batetik, kontuan hartu gaixotasun kardiobaskularrek sektorean duten garrantzia, lan-istripuen prebentzio arauak finkatzerakoan; Eta bestetik, istripuak izaten dituzten garraiolarien adina, gehienek 60 urte baino gehiago dituzte, eta, horregatik, duela urte askotatik eskatzen ari gara garraiolariei aitortzeko 60 urterekin erretiratzeko aukera. Oraingoan salbuespena izan da, hildakoak 44 urte baitzituen.

EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzek Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko erregistratu ditugun mozioak onartu dituzte

LABek azkeneko urteetan hainbat eragilerekin eta familiekin egindako lanaren eta aurrera eramandako greba eta mobilizazioen ostean, 0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo Publikoan ikasturte honetan doakotasuna ezartzea lortu dugu. Neurri honek hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan.

2023-2024 ikasturterako matrikulazioak izugarrizko gorakada izan zuen eta hurrengo ikasturterako ere igoera egon da, doakotasuna ezarri aurreko matrikulazioarekin alderatuta 1500 eskaera gehiago jaso direlarik apirileko matrikulazio aldian. Gainera, Haurreskolak Partzuergoan, matrikulazio epe berriak irekitzen dira hilabetero, beraz, ikasturtean zehar zentroen betetze maila igotzen doa.

Gauzak horrela, eta zerbitzuaren unibertsaltasuna helburu, jaiotzatik dugun aukera berdintasunean hezkuntza jasotzeko eskubidea berma dadin, LAB sindikatuan EAEko Haurreskolak Partzuergoko zentroen betetze mailaren jarraipen etengabea egin dugu ikasturte hasieratik. Haurreskolak Partzuergoko hainbat haurreskolatan urrirako ez zegoela plaza librerik detektatu genuen, eta ondorioz, zentro horietan ezin izan dute familia gehiagok izena eman. Beste hainbat zentrotan, ordea, matrikulazioaren bilakaera ikusita familia ugari kanpoan gelditzen joan direla detektatu dugu.

Egoera ikusirik eta hau iraultzeko asmoz, Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen artean sortutako erakundea izanik, EAEko hainbat hiri eta herritako udalbatzek eskaintza handitzeko erabakia hartu dezaten mozioak aurkeztu ditugu, Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko eskatuz. Ekimen honekin lortutako emaitzak honako hauek dira:

– Donostiako Udalak ez du mozioa onartu PSE eta EAJren kontrako bozkekin.

– Bilboko Udalak erabaki du egun dauden plazei 117 plaza berri gehitzea 2025eko ikasturtean.

– Santurtzi eta Amurrioko udalbatzek LABen mozioa oinarri hartuta aho batez plazak handitzea onartu dute.

– Zallako Udalak aztertuko du zelan handitu plazen eskaintza.

– Laudiok, Lasarte Oriak eta Irunek Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen haurren plaza kopuruaren eskaintza handitzea erabaki dute.

– Bastidako Udalak, LABen mozioa oinarri hartuta, plazen eskaintza handitzea helburu izanik, haurreskola berri bat egiteko aukerak aztertzeko lan-mahai bat osatzeko konpromisoa hartu du eta Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza eskaera egin dio Haurreskola berria martxan jarri ahal izateko.

– Getxoko udalbatzan, mozioaren kontra bozkatu zuten EAJk eta PSEk, 2025. urteko aurrekontuetan horretarako diru-saila gordeko dutela argudiatuz.

– Sondikako udalbatzak ere atzera bota zuen mozioa, EAJ-k mozioaren aurka bozkatu zuelako. Horren ondorioz, udalak momentuz ez du herriko Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko asmorik, ezta beharren inguruan azterketarik egiteko asmorik ere.

Gasteizko matrikulazioaren datuen berri izan gabe, irailerako Donostian, Eibarren, Irunen, Bilbon eta Sestaon jada itxaron zerrendak daude.

LABen, Haurreskola Partzuergoaren doakotasuna lortuta, unibertsaltasuna lortzea dugu helburu; beraz, Hezkuntza Saila berriari plazen eskaintzaren azterketa, haurrak onartzeko irizpideen berraztertzea eta berdintasun printzipioei eutsiz familiek behar duten hezkuntza zerbitzuaren ezaugarrien azterketa egiteko eskatzen diogu. Era berean, udalek eskumen handiagoa izan dezaten eskatzen dugu.

Bat egin dugu ‘La Suizako 6en’ aldeko elkartasun mobilizazioekin

Uztailaren 6an 12:00etan mobilizatuko gara Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean Xixongo (Asturies) sei sindikalistei gure elkartasun internazionalista adierazteko.

Elkarretaratze honek elkartasuna erakustea eta Espainiako Estatuko Auzitegi Gorenaren 626/2024 epaiarekiko gaitzespena adieraztea du helburu, langileen oinarrizko eskubideen aurkako eraso zuzena baita: biltzeko, adierazteko eta askatasun sindikalerako eskubidearen aurkako erasoa. Aste honetan ezagutu dugun epaiaren bidez, epaileak hiru urte eta erdiko espetxe-zigorra eta enpresaburuari 125.428 euroko kalte-ordaina emateko agindu du. LABek, hainbat borrokatan jazarpen sindikala jasan duen sindikatuak, Bizkaiko metalarenean edo Tubacexekoan, duela gutxiko adibideak jartzeagatik, gure babesa adierazi nahi diegu Asturiesko kideei, eta langileen borrokarekiko errepresioak berehala eten behar duela berresten dugu.

Kasua 2017tik dator; izan ere, urte hartan La Suiza gozotegiko langile batek CNT sindikatura jo zuen aparteko orduak eta oporrak ordaintzen ez zizkiotela salatzeko. Enpresaburuarekin negoziazio-saiakerak huts egin ondoren, salaketa-kanpaina bat hasi zen, manifestazioak egin zirelarik eta kalean informazioa banatu zutelarik. Bada, ekintza horiek kriminalizatu zituzten Xixongo Zigor Arloko Epaitegiak, Probintzia Auzitegiak eta orain Auzitegi Gorenak.

Gaur goizean hainbat eragilerekin batera egin dugun agerraldian esan bezala, berriro diogu manifestatzea eta lan-eskubideak defendatzea ez dela delitua. Horregatik, langileei dei egiten diegu larunbat honetako mobilizazioan parte hartzera.

Microliquideko Enplegu Erregulazio Espedientea erretiratzea eskatu diogu zuzendaritzari, %97ko jarraipena izan duen bigarren greba egunean

Arrasateko Microliquid enpresako langileek bigarren greba eguna izan dute gaur, enpresak mahai gainean jarritako eta langileen herenari eragiten dion Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) aurrean. Grebaren jarraipena %97koa izan da. Gainera, gaur egin da kontsulta aldiaren lehen bilera.

Salatu dugu enpresaren neurri hau ez dela bere kontu ekonomikoekiko proportzionatua, 2024ko aurreikuspenak negatiboak izan arren, 2022 eta 2023 ekitaldietan irabaziak izan ditu. Gainera, 2024ko aurreikuspenetan informazio asko faltan botatzen dugu. Hurrengo bilerarako aurkeztuko digutela esan digu zuzendaritzak. Aurkeztutako dokumentazioan akats asko ikusi ditugu, eta horiek ere zuzenduko dituztela esan digute. Oraindik ez dugu EEEa aplikatzeak enpresari aurreztuko dion gastuen aurreikuspenik.

Espedientea erretiratzea eskatu diogu enpresari, eta bitartean, greban mantenduko garela jakinarazi diogu. Hurrengo bilerarako proposamen bat ekarriko digula ziurtatu digute.

Bihar asteazkena, uztailaren 3, goizeko 07:00etatik 09etara enpresa aurrean mobilizatuko gara EEEarekiko desadostasuna erakusteko. Ostegunean, berriz, uztailaren 4an, manifestazio bat egingo dugu 11:00etan lan zentrotik abiatuta, Arrasateko kaleetan zehar.