2025-12-24
Blog Page 160

Gabonen ondoren, langabeziak gora egin du bereziki zerbitzuetan, sorturiko enplegu prekario zein ezegonkorraren adibide garbia

141.892 langabe dauden Hego Euskal Herrian, pasa den urtean baino gutxiago, baina azken hilabetearekin alderatuz, 4.125 langabe gehiago. Azken hilabetean langabeziak emakumeen* artean egin du gora, bereziki. Izan ere, langabeziaren tasa orokorra %2,99 igo den bitartean, emakumeen* langabezia tasa %4,32 igo da.

Langabeziak aurreko enplegurik gabekoen artean gora egin duela nabarmenduko genuke. Hau da, urte bete edo gehiago langabezian dauden herritar gehiago daude lanik gabe pasa den hilabetetik (%2,32 gehiago) zein pasa den urtetik (%4,48 gehiago), lan merkatuak langabezian dauden herritarrei lana eskaintzeko dituen zailtasunen adierazle.

Zerbitzuen sektorean igo da langabezia gehien azken hilabetean, 3.803 langabe gehiago baitaude. Afiliazioak izaniko beherakadarik nabarmenena ere sektore honetan izan, abenduan baino 9.644 afiliatu gutxiago baititu. Pasa den urtearekin alderatuz gero, afiliazioaren gorakadarik handiena ere zerbitzuen sektoreak izan da, pasa den urtean baino 22.119 afiliatu gehiago baitaude. Gaur egun, afiliazioaren %73,3a da zerbitzuen sektorekoa.

Datuok eskuartean, hiru ondorio nagusi mahai gaineratu nahi ditugu:

  • Batetik, abenduan langabeziak beherakada izan ondoren, Gabonetako kanpaina amaituta, langabeziak gora egin du urtarrilean, zerbitzuetan modu nabarmenean.
  • Interes ekonomikoen arabera sortu edo suntsitzen den enpleguaren ezaugarri nagusia ezegonkortasuna da. Izan ere, Gabonetako kanpaina amaituta, aldizkako kontratu finko kopurua jaitsi da gehien. Beraz, behin behineko kontratuak aldizkako finkoek ordezkatu dituzte, behin betiko kontratuen ordez, aldizkako prekarioak ugarituz.
  • Bestetik, egiturazko egoerak bere horretan jarraitzen du eta lan baldintza prekarioak nagusi diren zerbitzuak sektorean oinarrituriko ekonomia eredua indartzen ari da. Sektore hauetan ari dira lana topatzen lan merkaturako igarobidea egiten ari diren langileek, emakumeak* nagusiki.

Langabeziaren beherakada zein afiliazioaren gorakada enpleguaren kalitatearekin deslotu dira eta lan merkatuan areagotzen ari den prekarietate egoeraren argazki errealetik urrun kokatzen gaitu. LAB sindikatuak salatu nahi du langabeziaren beherakada marketing kanpaina gisa baliatzen dutenen erantzukizun axolagabea, egiturazko prekaritate egoera ezkutatzeko. Kalitatezko enplegua ezinbestekoa da bizitza duina bermatzeko diru sarrera nahikoak eskuratzeko, zerbitzu publikoak indartzearekin batera. Bada, gaur egun ez bata ezta bestea ere ez dira bermatzen. Hego Euskal Herrian 2 herritarretik bat prekaritate ekonomiko egoeran bizi da, enplegua eduki arren, diru sarrera ez-nahikoekin.

Navarrabiomedeko Enpresa Batzordeak osasun ikerketa publikoaren aldeko apustua egiteko deia egin du, eta Gobernuari eskatu dio bete dezala Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren gomendioa eta bertan behera utz dezala alde pribatuari mesede egiten dion akordioa

Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak urtarrilaren 15eko 1/2024 Ebazpenaren bidez, LAB sindikatuak salatutako egitateak egiazkoak direla adierazten duten arrazoizko zantzuak daudela adierazi zuen, eta ikerketa-prozedura bati ekinen dio, saiakuntza klinikoei buruzko akordioa «argi eta garbi asimetrikoa izan daitekeelako, alde pribatua bere entsegu komertzialen kudeaketa lagatzetik salbuesten duelako, alderdi publikoa horretara behartzen duen bitartean, eta Miguel Servet Fundazioa-Navarrabiomed-en beraren bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jar dezakeelako, eta, beraz, Nafarroako biomedikuntzaren sektoreko ikerketa publikoa ariskuan jar dezakeelako».

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko Enpresa Batzordeak (LAB sindikatuko bederatzi delegatuk osatzen dute) uste du Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren ebazpenak babestu egiten duela iazko ekainaz geroztik salatzen ari dena eta ikerketa sanitario publikoaren aldeko borroka. Hala, azterketak adierazten du IdiSNAren patronatuaren 2022ko ekainaren 28ko akordioak «FMS-Navarrabiomedek kudeatutako entsegu klinikoak eskualdatzea aurreikusten duela, eta ez CUN-enak (Nafarroako Unibertsitate Klinikarenak), eta hori aztertutako dokumentazioan ez da inolako justifikaziorik ageri». Bertzela erranda, «alde pribatua bere entsegu komertzialen kudeaketa lagatzetik salbuesten du, alderdi publikoa horretara behartzen duen bitartean».

Gainera, honako hau ere jasotzen du: «IdiSNA Fundazioaren Patronatuak badaki berak harturiko akordioak Miguel Servet Fundazioa deskapitalizatzeko arriskua dakarrela, eta, beraz, harendako gordetzen du BEZa kendu ahal izateko egin beharreko gutxieneko entsegu klinikoen kudeaketa. Irizpide hori ez da batere zientifikoa, eta zalantzazkoa da ea legezkoa ote den, hartzen den moduan; beraz, akordio hori eta haren aurrekariak aztertu egin behar dira».

Horrela, Navarrabiomed – Miguel Servert Fundazioaren plantilla ordezkatzen duen Batzordeak uste du ebazpen honekin ez zaiola eusten ahal Osasun Departamentuaren eta kontseilariaren bertsioari, tresna publiko bat bertze pribatu baten aitzinean deskapitalizatzeko arriskua ukatzen eta erlatibizatzen baitute: «IdiSNA Fundazioak bideragarritasuna hartzen duen neurri berean, Miguel Servet Fundazioak galtzen du, eta erabakia babesten duen txostenik ez dago», ohartarazi du Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak.

Era berean, Enpresa Batzordeak espero du Nafarroako Gobernuak ez duela inolako azpikeriarik eginen eta Kontuen Ganberak normaltasun osoz egin ahal izanen duela IdiSNAko Patronatuaren akordioaren fiskalizazio-txostena, Miguel Servet Fundazioaren bideragarritasunaren ondorioei dagokiona, Ustelkeriaren aurkako Bulegoak eskatu bezala.

Osasun Departamentuak eta Geroa Baiko kontseilariak ezin dute erabaki hori existituko ez balitz bezala jokatu. Ematen baitu iritzi publikoarekin jolasten ari direla, kalkulu alderdikoietan oinarrituta gauza bat erranez –helburu bakar batekin: bere benetako posizioa Nafarroako gizarteari ez helaraztea– eta bere interesen alde egitea: Opus Deiren mende dagoen eta negozio bihurtu den osasun-ikerketa pribatizatu baten aldeko apustua. PSNk udan egin zuen gauza bera.

Hori dela eta, langileen ordezkariek hura betetzeko eskatzen diote, akordioen exekuzioa etenda utziz, «haiek gauzatzeak Miguel Servet Fundazioan izan ditzakeen ondorio larriak kontuan hartuta». Bada garaia inertzia zaharrak atzean uzteko eta Enpresa Batzordearekin batera Gobernuan dauden Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek hartu zuten konpromiso politikoa garatzeko, Carlos III.ak Nafarroan Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioaren bitartez egiaztatutako institutuaren kudeaketa publikoa bermatzeko eta fundazio publikoan lanpostu galerak eragozteko.

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko Enpresa Batzordeak uste du hau dela irtenbidea IdiSNA kreditatzeko Miguel Servet fundazio publikoa deskapitalizatu gabe eta Nafarroan ikerketa biomediko publiko bat dagoela bermatzeko. Funtsezko eginkizun hori osasun-sistema publikoetatik sustatu behar da.

Eskuinaren bertsio interesdunen aurrean, ebazpenak jasotzen duen bezala, «espedientean ez da jasotzen lankidetza publiko-pribatuaren jarraitutasuna zalantzan jartzen duen inolako dokumentazio edo adierazpenik. Salaketan zalantzan jartzen dena da osasun-ikerketaren zatirik handiena fundazio pribatu bati helaraztea, IdiSNA Fundazioari, orain arte hori egin duen fundazio publikoaren kalterako, Miguel Servert Fundazioari, zeinak beharrezkoak diren egitura, antolaketa eta baliabideak baititu, bai eta kudeaketa horretan egindako lan onaren aitorpena ere».

Aitzitik, Enpresa Batzordeak salatu behar du langileak presionatzen jarraitzen dutela entsegu kliniko horiek bideratzeko, hain zuzen ere, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak zalantzan jarri duen lan-ildo horretara.

Gasteizko INMON-Carmelitas egoitzako egoera salatu dugu

INMON-Carmelitas Madres de la Caridad de Vedruna egoitzako plantilla oso aktibo eta parte-hartzailea izaten ari da Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioak I. hitzarmen probintzialaren negoziazioaren alde egiten ari diren mobilizazioetan. Langile horiek, gainera, hilabeteak daramatzate gaur egun aplikatzen zaien eta 2022tik ultraaktibitatean dagoen enpresa hitzarmena berritzeko borrokan. Enpresaren aurrean erakusten ari den kemena eta mugitzeko gaitasunaren arren, langile horiek zailtasun handiagoa dute zuzendaritzari presioa egiteko, zerbitzu txikia delako eta testuinguru erlijioso batean kokatzen delako, egoiliarrak mojak baitira.

Horrek larriagotu egiten du, berez, zaintza-sektoreko langileen aitorpen oso eskasa, are ikusezintasun handiagoa eragiten baitu, ez baitago familia harremanik horien borrokari lagundu eta egoitzan ematen diren baldintzak ikusarazi ahal izateko; ez da ezer irteten ate horietatik, eta inork ez du egiaztatzen zer egoera dagoen horma horien barruan, erabateko babesgabetasuna dago, eta langile horien presio-gaitasuna asko zailtzen du. Hala ere, langileek ez dute amore ematen, eta borroka sindikalaren alde apustua egiten jarraitzen dute, langile horien eta gainerako sektorearen lan-baldintza prekarioak hobetzeko bitarteko gisa.

Urrian hasi zen mobilizazio-ziklo hau, asteko kontzentrazio eta lapiko-jotzeekin zentroaren ateetan, eta denbora honetan LAB sindikatua enpresaren aldetik plantila honek jasaten duen presioaren eta ikararen lekuko izan da, INMON elkarteko batzorde exekutiboko kideak langileei modu isolatuan zuzendu zaizkienean negoziaziorako ultimatuma emanez, zeina ez baita inoiz negoziazio mahaira edo langileen legezko ordezkaritzara eraman.

LAB sindikatutik uste dugu horrelako praktikak patronalen estrategia krudelak direla plantillak nahastu, beldurtu eta zatitzeko, beldurraren eta mehatxuaren bidez borroka eta antolakuntza gaitasuna murriztuz. Langileei baimenik eman ez zaien grabazioen lekuko ere izan gara, egoitzaren ateen aurrean legezko mobilizazio batean parte hartzen ari ziren bitartean, langileen protesta eskubidea erabat urratuz.

Garrantzitsua iruditzen zaigu egoera hau Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen sektorearen egungo egoerarekin lotzea; izan ere, sektore horretan 1.000 langile baino gehiago daude. Hitzarmen probintzialik ez dagoenez, testuinguru horretan patronalek botere osoa dute beren langileei baldintza kaskarrak ezartzeko, eta hori baliatu dute patronalaren patrikak aberazteko izan ere INMON enpresaren kasuan bezala, uko egiten diote beren langileak bizi diren lurraldeko errealitatea aitortzeari; izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan hitzarmen probintzialak daude, lan-hobekuntza handiak dituztenak Arabarekin konparatutak.

LAB sindikatutik hitzarmen horiek EAEko lurraldean eta Arabako lurraldearentzat erreferente izatea defendatzen eta exijitzen dugu, Madrilen sinatutako estatu mailako hitzarmen bat erreferentziatu beharrean, baldintza guztiz kaskarrak dituena eta Euskal Herriko langileen errealitatea kontuan hartzen ez duena.

Gaurko egunean, langile hauen arteko topaketa eta borroka puntu komun bat sortu nahi dugu, patronalak mehatxuekin eta xantaiekin zatikatzen saiatzen diren langileen batasuna elikatzeko. Horretarako, jarduera-programa bat prestatu dugu, txapa-tailer bat, bingo musikal bat, lapiko bat ordu oro egoitzako ateen aurrean, kafe-tertulia sektorearen egoerari buruz…

Gobernuei exijitzen diegu patronalari lan osasuneko araudia betearazteko bitarteko errealak ipintzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok agerraldia egin dugu Bilbon, 2023ko laneko ezbeharren txostena aurkezteko. Lan-istripuak eta gaixotasun profesionalen inguruko datuak jasotzen dira bertan eta adierazi dugu 2023ak azken urteotako joera berretsi besterik ez duela egin. Izan ere, azken 10 urteotan, gutxienez 587 langile hil dira lan istripuz eta 2023an, 59. Gainera, istripu kopuruak ez du etenik, nahiz eta gero eta jende gehiagok zerbitzuetan lan egiten duen zerbitzutan (%73ak), hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoretatik kanpo.

Aurkeztutako txostenak bi atal nagusi ditu. Lehenak, sindikatuon datuak jasotzen ditu. Lehen atalari jarraiki, 2023ko istripu hilgarrien inguruko zehaztasunak eman ditugu. Horrela, 20 heriotza istripu ez traumatikoetan izan dira, 9 kolpe edo harrapaketen ondoriozkoak, 7 in itinere, 6 altueretatik erorita, 3 intoxikatuta eta beste 3 erailda edo euren buruaz beste eginda.

Honetaz gain, sektore kritikoak ere identifikatu ditugu, hala nola industria (18 heriotzarekin), garraioa (10ekin), azpikontratatuak (gutxienez 9rekin, zailtasunak baitaude kopuru zehatza ezagutzeko eta tartean autonomo faltsuak), eraikuntza (6rekin), nekazaritza (4rekin), arrantza (3rekin) eta basogintza (1ekin).

Datu ofizialak jasotzen ditu txostenaren bigarren atalak. Istripuetan, datu ofizialek, enpresa zein mutualitateek eskainitako datuak hartzen dituzte aintzat. Hemen amarrua dago, batetik, istripu arin asko ez direlako aitortzen eta bestetik, istripu larri asko mutualitateetako sendagileek arintzat jotzen dituztelako, administrazioen kontrolik gabe. Hala ere, datu ofizialek 100.000 lan istripu aitortzen dituzte, azken urteotako joera berretsiaz.

Gobernuek heriotzen inguruko datuak ere izkutatzen dituzte. Kasurik ohikoenak garraiolarienak izaten dira edo laneko heriotza bezala hartzen ez diren in itinere zein in mision istripuen kasuak. Edo adibidez, AHTko obretako segurtasun langile baten heriotza, sumariopean zegoen aitzakipean. Istripu eta heriotz hauetako asko gure afiliatu sarearen bidez ezagutzen ditugu. Sindikatuon datuen arabera 59 laneko heriotza izan ziren, eta datu ofizialen arabera, 33.

Sektore batzuetan hiltzeko aukera gehiago dago, hala nola basogintza, eraikuntza, industria edo garraioan, eta beste batzuetan errazagoa da gaixotasun profesionalak garatzea. Honetan, gero eta nabarmenagoak dira afekzio psikosozialak. Hauen kasuan sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortzitzena. Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek aldiz ez dute bizitzen uzten.

Istripu ez traumatikoen hazkundeak, kardiopatiak tarteko, faktore psikosozialean dauka bere iturrietako bat. Arrisku psikosozialen gorakadak heriotza ez traumatikoetan dauka islada, hauen hazkundean. Laneko arriskuen eragina dago heriotza hauen atzean, neurri batean behintzat. Nabarmendu beharrekoa da mutualitateek, une honetan, ez daukatela kasu psikosozial bakarra ere laneko kontingentzia bezala aitortuta, denak jotzen baitute kontingentzia arrunt.

2024ko lehen hilabetea ere orain arteko joera lazgarriaren erakusle da, urtarrilean 13 hildako izan baitira.

Laneko gaixotasunei dagokienez, enpresarioen elkarteak diren mutualiateetako sendagileek erabakitzen dute, lehen instantzian, langileak pairatzen duen gaitz horren jatorria lanekoa ala arrunta ote den. Eta mutualitateen iruzurrak eragiten du gaixotasun profesionalen azpierregistro lotsagarria.

Honen erakusgarri, Osasunerako Munduko Erakundeak (OME) berak aitortzen duela, lan munduan, gaixotasunek istripuek baino heriotza gehiago eragiten dituztela. Hala ere, erregistro ofizialek, laneko gaixotasunen gehiengo zabala ezkutatzen dute. OMEren arabera, minbizi kasu guztien %30 eta 40aren artean izan daiteke lanetik eratorria (EAEn 50 kasu aitortu ziren 2023an) eta heriotza guztien %20a soilik da istripu traumatikoen ondorio, beste %80a istripu ez traumatiko eta laneko gaixotasunek eragindakoa izango litzatekeelarik, beti ere OMEren arabera.

2023ko erregistro ofizialen atzean dagoen gorakadak esan nahi du, dauden guztietatik, bakarren batzuk gehiago izan direla aitortuak, besteak beste sindikatuon presioagatik.

Ia 30 urte martxan daramatzan lan osasuneko araudia ez da betetzen, eta patronalak inpunitate osoa dauka ez betetze honen aurrean.

Erakunde eta amarauna instituzionalek inpunitate hori babesten dute. Gobernuek ez dute patronala isuntzen eta patronalak ederki daki zein den gobernuek bidalitako mezua: “zuek jarraitu horrela, ez baita ezer gertatuko”. Iruzur honetan mutualitateak dira gakoa, patronalaren inpunitatea eta gobernuen antzutasuna baliatzen duten tresna baliagarria baitira. Ondorioz, OSALAN eta NOPLOIek egiten dituzten plan garestien islada ez da inon ageri.

Egoera latz honen aurrean, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok urrats berriak emango ditugu:

  • Gure iruditegi berriarekin bat ekimen berriak burutuko ditugu.
  • Istripu hilgarrietan kontzentrazioak egiten jarraituko dugu eta baldintzak ematen direnean aktibitatea geldiarazi.
  • Istripu asko ematen diren momentuetan mobilizazio bereziak egingo ditugu Patronala eta Gobernuak interpelatuz. Honela, datorren otsailaren 14ean Bilbon mobilizazio bat egingo dugu heriotza asko eman diren bolada berri hau salatzeko eta gobernu zein patronalaren ardurak argitzeko.
  • Mutualitateen publifikazioa lortzeko borroka ezberdinak piztuko ditugu.
  • Gobernuei exijitu diegu patronalari araudia betearazteko bitarteko errealak ipini ditzala:
    • Osalanen eta NOPLOIko teknikariei isunak jartzeko gaitasuna eman.
    • Ikuskari kopurua biderkatu.
    • Ikuskariei ofizioz enpresak zelata ditzatela, ardura guztia delegatuen gain utzi gabe.
    • Patronalaren inpunitatea apurtzeko erabakia hartu, kanpaina hertsatzaile gogor bat abian ipini dezatela eskatuaz.
    • OSALAN eta NOPLOI fiskaltzarekin koordina daitezela kausa penalak dinamizatzeko.
    • Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalak laneko gaixotasun oro katalogatu dezala, bereziki sektore feminizatuetan horrelako eragina duten psikosozialak.

Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketako langileek mobilizazioa egin dute soldatak parekatzea eskatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileek, Optima enpresak azpikontratatuta dituenak, ez dute hitzarmena 2022tik berritu, eta negoziazio-prozesuan murgilduta daude. Soldatak Bizkaiko Foru Aldundiko langile propioekin parekatzea da euren helburua.

Zerbitzua ematen duen enpresak, Optimak, ez du bere gain hartu nahi parekatzea, Eta Aldundiaren oniritziarekin jokatzen du honetan; izan ere, Aldundiak uko egin baitio garbitzaileen ordezkariekin biltzeari, hauek behin baino gehigotan bilera eskatu eta gero, egoera desblokeatzeko helburuarekin.

Gaur elkarretaratzea egin dute Bilbon, Foru Jauregiaren aurrean, eta Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinetako garbiketako langile azpikontratatuek euren egoera salatu dute. Beste behin ere, parekatuta egoteko duten eskubidea aitortzeko eskatu dute, haien lanari balioa ematea eta azpikontratatutako langileen eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileen arteko soldata-arrakala kentzea.

Akordioa #LortuDugu Nutec Procaleko enpresa itunaren aldeko borrokan

Nutec Procaleko langileen ia %100ek bost greba egun egin ondoren, enpresa-itun propio bat sinatzea lortu dugu bertan, kimiketako estatuko hitzarmenaren hainbat atal nabarmen hobetzen dituena. Nutec Procal Berrizko Eitua industrialdean dagoen 50 bat langileko enpresa bat da, kimikako estatuko hitzarmenaren arabera arautzen dena eta LABeko 3 delegatuk osatutako ordezkaritza sindikala duena.

Sinatutako enpresa-itunak bi urteko indarraldia izango du (2024-2025). Aldi horretan KPIa baino 2 puntu gehiago igoko dela bermatuko da, eta lanaldi-murrizketa 16 ordukoa izango da aurten, eta 24koa 2025ean. Bajen osagarriak ere hobetu dira, oinarri arautzailearen %70 kobratuz hilaren 4tik 20ra, eta ondoren %85.

Horrez gain, borroka honen funtsezko helburuetako bat enpresan ABLEen erabilera desegoki eta neurrigabearekin amaitzea izan da. Akordio horren ondorioz, ABLEetako 10 langile mugagabeak izango dira, eta gainerakoei enpresako plantillaren baldintzak parekatuko zaizkie, eta beren lana ABLEen bidez bete dezaketen denbora mugatuko da.

Plantilla osoak aho batez berretsi du akordioa. LABetik zoriondu egin nahi ditugu Nutec Procaleko langileek erakutsi duten konpromisoa eta determinazioa. Borroka da bidea.

ASPACEko Etxebizitza Zerbitzuko langileen kontzentrazioa Donostian, euren lan baldintzak hobetu eta eros ahalmena bermatuko dien hitzarmenaren alde

Gaur ASPACEko Etxebizitza Zerbitzuko langileek kontzentrazioa egin dute enpresaren bulegoen aurrean, Donostian. Horrela, langileen asanbladan adostu bezala, ekintza sindikala abiatu dugu LAB, ELA eta CCOO sindikatuok. Euren lan baldintzak hobetu eta eros ahalmena bermatuko dien hitzarmena lortzea da euren helburua.

Enpresako zuzendaritzak hitzarmen berrirako KPIaren bermea eta bestelako lan baldintzen hobekuntzak jasotzen dituen proposamenik ekarri ezean, bestelako pausoak emateko asmoa erakutsi dute.

Eusko Jaurlaritzaren BGAE dekretuak ez die langileriaren beharrei erantzuten

Eusko Jaurlaritzak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) inguruko dekretua onartu berri du. Dekretua aztertzeko, BGAE-ek izaniko bilakaera aztertu behar genuke. Izan ere, BGAE-ak sortu zirenetik ez dute lortu pentsio sistemaren osagarri duin unibertsala izatea Euskal Herriko langileriarentzat, ezta enplegu BGAE-ak bultzatu diren lurraldeetan ere. Ez dira unibertsalak eta ez dira solidarioak, ez dira langile guztientzako tresna eta ez dira ez banaketa-sisteman oinarritzen eta ez dituzte pentsio sistema publiko batek izan ditzakeen birbanaketa mekanismoak.

Ondorioz, langileen eta pentsiodunen arteko arrakalak handitzen dira: behar gehien duten langileak BGAE-etatik kanpo daude, BGAE duten eta ez dutenen aldea handitzen doa, baita enplegu BGAE duten langileen artekoa ere, sektore prekarizatuenetan, feminizatuetan nagusiki, ekarpen txikiagoek prestazioak murriztea ekartzen baitute. Gainera, pentsio sistemaren osagarri izatetik gero eta urrunago daude, aurrezki funts gisa funtzionatzen dute eta.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuak ez du BGAE-en norabidea aldatzen, are gehiago, egungo eredua betikotzen du. Ez dio langileriak eta pentsiodunek dituzten beharrei erantzuten, BGAE-ek garatu duten eredua ezartzen du. Gainera, lehen zirriborrotik hona egin dituzten aldaketek, enplegu BGAE-etan egon zitezkeen aurrerapauso leunak ezabatzea ekarri dute, kapitalizatu ahal izateko muga igoz eta muga gainditzen dutenei ere zati bat kapitalizatzeko aukera eskainiz.

Euskal Herriko langileriak, eskaera indibidualei erantzungo dien BGAE dekretu bat baino, langileriaren eta pentsiodunen aldarrikapenei erantzungo dien politikak behar ditu. Egoera kalteberenean dauden langileentzat neurriak ezarriko dituzten politikak. Horrek, hasteko gutxienez pentsioak 1.080 euro arte osagarritzea ekarri beharko luke, pentsiodunen aldarrikapen historikoei erantzunez eta Euskal Herriko pentsio sistema publiko propio baten mesedetan urratsak emanez.

LABeko ehunka kidek sindikalismoaz gogoetatu dute egunotan, Federazioetako eta Ekintza Sozialeko Biltzarretan

10. Biltzar Nagusian hartutako erabakiari jarraikiz, Federazioetako eta Ekintza Sozialeko Biltzarrak egin ditu egunotan LABek. Ehunka LABkide elkartu dira Industriako, Zerbitzu Pribatuetako, Zerbitzu Publikoko eta Ekintza Sozialeko biltzarretan; Lazkaon, Gernika-Lumon, Iruñean eta Laudion egindakoetan, hurrenez hurren.

LABen ekintza sindikala garatzeko ardura duten hiru federazioetako (Industria, Zerbitzu Pribatuak eta Zerbitzu Publikoak) ordezkariak elkartu dira lehen hiru egunetan. Hala, elkargune sindikal bat zabaldu dugu egunerokoan lantegi eta sektore desberdinetan lanean ari diren ordezkarientzat. Gogoetak partekatzeko eta informazioa trukatzeko baliatu ditugu espazio hauek, eta baita batzuen eta besteen borrokak ezagutu, irakaspenak atera eta aurrera begirako erronken aurrean antolaketa modu egokienak zein diren hausnartzeko ere.

Lantokietan ez ezik, kalean eragiteko anbizioa ere badu LABek, ordea. Helburu horrekin eratu zuen sindikatuak Ekintza Sozialeko egitura, eta haren baitako ABIATU! komunitateakere biltzarra egin du Laudion. Dozenaka lagunek hartu dute parte. Ekintza Sozialeko Komunitatearen ibilbidearen errepasoa eta balorazioa egin dute, eta, lantaldeka, komunitate horrek etorkizunean dituen erronken gainean jardun dute.

Lan eta bizitza duinaren aldeko konpromisoan berretsi da, beraz, LABeko kidegoa, eta norabide horretan aurrerapausoak emateko borroka eta antolaketa moduez hausnartu du.