2026-07-03
Blog Page 165

Alderdi politikoei eskatu diegu ez dezatela onartu Espainiako Gobernuaren langile publikoen soldata inposatzen duen dekretua eta lan baldintzak hemen erabaki ahal izatea ahalbideratu dezatela

Sindikatuok eskaera hau luzatzeko hartu emanetan jarri gara Errege Dekretua bozkatu behar duten alderdiekin.

Espainiar Estatuko Gobernuak (PSOE eta Sumar alderdiaz osatuta) ekaineko Gobernu Kontseiluan onartu zuen langile publikoen soldata %2 handitzeko errege dekretua, eta oinarrizko araudi moduan neurri hau izendatzea, hemen beste erabakirik hartzea ukatuz. Orain, hilabeteko epean, dekretu hori bozkatu behar da, onartzeko edo indargabetzeko.

Horren aurrean, LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok eskatu diegu Espainiar Kongresurako hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdiei ez dezatela dekretua onartu, ez duelako bermatzen langile publikoen soldata Euskal Herrian erabakitzea, eta duten ordezkaritza erabiltzea langile publikoen lan baldintzak Euskal Herrian erabakiak izan daitezen, horretarako beharrezkoak diren erabakiak hartuz. Aurretik ere emendakin bat proposatu zitzaien alderdiei hau bermatzeko.

Gogora dezagun estatuko gobernuak dekretua onartu zuen egun berean sindikatuok elkarretaratzea egin genuela Gasteizen, salatzeko langile publikoek hirugarren urtez jarraian galduko zutela erosahalmena, eta uko egiten zitzaiolako euren lan baldintzak eta soldatak hemen negoziatzeari.

Hori horrela, alderdiekin hartu emanetan jarri gara eta aldebiko bilerak izatera gonbidatu ditugu, langile publikoen soldata hemen erabakitzeko aukerak aurrez aurre azaltzeko.

Joan den kurtsoan zehar milaka langile publiko eta hiritar kalera atera dira politika publikoen aldaketa eskatzera, zerbitzu publikoak indartu behar direla aldarrikatzera, enplegu publikoa sortu eta kontsolidatu behar dela adierazteko eta langile publikoen lana eta bizi baldintzak hemen erabaki behar direla eskatzeko. Hortaz, alderdiek Dekretua dagoen bezala onartuz gero, sektore publikoko langileen eta euskal herritarren eskaerari bizkar emango diote.

Euskal Herriko hitzarmenen lehentasuna onartu da sektore pribatuan. Ordua da sektore publikoan ere lehentasun hori onar dadin.

Niessenen enpresa ituna adostea #LortuDugu

Langileen borrokari esker Oiartzunen kokatuta dagoen ABB Niessen enpresan itun berria sinatzea lortu dugu, enpresa batzordearen babes osoarekin, non LABek 4 ordezkari dituen, ELAk 3 eta UGTk 2. Uztailaren 10ean burutu den langile batzarrean gehiengo osoz onartua izan da ituna, bozkatutako 120 langiletik 119 langileek aldeko bozka eman dute.

Hiru urteetarako ituna adostu da ondorengo edukiekin:

• Soldata igoerak:
    ◦ 2024: KPI + 0,3
    ◦ 2025: KPI + 0,3
    ◦ 2026: KPIa bermatzen da eta KPIaren zenbatekoaren arabera igoera gehigarri bata adoste da, KPI + 0,5 artekoa izan daitekeena.

• Urteko lan orduak: 2025etik aurrera 16 orduko lanaldi murrizketa.

• Lana eta bizitzaren arteko kontziliazioa: Familiakideak medikuarengana laguntzeko baimena 8 orduan handitu da; Langileek familia eskubide berbera izango dute senide ez den pertsona bat zaintzeagatik, mendekotasun legearen arabera zaintzaile nagusi gisa erregistratua badago; ZIUN edo tratamendu onkologikoan dauden familiarrak laguntzeko 30 eta 50 ordu arteko baimena, ahaidetasunaren arabera.

50 urtetik goragoko langileek gaueko txandak murrizteko aukera izango dute.

• Enplegua: Lanpostuak mantendu eta plantilla berritzeko neurriak hartu dira, errelebu kontratua bermatuko da eta erreleboa hartzen dutenak kontratu mugagabearekin sartu dira.

Baina kontutan izan behar dugu Niesseneko langileen borrokarik gabe ez genukeela enpresa itun hau sinatzea lortuko, bost egunetan lan uztek burutu dira enpresa ituna sinatzea lortu den arte eta horregatik Niesseneko langileak zoriondu nahi ditugu LABetik, zeren beraien borrokarik gabe ez litzateke enpresa akordio duin bat lortuko.

Borrokaren bitartez erakutsi dugu aberastasunaren banaketan pausoak eman daitezkeela, baita bizitzak erdigunean jartzeko pausoak eman ere eta bizitza bizigarriagoa izan dadin neurri desberdinak lortu dira azken enpresa itun honetan.
Beste behin ere argi geratu da borrokak merezi duela, akordio duinak lortzeko langile borroka ezinbestekoa dela erakutsi dugu.

Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileentzako akordio historikoa #Lortudugu

Foru Aldundiko eraikinak garbitzen dituzten langileentzako hitzarmena sinatu dugu Optima azpikontratarekin. Soldata igoera garrantzitsuez gain, bizitza erdigunean jartzeko, sektore feminizatu batean garrantzitsuak diren lan baldintzak lortu ditugu, hala nola, lanaldi partzialak atzean utzi ahal izateko bakante sistema eta zaintzarako lizentzia hobeak.

Apirilean, 6 greba egun eta bi hilabeteko mobilizazioen ondoren, LAB, UGT eta ESK sindikatuek soldata igoerei buruzko aurreakordioa lortu genuen. 6 urtetan, soldata-igoera gutxienez %24,23koa izango da (funtzionarioen igoera zein izango den jakin gabe). Igoera horri soldata erreferentziatzat duten beste plus batzuena gehitzen badiogu, igoera % 50etik gorakoa ere izan daiteke. Langile askoren kasuan, indarraldiaren amaieran, Aldundiko garbitzaileekin ia edo erabat parekatuta egongo dira. Igoera horiekin Udalhitzen soldaten gainetik geratzen gara, udaletako langileei dagozkienak. Horrek garrantzi handia du sektore feminizatu eta partzializatu honetan.

Ordutik negoziatzen jarraitu dugu, eta soldata igoera horrez gain, gaur Enpresa Batzordeko sindikatu guztiok sinatu dugun akordioan, 2030etik aurrera funtzionarioen igoera garbiketako langileentzako bermatua egotea lortu dugu. Beraz, akordioak hortik gora izango dira eta akordiorik ezean, igoera hori bermatua izango dute, soldatak izoztu ez, eta gainera, langile publikoekiko arrakala sakonduko ez delarik.

Gainera, 2026ko urtarrilerako soldataren %9,8koa izango den ordainsari berezi bat lortu dugu: lanaldi osoko langile baten kasuan, 2.489,31 euro.

Baina lan baldintzetan dena ez da dirua: LABek bizitza eta zaintza jarri nahi digute negoziaketa kolektiboaren erdigunean eta akordio honekin urrats handiak eman ditugu norabide horretan.

Alde batetik, hitzarmen honek, bizitza erdigunean jartzen laguntzen du kalitatezko denbora eta zaintzarako lizentziak hobeak emanez.

• Urtean bi zubi, kalitatezko atsedena izateko. 
• Eszedentzietan bi urteko lanpostu erreserba.
• Lizentzietan hobekuntzak:
        ▪ Bikote eta seme-alaben heriotza kasuan, 5 lan egun. 
        ▪ Bigarren gradura arteko senideen kasuan, 3 lan egun. 
        ▪ Urtean 50 ordu ordainduko lehen graduko senideak eta bizikideak mediku kontsultetara lagundu ahal izateko.
        ▪ Soldata gabeko baina kotizatutako astebete urtean, jarraian edo banatuta erabili ahal izateko. 

Bestetik, hitzarmen honek partzialitatea borrokatzen du BAKANTE SISTEMAREN bidez. Normalean garbiketako enpresek erresistentzia handiak izaten dituzte sortzen diren lanpostuak nola bete adosteko. Kasu honetan, lanaldiak handitzeari begira, zentroko edo loteko antzinatasunean oinarritutako lehentasun sistema bat adostu dugu. Horrela, lanaldi txikiak dituzten langileek lanaldiak handiagoa izateko sortzen diren bakanteetara aldaketa edo postuen pilaketa eskatu ahalko dute.

Azken batean, LABentzat ospatzeko moduko akordioa da, nahiz eta jakin etorkizunean borrokan jarraitu beharko dela erabateko parekatzea lortzeko. Bidea urratsez urrats egiten da, bidea elkarrekin eginez garaiezinak garela jabetzen gara, horregatik borrokak merezi duela azpimarratzen dugu berriro. Eta borroka eta batasun sindikala dira akordio hau posible egin dutenak, langileok, grebalariok posible egin dugu, zorionak!

Casillako kiroldegiaren proiektua beste behin ere pribatizazioaren bidetik egingo dela salatzen dugu

Bilboko Udalak La Casillako kirol-ekipamendu berriaren proiektua idazteko, obra zuzentzeko, gauzatzeko, mantentzeko, kontserbatzeko eta ustiatzeko obra-emakidaren kontratuaren lizitazioa iragarri du gaur udal-webgunean, Gobernu Batzarrak atzo onartu zuela iragarriz.

Bitxia da, behinik behin, lizitazioaren deskripzio dokumentuan udalak berak onartzen duela La Casillako pabiloia udalaren ekipamendua dela esklusiboki eta, aldi berean, udal honek eta bere gobernu-taldeak berriro egin izana kudeaketa esku pribatuen esku uzteko apustua.

Udalak ez du ezer aipatzen proiektu berri honetan eta bertan aurrera eramango den kirol- eta aisialdi-eskaintza guztirako nahiz bestelako jarduera osagarrietarako beharrezkoak izango diren langileen kopuruari buruz. Baina LABeko sail sindikalak aurreikusten du isiltasun horrek esan nahi duela, berriro ere, udal honek aukera galduko duela kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzeko enplegatu publikoen bitartez. Udal zerbitzu baten kudeaketa zuzena aukeratu beharrean, berriz ere udalak kanpora ateratzen du zerbitzu publiko bat.

Udalak, gainera, obra-emakida hori 40 urterako egin nahi du. Hurrengo lau hamarkadetarako zerbitzu baten balizko publifikazioa hipotekatzea dakar horrek, eta murriztu egiten du etorkizunean ekipamendu horretarako enplegu publikoa sortzeko aukera.

LAB aspalditik ari da salatzen EAJk eta PSEk osatutako gobernu-talde honek zerbitzu publikoak pribatizatzeko duen joera. Bada, azken erabaki honekin muga guztiak gainditu ditu. Udal anbulantzia kentzen hasi ziren, eta ezin hobeto funtzionatzen zuen zerbitzu publiko bat itxi zuten, zerbitzuan 40 minutura arteko atzerapenak ekarriko zituen beste bat ezartzeko.

Esperantza pilotalekuaren kudeaketa pribatizatu dute, bertan zerbitzu berritzailea eskainiko dela argudiatuz, baina pleguetan identifikatzen diren lanpostuak Udaleko Lanpostuen Zerrendan badaude eta, beraz, udal langileek bete zitzaketen. Hauteskunde-guneak prestatzeko zerbitzua azpikontratatzen dute, orain arte lan horretarako beti deitu izan zaienean ofizioetako ofizialen poltsako pertsonei.

Adibide horiez gain, hortxe dago etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren edo BilboBusen zuzeneko kudeaketara itzultzeko aukera galdua.


Bilboko Udaleko LABek berriro salatzen du gobernu-talde honen pribatizatzeko joera, eta berriro eskatzen dio erabaki horiek baztertzeko eta kalitatezko eta kudeaketa propioko zerbitzu publikoen alde egiteko

EHUko ordezko irakasleentzako baldintza duinak bermatzea premiazkoa eta ezinbestekoa da

Duela urtebete inguru abiatu genuen Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren aurrean (USLO edo LOSU bezala ezagunagoa egin
dena) Euskal Herriko Unibertsitateak izandako jarrera murriztaileak sortutako ondorio prekaritzaileen aurkako borroka. Bada, errektoretzari nahiz Eusko Jaurlaritza berriari exijitu diegu behingoz har ditzatela egoera konpontzeko beharrezko neurriak.

Honez gero, aski ezaguna egin da, lege horretaz UPV/EHUko Errektoretzak egindako interpretazio murriztailearen ondorioz, bertako irakasle eta ikertzaile askok ordezkapenak gehienezko 800 eurotako soldata baten truke egiten ditugula; kasu gehienetan, eman beharreko irakaskuntza-orduak lanaldi osoko irakasle batek dituen orduen pareko direnean. Aski ezaguna da ere, unibertsitateko irakasle karrera bat egiteko guztiz beharrezkoa dela ikertzea eta, kasu askotan, inolako aitorpen eta laguntzarik gabe egitera behartzen gaituztela. Gainera, gogoratu behar dugu USLOk berak ikerketa ESKUBIDE eta BETEBEHAR gisa ezartzen duela irakasle-
ikertzaile guztientzat.

Akaso ez dira horren ezagunak egoera horrek urte luze honetan Euskal Herriko unibertsitate publiko nagusian sortutako ondorioak. Baldintza ekonomiko prekarioak direla eta, ordezkapenak ez dira betetzen. Hainbat kasutan ikasleak denbora luzez egon dira klaseak behar bezala jaso gabe ordezkoen faltagatik. Beste hainbatetan, gainerako irakasleek ordezkatu behar izan dituzte sortutako hutsuneak, beraien lan zama biderkatuz. Denbora tarte honetan ere, hainbat lankide beraien lanpostua uzten ikusi ditugu, egoera honek sortutako etorkizun faltaren ondorioz. Gelditu diren ordezko kide gehienen egoera benetan tamalgarria da, gehienez 800 eurotako ordainsaria osatzeko bestelako lanak bilatuz baina apenas denbora librerik gabe karrera akademikoaren exijentzia mailaren ondorioz. Aspektu material horiez gain, lan baldintza prekarioek arrisku psikosozialak areagotzen dituzte eta langileen osasunean duten eragina ikusi dugu gure lankideen artean. Zergatik eta, doktore tesiak, nazioarteko egonaldi luzeak, inpaktuzko aldizkari zientifikoetan argitalpen ugariak eta bestelakoak jasotzen dituen urteetako esfortzu guztiak kasu askotan ez duela ezertarako balio ikusi dutelako, errektoretza talde honek USLOz egindako interpretazio murriztailearen ondorioz. Unibertsitate honetako arduradunei bikaintasunaz hitz eginez bete izan zaie ahoa, baina bertako irakasle eta ikertzaileen eskubideak etengabe zapaltzen ikusi ditugu, ordezkoen kolektiboaren existentzia bera ukatzeraino.

Baina urtebete honetan guztiak ez dira atsekabeak izan. Ordezkoekin hartutako erabaki murriztaile hau pizgarria izan da unibertsitatean dinamika mobilizatzaile bati ekiteko; ikasturte honetan bost greba egun egin ditugu orotara, bi irakasle-ikertzaileen kolektiboko aldarrikapenak erdigunean jartzeko eta beste hiru unibertsitate osoan, sektore publiko guztian bezalaxe, ematen ari diren atzerapausoak salatu eta negoziazioari ekiteko. Urte asko egin behar dira atzera unibertsitatean horrelako gatazka maila batekin topo egiteko. Arestian aipatu bezala, egoera ez da gutxiagorako izan. Dinamika honen ondorioz, errektoretza taldea arazoa bera ukatzetik inora eraman ez duten promesak egitera pasa da. Duela hilabete batzuk gatazka konpontzeko ate bat irekitzen zela aipatu zuen Estatuko Unibertsitate Idazkariarekin bildu eta gero, baina ez dugu emaitza aipagarririk ikusi. Ehundaka plaza berrien sorrera iragarri zuen, esan gabe horietako gehienak hurrengo urteetan eman beharreko jubilazioen aurrerapena baino ez zirela. Sortzen eta sortuko diren laguntzaile doktore plazekin ez da arazoa konponduko.

Leunduko du, neurri batean, ordezkapen gutxiago egingo direlako, baina ordezkapenak egiten jarraituko da, ezinbestekoak direlako eta ordezko irakasle horiek miseriazko soldatak jasotzen jarraituko dute, egiten dituzten aktibitate guztiak ordaintzen ez zaizkielako. Beraz, arduraldi partzialeko irakasleen soldatak duintzeko ezinbestez Eusko Jaurlaritzak 41/2008 dekretua aldatu behar du.

Hitz bitan, iruzur egin nahi izan digu egungo errektoretza taldeak, etengabe errepikatuz USLOk ez zuela beste ezertarako aukerarik ematen. Iruzurraren tamaina horrenbestekoa izan da, berriki jakin izan dugula, Granadako Unibertsitatean, esaterako, jardunaldi osoko kontratazioak egiten jarraitu dutela denbora honetan. Eskaera bera egin zion Eusko Legebiltzarrak duela hilabete batzuk EHUko zuzendaritzari, baina entzungor egin zioten. Egoskorkeria baten kontakizuna izan da urte honetan bizitakoa eta orain, agerian gelditu denean ordezkoentzat lan baldintza duinak jaso ditzakeen bestelako kontratazio politika egin daitekeela, ez dute atzera egin nahi, beraien itsukeria agerian geldituko litzatekeelako.

Edozein kasutan, berriro ere errepikatu nahi dugu lan baldintza prekarioen eta egindako murrizketen kontakizuna ez dela azken urte honetan hasi. Oso aspalditik datoz, baina egungo arduradunek horretan sakontzeko erabakia hartu dute. Lan-zama handitu digute azken urteotan eta hurrengo ikasturtean martxan jarriko duten JARDUN sistemarekin gehiago handituko dela aurreikusten dugu.

Horrez gain, plantillaren ezegonkortasuna oso handia da eta, gainera, kolektibo ezegonkorrenak sistematikoki diskriminatzen dituzte, egoera are gehiago okertuz (behin-behineko irakasle-ikertzaile kolektibo batzuei ikerkuntza-seiurtekoak ukatuz eta lanaldi partzialekoei irakaskuntza-bosturtekoak ukatuz). Bestalde, ikertzaileen prekarietatea nabarmena da hasierako etapetan eta karrera egitea oztopoz beteta dago.

Egoera honen aurrean errektoretza taldeak mutu nahi gaitu; miseriazko egoera honetara ohitzea nahi du, irakasle eta ikertzaile otzan eta apalak bezala. Baina berriro ere adierazi nahi dugu egoera hauei aterabiderik aurkitu ezean, hurrengo ikasturtean berriro ere kalera aterako garela egoera hau salatzera. Unibertsitatearen eta gobernuaren erantzukizuna da ordezkoen inguruan eurek beraiek sortu duten arazoari konponbidea ematea eta ez dugula etsiko hori lortu arte. Hartara, dei egiten diogu errektoretzari baita Eusko
Jaurlaritza berriari ere, eman beharreko pausu guztiak eman ditzaten egoera zentzugabe eta diskriminatzaile honekin amaitu eta ordezkapenak zentzuzko baldintzetan (soldata eta lan baldintza duin eta ez prekarizatzaileak) egin daitezen.

[IRITZIA]: Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!

Imanol Gonzalez, Uxue Bejarano eta Iñigo Alonso LABen Zerbitzu Pribatuen Federazioko kideak dira Bilbon, eta iritzi artikulua osatu dute bihar hasiko den BBK Live jaialdiaren inguruan. Jarraian duzue irakurgai:

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko bizikidetzaren, herri antolatuaren edo desantolaketa antolatuaren adibide bat dira. Bizitzaren eta balio amankomunen oasi, elkargune.

Duela zenbait urtetik hona, udako herrietako jaien artean, oso bestelako jai-eredu bat finkatu da: makrofestibalena. Lehen aipatutakoarekiko oso desberdina da eredu hori, eta adjektibo desberdinak ditu, hala nola pribatizazioa, elitizazioa, turistifikazioa eta prekaritatea.

Horien artean, Bizkaian badugu besteen gainetik nabarmentzen den bat, gure icebergaren punta, uztailaren 11n, 12an eta 13an Bilboko Kobetamendin egingo den Bilbao BBK Live, alegia. Zergatik esaten diogun iceberga? Erakusten duena baino gehiago ezkutatzen duelako. Entzun al duzu inoiz “icebergaren punta” esamoldea? Gainazalaren azpian ezkutatzen den guztiaren zati txiki bat bakarrik ikusten duzula esan nahi du. Horregatik, gizarte gisa murgildu egin behar gara ezkutuan duen hori ikusi ahal izateko, eta BBK Livek ezkutatzen duen horretan murgiltzeak beldurra ematen du.

Lan-baldintza ziztrinak eta legez kanpokoak: lanaldi amaigabeak, legeak baimentzen duenaren gainetik, orduko prezioa hitzarmenetik behera, atzerapenak ordainketetan, iruzurrezko kontratuak (hori kontratua dagoenean, noski), higiene-baldintza penagarriak, atsedenaldiekiko errespeturik ez… Hori guztia, soilik apur bat murgilduta. Imajina ezazue zer aurkitu dezakegun Last Tour (horren eta beste makrofestibal batzuen sustatzailea) eta bere enpresa-multzo osoak benetan biltzen duen guztia ikusteko aukera izanez gero. Eta Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren oniritzia eta dirulaguntza publikoa dituzte.

Icebergak poloetako luizietatik datozen bezala, jaialdi hauek hiri- eta gizarte-eredu konkretu batetik eratortzen dira, zeinetan biztanleek, bertakoek, hiritarrek… ez duten inolako garrantzirik, turistifikazioaren, pribatizazioaren eta gutxi batzuen diruzko irabazi madarikatuen mesedetan. Bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko hiriak, espazioak, inguruak… nahi ditugu, herritar gisa ditugun eskubideak errespetatuak izan daitezen. Bestela, horrela jarraitzen badugu, lagunok, esaera herrikoi bat sortuko da, honela esango duena: Bilbao BBK Live-k life-a xurgatzen dit!

Lanpostuak bermatu artean borrokan jarraituko dugu Cementos Rezolan

Goizean manifestazioa egin dugu Donostian, Antiguoko tuneletatik udaletxeraino, eta beste behin ere Enplegu Erregulazio Espedientearen bitartez enpresak lanpostuak suntsitzeko duen asmoari aurre egin diogu. Bada, badirudi greba mugagabean dauden langileen presioa hasia dela fruituak ematen, azken bileran kaleratzerik gabeko proposamena aurkezteko konpromisoa hartu baitu enpresak.

Hala ere, negoziazioek benetan aurrera egiten dutela ikusi artean mobilizazioekin eta grebarekin jarraituko dugu. Bihar, asteazkena, lehenik eta behin Añorgan egingo dugu manifestazioa, eta jarraian Heidelberg Materials enpresaren Arrigorriagako lantegira hurbilduko gara, bertako kideekin batera mobilizatuko garelarik. Etzi, berriz, kotxe karabana edota elkarretaratzeak egingo ditugu, eta egun horretan izango dugu hurrengo bilera enpresarekin.

LABetik langileen determinazioa eta indarra azpimarratu nahi ditugu, grebaren bueltan eginiko ekimenetan parte-hartzea esanguratsua baita oso, eta plantilla argi uzten ari da ez dagoela inposizioen aurrean amore emateko prest.

Grafikagintza sektoreko hitzarmenaren alde mobilizatu gara Basaurin

Elkarretaratzea egin dugu uztailaren 9an Grafo enpresaren aurrean, sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen duen enpresetako bat izatea egotzi diogularik.

LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok deituta, elkarretaratzea egin dugu berriro, hitzarmen duina exijitzeko asmoz. Negoziazio Mahaiak uztailaren 3an egindako azken bileraren ondoren, sindikatuok uste dugu patronalaren azken proposamena ez dela nahikoa eta urrun dagoela hitzarmen duin baterako balizko akordioa. Izan ere, Cebeken planteamendua eros-ahalmena bermatzetik oso urrun dago.


Datorren uztailaren 19an, negoziazio mahaiaren hurrengo bileran, patronalak beste aukera bat du negoziazioa desblokeatzeko. Bitartean, zazpi eguneko grebaren ondoren, Bizkaiko Grafikagintzako plantillak aktibo eta mobilizatuta daude. Gaurko elkarretaratzeaz gain, uztailean beste ekintza batzuk egingo ditugu, gatazka sozializatzeko asmoz.

Mecanerretik makinak ateratzen hasi dira, eragileok eskaturiko alternatiba aztertu barik

Urdulizko lantegiaren etorkizuna bermatzeko trantsizio ekosozialaren aldeko eragileok mobilizazioa egin dugu gaur fabrikaren aurrean.

Aurreikusten genuena gertatzen ari da, eta horrela adierazi genuen duela gutxi: Stellantis multinazionalak Mecaner itxi eta fabrika edonori eta pusketetan saldu nahi du. Horren erakusle da makinaria fabrikatik ateratzen hasi izana. Edozein alternatiba lortu baino lehen desmantelatu nahi dute.

Berdin zaie langileen edota eskualdearen etorkizuna, diru gosea da lehentasuna; eta hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratzen du. Hori da herri honen industriaren etorkizuna bermatzeko administrazio publikoak darabilen estrategia atzerakoia? Enpresak itxi, langileak kaleratu eta kapitalak joka dezala nahi bezala?

Guk argi daukagu, Mecanerren instalazioen jabetza eta etorkizuneko proiektu industriala eskualdearen eta lurraldearen behar sozialei eta eraldaketei lotu behar zaizkiela defendatzen dugu. Halaber, kalitatezko enpleguaren sorreran eta edozein proiektu berritan langile
ohiak lehentasunez aintzat hartu behar direla deritzogu. Bada garaia bestelako etorkizun justuagoak erdiesteko haziak jarri eta
urratsak ematen hasteko. Planetaren mugen barruan eta sozialki justuak izango diren produkzio mota eta enpleguak beharrezkoak
izango dira eta horiek lortzeko egin behar dugu trantzisioa. Jakin badakigu ez dela batere erraza, hori dela eta ezinbestean ikusten dugu bestelako irtenbideak planteatzea. Garai berrientzat politika eta ekintza berriak behar ditugu.

Beraz, Mecanerren etorkizunaz hitz egiteko honako hauek eskatzen ditugu:

1.- Industria sail eta gainontzeko administrazio eskudunei: makinariaren salmenta geldiaraztea eta insatalazioen aldi baterako
erosketa publikoa bideratzea.

2.- Mecanerren instalazioak industria ekoizpen mota jasangarrirako izan behar dira. Industriaren nahitaezko eraldaketa ekosozialean
erreferente izatea nahi dugu.

3.- Zer, nola eta nortzuk produzituko duten erabakitzeko eta proposatzeko aukera ematea langileei, sindikatuei, erakundeei,
akademiari eta gizarte mugimenduei prozesu parte hartzaile bat bideratuta.

Hala, dei egiten diegu eragile sozial, sindikal eta herritar orori bat egitera eta desmantelamendu hau gelditzera. Eraldaketaren parte aktiboa izan nahi dugu eta horregatik daramatzagu Mecanerren nortasunari eta bigarren bizitzari lotutako hurrengo aldarriak: prozesu parte hartzailea, jabetza publikoa eta trantsizio ekosoziala.