2026-07-03
Blog Page 164

Arabako egoitzetan premiazkoa da hitzarmen duina

Greba eguna da gaurkoan sektorean, eta goizean kalejira egin dugu Gasteizen, patronalari mugiarazteko exijitzeko eta aldundiak ere esku har dezan eskatzeko. Arratsaldean, 18:00etan, beste hitzordu bat daukagu, Desamparadas plazatik abiatuta.

Jarraipen zabala izan du Arabako nagusien egoitzetako gatazkaren baitan gaur eginiko 36. greba egunak, beste behin ere ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan diren arren. Langileek goizean kalejira egin dute hiriburuko erdialdean barrena, eta arratsaldean beste mobilizazio bat dago deituta, Desamparadas plazatik abiatu eta aldundiraino joango dena.

Beste behin ere gogorarazi behar dugu egoitzetako beharginek egiten duten lana zerbitzu publikoa dela, eta egungo baldintzak hobetzea behar-beharrezkoa dela. Greba Feminista Orokorrean aldarrikaturikoaren ildotik, zaintza erdigunean jartzea premiazkoa da, baina badirudi patronalaren nahiz Arabako Foru Aldundien asmoak ez datozela bat gizartearen eskariarekin. Izan ere, jarrera itxia agertzen jarraitzen dute gaur-gaurkoz.

EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos alderdiak ados azaldu dira Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabaki ahal izatearekin

Adostasun hori dekretuaren bozketan erakustea eskatzen diegu. LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok aldebiko bilerak egin ditugu alderdi horiekin. PSE eta PPk ez diete bilera eskaerei erantzun.

EAEko sektore publikoko LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok bilerak egin ditugu EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos alderdiekin Espainiar Gobernuak onartutako langile publikoen soldatari buruzko Errege Dekretuari buruz hitz egiteko.

Aldebiko bilera horietan, sindikatuok eskatu diegu alderdiei lan baldintzak hemen erabakitzea bermatuko duen dekretua ahalbideratzea, gaur egun dagoen bezala ez baitu hori posible egiten. Eta kongresuko bozkak erabil ditzatela langile publikoen lan
baldintzak hemen erabakitzea ahalbideratzeko, horretarako beharrezko erabakiak hartuz eta formulak bilatuz.

Alderdiek ez dute argi adierazi zer bozkatuko duten uztailaren 23ko dekretuaren kongresuko bozketan. Baina guztiek agertu dute Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabakitzearen aldeko jarrera. Hori baita sindikatuen eta langile publikoen eskaria.

Sindikatuon ustez, alderdiek erakutsitako jarrerarekin koherenteak izateko, orain langile publikoen soldatak Euskal Herrrian erabakitzea ahalbideratzeko erabakiak hartu beharko lituzkete. Bestetik, PSE eta PPren jarrera salatu nahi dugu. Maiatzako bileran
errondan ez zuten parte hartu eta oraingoan ere ez diote eskaerari erantzun.

Sindikatuok borrokan jarraituko dugu Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabakitzeko, sektore pribatuen hitzarmenen prebalentziarekin gertatu den bezala. Alderdiek hitzetatik neurri zehatzetara pasa behar dute.

Lan Istripua FCCn San Fermin Jaietan

Zaborra biltzeko kontrata den FCC Medio Ambiente-ko langileek (Iruñerriko Mankomunitateak azpikontratatuta duen zerbitzua) elkarretaratzea egin dute, uztailaren 10ean gaueko txandan izandako azken lan istripuaren aurrean.

Lan-txandetan egindako kontzentrazio horien bidez, langile guztiek babestutakoa, Iosu U. animatu nahi izan dute. Altueran lan egiten ari zela erorketa izan zuen langileak, eta gaur egun larri ospitaleratuta jarraitzen du. Une latz hauetan familiari ere elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan diote.

ATSU eta LAB sindikatuek osatutako enpresa batzordeak gertakariak salatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, behin ikerketaren emaitza eta istripuaren arrazoiak ezagututa.

Aroztegian egindako zigor eskaera berehala kentzeko exijitzen dugu, eskaera fiskala adierazpen askatasunaren aurkako eraso kezkagarria baita

Lekarotzen 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat eraikitzearen aurka Aroztegian kanpatzeagatik 20 urteko kartzela-zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzea, Baztango bailarako bizilagunen borondatea onartzean datzan gatazka, eremu errepresibora bideratzeko asmoa da.

Horren harira, “talde kriminal bat” osatzea leporatzen zaien zazpi pertsonei kartzela zigor eta zigor ekonomikoen eskaera zoroa berehala kentzeko exijitu du. Gure ustez, benetan kriminalizatzailea da estamentu judizialak erabiltzea guztiz legitimoak eta beharrezkoak diren borroka sozial baketsuak zapaltzeko, Aroztegia kasu.

Cementos Rezolako langileen borroka aurrera doa, enpleguaren defentsan

Manifestazioa egin dugu gaur Donostian, enpresak ezarritako Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta fasea bukatzear den honetan.

Bihar izango da azken bilera enpresarekin, eta ekainaren 28az geroztik greba mugagabean jarraitzen duten langileek argi dute beren helburua: deskarbonizazioa ahalbidetzea, baina inolaz ere lanpostuak suntsitzeko aitzakia gisa.

EEE hau martxan jartzeko enpresak argudiatutako arrazoia izan da Clinker ekoizpena Añorgatik kentzea eta jarduera hori Heidelberg Materials enpresak Arrigorriagan duen plantara mugatzea. LABen trantsizio ekosozialaren aldeko apustua egiten dugu, noski, baina berriro diogu halako prozesuek langileen parte-hartzea izan behar dutela oinarri eta kaleratzerik gabe gauzatu behar direla.

Nafarroako Erriberako Schindler igogailuen laguntza zerbitzuan greba mugagabea abiatu dugu

Laguntza iraunkorreko zerbitzuko (guardiako zerbitzuko) langileek greba mugagabea abiatu dute aste honetan, beren lankideek baino baldintza okerragoak dituztelako eta berdintasuna exijitzen dutelako.

Lanaldi arruntak ohiko funtzionamendua izango du, astelehenetik ostegunera 8:30etik 18:30era eta ostiraletan 8:30etik 15:15era. Ordutegi horretatik kanpo sartzen da etengabeko laguntza-zerbitzua, grebak zerbitzu horri eragingo dio eta agintari eskudunak
ezartzen dituen gutxieneko zerbitzuak egingo dira.

Nafarroako Erriberako langileek Nafarroako gainerako langileentzat itundutakoa baino ordainsari txikiagoa jasotzen dute zerbitzu horrengatik, eta berdintasuna eskatzen dute: lan bera, konpentsazio bera. Langileek proposamenak aurkeztu dituzte, malguak izan dira, baina orain arte ez da akordiorik lortu enpresarekin.

Enpresarekin elkarrizketa izateko bide guztiak agortu ondoren, langileek greba-eskubideari heltzea erabaki dute.

[IRITZIA]: Osakidetzako Emergentzietako ESIaren salbuespena

Gotzone Amuriza, Jose Bragado eta Jesus Oñate LABeko ordezkariak dira Osakidetzan. Jarraian irakur dezakezuen iritzi-artikulu honetan, larrialdietako ESIan bizi den egoeraz ohartarazten dute.

Emergentziak zerbitzuaren egoera, larrialdiak koordinatu eta Osakidetzako ZIU mugikorrak kudeatzen dituen zerbitzuarena, oso larria da. Kudeatzaileek egoera horretara eraman dute herritarren osasuna babesteko oinarrizko zerbitzua.

Eguneroko arretan sortzen ari diren hutsuneak gero eta ohikoagoak diren arrisku-puntu beltzak dira, eta ez dago egoera aldatzeko planik. Baieztapen horrekin egoera dramatizatu bat marraztu nahi dugula dirudi, baina lerro hauek idazten ari garenok uste dugu oso larriak diren egoerak ezin direla modu atseginean azaldu.

Emergentziak zerbitzuak ematen duen arretan dauden hutsune horiei aurre egiteko, ez dago planik, eta neurri falta nabarmena da. Gerentziak eta giza baliabideen zuzendaritzak denbora gehiegi daramate bateragarritasunen legea hausten. Profesionalik ez dagoenez eta neurririk ere ez dagoenez, Osakidetzak bi bide erabiltzen ditu: bata, legezkoa eta sindikalismo korporatiboaren bermea duena; eta bestea, legez kanpokoa. Azken horren alde egitea larria da. Izan ere, gerentziak ezagutzen badu ere, bide horretatik jarraitzen du.

Legezko bidea, sindikalismo korporatiboarekin, azkenaldian SATSErekin eta beste batzuetan SMErekin hitzartutakoa, aparteko orduen bidea da, Osakidetzan, erakunde gezurti on gisa, beste termino batekin definitzen dena: autokontzertazioa. Osakidetzan zerbitzuak ematen ditugun 70 kategoria profesional baino gehiagoren artean bi, hiru edo lau kategoriaren interesak soilik ordezkatzen dituzten sindikatuen laguntzarekin legitimatutako jarraibideen bidez, funtsezko arazoa betikotzen ari da. Duela 30 urte onartzen hasi zirenetik orain arte, egitura falta ezkutatzeko eta neurri desegokiak hartzeko balio izan du autokontzertazioak. Ordutik, aparteko orduetan oinarritzen den eta funtzionatzen ez duen sistema bat dugu. Hori da Emergentziak zerbitzuan gertatzen ari dena.

Bestalde, bateragarritasunen legeak eragozten duen jendea kontratatzen ari da Osakidetza, Emergentziak zerbitzuko zuzendaritza gerentearen eta Giza Baliabideen zuzendaritzaren bidez. Hori saihesteko kontrol-mekanismo nahikoa jarri gabe egiten ari dira, nahiz eta jakin aspalditik gertatzen ari dela. Osakidetza alde batera uzten ari da LABek helarazitako oharrak. Haien ustez, guk identifikatu behar ditugu bateraezintasunak dituzten lankideak. Emergentziak salbuespen kafkiar batean bizi da; administrazioa ez da arduratzen legea betetzeaz eta kontrol neurriak hartzeko ardura delegatzen ari da; kasu honetan, LAB sindikatuarengan.

Orain arte bi praktika horiek larrialdietako zerbitzua estaltzen zuten, baina gaur egun ez da eraginkorra. Ondorioz, herritarrak, azken hamarkadetan ezagutu gabeko arrisku egoeran daude. Osasun egoera kritikoak artatzen dituen Emergentziak zerbitzua arriskuan dago, eta errusiar erruleta bat da, tragiko bihur daitekeena. Horregatik, premiazkoa da kudeaketa aldatzea ekarriko duten eta zerbitzua indartzera bideratuko diren neurriak hartzea. Bateraezintasunen legea hausteko hain ausartak izaten ari direnek ez dute ausardiarik larrialdi sareko anbulantzia guztiak publiko bihurtzeko prozesu bat abiatzeko ere. Horrek erakusten du nork daukan honen guztiaren gidaritza.

Bi jarduera bateraezinak uztartzen ari diren lankideek 24 ordutik gorako lanaldi nekagarriak egiten ari dira batzuetan, edozein lanbidetan aritzeko ezarritako muga guztiak gaindituz.

LABetik herritarrei ohartarazi nahi diegu egoera kritikoa dela, eta Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langileak eta herritarrak jasaten ari direna ez dela salbuespen egoera bat. Egiturazko egoera da, eta dagozkion neurriak hartu behar dira. Onartu behar da osasun zerbitzuen murrizketa baten aurrean gaudela: ordutegi-murrizketa duten osasun-zentroak, ekipoa osorik edo zuzenean ixten dituzten EAGak, Gasteizen langile-faltagatik borrokan ari diren larrialdiak eta arazo larriak dituzten Emergentziak. Dioten bezala, egoera salbuespenezkoa da eta salbuespenezko neurriak behar dira, bai, baina kontrako norabidean.

Etxeko langileentzako hitzarmen duinaren premia azpimarratu dugu Madrilen

LAB sindikatutik, joan den uztailaren 10ean, Oxfam Intermonek antolatutako etxeko langileen lan-baldintzei buruzko jardunaldietan parte hartu genuen, estatu mailako 18 erakunderekin batera.

Yolanda DĂ­az Estatuko Lan ministroak eta Pilar Cancela Migrazioen Estatu idazkariak beren balorazioa egin zuten, kudeaketa onaren adibidetzat jarri zutelarik. Hala ere, guretzat balorazio horrek ez du funtsik, eta konpromiso falta agerikoa da, nahiz eta Lan ministroak iragarri datorren abuztuaren 4an argitaratuko dela laneko osasunaren eta lan-arriskuen prebentzioaren araua; bi urte igaro behar izan dira une hau iristeko.

Etxeko langileen erakundeetako eta LAB sindikatuko ordezkariok adierazi dugu eskubide asko falta zaizkigula lortzeko, eta borrokan jarraituko dugula geure esparruetatik, harik eta langileen arteko berdintasuna errealitate izan arte eta Espainiako Estatuan erregularizazioak pertsona migratu askori beren baldintza soziolaboralak hobetzeko aukera eman arte.

Guk, atal sindikaletik, argi utzi dugu negoziazio kolektiborako eskubidea ez dela gobernu baten eta bestearen borondate politikoko gai bat izan behar, justiziara jo behar izatea eta epai batengatik epe luze bat itxaron behar izatea LAB sindikatuak etxeko langileentzako hitzarmen kolektibo propio bat lortzeko defendatzen duenaren zati bat dela, eta osagai feministak, arrazakeriaren aurkakoak eta, batez ere, emakumeekin eta are gehiago emakume migratu eta arrazializatuekin dugun zor historikoaz jabetzen diren legeak premiazkoak direla.

Greba hasi dute Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileek

Lehenengo deialdiak 3 aste iraungo du, abuztuaren 4ra arte, eta aurreikuspenen arabera, uda osoa iraungo du Arabako Foru Aldundia ez bada negoziatzera esertzen suhiltzaileen egiturazko arazoak konpontzeko.

Langileek zortzi urte daramatzate lan-hitzarmenik gabe, ondo definitutako lan-baldintzak ez dituen EAEko suhiltzaile zerbitzu bakarra delarik. Horrek aukera ematen dio egungo Zuzendaritza-Gerentziari, Jone Berriozabal diputatuaren oniritziarekin, gizartearen
eta langileen urtetako aldarrikapenak bazter uzteko.

Joan den astean erregistratu genuen zuzendari gerenteak, Alberto Amenabarrek, kargua uzteko egindako eskaera. Zerbitzu honetan duen eskumena guztiz eztabaidagarria da, eta haren kudeaketapean egin da Euskadiko suhiltzaile-zerbitzu guztien LEP negargarriena. Horrez gain, jarrera gatazkatsua izan du langileekinko. Nabarmentzekoa da Arabako suhiltzaileek hiru urte daramatzatela suhiltzaile-bururik gabe, eta urte hauetan guztietan, erabaki estrategikoak eta egunerokoak Amenabarren esku baino ez daude.

Bada, azkenengoa izan da aurtengo udako kanpainarako langile gutzientzako nahitaezko prestasuna ezarri izana, negoziaziorik eta ordainik gabe. Kasua bereziki esanguratsua da. Langileen ordezkariek, aipatu kanpaina prestatzeko, aurtengo urtarriletik hona zerbitzuaren asmoak zeintzuk diren galdetu dute. Ez dugu inolako erantzunik izan, bat ere ez. Izan genuen albiste bakarra Jone Berriozabal diputatuak berak eman zigun, Batzar Nagusietan. Argi utzi zuen ez zirela iazko kontratazio publikoak egongo, gure Lurralde Historikoa “inoiz baino prestatuago” zegoelako baso-suteen aurrean, eta ez zelako inolako errefortzurik behar.

Langileak harrituta geratu ziren erantzun horren aurrean, langileen ordezkariei eta zerbitzuaren alderdi teknikoari galdetu gabe hartu baitzen erabaki hori. Inolako errefortzurik behar ez bada, nola da posible bat-batean, uda erdian, zerbitzu-agindu bat ezartzea, prebentzioz nahitaezko prestasuna ezarriko duena, negoziaziorik eta ordainik gabe?

Izan ere, arabarrek jakin behar dute “zerbitzuaren beharrak” aitzakiatzat hartuta, zerbitzuaren ohiko eta egiturazko beharrak betetzeko ezohiko egoeretan ezarritako legezko neurriak erabiltzen direla ezkutatzen dela, eta ohitura hori ohikoa da zerbitzu hori sortu zenetik. Zuzendaritza-Gerentzia honentzat gauzak egiteko modu bakarra dago: inposaketa.

Erakunde autonomoaren eta Arabako Foru Aldundiaren autokritika falta nabarmena da. Erabilitako argudio bakarra da errua langileei eta haien ordezkariei egoztea, inolako oinarri teknikorik gabe. Arkautiko LEP negargarria justifikatzeko egin zuten, eta orain, berriz ere, bidezko aldarrikapenen aurka egiteko erabiltzen dute.

Gauzak horrela, gaur greba abiatu dugu, hiru aldarrikapen nagusirekin: plantilla handitzea, lan-hitzarmena, eta inposaketak bertan behera uztea. Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko langileok gure lanbidea eta zerbitzu publikorako bokazioa defendatuko
ditugu edozein mehatxuren aurrean, edonondik datorrela ere.